Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Erromako aginpidearen krisia eta hondamena

Aurelianoren (270-275) kobrezko denarioa. Denarioko zilar kopurua etengabe jaitsi zen Neronen lehen debaluazioaz geroztik. Aurelianoren agintepean kobre hutsezko denarioak egin ziren, baina txanponaren legea hobetzeko neurriak ere enperadore horrexek jarri zituen abian.<br><br>

Severoren dinastiak beheraldia izan zuenean inperioak krisialdi luzea izan zuen, «anarkia militarra» esan zitzaiona; baina krisialdi hori ez zen izan Erromako estatuaren politikan eta erakundeetan lehenagotik eragina zuten gaitzen isla baizik: kanpotik gero eta eraso gehiago izatea mugetan (krisi horren eragile nagusia), ekonomia eta finantza krisia, gizarte eta politika krisia, antzinako munduaren balioen krisia. Iliriarren garaian halako goraldi bat izan zuen inperioak, barbaroak geldiarazi baitzituzten eta pertsiarren erasoei aurre egin; gero inperioak garai berri bat hasi zuen Diokleziano tetrarkiaren sortzailearekin. Dioklezianok berrikuntza handiak egin zituen ondorengotza sisteman eta beste zenbait alderditan; estatua indartu eta zuzpertze bidean bidean jarri zuen horrela. Baina sistema berri hark porrot egin zuen lehenengo tetrarkek erregetza utzi zuten orduko (305). Konstantinorekin aro berri bat hasi zen; haren agintaldiak bi ezaugarri nagusi izan zituen: batetik, kristautasuna gero eta gehiago hedatu zen (argi eta garbi egin zuen kristauen alde), eta, bestetik, inperioa are gehiago zatitu zen ekialdean eta mendebalean. Beste hiriburu bat ezarri zuen Bizantzion, eta erabaki horrek ez zuen inperioa zatitzeko joera indartu besterik egin. Konstantino hil zenean inperioa haren hiru semeen artean zatitu zen, baina gorabehera batzuen ondoren 351tik 361era inperioa berriz batu zen haren semeetako baten agintepean, Konstanzio II.a. Zatiketa gehiago izan ziren enperadore batek –Teodosio– inperio bateratu batean aginduko zuen azken agintaldi laburra baino lehen. Teodosio hil ondoren, haren bi semeen artean zatitu zen betiko inperioa: Arkadio, ekialdean; Honorio, mendebalean. Barbaroak mendebalean egiten ari ziren oldarraldiak ezin eutsizkoak izan ziren V. mendearen hasieraz geroztik: 410ean godoek Erroma harrapakatu zuten, nazio barbaro asko probintzietan barrena barreiatu ziren, eta haietako batzuk leku jakin batzuetan kokatu ziren aldi baterako.Lurralde eta gizalde multzo nabar eta korapilatsu batean Erromak bere ordena ezartzeko mendez mende egin behar izan zituen oreka ahalegin handiak hautsi izanak ekarri zuen krisi hura: batzuek mugak babesteko eta besteek muga horiek gainditzeko zuten gaitasunaren arteko oreka; gerrako zorren eta, oro har, estatua mantentzeko kostuen eta estatuaren baliabideen eta zerga bidezko irabazien arteko oreka; produkzioaren –landan sortzen zen errenta, batez ere– eta kontsumoaren –hiriak, labur esateko, kontsumitutakoa baino askoz ere gutxiago ekoizten baitzuen– arteko oreka; senatuaren aginpidearen eta errepublikaren sistemaren azken aztarnen eta printzearen boterearen eta joera monarkikoen arteko oreka; eta, azkenik, tradizio klasikoaren eta klasikoak ez ziren kulturen arteko oreka. Inperioaren mugetan kanpotik egin ziren sarraldien eta oldarraldien gehiagotzeak ekarri zuen azkenik elkarren arteko eragina zuten oreka sare haren haustura. III. mendearen hogeita hamarreko hamarraldiaz geroztik Erroma hainbat frontetan ari izan zen gerran: pertsiarrekin Asia Txikian eta Sirian; frankoekin, alamanekin, kuadoekin eta godoekin Renaniako eta Danubioko mugetan; pirata saxoniarrekin Mantxako Itsasartean; heruloekin eta godoekin Itsaso Beltzean eta Egeo itsasoko iparraldean. Barne gatazkek ahuldua, inperioa ez zen gauza izan arazo horiek guztiak konpontzeko eta gainditzeko.

