Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Mediterraneoko Ekialde Hurbila: kanaandarrak eta hebrearrak

Ramses II.aren estatua erraldoia. Tradizioz, Bibliako Exodoko faraona bera zela uste izan da, nahiz eta inolako frogarik ez dagoen hori baiesteko.<br><br>

Siria eta Palestina ia inoiz ez ziren aginte beraren pean bateratuta egon; 3.000 urtearen inguruan han bizi ziren biztanleak elkarren oso bestelakoak ziren hizkuntzaz, arrazazko kidetasunez eta bizimoduz. Izan ere, talde txikitan bakartuta bizi ziren, eta bereizteko eta indibidualismorako joera handia zuten, besteak beste lurralde hura berez zelako oso desberdina eta komunikabideak ez zirelako batere errazak. Hegoaldeko toponimoak semitikoak dira hizkuntzaz (Tiro, Sidon, Jeriko), Siriaren iparraldekoak berriz ez zegozkion geroztik lurralde haietan hitz egingo zen ezein hizkuntzari, eta beraz antzinagoko herri batenak bide dira.

Palestinan aurkitu diren hondakin arkeologikoen arabera, material aldaketak izan ziren 3.200 urtearen inguruan: eraginak iparraldekoak ziren, eta hango biztanleei kanaandar esan zitzaien. Demografia dentsitateak handia izan behar zuen, eta lurraldea estatu txikietan zegoen banatua, herrietako gotorlekuek ematen duten lekukotasunaren arabera. Basamortutik zetorren mehatxuak eragina izan zuen Mesopotamian eta Egipton, eta eragina izan zuen orobat Lehen Brontze aroaren bukaeran bizileku finkoek izan zuten gainbeheran. Hizkuntzan baizik ez zen izan, ustez, halako batasun bat Siriaren eta Palestinaren artean: iparraldean hizkuntza hurriten lekukotasuna badagoen arren, kanaandar hizkuntza zabaldu zen kostaldetik herrialde hartan barrena.

 

Siria historian sartu zen

Alalakh-eko taulak aurkitu zituzten arte ez zen ezagutzen 2.000 urtearen erdialdeko Siriako historia. Alalakh hiriak gertu zituen Orontes ibaiaren bokalea, Al-Minako Mediterraneoko portua, eta Alepo eta Eufrates lotzen zituen bide nagusiak. Ugarit hiriko (gaur egun Ras Shamra) eraikin publiko eta pribatuetako ehundaka taulek ematen dute garai hartako bigarren erdialdean Siriak izan zuen goraldiaren berri; hiri hura itsas eta merkataritza bideen bidegurutze batean zegoen kokatua, hasiera-hasieratik garrantzi handia izan zuen, eta garai hartakomerkataritzarako portu nagusia izan zen. Ugaritek biztanle asko zuen. Hango jauregi handia, Ekialde Hurbileko handienetako bat, XIV eta XIII. mendeetako aberastasunaren eta kosmopolitismoaren froga zen. Eskulangintzako gune handia zenez, berehala bihurtu zen garai hartako literatura eta administrazio jardueraren topaleku.

1.200 urtearen inguruan hititen inperioak izan zuen hondamenak eragina izan zuen Sirian eta Palestinan: Ugariteko artxiboek egoera latz haren berri ematen dute, etsaia erakusten baitute kostalde osoa suntsitzen; itsasoz etorri ziren herrien artean filistarrak zeuden, eta kostaldean kokatu ziren; haien jatorria ez dago batere garbi, Bibliako tradizioak Kretarekin lotzen ditu, beste batzuentzat berriz Lidian edo Pelasgian zuten jatorria (Asia Txikian betiere).

Ramses III.ak atzera eginarazi zien, eta Palestinan kokatu ziren. Talde nagusia zirenez, filistarrek lur onenak hartu zituzten, Gazatik Ekronera, Mediterraneoko hegoekialdeko kostaldea kontrolatu zuten, harik eta Israelek eta Tirok elkar harturik garaitu zituzten arte.

 

Kanaandarren erlijioa

Ugariteko tauletan argi ikusten da antz handia zutela sakrifizio eta gurtza mota desberdinetan erabiltzen ziren hitzek eta Testamentu Zaharrean agertzen direnek, eta beraz uste izatekoa da israeldarrek kanaandarren errituetako zati bat beretuko zutela bederen, baita erlijio ospakizun batzuk ere.

Testu haietan ageri denez, politeismoa zen nagusi Ekialde Hurbilean, baina alderdi batzuk oso bereziak ziren: handia zen jainkoen eta haien zereginen eta ezaugarrien ugaritasuna eta aldakortasuna; eta jainkoen izenek izen bereziak baino indar gehiago zuten.

Baal zen panteoiko irudi nagusia, eta Ugariteko poema askok hura dute gai nagusia, jainko garaile, gerlari, ekaitzaren eta landarediaren jainko gisa irudikatzen zutelarik.

Baalen gurtzak elementu berri bat ekarri zuen kanaandarren artera, tenpluaz gainera ?oso xaloak ziren Mesopotamiako edo Egiptoko tenpluekin konparatuta? beste leku sakratu bat sortu baitzen: aire zabaleko santutegiak, tokian tokiko jainkoak gurtzeko lekuak (Bibliako «leku garaiak»).

