Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Demokraziarako bide luzea antzinako Grezian
Polisaren oinarriak Mizenasko erresuma ahaltsua desagertu ondorengo hiru mendeko
aldi misteriotsuan ezarri ziren. Hain zuzen ere, polis izenaz ezagutuko zen lurralde eta
gizarte/politika antolamendua bilakatu zen greziar munduaren ezaugarri behinena. Itzultzen
sobera zaila gertatzen den polis hitzaren barruan sartzen ziren gaur hiritzat hartuko
genukeen herribildua, hura inguratzen zuen nekazari eta baso eremua, biztanleak,
eta horiek denak babesten zituzten jainkoak. Polisak beren burujabetzaren defenditzaile
sutsuak ziren; VIII. eta VI. mendeak bitartean Mediterraneo osoko gune estrategikoetan
eraiki ziren, kolonizazio Handia deitu zitzaion greziar zibilizazioaren hedatze mugimendu
ikusgarri hartan. Horrekin batera, greziar hirietan politika eta lege erreforma sail
bat kateatu ziren elkarren atzetik, eta berorien kariaz, aldi arkaikoan nagusi zen oligarkia
aristokratikoari monopolioa kendu zitzaion, eta hiritarrek zuzenean kudeatu zituzten
politika agintea eta justizia jarduerak. Demokratia deitu zitzaion Atenasen V. mendean
hobetu zuten gobernu sistema hari, eta hura jotzen da greziar ondarearen funtsezko
elementuetakotzat.K.a. 1200 inguruan erresuma mizenikoak
erori zirenean, Aro Iluna deitu zaion hiru
mendeko aldi bat hasi zen (XI. mendetik
IX.era, gutxi gorabehera). Izenak dioen bezala,
historialariek ezin izan dute gauza askorik
jakin garai hari buruz, aztarna arkeologikoak
urriak direlako, alde batetik, eta ez
dagoelako iturri idatzirik, bestetik. Badakigu,
hala ere, etengabeko biztanleria mugimenduak
izan zirela garaitsu hartan. Orduan
etorri ziren doriarrak Egeo aldera. Helenistek
eztabaida handiak izan dituzte migrazio
haien inguruan, tradizioz, iparraldeko eskualde
menditsuetatik etorritako jende haien etorrera
inbasio masibo eta hondatzailetzat hartu
izan baita. Gaur egun ordea, uste da pixkanakaeta urte askoan zehar gertatutako migrazioa
izan zela, azkenean bi kulturak erabat
nahastu zirelarik. Iparraldeko jende haien
etorreraz gainera, beste migrazio batzuk ere
izan ziren Aldi Ilunean, hala nola joniarrak
Asia Txikiko mendebalera eraman zituena.
Greziaren historian garrantzi handia izango
zuten hiriak sortu zituzten han, Mileto, esate
baterako.
Azken urteotan argitaratutako hipotesien
arabera, Aldi Iluneko greziarren bizimodua
artzantzan oinarritua zegoen. Eta lotura zuzena
du horrek larrez larre ibiltzearekin eta
garai hartako bizileku aldaketekin. Jende
haren etengabeko behin-behineko egoerak
esplikatuko luke hildakoak errausteko ohitura
hartu izana ere, hobiratzea baino erritu
azkarragoa eta errazagoa baita. Esan behar
da, bide batez, ohitura horrek zuzeneko
ondorioak izan dituela –eta ez mesedegarriak–
arkeologoen ikerkuntza lanetarako.
Sasoi honetako aurkikuntza oinarrizkoenetakoa
burdina urtzea eta lantzea izan zen.
Baina izan ziren beste batzuk ere, esate
baterako, zeramika geometrikoaren sorkuntza
eta idazketa alfabetikoaren asmakizuna.
Azken aurrerakuntza horri esker gauzatu
zen garai hartako greziarren pentsamendu
iraultza ospetsua. Homeroren poemak
dira, guretzat, aurrerakada haren lehen
erakuskari bikaina.
Hiri aristokratikoa
Aro Ilunean kokatzen da, zalantzarik
gabe, polis edo greziar hirien sorrera. Beren
burujabetza oso maite zuten mikroestatuak
ziren eta bateratsu jaio ziren Greziakolurralde osoan. Aipatzekoa da orobat, biztanleen
kopuru nahiko handiak hartzen
zuela parte arazo publikoen kudeaketan.
