Historia Unibertsala»Erdi aroa
Inperio Santua eta Italia (X-XIII. mendeak)
Germaniar inperioak lur eremu zabalak bereganatu zituen: printzerriak, dukerriak, konderriak,
jaurerriak, eta baita erreinuak ere. Politika korapilatsua eta liskartia izan zuen
Erromako Elizarekin. IX. mendearen bukaeran, Karlomagnoren Inperioa deseginda zegoela,
espazio politiko desberdinak sortu ziren Mendebalean; hala ere, haietan bizirik
zirauen Karlomagnoren enbor zaharraren parte zirelako ideia. Zatiketa politiko horren
gainetik, Eliza Europa Mendebaleko batasunean oinarritzen zen ideia lantzen hasi zen,
“Kristautasuna” kontzeptuan oinarriturik. XI. mendean, mendebaleko eta ekialdeko Elizak
banatu zirenean, aurreko esapideari “Mendebaleko Kristautasuna” adjektiboa erantsi
zitzaion, eta poliki-poliki gaur egungo Europa osatzen duen lurraldeari egokitu zitzaion.
Behin Karlomagnoren inperioa desegin zenean, X. mendetik aurrera, Inperio haren bi
osagai nagusiak elkarrengandik urrundu ziren geldiro-geldiro: batetik, mendebaleko
zatia, Frantziako erreinua izango zena (“Francia Occidentalis”), eta bestetik, ekialdeko
zatia, germaniar munduari zegokiona. Bestalde, Italiako Penintsulako zenbait lurraldek
harremana izan zuten alemaniar munduarekin; horregatik, inperio berriari “erromatargermaniar”
inperioa esan zitzaion. 919. urteaz geroztik, “Francia Orientalis” edo Germaniako
frankoek eta saxoniarrek lehenengo aldiz errege saxoniarra hautatu zuten,
frankoa aukeratu ordez. Henrike I.a “Txori-ehiztaria” hautatu zuten errege, ordu arte
Saxoniako duke izan zena. Hala ere, alemaniar lurralde handi eta ugariek ez zuten hartu
mendebaleko gainerako monarkien antzeko itxurarik. X. mendearen bigarren erdialdean,
lurralde haiek inperio baten egitura hartu zuten; ekialdetik zetozen magiar eta
eslaviar inbasioei aurre egiteko osatu zen batez ere inperioa. Baina, enperadoreak homogeneotasun
irudia ematen zion germaniar eremuari, osatzez mota askotako lurraldeek
osatzen bazuten ere. Inperio hura Europaren ekialdera eta ipar-ekialdera zabaldu
zen eta biziki arduratu zen Italiako eta Mediterraneoko arazoez.
Inperio berria sortzen da Mendebalean (X. mendea)
Henrike “Txori-Ehiztariak” gobernu sendoa
osatzeko oinarriak finkatu zituen. Haren
asmoa zen germaniar multzo osoa biltzea,
magiarren edo hungariarren erasoetatik
babestea eta Elizarekin elkartzea. Dena
dela, haren seme Oton I.a izan zen asmo
haiek distira handienaz bete zituena, Lechen
(955) magiarrak garaitu zituenean, batez
ere. Garaipen haren ondoren, magiarrak
Panonian bizitoki finkoa hartzera derrigortu
zituen; eta hantxe osatu zuten magiarrek
Hungariako erreinua. Garaipen haren eta
beste batzuen ospearen laguntzaz, Oton I.ak
nobleak menderatu ahal izan zituen; aldi
berean, Elizaren aldeko politika egin zuen,
eta ondasunak eta lurrak eman zizkion Elizari.
962an, Elizarekin izan zuen adeitasunezko
trataeren eta Italiako arazoen gaineko
arduraren ondorioz, enperadorea Erroman
koroatu zen. Osatua zen, berriz ere,
Europa mendebalean inperio bat, Germania
eta Italiaren iparraldea (Erromatik eta
Aita Santuaren lurraldeetatik gora) hartzen
zituena.Italia, ordu arte, askotariko lurraldea zen,
ongi korapilatua: iparraldean, “erreinu”
moduko bat zuen, aldakorra guztiz; hegoaldean,
zenbait bizantziar jabetza –Calabria,
Apulia eta Otranto–; erdialdean, aita santuaren
mendeko zenbait lurralde. Lurralde
horietan, aita santuak egoera penagarrianzeuden: erromatar aristokraziaren mende eta
gainbehera. Testuinguru haren laguntzaz,
Oton I.a Erromara iritsi zen eta Elizaren
babesle aurkeztu zuen bere burua; Elizak
onespena eman zion. Handik gutxira, enperadorea
bera zen aita santua eta Eliza
menderatzen zituena; kristautasuna zabaltzea,
batez ere ekialdera, eslabiar herrietara
hain zuzen, horixe zen haren helburua.
