Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Inperioaren goraldia

Augusto enperadorearen estatua.<br><br>

Errejimen errepublikano oligarkikoaren kontraesanek eragin zuten gerra zibil luzearen eta kaosaren ondoren, bakea eta ordena nahia nagusitu zen Erromako gizartean.

Egoera horretaz baliaturik, Augustok inperioa sortu zuen K.a. I. mendean. Itxuraz, errepublikaren erakundeek indarrean jarraitu zuten, baina, egiaz, printzeak bere mende izan zituen estatuaren erakunde guztiak.

Monarkiak ematen zion aginpideaz lan sakona egin zuen Erromako gizarteari eta inperioari egonkortasuna emateko: administrazioa homogeneoagoa eta ordu arte baino bidezkoagoa eta zuzenagoa bihurtu zen, probintzien onurarako izan zelarik hori, ordu arteko zapalketa odolgirotik itzuri ahal izan baitziren.

Augustoren ondorengo zuzenek, haren familiakoek alegia -julio-klaudiotarren dinastia-, errejimen hark ezaugarri zuen monarkiaren aginpidea sendotu zuten, eta aurka egin zioten senatuko aristokraziari, errepublikaren balioak berrezarri nahi baitzituen.

Inperioak, gorteko azpijokoez ezaxolatua, ekonomian eta kulturan goraldi handia izan zuen bitartean, pax Romanari eta erromanizazio prozesu gero eta handiago bati esker, Erroman, hura baitzen aginpidearen gune nagusia, Kaligulak, Neronek eta beste enperadore batzuek izuzko eta mehatxuzko agintaldiaz erantzun zieten aristokraziaren azpijokoei.

Neron hil ondoren, probintzietako gudarosteak borrokan hasi ziren elkarren kontra haren ondorengo nor izendatuko, zeinek bere jenerala nahi baitzuen enperadore.

Flaviotarren dinastiaren sortzaile Vespasianok hartu zuen aginpidea; Italiaren eta probintzien arteko berdintasunaren alde egin zuen, eta inperioko hiri burgesiaren arteko lankidetza sustatu zuen.

Dinastia haren azken ordezkari Domiziano hil zutenean aldatu egin zen erregegaiak hautatzeko irizpidea: II. mendean, erregeek ez zituzten beren ondorengoak dinastiari jarraituz aukeratzen, zeinek bere merezimenduen arabera baizik. Hala bada, probintzietan jaiotako enperadoreak izan zituen inperioak, Traxano eta Adriano hispaniarrak besteak beste, eta haien agintaldian inperioak oreka sendoa iritsi zuen, eta oreka horrek onura handiko ondorioak ekarri zituen Mediterraneo aldera.

Baina Marko Aurelioren seme Komodo hil zenean, mende haren bukaeran, probintzietako gudarosteak elkarren kontra borrokan hasi ziren tronua nork hartuko. SeptimioSevero gailendu zen; jatorriz afrikarra zen gizon hark «autokrazia militar» bat ezarri zuen, behar-beharrezkoa iritzi baitzion barbaroek inperioaren mugetan jotzen ari ziren erasoei eusteko.

 

Augusto

Zesar hil ondoren, haren oinordeko eta semeorde Oktavianok, Zesarren bi buruzagi Marko Antonio eta Lepidorekin elkar harturik, diktadura bat ezarri zuen, bigarren triunbiratoa, errepublikako gobernuaren aurrean bere aginpidea finkatzeko. Baina Oktavianoren eta Marko Antonioren arteko liskarrak elkar hartze hura ahuldu zuen, eta Kleopatra Egiptoko erreginaren aliatu Marko Antonioren hondamena ekarri zuen eta bere burua hiltzera bultzatu zuen. Oktaviano geratu zen Erromako agintari bakar, eta inperioko errejimen berria indartu zuen errepublikaren hondakinen gainean.

Errejimen hori erabateko aginpidearen eta errepublikari dagozkion gobernu moldeen arteko konponketa bat izan zen, eta hari esker Oktavianok aginpide osoa hartu zuen, printzearen zereginak hartu zituen bere gain, eta Augustoren titulu sakratua eman zioten, legezko eta ohorezko aginpide multzo batekin batera. Hala eta guztizere, senatuak garrantzi handia zuen eta probintzien gobernuari eutsi zion, eta bakealdian zeudenez ez zegoen probintzietan gudarosterik eduki beharrik. Ordu arte bezala, senatoreek estatuaren magistraturak eta goi mailako kargu militarrak beren esku zituzten.

