Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Karlomagnoren Europa (700-900)

Ludovico Pio enperadorea irudikatzen duen IX.. endeko miniatura. Austriako liburutegi nazioanala.<br><br>

Errege merovingiarren aginpideak gainbehera egin ahala, jauregizainek geroz eta indar handiagoa hartu zuten frankoen erresuma zatituan, hartaraino ezen gorteko jauregizaina baitzen egiaz aginte publikoa zuena. 751n amaitu zen prozesua, Pipino «Txikia» frankoen errege bihurtu baitzen urte hartan, Klovisen ondorengoak tronutik bota ondoren. Haren seme Karlosek, Karlomagno deituak, kanpaina militar ugariren bitartez asko hedatu zuen frankoen erresuma, eta hala, 800. urtean, aita santuak Erroman enperadore koroatu ondoren, Mendebaleko inperioa ezarri zuen berriro. Haren ondorengoak ordea, ez ziren gai izan inperioa gordetzeko eta frankoen erreinua pixkanakapixkanaka indarra galtzen eta zatitzen hasi zen.

 

Politika erakundea

700.ETIK 900.ERA BITARTEKO TESTUINGURU ALDAKORREAN, POLITIKA ERAKUNDE ZABAL BEZAIN AHUL BAT JAIO ZEN. ERAKUNDE HORREN BARRUAN HASITA ZEUDEN ERNETZEN GERORA FEUDALISMOA EKARRIKO ZUTEN GIZARTE ETA EKONOMIA ERALDAKETAK.Karlomagnok burututako politika erakundearen hastapenak errege merovingiarren aginpide galeran kokatu behar dira.

Garai hartan, aristokraziak ?lurralde jabe aberatsak ziren? hartu zuen aginpidea. Horien artean, jauregizaina zen, batez ere, etekin handienak ateratzen zituena.Islamaren hedakuntza geldiarazi zuen lehen gertakaria Poitierseko gudua izan zen, non Karlos Martel Austrasiako jauregizainak garaipena erdietsi baitzuen musulmanen aurka. Ordutik aurrera sendotu zen aginpidean Karlomagnoren familia, jauregizainari leial zitzaizkion aristokrata frankoen laguntzarekin, hark, lurraldeak emanez saritzen baitzituen arma zerbitzuak egiten zizkiotenak.

Hurrengo data aipagarria 751ko Soissonseko estatu kolpea izan zen. Aita santuak onetsi egin zuen dinastia aldaketa eta lurralde jabe/funtzionarioak aginpide ekonomikora eta politikora igo izana.

Aristrokaziak emandako babesak eta kanpotik eskainitako laguntzak hurrengo urratsak ekarri zituen: kanpaina militarrak eta lurraldearen hedatzea. Hegoaldera, Pipino Txikiak Septimania eta Akitania menderatu zituen. Karlomagnok eman zion jarraipena aitak hasitako lanari eta Saxonia, Frisia, Bavaria, eslabiarrak eta abaroak borrokatu zituen ekialdera; hegoaldera berriz, lonbardiarren errege bihurtu zen 774an.

Testuinguru horretan kokatu behar dira Hispaniara egin zituen espedizioak eta Markaren sorkuntza 795ean. 800.etik aurrera bizantziarren aurka ere borrokatu zen.

800. urteko abenduaren 25ean harrapatu zuen Karlomagnok bere erregetzaren gaina, data horretan koroatu baitzuen aita santuak enperadore tituluarekin.

Baina 814an Karlomagno hil zenetik gertakariak bata bestearen atzetik etorri ziren.

Haren oinordeko Luis «Errukiorrak» ezin izan zituen aristrokaten arteko liskarrak eragotzi.

Ordu arte aristrokazia menderatzen ziren lurralde berrien jabetzarekin konformatzen bazen ere, ordutik aurrera Inperioaren barruan etekinak atera nahian hasi zen.

843. urtea arte, orduan sinatu baitzen Verdungo ituna, oinordekotzaren inguruko tirabirek gora egin zuten, bitartean aristokraziarigeroz eta amore emate handiagoak egiten zitzaizkiola. Aipatutako itunaren indarrez, Luis Errukiorraren hiru semeen artean (Karlos Burusoila, Lotario eta Luis Germaniarra) banatu zen inperioa. Lehenengoari mendebaleko lurraldeak izendatu zitzaizkion, eta azkenekoari lurralde berriak, ekialdekoenak. Lotario berriz, politika eraikuntza berri baten buru egin zuten: Herbeheretatik hasi eta Italiaren iparrera heltzen zen lurralde hura eta 870 urtea arte iraun zuen.

