Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Egeo itsasoaren arroa.

Brontze Arotik Grezia arkaikora

Mizenasko errege baten urrezko hileta mozorroa, V. errege hilobian aurkitua.<br><br>

K.a. II. milurtekoaren lehenengo mendeak Greziako historiaurreko garai interesgarrienetako bat dira. Batetik, garai hartan iritsi zuen bere goren maila gizarte eta zibilizazio minoikoak; bestetik, kontinentean apal-apal hasia zen sortzen hurrengo gizaldietan erabateko goraldia izango zuen kultura, zibilizazio mizenikoaren aitzindari zuzena eta, beraz, Grezia klasikoaren oinarria. Kultura hura sortu zuen jendeak K.a. XX.. endearen inguruan hartu zuen bizilekua Erdialdeko Grezian, iparretik edo ekialdetik etorria. Indoeuropar familiako hizkuntza batean mintzo ziren; gerora hizkuntza hori, Aro Heladikoko Erdialdeko elementuak erantsi ondoren, gaur egun grekera esaten diogun hizkuntza bihurtu zen, eta Mizenasko jauregietan aurkitu ziren artxiboetako Lineal B idazkeran idatzitako tauletan dokumentatu zen lehenengo aldiz.

K.a. II. milurtekoaren bukaeran “Itsasoko eta Lehorreko Herrien” –horrela deitzen zitzaien Egiptoko dokumentuetan– sarraldiek hondamen handia ekarri zioten hitita inperioari, Kanaan barrena aurrera egin zuten, harik eta Ramses III.ak Egiptoko mugetan geldiarazi zituen arte (K.a. 1174). Mediterraneo ekialdean sortu zen egoera berri hark ondorio latzak izan zituen Egeo inguruan: jauregien eta ekialdeko erreinuen arteko merkataritza harremanak amaitzeak komunitate mizenikoaren hondamena ekarri zuen, Mizenasko aginpide nagusia harreman horietan baitzegoen oinarritua. Gizatalde berriek hartu zuten bizilekua Grezia barnealdean, eta lehen han bizi ziren herritarrak kostaldean bildu ziren. Geroztik Ziprera eta Asia Txikiko merkataritza guneetara izan zen diasporak gizartearen beste antolamendu mota berri bat sortu zuen azkenik, hiri-estatua.

 

Arokako banaketa

Arkeologiaren aldetik, Egeoa hiru zati nagusitan banatzen da: Kontinente aldeko Grezia, Kreta eta uharteak. Hiru eskualde horietako aurkikuntzak noizkoak diren erabakitzeko aro segida batzuk erabiltzen dira, eremu bakoitzak bere izen berezia duela: hala beraz, Heladiko hitza kontinente aldeko Greziari dagokio, Minoiko hitza Kretari, eta Zikladikoa, berriz, uharteei.

Brontze Aroa (H = Heladikoa, M = Minoikoa eta Z = Zikladikoa) hiru ataletan banatzen da segida guztietan: hiru aldi nagusiak A = Antzinako, E = Erdialdeko eta O = Oraintsuko izenlagunekin izendatzen dira; aldi horietako bakoitza, berriz, hiru azpialditan banatzen da, I, II, eta III erromatar zenbakiekin izendatzen direla, eta badago horiek ere 1, 2 eta 3 zenbakiekin izendatzen diren alditan banatzea. Mizeniko hitza Oraintsuko Aro Heladikoaren ordez erabili ohi da.

 

Greziaren hastapenak

Brontze Aroa hitzak ustez haustura bat adierazten badu ere aurreko aldiarekiko –metala lantzen hastea izan zuen aro horrek ezaugarri nagusia–, Oraintsuko Neolitos arotik Antzinako Brontze Arora Egeon izan zen iraganbidea trantsizio aldi gisa har daiteke gehiago, Neolitos Aroko erdialdeko garaietan eta oraintsukoetan eta Balkanetako kulturetan bai baitzen ordurako metalgintzaren eta metalezko lehenengo nahasturen lekukotasunik.

Garbi dago Egeo aldeko jendea ez zela arraza bakar batekoa eta ez zirela, ezta ere, kultura talde homogeneo bat. Haietako batzuk Neolitos garaian bizirik iraun zutenak izan behar zuten, eta beste gizatalde batzuk Antzinako Brontze Aroa bitartean sartuko ziren Egeon. Gizalde horiek bizileku finkoa hartu zutenez geroztik, jende eta kultura bateratze bat izan zen elkarren ondoan bizi ziren gizataldeen artean. Ez dago jakiterik nolakoak izan ziren migrazio horiek, arkeologiak eta antropologiak ematen dituztendatuen bidez ezinezkoa baita jakitea ez zer abiapuntu izan zituzten eta ez zer bide erabili zituzten lurralde hartan sartzeko. Baliteke ekialdean hasiak izatea eta Egeoko kostaldeetara Anatolian barrena iristea.

