Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Historiaurrea

Gizadiaren historia

Gizakiaren bilakaera J.L. Arsuagaren eta I. Martínezen arabera.<br><br>

 

Afrika

Gaur egun ezagutzen diren hominidoen fosil zaharrenak 1992tik aurrera aurkitu dira Awash erdialdean (Afarren Herria, Etiopia), eta 4,4 milioi urte inguruko antzinatasuna dute. Aurkikuntza egin duten zientzialariek Ardipithecus ramidus izendatu dituzte hominido primitibo hauek. Haiekin batera bizi ziren ugaztunen azterketen ondorioz, badakigu baso tropikalean bizi zirela. Bestalde, Ardipithecus ramidus horrek esmalte geruza fin batez estaliak dauzka atzeko haginak, eta ezaugarri horrek batez ere landare bigunak jaten zituztela ematen du aditzera, hots, tropikoko oihanetan ohiko direnak, hala fruituak, hostoak eta zurtoin samurrrak. Hortaz, oihan hezean bizi ziren lehen hominidoak, eta txinpantzeen modu berean elikatzen ziren.

Aurkikuntza hau guztiz berria da; izan ere, lehen hominidoak sabanako bizimoduari egokituriko primateak zirela pentsatu izan da beti, Afrika mendebalean azkeneko milioika urteetan gertatu den basoen atzera egitea eta belardien ugaltzea zela medio. Oraindik ez dakigu nola mugitzen zen Ardipithecus ramidus hau; nolanahi ere, mota hau hankabikoa ez balitz, onartu beharko litzateke gure familia biologikoaren sorrerak ez zuela lotura zuzenik izan belardien ugaltzearekin, eta are gehiago, ezta bi oinen gainean ibiltzen hastearekin ere.

Ardipithecus ramidus-en ondoren, kenyar talde batek hominidoen fosil multzo bat aurkitu du, 4,2 milioi urte inguru zahar, Turkana aintziraren ertzean (Kenyan). Hominido mota berri hau Australopithecus anamensis izendatu dute. Esmalte geruza lodia du atzeko haginetan, eta, fosilen aldamenean aurkitu den fauna fosilak aditzera ematen duenez, baso irekian bizi ziren, edo sabana zuhaiztunean bestela, errekak edo ibaiak ere bazirela. Aurkitu da, besteren artean, aurkitzaileak hominido hauek hankabikoak zirela baiestera eraman dituen tibia bat. Hortaz, Australopithecus anamensis honetan badira ingurune irekietan bizi zirelako frogak, bai mugitzeko erarenak, bai hortzenak.

3,7 eta 3 milioi urte bitarteari dagokionez, bada hobeto ezagutzen den hominido baten berri. Australopithecus afarensis du izena, eta Etiopiako aztarnategietan (batez ere, Afar Herriaren hirukiaren eskualdean), eta Tanzaniakoetan (Laetoliko aztarnategian) aurkitu dira bere fosilak. Mota honen fosil asko ezagutzendira, eta aski ondo gainera: mota honetakoa da hain zuzen ‘Lucy’ izenaz ezagutzen den hezurdura bat, bere motako eme baten eredu guztiz egokia. Oso txikia zen neurriz (105 bat cm eta 27 kg), burua txinpantze batenaren antzekoa zeukan, eta entzefaloa harena baino handixeagoa (txinpantzearenak 400 bat gramoko pisua du batez beste).

Tente ibiltzen zen, baina halere hankak, gure aldamenean, oso motzak zeuzkan.

Antzinatasun bereko beste hominido bat aurkitu berri da Txaden, Australopithecus bahrelghazali deitua. Ez da gauza handirik ezagutzen hominido honi buruz, zeren aurkitu diren hondakinak oso eskasak baitira.