Princeps-ari zegokion, ordezkarien bitartez, gudarostearen beharra zuten probintzietako gobernuaren aginpidea. Inperioaren administrazioaren premia berriak asetzeko, Augusto zaldizkoen ordenaz baliatu zen gehienbat, eta goi mailako funtzionarioen klase berri bat sortu zuen horrela.

Kolonizazio politika handizale bati esker, lurrak eman zitzaizkien gerra zibiletan borrokan aritutako milaka gudari ohiei; Erromako herri xeheak, berriz, opariak eta ikuskariak askietsi behar izan zituen.

Gerra zibilen salbuespenezko aldiaren ondoren, gudarostea osorik berrantolatu zuten, profesional bihurtu zuten eta inperioaren mugetan kokatu zuten, bakearen berme gisa. Nolanahi ere, izan zen ekinaldi militarrik mugak sendotzeko. Hala, pax Romana-ren onurak inperioak hartzen zituen lurralde guztietara hedatu ahal izan ziren, hori bai, erromatarrek zibilizazioaz zuten ideien eta usteen arabera ezarritako bakea izan zen hura.

Printzerriaren errejimenetik sorturiko baldintza politiko eta sozial berriek eragina izan zuten orobat kulturaren alorrean. Kultura haren adierazpideek utzi zuten aztarna berezia dela eta -princepsek berak bultzatua zen- «Augustoren mendea» esan zaio garai hari. Erlijio tradizionala sustatu zen eta monarkia berri hura gurtzeko oinarriak jarri ziren. Arte ofizial bat bultzatu zen, errejimen berri hari atxikia, Augustoren Forua eta Mausoleoa eta Ara Pacis izan zituelarik agerbide garrantzitsuenak. «Augustoren gizaldikoak» dira baita ere latin literaturako hiru olerkari nagusiak: Virgilio, Horazio eta Ovidio. Nazioaren bertuteen goraipamenak, Augustori atsegin zitzaion tankeran, Tito Livioren lan mardulari eman zion bide, Erromaren historia hasiera-hasieratik kontatzen zuen liburu harrigarri eta aberkoiari.

 

Traxano eta Adriano

Nervak aginpidea hartu zuenean (96-98), Domiziano flaviotarren azken enperadorearen hilketaren ondoren, beste sistema bat jarri zen indarrean agintariak herentzia bidez aukeratzeko sistemaren ordez: onena aukeratzea, alegia, erregegaia nor bere merezimenduen arabera aukeratzen zen, dinastiarekiko loturak kontuan hartu gabe. Senatuko aristokraziak sistema hori hobesten zuen, estoikoen filosofiaren teoria politikoei jarraiturik, eta ikuspegi horrek indarrean jarraitu zuen ia II. mendez; eta hain zuzenere, arrazoi asko direla eta, mende hori hartu izan da Inperioaren Urrezko Arotzat, inperioaren sistemak heldutasuna iritsi baitzuen politikaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren alorrean.

Nerva semerik gabeko senatore zahar bat zen, eta bere kargua eta estatuaren egonkortasuna indartzeko, bere jeneralik ospe handikoena hartu zuen semetzat, Marko Ulpio Trajano.

Trajano (98-117) izan zen Erromako enperadoreen artean probintzietan sortu zen lehenengoa. Italikan sortu zen (Santiponce, Sevillatik hurbil), eta Betican kokaturiko italiar jatorriko familia zahar batekoa zen.

Ospe handiko militar baten semea zen; hura izan zen azken enperadore konkistatzailea, eta haren agintaldian izan zuen inperioak luze-zabalik handiena. Dazia (gaur egungo Errumania), Arabia eta Mesopotamiaren zati bat, Armenia eta Siria beretu zituen. Agintari ardura handikoa izan zen eta administratzaile ona, eta oso harreman onak izan zituen senatuarekin. Zilizian hil zen, partiarren aurkako ekinaldi militar batetik itzuli ondoren, eta haren errautsak daziarren aurkako garaipena oroitarazteko eraiki zen zutabearen azpian gorde ziren.