Erromaren kanpo politikaren krisiak berehala krisia sorrarazi zuen inperio barnean ere. Estatuaren segurtasuna izan baitzen orduan inperioko politikaren helburu nagusia, agintariek interes militarrak jarri zituzten gauza guztien gainetik, ez ordea ondoriolarririk gabe. Anarkia militarrak iraun zuen 50 urteetan (235-284) hiru dozenatik gora enperadore-soldadu izan zen agintean, gehienak lejioetatik etorriak.

 

Tetrarkiaren erreakzioa

Inperioa ez zen kanpoko erasoei eta batasunaren arazoei eskura zituen baliabide guztiez aurre egitera mugatu. Kanpoko erasoei aurre egin ondoren (garaipen handiak izan zituen: Claudio Gothicusek godoak garaitu zituen Naissoen) eta batasun arazoak nola edo hala konpondu ondoren (Aurelianok amaiera eman zien Postumoren «galiar inperioari» eta Palmiraren erreinuari), berrikuntzak egin zituen bai administrazioan eta bai babes sisteman, inperioa zuzpertzeko ahaleginean. Dioklezianok bururatu zituen Galieno, Aureliano eta beste printze batzuk aspalditik egiten ari ziren ahaleginak.

Ondorengotzak sor zitzakeen arazoak saihesteko eta gobernu eta defentsa lanak hobeto egin ahal izateko, lau agintarik (tetrarka) elkarrekin agintzeko sistema bat eratu zuen: bi printze, Augustoren titulua zutenak, bata ekialdeaz eta bestea mendebalaz (Maximiano) arduratu ziren; bi Zesar (Galerio eta Constantzio Floro) izan zituzten laguntzaile. Gorteko errituetan nabarmena izan zen joera berri hura, proskynesis zeritzan zeremonia ezarri baitzuten. Dioklezianok beste berrikuntza batzuk ere egin zituen. Gudarosteak eta mugen zaindaritza (soldadu kopurua bikoiztu zuen) indartu zituen, beste modu batera antolatu zituen inperioko lurraldeak -probintzien tamaina gutxitu eta diozesi izeneko administrazio banako handiagoetan sartu zituen (horrela hobeto kontrolatu ahal izateko)-, eta, hori guztia bideratu ahal izateko, zerga sistema ere berrantolatu zuen: kapitazio zeritzan zerga ezarri zuen, eta zerga hori abian jartzeko, agindu zuen egin zedila inperioak gizonetan, abereetan, lurretan eta bestelako ondasunetan zituen baliabideen inbentario osoa. Nolanahi ere, erromatar tradizioak berritzeko asmo tetrarkiak bultzatuak, eta soldadu biltze nahitaezkoari kristautasunak nola edo hala aurka egin izanak liskar bat sortu zuen kristautasunarekin Dioklezianoren erreinaldiaren bukaeran.

 

Konstantino

Aldez aurretik ikusi bezala, lehenengo Augustoek 305ean erregetza utzi zutenean, tetrarkiak porrot egin zuen, pertsonalismoen eta herentzia bidezko ondorengotza sistema berriz indarrean jartzeko joeren eraginez.

306tik 324ra bitarteko aldia nahasmen handikoa izan zen, aginpidea iristeko borrokek ezaugarritua. Lehiakideak desagertu zitzaizkiolarik, Konstantino geldituzen. Enperadore berri hark Jainkoaren burubidearen bidez zilegitu nahi zuen bere aginpidea, Jainkoaren agintea berak gorpuzten zuela uste zuen, eta, Pontifes Maximus gisa, erlijio oro estatuaren zerbitzuko eta mendeko egon zedila agintzen zuen.

Hasierako jarrera horrek ia ez zuen gero aldaketarik izan Konstantino eliza katolikoari atxiki zitzaionean. 313. urteaz geroztik aginpide zibilak onartua zeukan eliza, baina enperadoreak gero eta eliza kristauaren aldeago egin zuen, eta horren ordainetan enperadoreak bere aginpidea indartzeko erabili zuen eliza, arrianoen eta donatisten krisian ikusi zen bezala. Konstantinoren garaia bizitasun handiko aldia izan zuen eliza kristauak. Bete-betean sartu zen Erromako gizartean, eta estatuaren antolamendu zibilaren egiturak beretu zituen.