Greziar zibilizazioaren gizarte eta politika
antolamendu berezia zen polisa. Sortaldeko
hiri-estatuetan ez bezala, poliseko aginpide
zentroa ez zegoen tenpluan eta jauregian,
baizik eta agoran, batzarra biltzen zen
tokian, eta hantxe egon ohi zen heroi fundatzailearen
hilobia ere.
K.a. VIII. menderako, mende horretan
kokatzen baita aldi arkaikoaren hasiera, ez
zegoen jada monarkiarik Greziako lurraldean
eta eupatridak ziren –aristokrazioako
kideak, alegia– polisetako buruzagiak. Horrela,
Arkonteek gobernatzen zuten Atenas,
eta Espartan berriz, Eforoen ardura zen aitoren
semeek aginpide handiegia ez metatzea.
Aginpide banaketa modu horiek, hala
ere, ez zuten egonkortasunik ekarri Greziako
polisetara. Aristokrazia barruko tirabirak
zirela eta, oso nahasia zen garai hartako
politika egoera. Gainera, hazkunde
demografikoaren eraginez eta jabetza erregimenak
latifundiorako joera hartu zuelako,
lur eskasia handia gertatu zen, eta horrek,
noski, larriagotu egin zuen egoera.
Horrela etorri zen “Bigarrena” edo “Kolonizazio
handia” deitu zitzaiona eta greziarrek,
jatorrizko lurraldean kabitzen ez zirenez,
Mediterraneo guztian sortu zituzten
greziar polisak. Abantaila handiak lortu zituen
Greziak kolonietatik. Lur emankorrak
eskuratzeaz gainera, mozkin handiak atera
zituzten polis berrien arteko merkataritza
harremanetatik, eta greziar kultura edo helenismoa
hedatzeko bide guztiz egokia gertatu
ziren koloniak. Baina greziarren etorrerak
lurralde berrietako biztanleentzat aldaketa handiak ekarri zituen bezala, kolonialismoaren
garapenak ere eragin handia
izan zuen jatorrizko lurraldeko polisen egituran.
Beren jatorrizko hirietatik urrun eta
kontseilari zaharren aholkuen faltan, greziar
kolonoak polis berrietan nolabait antolatu
beharrean aurkitu ziren, eta horretarako,
arautegi batzuk zehaztu behar izan zituzten.
Hain zuzen ere, arautegi horietan inspiratuko
ziren Greziako legegile nagusiak.
Bestalde, kolonoek lurrak banatzerakoan
“zuzentasunez eta berdintasunez” jokatzen
saiatzen ziren, eta horrek eragin handia izango
zuen Greziako lurjabe handien portaeran.
Arkaismoko erreformak
Kolonizazio handiak, zalantzarik gabe,
Grezia arkaikoaren arazo larrienak arindu
zituen, baina ez zion, berez, soluziorik eskaini
hiri aristokratikoaren krisialdiari. Oligarkiaren
aginpidea benetako zapalkuntza
bihurtu zen berehala nekazari txikientzat,
pixkana-pixkana hectemoro bilakatzen joan
baitziren hauek (alegia, uztaren seiren bat
ordaindu behar zioten lurjabe aberatsari).
Obligazio hori ez betetzeak esklabotasuna
zekarren. Egoera guztiz larria zen eta herriak
(demos) errotiko aldaketak eskatu zituen
politikaren arloan bezala justiziarenean,
eta anaiarteko gerra ikaragarriak piztu ziren.
Nekazari txikien jazarraldiarekin batera,
beste bi gertakarik ere agerian utzi zuten
oligarkia lurjabearen anakronismoa. Gertakari
horietan lehena txanponaren sorkuntza
izan zen, greziar asmamenaren erakusgarri
garbia, eta horri esker, eskulangile eta
merkatari asko atera zen txirotasunetik.
Bestalde, greziar armada, batik bat aitorensemez osatua egon zena –zaldiak eta gerra
gurdiak edukitzea oso garesti ateratzen baitzen–,
gero hoplitaz osatua egon zen. Hoplita
zirelakoak, oinezko soldaduak ziren,
hornizio arinagoa eta merkeagoa zuten, eta
falange izeneko formazio itxiak eratuz gudukatzen
ziren. Elkarlana eta berdintasuna
ziren balio handieneko printzipioak gerlari
berri hauen artean, eta horrek azkenean
eragina izan zuen politikan ere.
Berebiziko garrantzia izan zuen, zentzu
horretan, orduko legegileen ekarpenak.
