Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Antzinako idazkeratik alfabetora

Mizenasko Lineal B idazkeraren silabarioa, Jean- Pierre Olivierren arabera.<br><br>

 

Antzinako idazkerak deskodetzea

Idazkera ezezagunez idatziriko hizkuntza orobat ezezagunak deskodetzeko, pazientzia handia behar izaten da, eta diziplina handia, baina orobat behar da zeregin horretarako irudimen handia.

Herodotok Piramide Handia bisitatu zuenean, K.a. V. mendean, haren itzultzaile egiptoarra ez zen gauza izan monumentu hartako idazkunak irakurtzeko. Eskribauapaiz batzuk baizik ez ziren gai idazkera hieroglifiko zahar hura irakurtzeko, gainbeheran etorria baitzen idazkera haren ezaguera, eta azkenik kopto kristautuek egiptoarren tradizio grafiko luzeari amaiera eman zioten K.o. IV. mendean; hala ere, haien hizkuntza zaharreko elementu batzuk gorde zituzten jainkoen gurtzan, Egipto islamiarbihurtu ondoren. Elementu horiei esker ulertu ahal izan zen geroztik idazkera hieroglifikoa, eta berreskuratu ahal izan zen informazio idatzi hura.

Monumentuetako idazkunek erakarmen handia izan dute mendez-mende. A. Kircher (1601-1680) matematika irakasleak, koptoera ondo aztertu eta gero, ondorio hau atera zuen: hizkuntza horretan modu alfabetikoan zegoela gordea antzinako egiptoarren hizkuntza. Napoleonek Egipto inbaditu zuenean, frantses soldadu batzuek hieroglifikoz, demotikoz eta grekoz idatzitako basalto beltzezko harri bat aurkitu zuten Rosettan (1799): Ptolomeo V.a Epifanesen dekretu bat zen, K.a. 196. urtekoa. Grekerazko idazkunean erregearen izena zorro moduko batean idatzita agertzen denez, zorro moduko horietako bakoitzean ageri ziren ikur hieroglifiko eta demotikoak Ptolomeoren izenari zegozkion kontsonanteekin lot zitezkeen (P, T, L, M, S).

Antzinako Egiptoren eta kopto hizkuntzaren ezagutzaile aditua baitzen, Jean François Champollionek izen hura egiptoeraz nola idazten zen asmatu zuen (p-t-ol-m-j-s), eta Kleopatra Ptolomeoren arrebaren izena ere identifikatu zuen; hamabi hieroglifiko balio zeuzkan beraz identifikaturik.

Geroztikako ikerketen bidez Ramsesen eta Tutmesen izenak identifikatu zituen, eta 1824an argitaratu zuen Précis du système hiéroglyphique liburuan aditzera eman zuenez, sistema hura, haren iritzian, ikur fonetikoen eta sinboloen konbinazio bat zen.

G. Grotefend 27 urteko eskola maisua zen idazkera kuneiformea aztertzea erabaki zuenean. Ez zen orientalista, baina berehala konturatu zen Persepoliseko idazkunetan zazpi ikurreko multzo bat errepikatuta zegoela, eta batzuetan beste multzo txikiago bat izaten zuela ondoren. Idazkun hura akemenestarren dinastiakoa zela erabaki ondoren, uste izan zuen ikur multzo horietako batek Erregeen Errege eta Errege Handi tituluak adierazten zituela. Multzo hura identifikatua zuelarik, akemestar erregeen segida osoa finkatu ahal izan zuen, Hystaspes, Dario eta Xerxes, eta horrekin batera, sistema grafiko haren hamabi ikurren giltza ere bai (1815). 1835ean H. C. Rawlinson britainiar ofizialak bere gain hartu zuen Behistun amildegi arriskularriko idazkun handia kopiatzeko zeregina; laurehun lerro zituen pertsieraz, berrehun eta berrogeita hamar elameraz, eta beste idazkun txiki batzuk akadieraz. Aldi berean pertsiera zaharrean zegoen idazkun alfabetikoa deskodetu zuen, itzuli egin zuen gero, eta akadierazko idazkera kuneiformea deskodetzeko oinarriak jarri zituen.

1853an E. Norrisek elamerazko testu silabikoa deskodetu zuen, eta 111 ikur desberdinez eratutako sistema bat zela konturatu zen.

1857an Londreseko Asiako Errege Elkarteak lehiaketa batera deitu zuen, ikerle ospetsu batzuek (Rawlinson, Hincks, Oppert eta Talbot) Tiglathpileser I.a Asiriako erregearen zilindro batean irarritako testu aurkitu berri bat deskodetu zezaten. Jakintsu bakoitzak bere lanen emaitza bidali behar zuen, eta testu deskodetu haiek guztiak alderatu ondoren, xehetasun txikienetan ere bat zetozela ikusi zen. Hala deskodetu zen beraz babiloniera kuneiformea.

Sumerierazko idazkera deskodetzeko, askoz denbora gehiago behar izan da, eta luzaroan jarri izan da auzitan sumeriera bera hizkuntza independentea ere izatea.

