Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Hedabideen eragina gizartean
Hedabideek gizartean duten eragina
pentsalari eta ikerle askoren kezka izan da
aspaldidanik. Britainia Handian Legebiltzarra
eta Koroaren arteko liskarretan prentsak
jokatu zuen papera, edota estatu modernoaren
eraikuntzan izan duen lekua, hainbatetan
aipatu izan dira. Denboran hurbilago,
kezka hau areagotu egin zen ikusentzunezko
hedabide berriak garatzen hasi
orduko. Zinema, irratia eta ?geroago? telebistaren
agerpenak hedabide hauen eraginahalmenarekiko
lilura ekarri zuen. Eraginahalmen
hori modu eta esparru ezberdinetatik
sumatu zen, politikagintza izanik esparru
horietako bat. Mendebaldeko Europan,
hedabide berriokiko kezkak kulturari
eta ideologia menperatzailearen birsorkuntzari
eragiten zietenaren inguruan azaleratzen
ziren, Frankfurteko Eskolako lanetan
bezala. Bitartean, EEBBetan hedabideek
herritarren jokabide politikoetan eragin litzaketen
ondorioei eman zitzaien lehentasuna,
geroago aipatuko ditugun zioengatik.
Interes honek, gainera, hamarkadetan iraungodu, eta hedabideen inguruko ikerketaren
lehen unetik ikus daiteke. Ez da kasualitatea,
beraz, «masa komunikazioaren ikerkuntza»
deitu izan denaren sortzaile nagusiak,
Harold D. Lasswell-ek (1902-1978)
alegia, «Propaganda Technique in the World
War» lanarekin hasiera eman izana, 1927an,
ikerkuntza lerro horri. Ez eta haren ondoren
etorri ziren izen handiak (P. Lazarsfeld,
C. Hovland eta beste zenbait) propaganda
politikoaren ikerkuntzari oso lotuta agertzea.
Gizabanakoarenganako ondorioak eta gizarteko eraginak
1930eko hamarraldiaren inguruan hedadura
handia zuten, jadanik, irratiak eta zinemak.
Esan dugun legez, Mendebaldeko
Europan medio berriek gizartean izan zezaketen
eraginaz galdetzen zen bitartean,EEBBetan interesgarriagotzat jotzen zen
hedabideak banako hartzaileari eragin liezaiokeenaz
galdetzea. Nolabait, masa komunikazioak
gizartera dakartzan eraldaketak
banako hartzaileengan eragindakoak
behatuz azter daitezkeelako ustea zegoen
honen azpian. Ikusmira gizartean barik gizabanakoarengan
jartzea ez zen gertatu,
haatik, kasualitate hutsagatik, ez eta gizartea
banakoen metaketa gisa ulertze hutsetik.
Aitzitik, lehenengo ikerketa hura baldintzatu
zuten eragileak kontuan hartu behar
ditugu planteamendu hau ulertzeko.
Batetik komunikazioa ulertzeko erabili ziren
erreferente teorikoek (psikologia konduktista
eta informazioaren eredu matematikoa)
gizabanakoa hartzen zuten mezuaren
hartzailetzat; eraginaren helburutzat alegia.
Izan ere, konduktismoari jarraiki, hedabideek
jaurtitako mezua estimulu gisa ulertuko
da, behar den moduan subjektu bati
aplikatuz gero ondorio jakina sortaraziko
duen ziri gisa hain zuzen. C. Shannon-en
informazioaren eredu matematikoan oinarritutako
ekarpenek, bestalde, ikusmira informazioaren
transmisioan jartzen dutelarik,
hartzaileak seinaleak jaso eta, deskodetzearen
ondoren, mezuak interpretatzen dituen
banako gisa ikusiko da.
Parametro teoriko hauetatik abiatzen
zen hausnarketak, bestetik, ikerkuntza burutzeko
baldintzekin egin zuen topo EEBBetan.
