Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Bigarren inbasioak.

Normandiarrak eta magiarrak

XI. mendearen azkenaldera Bayeuxeko tapizean irudikatutako normandiar drakarrak.<br><br>

800. urteaz geroztik, Europa bazterreko beste herri batzuek germaniar erreinuei eraso zieten. Eskandinaviarrak Europako sartaldeko erresuma kristauetarantz abiatu ziren. Bikingoen erasoek Atlantikoko kostaldeak eta kontinenteko barrualdea suntsitu zituzten.

Merkatu eta salgai bila zebiltzan, eta horretarako era askotako baliabideak erabiltzen zituzten, bakezkoak eta indarkeriazkoak. IX. mendeaz geroztik estatu berriak sortzen saiatu ziren. Bitartean, baregoek Errusiaren sorreraren oinarriak jarri zituzten. Eurasiako estepetatik beste mehatxu bat iritsi zen: hango herri batzuen erasoak eragin handia izan zuen Europako sartaldean; horien artean magiarrak eta haien zaldieria indartsua izan ziren aipagarrienak. Haien egintzak funtsezkoak izan ziren Europan milagarren urtearen inguruan izan ziren aldaketa garrantzitsuak ulertzeko.

 

Eskandinavia VI.. endetik VIII. mendera

VENDEL ZIBILIZAZIOAK, MENDE HORIETAN ESKANDINAVIAK BEREZKOA ZUEN KULTURAK, EZAUGARRI BEREZI BATZUK EMAN ZIZKION LURRALDE HARI, ETA HORRI ESKER HEDATU AHAL IZAN ZIREN ESKANDINAVIARRAK EUROPAN ETA BIZANTZION ZEHAR.VIII. mendearen inguruan oso jende gutxi bizi zen Eskandinavian (2.000.000 bat biztanle); erkidego txikitan zeuden antolatuta, errejimen autarkikoa zuten, eta uharteetan eta fiordo-bazterretan bizi ziren. Eskualdekako antolamenduak indar handia bazuen ere, hiru nazio multzo suma zitezkeen: Danimarka, Suedia eta Norvegia.

Herri haiek nekazaritza (hegoaldean batez ere) eta abeltzaintza (iparraldean batez ere) zuten bizibide nagusia; esnetarako azienda larrez-larrekoa zen, aldez bederen.Arrantzak eta basoak ere garrantzi handia zuten; basoetan zerri taldeak izaten ziren.

Ez zegoen hiririk.

Bazegoen lur sail jabeen aristokrazia bat, bondiak; klan buruzagiak ziren eta haiek ziren kantonamenduetan agintari. Aristokrazia hori zen gidaria herri batzarretan eta gerran. Esklaboez baliatzen ziren lurra lantzeko.

Zurezko gela handiko etxetan bizi ziren, jaiak eta bazkariak egiten zituzten han?; batzuetan itsasontzi handitan ehorzten zituzten hilak, lehorrean, eta lurrez estaltzen zituzten gero.

VIII. mendea bitartean aristokrata horietako batzuek gero eta aginpide gehiago iritsi zuten eta lurraldeko printze gisako bihurtu ziren, jarl, titulu hori aitengandik semeetara heredatzen zelarik. Aginpide sistema horrek monarkia bat sortu zuen pixkanaka-pixkanaka, oinordetza sistema, aldez bederen, hauta bidezkoa zuena.

Bikingoen hedatzea bondiek eta jarlek bultzatu zuten, ustez, erregeek bainoago.

 

Bikingoak eta Baregoak Europan eta Bizantzion barrena

SUEDIARREK, NORVEGIARREK ETA DANIARREK, EUROPAN BARRENA TXIKIZIOAN ETA HARRAPAKERIAN ETA BIZANTZIOREKIN MERKATARITZA HARREMANETAN IBILI ONDOREN, ESTATUAK SORTU ZITUZTEN ETA BULTZADA HANDIA EMAN ZIOTEN EUROPAKO EKONOMIARI.Bikingoen espedizioek harrapakina bilatzea zuten helburua: leku askorik hartzen ez zuten balio handiko gauzakiak batez ere, eta esklaboak. Urtero, udaberrian, gizonak itsasoratu egiten ziren, eta neguaren hasieran itzultzen ziren harrapakinez beterik. Itzuli ondoren sakrifizioak eskaintzen zizkieten oparotasunaren jainkoei eta bazkari handiak egiten zituzten jainkoei uzta onak eta espedizio onak eskatzeko. Neguan itsasontziak eta armak konpontzen zituzten eta animaliak ehizatzen zituzten haien larruak hartzeko.

