Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Hauteskunde sistema

 

Sarrera

Hauteskundeetan hautagai edo alderdi politiko asko izaten da lehian. Bada, horien artetik ordezkaritza postuak nori edozeini egokituko zaizkion ezartzen duen metodoari deritza hauteskunde sistema.

Zenbaitetan, sinplifikatu egiten da hauteskunde sistemaren definizioa, eta pentsatzen da sistema hori botoak aulki bihurtzea besterik ez dela (aulki horiek osatuko dute gero ordezkarien ganbera, dela udal batean, dela parlamentu batean...). Egia esan, ordea, hauteskunde sistemak hiru dimentsio funtsezko eta elkarren mendeko ditu hauteskunde emaitzak ordezkaritza politiko nola bihurtu erabakitzeko orduan:Hauteskunde sistemak zehazten ditu hiru dimentsio horien ezaugarriak, eta, beraz, hauteskunde sistema hori oso faktore garrantzitsu bihurtzen da hauteskunde bidez gobernatzen diren sistema politikoetan, hauteskundeen emaitzetan beretan eragiten baitu hein handi samarrean.

Dimentsio horietako bakoitzari buruz aritu aurretik, esan behar dugu hauteskunde prozesu osoa xedapen legalez arauturik dagoela, eta xedapen horiek mugatzen dituztela hauteskunde horretako urratsak oro, hasi hauteskunde deitik, eta aukeratutako hautagaitzen izendatzeraino. Hala, hauteskunde kanpainaren iraupena, komunikabide publikoen erabilera, inkesten argitarapena.... enak arauturik daude. Xedapen legal horiek guztiek –zeinak normalean lege bakar baten gisa (Hauteskunde Legea) etortzen baitira– Hauteskunde Zuzenbidea osatzen dute. Hauteskunde sistemaren berezitasuna zera da: haren izaera juridikoa gorabehera, aipatuta hiru dimentsioek ondorio politikoak dituzte; hau da, eragina dute hauteskunde emaitzetan.

 

Hauteslearen erabakia

Hauteskunde sistemak izugarri baldintzatzen du hauteslearen aukeratzeko ahalmena, eta hautagaitza ereduaren bitartez egiten du hori; hots, bozkatzeko papertxoa aurkezteko eraren bidez. Horri dagokionez, bi mota bereizten dira funtsean: hautagaitza nominala edo pertsonala, eta zerrenda hautagaitza. Lehenengoan, hautesleak hautagai bakar, jakin eta ezagun bati ematen dio botoa, ahalmen osoa dauka bera nork ordezkatzea nahi duen aukeratzeko. Zerrenda hautagaitzan, aldiz, botoa alderdi batek aurkeztutako hautagai zerrenda batentzat da. Kasu horretan, botoak ez dira zerrenda horretan ageri den hautagai jakin bati emandakotzat bezala kontatzen, baizik eta zerrenda osoari emandakotzat bezala. Gero, dagozkion aulkiak jasoko ditu zerrenda horrek, eta aulki horiek zerrendako aurrenekoen artean banatuko dira. Hala, baliteke gertatzea, askotan bezala, hautesleak zerrendan begiko zuen bati emandako botoaz alderdiak beste hautagai bat aukeratzea, nahiz eta ez izan hautesleak aukeratu nahi zuena.

Zerrenda hautagaitza premisa batetik abiatzen da: herritarren iritzi politikoen ordezkaritza ez dagokio hautagai banari, alderdiari baizik, eta, hauteskundearen bidez, alderdien ordezkaritza behar da jarri parlamentuan, parlamentu hori gizartearen isla zintzoa izan dadin. Hortik ondorio logiko bat ateraten dute alderdiek: alderdia zein hautagaik ordezkatu, alderdiaren esku dago, ez hautesleen esku. Hautesleek gauza bakarra erabaki dezakete beren botoez: zelako indar erlazioa izango den ganberako alderdien artean. Dena dela, zerrenda hautagaitzetan ere ireki dira poliki-poliki bide batzuk, eta orain hautesleak badu esku pixka bat hautagaien aukeraketan. Ildo horretan, zerrenda hautagaitzak hiru eredu eskaintzen ditu:

 

Hauteskunde barrutia

Hauteskunde esparru osoaren zati geografiko bat da hauteskunde barrutia. Salbuespenak salbuespen (Knesset edo Israelgo parlamenturako hauteskundeak, esaterako), normalean, hauteskundeek hartzen duten lurralde osoa zati txikiagotan banatzen da: hauteskunde barrutiak. Hauteskunde barruti bakoitzari halako aulki kopuru bat izendatzen diote, eta barruti barruko hauteskunde emaitzak aginduko du aulki horiek zein alderdiri dagozkion. Azkenik, barruti guztietako emaitza partzialen batuketak emango digu parlamentuaren osakera.

