Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Historiaurrea

Historiaurreko azken ehiztari-biltzaileak

Klima aldaketak, landarediaren aldaketak eta itsas mailaren gorabeherak Mesolitos aroan.<br><br>

Aurreko ataletan azaldu da egungo gizona –Homo Sapiens deitu zaiona– nola Afrikan sortu ondoren, Eurasiara, Ameriketara eta Australiara zabaldu zen. Gizaki haren hasierako kultura ezaugarriak ondorengo hauek dira: harria lantzeko xafla erako teknologia; hezur industria oso aurreratua; eta arte adierazkortasun aipagarria. Klima oso gogorrean bizitzera egokitu behar izan zuen hasieran. Izan ere, izotzaldi beranduan izotz geruza lodiek estaltzen baitzuten lur azala, eta munduko eskualde askotan zaila zen bizirik irautea. Hala ere, K.a. 10.000 aldera klima zertxobait goxatzen hasi zen eta, pixkanaka-pixkanaka, holozeno deitu zaion aroa etorri zen, zeinaren barruan aurkitzen baigara egun ere.

 

Klima aldaketa

Holozeno hasieratik hasi ziren tenperatura eta hezetasuna igotzen, eta ondorioak berehala igerri ziren. Izotz masak urtzearekin batera nabarmen igo zen ozeanoen maila, eta lehorrean zeuden lurralde asko urpean geratu ziren geroztik: orduan hasi ziren finkatzen gaur oraindik dirauten itsas mugak. Baina etengabeko elurren marra ere asko atzeratu zen, eta lehenago bizitzeko oso gogorrak ziren barnealdeko lurralde zabalak abegitsuagoak bihurtu ziren orain.

Arras aldatu ziren animaliak eta landaredia ere. Lehen tundra zen tokian basoa hedatu zen berehalaxe. Larreak eta basohosto-erorkorrak nagusitu ziren eskualde epeletan: pagoa, haritza, urkia eta hurritza.

Eta Mediterraneo aldean artadiak eta txarak ugaldu ziren bezala, ekuatoretik hurbileneko eskualdeetan, hezetasuna igo izanaren eraginez, baso irekiak eta sabanak eratu ziren.

Zenbait landare mota –Ekialde hurbileko lastodun batzuk, adibidez–, espazio irekiak kolonizatzen hasi ziren eta berehalaxe piztu zuten gizakiaren interesa.

Are ikusgarriagoak izan ziren Paleolitoseko animalia handiek jasan zituzten aldaketak; izan ere, betiko galdu baitziren izotzekin batera emigratu ez zutenak. Gizataldeek harrapakin txikiagoak ehizatzera egokitu behar izan zuten, hala nola oreinak, orkatzak,ahuntzak, basurdeak, untxiak eta gazelak (Ekialde Hurbilean). Azken batean, ondorengo baldintza hauetara egokitu behar izan zuen gizonak: klima gozoagoa; kolonizatzeko lurralde berriak; baso geroz eta itxiagoak (gizataldeak elkarrengandik bakantzea ekarri zuen horrek); eta animalia txikiagoak, talde handietan jada biltzen ez zirenak, habitat bakartiagoa nahiago baitzuten, eta orobat nahiago zituzten basoaldeak.

Faktore horien guztien ondorioz, aldaketak etorri ziren gizaki haien bizitokietan (kobazuloak uzten hasi ziren), baso eta sastraken fruituak biltzeari garrantzi handiagoa eman zioten, estrategia berriak erabili behar izan zituzten ehizarako, eta, hortaz, harrizko armak berriztatu zituzten. Zentzu honetan, Goi Paleolitosean jada hasia zen mikrolitizaziorako joera areagotu egin zen, arkuz tiratzeko jaurtigaiak egin behar baitzituzten.