Herrialde hartan, Europan ez bezala,
ikus-entzunezko hedabideak gehienbat pribatuak
izaki, publizitatea zuten finantzabide
nagusi; eta publizitategileak hartzaileak
ezagutu beharra dauka. Hauxe izan zen,
hartara, lehenengo ikerkuntza bultzatu zuen
eragileetako bat: iragarleak hartzaileak ezagutzeko beti izan ohi duen interesa. Iragarlearen
ikuspegitik, jakina, bere mezuaren
helburua saldu nahi duen produktua eros
dezakeen pertsona da; hots, banako hartzailea
berriz ere. Iragarleekin batera ikerkuntza
bultzatu zuten beste batzuk politikariak
eta militarrak izan ziren, eta berauen
helburua antzekoa zen: lehenengoen kasuan,
boto emaileak beren «bezero» bihurtzea
zen xedea, bigarrenen kasuan mezu
pertsuatzaileen bidez soldaduak gerrarako
gogatu edo gogogabetzea (kideak edo etsaiak
diren arabera).
Aipatu iturburu teorikoek, eta ikerkuntzaren
baldintzek, zera plantearazi zuten:
hedabideek eragiten dituzten ondorioak,
bereziki mezua irentsi duen gizabanakoarengan
eragindakoak direla. Horrekin batera,
ondorioak epe laburrera sortaraz daitezkeen
eraldaketa gisa definitzen ziren. Ez
bestelakorik ez dagoelako, lehenengo ikerkuntza
hartan ikertu nahi zena kanpaina
zehatzen bidez pertsuasioa lortzeko modua
zelako baizik. Horixe baitzen iragarleek,
politikariek eta militarrek lehenengo une batetik
jakin nahi zutena (eta beraiek ordaintzen
zituzten ikerketok).
Hedabideek politikagintzan duten eragina
hausnartzean erabiliko den eredu nagusia,
beraz, horixe izango da lehenengo
une batean. Eredu hauxe da Harold D.
Lasswell-ek, hedabideak hartzailearen
gorputzean sartzen den xiringa hipodermiko
gisa definitzean, argiro laburbiltzenduena. Horrela ikusita, banakoak hedabidetik
hartzen duen mezuak igorleak lortu
nahi duen erreakzioa eragin dezake. Lasswellen
eredu teorikoak (Igorlea?Kanala-
Mezua?Hartzailea?Eragina), ikerkuntzarako
oinarriak jarri zituen, eta berori nagusitu zen
hasiera-hasieratik.
Eredu orokor hau aldatuz joan zen, ordea,
lehenengo ikerketa soziologikoak beren
ekarpenak agertzen hasi orduko. Lazarsfeld
eta beste ikerlari batzuk, «Informazio-jarioaren
bi urratsez» mintzatu zirenean,
hedabideetako mezuen eragina gizarteko
prozesuetan kokatuta ulertu beharra
azpimarratzen ari ziren. Honen arabera, hedabideek
jaurtitako mezuak ahotik ahora
ibiltzen dira hartzaileen artean, ibilaldi horretan
gizakien arteko harreman-sareetan
txertatuta geratzen direlarik. Eragina, beraz,
gizaki arteko harremanen eragina da, ez
hainbeste zuzenean hedabideak banako
hartzailearengan sortarazten duen ondorioa.
Eta gizaki arteko harremanen eragina are
handiagoa da, solaskideen arteko lotura
handia bada. Horrexegatik garrantzi handia
izango dute, eraginen jario honetan,
talde primarioek (familia, lagunartea) eta
iritzi-aintzindariek (hots, talde bakoitzaren
barruan besteen iritzia sortzean pisu nabarmena
duten pertsonek).
Soziologiatik eginiko ikerketa hauek
medioen eragin-bideen alderdi berri bat
erakutsi zuten, eta berehala konturatu ziren
horretaz marketing-a egiten zutenak(horren adibide lagunarteko eta familiako
eragin-sareez baliatzen ziren salmenta moduak
izan ziren). Deskubritutako alderdi
berria gizarteko dinamikarena da. Esan nahi
baita, hartzaileak bere burua hedabidearen
aurrean jartzen du, eta hark igorritako mezua
jasotzen, horrek nolabaiteko eraldaketa
eragin diezaiokeelarik. Baina hartzaile
hori gizarteko kidea da, eta bai hedabidearen
erabilera zein mezuak jasotzeko moduak,
bai geroagoko jokabideak, gizarteak
baldintzatuta daude, hein handi batean.
Horren arabera, hedabideetako mezuak gizarteko
paisaiaren beste osagai bat baino
ez dira. Kamutsa litzateke, beraz, ikuspuntu
horretatik, hedabideen eragina medio
batek mezuaren bitartez banako hartzaile
bati eragin diezaiokeen ondoriora mugatzea.