Ondo dakigu, ordea, esmalte lodia zeukala atzeko haginetan.Hominidoen aniztea Duela 3 eta 2 milioi urteko fosilei dagokienez, ugariagoak dira hominidoen formak; horien artekoak dira australopiteko robustusak edo parantropoak (Australopithecus edo Paranthropus jeneroetan sailkatzen direnak): aparatu mastekatzaile ikusgarria zeukaten, oso hagin handiekin, txegosi aurretik ahoan prestatu behar diren landare gaiak prozesatu ahal izateko. Era honetako lehen mota Afrika ekialdekoa da (Paranthropus aethiopicus), eta duela 2,6-2,3 milioi urte artean bizi izan zen, Turkana aintziraren inguruan.

Paranthropus bosei motaren fosilak asko dira, 2,3-1 milioi urte artekoak, eta Etiopia, Kenya, Tanzania, eta, seguraski, Malawi hartzen dituen eremuan daude zabalduak.

Bere aurre-aurreko hominidoak baino handixeagoa bide du entzefaloa. Entzefalo handi hori, ordea, ez dator bat gorputzarekin; arrak 45 kg inguruko pisua zeukan, eta emeak 30 bat kg-koa (hau da, ‘Lucy’ren antzera). Bestalde, metro bat pasatxo bide zen motaren batez besteko garaiera. Paranthropus robustus hegoaldeko mota da; fosil guztiak Hego Afrikako aztarnategietan aurkitu dira, eta 1,8-1 milioi urte inguru dute.

Paranthropus bosei-rekin alderatuta, aparatu mastekatzailea ez dauka honek hain espezializatua; baina entzefaloaren neurria, garaiera eta pisua, antzekoak zeuzkaten.

Australophitecus Africanus da garai honetako beste mota bat. Beraren fosilak Hego Afrikako aztarnategietan bakarrik aurkitu dira, eta 3-2 milioi urte zahar dira. Hominido hauek haginak ez zeuzkaten parantropoek bezain espezializatuak, eta parantropoen bolumen berekoa zeukaten, gutxi gorabehera, entzefaloa.Lehen gizakiakHomo-ren fosilak Etiopiakoak dira, duela 2,3 milioi urtekoak, eta Hegoafrikakoak, duela 1,8 milioi urtekoak. Harrian zizelaturiko tresnak ere aurkitu dira fosil hauekin batera. Lehen harrizko tresnak zaharxeagoak dira (2,5 milioi urte), eta horiek ere Etiopian aurkitu dira. Puntu honetan erabateko adostasunik ez badago ere, zientzialari gehienak bat datoz harri zizelatua gizakiari bakarrik dagokion ezaugarria delakoan.

Aztarna eskas eta eztabaidatu batzuk alde batera utzita, Homo-aren lehen fosil esanguratsuak Homo habilis motari egozten zaizkio, zeina Etiopia, Tanzania eta Kenyako eskualdeak hartzen dituen eremuan bizi izan zen. Fosil hauen antzinatasuna ia 2 milioi urtetik 1,6 milioira doa. Lehen gizaki hauek oso tresna soilak egiten zituzten: aho zorrotz bat lortu arte landutako harri kozkorrak. Olduwaiko teknika esaten zaio harria lantzeko lehen modu soil horri.

Homo habilis hominidoak parantropoen eta australopitekoen antzeko neurria zeukan. Aparatu mastekatzailea ez zeukan oso garatua, baina bazuen moldaera berri eta berezi bat: entzefalo garatuagoa, bai neurrian (620 gr batez beste), bai egituran.

