Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Hauteskundeak

Hauteskundeek erabat libreak behar dute izan eta boto emaile guztien botoek balio berbera dute, dena delakoa beren adina edo gizarte maila.<br><br>

 

Hauteskundeak eta ordezkaritzazko gobernua

Hauteskundeak, hitz gutxitan esanda, hauxe dira: multzo antolatu bateko (estatu, auzo elkarte...) kide guztiek edo batzuek, prozedura arautu baten bidez, beren arteko bat edo batzuk aukeratzea, multzo horretako arduradun edo agintari izan dadin/ daitezen. Ikuspegi horretatik, bada, hauteskundeak aitzindariak, ordezkariak etab.. zendatzeko teknika bat baizik ez dira (badira beste batzuk ere: oinordetza, hautakidetza, konkista...). Beraz, hauteskudeen berezitasuna ez datza helburuan, baizik eta prozeduran: hautesleek (botoa emateko eskubidea dutenek) boto bana ematen dute, eta boto horiek, gero, multzoak aurretik ezarritako eta onartutako metodo baten bitartez, aginpide bat ematen dute. Ordea, hauteskunde teknika nagusitu da poliki-poliki, batez ere XIX. mende hondarretik, eta gaur egun ia munduko herri guztietan aurki daiteke forma batean edo bestean. Jakina: herri horietako hirutik batean ere ez dira hauteskunde zinez demokratikoak egiten.

Ordezkaritzazko demokrazia gisa antolatuta dauden sistema politikoetan nahitaezkoa da hauteskundeak libreak izatea.

Historikoki, ordea, hautatze nozioa ordezkaritza politikoaren kontzeptua baino askilehenagokoa da. Hala, polis grekoetan eta Erromatar Inperioan erabili zen hautatze teknika; bai eta Aita Santua izendatzeko ere, Erdi Arotik hasita. Aldiz, XVIII. mendetik aurrera (hor hasi baitzen teoria politikoa ordezkaritzazko gobernu sistemaren ideia zehazten) baizik ez da bihurtzen hauteskunde sistema herritarren parte hartze politikoko bide nagusia. Ordezkaritzazko gobernu erak esan gura du herritarren izenean gobernatzen duen sistema politiko bat dagoela; beraz, herritarrei ere badagokie komunitate osoan eragina izango duten erabakien egileak aukeratzea. Herriak hautatutako ordezkari batzuen bidez egiten da hori, ahalmena horien eskuetan utziz. Ordezkaritzazko eredu politiko hori demokratikoa da gainera, herritar guztiek har baitezakete parte ordezkari hautaketan. Ordezkaritza eta hautatze kontzeptuen arteko lotura gero eta estuagotik, eta parte hartzearen ideal demokratikoak lagundurik, aldaketa etorri da: harrezkero, gobernuek, gero eta neurri handiagoan, herritarren onespenean bilatzen dute beren zilegitasuna, eta, aldiz, herritarrek ere eskatu dute gobernuaren osaketan parte hartzeko eskubidea, hauteskundeen bitartez.

 

Botoa emateko eskubidea

Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egin aurretik, ordea, zera zehaztu behar da: nork duen botoa emateko eskubidea (sufragio eskubidea). Zehazki esanik, sufragio kontzeptuaren barruan bi eskubide dira: botoa emateko eskubidea (sufragio aktiboa) eta botoak jasotzeko eskubidea (sufragio pasiboa), baina gu lehenengoari lotuko gatzaizkio batez ere. Eskubide horrexek islatzen du ongien hauteskunde prozeduraren demokratizazioa. Egia esan, eskubide hori hedatu nahiak piztu zituen ordezkaritzazko demokraziako lehen garaietako borroka handienak, klase menderatzaileak eskubide horren aurka baitzirenbeti. Izan ere, garai batean sufragio mugatua zegoen; hau da, biztanleriaren zati batek bakarrik bozka zezakeen. Gero, halere, Frantses Iraultzak aldarrikatutako igualitarismoaren printzipioari esker, hedatu egin zen astiro-astiro sufragio eskubidea. Alabaina, XX. mendea iritsi eta dezente geroago (inperio kolonialen ezkutatzearekin eta indibidualismoaren garaitiarekin) lortu zen botoa eskubidetzat –eta ez pribilegiotzat– hartzea (gizaki bat = boto bat printzipio ospetsua), eta orduan agertu ziren hautesle masa handiak.