Hauteskunde lurralde osoa hauteskunde barrutietan banatzeak, jakina, hasieran dirudien baino garrantzi handiagoa du.

Egia esan, gai hori funtsezkoa da, barrutiei buruzko erabakia erabat politikoa baita, ez teknikoa, eta horrek zuzenean eragiten dio hauteskundeen emaitzari. Hauteslekuak ere hauteskunde lurraldearen banaketa bat dira, baina hori bai dela zatiketa administratiboedo tekniko hutsa: hauteskunde barrutiak berak zati txikiagotan banatzen dira, herritarren bozketa errazteko, horiek bozkalekutik gertu bizitzea dela irizpidea. Hauteskunde barrutiaren izaera politikoa da, beraz; barrutia ez da bakarrik lurraldearen zati bat, aulki kopuru jakin bat ere bada, eta barruti barruko botoen banaketak aginduko du aulki horiek nola banatu. Hauteslekuek, aldiz, bildu egiten dituzte botoak bakarrik, ez aulki bihurtzen horiek, eta, horregatik, barrutiko hautesleku guztietako emaitzak batu beharko dira, barruti horretako aulkien banaketa egiteko.

Hauteskunde barrutia, beraz, oso inportantea da, halako aulki kopuru bat dagokion lurraldea baita. Alabaina, zenbat aulki banatzen dira barruti batean? Edo, hobeto oraindik, aulki kopuru bera banatzen al dute barruti guztiek? Ez beti. Bada, aulkiak banatu ahal izateak bereizten badu hobekien barrutia, eta barrutiek aulki kopuru desberdinak bana baditzakete, logikoa da pentsatzea barrutiak mota ugaritakoak izan daitezkeela. Eta, gainera, haien maila bertan jokoan diren aulkien kopuruaren araberakoa izanen da. Horri barrutiaren tamaina edo magnitudea deitzen diogu, baina izen hori ez da hedadura geografikoaz edo hautesle kopuruaz ari, baizik eta hari dagokion aulki kopuruaz. Hauteskunde barrutiak bi eratakoak izan daitezke funtsean: aulki-bakarrak eta aulki-anitzak.

• Barruti aulki-bakarrak Aulki bakarra banatzen da; hots, barrutiko hautesleen botoak aulki bakarragatik lehiatzen dira.• Barruti aulki-anitzak Aulki bi edo gehiago banatzen dira hor.

Barruti aulki-bakarrak, jakina, txikiak dira definizioz, aulki bakarra banatzen baita. Barruti aulki-anitzak, aldiz, hiru eratakoak izan daitezke: txikiak (6 aulki baino gutxiago), ertainak (6 aulkitik 10 aulkira bitartean) eta handiak (10 aulki baino gehiago). Ohartarazi behar da hauteskunde barruti guztiak ez direla homogeneoak izaten beti hateskunde sistema berean, tamaina desberdinetakoak ere izaten direla maiz.Hauteskunde barrutiaren tamainak zuzeneko eragina du hautagai edo alderdi desberdinek eskuratutako botoak aulkitan zintzo islatzeko posibilitatean. Aulkiak ezin dira zatitu, eta barrutia aulki-bakarra denean, hautagaitza batek bakarrik jasotzen du hauteskunde saria (aulkia); hau da, barrutiaren ordezkaritza osoa alderdi baten esku geratzen da, eta –barrutiko boto guztiak alderdi horrentzat ez baziren, behintzat– hori ez da barrutian alderdi askoren artean banatu diren botoen isla zuzena.

Normalean, ez dira hautagaitza bakar batenak izan ohi barrutiko boto guztiak, hauteskundeetan alderdi desberdin asko izaten baita boto eske. Beraz, esan daiteke barruti aulki-bakarrek desitxuratu egiten dutela beti hauteskunde emaitza, botoak aulki bihurtzeko unean. Baina, kontuz, ez soilik barruti aulki-bakarrek. Har dezagun, adibidez, barruti aulki-anitz bat, non 2 aulki banaten diren, eta bi aukera bakarrik dagoen: edo alderdi batek eskuratzea ordezkaritza osoa (2 aulkiak), edo bi alder-NBEren ikuskaritzapean Mozambiquen egindako hauteskundeak (1994).<br><br>

 

Hauteskunde formula

Hauteskunde sistemaren hirugarren osagai funtsezkoa da hautagaitza bakoitzak lortutako boto kopuruari zenbat aulki dagozkion zehazten duen hauteskunde formula.