Arkeologiako datuek adierazten dutenez kultura tradizioak behin baino gehiagotan eten ziren aztertzen ari garen aldi horretan.

Ia lurralde oso hartan Neolitos aroko biziera bat-batean desagerrarazi zuen kobrea lantzen bazekien beste herri baten etorrerak.

HA II garaiko aztarna ugariei esker badago jakitea gizatalde haiek zer ezaugarri zituzten: irudimena eta sentiberatasuna zuten, eta haien gizarte antolamendua oso aurreratua zen, Lerna eta Tirintoko jauregietan ikus daitekeenez. Garai joria izan zen hura, eta itsasaldiak egiten ere saiatu ziren.

Badago jakitea baita ere zer hizkuntzan hitz egiten zuten.

Hirugarren milurtekoaren bukaeran aldaketa handia izan zen; aztarnei esker jakin ahal izan denez, indarkeria handia izan zen Argolidan; Grezia erdialdean ordea aldaketa hura mailaz mailakoa izan zen, ustez.

Aldaketa horrek orobat izan zuen eragina Ziklada uharteetan, baina ez dirudi Kretan eragin handirik izan zuenik. Ha IIIko aldi berria garbi agertzen da Lernan, aurrekoaren oso bestelako kultura aldia izan baitzen, eta garbi agertzen da orobat arrotz jendea sartu zela eta behin betiko bizilekua hartu zuela eremu zabal batean, nahiz ez dagoen oraindik zehazterik eremu beretze hark zer hedadura izan zuen eta nolakoa izan zen. Aurreko aldiko biziera zuten gizataldeak komunitate berri haien bizierara makurtu ziren zalantzarik gabe. Herri berri bat Grezian sartzeak ekarri zuen, hortaz, Antzinako Aro Heladikotik Erdiko Aro Heladikorako trantsizioa.

 

Minos garaiko Kreta

ME aroan, Kretako lehenengo jauregi handiak Knoson, Feston, Malian eta Zakron eraiki zirenean, iritsi zuen zibilizazio minoikoak goraldia (K.a. 1900).

Aginpidezko gune horiek are luxu handiagoz berreraiki zituzten K.a. 1700 urtean, Egeo inguru hartan nagusi zen zibilizazio indartsu eta antolatu haren agerpide gisa.

Ezer gutxi dakigu zibilizazio haren gobernuaz eta administrazioaz, oharrak idazteko erabiltzen zuten Lineal B idazkera ez baita oraindik deskodetzerik izan. Baina greziar mitoak antolamendu aurreratu baten oihartzuna jasotzen du, eta haien errege eponimoa, Minos, infernuetako Epailetzat zeukan.

Jauregi minoikoak, konplexutasun handiko eraikinak izateaz gainera, eskualde bakoitzeko administrazio, erlijio eta ekonomia gune nagusiak ziren. Indusketetan erlijioarekin zerikusia duten tresnak eta jainkoak gurtzeko lekuak aurkitu izan direnez, uste izatekoa da erregea orobat zela apaiz, eta haren egoitza zutela baita ere biltoki beste apaiz batzuek, agintariek, artistek, eskulangileek, eta zerbitzariek. Uharte haien arteko harremanak ez dirudi iskanbilazkoak izan zirenik, bakezkoak baizik; eta hondamenak naturak eragindakoak izan ziren.

