Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin aroa

Erroma eta Iberiako Penintsularen iparraldea: Euskal Herria

Mantibleko erromatar zubia, Lantziego, Araba. Amaitu zenean zazpi begi zituen, baina orain ez zaio bi baizik geratzen (II. mendearen lehen erdia).<br><br>

Ez Iberiako Penintsularen iparraldearen konkista prozesua, ez lur horien ondorengo erromatartzea, ezin dira ondo ulertu ez baldin badira kokatzen Hispania osoko inguru zabalagoan, edo, areago, Mediterraneoko Mendebaleko eremu osoaren baitan.

Eremu honek ordea, Erromak konkistatu zuen azkenak, antolamendu berezia zeukan erromatarren aurreko garaian, hegoaldearekin alderatuta behintzat, zeren Antzin Aroan hegoaldea aski lotua baitzegoen Mediterraneoko hiri zibilizazioarekin.

Horren ondorioz, eta nahiz eta erromatarrek tresna berak erabili lurralde konkistatu guztiak beren gizarte eraketaren baitan bateratzeko, bateratze prozesuak, eta baita prozesu horien emaitzak ere, desberdinak izan ziren Iberiako Penintsularen iparraldean eta hegoaldean, eta orobat gaur egungo Euskal Herriak hartzen duen eremuaren barruan.

Bideak zabaltzeak, hiriguneen eraketak ?sarritan hiri gisa garapen handirik izan ez bazuten ere?, lurraldea kasu bakoitzak eskaintzen zituen aukeren arabera ustiatzeak (laborantza eta abeltzaintza, meatzaritza, arrantza, etab.), erromatarren sinesteak ekartzeak (inperioaren eta erromatar jainko ofizialen gurtza hasieran, eta kristautasuna gero), eta beste eragile batzuek ordukoa ez bezalako egoera berri bat moldatu zuten pixkana-pixkana.

 

Pirinioen muga eta erromatar sailkapen administratiboak

Erromatarrek Pirinioan ipini zuten probintzien arteko muga, bai konkistarako, bai hegoaldeko probintzien eta Hispania Citerior delakoaren administrazio sailkapenak egiteko. Kantabriar gerrak amaitu zirenean, Augustok berrantolatu egin zuen Iberiako Penintsulako konkistako gerren azkenaldiaren aurretik ezarri zuen probintzia zatiketa.

Erromatarren garaian, Pirinioek muga gisa erabili ziren, baita ekonomian ere, zeramikaren hedapenak eta diruaren erabilerak adirazten duten bezala.

Erromatarrek, Italiatik kanpo lurraldeak konkistatu ahala, administrazioaren aldetik ere egituratzen zituzten lur beretu haiek. K.a.

197. urtean bi probintziatan banatu zuten Iberiako Penintsula, Hispania Citerior (Ebroren ibaiaren ingurukoa, bere baitan hartuko zituena, konkistatu ondoren, autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, baskoiak eta beroiak) eta Hispania Ulterior (Guadalquivir ibaiaren ibarra batez ere). Hispanian zeuden erromatar armadako bi taldeen buruzagiei zeini bere lurraldea ematea zen zatiketa horren xedea. Bi menderen buruan ia, Augustok beste probintzia banaketa bat egin zuen, guztiz politikoa eta administratiboa (zibila), eta Inperio osoan zehar iraungo zuena. Hispania hiru probintziatan zatitu zuen: Vlterior Baetica (gutxi gorabehera egungo Andaluzia hartzen zuen, eta Corduba zuen hiriburua, senatoriala), eta enperadoreari atxikitako bi probintziak, Vlterior Lusitania (gaurko Portugal eta Galizia) eta Hispania Citerior (horren barruan zeuden, besteak beste, autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, baskoiak eta beroiak).Alabaina, probintzia horiek oso lurralde zabalak hartzen baitzituzten, eta lurralde bakoitzeko herriak zeinek bere garapen historikoa baitzuen, beste administrazio egitura bat sortu zen (Augusto, Klaudio edo Vespasianoren garaian), tokian tokiko komunitateen egituratik hurbilagoa, eta conventus zeritzana. Hasieran erlijio eta zuzenbide ahalmenak besterik ez zeuzkan, baina politika, administrazio eta ekonomia eginkizunak ere hartu zituen denborarekin.