Hau da, nola bihurtu botoak aulki. Bada, kalkulu matematikoetan oinarritutako prozedura batzuk baliatzen dira horretarako, eta bi motatakoak dira prozedura horiek funtsean, aulkiak banatzeko irizpide orokorarri dagokionez: gehiengoen formulak eta formula proportzionalak.

• Gehiengoen formulak Gehiengoen formulek, egia esan, ez dituzte kalkulu matematikoak erabiltzen, baizik eta boto gehien jaso duen hautagaitzari ematen dizkiote zuzenean barrutiko aulki guztiak. Gehiengo formulen barruan bi modalitate bereizten dira: – gehiengo absolutu edo kualifikatuaren formula, – gehiengo erlatiboaren formula.

Lehenengoaren kasuan, hautagaitza irabazleak botoen erdiak baino gehiago eskuratu behar ditu, barrutiko aulkiak bereganatzeko; bigarrenaren kasuan, aldiz, aski da beste alderdiek baino boto gehiago eskuratzea.

Jakina, gehiengo absolutuaren formula erabiltzen denean, baliteke hauteskundera aurkeztu den inongo hautagaitzak ez lortzea boto guztien erdiak gehi bat;beraz, formula hori erabiltzea onartzen denean, zehaztu egin behar dira, halaber, kasu horietan jarraitu beharreko urratsak. Normalean, bi itzuliko hauteskundea antolatzen da. Lehen itzulian, hautagaitza batek botoen gehiengo absolutua lortu duen barrutietako aulkiak esleitzen dira. Gehiengo absoluturik izan ez den barrutietan, berriz, bigarren itzuli bat egiten da, eta, orduan, edo lehen itzuliko bi hautagaitza nagusiei bakarrik uzten zaie aurkezten, edo, bestela, hauteskunde formula aldatzen da, eta gehiengo erlatiboa aukeratzen.

• Formula proportzionalak Formula proportzionalek, aldiz, era proportzionalean banatzen dituzte barrutiko aulkiak. Hau da, hautagaitza bati egokitu zaion aulki kopurua hautagaitza hark lortu duen boto kopuruaren isla zuzena da. Kasu horietan ere bi eredu desberdin aurkituko dugu: – hauteskunde kozientearen formula – zatitzaile prozedurak – Hauteskunde kozientearen premisa hauxe da: halako boto kopuru jakin bati (hauteskunde koziente) aulki bat dagokio.

Hauteskunde kozientea ateratzeko, nahikoa da barrutian eman diren boto guztiak barrutiari dagokion aulki kopuruaz zatitzea (emandako botoak/aulki kopurua = hauteskunde kozientea). Gero, hautagaitzen boto kopuruak zatitzen dira aurreko operaziotik irtendako hauteskunde kozienteaz, eta kozientearen zenbat halako atera dituen hautagaitza bakoitzak bototan, halako aulki kopurua egokituko zaio. Esate baterako, barruti batean 10.000 boto kontatu bada hautzagaitza guztien artean, eta barruti horretan 5 aulki banatzen bada, hauteskunde kozientea 2.000 boto izango da (10.000 boto/5 aulki = 2.000 boto). Hauteskude kozientearen formulak dio 2.000 boto behar dela , aulki bat eskuratzeko. Hala, hautagaitza batek 4.000 boto bereganatu badu –barrutian eman diren 10.000tik–, 2 aulki dagokio hautagaitza horri (4.000/2.000 = 2).