MO aroaren hasieran Kretako zati handiena hondatuta gertatu zen, eta hango biztanleek ihes egin zuten. Gaur egun badira elementu berriak jakin ahal izateko zein izan zen hondamen haren kausa, zenbateko eragina izan zuen, eta zer ondorio izan zituen. Hondamen hura hain handia izan zen, non ezinezkoa baitzen gizakiak sortua izatea, eta Santorin uhartediko Thera uharteko sumendien leherketari egotzi izan zaio –sumendi bateko krater baten ertza zen, izan ere, Kretatik 120 km iparraldera– MO I B aldiari amaiera eman zion hondamen hura. Sumendi haren leherketak inguru haietan eta batez ere Kretan zer nolako hondamena eragin zuen sumatzeko, konparatzea besterik ez dago sumendi haren leherketa eta 1883an Javako itsasoko Krakatoa uhartean izan zena, bi sumendi horiek antzekoak baitira, baina kontuan hartu beharra dago Therako leherketa Krakatoakoa baino lau aldiz handiagoa izan zela. Ipar-mendebaleko haizeak errautsezko hodei handi bat zabaldu zuen Kretako ordoki eta haranetan barrena, eta bolada luze baterako agortu zituen soroak. Tsunami izugarri hark Kretako iparraldeko kostalde guztia suntsitu zuen, bai eta iparraldeko portuetan gerizatutako ontzi guztiak ere. Sumendiko galdara lehertu aurretik izan ziren lurrikarek jauregiak suntsitu zituzten, haien eraikuntza berezia zen eta, baina ezin baztertu daiteke eraikin haiek talka uhinen eraginez lurreratu ez zirenik.

 

Mizenas

Kretan eta Ziklade uharteetan ez bezala, Greziako kontinente aldeak geldialdi bat izan zuen HE aroan. Hango biztanleek jarraitu zuten Egeoko herriekin harremanetan, baina ez dirudi harreman horiek eragin handirik izan zutenik kontinente alde hartan, hango gizartea Egeokoa baino askoz atzeratuagoa baitzen, biztanle gutxi zituelako agian, eta antolamendua ere desegokia eta baliabideak ere urri. HE aroko azken aldian baizik ez zen hobekuntzarik izan, hilobietan antzematen da batez ere hori, ustez baliabideak gehitu eta eragin minoikoa handiagotu izanaren eraginez.

Ordu arte Mizenas ez zen, itxuraz, ia garrantzirik gabeko bizileku bat baizik. Lehen mailako herrialde bihurtu zela garbi adierazten dute errege-erreginen, errege familiako kideen eta goi mailako agintarien putzu gisako hilobi zirkuluek. Hildakoaren hornian kontinente alde hartako tradizioan errotutako objektuak zeuden, Kretatik ekarritako gauzak, eta bi tradizio horien nahasketatik sorturiko berrikuntzak ere bai.

Garai hartako hezurrak aztertu ondoren, jakin ahal izan da orduko gizonak batez beste HE aroko gizonak baino luzeagoak eta handiagoak zirela, berezko hautaketaren eta jatekoa hobetu izanaren eraginez.

Badirudi gizatalde hura ingurukoak baino lerdenagoa zela, eta gorpuzkeraren aldetik besteak baino gehiago izate hori hilobietan aurkitu diren arma berrien erabilerarekin erlazionatu izan da. Beraz, gerta zitekeenMizenasko nagusitasunaren arrazoia tankera horretako gizonetan egotea. Putzu gisako hilobietako jende hori han bertako gizatalde bat izan zitekeen, haien aginpidea iparekialdeko Peloponeso osoan barrena hedatua zukeena, borroka mota berriak erabiliz.

Beste leku batzuetan antzeko talde buruzagiak sortu ziren. Hilobietan aurkitu izan diren lehengaiek adierazten dutenez, gizarte hartan baziren eskulangile bikainak, eta gizatalde haiek harreman handiak zituzten sortaldearekin. Esan izan da gizarte mizenikoa antolatzeko prozesuan zerikusi handia izan zutela kretarrak lehengai bila, kobrea eta eztainua bereziki, abiatu izanak eman zion bultzadak. Metal horiek Europa erdialdeko eta Danubioaldeko zibilizazioetatik Kretarantz egin zuten merkataritza bidean, oso leku egokian zegoen Mizenas, ekialderako bide azkarrena handik igarotzen baitzen Argolidan barrena eta Korintoko golkoan barrena. Baltikoan aurkitutako anbarak ematen du, inondik ere, Mizenasek merkataritza bide horietan izan zuen zereginaren lekukotasun arkeologikoa.

Mizenasek oso goraldi bizkorra izan zuen, eta 1550erako politikaren eta artearen aldetik oso leku aberats eta eragin handikoa izan zuen Greziako penintsulan; Kreta zenbat eta gainbeheran gehiago erori, orduan eta gehiago indartzen joan zen Mizenas.

