Historia Unibertsala»Historiaurrea
Neolitos aroa Europan.
Ispilu megalitikoa
Ekialde Hurbilean sortu ziren bizimodu neolitikoak berehala zabaldu ziren inguruko
herrialdeetara. Europara hedatzeko mugimenduak aurrerakako oldeak izan ziren, eta
aldi berean, zorizkoak: batetik, belaunaldiz belaunaldi izan ziren hazkunde demografikoen
araberakoak, eta bestetik, lurraren banaketaren eta aberastasunaren araberakoak.
Neolitos aroak hiru hedabide nagusi izan zituen Europan, VI. eta V. milaldien artean:
Egeo itsasoa (zeramika pintatua); Danubio ibaiaren arroa (zerrendak pintatuta dituen
zeramika); eta Mediterraneo itsasoaren kostaldea (zeramikazko ontziak, cardium-ak grabatuak
dituztenak).
Neolitos aroan Europako artea era askotakoa izan zen, hainbat faktoreren eraginez:
Mesolitos aroko kulturaren eragina, baldintza ekologikoak, eta baldintza horien arabera,
nekazaritza edo abeltzaintzan oinarritzen zen ekonomia. Neolitos aroan, eta haren
ondorengo Eneolitos (edo Kalkolitos) aroan, hau da, metalak lantzen hasi ziren garaian,
hainbat ohitura sortu zen, lekuan lekukoak: hornidurak, bizitokien formak, baliabideen
erabilerak, ekonomia jarduerak… Dena dela, gizatalde guztiek zituzten guztiei zegozkien
ezaugarri komunak: gizarte egiturak prestijioaren arabera antolatu eta mailakatzea;
komunitateen arteko aliantzak, besteak beste, luxuzko gaiak banatzeko; produkzio
ekonomia sendotzea (herriak zituen beharrak asetzeaz gainera, soberakinak lortzea bilatzen
zen); jardueren espezializazioa; eta ehorzketen sistematizazioa. Ehorzketa ohituren
artean ongien ezagutzen dena megalitismoa da, inondik ere; megalitoen analisiaren
bidez, garai hartako egoera sozioekonomikoa azter daiteke.Megalitismoa izan zen Neolitos aroaren
amaierako adierazpen nagusia. Lehenengo
eraikinak laugarren milaldiaren erdialdean
eraiki ziren, Kalkolitikoan zehar egiten jarraitu
ziren, eta Brontze aroaren hasiera arte
ere iritsi ziren. Bestalde, Europa osora zabaldu
zen adierazpen modu bat izan zen
megalitismoa, aurkikuntzen hedadura geografikoak
behintzat hala adierazten du: iparraldeko
herriak, Poloniako eta Alemaniako
itsasbazterrak, Herbehereak, Britainiar Uharteak,
Frantzia osoa eta Italiako penintsula,
eta baita Mediterraneoko hainbat uharte ere.
Beraz, hainbat eta hainbat eraikin mota eta
teknika dago; eta mota eta teknika horiek,
bestalde, asko aldatu ziren mendetik mendera.Hilobi megalitikoak, oro har, ez ziren
ikusten, harriz edo lurrrez estaltzen baitzituzten
(cairns); eta estalkiaren azpian, bestalde,
hilobi bat edo bat baino gehiago egon
zitezkeen. Ganbara zen ehorzketa eraikin
horien osagai nagusia: harlosez osatua zen,
eta oina biribila, poligono formakoa edo
laukia izaten zuen. Oinarrizko eraikin mota
horiei trikuharri soil esaten zaie. Batzuek
korridore moduko bat izaten dute ganbarara
sartzeko, eta korridore hori areto batean
baino gehiagotan bana daiteke: trikuharri
korridoredun esaten zaie horiei. Batzuetan,
ganbara eta korridorea ezin bereiz daitezke,
batak zein besteak goratasun eta zabalera
berdina izaten dutelako. Hala ere, hilobia
era batekoa edo bestekoa izan, eraikinaren
estalkia edo harlosa handiz osatua edo zurezkoa
izaten zen, eta noiz edo noiz kupula
faltsuak ere erabili zituzten. Nekropolis
horiek guztiek ezaugarri komunak badituzte
ere, herrialde bakoitzak zeinek bere ereduak
landu zituen.