Kulturari dagokionez, nahiz eta ezaugarri komunekin jarraitu zuten, aurreko homogeneotasuna hautsi eta ingurugiroko baldintzen araberako tokian tokiko irtenbideen bila hasi ziren. Talde haiek espektro zabaleko ekonomia deitu zaiona praktikatzen zuten, eta izadiak eskaintzen zien guztia ahalik eta gehien baliatzen saiatzen ziren. Horrela, nabarmen igo ziren landareki eta marea arteko itsaski bilketak, eta itsaso eta ibaietako arrantzak. Lehenago pleistozenoko animalien migrazio ziklikoen arabera mugitzen ziren, baina orain sedentarizaziorako joera zabaldu zen, gutxiago mugitzen ziren eta geroz eta lurralde laburrago eta finkoagoetan bizi ziren. Uste izatekoa da gizarte egoera berriak sortu zirela zeregin aniztasun horretatik: etnografiak egindako aurkikuntzen arabera, esandakoaren antzeko bizimodua duten gizarteetan, emakumezkoak arduratu ohi ziren fruitu eta janari bilketaz eta jakien prestaketaz, eta gizasemeak aldiz, ehizean, lehengai bilketan eta tresnak egiten aritzen ziren.

Leizezuloak uzteko joera geroz eta nabarmenagoa zen, eta gizataldeak ingurune aldatu berriaren aukerak ahalik eta hobekien ustiatzen ahalegindu ziren. Horren adibide bat da, ezen gizatalde berak, euren artean nahiko hurbil zeuden zenbait egonleku erabiltzen zituela, egonleku bakoitza ingurune jakin hartako baliabideak baliatuz. Hala, egonleku sareak ezarri zituzten, lurraldeak ustiatzeko estrategia gisa. Hainbeste alor harrapatzen zituen ekonomia hark mugikortasun erlatibo bat eskatzen zuen, oso ongi ezagutzen eta kontrolatzen zuten lurralde baten barruan, ahalik eta baliabide gehienez baliatzearren. Sedentarizaziorako joera, ingurunea ustiatzeko era desberdinak, eta egonleku-sareak sortzea, lagungarri gertatu ziren informazioa eta zenbait gai trukatzeko: balio handiko lehengaiek eta apaingarriek lortu zuten zabalkunderik handiena.Erlijioaren eta ideien munduan ere aldaketa handiak gertatu ziren. Desagertu egin zen Paleolitos aldiko arte ikusgarria, eta irudi eskematikoagoak egiten hasi ziren. Hileta errituak berriz –nahiz eta eskualde guztietakoak ez diren berdin ezagutzen–, hobiratze eta hornietan gauzatzen ziren.

Epipaleolitos eta Mesolitos hitzak erabiltzen dira Historiaurreko azken ehiztari hauen kulturak definitzeko. Etimologia desberdinekoak izateaz gainera, hitz bat ala bestea erabiltzeak guztiz bestelako esanahi kulturala dakar berekin: Epipaleolitos arokoak deitzen zaie, Izotzaldi beranduko ehiztari-biltzaileen forma eta estrategia bertsuak zituzten portaerei. Aldiz, Mesolitos kontzeptua, bi aroen arteko “zubia” egiten zuen kultura egoeran aurkitzen ziren gizataldeei aplikatzen zaie. Talde hauek ingurugiroaren aldaketei emandako erantzunetatik etorri ziren Neolitos arora eramango zuten portaera aldaketak.

 

Europa

Lehen ezaugarria da kultura aniztasun handia gertatu zela, gizatalde bakoitzak klima baldintza berriei emandako erantzunen arabera. Azken ehiztari haiek, ezezagunak zitzaizkien inguruneetara egokitu behar izan zuten.

Bi joera nagusi bereizten dira. Alde batetik, batez ere ordokietan, mugikortasun handiko talde txikiak eratu ziren, tokiko baliabideak ahitu ahala, beste norabait aldatzen zirenak.

Iparralderago, espezializaziora jo zuten, eta egonleku egonkorragoak antolatu zituzten: egonleku nagusi bat eta beste txikiago batzuk, funtzio zehatzetarako erabiltzen zirenak. Hala ere, tresneriari dagokionez, mikrolitizaziorako joera hartu zuten gehienek, nahiz eta multzo makrolitikoak ere aurkitu diren. Gauza ziurra dirudi arkuaren hobekuntza izan zela ehiztari hauen erantzunetako bat. Horrela ulertzen da doitasun eta irismen handiagoko gezi puntak eta arku geometrikoak –erraz ordezteko modukoak izan behar zuten, bestalde– egin, landu eta erabili izana. Harrizko arma txiki haiek ugaltzearekin batera, asko urritu ziren hezur eta adarkizkoak, Goi Paleolitosean hain ohikoak ziren punta, azagaia eta arpoiak ia desagertzeraino urritu ere.

