Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Gizarte mugimenduak: gogoeta orokorrak

Higikunde sozial berrien eta langile higikundearen arteko alderaketa.<br><br>Iturria: Scott, 1900: 19; Rucht, 1994: 151. J.Casquette,
" id="pint0" />

 

Definizio sarrera

Aztertuta ditugu gizarte talde askoren ideologia eta bestelako ezaugarriak. Orain horietako guztien gaineko teoria orokorra zedarritzen saiatuko gara. Honako galdera honi erantzuteko ahalegina egingo dugu: desberdintasun, helburu, aldarrikapen eta ideologia diskurtsoetatik harantzago, ba ote dute gizarte mugimendu guztiek izateko eta jokatzeko modu komunik? Ba ote da; eta baldin bada, zertan datza, oro har, gizarte mugimendua deitzen zaion ekintza modu kolektibo hori? Lehenik eta behin definizio bat eman dezagun: Gizarte mugimendua da pertsona, talde eta/edo erakunde arteko sare ez formala, mundua ikusteko eta bertan jokatzeko modu bateratua izanik, aginpidea erabiltzeko edo banatzeko modua aldatzea aldarrikatzen duena, interes kolektibo batzuen mesedetan, eta agintari eta eliteekin harreman gatazkatsuak izan ohi dituena.

Definizio abstraktu samarra da, paradoxaz, aurreko gaietan aztertu dugun bezala, gizarte mugimenduak ekintza modu kolektibo guztiz errealak eta biziak baitira.

Ezer ez da gizarte mugimendua bezain abstrakzio gutxikoa. Aginpide politikoaren aurka borrokatzeko nekazari, langile, emakume, ekologista edo nazionalistek eraturiko mugimenduak dira, batez ere, interes edo balio jakin-jakinak aldezteko edo eskatzeko gatazka zehatzak.

Gauzak areago zehazten saiatu behar dugu eta, horretarako, gizarte mugimenduak –oro har– ulertzeko modu egokia da beste jokabide kolektibo mota batzuekin alderatzea, hain zuzen ere partidu politikoekin, aurreko gaietan horrelakoen gainean gogoeta egin dugu-eta.

 

Partidu politikoekiko antzak eta desberdintasunak

Ikus ditzagun alderdien eta gizarte mugimenduen arteko diferentziak eta antzekotasunak hurrengo orrialdeko koadroan:

 

Aginpide politikoarekiko jarrera

Partidu politikoak aginpide politikoa erabili nahi du. Eta gizarte mugimenduak aginpide politikoari eskatzen dio gizartean zer edo zer aldatzeko. Bata –partidua– aginpidea erabiltzera abiatzen da; bestea –gizarte mugimendua– aginpide politikoak erabakitakoa aldatzera. Norabide desberdinak dituzte, hortaz, baina horrek ez du esan nahi mundu banatuetan daudenik.

Lehenengo eta behin, gizarte mugimenduak ez dira arrotz aginpide politikoarekiko.

Areago, gizarte mugimendu bat jaiotzean aginpide politikorantz doan borondate kolektiboa baino ez da ia. Ez aginpidea hartzeko borondatez, baina bai aginpide hori gizarte mugimenduaren, jendeen eta politikariek ordezkatzen omen dituztenen alde erabiltzea eskatzeko asmoz. Ezbairik gabe, mugimenduaren dimentsio publiko horrek –publikorantz jotze horrek, alegia– ez du mugimendu osoa hartzen edo eratzen; mugimendua nortasun kolektiboa eraikitzeko jardunbidea ere bada, munduan, kolektibo gisa, modu desberdinean begiratzeko, egoteko eta jokatzeko nahi eta gizarte praktika da. Baina mugimendu bat ez da jaiotzen nortasun kolektiboak saiatzeko; baizik eta arazo kolektibo jakinak konpondu nahi dituelako erabaki politiko zehatzak erabilita eta, hain zuzen ere, jaiotze eta bilakaera horietan bermatuko du bere nortasun berezitasuna.Demokrazia eta gizarte mugimenduak «Zenbateraino dakar gizarte mugimenduen arrakastak gizartean balore demokratikoetan sakontzea? Edo, zenbateraino dira mugimendu horiek gizarte postindustrialaren berdemokratizazioaren subjektuak? Agian, Rochonek dioen bezala, gizarte mugimenduek ez dute halako asmo handinahirik, agian ez dute Demokraziaren planteamendua aldatu nahi demokrazia «sakonaren» bila. Baina, aldi berean, egia da gakoa ez dagoela testuinguru politiko jakin batean eragilea eta diskurtsuak ugaritze soilaren bidez lorturiko demokratizazioan.

