Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Feniziarrak, antzinateko merkatariak
Feniziarrak dira, inondik ere, antzinateko
herri erakargarri eta misteriotsuenetako bat.
Itsasgizon trebe eta iaioak baitziren, beren
garaikoek «itsasoko jaunak» esaten zieten.
Feniziarrei buruzko lekukotasunak zeharbidezko
iturritatik iritsi zaizkigu gehienbat.
Greziarrek feniziar deitu zieten –phoínikes–
gaur egun Libano deitzen den itsasbazterreko
zerrendan zeuden kanaandar hirietako
biztanleei. Hitz hori phoinix hitzetik dator,
eta purpura esan nahi du; feniziarrak, beraz,
«purpurazko gizonak» ziren. Izan ere,
feniziarrek ohi zituzten merkataritza eta eskulangintza
lanen artean aipagarria zen artilezko
eta lihozko ehungintza –Egiptotik
inportatua–; ehun horiek purpuraz tindatzen
zituzten, eta tindu hori, bere aldetik, murex
izena duen itsas barakuilu batetik ateratzen
zuten.
Mesopotamiako testuek eta Bibliak berdin
aipatzen dituzte «kanaandarrak», eta hitz
hori «feniziarraren» sinonimotzat har daiteke,
nahiz, hedaduraz, feniziar kostaldea
–«Fenizia ekialdea» esaten zitzaiona– baino
lurralde zabalago bateko kultura izendatzeko
erabiltzen den; kanaandarrak beraz gaur
egungo Libanori eta Siria mendebalari dagozkion
lurretako biztanleak ziren. Azkenik,
erromatarrek «puniko» hitza bereziki
kartagotarrak izendatzeko erabiltzen zuten
eta, hedaduraz, baita Mediterraneoko mendebal
erdian barreiaturik zeuden feniziar koloniak
izendatzeko ere, bazter haiei «Fenizia
mendebala» esaten zitzaiolarik era berean.
Nolanahi ere, beste herriek jarritako
izenak dira horiek guztiak, zeren eta feniziarrakez ziren ziur asko izen horiekin identifikatuko,
eta nahiagoko zuten zeinek bere
herriko izena: tirintoar, sidoniar, giblita, etab.
Hiri horietako bakoitza erresuma txiki burujabe
bateko hiriburua zen, batzuetan hiri
horiek hitzarmen bidez elkar hartzen zuten,
baina ez ziren sekula izan «inperio» bat,
edo izen bereko nazio bat.
Iturri horien arabera, feniziarrak marinel
trebeak omen ziren, Afrika itsasoz inguratu
zuten eta itsasbideak urratu zituzten;
merkatariak ziren, era askotako salgaiekin
aritzen ziren salerosketan (zilarra, burdina,
eztainua, beruna, brontzezko gauzak, bolizko
letaginak, ebanoa, garia, lurrinak, eztia,
jantziak, esklaboak…), eskulangile bikainak
ziren, eta haien hirietatik kolonia asko sortu
ziren (Zipren, Kretan, Sizilian, Maltan,
Afrikako iparraldean, Espainian).
Feniziarren lurraldea
«Kanaango herria» itsasbazterreko zerrenda
estu, ez oso handi, eta itsasoak eta Siriako
eta Arabiako basamortuek ondo mugatu
batean zegoen kokatua. Libanoko mendilerroak
bereizten zuen Fenizia Siriako eta
Palestinako gainerako lurraldeetatik, eta
sortaldean Orontes eta Jordan ibaietan izan
behar zuen muga. Beraz, lurralde txikia eta
aldapatsua zen hura. Lurraldearen nolakotasunak
mugatzen zuen zer baliabide ustiatu
eta nola, eta ez zuen nekazaritza zabala
egiteko biderik ematen. Mendikate handi
baina ez oso garai bati esker, baso zabalak
zeuden, eta hori oso gauza bakana zen bazter
haietan, auzo herrialdeetan ez baitzen
egurrik batere. Horrenbestez, egurgintzak
izan behar zuen hasiera-hasieratik lurralde
hartako aberastasun nagusia, zedroak batez
ere, antzinatetik izan baitziren feniziarren
salgairik garrantzitsuenetako bat. Lurralde
aldapatsu hark era berean bakartu
zituen Feniziako hiriak, zaildu zituen barne
komunikabideak eta asko lagundu zuen
feniziarrak independenteak izan zitezen.