Civitas-en baitan, apaizek eta herriak tokiko elizaren buruzagia aukeratzen zuten (apezpikua). Probintzia zibil bereko apezpikuek eliz probintzia bat eratzen zuten, metropolita buru zutela, eta aldian aldiro sinodoetan biltzen ziren probintziaka.

Apezpiku guztiak, bestalde, sinodo orokorretan biltzen ziren fede eta disziplina kontuak eztabaidatzeko. Metropoli batzuk besteak baino gailenagoak ziren: ekialdean Alejandria, Antiokia eta Jerusalengo patriarkatuak eta, IV. mendearen azken urteez geroztik, Konstantinoplakoa; mendebalean, Erromakoa. Gerora garrantzi handia izango zuen beste erabaki bat hartu zuen Konstantinok: hiriburu berri bat Bizantzion sortzea (330); bere izena jarri zion (Konstantinopla), eraikin bikainak egin zituen han eta Erromakoaren antzeko pribilejioak eman zizkion. Oso leku estrategikoan zegoen kokatua, inperioaren joera gero ta ekialderagokoa zelarik; Erroma berria berehala izan zen inperio ekialdeko hiriburua eta ospea kendu zion Erromari berari, horrez gainera Milan, Ravena eta Italia barruko beste hiri batzuen itzal gero eta handiagoari egin behar izan ziolarik Erromakaurre. Konstantino Behe Inperioaren benetako sortzailetzat har daiteke, luzarorako utzi baitzituen ezarriak haren politika, ekonomia eta gizarte egiturak.

 

Behe Inperioko erromatar gizartea eta kultura

Urratsez urrats kristautzen ari zelarik, eta IV. mendean ekonomiak eta hirietako bizitzak goraldia izan zuen arren, behe inperioko gizarteak babeserako joera handia izan zuen oraindik, Erromako inperioak III. mendearen erdialdeaz geroztik izan zituen egoera latzen eraginez. Babeserako antolamendu guztia mantentzeak zeukan kostu handia, burokrazia gero eta konplexuagoa izatea, eta iraganean bizi izandako estuasunak dira inperioaren aginpideak eguneroko bizitzaren hainbat alderditan zorrotz esku hartu izanaren arrazoiak.

Garai hartan lege asko eman ziren, eta Codex Theodosianus-en bildu gero. Asko dira kode horretan bildumaturiko arau-legeak, besteak beste, Tetrarkiak eta Konstantinok emandako zerga arauak, non agindua baitzegoen hiritarrek zerga bikoitza ordaindu behar zutela, zeinek berea eta lurraldearena, eta zerga hori kobratzeko ardura, errolda eta katastro aldian aldiro eguneratuez baliaturik, udaletako magistratuek zutela, eta gerta zitezkeen atzerapenak eta ez ordaintzeak beren ondasunez ordaindu behar zituztela orobat; kode horretan bilduak ere dira zergak ez ordaintzeko joera oso zabalduaren kontra aginpideak erabaki zituen legeak, herentzia bidezkoa bihurtzea, esate baterako, kurialaren kargua eta estatuarentzat beharrezkotzat hartzen ziren lanbide jakin batzuen elkargoetako kide izateko eskubidea. Horrek guztiak hierarkia bidezko gizartea sortu zuen, honestiores-en eta humiliores-en arteko bereizketa nabarmena zelarik, ahaltsuen eta ahulen artekoa, alegia.

Nolanahi ere, behe inperioan kulturak loraldi handia izan zuen, senatuko noble aberats eta landuei esker gehienbat, olerkariek –Ausonio–, hizlariek –Simmaco– eta historialariek –Amiano Marcelino eta Nicomano Flavio– gorpuztua. Kristau kutsuko kulturak ere goraldia izan zuen, aipagarriak izanik greziar eragineko ekialdean Atanasio Alejandriakoaren, Basilio Zesareakoaren, Gregorio Nazianzokoaren, Gregorio Nisakoaren eta Juan Crisostomoren obra teologikoa eta homiletikoa; eta latin munduan Jeronimo, Ambrosio eta Hiponako Agustin handiarena; orobat dira aipagarriak Prudentzio olerkaria eta Eusebio Zesareakoa historialaria. Literatura jenero berri bat ere sortu zen, hagiografia, santuen bizitza kontatzen zuena, eta arte kristau bat ere bai, estetika kode eta eraikuntza modu klasikoak erabili zituena gehienbat (basilika fededunak biltzeko leku gisa, adibidez).