Citerior delakoa zazpi conventus-etan zatitu zuten, horien artean Cluniensea, hiriburua Clunia Sulpicia zuena (Peñalba de Castro, Burgos), autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak bere baitan hartzen zituena; eta Cesaraugustanoa, hiri nagusia Caesaraugusta zuena (Zaragoza), eta baskoiei eta beroiei zegokiena. Bi conventus horien arteko muga barduliarren eta baskoien arteko bera zen.

 

Hiria (civitas), egitura bateragilea

Erroma gogotik saiatu zen mendean hartzen zituen lurralde eta biztanle guztiak erromatar gizarte antolamenduan bateratzen.

Erromatarrek hiria baliatu zuten eginkizun horretarako, baina hiri hark ez zituen gaur egun dituen ezaugarri berberak, inguruan zeukan lurraldea administratzea eta gobernatzea baitzen haren eginkizun nagusia.

Erromatar hiriak gune jendeztatu nagusi bat zuen, eta han bideratzen ziren zeregin politiko eta administratibo guztiak; horrez gainera, hirigune horrek administratzen zuen inguruko lurraldeak osatzen zuen hiria, eta haren eginkizun nagusia, kasurik gehienetan, hirigune-hiriburua kontsumorako gaiez hornitzea zen.Hiriaren garapenari dagokionez, alde nabarmena dago Penintsulako Euskal Herrian hegoaldeneko lurraldeen (kontinente barnekoak) eta iparraldekoagoen artean (itsasaldekoak).

Hegoaldean, Augustoren eta Tiberioren garairako baziren zuzenbide estatus berezia zuten hiri batzuk, udalerriak alegia (Calagurris-Calahorra, Cascantum- Cascante eta Graccurris-Alfaro), eta baziren beste batzuk harrezkeroztik benetako hiri gisa ari izan zirenak (Alba ?San Roman de San Millan? eta Beleia ?Okako Iruña? Arabako Lautadan, eta Pompaelo ?Iruñea?, Nafarroan); gainerako lurraldeetan ordea, K.o. I. mendearen bukaera arte ez ziren hiriak ugaritu.

Baina lurralde horretako hiriak ez izanagatik urbanizazioaren aldetik beste erromatar hirien parekoak, gainerakoan eginkizun politiko eta administratibo berberak zituzten, inguruko lurren zentro ordenatzaile ziren neurrian.

 

Bideak eta biziguneak

Bideak berehala hasi ziren herriguneak lotzen, eta, era berean, herrigune berriak sorrarazi zituzten beren inguruan.

Gizataldeak beren lurretatik ateratzen hasi eta ingurukoekin harremanetan jartzen direnean, bide naturalak erabiltzen hasten dira, bai uretakoak (itsasokoak edo bestelakoak), bai lehorrekoak. Lehorreko bideak, hasieran bide naturalak zirenak, sendotu egin ziren erromatarren garaian eta komunikabide sare trinko bat osatu zuten; bide horiek erabilera militarra izan zuten hasieran, eta erabilera politikoa eta ekonomikoa izan zuten gero, harik eta Erromako Inperioa osatzen zuten lurralde zabalak egituratu zituzten arte kristau aroaren lehen mendeetan.

Euskal Herrian bi ziren lurraldea lotzen eta egituratzen zuten lehorreko bide nagusiak, Antoninoren Ibilbidea deritzan antzinako testu batean jasoak biak. Ibilbide horretako XXXIV. bideak Asturica Augusta(Astorga, Leon), Burdigala delakoarekin lotzen zuen (Bordele, Garona ibaiaren bokalean); Hispania in Aequitaniam izeneko bide ezaguna zen hura, iparraldeko mesetatik eta Arabako Lautadatik igaroz, Nafarroan sartu, Arakil ibaiaren ibarretik Iruñeara heldu, eta, handik, Ibañetako lepoa (Summo Pyrenaeo), edo antzeko besteren bat gurutzatuz, Donibane Garazitik (Immo Pyrenaeo) Frantzian sartzen zena, Bordele aldera.