Feniziarren bizitzak eta historiak itsasoa
izan zuen hortaz elementu nagusia. Feniziako
hiri nagusiak (Arados -Arwad-, Biblos,
Beritos -Beirut-, Sidon, Tiro, Ugarit) lurmuturretan
edo kostaldetik hurbileko uhartetan
eraikita zeuden, portu onak zituzten, eta
bai Ekialde Hurbila zeharkatzen zuten karabanen
bidetik, eta, bai Mediterraneotik,era askotako produktuak iristen ziren portu
haietara. Izan ere, «Fenizia ekialdea» kulturen
bidegurutzea izan zen bere historia
osoan. Mesopotamia, Asia Txikia, Zipre,
Egeo eta Egiptotik zetozen eraginak feniziar
guztien artean hedatu ziren pixkanakapixkanaka.
Feniziarrak historian
Feniziarren historiak, eta kulturaren eta
etniaren aldetik berezi izateak, K.a. 1.200
urtearen inguruan du hasiera. Nolanahi ere,
garai hartako feniziar hiri-estatuak aurretiko
tradizio luze baten ondorengoak ziren. Iraupena
du hain zuzen feniziar zibilizazioak
ezaugarri adierazgarrienetako bat. 3.000
urtearen inguruan sortu zen (Lehen Bron–
tze Aroa), zeharo eratua eta tankeratua zegoen
2.000 urterako (Erdiko Brontze Aroa
eta Azken Brontze Aroa), eta indarrean iraun
zuen, harik eta Erromako Inperioak konkistatu
eta bere baitan hartu zuen arte, gaurdaino
gorde diren epigrafiazko dokumentuetan
adierazten denez.
Feniziako hirien historia hasiera-hasieratik
dago bata bestearen ondoren hiri haiek
beren eskuetara ekartzen saiatu ziren inperio
handiei estu bai estu lotua. Ekonomia
zen batez ere feniziar erreinu txiki horiek
menderatu nahi izateko arrazoi nagusia.
Feniziarren merkataritza jarduera ezinbestekoa
zen barnealdeko inperio handientzat
eta Egiptorentzat, ez baitzuten inperio horiek
feniziarren merkataritzak oinarri zituen
lehengai eta produktu landu asko. Salerosketa
horri esker lortu zuen hain zuzen Feniziak
bere independentziari eustea, inperio
handientzat onuratsuagoa baitzen erresuma
jori horiei zergak jartzea haiek menderatu
eta suntsitzea baino. Biblos, Ugarit,
Sidon eta Tiro izan ziren hurrenez hurren
hiri nagusiak, eta, askotan, aurre egin behar
izan zieten, bai indarrez ere batzuetan,
inperio handien kanpotikako erasoei.
Brontze Aroko azken garaietako gertaera
jakin batzuek errotik aldatu zituzten feniziar-kanaandar
hiriak. «Itsasoko Herriek» egin
zuten hondamenak (1.200 K.a.) zeharo nahasi
zuen ordu arteko egoera. Inperio handiak
ahuldu egin ziren. Mizenasek ordu arte
bi mendez itsasoan izana zuen nagusitasuna
galdu zuen; biztanleak saldoka lekualdatu
ziren. Aldaketa handi horrek eragina izan
zuen baita ere feniziar erresumetan. Ordu
arte bizi eta indartsu iraun zuten merkataritza
hiri eta portu handiak -Biblos eta Ugarit
batik bat- gainbehera erori ziren, eta hiri
berriak nagusitu ziren haien ordez –Tiro eta
Sidon, besteak beste–. Aldi berean, filistear,
hebrear eta aramear taldeek bizileku finkoa
hartu zuten Kanaango hegoaldean eta barrualdean,
eta horrenbestez kanaandarren
lurraldea txikitu egin zen.Asiriarrek lehenik, eta babiloniarrek eta
pertsiarrek gero, feniziar-kanaandar hiriak
izan zituzten jomuga. Aldika feniziar hiriei
egiten zizkieten erasoen eraginez, herri horiek
aise kobratu ahal izan zizkieten aldi
batez zergak feniziarrei. Baina feniziarren
erresistentzia areagotu zenean, lurraldea eta
politika zuzenean kontrolatzea erabaki zuten.