Ugaritasun horrek, gizarte mugimenduek bideraturiko komunikazio horrek, aldaketa kultural eraginkorrik ekarri ote duten ere begiratu behar da, eta begiratu behar da lagungarria izan den euskal hiritarren artean demokraziaren baloreak zabaltzeko: gizarte zibilaren burujabetasuna indartzea, gizabanakoaren eta taldearen autodeterminazioaren beharra nabarmentzea, garrantzi gehiago ematea herriaren erabakiari, elkarrizketari, tolerantziari, gutxiengoen errespetuari.

Dedukzioekin soilik, froga enpirikorik ezean, Euskadin balore demokratikoak sakondu direla esan daiteke. Horrela, higikunde antimilitaristak aurrera eramandako desobedientzia zibilaren estrategiaren garaipena, esaterako, indartu egin beharko litzateke estatuaren aurrean gizabanakoaren eta gizartearen burujabetasunari protagonismoa ematen dion kultura batean, beste era batera esanda, berezko burujabetasuna aldarrikatzen duen kultura batean… …Dena dela, ez da erraza balore horien presentzia neurtzea, demokraziaren oinarrietara jotzeko nahi hori neurtzea, eta are zailagoa da jakitea nahi hori zein neurritan areagotu den gizarte mugimenduen jarduerari esker. Hipotesi bat eman dezakegu, soilik, amaitzeko. Baldin eta egunen batean demokrazia nork erabaki behar duen erabakitzeko sistema politiko bat izatetik guztien artean zer izan behar duen erabakitzera aldatzen bada, aldaketa horretan izango dute gizarte higikundeek protagonismoa» «Movimientos sociales y democracia en Euskadi» kapitulua, 65. orr.; P. Ibarra, I. Barcena eta M. Zubiaga, «Los movimientos sociales; transformaciones políticas y cambio cultural» liburuan, P. Ibarra eta B. Tejerina (agit.), Trotta argitaletxea, Madril.

 

Partidu politikoekiko harremanak

Jatorrian, eta ohiko bilakaeran, mugimenduak mesfidantza izaten dute partidu politikoekiko. Jarrera, batez ere mugimenduaren lehenengo aldian, kritikoa da partiduen aurrean, uste izaten baitute partiduok ez dituztela ordezkatzen eta konpontzen gizarte mugimenduaren sorreran diren bidegabekeria kolektiboak. Guztiarekin ere,kritika ez da baldintzarik gabea. Gizarte mugimenduek, jaiotzerakoan, partiduen alternatiba izateko asmoa izan ohi dute eta, nolabait, partiduak zaharberritzekoa ere bai.

Alde batetik, partiduek ez bezala jokatu nahi dute, eta horretarako baliabideak jartzen saiatzen dira: partiduek ahazturiko gaiak aldarrikatzen, antolakuntzan parte hartzen, oinarritik antolatzen, jarduteko bitarteko ez-konbentzionalak erabiltzen… Baina, bestalde, ez dute ahazten partiduek zeregin politiko egokia izan dezaketenik.

Sortzerakoan, mugimenduek ez dituzte partiduak eredutzat jotzen; desbideraturik, usteldurik eta urrundurik ikusten baitituzte.

Eta jaiotzeko unean mugimendu sozialek kezkatzat izaten dute beren asmo kolektiboak puruak eta desberdinak izatea. Baina ez dute guztiz gaitzesten, behar bezala zaharberritu ondoren, partidu politikoa ekintza kolektiboko beste eredu bat izan daitekeenik (eredu baliagarria, gainera).