Oton I.a hil ondoren arazorik gabe iritsi
ziren errege izatera Oton II.a eta Oton III.a,
eta hori hala izateak Saxoniako etxea sendotu
zuen. Bai batentzat bai bestearentzat
garrantzi handikoa zen Italiako politikaren
eta aita santuaren kontrola ez galtzea. Alemaniar
bat izendatu zuten aita santu, Gregorio
V.a izango zena. X. mende bukaeran,
arazo larrienetako bat, ordea, Alemaniaren
ekialdeko mugak eslabiarretatik babestea
izan zen. Eslabiarren kontrako borroka gogorren
ondoren, germaniarren indarra eta
kristautasuna Bohemiara, eta batez ere Poloniara
zabaldu zen.
Inperioa eta aita santua: borroka luzearen lehen aldia
Oton III.aren heriotzarekin batera (1002)
inperioaren oparotasun aldiaren bukaera eta
borroka aldiaren hasiera etorri ziren. Enperadoreak
eslabiarren gainean zuen kontrola
galdu zuen, eta baita Italiaren eta aita
santuaren gainekoa ere. Elizaren barruan
ordurako hasia zen erreforma prozesua,
bertako bizitza moduak eta jokaerak aztertzen
zituena. Bestalde, ahalegin guztiak egin
zituen bere ondasunak enperadoreak kudeatu
ez zitzan. XI. mendetik aurrera, Suabia
etxeko enperadorea agintari zela, “inbestiduren
auziaren” lehenengo arrastoak azaldu
ziren. Enperadoreak eliz karguak, apezpiku
eta abadeenak hain zuzen, izendatzeko
zuen ahalmena gorde nahi zuen; hala
egiten baitzuen noble laikoekin eta hala egin
baitzuen ordu arte Elizako kideekin eta egoitzekin.
Aita santuak zioen, ordea, apaizei
lurreko ondasunen, eta batez ere erlijio eskumenen,
inbestidurak emateko ahalmena
Elizarena zela, eta ez beste inorena.
Aita santuaren eta enperadorearen arteko
gatazkek argi azaltzen zuten Elizak
ezinbestekoa zuela diziplinan aldaketak
egitea burujabetasuna berreskuratuko bazuen.
Aldaketa nagusiak monasterioetan
izan ziren, batez ere haietako ohituren inguruan.
Clunyko abadiak (X. mendean sortua)
bultzatu zuen ohituren berrikuste hori.
Enperadoreek –Henrike III.ak bereziki
(1039-1056)– Clunyko monasterioko ereduaren
alde egin zuten, baita apaiz sekularren
berritze moralaren alde ere. Prozesu horren
ezinbesteko ondorioa izan zen aita santuaren hautaketa (1059) enperadorearen eskumenez
kanpo gelditzea, eta lagungarri gertatu
zitzaion Henrike IV.a enperadorea adinez
nagusi ez izatea.
Elizaren nagusitasuna berreskuratzeko
borrokan Gregorio VII.a irten zen garaile
(1073-1085); Elizaren botereari egitura berria
emateko “gregoriar erreforma” deitua
egin zuen. Garai horretan, bestalde, inbestiduren
auzia larriagotu egin zen, eta ez zen
konpondu 1122. urtea arte. Urte horretan
bertan, Wormseko Konkordatuaren bidez,
amaitu zen auzia: akordio haren arabera,
elizgizonei emandako onurei zegokienez,
enperadoreak izendatzen zituen lurreko
ondasunen inbestidurak, eta aita santuak,
berriz, eliz karguak.
XII. mendetik aurrera Mendebalean nabarmen
gelditu zen zein ziren bi botere
nagusiak, lurrekoa bata, Inperioarena, eta
izpirituzkoa bestea, aita santuarena. Dena
dela, bi botere horien artean ez zen beti
batasuna izan, gizarte eta antolakuntza feudalak
asko zailtzen baitzuen bien arteko
oreka. Germaniar lurraldea, puska askotan
banatuta zegoenez eta Italiako zati bat ere
hartzen zuenez, leku aproposa zen alderdi
batekoen zein bestekoen aldekoak sor zitezen:
batetik, aita santuaren aldeko ziren
guelfoak (Bavariako Welf familiatik datorkie
izena), eta bestetik, haien arerio ziren
gibelinoak (Weiblingendarren familia, Staufen
enperadoreekin lotura zutenak).
