Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Antzinako Egipto: Inperio Berritik Mazedoniarren konkista arte
Inperio Berriko faraonak konkistatzaileak
izan ziren batez ere, eta haien mendeko
lurren antolatzaile trebeak. Guda ekinaldietan
beretu zituzten hurrenez hurren Siriako
eta Palestinako zati handi bat, behartu zituzten
beren aurkari handi batzuk beren
nagusitasuna onartzera (Mitani, Babilonia,
Asiria, Hati), eta hitzarmenen eta merkataritzazko
harremanen bidez eratu zuten sare
bizi bat Ekialde Hurbil osoan barrena. Orobat
hartu zuten mendean Sudanen zati handi
bat, eta mertzenarioen eta balio handiko
gaien (urrea batez ere) erreserba ezin agortuzko
bihurtu zuten, era hartara eutsi ahal
izan ziotelarik beren kanpo politikari. Hala
ere, Siria mendean nork hartuko hititen inperioarekin
izan zituzten borrokek gerra
luze eta nekagarri bat jarri zuen abian, eta
ez zen gerra hura bukatu harik eta zein bere
eraginpeko eremutan lurralde hura banatu
ez zuten arte, eta Asiriaren goraldi mehatxuzkoa
gelditu nahirik elkarri laguntzeko
hitzarmen bat sinatu ez zuten arte.
Inperioaren barnean tenpluak ziren erregeen
ekonomia gune nagusiak. Tenplu
bakoitzak lur, artalde, langile eta ibai ontzidi ugari zituen, eta oro har haien esku zegoen
herrialde osoko aberastasunen zati
handiena. Erregeez gainera, bazen gizarte
talde berezi bat, nemehu, jabetza handiak
zituena eta aberastasun iturria administraziotik
kanpo zuena. Herritarren bizi baldintzak,
aitzitik, gero eta okerragoak ziren, eta
estatuarentzat gatibu lanak egitera behartuta
zeudenen ihesak sarritan agertzen dira
garai hartako dokumentuetan. Aldi berean,
tenpluak faraonengandik gero eta burujabeagoak
ziren, metatuak zituzten aberastasun
handiei eta beren merkataritza harreman
sareari esker. Horrek guztiak, eta gainera
monarkiak bizi zuen krisiak ?aldi hartan
faraon asko egon baitzen aginpidean,
denbora laburrean ordea? estatua ahuldu
zuen, kanpoaldean eginiko konkisten galera
ekarri zuen, eta bi aginpide eremutan
banatu zuen Egipto: bata, hegoaldean, Karnakeko
tenpluak kontrolatua, eta bestea
iparraldean, faraon dinastia ahul baten agintepean.
K.a. 1000 urtetik 650era estatua deseginez
joan zen gero eta gehiago, Libiako
gizaldeak infiltratu baitziren eta estatu txikiak
sortu baitzituzten Deltan eta Egipto
erdialdean. Sudaneko herritarrak, bestalde,
faraonek utzitako aginte hutsuneaz baliatu
ziren Egiptoko gobernuaren mendetasunetik
askatzeko, nubiar estatu bat sortzeko
(Kush) eta Egipto zatitu eta ahuldu hartan
esku hartzeko. Gerora Kusheko erregeek
Egipto mendean hartu zuten, eta gogor lehiatu
ziren Siria eta Palestina konkistatzen.
Nubiarren hedatze aldi hari Asiriak, hura
baitzen eremu hartako potentzia nagusia,
indarrez erantzun zion, eta horrenbestez
Egipto konkistatu zuen, nubiarrak beren
sorlekuraino atzerarazi zituen, eta egiptoar
gobernadoreak jarri zituen han asiriarren
aginpidearen ordezkari gisa eta nubiarren
aurka kontra-aginte moduko bat era zezaten.
Gobernadore horietako batek, Psametikok,
Saiseko gobernadoreak, Egiptoko
aginpidea hartzea lortu zuen urraska-urraska,
faraon izendatu zuen gero bere burua
asiriar inperioa desagertua zela baliaturik,
eta itzuli zion azkenik Egiptori duela mende
asko galdua zuen batasuna eta Mediterraneo
ekialdean izan zuen eragina. Ahalegin
handiak egin bazituen ere Saisen dinastiak
Egiptoren burujabetzari eusteko, handikmende betera pertsiar inperio ahaltsuak
Egipto azpiratu zuen. Tarteka independentzia
aldi laburrak izan zituen arren, azkenerako
Egipto akemenestarren inperioko probintzia
soil bat izan zen. Egoera hori aurkitu
zuen Alexandro Handiak Egiptora iritsi
zenean. Haren ondorengoek, Ptolomeoren
dinastiak, Mediterraneoko potentzia handi
bihurtu zuten Egipto, baina faraonen kultura
pixkanaka-pixkanaka baztertu zuen Egipton
aginpidea hartu zuen dinastia berriaren
greziar joerak.
