Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Sektak

1960ko hamarraldiaren amaieran eta 1970eko hamarraldian zehar hainbat sekta sortu ziren mendebalean ekialdeko erlijioen eraginpean.<br><br>

 

Jatorri etimologikoa, anbiguotasuna eta polisemia

Sekta hitzaren jatorri etimologikoa latinezko sequi eta secare aditzak dira. Sequi aditzak esan nahi du norbait edo zerbait gidaritzat hartzea, arautzat jotzea, norbaiten iritziak edo erakutsiak onartzea; secare aditzak, berriz, norbaitekin edo zerbaitekin haustea, zerbaitetik bereiztea edo aldentzea.

Lehen aditzak buruzagi baten mezua bere egiten duen eta buruzagi horri jarraitzen dion taldearen jokaera azaltzen du nagusiki; bigarrenak, aldiz, joera nagusiarekiko adostasunik ezak bultzaturik sinestun multzo txiki bat talde nagusitik bereiztea esan nahi du eta, kasu horretan, disidentziaren, bazterketaren edo heterodoxiaren sinonimotzat hartzen da. Sekta guztiak ez dira soilik erlijiozkoak: haietako batzuetan –batez ere berrienetan– sineskizun filosofiko edota zientifikoak nahasten dira.

Adituentzat sekta hitza anbiguoa eta polisemikoa da eta, horren ondorioz, oso zaila gertatzen zaie elkarrekin guztiz ados jartzea; herritar gehienentzat, ordea, konnotazio gutxiesgarri nabariak ditu. Sektario adjektiboa, besteak beste, intolerantea, dogmatikoa, akritikoa, tematia edo arriskutsua adierazteko erabili ohi da, eta gehienen ustez sekta guztiak hondagarriak dira berez.Horrenbestez, jarraitzaile gutxi dituen edozein mugimenduk deabruzkotzat joa eta estigmatizatua izateko arriskua du, gizartean nagusi diren jarrera eta jokabideekin bat ez etortzeagatik soilik. Ikuskera negatibo hori dela eta, ez dago bere burua sektatzat agertu nahi duen talderik. Adituek aukeran nahiago izaten dute, nabarmendu nahi dituzten ezaugarrien arabera, termino desberdinak erabiltzea errealitate berbera izendatzeko: inkonformismo erlijiosoak, erlijio alternatiboak, erlijiotasun paraleloa, espiritualtasun bide berriak, talde sasierlijiosoak, erlijiozko mugimendu berriak, eta abar.

Erlijiozko mugimendu berriak adierazpidea gero eta zabalduago dago soziologoen artean. Bizimodu alternatiboak aurkitu eta saiatu nahi zituen kontrakultura puripurian zegoela 60ko urteez geroztik mendebaldean sorturiko taldeak izendatzeko erabiltzen dute. “Erlijiozko” izenlagunak erlijioa Elizara mugatzeko joera tradizionalarekin hausten du eta, hain eduki zabala onartzen zaionez, talde paraerlijiosoak edo sasierlijiosoak ere hartzen ditu bere baitan.

“Mugimendu” hitza edozein talderi aplikatu ahal zaio eta, kutsu ideologiko neutroa duenez, ez da inola ere gutxiesgarria eta eragozpenik gabe egokitzen zaio gure kulturaren sentikortasun pluralistari. Azkenik, “berri” adjektiboa mugimendu horiek ingurune geografiko, politiko eta kultural jakin batean sartu ziren garaiari dagokio, eta ez haien sorrerari. Bazter uzten ditu erlijio handien barruan sorturiko taldeak (esaterako, Komunioa eta Askapena, Bide Neokatekumenala eta Berrikuntza Karismatikoa, Eliza Katolikoaren barruan). Izan ere, talde horiek guztiek, Elizaren ezaugarrietako batzuk eraberritu badituzte ere, haren barruan diraute, zismarik gabe. Erlijiozko mugimendu berriek, ordea, haustura ekartzen dute berez, sozializaturik dagoenaz bestelako izaera aldarrikatzen dute eta nolabaiteko konbertitzea eskatzen diete beren jarraitzaileei.