Inperioaren gailurretik krisialdira
XII. mendearen erdialdean, eragin handia
izango zuen gizon bat iritsi zen enperadore
kargura: Frederiko I.a, “Bizar-Gorri”
deitua (1152-1190). Federiko I.ak enperadorearen
nagusitasuna ezarri nahi zuen
berriro nola edo hala, aita santuen gainetik.Frederiko I.a saiatu zen behin eta berriz
ideia bat indartzen: Enperadore kargua
Karlomagnoren garaiko herentzia zela
eta ezin utz zitekeela galtzen. Italia ere
herentzia horren barruan sartzen zen. Oton
I.ak “erromatar” inperiotzat zuen berea, enperadorea
Erroman koroatu behar zelako;
1157az gero, Frederiko Bizar-Gorrik “santutzat”
hartu zuen inperioa: “erromatargermaniar
inperio santua”. Hori dela eta,
Frederikoren helburu nagusia Italiako penintsula
menderatzea zen; horretarako, Elizaren
barruan zisma sor zedin ahaleginak
egin zituen. Helburu hori bera iristeko, oinordekoa
Siziliako erregearen alabarekin
ezkondu zuen, hala hegoaldeneko lurraldeetara
iritsiko baitzen. Dena dela, Frederikok
ezin izan zituen proiektu haiek guztiak
gauzatu, eta azkenean, Lurralde Santura
aldegin zuen borrokara eta Gurutzadan
hil zen.
Hala ere, Frederiko I.aren asmoek bizirik
iraun zuten, ez bakarrik oso gazterik hil
zen haren ondorengo Henrike VI.arengan
(1190-1197), baina baita azken horren semeFrederiko II.arengan ere. Frederiko II.a Siziliako
errege zen. Enperadore izatera iritsi
zen Erdi Aroko aita santu nagusietako baten
laguntzaz (Inozentzio III.a). Aita santuak
laguntza haren bidez, batetik erreinua
kontrolatu nahi zuen eta bestetik, aita santuak
Inperioaren gainean zuen botorea indartu.
Frederiko II.a (1221-1250) azken germaniar
enperadore handia izan zen: guztien
gainetik zegoen inperio bat, erdigunea
Erroman izango zuena, lortu nahi zuen. Ideia
horrek Mediterraneo itsasoan arreta berezia
jartzera behartzen zuen, eta horrek Alemania
pixka bat bazterrera gelditzea eragin
zuen; XI. eta XII. mendeetan, lurraldeetako
printzerriek indar handia hartu zuten eta
berezko nagusitasuna izan zuten; Frederiko
II.aren garaian, indartu egin zen nagusitasun
hori.
Enperadorea hil zenean behin betiko
banandu ziren Alemania eta Italia (enperadoreak
ezin zituen lotuta eduki), eta horrekin
batera Alemaniak boterea galdu
zuen. Handik bi urtera Frederiko II.aren
ondorengo Conrad IV.a hil zen, eta zenbait
gatazkaren ondoren egoera bitxia gertatu
zen: aitoren semeak ez ziren enperadore
berri bat aukeratzeko gauza izan.
1257an bi enperadore hautatu ziren –guelfoa
bata eta gibelinoa bestea– eta hala hasi
zen luzaroan iraungo zuen nahastura aldia;
aldi hark iraun zuen bitartean, hautagaiak,
ez bata ez bestea, ez ziren enperadoretzat
onartu. Garai horretan, indar handia
hartu zuten hiriek, nobleek eta printzipe
laiko eta eklesiastikoek, eta 1273. urtea
arte ez zuten galdu nagusitasun hura. Urte
horretan bigarren mailako aitoren seme bat
aukeratu zuten enperadore: Rodolfo Habsburgokoa.
Haren familiak, Bohemiakoa
jatorriz, zegoenean eutsi zion inperioari:
ordurako italiar ingurutik erabat banandurik
zegoen inperioa, baina ekialdean lurralde
zati handia hartu zuen (eslabiar eta
hungariar herriak).