Lehenengo erasoaldiekin batera bikingoak konturatu ziren aski zutela egun gutxiko bidaldia babesik gabeko ondasun asko eskura izateko. Talde txiki mugikorretan antolatu ziren beraz, erasoa bat-batean jo eta berehala ihes egiteko. Kristauek, eta batez ere lekaideek, jainkoaren zigortzat zeuzkaten bikingoak, gizonen bekatuak garbitzeko bidaliak. Erresistentzia handirik izaten ez zutela ikusirik, bikingoak negupasa egoten ziren harrapaketan ibiltzen ziren lekuetatik hurbil (840. urteaz geroztik egin zituzten lehenengo neguteak etxetik kanpo). Egoera hark abantaila handiak ekarri zizkien: harrapakina eta esklaboak ondo gordeta edukitzen zituzten, gertu; gotorlekuetan zeudenez, neguan atseden hartzen zuten, eta beraz lehenago hasten ziren udaberriko sarraldiak eta erasoak egiten. Europako sartaldeko kostaldeko hiriei eta monasterioei eraso ondoren ibaietan gora joaten ziren, eta talde etsaiei bidea itxiz eta ibaietako joan-etorria mendean hartuz, berehala iritsi ziren barrualdeko hirietara.

Ordu arte inoiz ez zuten harrapaketa hain kopuru handian eta modu antolatuan egin. Erasoak gehitu ahala, harrapaketaren etekinak gutxiagotu egin ziren, eta haien ordez zergak ordaintzera behartu zituzten mendean hartutako herriak; horretarako itunak egiten zituzten, bai itun horiek erraz hautsi ere. Ordaindu beharreko kopuruetan aldaketa handiak izaten ziren.

Norvegiarrak harrapaketa bila eta lurralde berrien bila abiatzen ziren kolono gisa etxaldetan non kokatua aurkitzeko. Islandiara iritsi ziren (870 urteaz geroztik hasi omen ziren han kolonoak kokatzen). 981.. rtean Groenlandia aurkitu zuten, eta Erik Gorriak kolonizatu zuen. 1000. urtearen inguruan, haren seme Leifek Kanadako kostaldea aurkitu zuen, eta Vinland deitu zuen (Ardoaren Lurraldea).

Shetland eta Orkada uharteak ere kolonizatu zituzten (VIII. mendea), eta Eskoziako iparraldean lehorreratzen saiatu ziren. Hebrida uharteetara eta Man uhartera iritsi ziren.

Irlandara IX. mendean heldu ziren, kolonia berriak sortu zituzten han eta bertako biztanleekin nahastu ziren. 1014. urtean, gorabehera askoren ondoren, Brian Born irlandar buruzagiak garaitu zituen, Irlandan zuten nagusitasuna galdu zuten, baina ez zuten handik alde egin. Hiri-estatuak sortu zituzten, uharte horretako gaur egungo hirien oinarri izan zirenak. Irlanda zeltaren eta norvegiarren arteko bat egite hark emaitza aipagarriak izan zituen: lehenengo txanponak, lehenengo hiriak, eta Irlandako ontziolen sorrera.

Daniarren egintza batzuk gogoangarriak izan ziren Europako Lehen Erdi Aroaren historian. Daniarrek beren auzoek baino antolamendu hobea zuten, espedizio handiak prestatzen baitzituzten harrapakin eta lur bila. Haien konkistek hiru aldi izaten zituzten beti: lehenengoa, zuzeneko harrapaketa eta hondamena, oso laburra izaten zen. Bigarren aldian, estatu antolatuekin harremanetan zeudenean, zergak ordaintzera behartzen zituzten hango biztanleak; indarkeria erabiltzen zuten herritarrak beldurtzeko eta ordaintzera behartzeko.

Aldi horrek eragin handia izan zuen Europako ekonomian, printzeek eta monasterioek gordeta zituzten metal preziatuak hara hona ibili baitziren. Hirugarren aldia lurraldea zuzenean ustiatzea zen: gudarosteek herrialde jakin bat beretzen zuten, eta estatu bat sortzen zuten han, hango erregearekin edo agintariekin bat etorri ondoren. Estatu horiek sortu ondoren, kristautu egiten ziren eta Europako Erdi Aroko gainontzeko aristokratekin parekatzen ziren horrela.

Hiru aldi horiek IX. mendearen hasieraren eta X. mendearen hasieraren artean izan ziren, eta bitarte horretan daniarrek estatuak sortu zituzten Alemanian, Frantzian eta Ingalaterran. Ingalaterra daniarren helburu izan zen. IX. mendearen bigarren erdialdean, daniarrek gero eta eraso gehiago jo zituzten Ingalaterran. 865. urtearen inguruan Ingalaterra osoa, Wessex izan ezik, bikingoen esku zegoen. 1066. urtean, tronua eskuratu nahi zuten erregegaien arteko borrokek zatitua eta hondatua zutelarik Ingalaterra, Gilen Normandiakoak, jatorriz eskandinaviarrak, aurre egin zion Ingalaterrako azken errege Harold-i Hastingsen, eta Ingalaterra beretu zuen.