 

Historia

Aski da historiari gainbegiratu bat ematea talde erlijiosoen zatiketari eta banaketari buruzko gogoetagai ugari aurkitzeko.

Sektak fenomeno erlatiboa eta dinamikoadira hala espazioan nola denboran. Garai batean sektatzat hartzen ziren komunitate batzuk Eliza bihurtu dira denboraren poderioz, eta orain haiek egozten diete beste talde batzuei sekta izaera (esaterako, baptistek eta metodistek Jehovaren lekukoei).

Bestetik, leku batzuetan sektatzat dauzkaten mugimendu batzuk Eliza dira beste leku batzuetan (mormoiak, adibidez, sekta dira Europan, eta Eliza nagusia EEBBetako Utah estatuan).

Isralego herriaren ustez, kristautasunak sekten ezaugarri guztiak zituen. Juduak, legea betiko erritoak gordez betetzearen aldekoak izaki, komunitate berriek egiten zituzten kritika sakonen beldur ziren, eta horregatik jo zuten sektatzat kristautasuna.

Lehen kristau taldeek ez zuten inolako loturarik Estatuarekin. Bazterreko taldeak ziren, munduaz kanpokoak, eta beren buruzagia edo Mesiasa berehala itzuliko zelako uste sendoa zuten. Hala ere, geroago, jazarpenak amaitutakoan, kristautasuna arianarian sendotuz joan zen erakunde gisa eta, Erromako Inperioarekin itun soziopolitikoa eginik, azkenean, sekta izateari utzi eta Eliza bihurtu zen, bere doktrinarekin, erritoekin eta egitura burokratikoarekin. Harrezkeroztik, norberaren konbertitze hutsa ez zen aski Elizako kide izateko. Judaismoan, hinduismoan, budismoan eta gainerako erlijio handietan gertatzen zen bezalaxe, transzendentziarekiko komunioa berreskuratu nahirik bide mistikoa –fraide edo moja izatea– hautatzen zuten taldeak sortzen ziren noizean behin talde nagusiaren barruan.

Erdi Aroan, kristautasuna Ebanjelioak agindutako bidetik urruntzen ari zela salatzen zuten taldeak sortu ziren, eta horrek bereizkuntza eta heresia etengabeak ekarri zituen. Dena dela, erlijio mugimenduak inoiz baino gehiago ugaritu ziren Aro Modernoan, batez ere Erreforma protestanteko Elizen barruan. XIX. mendean sekta kristauak mendebaldeko mundu anglosaxoi osoan hedatu ziren, EEBBetan bereziki; gero, XX. mendean, beste herrialde batzuetan ere kokatu ziren.

Gaur egungo mugimendu askok jatorri dute joan den mendearen amaieran Europan agertu ziren logia masoniko eta espiritistetan, Amerikako “revival” edo “iratzartze” taldeetan, kolonizazioaren eraginez ekialdean sortu eta mendebaldera zabaldu ziren sekta txikietan, antzinako zibilizazioen sintesia egin nahi zuten elkarte teosofiko eta eskola filosofikoetan. 60ko hamarraldian gazte konformagaitzen esperientzia erlijioso berriak erruz ugaritu ziren EEBBetan.

68ko Maiatza protesta mugimenduen gailurra eta porrota izan zen, eta espiritualtasuna beste bide batzuetatik bilatzea ekarri zuen; lehengo sektei mugimendu okultistak eta Aro Berria izeneko sare konplexua gehitu zitzaizkien.

 

Demografia

Aztertzen ari garen fenomenoak oso ezaugarri bereziak dituenez eta sekten errolda ageriko eta irekirik ez dagoenez, eskura ditugun datuak gutxi gorabeherakoak eta zalantzan jartzekoak dira, erreferentziatzat hartzen dugun iturri bakoitzak datu desberdinak ematen ditu eta.

Mende honetako lehen urteetan eginiko erroldaren arabera, 6 milioi sektakide zeuden munduan. The World Christian Enciclopediak 96 milioi zenbatu zituen 1982an, eta 108 milioi 80ko hamarraldiaren amaieran.

Gaur egun, sektek munduko biztanleen %2,2 biltzen dituzte.

