Historia Unibertsala»Historiaurrea
Europaren Protohistoria
Historiaurrearen eta Historiaren arteko banaketa gogorregia gertatu zaie Europan aldi
hori aztertu duten eredu historiografiko guztiei. Hori dela-eta, onartzen da izan zela
aldi bat aski luzea (Protohistoria), zeinean idazkera ezagutzen zuten kulturek (alde horretatik,
erabat sarturik leudeke horiek Historian) harremanetan jarri ziren halakorik
ezagutzen ez zuten herriekin, eta horien berri eman zuten. Baldin onartzen badugu
Asiako Ekialde Hurbileko herriak eta Egeo ingurukoak izan zirela Historiako aurreneko
herriak, eta merkataritza harremanak izan zituztela Mediterraneo inguruko eta Europa
erdialdeko gizatalde askorekin, Protohistoriak, Europan, Brontze eta Burdin Aroak
ia osorik hartuko lituzke, ahaztu gabe aldi berean beste kultura eta gizarte gertaera
garantzitsuak ere izan zirela. Goian esandako guztiak Europan eta Ekialde Hurbilean
osorik betetzen badira ere, hortik kanpora ez dute inolako baliorik. Ameriketako kontinenteari
aplikatzen badizkiogu definizio klasiko horiek, Amerika erdialdeko kultura
multzo txiki bat baizik ez litzateke historikoa izango europar kolonizatzaileak bertara
iritsi zirenean, eta protohistorikoak lirateke berriz horiek inguratzen zituzten herriak.
Jendea, oro har, teknikoki Historiaurretzat hartzen den horretan biziko zen, nahiz eta
eginak eduki kultura maila handiko lanak. Areago, herri horiek ez baitzuten burdingintza
ezagutzen (ezta brontzegintza ere, gaur egun ezagutzen dugun moduan), oso primitiboak
gertatuko lirateke Kontinente Zaharreko sekuentzia klasikoa aplikatuz gero.
Hortaz, bereziki europarra da aipatu den eredua, Europa baita orain arte ongien ezagutzen
den planetako eskualdea.Ikerketaren historian, lehen unetik bertatik
geratu zen agerian gizadiaren historian
metala aurkitzearen gisako berrikuntza
tekniko batek izango zuen garrantzia.
Era horretan, Thomsenek egina zuen Historiaurrearen
lehen sailkapenean, bereizitako
hiru partetatik bi izendatzen ditu metalak:
Brontze Aroa eta Burdin Aroa. Metalgintzaren
jatorria Kalkolitos Aroko kobrearen
langintzari lotzen bazaio ere, langintza
horren ondorioz etorri ziren prozesu
sozialak eta ekonomikoak pixkana gauzatu
ziren Protohistorian zehar, edo, beste
era batera esanda, Burdin eta Brontze aroan
zehar.
Bi aldi horien izenek berek aipatzen
dute jada ezaugarri nagusia: batez ere metal
jakin bat erabiltzea (brontzeak berekin
dakar nahasturaren berriztatze teknikoa
eta kontzeptuzkoa; burdinak metalaren
erredukzio prozesu nekeza behar du,
eta metalezko lingoteak landu behar dira
gero). Alabaina, gogoan izan behar da
metala aurkitzeko prozesua, metalurgia
teknika berrien ikasketa eta horren guztiaren
zabalkundea ez zela homogeneoa
izan ezta Europan bertan ere, eta alde
handiak izan zirela leku batetik bestera.
Era horretan, eskualde batzuetan Kalkolitos
Aroko substratu bat gorde zen, eta
beste batzuetan berriz, aurreko usadioak
erabat aldatuta, kultura eredu berriak sortu
ziren.
Brontze Aroa
Oro har, esan daiteke K.a. III. milaldiaren
bukaera aldean, edo II. milaldiaren hasieran,
zein lurralde hartzen den kontuan,
hasten direla sumatzen Brontzezko Aroak
ezaugarri izango dituen lehen aztarnak. Lehen
unean, eta, Europa mendebalean batez
ere, brontzearen erabilera (kobre eta
eztainu nahastura) ez zegoen guztiz zabaldua,
eta gizarte hierarkia adierazten zuten
objektuekin zegoen batez ere lotua (armak
eta apaingarriak bereziki). K.a II. milaldiaren
erdialdetik aurrera (Erdialdeko Brontze
Aroan) hasi zitzaion brontzea kobreari argi
eta garbi nagusitzen, eguneroko gauzak
egiteko erabiltzen hasiak baitziren. Era berean,
metalurgiako gune handiak sortu ziren,
hala adibidez Iparraldeko Europan aurkitu
dena, lehengaiak hornitzeko gune bat
eta banaketa merkataritza sare sendo bat
bazirela adierazten duena (izan ere, ez baitago
eskualde horretan kobre edo eztainuzko
biltegi naturalik). Prozesu hori guztia
indartu egin zen K.a II. milaldiaren amaieran
eta I. milaldiaren hasieran: aurreramendu
tekniko berriak sortu ziren metala urtzeko
sistemetan; saioak egin ziren nahastura
berriekin; metal mota gehiago erabiltzen
zituzten arma, tresna, apaingarri eta abar
egiteko.