Erreferentzia gisa, gizataldeen kultura bilakaeran eta ekonomia ezaugarrietan oinarritutako hurrenkera kronologikoa erabiltzen da. Hala, Epipaleolitos Lehena deitzen zaie Paleolitosaren azkenaldeko kulturen jarraipen kutsua dutenei. Eskualdearen eta tradizioen arabera, kultura desberdinetan gauzatu ziren: Azil kulturakoak esaten zaie Europako hego-mendebalekoei, eskualdeka berdin-berdinak ez badira ere (Iberiako Penintsulan eta Frantzian). Europa erdialdean eta ekialdekoan berriz, La Gravetteberandua deitu zaion kultura garatu zen: karraskagailu txikiak, zizeltxoak eta xafla bizkardunak ziren kultura horren ezaugarriak.

Industria horien bilakaerak Epipaleolitos Bete edo Geometrikora eraman zuen.

Zentimetro bat edo bi luze ziren silizezko pezatxoak ziren, triangelu, trapezio, edo segmentu formakoak. K.a. bederatzi eta zortzi mila aldean garatu zen Sauveteur kultura da industria mota honetako adibide on bat, eta Tardenois kultura etorri zen haren ondotik. Espezializazio handiak gertatu ziren garai hartan, ez ziren falta izan deskribatutako dinamikatik at geratu zirenak ere: itsasertzeko eskualdeetan, maskor biltzaileen aztarnategiak aurkitu dira; eta baita mikrolitismorako joera orokorraren aurka, ohitura makrolitikoak zituztenak ere.

Garai hartako beste ohitura bat egonleku sareak izatea zen: garai edo zeregin zehatzei lotutako egonlekuak izaten ziren, eta Europa osoan dokumentatu dira sare horien adibideak. Urrutirago joan gabe, elkarrekin zerikusi argia duten harpe-babesak aurkitu dira Ebro garaian eta Aragoi beherean.

Ehizatutako animaliak era askotakoak izaten ziren. Paleolitos aroko espezializazioari kontrajarriz, belarjale eta apodun mota asko ehizatzen zuten orain: oreinak, ardiahuntzak, behi-zezenak, zaldiak eta urdebasurdeak.

Ipar Europan aurkitu da, dena den, espezializazio kasuren bat ere, segur aski, inguruneak hala baldintzatuta. Haragi eta landareki baliabideak ustiatzeak egonkortasun eta segurtasun handiagoa ematen zuen, eta bidea errazten zion sedentarizazioari.

Era berean, aurkitu diren zantzu batzuen arabera, baliteke Britainiako garai hartako zenbait gizataldek baso zatiak lugorritzea, hala larreak eratu eta animaliabelarjaleak hobeto kontrolatzeko.

Garai hartan hasi ziren zakurra erabiltzen ere –gizakiak hezitako lehen animalia–, baina ez haragitarako, ehizean laguntzeko baizik.

Ingurunea ustiatzeko moduak era askotakoak izan ziren Mesolitos aroan. Esate baterako, Danubioaren arroan, Burdin ateak esaten zaion tokian bizi ziren gizatalde batzuk, Danubioan arrantza intentsiboa eginez (zamoak, batez ere) sendotu zuten beren sedentarizazio prozesua. Lepensky Vir izenekoa da aztarnategi ezagunenetakoa: goitik begiratuta, trapezio formako bizitoki egiturak ditu, eta baita giza itxurako harrizko bloke handi landuak ere. Badira arrantzak pisu handia zuen beste toki batzuk ere: Starr Carreko aztarnategia, Ingalaterran (lutxoa arrantzatzen zuten batik bat); eta Ipar Europakoak, non izokina, erreboiloa eta bakailaua arrantzatzen zuten. Holandako Pessen aurkitu diren kanoak edo Irlandako larruzko txalupek erakusten dute uretan ibiltzeko ere gai zirela, eta balio handikoa izango zitzaien hori toki batzuetatik besteetara mugitzeko.