877ko Quercyko Batzarra izan zen hurrengo urratsa, inperioaren deuseztapen prozesuan. Orduan kontsagratu zen ohore edo onuraren bat berekin zeramaten politika karguen jaraunstea. Eskandinaviarrak, musulmanak eta magiarrak kanpotik erasoka ari ziren bitartean, barne borroka larriak izan zituzten, eta azkenean hainbat printzerritan zatitu zen inperioa.

Karlos III.a «Gizenak» egin zuen inperioa bateratzeko azken ahalegin ustela eta 888.ean amaitu zen. Horrela galdu zen karolingiar dinastiako azken erregea.

 

Administrazioa

INPERIOA GERRA ETEKINETAN ETA BASAILUTZAN OINARRITZEN ZEN. AGINPIDE MILITARRARI ESKER LURRALDEAK KONKISTATZEN JARRAITU ZEN BITARTEAN, EZ ZEN ZAILA IZAN ARISTOKRAZIA KONTENTATZEA, LURRALDEAK EMATEN ZITZAIZKIELAKO ETA KANPORA ZUZENTZEN ZUTELAKO EUREN GERRAZALETASUNA.Inperioaren barne antolakuntza aztertzeko, premiazkoa da aurrez, Karlomagnok eragindako administrazio erreforman arreta jartzea. Laburbildurik esan daiteke, iraganeko elementuez osatzen zela, baina beste modu batean egituratuta. Egituraren oinarrian gizon libreen arteko harreman pertsonal batzuk zeuden: batak besteari buruzko mendekotasuna onartzen zuen (enkomendazioa), eta lurrak jasotzen zituen egin beharreko zenbait zerbitzuren truke (etekina edo feudoa).

Toki administrazioan argi eta garbi ikusten dira harreman horiek. Erreformaren aurretik bezala, konderrietan eta gotzain barrutietan banatua zegoen lurraldea, baina orain Alsazia-Lorrenako aristokraziak agintzen zuen kargu horietan. Basailutzaren eta etekinaren bitartez lotzen zitzaizkion erregeari.

Kondeek betearazten zuten legea, kobratzen zituzten zergak eta zuzentzen zuten konderriko armada. Bizkondeak eta bikarioak ?gehienetan tokiko aristokraziako kideak? izaten zituzten laguntzaile. Bestelako antolakundea zuten muga aldeko «marka» deituek: Hispaniar Marka, Panoniar Marka, Sorabiar Marka, Beneventoko Dukerria.

Konderria, aldi berean, gotzainak gobernatzen zuen eliz barruti bat zen.Administrazio zentralak ez zuen aldaketa aipagarririk izan. «Palatium» edo jauregiaren inguruan zegoen antolatua, han egoten baitziren erregearen ofizialak. Ofizial horietatik desagertu zenetako bat jauregizaina izan zen. Bi elementu berri baizik ez zen izan, Kantzileritza, akordioak, xedapenak, e.a.. dazteko ardura zuena; eta Kapera, Aachengoa (inperioko hiriburukoa) izan zelarik nabarmenena.

Karolingiar administrazioaren berrikuntza handiena, aurrez aipatutako bi administrazioen arteko harremanaz arduratzen zen kargu bat egotea izan zen. «Missi dominici» deitzen zitzaien eta tokiko administrazioa zaintzeko ardura zuten «ikuskatzaileak» ziren.

«Missaticum» izeneko lurralde bat izendatzen zitzaien ?zenbait konderriz osatua? eta lurralde hori korritzen ematen zuten urtea, administrazioaren aurkako kexuak jasoz eta legea aplikatzen zela zainduz.

 

Poliptiko karolingiarrak eta gizarte eta ekonomia aldaketak

DOKUMENTU IDATZIEK LEHENAGO ZUTEN GARRANTZIA BERRESKURATU ZUTEN ETA INPERIOAREN EKONOMIAN ETA GIZARTEAN LEIHOTXO BAT IREKITZEKO AUKERA EMATEN DIGUTE. OSO LAGUNGARRI DIRA POLIPTIKO KAROLINGIARRAK ERDI AROKO EKONOMIA HAZKUNDEA EKARRIKO ZUTEN ERALDAKETAK IKUSTEKO.Eskaintzen dituzten datuen kopuruagatik eta kalitateagatik, poliptikoak edo monasterioen eta erregeren mendeko lurren ondasun, jabetza eta pertsonen inbentarioak, giltzarrizko elementuak dira esku artean dugun aldia aztertzerakoan. Hamar batgordetzen dira eta 770etik 820 bitartekoak dira, gehienbat. Gainera, eskualde jakin batekoak dira, inperioren erdi aldekoak: Rhin eta Senaren tartea eta egungo Italiaren zati bat hartzen zuen eskualde hark.