Hasieran Mizenasek merkataritza harremanak izan zituen Kretarekin, kretarren ekimenez, baina gero mizenastarrak harrapaka ari izan ziren Kretan, hango zibilizazioaren distirak erakarrita. Nolanahi ere,harreman haien ondorioz, mizenastarrek zibilizazio minoikoa beretu zuten, «minoizazio» bat gertatu zen, bai alderdi materialei dagokionez —apaindurazko objektu eta teknika minoikoak mizenastarren lurraldean eginak—, eta bai antolamenduari dagokionez, horien artean aipagarria izanik idazkera minoikoaren sistema grekera idazteko erabili izana.

Mizeniko IIan, indartu baizik ez zen egin Mizenasek kontinente aldean eta Egeo aldean zuen aginpidea. 1425 inguruan zibilizazio minoikoaren hiriburua, Knossos, greziar mizenikoen esku zegoen, eta orduan hasi zen kulturazko sinbiosi aldi bat, prozesu hartan sartu nahi izan direlarik idazkeraren hastapenak ere. Nolanahi ere, idazkera zibilizazio mizenikoan ordurako sartuta egotea garrantzi handiko gertaera izan zen, era horretara lehen mailako tresna bat baitzuten administrazioa antolatzeko eta merkataritza noranahi hedatzeko.

Kretaren gainbeheraren ondoren, Mizenasen nagusitasuna harrigarriro hasi zen hedatzen Mediterraneo ekialde osoan barrenaK.a. XIV-XIII. mendeetan. Mizenasko zeramika Troian, Sizilian eta Italian agertu da; Mediterraneo ekialdeko kostaldea lantegi mizenikoz josita zegoen (Mileto, Rodas, Lizia, Panfilia, Zilizia eta Zipre), eta uste izatekoa da bazirela auzo mizenikoak Ugariten eta agian Naukratisen, hain zuzen ere kultura semita eta egiptoarraren eta Mizenasko mendebaleko kulturaren arteko elkargunea izan ziren hirietan. Testu hititetan aipatzen diren Ah7h7iyawa-k mizenastarren hurbileko bizileku finkoren baten aipua dira (ziur asko, Rodasko uhartean); Mizenasko erregeak Asiria, Babilonia eta Egiptokoen parekotzat zeuzkaten.

K.a. 1210 baino lehentxeago, oro har uste baita urte hartan bukatu zela III B 2 azpialdi Mizenikoa, geldialdi gaitz batek jota geratu zen Mizenasko greziarrek politikan eta merkataritzan zuten aginpidea. Hain zuzen, Mizeniko III A eta B aroetako zeramika oparo aurkitu bazen Mediterraneo ekialdeko kolonia mizenikoetan, eta zeramika aztarna horiek era beretsukoak baziren kultura mizenikoaren eremu osoan, Mizeniko III C aroko zeramika aztarnak haatik Greziatik kanpo oso bakan baizik ez ziren aurkitu. Horrek badu zerikusia arkeologiari esker jakin ahal izan den beste gertakari garrantzi handiko batekin. Kontua da Mizenasko eraikin handi bikain batzuk, harresietatik kanpokoak eta III B aroko zeramika motaz beteak, ustez nahita eragindako suteak kiskali zituela, III C aroko zeramika mota sortu baino lehen, eta aldi berean zeharo hondatua gertatu zen baita ere Berbati-ko buztingintza lantegien multzo handia.

Izan ere, Mizenasi eraso zioten, baina gotorlekuak erasoari eutsi zion (III C aroko zeramikaren garaian jendea bizi baitzen gotorleku hartan). Mizenasek Mediterraneoko kultura mizenikoko lekuekin zituen harremanak ez bide ziren zeharo eten, Zipren eta Zilizian aurkitu izan den zeramikak frogatzen baitu, bertan egina izan edo ez, bazter lurralde haietan arteak kontinenteko artearen bilakaera bera izan zuela, eta, beraz, Mizenasekiko harremanak ez zeudela etenda. Aipatu beharra dago orobat Pilo hiria ere urte haietan beretan antzeko arriskuan egon zela, eta azkenean lur jo zuela, jauregia suntsitu baitzuten. Aldi hartan Mizenasko beste jauregi batzuk ere suntsitu zituzten (besteak beste, Tebasko jauregi guztiz bikaina). Arkeologoek ez dute erasotzaileen aztarnarik aurkitu ordea. Bada hipotesi bat K.a. 1200 urteko hondamen haiek klima aldaketari egozten dizkiona, batetik, migrazio handiak eragin omen baitzituen lurralde hezeagoen bila (Akaia, orduan iritsi baitzuen biztanle dentsitate handi samarra; Maratoneko lautada, Atikaren ekialdean, bata eta bestea mendebaleko haize hezeekjotzen zuten eremu batean zeuden), eta, bestetik, lehorte handi batek gosetea ekarri omen baitzuen, eta haren eraginez gizalde gosetuek jauregietako aletegiei eraso omen baitzieten. Baina aldi hartako lur geruzatan aurkitu izan den polena aztertu ondoren, garbi ikusi zen aldi hartako landareak ez zegozkiola inongo klima aldaketari. Horrenbestez, uste izatekoa da konkista bidezko gerra eta itsasoz haraindiko merkataritza oinarri zituen antolamendu politiko (ez nahitaez erresuma bakar bat), sozial eta ekonomiko hark erabateko hondamena izan zuela 1200 urtearen inguruan “Itsasoko Herriak” Mediterraneoan agertu zirenean, baina ez da nahitaez zertan pentsaturik Itsasoko Herri horiek Greziako penintsula aldeko herri mizenikoei zuzenean eraso zietenik.