Publio Elio Adriano (177-138) izan zen Trajanoren ondorengoa, Italikakoa hura ere, eta Trajanok semetzat hartua. Inperioak finantzen eta biztanleriaren aldetik estuasunak izan zituenez, bere aurrekoaren konkistarako joerak alde batera utzi eta administraziora bideratu zituen ahalegin guztiak.

Adrianok Kontseilu ofizial bat sortu zuen, consilium principis, gobernu erakunde egonkor gisa eta enperadoreari zuzenbidearen alorrean aholku emateko eginkizuna zuena, eta inperioko legedia ere landu zuen.

Administratzaile ernea eta agintari irmoa izateaz gainera, enperadore hori intelektuala eta filosofoa izan zen, artista eta literatoa, eta zaletasun handia zuen jakintza eta esperientzia berrietarako.

 

Inperioaren defentsa

Augustok gudaroste profesional eta iraunkorra antolatu zuen inperio barneko ordena eta mugak segurtatzeko, eta ez zuen ia aldaketarik izan inperioaren lehenengo bi mendeetan. 350.000 bat soldadu zituen, zeinek bere saila eta eginkizun berezia zuela: eliteko soldaduak -pretorioko eta hiriko cohorsak, Erroman zihardutenak- eta lejioa eta talde laguntzaileak, inperioko muga osoan barrena (limites) kokatuak zeudenak, kanpamentu finkoetan.

Limes esaten zitzaion zaintzarako eta etsaien erasoez ohartarazteko eremuari, eta, behar izanez gero, mugaz bestaldeko sarraldiak abiarazteko ere erabiltzen ziren. Lurraldea eta ustezko etsaia nolakoa, limes-aere halakoa izaten zen, eta, oro har, gaztelu eta beha-dorre sare batez zeuden eratuta, lejioen kanpamentu finko handiekin harremanetan.

Inperioa bere burua babestera zenbat eta behartuago, limesak ere orduan eta sendoago, harik eta, batzuetan, lerro jarraitu bihurtu ziren arte, naturaren berezko babeslekuak gotortze lanekin osatzen zirelarik.

Horren adibide garbia da Adrianok eskoziar leinuen kontra Britanian altxatu zuen harresia.

Augustok neurriak hartu bazituen ere, ezin izan zuen saihestu gudarostea aginpiderako lehian has zedin eta kolokan jar zezan ordu arte egonkor irauna zen egoera politikoa. Pretorioko soldaduek maiz esku hartu zuten enperadore batzuen izendapenean.

Baina Erromako indarrei eman zitzaizkien probilejioek ezinegon handia sortu zuten probintzietako gudarosteetan, bai matxinadak eragin ere zeinek bere buruzagia tronuan jartzeko. Septimio Severok III.. endearen hasieran egin zituen berrikuntzek goratu egin zuten gudarosteak gizartean zuen maila, eta Dioklezianok eta Konstantinok abiaburutzat hartu zituzten berrikuntza horiek indar militarrak beste modu batera antolatzeko.

 

Hiria eta hiriko bizitza

Hiritasuna du Erromako inperioak ezaugarri nagusia. Gure aroko lehenengo bi mendeetan hiritasunak gero eta indar handiagoa hartu zuen mendebalean, eta hura izan zen azkenik Erromak mundu osoan hedatu zuen antolamendu politikoaren oinarri-oinarrizko muin ezin ordezkatukoa –civitas–.

Hiria, funtsean, herritarren kidego bat zen, bere buruaren jabea, konstituzio eta erakunde arautu batzuk zituena –tokiko kontseilua eta magistratuak–, eta baserri giroko lurralde bat haren esku eta kontrolpean zeukana.

Erromako hiriek ezaugarri komun batzuk zituzten tankerari dagokionez: bi kale handi elkarzutek, cardoak eta decumanusak, eratzen zuten hiri sarea, bakarkako edo taldeko etxe sailez osatua zegoena. Bi kale horien elkargunean forua zegoen, plaza handi bat arkupez inguratua, hiriko jendarteko bizitza osoa biltzen zuena. Instalazio publikoez gainera, baziren beste eraikin batzuk ere hiritarrek erabil zitzaten: termak, gimnasioak, antzokiak eta anfiteatroak, lan apagaingarri ugariz beteak: estatuak, garaipen arkuak eta zutabe oroigarriak.