Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Erromako estatu erakundeak

Brontzezko otso emea, Erromaren sinboloa, K.a.<br><br>500. urte ingurukoa.<br><br>

K.a. VI. mendearen bukaeran Erromako azken erregea kendu zuten kargutik, Tarkino Harroa hain zuzen, eta errepublikaren aldia hasi zen. Sei mendez, K.a. I. mende bukaerako gerra zibilak arte, errepublika izan zen Erromako gobernu mota. Errepublikaren garaian aristokraziak agintzen zuen, eta maila batean behintzat, herri biltzar baten borondatearen mende zegoen gobernua. Erroman ez zen konstituzio idatzirik izan; tradizioak, mos maiorum, indar handia zuen. Hala ere, sistema errepublikarra erraz eta pragmatismoz egokitu zen egoera batzuetara zein besteetara. Antolamendu moduak aldatu egin ziren mende horietan. V. eta IV. mendeetan eta III. mendearen hasierako politikan patrizioen eta plebeioen arteko borrokak izan ziren nagusi. Mediterraneoan zabalkunde handiena izan zuen garaian ?K.a. III-II. mendeak?, antolatu ziren Erromako erakunde errepublikarrak. Garai horri Erromako konstituzioaren goren mailako garaia esaten zaio, aldi hartan egonkorra eta erregularra izan baitzen konstituzioaren jarduna. Errepublika garaiaren azken mendea krisi aldia izan zen: Mediterraneoko konkisten ondorioak nabarmentzen hasi ziren, eta errepublikaren sistema ez zen izan arazo politiko, sozial eta ekonomikoak konpontzeko gai.Erromako errepublikan nagusitasuna herriak zuen, populus-ak alegia. Hala dio, behintzat, Zizeronek Errepublika lanean: ?Herria ez da edozein moduz bildutako gizaki multzoa, baizik zuzenbide berak, guztientzat berdinak, elkartutako jende multzoa?. Erroman, gobernu burujabea zuen komunitate bateko kideen arteko berdintasunezko lotura hori hiritargoa zen. Hala, populus romanus-a erromatar hiritarren multzoa da. Hiritar oro erromatarra zen, eta erromatar oro hiritar. Eskubide eta betebehar berberak zituzten guztiek.

Hiritar oro gerrara joan behar zuen soldadua zen, zergak ordaindu behar zituen eta botoa emateko eskubidea zuen, eta halabeharrez, zenbait funtzio betetzeko hautagaia zen. Eskubide osoko hiritarrak (civis optimo iure) legezko estatutu horren jabe izateko eskubidea zuen (ius civile); estatutu horren arabera, hiritar guztiek beren harremanak ?pertsonalak, familiarrak, ondasunei zegozkienaketa politikoak? arautegi komun baten bidez eratzen zituzten.

Hiritar eskubidea jaiotzaz lortzen zen, baina baita epaile baten edo jeneral baten erabaki politikoaren bidez ere. Hiritar eskubidea komunitateei edo banakoei ematen zitzaien, Erromako estatuaren alde egindako lanaren sari gisa; ohiko gauza zen hori errepublikan. Hiritar eskubidea iristeko beste bide bat, askatasuna lortzea zen; esklabo batek bere nagusiarengandik lortzen zuen askatasuna edo hirirtar eskubidea (azken eskubide horrek zenbait muga zituen, baina bigarren belaunaldian muga guztiak desagertzen ziren).

Hiritar kontzeptua, Greziatik hartua, hiriari lotuta dago, bai semantikoki bai politikoki, antolamendu politiko eta sozialaren gunea eta bizitza zibilizatuaren eremua baita.

Hiria, kasu honetan Erroma, Urbs-a, jarduera politikoaren gune nagusia zen. Antzina ordezkaritza erakunderik ez zutenez gero, ezinbestekoa zen hiritarra erakundean bertan izatea.

 

Boterearen banaketa res publica-n

Magistratuak antzina erregeak zuen ahalmenaren oinordekoak ziren, baina elkargoetan antolatuta egoteak eta beren agintaldia mugatua izateak, ahalmen pertsonalera itzuliko ez zelako bermea ziren.

Magistraturak, oro har, elkargoak dira, urtero hautatzen eta osatzen ziren. Horrez gainera, K.a. II. mende hasierako lex Villia annalis-etik abiatuta, erakunde horren jarduna hierarkikoa zen, eta hainbat mugagainditu behar ziren kargua berritzeko.