Greziarrek beren idazkera silabikoa ahaztu zuten, administrazioan eta beren merkataritza zentralizatuan erabilia zuten, baina biak desagertuak ziren ordurako.

Kultura materialak, zeramika estiloen segidan ikusten denez, ez zuen inongo aldaketa bat-batekorik izan, eta horrek esan nahi du ez zela gizatalde berrien sarraldirik izan.

Mundu mizenikoa batez ere barne prozesu baten ondorioz desegin zen.

1100 urtearen inguruan, Burdinazko Aroaren hasieran, astinaldi gaitzak izan ziren.

Sute handi batek suntsitu zituen Mizenasko harresi barnean jauregia eta beste eraikin batzuk; gertaera hori “Doriarren inbasiotzat” ezagutzen den horri egotzi izan zaio, baina nonbait hura ez zen berez inbasio bat izan, barne matxinada bat baizik.

Greziar mizenikoek Mediterraneoan utzi zuten hutsunea feniziarrek bete zuten, Libanoko kostaldean bizilekua hartutako semita kanaandarrek; haien portuetara iristen ziren Asia barnetik zetozen merkatari karabanak.

 

Polisaren sorrera

Arkeologiak baieztu egin du “Doriarren Inbasioak” Atenas sekula suntsitu ez zuelako ustea, hango hilobietan antzeman daitezke bai trantsizio aldiko zeramika eta bai hilak errausteko ohitura berriaren aztarnak.

Zibilizazio mizenikoak behera egin zuenean, hango printze eta goi mailako familia batzuek ihes egin zuten, bai Ziprera, akeiarren uhartea bihurtu zelarik, eta bai Asia Txikiko leku batzuetara, ezagunak baitzituzten Mizenasen zabalkunde garaiaz geroztik (Mileto, Tarso, Yaso). Troian borrokatuak ziren greziar heroiek edo haien semeek sorturiko koloniei buruzko elezaharrek emigrazio horien berri ematen dute, eta uste hori arkeologiak indartua da.

Aginpide antolatu eta deszentralizatzailea desagertu zenean, bizileku finkoek zeinek bere antolamendua egin zuten, hiri bakoitzaren berezko mugen baitakoa. Bestalde, hiriak elkarren kontra ziharduten, biztanleek hirietako hormen babesa bilatzen zuten, eta beraz landa aldea hustuz joan zen.

Tuzididek (I.5) bazekien gizakiek landan barreiatutako herri txikietan hartu zutela bizilekua hirigunean (poleis) baino lehenago, baina gerta zitekeen lehenengo poleis haiek greziarrek Asia Txikiko kostaldean zituzten kolonietan sortuak izatea, migrazioak lotura tradizionalak hautsi baitzituen, eta, hirietako ingurunea latza eta gogorra zenez, hiritarrek gizarte lotura berriak bilatu baitzituzten. Jende multzo haien antolamendu mota berri haiek Egeo itsasoko uharteetara zabaldu ziren lehenik, eta Greziako kontinente aldera gero.