Bide horretan zeuden inguru honetako hiru hiri nagusiak, Beleia, Alba eta Pompaelo.

Hiri horietara iristen ziren, bestalde, itsasotik behera zetozen bideak, Kantauri itsasoko portuekin edo kaiekin lotzen zituztenak (Castro Urdiales, Nerbioiko itsasadarra, Gernikako itsasadarra, Deba ibaiaren bokalea, Zarautz-Getaria, Donostia eta Irun- Hondarribia). Hain zuzen ere, orain dela gutxi aurkitu dira Irun aldean garai hartako Bordeleko eta Londresko portuekin pareka daitekeen K.o. I. mendeko portu baten egurrezko hondakin guztiz garrantzitsuak.

Bigarren bidea Iter I delakoa da, Legio (Leon) Tarraco (Tarragona), eta Italia lotzen zituena. Bide horretan daude, Ebroren ibarraren parte baskoian, erromatarren garaian estatus juridiko pribilejiozkoa zuten hiru hiriak, Calagurris, Gracchuris eta Cascantum.

Hiri horiek izan ziren erromatar munduan sartu ziren lehen hiri baskoiak, eta laborantzan oso oparoa izan zen lurralde bat antolatu zuten. Horietako bat, Gracchuris, K.a. 178an fundatu zuen jeneral erromatar batek, konkistaren aldi berean.

 

Bagaudak

Erromako Behe Inperioan, eta aginpide zentralak eragina galdu izanaren ondorioz, matxinada ugari izan zen inperioaren aginpidearen kontra.

Bagaudak, Galiako (Frantzia) eta Hispaniako (Iberiako Penintsula) nekazari errebeldeak, Galian agertu ziren lehenengo aldiz, K. o. III. mendean, barbaroen inbasioek eta dinastien arteko borrokek inperioarenaginpidea murriztua zuten unean. Hispanian, Tarraconensean zehatzago, K.o. V.. endekoak dira mugimendu honen lehen berriak, Galiakoaren antzeko egoeretan gertatuak.

Antzinako idazleek klase apalak oso gutxitan aipatu izanetik dator bagaudek historiografian sortu duten interesa. Higikunde garrantzitsua izan zen hura, matxinada handiak bultzatu baitzituzten estatuaren kontra, eta barbaroekin konspiratu ere egin baitzuten.

Hala ere, bagauden gizarte mugimendua ez da batere ondo ezagutzen, haien aipamen idatziak oso gutxi direlako bereziki, eta zehazgabeak eta zatikakoak direlako gainera.

Euskal Herriari dagokionez, egile batzuen ustean, Tarraconenseko matxinada horiek baskoien lurretan bakarrik gertatu ziren, oso gertaera bereziak baitira, baina matxinada horiek berez Tarraconensearen ipar-ekialde osoan izan ziren, eta, horrez gainera, testuetan ez dira Arakilgo bagaudak edota Tarazonakoak bakarrik aipatzen (baskoi lurretan biak), bada orobat dokumentuetan Zaragoza eta Lleidako eskualdeetako bagauden aipamenik ere (baskoienak ez ziren eremuetan biak).

Eztabaida historiografikoak bi aukera eskaintzen ditu: gizarte higikundea/nazio higikundea.

Lehen kasuan, esklaboen eta kolonoen egintzak izatea hartzen da batez ere kontuan, eta jabe handien kontrako erreakziotzat hartzen dira matxinada horiek.

Teoria nazionalak, berriz, ?bertakoak izatea? nabarmentzen du beste edozer arrazoiren gainetik, eta ?nazionalismoen? erakusgarri gisa azaltzen du bagauden gatazka hura, Galian zeltikoa izan omen zena eta Hispanian berriz baskoia.

Baina ezaugarri horiekin bakarrik ezin da mugimendu hura nolakoa zen guztiz esplikatu, eta historialariak ez dira ados jartzen, beraz auzi hori ziur asko hobe azal daiteke arazoaren bi alderdiak kontuan hartuta.