Hedabideen eragina gizarteko prozesuetan
Soziologoen lanak, esan dugun bezala,
ikuspuntu konduktista gainditu eta hedabideak
gizarteko prozesu zabalagoetan
kokatzen zituen. Horrekin batera, bestelako
ekarpenak ere izan ziren masa komunikazioaren
ikerkuntzan. Ikusi dugunez,
EEBBetako lehenengo ikerkuntzaren baldintzek
igorleak epe laburrera lor zezakeen
emaitza jartzen zuten ikerketen ikusmiran,
lortu beharreko eragina iritzi, jarrera edo
jokaera aldaketa gisa definitzen zelarik.
Izan ere, horixe baita hautesleak bere boto
emaile edo erosleak bere bezero bihurtu
nahi dituztenen interesa. Baina maila horietan
hedabideen jardunaren ondorioz
gerta litezkeen aldaketez gain, hartzaileen
ezagutza mailan ere izan daitezke aldaketak.
Eta, jakina, ezagutza mailan gertatzen
diren aldaketek errealitatea ikusteko gure
modua baldintzatzen dute. Eragin mota hau,
bestalde, metagarria da denboran zehar,
unean-uneko jarrera-aldaketaz gainera.
Eta honekin zera planteatzen da: ikerlariak
epe laburrera beha ditzakeen ondorioez
gain, epe luzera gerta daitezkeenak ere
behatu behar ditu.
Honek guztiak, hedabideen eragina beste
parametro batzuetatik hausnartzeko bidea
zabaltzen zuen. Batetik, epe luzerako
eragin metagarriez mintzatzen hasi ziren
ikerleak. Bestetik ezagutza mailako eragina
edo eragin kognitiboa azpimarratzen
zen. Hirugarrenik, ondorio hauek gizarteko
prozesuen barnean kokatu beharra aldarrikatu
zen. Laburtuz, honela azal daiteke
ondorioen ikerkuntzan zabalduko den
paradigma berria:
? Gizabanakoak errealitateaz egiten duen
definizioak haren aurrean izango duen
jokabidea baldintzatzen du.? Definizio hori gizabanakoak barneratzen
du, baina hein handi batean gizartean
eraikia da. Hots, sozialki eraikitako definizioa
du gizakiak.
? Hedabideak, gizarteko harremanetako
osagai diren neurrian, gizartean errealitateaz
egiten den definizioaren eragileak
dira, beste osagai askorekin batera.
Paradigma orokor horretatik ikerketa
lerro ezberdinak garatu dira, hipotesi ezberdinak
agertuz, eta «Ondorio kognitiboen
ikerkuntza» deitu izan dena osatuz. Azken
hamarkadetan oso emankor gertatu den
ikerkuntza lerro honetan, hedabideek eraginiko
ondorio ezberdinak agertu dira.
Horrela, ikerle batzuek urrunketaren hipotesia
plazaratu dute, zeinaren arabera hedabideen
eskuragarritasun eta erabilgarritasunean
jendearen artean dauden ezberdintasunek
ezagutza mailako aldeak sortarazten
baitituzte gizartean. Honen adibide
bat «informazioaren errepideena» litzateke:
informazioa guztien esku jarri beharrean
?ezagutzarako sarbidea demokratizatuz?,
teknologia berriok arrazoi ezberdinak direla
medio (ekonomikoak edo ezagutzazkoak)
erabil ditzaketen gutxiengoen esku
jartzen dira baliabide berriak, gehiengoarekiko
aldea areagotuz.
Beste ikerle batzuek hedabideetan agertzen
den munduak errealitateaz egiten dugun
irudian norainoko pisua duen aztertu
dute. Oro har, honako hipotesi honetatik
abiatzen dira: hedabideetan agertzen diren
errealitatearen islak maizago hartzen ditugu
kontuan gure mundu-ikuskera eraikitzean,
hedabideetan agertzen ez diren erreferentziak
baino. Hemendik abiatuta hedatu
den hipotesi ezagunena «Gai ordenaren
ezarketarena» da. Beronen arabera, gizarte
batean une bakoitzean garrantzitsutzat jotzen
diren auziak hedabideetan agerpen
handia dutenak dira. Hauetan agerpen txikia
dutenak eta aipatzen ez direnak, ordea,
ez dira garrantzitsutzat joko. Beste autore
batzuen hitzetan, hedabideek ez diote hartzaileari
esaten nola pentsatu behar duen,
zertaz pentsatu baizik. Hots, hedabideek
beren «gai ordena» ezartzen digute geure
pentsamoldean, geure elkarrizketetan, eta
gizarte mailan.