Izan ere, kanpoko morfologian gure antz handiagoa zeukan txinpantze, australopiteko eta parantropoena baino. Beraz, Homo habilis izan zen gizatiartzat jotzen diren ezaugarrietako bi zeuzkan lehen hominidoa, oso maila apalean bada ere: teknologia eta entzefalo handia, gainerako primateen ez bezalako antolamenduarekin.Gero eta gizakiago Homo habilis-aren bilakaeraz sortu zen Afrikan bakarrik bizi izan azken hominido mota. 1,8-1,4 milioi urte zahar da mota hori, eta Afrikako ekialdetik hegoaldeko azken mugaraino zabaldu zen. Homo ergaster da hau (zenbaitek Homo erectus-aren afrikar formatzat hartzen du). Mota honetan ere handitu zen entzefaloa, batez beste 800-900 gr iritsi arte. Baina lepotik beherakoa izan zen, seguraski, mota honetan izan zen aldaketa nabarmenena. Lau hankan ibiltzen ziren gure arbasoen herentziaz, lehen hominidoek, baita Homo habilis-ak ere, besoak ia hankak bezain luzeak zeuzkaten. Gainera, ikusi denez, txinpantzeak baino askoz handiagoak ere ez ziren, metroa pasatxo. Homo ergaster honek, berriz, ia gaur egungoaren neurria zeukan; aldaketa beraz oso handia da. Bestalde, Homo ergaster-ak harria lantzeko beste modu bat asmatu zuen, zailagoa, Achelense esaten zaiona. Tresna ikusgarrienak eskuko aizkorak dira: bi aurpegietatik landutako harriak, tresna simetrikoak berez, eta mutur bat puntaduna eta alde guztiak zorrotzak dauzkana.

Gizaki hauek, edo haien ondorengo zuzenak, prest zeuden jada historiako lehen kolonizazio handirako: Afrikatik atera, eta Europa eta Asiako ekosistemen aldera joan.

Antzinatasuna eta ezaugarri gehienak oso primitiboak dituela kontuan harturik, Ardipithecus ramidus mota bide da gainerako hominidoen azken arbaso komuna. Hori bezain antzinakoa ez bada ere, Australopithecus anamensis mota izan daiteke bere aurrekoaren edo ondorengoaren (Australopithecus afarensis) arteko bilakaeraren kate begia, eta horixe izan zen, ikerlari gehienen iritziz, ondorengo hominidoen arbaso komuna. Nolanahi ere, bada beste iritzirik, eta, horien arabera, Australopithecus afarensis parantropoen bilakaera katean legoke, eta Australopithecus anamensis bide da gizakien eta parantropoen aurreko azken mota komuna.

Gure jeneroaren (Homo habilis) lehen kideak Australopithecus africanus-en oso antzekoak dira; alde handiena entzefaloaren neurri handiagoa zuten. Hori kenduta, oso antzekoak dauzkate burezurraren gainerako parteen arkitektura eta morfologia. Zientzialari askoren aburuz, antzekotasun horien arabera, oso lotura estua dago Australopithecus africanus eta Homo-aren artean. Hipotesi horren arabera, Australopithecus africanusetik ez baina, orain dela 3,5 milioi urte inguru bizi izan zen baina oraindik aurkitu ez den haren kideko forma lehenagoko eta primitiboago batetik dator zuzenean Homo-a.

 

Afrikatik urruti

AitzindariakJavako uhartean azaldu diren giza hondakinak bide dira Afrikatik kanpo aurkitu diren zaharrenak. Argoi 39-argoi 40 teknikaz egindako azken datazioen arabera, 1,8 milioi urte zahar izan daitezke bertako giza fosilak.

Erabateko adostasunik gabe ere, ikerlari gehienek onartzen dute duela milioi bat urte baino lehenago iritsi zirela lehen gizakiak Javara, orain dela 1,5 milioi urte inguru seguraski. Javako fosilak Homo erectus-ari egozten zaizkio; Homo ergaster motaren oso antzekoa da, baina entzefaloa handixeagoa du (1 kg inguru), eta sendoagoa burezurra.

Duela 50.000 urte bakarrik bizi izan bide ziren Javako azken Homo erectus horiek.

Asiako kontinentean ere agertu dira horrelako fosilak, Zhoukoudiango txinatar aztarnategian bereziki; hortik dator “Pekingo gizon” ospetsua. Aztarnategi horretan aurkitu direnak duela 500.000-250.000 urte bitartekoak dira. Horrez gainera, Txinako beste lekuetan ere agertu dira mota honetako fosilak; dirudienez, orain dela milioi bat urte iritsi ziren, gutxienez, hominidoak Txinara.

1994. urtea arte, milioi erdi urte zeukaten Europan ezagutzen ziren giza fosil zaharrenek.