 

Antolamendua

Partiduetan bada antolamendu egitura bat eta, partiduaren sorrera eta noizean behin izaten diren berrikuntza ziklo demokratikoak salbuetsita, modu bertikalean jardutera jo ohi du egitura horrek; erabakitzerakoan bada jardunbide hierarkiko bat eta, bestalde, partiduko kideek arauturiko harremanak izan behar dituzte barnean; eskubideak eta eginbeharrak arauturik daude eta horiek hautsiz gero, partidutik botatzeraino ere hel daiteke. Partidu batean guztiek ez daukate dena erabakitzerik eta, jakina, denek ez dute erabakimen bera jardunbide guztietan.

Mugimendu batean, aldiz, antolamendu egitura nagusiak desberdinak dira. Erabakimen horizontala nagusitzen da, denek dena erabaki behar dutela, edo ahal dutela behintzat, uste izan behar da eta kideen eskubide eta eginbeharrak ez daude arauturik.Intentzio ona eraginkortasunari gailentzen zaio eta antolamendu informala da arau, inoiz ez salbuespen. Gizarte mugimenduetako lagunek ez dute beren burua kidetzat jotzen, partehartzailetzat baino.

Antolamendu gogoeta horiek eta aurrerago interesen ordezkaritzaz egingo ditugunek pentsaraz dezakete partidua nolabait goragokoa dela mugimendua baino. Partidua modu eraginkorrean antolatzen da eta interes orokorrak ordezkatzen ditu, mendean mugimendu edo talde «desantolatuagoak» dituela aldarrikapen sektorial edo berezietan lanean.

Egitura hori izan, badaiteke. Baina bada beste bat, non gizarte mugimendua higimen zabala den, mugimendu multzoa edo, zehatzago, mugimendu/elkarte bat. Azken kasu honetan, mugimenduak lokarri batzuk ditu definiziotzat, eta horiexek –elkar hartuta– batzen dituzte pertsonak, taldeak edo aldarrikapen bakarra aldezten duten tokian tokiko mugimendu mugatuak, eta are sareari –arrazoi instrumentalak direla bide– atxikitako partiduak ere; elkarteko/mugimenduko partaideak identifikatuago sentitzen dira sarearen eta mugimendu osoaren kultura, ideologia eta helburu orokorrekin, normalean jarduntoki duten mugimendu talde jakinarekin baino. Gure iritziz, gainera, mugimendua mugimendu/elkarte gisa definitzea litekeen gauza baino gehiago ere bada. Gizarte mugimenduen modu ohikoa eta, halaber, identifikagarriena da. Eta egoera orokor horretan, partidua ez da mugimendua baino goragokoa, mugimendu horretako partaide baizik.

Gizarte mugimenduetan demokrazia horizontalagoa proposatzeak eta erabiltzeak ez dakar, berez, demokraziaren gaineko kosmos ikuskera eta estrategia operatiborik dutenik, oro har. Gizarte mugimendu batzuk ez datoz bat sistema politikoaren eta sozialaren erabakitzeko moduarekin. Beren iritziz, partehartze txikia, elitismo gehiegi eta gizarteko pertsona guztion burujabetzarekiko erdeinu handiegia dago; barnetikmodu alternatiboan antolatzearen bitartez orekatu nahi dute desadostasuna, baina horrek ez daramatza gatazka irekiak planteatzera beste demokrazia sistema bat ezartzearen alde. Gizarte mugimenduak ez dira sortzen sistema politikoa aldatzeko, asmo mugatuago baterako baizik –jatorrian, behintzat–.

Gizarte bidegabekeriazat jotzen duten arazoa konpontzeko mobilizatzen ahalegintzen dira, baina hori bai, saiatzen dira beste modu batera jokatzen.