Gizartean bizitzeko modu berri hark tokiko abertzaletasun neurriz gorakoa, hiriko gobernuan parte hartzea eta komunitatearen defentsa zituen ezaugarri nagusiak; hamabost mendez iraun zuen greziar zibilizazioan, eta hari esker piztu zen panhelenismoaren kontzientzia, hiri bakoitzaren zokokeria gaindituko zuen erakunde bat sortzeko ezintasuna alboraturik. Jentilizioen sistema zaharra alde batera utzi zutenean, gizarte berri haiek gizarte talde jakinetanjoan ziren bereizten, eta elkarren lehian ari izan ziren aginpidea nork hartuko, erregeen kaltetan. Eskulangileen garrantzia gero eta handiagoa izan zen; merkatari aberastuen klase berri bat ere sortu zen, elkar hartu zuten aristokratekin, eta bat egite horrek ekarri zuen unibertso berri sakabanatu horretako monarkia gehienen amaiera.

 

Aldi Iluna

K.a. XI. mendean Lefkandi, Perati, Asine eta Epidauro Limerako kostaldeko bizilekuak, aurreko mendean sortuak, hutsik geratu ziren. Zibilizazio mizenikoak galdua zuen aurreko garaietako ospea, eta haren sormenezko bultzada gainbeheran egon zen luzaroan, harik eta handik bi mendera berpiztu zen arte, eta aro klasikoko “Greziar Mirariaren” oinarriak jarri zituen arte. K.a.

XI. mendearen eta VIII. mendearen arteko bitarte nahasiari “Aldi Iluna” esaten zaio, eta batzuek “Homeroren mundua” ere esaten diote, Homero baita garai horretako informazio iturri nagusietako bat. Idazkera mizenikoa galdu izanak dokumentazio hutsune bat utzi zuen, harik eta mizenastarrek alfabetoa beretu zuten arte eta VIII. mendeko lehenengo idazkunak aurkitu ziren arte. Arkeologiak ematen dituen datuez bestalde (burdinaren erabilera zabaltzea, gorpuak errausteko ohitura nagusitzea ehorzketetan, zangarteka zaldiz ibiltzeko teknika berezia), greziar tradizioak berak eta grekerazko dialektoen azterketak, eta Homerok eta Hesiodok eskaintzen duten ikuspegia dira garai hartako historiaren berri jakiteko iturri bakarrak. Tradizioak garai enigmatiko hartan kokatu izan ditu I. milurtekoko dialektoen mapa eratu zuten hurrenez-hurreneko inbasioak. Nolanahi ere, akeiarren, eoliarren eta doriarren bata bestearen ondorengo hiru migrazioen eredu hori auzitan jarria dute historialariek, dialektoen zatikatzea nahiko berria baita.

 

Homero eta bere mundua

Schliemannek Mizenasen, Tirinton eta Troian egin zituen indusketek frogatu zutenez, Homerok Iliadan akeiar heroiek Troiako gerran egin zituzten balentriak kontatzen zituenean, garrantzi handiko gertaera historiko bat ari zen aipatzen, zeharka bada ere. II. Kantuko 487-760 neurtitzetan poetak, Musen laguntzaz, banan-banan aipatzen ditu gudu hartan borrokatu ziren akeiar ontziak, bai haien buruzagiak eta zein zer eskualdekoa zen ere bai. “Ontzien Katalogo” horrek erakusten du Troiaren kontra matxinatu zen Grezia hura lurraldez eta politikaz nola zegoen antolatua, baina deskribapen hori Mizenasko garaiari dagokion edo Homeroren beraren garaiari, hori ebatzi gabeko polemika da oraindik. Funtsean Grezia mizenikoaren lurraldeen aipamena badirudi ere Troiako gerraren historiarekin eta akeiarren gertaerekin batera ahoz transmititua, ez da, itxuraz, Mizenasko herritaren bizilekuen zerrenda zehatza, aitzitik Homeroren munduaren xehetasun askoren berri ematen du, aipatzen dituen lekuak ez baitzuten Mizenasen garaian garrantzi handirik izan, baina bai hurrengo mendeetan.

Tradizio onartuenaren arabera, Homero, greziar olerkari epikoetan nagusia, Esmirnakoa zen —Asia Txikia—, eta K.a. VIII.. endean bizi izan zen. Hark idatziak omen diren Iliada eta Odisea olerki ospetsuek akeiarren gerrak deskribatzen dituzte (Akileren “sumina”), eta itsasoan eta lehorrean izan zituzten abenturak ere bai (Uliseren “itzulera”). Arkeologiazko indusketek zalantza asko argitu dituzte, eta lagungarriak izan dira Homeroren deskribapenak ulertzeko eta haiei bizitasun eta indar gehiago emateko. Homeroren munduan historia nahasketa handi bat dago, aztertzen oso zaila dena, eta olerkiak berak ahoz ontzeko teknikak hartaratutakoa.