Gai ordenaren oinarrizko hipotesitik
abiatuta lerro osagarriak garatu dira hedabideen
eraginari buruzko ikerkuntzan. Soziologia
fenomenologikoa hipotesi honekin
uztarturik, errealitatearen gizarteko eraikuntzan
hedabideek duten garrantzia aztertzen
dute batzuek. Beste batzuek, telebistaren
eremura mugatuta, «landaketaren teoriaren»
bidez zera aztertu dute: telebistak agente
sozializatzaile gisa duen alderdia, ikus-entzule
trinkoek denboran zehar errealitatea
eta fikzioa parekatzera jotzen dutela argudiatuz.
Kodeak, testuak eta testuinguruak
Hedabideen eraginaren inguruko hausnarketan,
indar handia izan du mezuaren
lekuak. Aipatu ditugun arrazoiak direla
medio, ondorioaren eragiletzat mezua jo
izan da sarritan. Honen arabera, mezuak
bere baitan darama hartzaileari eragingo
dion ondorioa.
Semiotikak lehenik eta beste ikerketa
lerro batzuek geroago hankaz gora jarriko
dute ikuspuntu hau, komunikazioa mutur
batetik bestera doan transmisio gisa
ulertu beharrean seinale multzo baten inguruan
gertatzen den kodeen negoziaketa
gisa ulertzen dutenean. Oso argi agertzen
da ikuspegi aldaketa hau ?hartzaileari?
?irakurle? deitzen hasten zaionean:
hots, ez ditugu mezuak ?hartzen? (kanpotik
etorritako zerbait jasotzen dugunean
bezalaxe), ?irakurtzen? baizik (hots, deskodetzen,
modu aktiboan esangura bat
eraikitzen alegia).
Mezua, izan, seinale multzo bat da. Bera
osatu duen igorleak kode batzuen arabera
osatu du. Baina hartzaile edo irakurleak
bere kodeak ditu hura deskodetzeko.
Eta gerta daiteke kodeok igorlearen
kodeen antzekoak izatea, edo arras ezberdinak
(are gehiago kode denotatiboez
gainera konnotatiboak ere kontuan hartzen
baditugu). Beraz, irakurleak mezuaren
inguruan osatzen duen esangura edo
zentzuak eta igorleak igorri nahi zuenak
antzekotasun gutxi izatea gerta liteke. Eta
masa komunikazio egoera batean, kontuan
hartuta hartzaileak beren artean oso
ezberdinak izan daitezkeela (gizarte maila,
adin, kultura eta abarrei begiratuta)
kodeen parekotasunik eza ohikoa da.
Semiotikatik, horrela, egoera problematiko
gisa ikusiko da komunikazioa. Mezuaren
ordez testua aipatuko da, honekinplikazio sakonak dituelarik. Testuaz mintzatzeak
komunikazio egoera osoa kontuan
hartu beharra dakar: jasotako seinaleak,
hauen ondoan agertzen diren beste
osagai interpretagarriak, hartzaileak egoeraz
zein igorleaz egiten duen definizioa,
bere beharrak, e.a. Testuinguru konplexu
honetan osatzen du hartzaile-irakurleak
bere zentzua. Planteamendu hau muturrera
eramaten dutenek, hartzailearen ia erabateko
ahalmen eta askatasuna aipatuko
dute. Hots, hartzaileak du azken hitza eraginaren
kontuan, berak erabakiko duelako
jasotzen duen mezuaz zer egingo duen.
Planteamendu hau oso ondo ezkontzen
da hedabideek eraginik ez dutelako ideia
zahar eta liberalistarekin. Gaur egungo
gogoeta teorikoa, beraz, bi muturron artean
kokatzen da: testua erabakigarriena
dela diotenen muturra batetik, eta garrantzia
ia bakarra duena testuingurua dela
diotenena bestetik.