Bretainian, esate baterako, cairns-ak
aurkitu dira: hobi handiak, hilobi bat baino
gehiago biltzen dituztenak. Barnenez-eko
(Finistère) cairnsa bi cairnsek osatzen dute,
bata bestearen gainean: behekoak 70 metroko
luzera du eta dozena bat korridore
hilobi ditu, kupula faltsuekin estaliak. Horiek
eraikitzeko bertako lehengaiaz gainera(dolenita), herrialdetik kanpokoak ere erabili
zituzten, Stere uharteko granitoa adibidez.
Carnaceko tumulu batzuk 100 metrotik
gora dira luze, 50 metro zabal eta bost
metro garai. Eraikin horietako asko “santutu”
egin dituzte bertan elizak eraikiaz. Gavirins
uhartean (Morbihan), izen bereko hilobiko
harlosez egindako grabatu ugari dituzte:
espiralak, sigi-sagak… dira irudi nagusiak.
Irlandako megalitismoak eta Bretainiakoak
antzekotasun handia dute, bai egituraz
bai sinbologiaz.
Ingalaterrako eraikuntzek ezaugarri bereziak
dituzte: Longs Barrows deitzen dira,
eta lurrezko tumulu luzaranak dira, ehun
metrotik gora luze, harlosez inguratuak,
eta askotan, hilobi bat baino gehiagoz osatuak.
Iberiako penintsulako megalitoak ez
dira oinarrian eredu klasikoetatik urruntzen.
Dena dela, penintsula horretako
eraikuntzen artetik Andaluziako eredua nabarmentzen
da gehiena, batez ere, neurriagatik:
adibidez, Mengako leizekoa,
korridore luzea eta ateburuak dituena; edo
Romeralekoa, ganbara kupula faltsuez itxia
duena.
Dena dela, trikuharriak ez dira arkitektura
megalitikoaren eraikin bakarrak; hala,
kontuan hartzekoak dira, besteak beste:
menhir-ak, harri mokor handiak (zenbaitetan
lau metrotik gorakoak); harrespilak, lurrean
gune biribil bat osatzen duten harriez
osatuak, eta biribilaren erdian, hildakoaren
errautsa duen kutxa bat izaten dutenak; taulak
eta nabetak, oin lauki zuzenak eta aurrealde
trapezoideak dituztenak, eta harlosak
elkarri itsatsita; hengesak (Stonehengeko
azternategia da eraikin mota horien adibide
argiena).
Eraikin megalitiko horien erabilera kontuan
hartuta, ez da zalantzarik hildakoentzat eraikiak zirela. Hilobi horien indusketek
erakusten dute gizatalde baten arbasoak,
belaunaldiz belaunaldi, leku berean lurperatzen
zituztela; hortaz, talde horiek leku
berean bizi ziren, aldatu gabe. Ehorzten ziren
gorputzak horniekin lurperatzen ziren;
horni horiek, askotan, bereziki zeregin horretarako
eginak ziren. Bestalde, denboraren
joanean, asko aldatu ziren objektu horien
formak eta materialak: zeramikazko ontziak,
silexezko tresnak, tresna leunduak,
metalezko objektuak (ziriak, sastakaiak) eta
hainbat apaingarri (lepokoak, eskumuturrekoak,
diademak, belarritakoak…).
Gorputz bat ehorzteko, hobi berean zeuden
antzinagoko gorputzak alde batera pilatzen
ziren, gorputz berriari lekua egin ahal
izateko. Zenbaitetan, ganbara gorpuez betebete
zegoenean, korridoreetan eta tumuluetan
ere ehorzten ziren gorputzak. Horren
guztiaren ondorioz, oso zaila da hilobi horien
analisi antropologiko zehatza egitea edo
hileta horniak gizaki bati edo besteari dagozkion
zehaztea, izan ere, hezur nahastea
handia izaten baita. Trikuharrietan, oro har,
gorpuak ehortzi egiten ziren, nahiz eta, noiz
edo noiz errausten ziren; zenbaitetan, eraikin
osoa erretzen zen, nahita.
Arkeologoek azterketa ugari egin dituzte
trikuharrietan zein ehorzten zuten jakiteko.
Baina galdera horrek ez du erantzun
bakarra; izan ere, hileta prozesuak asko aldatzen
baitziren herrialde batetik bestera,
baita elkarren oso hurbil zeuden hilobien
artean ere. Quanternes-eko hilobian (Orkada
uharteetan), laurehun gorputik gora aurkitu
dira: sexu eta adinaren araberako banaketak
(%46 20 urtetik beherakoa, %17 20-
30 urte bitartekoa, eta %7 30 urtetik gorakoa)
garai hartako gizarte eredua adierazten du.