1906an H. Wincklerrek argitara atera zuen errege hititen artxiboa eta hango dokumentuak, buztinezko taulatan babilonierazko idazkera kuneiformeaz idatziak. Hizkuntza hitita kuneiforme hori B. Hrozny txekiarrak deskodetu zuen 1917an. Hizkuntza hitita, ordea, beste sistema grafiko batez zegoen idatzia, ideografikoaz hain zuzen, hitita edo luvita hieroglifikoz, alegia, eta Karatepen 1945ean aurkituriko testu (fenizierazko itzulpen batekin) elebidun bati esker deskodetu zen.

1952an Michael Ventris eta John Chadwick britainiarrek Egeoko idazkera aurkitu berriena deskodetu zuten, Lineal B deritzana, eta era horretara finkatu ziren Mizenasko artxiboak. 88 ikur eta logograma kopuru txiki batez baliatzen zen idazkera silabiko horri esker grezieratik gorde den molde zaharrena finkatu zen.

 

Idazkera deskodetugabeak

Badira oraindik idazkera sistema batzuk deskodetugabeak, eta haien bidez idatzitako testuak ezin irakurrizkoak dira beraz.

Sistema grafikoa zein hizkuntza ezezagunekoak dira deskodetzen zailenak; batzuetan, hizkuntza ezezaguna izan arren, testuak irakur daitezke, baina ez interpretatu, idazteko erabilitako idazkera ezaguna delako.

Hala gertatzen da etrurierarekin (berriki aldez interpretatu ahal izan da) eta iberierarekin.

 

Alfabetoaren jatorria

Alfabetoa da idazkera fonetikoen aldi garatuena. Hitzak osagaitzat dituen fono edo hotsetan banatzen baititu, eta hots horietako bakoitza ikur berezi zalantzarik gabeko batez irudikatzen baitu; ahalik eta ikur gutxienekin ahalik eta gehien adieraztea lortzen da horrela.

Idazkera alfabetikoak sortzeko prozesua luzea izan zen eta konplexua. Arestian aipatua da egiptoeraren sistema fonetikoan kontsonanteek adierazpide bakarra zutela, eta «kontsonanteen euskarri» hori mendebaleko herri semitetan sortu zen ziur asko, K.a. II. milaldia bitartean, egiptoarren eraginez, ustez. Hizkuntza haiek errazago beretu zuten prozesu hori, hitzen egitura kontsonantikoan baitzeuden oinarrituta. Idazkun protosinaitarrak eta protopalestindarrak ez dira ia ezagutzen, eta ez daude ziurtasun osoz deskodetuak; alfabeto aurrekoak dirudite, haien ikur kopuru urria kontuan hartuz gero. Lotura ziurragoa dira Bybloseko idazkun sasi-hieroglifikoak, E. Dhormek deskodetuak, eta feniziera modu arbitrarioan aukeraturiko ikur sistema oso aberats batez idazteko erabiliak.

K.a. XIV. mendearen inguruan, Ugariteko (Ras-Shamra) eskribauek alfabeto bidezko idazkera asmatu zuten. Ugaritera hizkuntza semita-kanaandarra da, eta idazkera itxuraz kuneiformea du, baina itxuraz bakarrik. Haren ikurren lerro soilduak, hogeita hamar bat, silaba sistema orotik bereiz modu artifizialean sortu zituzten. Ikur bakoitzak kontsonante bat edo hiru bokaletako bat (aurrekoa, erdiko eta atzekoa) adierazten zuen. Benetako alfabeto bat zen, edo hobe esan alfabetoaren ideia bat. Alfabetoa Byblosen agertu zen lehenengo aldiz, K.a. XIII. mendeko Ahiram erregearen sarkofagoko idazkunean, alfabeto feniziar arkaikoaren hogeita bi ikur linealak zituela.Idazkera hori oparo hedatu zen X. mendeaz geroztik Israel eta Judako erreinuetan barrena, eta Tiro eta haren kolonietako (Zipre eta Kartago) merkataritzari zegoen lotua.

Aramearrek orobat beretu zuten idazkera hori: karabanetako bideetako kontinenteko merkataritzaren kontrolari zeuden lotuak.

Handik hartu zuten hebrearrek eta, azkenik, arabiarrek.

Idazkeraren historian garrantzi handia izan du grekerazko alfabetoaren sorrerak, alfabeto latina sortu baitzen handik gero.

Alfabeto horrek fenizieran zuen inondikere jatorria, nahiz zehatz noiz eta non sortu zen eztabaidagai den oraindik, baita maileguaren eredu zehatza ere. Greziarrek sistema silabikoz idazten zuten beren hizkuntza K.a. bigarren milaldian (eta sistema bera erabili zuten Zipren Alexandroren garaia arte); baina K.a. IX. mendean feniziar alfabetoa bereganatu zuten, Alepo inguruko ekialdeko kostaldean ziur asko, eta bokalak erantsi zizkioten. Berrikuntza hori zela eta, grekerazko alfabetoa da Europako alfabeto moderno guztien aitzindaria.