Problema da, noski, hauteskunde kozientearen formulak ez duela aulkien banatze oso bat egiten uzten, hautagaitzek ez baitituzte, normalean, kozientearen multiplo zehatzak lortzen bototan. Demagun, adibidez, aurreko kasuan 3.700 boto jaso dituela hautagaitzak, ez 4.000. Bada, hautagaitza horrek aulki bat bereganatuko luke lehen 2.000 botoengatik, baina gainerako 1.700 botoek ez liokete bigarren aulki bat eskuratuko, 2.000 boto baita hauteskunde kozientea. 1.700 boto horiek eta beste hautagaitza bati sobratu zaizkion 300ek 2.000 botoko hauteskunde koziente bat osatzen dute, eta, hauteskunde kozientearen formularen premisaz, aulki bat jaso behar lukete;baina aulki hori jasotzeke geratu da. Horregatik, hauteskunde sistema batean hauteskunde kozientearen formula aukeratzen denean, beharrezko prozedurak zehaztu behar dira gero, lehenengo aldian zuzenean esleitu ez diren aulkiak banatzeko. Prozedura horiek era honetakoak izan daiteke: soberakin handiena (soberakin handienak dituzten hautagaitzei ematen zaizkie, hurrenez hurren, aulkiak), soberakin txikiena (aurreko prozeduraren kontrakoa) edo batez besteko handiena (hartu hautagaitza bakoitzak lehen banaldian lortutako aulkiak, eta haien boto kopuruaz zatitzen dira; eta aulkiko boto gehien duten hautagaitzei banatzen zaizkie, hurrenez hurren, gainerako aulkiak).

– Hauteskunde kozientearen formulak ez bezala, zatitzaile prozedurenek banatzen dituzte aulki guztiak lehen banaldian, eta mekanika errazagoa eskaintzen dute, halaber. Honela da gauza: zatitzaile sail jarraitu bat aplikatzen zaie hautagaitzek lortutako boto kopuruei, eta kozienteak handienetik txikiagora konparatuz esleitzen dira aulkiak. Zatitzaile sail ugari dago, eta hauek dira ezagunenak: D’Hondt (1, 2, 3, 4...) eta Saint Lague (1’4, 3, 5, 7...). Adibidez, D’Hondt-en saila aplikatu nahi badiegu hauteskunde emaitza batzuei, hartu hautagaitza bakoitzaren boto kopuruak, eta honela zatituko ditugu: 1ez, 2z, 3z...(banatu beharreko aulki kopuruak agintzen dueneraino), eta, gero, hautagaitza guztien emaitzak konparatuz, aulkiak banatzeari ekingo diogu, zifra gorenetik hasirik, eta beherantz, aulki guztiak banatu arte.Jakina, hauteskunde formula bat ala bestea erabiltzea ez da kontu neutrala.

Esan dugu lehen ere, nahikoa garbi: hauteskunde sistema osatzen duten dimentsioek ondorio politikoak dituzte; hau da, eragina dute hauteskundeen emaitzetan.

Hateskunde formulek onura egiten diete alderdi batzuei, eta kalte beste batzuei; alegia, boto kopuruz dagokien baino aulki kopuru handiagoa edo txikiagoa ematen diete alderdi horiei. Gehiengoen formulek alderdi handiei egiten diete mesede, eta, aldiz, zaildu egiten diete alderdi txikiei ordezkaritza ganberetan sartzea, alderdi txiki horiek ez badituzte behintzat gehiengo diren barrutietan kontzentratzen beren botoak. Boto gehien lortzen duten alderdiek are abantaila handiago dute gehiengo erlatiboaren kasuan, zeren –gehiengo absolutuak eskatzen duen bigarren itzulia dela-eta– alderdi txikienei bide bakarra geratzen baitzaiei soilik: beren laguntza negoziatzea bigarren itzulian lehiatuko diren alderdi nagusiekin. Formula proportzionalek, aldiz, askoz zehatzago islatzendute hautesleriaren aukera politikoen banaketa, baina inongo formulak ez du erabateko proportziorik iristen. Hala, bada, hauteskude kozientearen formulak eskaintzen du, printzipioz, proportzio handiena, boto neurri bera jartzen baitu aulki guztientzat.

Baina, gero beste prozedura batzuk erabili behar dituenez aulki soberakinak banatzeko, formularen printzipioa distortsionaturik gertatzen da. Eta ikusten dugu soberakin handienaren eta batez besteko handienaren metodoek alderdi handiei egiten dietela onura, eta soberakin txikienaren metodoak, berriz, alderdi txikiei egiten diela. Azkenik, esan behar da zatitzailearen prozedurak –ez hain hobengabeak– XIX. mendeko matematikari handien emaitza direla. D’Hondt sailak boto gehieneko alderdiei egiten die mesede, eta alderdi txikiei kalte. Saint League sailak alderdi ertainei egiten die fabore.