Sistema demokratikoko sufragioak esan nahi du, beraz, herritar guztiak maila berekoak direla, herritar guztiek dutela komunitatearen zuzendaritza politikoaren osaketan parte hartzeko eskubide bera. Sufragio eskubidea unibertsala, berdina, librea, ezkutukoa eta zuzena da:

 

Eskubide unibertsala

Ez da inongo bereizkeriarik ametitzen botoa emateko eskubideari dagokionez; herritar guztiek dute bozkatzeko eskubidea, diren sexu, arraza, erlijio, errenta, heziketa edo alderdi politikoetako direla. XIX. mendean, errenta maila jakin batetik gorako gizonezkoek bakarrik zuten bozkatzeko eskubidea, eta mende azkenean hedatu zen eskubide hori gizonezko guztiengana.

Emakumeek, ostera, gutxienez Lehen Mundu Gerraren amaiera arte itxaron behar izan zuten. Botoa emateko (eta jasotzeko) eskubidetik bereizkeria oro kentzeko borrokak erakusten du ongien parte hartzearen ideal demokratikoaren aurrerapen zaila. Oraindik ere, hauteskundeetan bozkatzeko, hauteskunde erroldan izena emanda egotea galdatzen dute, eta gutxieneko adin bat izatea, zeina ez baita sufragioaren unibertsaltasunaren kontrako jotzen, adin hori adin nagusitasun zibilarekin bat baldin badator.

 

Eskubide berdina

Esan nahi da hautesle guztien botoak berdinak direla kopuruz; hau da, boto guztiek balio bera dute, eta kendu da botoplurala, zeinari esker hautesle batzuek (aberatsenek, heziketa maila handienekoek...) boto gehiago baitzuen besteek baino.

 

Eskubide librea

Esan nahi da hautesleak inongo presiorik gabe erabakitzen duela botoa nori eman.

Horregatik da ezkutukoa ere sufragio eskubidea, hautesleak libreki aukera dezan.

Normalean, hauteslea ez dago beharturik bere botoa ezkutuan gordetzera, baina eskaini behar du aukera hori ere hauteskunde prozedurak, hautesleak (nahi badu) erabil dezan (adibidez, hautes tokietan kabinak jarriz edo...).

 

Eskubide zuzena

Botoa zuzenean doakie ordezkariei; ez da bitartekaririk boto-emaileen eta hautatuen artean. Hauteskundeak zeharkakoak ere izan daitezke: hautesleek konpromisario batzuk hautatzen dituzte, eta haiek, gero, ordezkariak. Estatu Batuetako kasua, non konpromisarioak hautatuz antolatzen baitira presidentetzarako hauteskundeak, ez da zeharkako sufragiotzat jotzen; izan ere, botoa presidentegai jakin baten alde ematekotan hautatzen dituzte konpromisario horiek.

 

Hauteskunde lehiaketa

Goian aipatu ezaugarri horiek dituen sufragio eskubidea izatea behar-beharrezko izanik ere, ez da berez aski hauteskundeak libreak eta demokratikoak izan daitezen.

Hauteskundeak garbiak izango badira, sufragio eskubidea ez ezik, hautatzeko aukera ere behar da. Horrek esan nahi du ezen, gutxienez, bi alderdi politiko desberdinen arteko lehiaketa behar dela hor, hautesleak haien artean aukera dezan, eta, ondorioz, hautesleen eskubideak ez ezik, herritaren atxikimendua bilatzen duten alderdi politikoen eskubideak ere zaindu behar direla.

Oro har, berme juridikoak dituen jokaleku bat behar da eskubide eta askatasun publikoak erabiltzeko, eta jokaleku horrek egiatan ziurtatu behar ditu biltzeko, elkartzeko eta ideiak adierazteko askatasunak.