Gizakia hain berandu etorri zelaeta, kontinente hau gizakientzat desegokia zela pentsatzen zen (geografia eta klimarenberezitasunengatik), eta ezin izan zirela bertan bizi gure historiaren aldi aski hurbilago bat arte. Alabaina, 1994an, Burgosko Atapuercako mendietan (Gran Dolinako aztarnategian), duela 800.000 urte inguruko giza fosilak aurkitu ziren, Europan ere gizakia aspalditik bizi izan dela frogatu dutenak.

Atapuercako giza fosilak ez dira ez Homo erectus, ez Homo ergaster motakoak, ordu arte ezagutzen ez zen beste giza mota batekoak baizik: Homo antecessor. Giza mota hau Afrikan sortu bide zen (Afrikan oraindik ez da aurkitu adin horretako fosilik), duela 1,5 - 1 milioi urte bitartean, Homo erectus Afrikatik irten ondoren beraz. Sortu eta handik gutxira, Homo antecessor motako talderen bat Afrikatik joan eta Europara etorri zen. Ez da mota honetakorik ezagutzen Asia Ekialdean, eta baliteke hara ez iritsi izana, Homo erectus bertan zelako jada. Nolanahi ere, Homo antecessor-en bi taldeak, Afrikakoak eta Europakoak, zeinek bere bilakabidea izan zuen.Gizatalde modernoen sustraiakAfrikan aurkitu diren ondorengo fosilak, duela 600.000 urtekoak, ez zaizkie ez Homo ergaster ez Homo erectus motei egokitzen.

Entzefalo handiko gizakiak dira (1,2-1,3 kgko masarekin), eta ezaugarri anatomiko asko dauzkate gure motan baino aurkitzen ez direnak.

Gizatalde hau (Homo rodhesiensis), Homo antecessor-en biztanleria afrikarretik datorrena, Homo sapiens motaren arbasotzat har daiteke, zeina duela 120.000 urte inguru agertu zen Afrikan.

Bitartean, Europako Homo antecessor-ak bilakaera berezia izan zuen, beste mota bat ekarri zuena, Homo heidelbergensis. Ongien ezagutzen den giza mota fosiletako bat dahori, Atapuercako mendietako beste aztarnategi bateko aurkikuntzei esker (Hezurren Leizea).

Homo heidelbergensis hori duela 500- 220.000 mila urte bizi izan zen, Europan. Izan diren gizakirik indartsuenak bide ziren: batez beste, 1,70 bat m garai, eta 90 kg-tik gorako pisua bide zuten arrek. Batzuek geurearen neurri bereko garuna zeukaten, batez besteko neurria txikixeago zen arren. Aurkikuntzek adierazten dutenez, aurreneko aldiz gizadiaren historian, ez zituzten hilak kanpoan uzten, aitzitik, leku ezkutuetan pilatzen zituzten: dirudienez, hauxe da historiako hilobiratze erritu zaharrena. Homo heidelbergensis motak bere bilakaera izan zuen Europan, eta Homo neanderthalensis mota ekarri zuen, bere lurrak ustiatu, eta Palestina eta Asia Erdiko lurretaraino zabaldu zena duela 250.000 urte inguru.

Orain dela ia 100.000 urte, Homo neanderthalensis eta Homo sapiens-ek topo egin zuten Ekialde Hurbilean, gaurko Israelgo lurretan.

Horren ondorioz, neanderthalek hartu zuten Homo sapiens-en lekua, eta haiek jarraitu zuten eskualde horretan bizitzen, duela ia 60.000 urte. Garai horretan, Homo sapiens motakoak atera zituzten berriz Afrikatik berriz atera zen Europatik, baina orduko hartan neandertalak mugiarazi zituzten.

Asiara igaro ziren, han Homo erectus-ak desagerrarazi, eta Australiara iritsi ziren, itsasoz, duela ia 40.000 urte. Une horretan bertan, beste Homo sapiens batzuk etorri ziren Europara, eta neanderthalekin batera bizi izan ziren ia 10.000 urtez. Azkenik, duela 30.000 urte desagertu ziren neanderthalak, eta sapiens-ok bakarrik geratu ginen, planetako gizaki bakarrak.