Asiriarrak aspaldi ari ziren Tiro, Sidon
eta Arados-i zergak kobratzen, baina K.a.
VIII. mendean kanaandarren herria menderatzen
saiatu ziren. Iparraldea beretu
zuten, eta Tiro eta Sidongo hiriek burujabe
iraun bazuten ere, hango jarduerak asiriarren
kontrolpean zeuden. K.a. VII. mendean
hiri horiek erabateko burujabetza iristeko
saioak egin zituzten, baina gero eta
gogorrago zapaldu zituzten (K.a. 678an
Sidon suntsitu zuten). Tiro izan zen halako
autonomia bati eutsi zion feniziar hiri bakarra.
Feniziarren-kanaandarren lurraldean
asiriarren ordez babiloniarrak nagusitu izanak
halako baretasun bat ekarri zuen bazter
haietara. Egiptok nolabaiteko nagusitasuna
berreskuratu zuen, baina ez zuen
nagusitasun horretan irauterik izan, eta
Tirok bazuen oraindik buru egiteko indarra.
Nabukodonosorrek eman zion bukaera
feniziar hiri horren nagusitasunari: 13
urtez eduki zuen setioan, eta K.a. 573 urtean
suntsitu zuen.
Pertsiar inperioa sortu eta Babilonia
desegin zenean Feniziak halako berpizkunde
bat izan zuen. Feniziako hiriak satrapa
herri baten baitan zeuden, bazuten halako
autonomia maila, beraien erregeek baitzeukaten
hiriaren administrazioaren ardura,
pertsiar gobernariaren zaintzapean ordea.
Ordu arte Tirok izan zuen nagusitasuna
Sidonek hartu zuen, eta indar handia
izan zuen salerosketak hiri hartan. Mediako
gerretan, Sidon pertsiarrekin elkartu zen hasieran,
eta greziarrekin azkenik. Feniziar hiri
gehienek Alexandro onartu zuten. Tirok ez
ordea, eta Mazedoniako erregeari kontraegin izanak ekarri zion azkenik hondamena
K.a. 332 urtean. Helenismoaren garaian
Feniziako lurraldea liskarbide izan zuten seleukotarren
erreinuak eta ptolomeotarrenak.
Tiro eta Sidon berreraikita zeuden, bazuten
halako autonomia bat, baina galdua zuten
aurreko garaietan merkataritzan izana zuten
nagusitasuna. K.a. 64 urtean feniziarrak
Erromako inperioaren barnean sartu zituzten
azkenik, Siriako probintziaren baitan.
Feniziar kolonien hedatzea
K.a 1.200 urtetik aurrera izan ziren aldaketa
guztien eraginez feniziarrak Mediterraneoko
erdialde eta mendebal arroan barrena
hedatu ziren. Mizenasek konkurrentziarik
ez baitzien egiten eta Egipto ahulduta
baitzegoen, feniziarrak izan ziren Mediterraneoko
merkatari nagusiak. Oso egoera
onean zeuden horretarako; barrualdean
(Ekialde Hurbila) merkatu handiak zituzten
(Egipto, Mesopotamia, Anatolia eta Siria);
Mediterraneo mendebalean, berriz, mea eta
nekazaritza baliabide asko; eta haietxek
ustiatu zituzten feniziarren lantegi eta merkatari
kolonia ugariek. Haien lurraldea txikitu
eta hondatu izanak -basoak galtzea,
lurra ahitzea, etab.- batetik, eta gizarte, ekonomia
eta politika arrazoi batzuek bestetik
–erregearen ekonomia ahultzea, hirietan
merkataritzaran ziharduen oligarkia nagusitu
izana–, bultzatu zituzten feniziarrak Mediterraneoan
barrena hedatzera, eta haien
merkataritza antolamendua ia mundu osoan
zabaltzera. Horretarako, izarrez zuten jakinduria
baliatu zuten, gaueko itsasketaren
mesedetan, eta hobekuntzak egin zituzten
itsasontzien eraikuntzan.