Hainbat iritzi bilketak erakusten dutenez, espainiarren eta euskal herritarren %1,5ek erlijio katolikoaz bestelako doktrinetan sinesten dute. Diputatuen kongresuko batzorde parlamentarioak 1989an egin zuen txostenaren arabera, batzordekideek hondagarritzat hartutako sektetako kideen kopurua 150.000 eta 200.000 bitartekoa zen Espainian, eta sektakide horien %40k 29 urte baino gutxiago zituzten.

1997an 168 sektak emana zuten izena Justizia Ministerioan; hala ere, guztira 300 zeuden estatu osoan eta sektakideen kopurua 500.000 eta 700.000 bitartekoa zen.

300 sekta horien erdiak baino gehiago (ia heren bat) hondagarritzat harturik zeuden eta 250.000 jarraitzaile inguru zituzten; haietako 20, azkenik, oso arriskutsuak ziren ministerioaren iritziz. 1998ko azaroan Barne ministroak esan zuen Espainian 200 sekta inguru zeudela eta gutxi gorabehera 150.000 jarraitzaile zituztela. Sekten Eragina Jasan dutenen Aldeko Elkartearen ustez (AFAS), 1999an 10.000 lagun bizi ziren sekten eraginpeanEuskadiko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan.

Frantzian, parlamentuaren aginduz eginiko Guyard txostenaren arabera, 1996an 172 sekta eta 250.000 sektakide zeuden.

EEBBetan erlijio asko daude, orain dela berrehun bat urte idatziriko konstituzioak erlijio aniztasuna babesten baitu. 1991n 17.000 sekta inguru zeuden. Haietatik 2.500 hondagarritzat jotzen ziren eta herrialdeko biztanleen %1 biltzen zuten.

Latinamerikan izugarri azkar ugaritzen eta handitzen ari dira sektak. CELAMek emandako datuen arabera, 1993an 600 mugimendu baino gehiago zeuden, eta 45 milioi jarratzaile inguru zituzten. Urte horretan bertan, Brasilek –Hego Amerikako herrialderik handiena eta jendetsuena– 12 milioi lagun zituen sekta fundamentalistetan, hau da, biztanleen %8. U.S. Catholic-ek 1993an eginiko kalkuluen arabera, sektak izugarri hedatuko dira mende honen amaieran, eta 2000 urtean 30 milioi jarraitzaile izango dituzte (biztanleen %20 inguru). Latinamerikan egunero 8.000 katoliko sektetan sartzen direla dioten albisteek kalkulu hori zuzena dela erakusten dute.

 

Fenomenoaren interpretazioak

XXI. mendearen atarian sektek eta erlijio mugimenduek duten indarraren zergatikoa ulertzeko, hainbat alderditatik heldu behar diogu gaiari, eta kontuan izan behar ditugu hala arrazoi soziologikoak nola psikologikoak.Makrosoziologiaren ikuspegitik, igaroaldi edo krisialdi batean bizi gara eta, horrelakoetan gertatu ohi denez, balio tradizionalek eta jokabide arauek gero eta garrantzi gutxiago dute eta jende guztiak dagoeneko ez ditu berdin interpretatzen eta betetzen; horrek azalduko luke sekten goraldia (Gerardo Pastor Ramos, 1991). XX. mendearen hasieran Emile Durkheim-ek esan zuen anomiaren sendotzea eta herritarren arteko adostasunaren ahultzea zirela gizarte modernoetako arau eta ideologia aniztasunaren arrazoia. Izan ere, anomia legerik edo araurik eza da eta, ordu arte legeak eta arauak erlijioak ematen zituenez, erlijioak indarra galdurik, modernitateak gizartea elkarturik eta bat eginik iraunarazteko bideak ugaritu zituen. Buruzagiren batek egoera anomikoaz baliatzen asmatu eta gizarte osoari doktrina alternatibo bat proposatzen dionean sortuko da erlijio berri bat.

Gainera, taldeen ugaritzea globalizazioaren garaian gertatzen da, eta horretan dute jatorria sinkretismorako eta kulturen zein erlijioen mestizajerako joerek. Fenomeno horrek, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek akuilaturik, diskurtsu bakar batean uztartu nahi ditu beste kultura eta erlijio batzuen ekarpenak, espazioan zein denboran oso urrunekoak badira ere.