Inperio Berriaren bukaerako ustelkeria
Faraonen administrazioa desegiteak Inperio Berriaren bukaerako krisia ekarri zuen, ahaltsuen eta mendekoen arteko babes harremanak eta ustelkeria nagusitu baitziren Egiptoko agintari nagusien jardueran. Papiro multzo oso handi batean Inperio Berriaren amaierako hilobi-lapur batzuen auzipetzeen aktak daude bilduta. Lapurrek akta horietan esaten zutenez, ez zuten lapurretan aritzerik, estatuko maila gorenetaraino iristen zen gaizkide sare zabal-zabal baten laguntzaz ez bazen. Gaizkide horien artean baziren, batetik, apaizak, hilobi eta tenpluetan zer gauza zeuden haiek esaten baitzuten, eta haien laguntza behar-beharrezkoa baitzen gauza haiek lapurtzeko; bestetik, hilobi-tenpluak zaintzeko ardura zuten soldadu eta funtzionarioak; horrez gainera, metalezko objektu lapurtuak (urrezko edo kobrezko xaflak, balio handiko ontziak edo bestelako tresnak) susmorik gabe haiekin salesosketan ibili ahal izateko pieza bihurtzen zituzten eskulangileak; eta, azkenik, estatuko funtzionarioak eta goi mailako agintariak, lapurrei ez ikusiarena egiten baitzieten, aldez aurretik hitz hartutako diru kopuru jakin baten truke edo lapurtutakoaren zati baten truke. Badirudi garai hartako bisirrak edo lehen ministroak ere lapurreta haietan tarteko izaten zirela. Era askotako produktuen kontuen berri ematen duten beste papiro batzuen arabera, kontu haietan ba omen ziren ?hutsegiteak?, era hartara inbentarioaren ardura zuen eskribauak laboreak edo merkatuan sal zitezkeen beste gai batzuk oparo eskuratzen baitzituen bere etekinerako. Azkenik, papiroetan orobat ageri dira erregeen hilobiak prestatzeko ardura zuten eskulangileek egin zituzten grebak, soldata gisa eman behar zitzaizkien produktuak haien nagusiek berentzat gordetzen zituztelako. Eta oso maiz gertatzen zen baita ere estatuarentzat gatibu lanak egitera behartuta zeuden nekazariak goi mailako funtzionario baten zerbitzura lan egin behar izatea azkenik. Horrek guztiak Inperio Berriaren hondamena ekarri zuen.
Literatura
Egiptoko literaturak biztanleriaren oso
kopuru urri bat zuen hartzaile (gizonezkoen
%1 inguru), irakurtzen eta idazten
zekitenak eta administrazioaren zerbitzura
zeudenak, alegia. Literatura lanek
garrantzi handiko eginkizun didaktikoa
zuten beraz, eskribau berrien prestakuntzarako
erabiltzen zirenez, Egiptoko gizartearen
eliteko balio etiko eta ideologikoen
sistema transmititzen baitzuten. Gorde diren
obren zati bat jakinduriak dira, funtzionario
batek bai bere nagusien eta bai
bere mendekoen aurrean zer nolako jokabidea
izan behar zuen deskribatzen zuten
etikazko arauen bildumak, alegia; dokumentu
horiek hilobi pribatuetan aurkitu
ziren, hilobiaren jabearen izaera eta ontasunak
goraipatzen zituzten biografia idealizatuetan.
Beste lan batzuk genero ezkorrari
dagozkio, krisi eta hondamen garaietan
estatua desagertzeak dakarren kaosa
eta desordena deskribatzen baitute. Azkenik,
beste obra konplexuago batzuek, Nekazari
ele-ederra adibidez, xehetasun handiz
deskribatzen dute estatuaren ordezkariek
bere mendekoen aurrean izan behar
zuten jokabidea. Obra horiek eduki morala
zutenez eta aldi berean baliagarritasunezkoak
zirenez, mendez mende iraun
dute. Ezer gutxi dakigu ordea herri kulturaz
edo ahozkoaz edo gobernuko zirkulu
ofizialetatik kanpo landutako literaturaz.
Oro har literatura ez zegoen balioetsia, eta
atsotitzak, lan satirikoak edo sailkatzen
batere errazak ez diren lan batzuk izan ezik,
ez da beste ezer gorde garai hartako literaturatik,
eta uste izatekoa da horrenbestez
Egiptoko literatura estatuaren zerbitzura
zegoela.