Lehengaien beharrak ?zilarra, kobrea,
eztainua, urrea eta anbarra? merkataritza harremanak
indartu zituen ?merkataritza horrenoinarriak lehendik ipiniak zeuden?,
elkarrengandik oso urrun zeuden eskualdeen
eta, batez ere, kultura taldeen artean
(Baltiko Itsasotik zetorren anbarra aurkitu
da Egeoko aztarnategietan). Harreman horiek
asko indartu ziren K.a. II. milaldiaren
aurretik, salerosketa gai berri bat zabaldu
zenean: gatza.
Bi ekonomia jarduera horietatik etorri
zen, metalgintzatik eta merkataritzatik alegia,
eskulangileek eta merkatariek gizartean
hartu zuten indar gero eta handiagoa. Era
berean, pentsa daiteke gero eta handiagoa
zela jarduera ekonomiko horiek menderatzeko
interesa. Ezin da zehatz erabaki nola
egituratu ziren gizarte hierarkiak prozesu
horren inguruan, ezta zein eragin izan zuten
ere. Baina meategi aberatsak zituzten
Europa Erdialdeko eremuetan bazeuden
Brontze Aroaren amaieran aro horren beraren
hasieran ez zeuden hilobi aberatsak.Ekonomia eta kultura mendekotasunezko
harremanen interpretazioa berriz aztertu
behar izan da, Egeoko herrien oparotasunak
uste okerra sortu izan baitu betidanik horri
buruz. Izan ere, Uneticeko Europa Erdialdeko
kulturak eduki zituen bere mendean
Europako salerosketa bide nagusiak, bitartekotza
eginkizunak baitzituen Baltikoaren,
Grezia mizenikoaren eta Britainiar Uharteen
artean. Eginkizun hori Tumuluen kulturak
beretu zuen Brontze erdialdean, eta Kutxa
Alorren kulturak (Urnenfeld) azken Brontze
aldian. Eskulangintzak garai honetan iritsi
zuen espezializazio handiagoaren alderdi
berri bat beira ekoizteko gaitasuna izan
zen, ordu arte trukez eskuratzen baitzen.
Ehorzketa zen aldi horretan heriotza
erritu ohikoena, baina ehorzketak era askotara
egiten ziren, eta orobat zen era askotakoa
hilobi hornien nolakotasuna (eta
horrek garbi adierazten ditu gizarte mailen
arteko aldeak). K.a. II. milaldiaren bukaeran
Kutxa Alorren kultura sortzeak ohitura
horiek aldatu zituen, eta une horretatik aurrera
gorpu erraustea zabaldu zen, Europa
mendebalean batez ere.
Ekonomiaren oinarriak aurreko aldietako
berak ziren -laborantza eta abeltzaintza-,
eta gauzak ez ziren aldatu Brontze
Aroan. Alabaina, jarduera horiek (laborantza
batez ere) biziki hobetu ziren goldearen
eta gurdiaren erabilerarekin, eta orobat
metalezko tresneriarekin. II. milaldiaren erdialdean
nekazaritza eta abeltzaintza indartu
ziren, eskaerak gora egin baitzuen. Jarduera
horiek, lehen bezala, aldian aldiko
ehiza, arrantza eta fruitu bilketarekin osatzen
ziren.
Brontze Aroan zeuden kultura anitzen
artean, Unetice, Otomani eta El Argar ziren
Europa erdialdeko eta mendebaleko kultura
nagusiak. Mediterraneoaren inguruan,
areagotu egin ziren lehendik ere baziren
kulturen arteko aldeak. Egeoan Minos, Ziklada
eta Heladetako zibilizazioak aurrerabidean
zeuden, baina Mediterraneoko gainerako
lekuetan ez zen aldaketa handirik sumatu
K.a. II. milaldia arte, eta baita I.aren
hasiera arte ere. Komeni da gogoratzea une
horretan sortu zela Mesopotamian Babiloniako
Hammurabiren Inperioa. Hurritek eta
kasitek inbaditu zuten eremu hori K.a. XVI.. endean, eta, bi mende geroago, Asiriako
Inperioa hasi zen osatzen. Bitartean, Egipton,
Inperio Berriak hartu zuen Erdiko Inperioaren
lekua, eta orduan hasi ziren
Itsasoko Herriak deriztenen sarraldiak.