Aurreko garaitik zetorren jabetza handi bat zen, eta bi zati egina zegoen, alde batetik, erreserba, jaunak zuzenean ustiatzen zuena, eta bestetik «mansusak» edo baserriak, mendeko nekazariek ustiatzen zituztenak.

Aipatu eskualdea nahiko jendeztatua zegoen garai hartan. Baina biztanleria hazi bazen ere, preso zegoen aurreko mendeetatik zetorren errealitate ekonomiko estuan.

Tresneria egokirik ez zutenez, eta aristokraziaren interesa, batik bat, gerra harrapakinak edo erregearen opariak lortzea zenez, nekazaritza ez aurrera eta ez atzera geratuta zegoen, muga aldeko eskualdeetan ezik, horietan konkista berriak eta kolonizatze aldiak izaten baitziren.

Sail handiak hazi baziren ere, ez dira ahaztekoak «alodio» edo nekazarien sail txikiak, ez baitziren erabat desagertu. Hala ere, ekonomia krisiak bultzatuta, kanpaina militarretan parte hartzeagatik lurrak utzi beharrean gertatu zirelako, eta inbasio berrien edo aginpide politikoaren pribatizazioen mehatxupean, nekazaritza hori gehiena jaunen sareetan erori zen berriro.

Mendebaleko Europako biztanleak, aldi hartan, nekazariak ziren batik bat, lurra lantzetik bizi zirenak. Baina batzuek irudikatu duten Europa itxia, kanpoarekin harremanik ez zuena, topiko zahar bat baizik ez da.

Esate baterako, merkataritza harremanak ez ziren inoiz erabat eten.

Barne merkataritzak garrantzi txikia zuen, soberakin txikien inguruan mugitzen baitzen. Kanpoko merkataritza ordea, batez ere aristokraten luxuzko beharrizanak asetzen saiatzen zena, bizi-bizirik zegoen.

Eta merkataritza hori Mediterraneoan garatzen zen, funtsean.

 

Kristau inperioa eta karolingiar berpizkundea

KAROLINGIAR ERREGEEN BABESPEAN ETA ELIZAREN LAGUNTZAREKIN, ZENBAITEK KAROLINGIAR BERPIZKUNDEA DEITU IZAN DIONA GARATU ZEN.Helburu nagusia inperiorako administratzaileak trebatzea izanik ere, kulturari bultzada interesgarria eman zitzaion, nahiz eta mugatua izan. Testuinguru horren barruan ulertu behar da 788an gotzainei eta abadeei, eskola berriak sortzeko, edota idazkietan hizki mota berri bat ?hizki karolino xehea? erabiltzeko gomendatzen zitzaien igorri zitzaien eskutitza.Yorkeko Alkuino aipagarria izan zen.

Hura izan zen Eskola Palatinoa deituaren lehen antolatzailea eta hari zor zaio, orobat, «arte liberalen» lehen sailkapena, batzuei «trivium» deitu zien ?gramatika, erretorika eta dialektika?, eta besteei «quatrivium» ?aritmetika, geometria, astronomia eta musika?.

Ez da ahaztu behar elizaren pisua, bai esandako kultura berpizkunde horretan, bai erresuma barbaro bat Erromaren oinordeko bilakatzeak eskatzen zuen ideologia elaborazioan.

Elizaren eginkizuna izan zen, orobat, lur menderatu berrien ebanjelizatze lana. Karolingiar konkistekin batera egiten zuen aurrera mundu kristauak. Leon III.a aita santuak Karlomagno enperadore koroatzearekin, honen gain utzi zuen fedearen defentsa eta hedakuntza. Ordu arte izan ez zuten indarra hartu zuten fraide eta lekaime ordenek.

Ekintza hark behar zuen baliozkotasuna «Konstantinoren emaitza» deituaren bidez lortu zuten, segur aski dokumentu faltsua bazen ere. Testu horren arabera, Konstantino enperadoreak IV. mendearen erdi aldera Silbestre aita santuaren eskuetan utzi bide zuen Italiaren eta inperioaren mendebalde osoaren gaineko aginpidea, bai mundu honetakoa eta bai espirituzkoa.