Oso ugariak eta mota askotakoak dira egungo gizarteko eraldatze erlijiosoak enpirikoki berresten dituzten ikerlan soziologikoak (Formas modernas de religión, 1994; Para comprender las nuevas formas de religión, 1994; Los valores en la Comunidad Autónoma del País Vasco y Navarra.

Su evolución en los años 1990/95; Sistema de valores en la España de los 90, etab.).

Laburbildurik, ikerlan horiek guztiek frogatzen dutenez, batetik, erlijio instituzionalak nolabaiteko gainbehera egin du; bestetik, berriz, orain gizakiek beren kasa eta banaka sakratura iristeko aukera dutenez, esperientziazko bideek garrantzi handia hartu dute. Erlijioaren soziologo askok teorizatu dute gai hori (Thomas Luckmann, 1973 eta 1987; Peter Berger, 1981 eta 1994; Robert Bellah, 1976 eta 1995, etab.), gizabanakoa erlijio eskaintza zabalen kontsumitzailetzat harturik.

Postmodernitatearen iritziz (Jean François Lyotard, 1984; Giani Vattimo, 1986; Gilles Lipovetsky, 1987, etab.), sozialismoari, kristautasunari eta munduaren kontakizun globala egiten duten bestelako mugimendu handiei jaramonik egiten ez dien gizabanako sinesgabe berriak esparru txikiagoetan mugitzea hautatu du. Hain zuzen ere, sektak esparru edo zatiki horiek dira. Kontakizun handi horien lekuan, egunerokotasuna ehuntzen duten eta mikrotaldeetan bizitzen diren milaka historia agertu dira, txikiak eta ez hain txikiak.Ikuspuntu antropologiko-kultural batetik (Joan Prat, 1997), gizartearen onespenak edo onespenik ezak sortzen du sekten fenomenoa, gizarteak ez baititu legitimotzat jotzen talde eta mugimendu guztiak.

Hipotesi horren arabera, taldeak onartzeko edo gaitzesteko orduan ez ditugu kontuan hartzen haien ezaugarriak, objektiboki elkarren oso antzekoak izan baitaitezke; aitzitik, taldeen legitimotasuna begirada kultural eta sozialaren araberakoa da, epaitzeko eta hautemateko eman diguten prismatik begiratzen diegu. Moje katolikoa izatea erabakitzen duenak ez du horretarako eragozpen handirik aurkituko, gure kulturak eta gizarteak erabaki hori onartzen dute eta; sortaldeko talderen bateko moje izatea erabakitzen duena, ordea, berehala estigmatizatuko dute, gizarte arauak urratzen ditu eta.

Azkenik, bada beste interpretazio multzo bat sektek betetzen duten eginkizun psikosozialean oinarritzen dena. Interpretazio horietako batzuen arabera (José Moraleda, 1996), erakunde sozial eta erlijioso tradizionalek eredu arautzaileegiak, instituzionalizatuegiak eta burokratizatuegiak ezartzen dituzte, indibidualismoa, gizabanakoen arteko lehia, bakartasuna, inkomunikazioa eta egitasmo komunik eza sustatzen dituzte gizartea oso azkar aldatzen ari den garai batean. Gauzak horrela, erlijio talde zahar zein berri batzuek askotariko salbaziobideak eskaintzen dituzte, norberaren beharrizanetara egokituak: gizabanakoaren eta gizartearen nortasuna, pertsonen arteko harreman sakonak bultzatzen dituzten komunitate abegikorrak, engaiamendu militantea guztiek onarturiko doktrina baten inguruan, buruzagitza karismatikoa tradizioaren ordez, transzendentzia eta norberaren sineskizunen saio esperimentalak, autoerrealizazioa eta giza ahalmenen garapena psikologia berrien bidez, etab. Talde horiek guztiek ezaugarri nagusi bera dute: zentzua aurkitu nahi diote gizabanakoaren bizitzari (Juan Bosch, 1994).