 

Ordezkaritza bitartekoak

Partiduak eta mugimenduak bereizten dituen beste ezaugarri honek ez du azalpen askorik eskatzen eta bataren eta bestearen interesak nola ordezkatzen diren deskribatzen du. Partiduak batez ere hauteskundeak erabilita bideratzen ditu interesak eta mugimenduak, lehentasunez, bide ez-konbentzionalak –grebak, manifestazioak, ekintza bortitzak eta abar– eta ez ditu inondik inora hauteskundeak erabiltzen.

 

Interesak

Zailagoa gertatzen da mugatzea zein interes –kualitatibo eta kuantitatibo– ordezkatzen duen bakoitzak. Hasteko, badirudi egungo partidu politikoek oso interes orokor eta mugagabeak ordezkatu nahi dituztela, herritar guztien interes mota guztiak harmonizatu nahi dituztela. Aldiz, mugimendu sozialek talde sozial jakinen interes mugatuak ordezkatzen dituzte. Hala ere, desberdintasunak ez dira hain gardenak.

Lehenik eta behin, ikuspegi kuantitatiboa erabilita, ezin dugu ahaztu, jatorrian, partidu politikoak halako klase edo gizarte talde jakin batzuen interes mugatuei atxikirik agertzen direla, eta gaur egun, batez ere –interes nazionalak baino ez dituztela defendatzen esan eta aldarrikatzen duten arren–, partidu guztiek ez dutela berdindefendatzen edozein interes kolektibo mota; aldarrikapen edo gobernu agendetan aukerak eta hierarkiak ezartzen baitituzte –gizarte talde edo klaseen arabera–.

Bestalde, gizarte mugimenduen interesak zehaztasuna galduz eta unibertsal bihurtuz doaz. Horrela, mugimendu ekologista batek toki jakin bateko ingurumen arazoa konpondu nahi duenean, eskakizunetan –lurraren berotzea, demagun– gizadi osoa defendatzeko asmoa erabiliko du argudio.

Ordezkaturiko interesen kalitatea bereiztea nekez eusteko moduko irizpidea da.

Horrela, partiduek esaten digute interes materialak eta gizabanakoari atxikitzekoak defendatzen dituztela eta, aldiz, gizarte mugimenduek borroka egiten dutela interes «espiritualagoak» (bakea, izadiarekiko harmonia, parte hartzea, balioekiko begirunea) lortzearren. Agerikoa gertatzen da hori muturreko kasuetan, hau da, Mundu Gobernu Zuzena ezartzea aldarri darabilen gizarte mugimendua eta notarioen lansaria gehitzeko eskatzen duen partidua alderatzen badira. Baina, begi bistan dago, errealitatea oso bestelakoa da. Eta, hala, mugimendu ekologista batek eskatzen duenean lantegi kutsatzaile bat ixteko inguruko bizilagunek ez gaixotzeko eskubide unibertsala izan dezaten, gizarte mugimendua da. Eta gobernuan dagoela, partidu politiko batek herritarrengan etorkinekiko elkartasun jarrerak sustatzeko hezkuntza programak finantzatzen baditu, partidu politikoa da.

 

Ekintza kolektiboa

Partiduek interes orokorrak jasotzen dituzte, nahiz eta –noizean behin eta partidu batzuetan, behintzat– nortasun kolektiboak ere eratzen dituzten. Eta mugimenduek nortasun kolektiboa sendotu eta eratzen dute, mundua ikusi, interpretatu, balioetsi eta desiratzeko (eta bertan jarduteko)modu desberdin eta adostua, baina halako interes orokor moduko batzuk ere aldezten dituzte. Hala ere, «baina» hori ez da partidu politikoak aipatzerakoan erabilitako bera. Partidu politiko batek ez du halako nortasun kolektibo definitu baten premiarik partidu politiko izaten eta jarduten irauteko. Gizarte mugimenduan –iraungo badu–, aldiz, bi dimentsioek egon beharko dute. Interesa eta nortasuna.

 

Gatazka estrategia

Gizarte mugimenduek bitarteko konbentzionalak erabiltzea dute ezaugarritzat.