Magistraturek hiria eta inperioa kudeatzeko zereginak zituzten; kuestoreek finantzaren inguruko behetebeharrak zituzten; zinegotziei zegokien udalerriaren administrazioa eta zenbait jokuen antolamendua; plebeko hamar tribunoek ?errepublikaren hasierako plebeioen eskakizunetik sortuak? plebearen alde egiteko beto eskubidea zuten (intercessio), eta legeen eragileak ziren; pretoreek eskua zuten legegintzan eta, inperioa hazi ahala, gobernu lanak egiten zituzten probintzietan; kontsula goren mailako magistratua zen, aginpide zibila eta militarra zuen, eta hauteskundeak eta lejioak zuzentzen zituen; zentsoreak bost urtez behin hautatzen ziren, errolda eta senadore zerrendak egiten zituzten eta hiritarren zuzentasun morala zaintzen zuten; azkenik, egoera berezietan, diktadorea izendatzen zen, eta aginpide handia bazuen ere, karguan denbora gutxian egon zitekeen, gehienez sei hilabete. Diktadoreak, kontsulek eta pretoreak imperium-a zeukaten: herriak ematen zuen goreneko ahalmena, sakratua.

Senatua garrantzi handiko erakundea zen errepublikaren antolamenduan. Elezaharren arabera, Romulok sortu zuen, eta 300 kidek osatzen zuten: magistratuak eta magistratu ohiak. Senatuak herri ondasunak eta kanpo politika kontrolatzen zituen, eta erromatarren ordezkari zen kanpoko mandatarien aurrean; zenbaitetan epaile betekizuna ere bazuen.

Bestalde, hauek ziren biltzarraren (comitia) betekizunak: magistratuak hautatu, lege proposamenak (rogation) onartu edo baztertu, eta garrantzi handieneko auziak konpondu. Horrez gainera, beren zeregina zen gerra eta bake hitzarmenak ontzat hartzea.

Erroman biltzar bat baino gehiago zegoen, guztiak hiritar berdinek osatuak, baina antolamenduz elkarren desberdinak.

Comitia centuriata-tan herria zenturietan, egitura militarraren arabera, eta klaseetan, zentsuaren arabera, banatzen zen. Zerga komizioak (comitia tributa) herrialdeka antolatzen ziren, hiritarrak osatzen zituzten 35 tribuetan oinarrituta. Plebeak bere biltzarra zuen (concilium plebis), estamentuen arteko borroketatik sortua, eta tribunoek zuzendua. Erromako biltzarretan botoa ez zen bana-banakoa, hiritarrak izen emanda zeuden unitateen bidez egiten zen zenbaketa.

Tribuek, zerga klaseek, zenturiek, banakoek eta hainbat azpibanakok, organigrama konplexua eta diskriminatzailea osatzen zuten; pobreek indar gutxi zuten eztabaidetan, eta are gutxiago, botoa emateko, izan ere, botoa emateko aberatsenen unitateak baitziren nagusi.

 

Bizitza politikoa

Errepublikaren garaiko Erromako politikak hainbat antzekotasun zituen gaurkoarekin.

Hiritarrek, biltzarretan bildurik, legeak onartzen edo baztertzen zituzten, eta magistratuak hautatzen zituzten; senatuak arazoak aztertu, eta ondoren, erabakiak hartzen zituen, eta magistratuek beren karguak eta zereginak betetzen zituzten. Dena dela, nabarmenak dira orduko eta gaurko politikaren artean desberdintasunak ere.