Feniziar kolonien hedatzeak bi aldi izan
zituen. Lehenengoan –kolonia aurreko aldian–
merkataritza harremanak hasi ziren.Greziar tradizioaren arabera, feniziarren lehenengo
koloniak (Gades eta Utika) aspaldi-aspaldiko
garaietan sortu baziren ere (K.a.
XI. mendean), hasierako bizileku finko
haiek ez ziren kolonia izatera iritsi. Bigarren
aldian –kolonien aldia (K.a. IX-VIII)–
feniziarrek koloniak nonahi sortu zituzten.
Gaurdaino gorde diren tresna ugarien lekukotasunaren
arabera, «Fenizia ekialdetik»
zetozen giza taldeek bizileku finkoa hartu
zuten Mediterraneo mendebaleko kolonietan.
Kolonizazio prozesu hark garbi adierazten
zuen feniziar hirietako ekonomiaren
bilakaera: hasieran metalen eskaria
zegoen batez ere, eta beraz feniziarrek
gehiago jo zuten mea ugariko lurraldeetara:
Sardinia (Nora, Tharros), Espainiako
hegoaldea (Gades) eta Zipre (Kition); gero
nekazaritzak eta abeltzaintzak indarra hartu
zuten, eta feniziarrek garrantzi gehiago
eman zioten lur eta lanerako beso eskaintzari,
eta hortaz tarteko lurralde batzuk izan
ziren kolonizazio gune nagusiak: Tunisia
(Kartago, Utika) eta Sizilia (Motya, Panormo).
Feniziar kultura
Pragmatismoa eta eklektizismoa dira feniziar
kulturaren ezaugarri nagusiak. Feniziar
hirien eta hango eliteen kosmopolitismoak
filosofia, historia eta artea bultzatu
zituen. Kulturazko adierazpide guztiek ekialdeko,
Mesopotamiako eta Egiptoko eraginak
zituzten, eta Greziako eta Erromako
ereduen oso bestelakoak ziren beraz. Artea
eta eguneroko bizitza elkarri estu-estu lotuak
zeuden, artea bestelako asmorik gabe
ez baitzuten feniziarrek aintzat hartzen. Feniziar
kulturan ez zen ia estatua handirik
egin, askoz ugariagoak ziren estatua txikiak
eta behe-erliebeak, eta askotan erlijio adierazpideak
izaten ziren.
Feniziar hirietan argi geratu zen eraikitzaile
bikain haiek hirigintzan iritsi zuten
maila handia, hainbesteraino non hebrear
eta pertsiar erregeek feniziar arkitektoak
deitu baitzituzten haien tenplu eta jauregi
handiak egiteko.
Idazkera silabikoa da inondik ere feniziarrek
zabaldu zuten ekialdeko kutsuko
kulturaren ezaugarri nagusia; greziarrek laster
beretu zuten. Idazkera mota horren hastapenak
Erdiko Brontze Arokoak dira. Alfabeto
sistemaren arabera, zeinu batek hots
bat adierazten du, eta, hortaz, askoz zeinu
gutxiago behar ziren idazteko. Idazkeraren
errazte horrek kulturaren demokratizazioa
ekarri zuen azken batean, hizkuntza
idatzia askoz irits-errazagoa baitzen era
horretara.