Akhenaton eta erlijio erreforma
XVIII dinastiako Amenofis IV.a faraonak,
Akhenaton ere esaten ziotenak, erlijio erreforma
garrantzi handiko baina iragankor bat
egin zuen bere erreinaldia bitartean. Inperio
Berriaren hasieratik Amon jainkoa izan
zen berriz estatuaren jainko zaindaria, eta
haren apaizek ondasun multzo handi-handia
metatu zuten. Nolanahi ere, apaizak
estatuaren administrazioaren baitan zeuden,
eta beraz ezin da esan aurkakotasunik zegoenik
tenpluaren eta jauregiaren artean,
edo ?elizaren? eta estatuaren artean. Testuinguru
horretan, Akhenatonek erabaki
erradikal batzuk hartu zituen: ordu arte zeuden
jainkoen gurtza guztiak ezeztatu zituen;
jainko berri bat ezarri zuen, Aton, eguzkidiskoa;
arte eta literatura arau berri bat sortu
zuen erregearen ideologia berriaren adierazpide;
eta erresumako hiriburua basamortuko
leku inoiz erabili gabe batean ezarri
zuen: Tell el-Amarna-n. Eztabaida bizia sortzen
dute oraindik erabaki haien zer-nolakoek:
ameslari erlijioso baten edo mistiko
baten egintza?, edo erabateko absolutismorako
joera? Dena den, Akhenatonen erreformaren
ernamuina aldez aurreko erreinaldietan
zegoen, eguzki-diskoa Egipton oso
zabaldu zenean, asiatarren konkisten eraginez.
Baliteke Akhenatonek haren mendeko
egiptoarrentzat eta asiatarrentzat kosmologia
eta erlijio sistema komun bat ezarri
nahi izatea, Mediterraneo ekialdean oso
zabalduta zeuden kultura ereduak baliaturik.
Edo bestela faraonen eginkizuna indartu
nahiko zuen, sor zitekeen edozein kontrabotere
indargabetzeko ?tenpluak eta
tenpluen mende zeuden langileak?. Akhenaton
hil zenean, haren erreforma iraungi
egin zen, haren ondorengoek ezeztatu egin
baitzuten, indarrean jarri baitzituzten ordu
arteko jainkoen gurtzak, eta hiriburu izatea
kendu baitzioten Tell el-Amarnari. HarrezkeroztikAkhenaton errege fedegabe gisa gelditu
zen egiptoarren oroimenean.
Funtzionarioak, nekazariak eta ?libreak?
Egiptoko gizarte egitura hiru talde nagusik
eratzen zuten. Batetik, funtzionarioak
eta jauregiko nobleak; administrazioan
lan egiteak berak ematen zien aberastasuna
eta gizarte maila, eta multzo horretan zeuden
bai probintzietako gobernadoreak eta
bai eskribau soilak. Multzo horren baitan
zeuden ustez biztanleen %1etik %5era bitarte.
Haiek ziren literaturazko kontakizunetako
protagonistak, eta haien ideologia
eta lana oso ondo ezagutzen dira, haiek egin
baitzituzten gaurdaino iraun duten idazkunak
eta monumentuak. Bestetik, nekazariak
eta eskulangileak zeuden; haiek izango ziren
Egiptoko gizarteko gehiengoa, eta haien
bizi baldintzak oso gogorrak izan behar
zuten, ondorio hori atera dute behintzat hilerrietako
gorpuzkinak aztertu dituztenek.
Lan gogorrak egitera behartuak zeuden,
zergak eta tasak ordaindu behar zizkioten
estatuari, eta nekez iraun zezaketen bizirik,
bizi baldintza latz haietatik ezin ihes eginik.
Monarkiaren gainbehera arte, eta haren
zerga eta bortxazko antolamendua ezereztu
zen arte, alegia, ez zen biztanleen bizi
maila hobetu, hilerrien azterketaren arabera;
orduan hasi baitziren jateko hobea izaten,
hileta-eskaintza aberatsagoak izaten,
bizi itxaropen handiagoa izaten, etab. Azkenik,
bazen nekazari aberats samarren eta
lurjabe txikien (nejdés, nemehu) klase bat,
Egiptoko dokumentazioan tarteka aipatua;
ez ziren administrazioaren baitakoak, baina
landako gizaldeen buruzagi gisakoak ziren,
itxuraz, eta bitarteko gisa aritzen ziren
horien eta faraonen ordezkarien artean. Batzuek
ondasun handiak zituzten, eta ezurteetan
etekina ateratzen zuten haien bizilagun
behartsuagoen pobretzetik, lurrak galtzen
baitzituzten horiek azkenerako edo
mendetasunean erortzen nedje edo nemehuek
ematen zizkieten maileguak itzuli ezinez.