 

Israelen jatorria

Aitalehenen garaia, israeldarrek Egipton egin zuten egonaldia eta Palestinan behin betiko bizileku hartzea ez dira agian nomaden eta sedentarioen arteko eraginak (larre bila ibili beharra) sorturiko hiru gertaera baizik; leinu batzuk besterik ez ziren sartu Kanaanen XIII. mendean. Izan ere, Jahvek ez zuen israeldarrentzat hurrengo mendeetanizango zuen bezain zeregin garrantzitsua (bazuen zerikusia kanaandarren El jainkoarekin).

Gainera, ez dago jakiterik aitalehenen garaian Israel izenaz talde horiek guztiak izendatzen ziren, edo talde jakinen bat bakarrik, edo exodoaren ondoren sortu ote zen, konkistaren ondoko garaian.

 

Kanaango exodoa eta konkista

Jakob eta haren semeak goseak bultzatuta sartu ziren Egipton; leinu batzuk ustez hegoaldetik iritsi ziren Kanaanera (Joseren leinua eta Leviren leinuko talde batzuk), beste batzuek berriz Egiptora jo zuten. Ez dago dudarik israeldarrak herrialde horretan egon zirela; XIV. mendearen bukaeran sartu ziren, eta hurrengo mendearen bigarren erdialdera exodoa izan zuten. Israeldarrek Egiptotik irten zirenetik Moises Kanaan begien bistan zuela hil zen arteko kontakizunak oso garai desberdinekoak dira, eta batzuk leinuak basamortuan barrena alderrai zebiltzan uneaz geroztikakoak dira. Ezin esan daiteke Israelgo leinuak Sinaiko Jahverenganako leialtasun zina oinarri harturik eginiko batasun bat zirenik, Jahve ez baitzen Israel eratuko zuten leinuen jainko bakarra, orobat zen mediatarren eta amaleziten jainkoa, eta erlijioa oinarri harturiko nazio batasunaren sentimenduak Israelgo leinuek Qadesh-ekin eta Sinairekin zituzten harremanetan zituen sustraiak.

Exodoa eta lur agindua beretu nahia bat datoz garai hartako prozesu historikoan, etnia batzuk zein bere lurraldearen bila ari baitziren zeinek bere nazio batasuna eratzeko; israeldarrek laster beretu ahal izan zuten lurralde hura, arrazoi hauengatik besteak beste: Kanaan pobretua zegoen eta hango printzeak liskarretan ari ziren etengabe, biztanleria oso heterogeneoa zen, eta gerra teknika bereziak jarri ziren indarrean (auzokoen kontrako gerrek jarraitu zuten, harik eta leinuek Saulen eta Dabiden garaian batasun politikoa iritsi zuten arte).

 

Monarkia eta Estatuaren sorrera

Epaileen garaiak israeldarrek Palestinan bizileku finkoa hartu zutenetik monarkia sortu zuten arte iraun zuen (1.200-1.000); epaile haiek itzal berezia zuten, eta krisialdietan sortuak ziren; aginterako zituzten dohain bereziak (hori frogatzen dute Gedeon, Jafet eta Sansonen balentriek) ez ziren transmititzen, eta beraz haien agintaldia ezin izan zen erakunde iraunkor bilakatu, eta ez ziren ezta ere leinuak bateratzeko gauza izan.XI. mendearen erdialdera oreka hura galdu egin zen, filistarrek israeldarrak garaitu baitzituzten, Silo suntsitu zutelarik eta Itunaren Kutxa harrapatu. Israeldarrek Transjordaniako herrietatik hartu zuten beren monarkia sortzeko eredua: Saulen aginpidea epailearen eta erregearen artekoa zen, epaileen tradizioaren eta filistarren aurkako borrokaren ondorioz. Dabidekin (1010-970) israeldarrek monarkia zentralizatua iritsi zuten: aho batez izendatu zuten Judako eta Israelgo errege (bitasun hori administrazioari eta gudarosteari zegokion), eta hark Jerusalenen kokatu zuen hiriburua; potentzia handien beheraldiak haren erresuma hedarazi zuen, Aqabatik Hamath-era, Edom, Moab, Amon eta Palestina barnean hartzen zituela.

Salomonekin (970-931) iritsi zuen Israelgo monarkiak eta ekonomiak goraldia, eta aldatu zituen bere egitura asko. Haren politika militarrak eta handitasunerako jaoerak hain gastu handiak sortu zituen (Tenplua eraikitzeak, besteak beste), non hura hil ondoren ekonomiak krisi handi bat izan baitzuen eta estatuaren batasuna hautsi egin baitzen; haren ondorengoa, Roboam, zapaltzaileagoa zen eta iparraldeko leinuen matxinada eragin zuen (Jeroboan aukeratu zuten haiek errege).

Israelgo estatua bitan zatitua zegoen beraz; Samarian zuen hiriburua, eta, iparraldean, Sargon II.ak beretu zuen arte (721. urtea) iraun zuen; hegoaldean berriz luzaroago iraun zuen aske, harik eta Nabukodonosor II.ak (597. urtea) mendean hartu zuen arte.Dinastia zatitua egon zen garai hura profeten gorenaldia izan zen; batzuentzat profetak gizarte erreformatzaileak izan ziren, bere garaiarekin izan zuten lotura estua zela eta.

Profeta handiek Israelen historia interpretatu zuten, gizartean eta ekonomian gertatzen ziren gehiegikeriak salatu zituzten, kanpo hitzarmenak arbuiatu zituzten, eta kontra egin zioten merkataritzari, zibilizazioari eta herria kanpoko jainkoen gurtzara eroraraz zezakeen orori. Profetek uste ona zuten Jahverengan, eta zalantzan zeuden nazionalismo estuegi baten eta erlijiozko unibertsalismo-inperialismo jainkoaren aintzan oinarritu baten artean.