Burdin Aroa
Aurreko aldian gertatzen zen bezala,
Burdin Aroa izenak ez du esan nahi metal
hori aldi hori arte ezagutzen ez zenik. SortaldeHurbileko arkeologia aztarnategietan
burdinez egindako gauzakien hondakinak
aurkitu dira, K.a. hirugarren milaldikoak, nahiz
eta horien langintzan erabiltzen zen prozesuak
ez duen zerikusirik I. milaldian zehar
garatu zenarekin. Alabaina, K.a. II. milaldian
hitite burdinaren ekoizpena ezagutzen
eta menderatzen zuten. K.a XII. mendetik
aurrera, Itsasoko Herrien inbasioen
ondoren, eta hititen inperioaren gainbeherarekin,
hasi zen zabaltzen burdinaren
ekoizpenaren sekretua. Teknologiaren Europako
mendebalaldera hedatzeko kulturen
arteko harremanak baliatu zituzten, Anatolia,
Mazedonia eta Traziaren ipar-ekialdearen
arteko kulturen artekoak, adibidez. Kolonizazioen
fenomenoak ere kultura horien
zabalkundea bultzatu zuen Mediterraneoan
zehar, ekialdetik mendebalera
Metalurgiaren munduan burdina sartzeak
iraultza tekniko bat ekarri zuen (fusio
tenperatura garaietara iristen diren labeak;
mea lantzeko teknika berriak; tresneria berezia
eta berria, etab.). Zailtasunak handiak
ziren arren, burdinaren ezaugarriak direlaeta
(lehengaia ia nonahi izatea, brontzeak
baino erresistentzia eta malgutasun handiagoa,
tresnak berriz urtu gabe konpontzeko
aukera, etab.), ekoizpena merkeagoa eta kalitatez
hobea izan zitekeen, eta gorabehera
horiek guztiek burdinaren hedapena erraztu
zuten. K.a 500 arte itxoin behar izan zen
(II. Burdin Aroaren hasiera) brontzezko tresnak
eta armak desagertuz joan zitezen, eta
burdinak har zezan bontzearen lekua, batez
ere egunero erabiltzeko gauzetan.
Burdin Aroan gizataldeen ekonomia oinarriak
lehengo berak ziren. Alabaina, produktibitatea
askoz handiagoa zen, bai burdina
erabiltzen zelako tresnak egiteko ?laborantzakoetan
batez ere: golde hortzak,
aitzurrak, etab.?, bai tresna berriak asmatu
zirelako (adibidez, sega). Era berean, berrikuntza
handiak egin ziren janariak prestatzeko
tresnerian ere, eta errota birakorren
erabilera zabaldu zen.
Garai honetako kultura mundu zabalaren
baitan, Burdin Aroan zehar gertaturiko
aldaketek eragin nabarmena izan zuten lehendikako
kulturetan. Oro har, ekialdeko
inperio handiek halako beheraldi bat izan
zuten, eta aginpide guneak mendebalalderantz
mugitu ziren. Mendebaleko Mediterraneoa
feniziarren eta greziarren salerosketa
bideetan sartu zelarik, eta bere hiriestatuak
hornitzeko herriguneak eta lantegiak
eraiki zirelarik, komunikabide berriak
sortu ziren, ondasun materialen trukea errazteaz
gainera, bestelako aurreramenduak ere
zabaldu zituztenak, hala dirua eta idazkera
alfabetikoa.
Mendebaleko Europan, hurrenez hurreneko
bi kulturekin lotu izan da usadioz Burdin
Aroaren aldizkatzea: Hallstatteko kultura
(I. Burdin Aroa) eta La Tènekoa (II. BurdinAroa). Alabaina, kulturak eskualdeka
aztertuz gero, aniztasun handia dago, eta
eskema hori ez da errealitateari aplikatzen
erraza. Ezaugarri nagusiei begiratuz gero,
Hallastatteko kultura Kutxen Zelaietako
kulturaren ondorengotzat har daiteke.
Hauek dira ezaugarri nagusi horiek: tumulu
azpiko ehorzketa (gurdiekiko ehorzketak),
gorpu errausteak indarrean jarraitu
zuen hala ere; Mediterraneoarekin eta Ekialdeko
estepetako biztanleekin egin zen kultura
eta salerosketa lotura; gatzagak ustiatzea,
eta merkataritza sendotzea. Herrigune
gehienak gotortuak ziren.
K.a. V. mendetik aurrera gora egin zuen
biztanleriak, II. Burdin Aroko gizatalde haien
oinarri ekonomikoak teknikoki hobetu izanaren
ondorioz. Ikerlarien artean ez dago
irizpide batasunik La Tèneko kulturaren
sorburuari dagokionez (atzerritarren eragina;
Hallstatteko kulturaren osagaiak beste
batzuekin nahastu izana, etab.). Mediterraneo
aldeko harremanak moteldu egin ziren,
eta ekialdekikoak indartu, eszitekikoak
batez ere. Bizilekuetan osagai berri bat agertu
zen, oppida direlakoak (hiri-gotorleku oso
zabalak); eta, dokumentuen arabera, antzeko
kopuruetan lurperatzen edota errausten
ziren gorpuak (agian, K.a. II. mendetik
aurrera gehiago dira gorpu erraustuak). II.
Burdin Aroko herrion berrikuntza bat da,
aurrekoekin alderatuz gero, testu klasikoetan
jada aipatuak agertzen direla (testu greko
eta erromatarretan), eta, hortaz, protohistorikoak
direla teknikoki. Erromaren indarrak
indargabetu egin zituen pixkana
kultura europar horiek.