 

Hauteskunde sistema eta ordezkaritza politikoaren izaera

Esan dugu, hasieran, hauteskunde sistemaren hiru dimentsioak elkarren mendekoak direla. Esate baterako, barruti aulkibakar bat jartzen bada, ez du zentzurik zerrenda boto bat proposatzeak, ez eta zatitzaile prozedura bat aplikatzeak jokoan den aulki bakarra banatzeko. Beste hitz batzuetan esanda, garbi utzi nahi da hauteskunde sistema osotasun bat dela, ezin daitekeela bere osagaien batuketa huts gisa har. Horregatik erabiltzen da sistema hitza.

Eta sistema hori izugarri garrantzitsua da hauteskundeak egiten dituzten sistema politikoetan, ez sistemaren dimentsioen ezaugarriengatik, baizik eta hauteskude emaitzetan –eta, zehazkiago, ordezkaritza politikoaren izaeran– duen eraginagatik.

Halatan, hauteskunde sistemak gehiengoen sistematan eta sistema proportzionaletan banatzen dira. Hauteskunde formulen mailan egiten zen banaketarekin duen antzagatik, aulkiak banatzeko formularen izaerara mugatzen da, batzuetan, hauteskunde sistemaren gaia. Alabaina, ikusi dugu nola barrutiak edo, hobeki esan, barrutiaren tamainak, eragin inportanteak izan ditzakeen, erabiltzen den hauteskunde formula erabiltzen dela ere. Egia esan, hauteskunde sistemaren izaera gehiengozko edo proportzionala hobeto ulertzen da hura taxutzen laguntzen duen ordezkaritzaprintzipioari begiratuz gero. Eta ordezkaritza hori bi eratakoa izan daiteke: – ordezkaritza funtzionala; – ordezkaritza soziologikoa.

• Ordezkaritza funtzionalak gehiengoak sortzea erraztea, gobernu iraunkor bat sortu ahal izateko proposatzen du. Horregatik, hauteskunde sistema era jakin batean antolatu behar da, botoak aulki bihurtzean alderdi nagusiaren edo nagusien aldeko joera bat gerta dadin, hala gehiengo garbi bat sortuko baita ordezkaritza ganberan, eta, orobat, hautesleriaren asmo aldaketa denean ere, hauteskunde sistemaren joera hori alternatiba politikoaren alde ari dadin orduan, horrela erraztu egiten baita botereko alternantzia politikoa. Gehiengozko joerek, hau da, gobernu mota jakin bati eusten dion gehiengo garbi bat sortzeak, lagundu egingo die, gainera, hautesleei alderdi irabazlearen lana identifikatzen; hurrengo hauteskundean, hautesle horiek garbi edukiko dute alderdi horren gobernu lanak saria ala zigorra merezi duen, eta berriro gobernuaren alde bozkatuko dute, edo, bestela, oposizioko alderdia bihurtuko da gehiengo, sistemak alternatibaren alde duen eraginaz.

• Ordezkaritza soziologikoak dio, aldiz, ordezkaritza ganberak ispilu batek bezain fidelki islatu behar duela gizarteko aukera politiko guztien banaketa, aukera politiko bakoitza jasotako botoen proportzioan ordezkaturik egon dadin han. Beraz: zenbat boto, hainbat aulki, ahalik eta estuen neurtuta. Eta ganberan ordezkaturik dauden ikusmoldeek erabakiko dute zer gobernu mota eratu: alderdi batekoa, hautesleek hala nahi izan badute, ala alderdi askoren koaliziokoa, bakoitzak berez gehiengorik ez duelako.

Laburtuz, ordezkaritza era bat edo bestea aukeratzeak hauteskunde sistema gehiengozkoa edo proportzionala onartzera eramango du. Teoria politikoaren ikuspegitik begiratuta, bi ereduak dira baliozko eta demokratiko. Baina esan behar da gehiengozko sistemak oso bidegabeak gertatzen direla gizartean aukera politiko inportante ugari dagoenean, eta egokiagoa dela kasu horietan sistema proportzional bat jartzea.

Dena dela, eta bukatzeko, hau azpimarratu nahi genuen:• gehiengozko sistemek desproportzio bat suposatzen dute beti botoen eta aulkien artean, eta proportzionalek, aldiz, proportzioa bilatzen dute (handiagoa edo txikiagoa) batzuen eta besteen artean; • hauteskunde sistema baten elementu guztien eragin konbinatuak, jakina, ordezkaritza mota jakin bat lortzeko helburuari erantzuten dio beti.