Dena dela, ezin zehatz daiteke arau orokorrik,batzuetan argi eta garbi ikus baitaitezke
trataera desberdina izan duten taldeak. Zenbaitetan,
aurretik ehortziak ziren gorputzak
trikuharri batera aldatzen zituzten. Nekropolis
mota horien garai berekoak dira haitzuloetako
ehorzketa kolektiboak: gizatalde
bereko arbasoak berdin-berdin ehorzten
ziren trikuharrietan eta haitzuloetan,
baina ezin azal daiteke zehatz-mehatz zergatik
gertatzen den bitasun hori.
Gizarte konplexua
Gizarte megalitikoen ezaugarrietatik atera
daiteke gizarte haiek oso konplexuak zirela
egituraz, eta antolamendu maila garaia
zutela. Eraikin erraldoi haiek eraikitzeko
zenbat lagun, zenbat denbora eta ahalegin
behar izan zen, neurtzeko ustiatze arkeologikoak
erabiltzen dira: 50 lagunez osatutako
talde batek lanean aritu behar izan zuen 20
egunez, Wessex-eko eskualdeko tumulu
zaharrenak eraikitzeko; haien ondorengo
eraikinak egiteko, aurrekoak baino landuagoak,
10.000 bat ordu behar izan zuen berrehun
eta berrogeita hamar lagunez osatutako
talde batek, sei astetan lanean. Silburi
Hill gunea eraikitzeko hemezortzi milioi lan
ordu behar izan zituzten, eta bi urtez aritu
bide ziren 3.000 bat lagun lanean. Stonehengeko
monumentu handia hainbat alditan
egin zen, eta ahalegin eta lan ordu asko
eta asko behar izan ziren hura egiteko; izan
ere, eraikitzeaz gainera, harlosak harrobitik
atera eta eraikina jarri behar zuten lekura
eraman behar baitziren.
Halako ahalegin handia, eta horrenbesteko
lan ordu eta jende kopurua behar zuen
inbertsio bat, gizarte nekazarietan gerta zitekeen
bakarrik, urtean zehar hainbat aldi
baitzituzten produkzio maila apalekoak;horrez gainera, zuzendaritza motaren bat
edo beste beharko zuten eraikuntza lanak
antolatzeko eta zuzentzeko. Gizarte megalitikoak
taldeetan banatuta zeuden: nekazari-abeltzainak
ziren, eta auzoko herriekin
aliantzak egiten zituzten eta elkartzeko guneak
eraikitzen zituzten. Taldeen arteko
aliantzak arkeologiaren ikuspegitik aztertzeko,
trukerako erabiltzen zituzten gaien
analisia egiten da; luxuzkoak ziren gehienetan.
Era horretako gai askok eta askok
zabalkunde handia izan zuten: kanpai itxurako
zeramika, urrezko bitxiak, borrokarako
aizkorak, itsasoko maskorrak… Dena dela,
gaien hartu-eman hori ezin esan daiteke
merkataritza zenik, ez behintzat zentzu hertsian,
baizik eta berdinen arteko trukea.
Hortaz, nekropolisak, nortasun gune
diren heinean, ez ziren bakarrik hildakoentzako
monumentuak, bizientzako ere baziren.
Erreferentzia puntu gisa hartzen dira,
komunitateek zeinek bere espazioa mugatzeko
erabiltzen zituztenak. Taldea demografikoki
hazten zen heinean eta beste taldeekiko
harremanak sendotzeko lur
emankorrak behar zituzten heinean, gero
eta gauza garrantzitsuagoa zen talde horientzat
lurraldeari mugak jartzea. Hildakoak eta
arbasoak non dauden erakustea da lurralde
baten jabe zarela ziurtatzeko modurik egokiena.
Baina ispilu megalitikoak, hala ere,
erabat itxuraldatzen du errealitatea: monumentuak
handiak eta ikusgarriak dira, baina
bestelako eraikinak, aldiz, hauskorrak
ziren. Gizatalde gehienak herri txikietan bizi
ziren, eta eraikinak harrizkoak egin beharrean,
landareak erabiltzen zituzten oinarrizko
gai gisa. Horregatik, hobeto ezagutzen
da hileta mundua eta horrekin zerikusia
zuten luxuzko objektuen multzoa, eguneroko
bizimoduko jarduerak eta tresnak baino.