Esate baterako, Solonek idatzitako arautegiaren
indarrez libratu ziren nekazari txikiak
esklabotasunetik, hark isonomia ezarri
baitzuen, hau da, hiritar guztien “berdintasuna
legearen aurrean”. Greziarrek beraz,
legegileei gomendatu zioten beren krisialdiaren
irteera, eta, bitxia gerta badaiteke ere,
gobernu tiranikoen papera oinarrizkoa izan
zen oligarkiaren monopolioa behin betirako
desager zedin. Esandakoaren adibide bat,
Korintoko Kipselo tiranoaren kasua izan
zen: herri xeheak, nobleziari aurka egiteko
afanean, laguntza osoa eskaini baitzion.
Hala, Kipselok, demosari kasu eginez, Korintoko
jauntxoak ziren Bakiadatarren lurrak
bahitu zituen eta hedatze politika bati ekin
zion, eta horren kariaz, korintotarren irabazpide
nagusia zen zeramika esportatzeko
bideak ireki ziren. VI. mendearen azken
aldera tiranoak desagertu zirenean, Greziako
hiri asko prest zeuden demokraziaren ateetan
jarriko zituzten neurri instituzionalak
hartzeko.
Periklesen garaiko Atenas
V. mendearen hasieran, greziarrek ospe
handiko bi garaipen izan zituzten pertsiarren
aurka: Marathongoa, K.a. 490ean, eta
Salaminakoa, handik hamar urtera. Garaipen
horien indarrez, Atenas bilakatu zen
Greziako polis karismadunena, bere lurraldea
sakrifikatu baitzuen Heladea “ekialdeko
etsai barbaroetatik” babesteko. Gainerako
hiriek, esker onez, Delosko Ligaren
buru hautatu zuten Atenas K. a. 478an. Liga
hartako kide ziren hiriek hitz eman zuten
pertsiarren aurka borrokatuko zirela sekula
eta beti, atenastarren aliatu eta etsai berberak
izango zituztela, eta Atenasko hiriari
obedituko ziotela.
Aitzindaritza hura zela eta, Atenas biziki
aberastu zen, batetik, Pireon egundoko
merkataritza jarduera garatu zelako, eta bestetik,
Ligako polis bakoitzak ordaintzen zion
zergagatik (dirutan edo itsasontzitan ordaintzen
zioten, lehendik ere Atenasek sekulako
ontzidia zuen arren). Ekonomia egoera
oparoa oinarrizkoa izan zen beraz, Efialtesek
bere erreformak ezarriko bazituen. Bera
izan zen 462an, areoapagoaren –hau da,agintearen monopolioa zuen aristokrazia
kontseiluaren– eskumenak murrizten lehenik
ausartu zena, eta batzarra (ecclesia),
500en Kontseilua (boule) eta auzitegiak (heliaia)
indartu zituena. Efialtes eraila izan
ondoren, Periklesek hartu zuen bere gain
politika erreformak egitea, eta mendeko
politikari garrantzitsuena eta gizadiaren historiako
ospetsuenetako bat bihurtu zen.
Garai hartan lortu zuen Atenasek demokrazia
eredu osatuena, nahiz eta beste hiri askotan
ere sistema bera ezarri izan zuten.
Periklesek hartutako neurrien artean aipatzekoa
da, K.a. 461eko xedapena, zeinaren
indarrez, hiritarrek soldata jaso baitzezaketen
haien politika jardueraren truke. Periklesekin,
beraz, atenastarren egoera asko
hobetu zen, eta hala, ez ziren jada aberatsak
soilik hiriari zegozkion lege eta politika jardueretan
denbora emateko aukera zutenak.
Atenasko hiritar-soldaduek ez zuten aginpidea
politikari profesionalen eskuetan utzi
eta horrek bihurtzen du haien sistema, egungo
demokraziak baino perfektuago, azken
hauetan hautesleek ez baitituzte botoaren
bidez ordezkariak aukeratu baizik egiten.
Baina ez da ahaztu behar, bestalde, Atenasen,
ez zutela botorik, ez politikan parte
hartzeko beste ezein aukerarik, emakumeek,
esklaboek eta bertan bizi ziren atzerritarrek.
Atenasko hiritar gizonezkoek soilik zuten
politikan hitza, eta inoiz ez ziren izan 40.000
baino gehiago, 200.000 biztanletik gora zituen
hiri batean. Beste hitz batzutan esanda,
nahiz eta Atenasko demokrazia egungoak
bezain biribila ez izan, aitortu behar
da aurrerakada ikaragarria izan zela, sortu
eta gailendu zen testuinguru historikoa kontuan
hartuta.