Politikan gizonezkoek bakarrik ?libreak eta helduak? parte hartzen zuten, eta emakumezkoak, atzerritarrak eta esklaboak erakundeetatik kanpora zeuden. Erroman, erakunde politikoak buruzagi baten inguruan eta pertsona arteko harremanetan antolatzen ziren; harreman horiek, agintarien artean horizontalak ziren (amicitia), eta gizarte estatus desberdineko lagunen artean, berriz, bertikalak (clientela). Azken horietan, patronus-ak klientea babesten zuen, eta zenbaitetan diruz laguntzen zion, klienteak botoa ematearen truke. Errepublikaren azken mendean, krisi garaian, egitura tradizionalen kontrako zenbait aldarrikapen eta pentsamolde politikok nolabaiteko jarraipena izan zuten ondoren ere. K.a. II. mendearen bukaera arte ez zen ezkutuko botoa onartu; plebeko tribunoek hauteskundeen inguruan proposatu zituzten zenbait legeri esker onartu zen hori (leges tabellariae, tabella hitzetik datorrena, hau da, botatzeko taulatxoa). Ordu arte, biltzarretako botoak eskua jasota ematen ziren, eta horrela, oligarkiako talde indartsuenek oso erraz manipulatzen zituzten klienteak eta kontrolatzen botoemaileak.Bestalde, Erromako politika, batez ere senatuari eta magistraturei (cursu honorum) dagokioenez, goi mailako klaseen jarduera zen, horretarako baliabideak (bai jendearen aldetik bai diru aldetik) bakarrik dirudunek baitzituzten. Ez magistratu ez senatu kargua ez ziren ordaintzen, eta gero eta diru gehiago behar zen hauteskunde kanpainetarako.

Biltzarrei dagokionez, botatzeko sistema aberatsenen aldekoa zen. K.a. III-I.. endeen bitartean agintariek (nobilitas) kontrolatzen zuten magistraturetan parte hartzea, batez ere kontsulatua. Familia batzuen izena behin eta berriz agertzen da goi mailako magistraturetan. Erromatar politikaria, beraz, oligarkikoa zen.

 

Zizeron eta Errepublikaren krisia

K.a. 133ko Tiberio Grakoren tribunoa garrantzi handiko gertaera izan zen. Tribunoarekin batera borroka politiko eta sozialen garaia hasi zen, eta borrokaldi hori errepublikaren ahultasunarekin batera amaitu zen. Krisi politikoen konponbidean gero eta garrantzi handiagoa izan zuen indarkeriak; Graco bera ere bere etsai politikoen eskuetan hil zen. 133. urtetik 40. urteko gerra zibila arteko bitartea gorabehera handikoa izan zen: erakundeetan, politikan eta gizarte borroketan izan ziren istiluak. Sistema ez zen jadanik Erromaren egoera berrira moldatzen (Mediterraneoko inperioaren gunea).

Gerra sozialaren ondoren (91-89), Italiako biztanle guztiak Erromako biztanle bihurtu ziren; baina erakundeek Erroman lan egiten zuten, eta ez beste inon. Beraz, biltzarretanErromako plebeak egoten ziren bakarrik.

Ekonomiari dagokionez, Inperiotik jasotako aberastasunek pobreen eta aberatsen arteko aldeak nabarmendu egin zituzten, eta esklaboak gizartean arazoak sortzen hasi ziren. Aberastasun eta ospe desberdintasunak nabarmenak izan ziren senatuko aristokraziaren barruan ere, eta hauteskundeetan eta politikan haien arteko borrokak oso gogorrak izan ziren. Politikan ustelkeria eta indarkeria ohikoak ziren, eta alor horretan lejioetan aritutakoak beren jeneralen babesle izan ziren. Silaren (82-79) eta Zesarren (40.. rteetan) diktadurek edo Ponpeioren kontsulaldi bakarrak (52) egoera zein berezia izan zen erakusten dute.

Errepublikaren azken hamarraldietan Marko Tulio Zizeron (106-43) herrizaletasunaren eta errepublikazaletasunaren eredu bihurtu zen. Garai hartako hizlari aipagarrienetakoa da Zizeron, res publica-ko teorialari eta politikari nagusia. Bere lanetan garai hartako gorabehera eta arazo nagusiak azaltzen ditu. Hizlari eta teorialari gisa duen balioa ez du inork zalantzan jartzen, politikari gisa, ordea, eztabaida ugari sortu zituen. 63. urtean kontsula zen, eta Katilinaren kontrako salaketa gidatu zuen, metodo ez oso legezkoekin; hori dela-eta, erbesteratu egin zuten handik hamarraldi batera. Erreformazaleen etsaia zen (populares), eta senatuko aristokrata kontserbatzaileen aldekoa (optimates); eta Ponpeiorekin batera aritu zen Zesarren kontra. Azkenik, 43. urteko erbestaratzeetan hil zuten Marko Antonioren aginduz. Marko Antonioren kontra gogor aritu zen Filipicas lanean.

Teoriari dagokionez, Errepublika eta Legeak idatzi zituen.