Bitarteko sorta aldatuz joan da urteak joan urteak etorri, baina begi bistan dago zenbateko legezkotasuna duten gorabehera, gizarte mugimenduek lehentasunez erabilitako ekintza modu nagusiek mesfidantza moduko bat adierazten dutela aldarrikapen bide «normalizatuekiko». Gizarte taldeen kezka nagusia beren ekintzen legitimitatea da. Ez zaie axola aginpide politikoak, oso “zuzentzat” ez izatea, edo istilutsutzat jotzea.

Ardura dute jakitea ea gizarteak ekintza hauek bidezkotzat joko dituen, ea ulertzen, onartzen, edo bultzatzen dituen.

Erabilitako bitartekoak gatazkatsu izateak bide ematen digu adierazteko beharbada erantzuna topatu dugula, baina, guztiarekin ere, argi dezagun hau hobeto. Interes talde batek (abokatu elkarte profesionala, izozkigileen batasuna edo auzoko elbarriekiko elkartasuna sustatzen duen taldea) lankidetza du jarduera ardatz, partiduak, aldiz, lehiatu egiten dira aginpidea lortzeko, eta gizarte mugimenduaren estrategia, berriz, gatazkan oinarritzen da. Identitate gatazkan eta, jakina, aginpide politikoarekiko gatazkan. Askotan, lankidetzarako aukerarik uzten ez diotelako eta, ia beti, eta nolanahi ere den, helburuak gatazkaren bitartez auzolanaz baino arinago eskuratuko dituela uste duelako.

 

Sistema aurkakotasuna

Maiz esaten da sistema politikoak taldearen eskakizunak bereganatu ezin izateak definitzen dituela gizarte mugimenduak, hau da, gizarte mugimenduek harantzago joan nahi dutela, sistemaren joko arauak apurtu nahi dituztela, eta, jakina, asmo horrek errotik bereiztuko lituzke partidu politikoetatik.

Baieztapen hori, hala ere, zalantzazkoa da, ez da-eta hain begi bistakoa ezaugarri hori gizarte mugimenduek berariaz eta sistemaz bereganatzea eta defendatzea.

Une egokia da hau gizarte mugimenduak kontzeptu bidez azaltzerakoan egin ohi den okerra argitzeko. Gizarte mugimenduak ez dira gizarte mugimendu berriak.

Edo, zehatzago esateagatik, 1970eko hamarraldian Europan sorturiko gizarte mugimendu berriek –ekologismoa, feminismoa, bakezaleak– jaiotzez badituzte halako ezaugarri batzuk, ia gizarte mugimendu guztien jatorrian direnak. Gizarte mugimendu berriak fase bat baino ez dira gizarte mugimenduen bilakaeran. Ia gizarte mugimendu guztiek, ziklo osoan, osoko bilakaeran aztertuz gero –langileenetik giza eskubideen aldekoetaraino, ekologista barne), mugimendua/elkartea eratu eta hedatzeko fasean (sarean mugitzean) sistemaren aurkako erradikaltasun sintomak izan ohi dituzte. Aldarri dute ezen beren proposamenek giza elkarbizitzaren arazo guztiei ebazpide globala emateko balio dutela eta sistemari eskatzen diote joko arauak hautsi eta aldarrikapenok kontuan hartzeko.

Sintoma alternatiboak; mugimendua trinko eratzeko eta nortasun kolektiboa finkatzeko unean dagoen sintomak. Baina mugimendu guztiek ez dute une hori adierazterik izaten (mugimendu batzuk ez zaizkio atxikitzen “bere” elkarteari/mugimenduari eta beste batzuek ez dute lortzen eztaelkarte hori eratzerik ere) eta, bestalde, mugimendu bateko bizi zikloaren zati handi batek (batez ere mugimendua sendotu ostean) ez du ezaugarritzat alternatibotasun sintoma horiek adieraztea.