Hautagaitzen askatasuna, hots, hauteskundeetara nahi duten alderdi politiko guztiak aurkeztu ahal izatea beharrezkoa da, baina bai alderdi politiko horiek hauteskunde borrokan aukera berdinak izatea ere.

Hargatik, demokrazia gehienetan, neurtu egiten da alderdien hauteskunde gastua, arautu egiten da haiek komunikabideak noraino erabili, edo, areago, diru laguntzak banatzen zaizkie ordezkaritza lortu dutenalderdiei, hauteskundeak alderdi aberatsen gauza bakarrik izan ez daitezen. Azkenik, hauteskundeek aldi bateko erabakia sortu behar dute, eta erabaki hori hurrengo hauteskundeek ezeztatuko dute. Horri dagokionez, ez da eredu bakarrik hauteskundeak zenbatez behin egin behar diren dioenik; hiru eta bost urte artean behin egiten dira herri gehienetan. Areago, herri gehienetan ez da data zehatzik izaten hurrengo hauteskundeak egiteko, baizik eta gobernuaren esku izan ohi da parlamentua desegitea eta hauteskunde berriak deitzea. Nolanahi ere, demokrazia batean, hauteskunde emaitzek aldi bateko balioa izan behar dute soilik, eta hautatuak hurrengo hauteskundeen esanaren mendean geratzen dira.

 

Demokrazia eta hauteskundeak

Demokrazia eta hauteskunde kontzeptuak askotan berdintzen diren arren, hauteskunde guztiak ez dira demokratikoak, eta demokrazia ez da botoa emateko eskubide hutsa. Hasi gara esaten hauteskundeak ordezkari bati aginpide bat emateko prozedura bat direla, baina gero jabetu gara konplexuago dela gauza hauteskundeak testuinguru demokratiko batean direnean.

Horregatik, ordezkaritzazko demokraziarik ez den arren hauteskunderik gabe, hauteskundeak egite hutsak ere ez du esan nahi sistema bat demokratikoa denik. Horri dagokionez, zientzia politikoak zeingehiagozko hauteskundeak eta zeingehiagozko ez diren hauteskundeak bereizten ditu. Zeingehiagozko hauteskundeek esan nahi dute: alderdi desberdinak ariko direlalehian, hautesleek horietako edozein aukera dezaketela benetan, alderdi guztiak baldintza beretan ariko direla lehian eta, azkenik, emaitza hurrengo hauteskundeek ezeztatuko dutela. Zeingehiagozko hauteskundeetan ez da aurrez jakiterik emaitza zein izango den, eta emaitzak badu eraginik hurrengo gobernuaren osaketan.

Zeingehiagozko ez diren hauteskundeek, aldiz, ez dute pluralismo politikorik, hautesleen aukeratzeko askatasuna mugaturik egoten baita, eta, gainera, hauteskunde horiek beste mekanismo batzuekin lehiatzen dira gobernuaren osaketan eragiteko orduan.

Dena dela, are hauteskundeak benetan libreak eta zeingehiagozkoak direla esan daitekeenean ere, sinesgaiztasun gero eta handiago batek zalantzan ipintzen du gaur egungo hauteskundeen balioa. Hor, ikusentzunezko komunikabideen eragin gero eta handiagoa aipatzen da; horiek ideien eztabaida ez, baizik irudi borroka huts bihurtu dituzte hauteskunde kanpainak.

Bestalde, nola mundu globalizatu honetako problemak eta auziak gero eta konplexuago diren, hautesleek oso ezaguera mugatua dute noski horiei buruz, eta ezin dituzte ongi neurtu alderdi politikoek eskaintzen dizkieten proposamenak. Areago, alderdien proposamenen homogeneizatzea salatzen da, ez dela benetako alternatibarik eskaintzen, eta hauteskundeek ez dutela zuzendaritza politikoa aldatzen, baizik eta zuzendariaren aurpegia bakarrik. Hala eta guztiz ere, eta kontuak kontu, zeingehiagozko hauteskundeak dira (bide hoberik ezean) sistema demokratikoen zutabe nagusia.

Hauteskunde horiexek dira, halaber, hauteskunderik (edo pluralismodun hauteskunderik) ez duten herrien helburu nagusia.