Erregearen jantzi berria eta Noelle Neumann-en kiribila
Andersenek kontatutako ipuinak ondo
baino hobeto islatzen du gizarteko presioak
noraino baldintzatzen duen gure jokabidea,
usteak plazaratzeko unean. Erregearen
jantzia ikusi, inork ez zuen ikusten;
baina denak isilik. Besteen isiltasunak, aldi
berean, norberaren ustearen bakardadea
areagotzen zuen, isiltasuna handiagotuz eta
ondorio perbersoa areagotuz. Prozesu hau
da E. Noelle Neumann-ek bere Isiltasunaren
Kiribilaren Teoria eraikitzeko oinarritzat
hartzen duena, gaur egun iritzi publikoa
ulertzeko tresna kontzeptual garrantzitsu
bat emanez.
Gizakia, dio Noelle Neumann-ek, izaki
soziala da, eta horrexegatik isolamenduaren
beldurrez bizi da. Gizarteak, bestalde,
isolamenduaz mehatxatzen ditu
desbideratutako banakoak. Gauzak horrela,
gizakiak etengabe behatzen ditu besteen
iritzi, jarrera eta jokabideak, haiengandik
ez bereizteko. Hau egia litzateke, gehienbat,
zama emozional handia daukaten
auzien aurrean (alegia, isolamendua eragin
dezaketen gaien aurrean). Auzi hauen
inguruan, gizakiak bere iritzi eta jarrerak
besteen antzekotzat hartzen baditu, arazorik
ez du izango beraiek jendaurrean agertzeko.
Baina besteenen aurkakotzat jotzen
baditu, gordetzera joko du, isolatua ez izateko.
Iritzi eta jarrera ?ezberdinak? isiltzen
diren neurrian, gehiengoaren iritzitzat agertzen
zenak gero eta indar handiagoa izango
du, iritzi disidenteen aurkako presioa
areagotuz eta kiribila zabalduz.
Maila psikosozialean gertatzen den fenomeno
hau gizartean nola gauzatzen den
aztertzen du Noelle Neumannek, eta hortxe
kokatzen du hedabideen indarra. Izan
ere, hedabideak dira gizartean ?besteen?
iritzi eta jarreren berri izateko dugun informazio
iturri nagusia, eta haien araberaegiten dugu, neurri garrantzitsu batean,
errealitatearen definizioa. Honek ez du
esan nahi, jakina, hedabideetan agertzen
diren iritzi eta jarrerak gizabanakoen artean
edo gizartean nagusiak direnik; baina
halakotzat hartu ohi dira, eta horren araberako
kiribil prozesua jar dezakete martxan
zenbait auziren inguruan. Teoria honen
arabera, beraz, iritzi publikoaz aritzean
gutxienez hiru osagai ezberdin bereiztu
beharko genituzke: publikoaren iritzia, gizabanakoen
iritzien metaketa gisa ulerturik;
iritzi publikatua, hedabideetan agertzen
den iritzi gisa ulerturik; eta iritzi publikoa
bera, gizarte batean nagusitzat jotzen den
iritzi gisa harturik.
Teoria honen inguruan zenbait galdera
geratzen da gehiegi azaldu gabe. Batetik,
kiribilaren eraginaren izaerari dagokiona:
hots, kiribilak eragiten duena isiltasun hutsa
da (iritzi disidentea gordetzea) ala aldaketa
ere dakar (hots, iritzi disidentea alde
batera utzi eta nagusitzat hartzen denarekin
bat egitea)? Lehenengo kasuan, ikertubeharko litzateke zein baldintzatan plazara
daitekeen isildutako iritzia, agian kiribil
berriari hasiera emanez (horixe gertatu da
zenbait erreferendum politikotan, non alderdi
politiko eta hedabide gehienek jarrera
bera hartu arren, boto emaileek beren
boto sekretuan beste aukera bat egin
duten). Bestetik, hedabideek iritzi edo jarrera
bat nagusiki agertzen dutenean, zertan
oinarritzen diren argitu beharko litzateke:
beren interesetan, gizartean jendaurrean
agertzen diren iritzi eta jarreretan
(nahiz eta banakoen jarreren metaketa
zuzena izan ez), eta abarretan.
Isiltasunaren Kiribilaren Teoriari egin
zaizkion kritiken artean gizarteko kontrolaren
garrantziaz egiten duen analisi funtzionalistari
eginikoa dugu aipatuenetakoa.
Irekitzen dituen bide berrien artean, azkenik,
eremu publikoaren eta eremu pribatuaren
eraikuntza ulertzeko edota, soziolinguistikan,
egoera diglosikoetako jokabideak
ulertzeko eskaintzen dituen aukerak
aipa daitezke.