 

Aktibistaren nolakotasunak

Orain gizarte mugimenduko partaidearen, ekintzailearen soslaia deskribatzea interesatzen zaigu. Zuzengabetasuna dela-eta solidario sentitzen da eta bete-betean sinestuta dago mobilizazio kolektiboaren eta solidarioaren bitartez erauziko dela (eta, beste biderik ez dagoelakoan dago); eta, hori ez ezik, lagun horrek gizarte sentiberatasun “biziagoa” ere izango du, dela sozializazio integratzaile akastunagatik, dela ideologia disidenteen kontrasozializazioagatik, dela benetan egiturazko gabeziak edo erasoak bereganatzen dituelako (maldan behera doan industrialde bateko langabezia orokortua, talde gay bat gaitzetsirik egotea), dela egunerokotasuna oso gizalde hertsietan bizitzeagatik edo abarrengatik. Baina ia beti sentikortasun hori aurreko praktika batean sendotua da. Elkartasun mugimenduetan parte hartzearen eraginez –nahiz eta, beharbada, edukiek zerikusirik izan ez orain parte hartzera bultzatzen dutenekin–, lehengo joera (egiturazko edo kulturazko) hori ohitura bihurtu da. Gizarte mugimendua jaiotzen da (baldintza beharrezkoa baina ez behar bestekoa) lehengo gizarte sare batzuetatik; gizarte mugimendua hastapenetan ia sare horien elkargunea besterik ez da. Gizarte mugimendua –lehendik azalduta dugu– sare sorta da. Eta, azkenik, gizabanakoak (ez guztiak, jakina,baina bai eragileenak, aitzindari izan litezkeen horiek) gizarte mugimendura doaz jatorriz elkartasunezko gizarte saretan jardun dutelako.

 

Berraztertze dinamikoa

Orain arte esandakoak aukera emango digu gizarte mugimenduen ezaugarri komunak berriro aztertzen saiatzeko. Hori dela-eta gogoratu behar da dimentsio dinamiko eta aldakorra duela eta, horrela, gizarte mugimenduak bitara deskribatuko ditugu.

• Batek deskribatuko ditu mugimenduetan beti dirauten ezaugarriak. Deskribapen estatiko honek elementutzat izango ditu, gainera –begi bistan dago–, gatazka politikoari eustea ez ezik antolamendu eta erabaki egituren ez formaltasuna eta horizontaltasuna, nortasun kolektiboari eusteko kezka (gutxienez ere), eta sistemaren aurkako potentzialtasuna, nahiz eta potentzialtasun ahula izan.

• Besteak tirabirarik goreneko faseetan deskribatuko du mugimendua, hau da, une jakinetan, soilik. Mugimendua jaiotzerakoan eta hedatzean dirauten ezaugarri gisa agertuko dira nortasun kolektibo indartsua, autonomia (bete-betean gaitzetsi ohi dute partidu eta erakundeetara hurbiltzea, bitarteko ez-konbentzionalen erabilera etengabe bultzatzea, eta abar) eta sistemaren aurkako aldarrikapen globalak. Ezaugarri guztiek nahikunde bera adierazten dute: kideek, kolektibo moduan, desberdinak izateko duten nahia.

Gizarte mugimendua (edo mugimendu moduan eratu nahi duen gizarte mobilizazioa) jaiotzen da, partaideen iritziz, bidegabekeriaren bat egiten ari delako edo talde moduan dituzten interesei kalte egiten omen zaielako (normalean, gauza biak).

Baina taldeak jaiotzerakoan duen indarra –horren bitartez halako segurtasun batez iraun baitezake– indartsu sentitzetik datorkio, beren ekintzek egunerokotasunetik, araututakotik kanpo jartzen dituen pertzepziotik –hobeto esanda, sentipenetik–. Desberdina izatea elkarte nortasuna trinko bizitzean datza, kanpoko inposizioak gaitzestean, borroka bide alternatiboak erabiltzean eta errealitatearen ikuspegi berezi eta globala eratzean. Eta lurralde zibilizatuaren mugetatik kanpo jaiotzeak, kanpo errealitate endekatu bati aurpegi emateko borondate kolektibo horrek sentiarazten du mugimendua une edo fase jakin horretan benetako eta indartsu.