Frankoen erreinuak ere daniarren eta norvegiarren erasoak izan zituen. 799tik 840ra aldi bateko erasoak izan ziren, baina 840etik aurrera han ibili ziren etengabe ehunurtez. 911n Rollon buruzagi bikingoak feudo bat hartu zuen Frantziako erregearengandik, kristau bihurtzeko eta leial izateko zinaren truke. Rollonek bere gizonen artean banatu zuen lur hura, eta Normandiako dukerriak aurrera egin zuen.

Suediarrek edo baregoek eragin handia izan zuten Errusian, bultzada handia eman zioten Errusiako erdialdeko ekonomiari eta estatu batzuk sortu zituzten; horietan garrantzitsuena Kieveko Printzerria izan zen.

Baregoak ere harrapaketan ibili ziren, baina batez ere merkataritza trukeak egin zituzten Errusiako ibai bideetan barrena, eta 860.urtean Bosforora iritsi ziren. Merkataritza zubi sendo bat egin zuten Europako sartaldearen eta Bizantzioaren artean.

 

Estepetako herriak

EUROPAKO SORTALDETIK ETA EURASIAKO ESTEPETATIK ETORRITAKO HERRI BATZUK EUROPAKO SARTALDERA ABIATU ZIREN, BAKEZ ZEIN INDARREZ. ERAGIN GEHIENA MAGIAR HERRIAK IZAN ZUEN.IV. mendeaz geroztik Eurasiako estepa pasabide handi bat zen, zaldun nomadek mendebalderantz joateko erabilia. VII. mendean geldialdi bat izan zen aurrerabide motel eta etengabe horretan. Turkiarrak, bulgariarrak eta khazarrak Itsaso Beltzetik gertu geratu ziren, eta inperio batzuk sortu zituzten han. Magiarrak VIII. mendeaz geroztik sartu ziren Europaren erdialdean.

Turkiarrak ?kumanoak eta petxenegoak? Europako sartalderantz aurrera egin zuten,baina ez ziren Itsaso Beltzeko mendebalera baizik iritsi. Azkenik, XIII. mendean, beste gizon saldo bat, mongoliarrak, Europako sortaldean eta erdialdean barrena ibili zen jo eta su.

VII-VIII. mendeetan magiarrak nomada egin ziren. IX. mendean, estepako beste herri batzuen presioz, Karpatoak igaro zituzten eta Panoniako ordokiak hartu zituzten (895), Arpad erregea buru zutela. Transilvania, Moravia eta gaur egun Eslovakia eta Hungariako mendebaldeak hartzen dituen lurrak beretu zituzten. Zaldun nomada haiek leku egokia zuten hura Europari handik erasotzeko. Behin eta berriz eraso zioten Alemaniari, Italiako iparraldeari, Borgoinari, Lorenari, Frantziaren erdialdeari eta Bizantziori. Ondorioak garbiak dira: 33 sarraldi Sartaldean 899tik 955ra. Europako sartalde osoa harrapakatu zuten, Atlantiko aldeko eskualdeak eta Iberiako Penintsula izan ezik. Eremu batzuetan, Lonbardian eta Bavarian adibidez, ia urtero izaten ziren erasoak.

Hungariarrek zaldun oste arin bat bidaltzen zuten udaberriro sarraldiak egitera. Harrapakina lortu eta gero kanpamentuetara itzultzen ziren negua pasatzera. Monasterio bakartuei eta landa eremuei erasotzen zieten, inoiz ez hiri gotortuei. Harrapakina eta esklaboak bilatzen zituzten, eta haiek igarotzen ziren tokietan ez zen izaten izua eta ikara baizik.

Europako sartaldeak ezin izan zien haien erasoei eutsi. Garbi geratu zen aristokrata karolingiarrak ez zirela alderdi militarrean etsaiak garaitzeko nor. Hungariarren inbasioek berrikuntza teknikoa ekarri zioten X.. endean kristauen zaldieriari. Gotorlekuak ere ugaritu egin ziren inbasio horien eraginez.

Karolingiarren mendeko Europa gazteluz bete zen, Alemaniako eta Italiako iparraldeko aldea batez ere.

X. mendean zehar hungariarren oldarraldia baretuz joan zen; harrapakina gero eta babestuago zegoen; alemaniarrak hungariarren erasoetatik defendatzen ziren.

Hungariarrek gudu batzuk galdu zituzten.

955ean Oton I.ak Lechfelden garaitu zituen hungariarrak. Gudu horrek ekarri zuen hungariarren inbasioen bukaera.

Harrezkeroztik hungariarren sedentarizazio prozesua bizkortu egin zen, mende bete baino gehiago iraungo bazuen ere.

Pixkanaka-pixkanaka kristautu egin ziren, harik eta haren errege (San) Estebanek aita santuarengandik erregearen koroa hartu zuen arte, Oton III.aren baimenaz, beste kristau erresuma bat sortu zelarik horrela.

Handik gutxira apezpiku barrutien sare bat sortu zen, eta Hungaria europartu egin zen.

Karolingiarren erako konderriak eta hiriak eratu ziren, Danubioren sartaldean batez ere.