 

Tipologiak

 

Sektak sailkatzeko irizpide nagusiak

Hasieran, erlijioaren soziologiak definizio hutsetik gehiegi urruntzen ez ziren bi irizpide erabiltzen zituen erlijio antolabideak sailkatzeko: Eliza/sekta binomioa (Max Weber, 1905 eta Ernst Troelstch, 1920) eta izendapena/kultua dikotomia (Richard Neibhur, 1962 eta Milton Yinger, 1970).

(Ikus Erlijioa sarrera). Eredu orokor horietatik abiaturik, garrantzi handikoa da kontuan izatea adituek askotariko faktoreakerabiltzen dituztela beren tipologiak egiteko; honako hauek dira faktore nagusietako batzuk: salbamen eskaintza (Bryan Wilson, 1970), muduarekiko jarrera (Roy Wallis, 1975; César Vidal Manzanares, 1995), antolaketa eta kideen engaiamendu maila (Rodney Stark eta Williams S. Bainbridge, 1979), doktrinaren jatorria eta sustraiak (Jean Francois Mayer, 1990; Jean Vernette, 1990; Julián García Hernando, 1993; Juan Bosch, 1994), hondagarritasun maila (Jean Vernette, 1990; Steven Hassan, 1990; José Rodríguez, 1985; Pilar Salarrullana, 1990), etab.

Jatorria da adituek gehien erabiltzen duten irizpideetako bat, naturala, pedagogikoa eta irakurlearentzat ulerterraza delako.

Dena dela, jatorriaz hitz egiten dutenean, sekten sustrai geografiko eta kulturalak ez ezik, erro erlijioso eta filosofikoak ere hartzen dituzte kontuan.• Jatorri kristaua eta “sasikristaua” Eliza handietatik bereizitako taldeek multzo konplexua osatzen dute. Haien fundatzaileek Bibliako testuen zein Ebanjelioko mezuaren egiten dituzten irakurketa eta interpretazioa dira talde horien guztien jatorria, eta horregatik sartu ditugu denak atal honetan. Hala ere, talde batzuek zintzo eusten diote doktrina kristauari, eta beste batzuk, ordea, asko urruntzen dira doktrina horren muinetik.

Hona hemen jatorri kristaua duten taldeetako batzuk: Mendekosteko Komunitateak; kuakeroak; Amish; Eliza Palmartarra edo Palmar de Troyakoa; Jehovaren lekukoak; Jesukristoren Eliza, azken garaietako santuena; Maitasunaren Familia edo Jainkoaren Haurrak; Zazpigarren Eguneko Eliza Adbentista; Bateratzearen Eliza (Moon sekta); Bizitza Unibertsala; etab.• Jatorri sortaldetarra Hinduismotik, budismotik, judaismotik eta islamismotik bereizitako taldeak sartzen dira atal honetan, baita sortaldeko pentsaera jatorri duten eta azken hiru hamarkadotan sartaldean agertu diren erlijiozko mugimendu berri batzuk.

Hona hemen haietako batzuk: Krishnaren Kontzientziarako Elkartea; Bahaismoa edo Baha’i Fedea; Meditazio Transzendentala; Jainkozko Argiaren Misioa; Brahama Kumaris; Egia Gorena; Ortzadarra; Osho Rajneesh; Yoga; Zen; etab.• Jatorri zientifikoa Atal honetara ekarri ditugun sektek kultur taldeak edo giza ahalmenaren elkarteak deitzen diote beren buruari. Sinkretistak, panteistak eta antropozentrikoak dira, erlijio guztien berdintasunean eta berriz haragitzearen legean sinesten dute. Sutsuki aldarrikatzen dutenez, mugimenduak, horretarako ahalmena baitu, argitzapen gorenera eta bere bizitza fisiko zein espiritualaren erabateko kontrolera eramango duten baliabideez hornitzen du gizabanakoa. Beste era batera esanda, sekta horiek ziurtatzen dute kontzientziaren eta autoezagutzaren maila goragoko batera iristea ahalbidetzen diotela gizabanakoari, hainbat teknika psikologiko eta gorputzezkoren bidez gizaki bakoitzaren baitan dagoen jainkotasun guztia askatu eta azaleratzen duen iniziazio prozesu luze baten amaiera gisa.

Atal honetako talde batzuk antzinakoak dira, hala nola Teosofia, Antroposofia eta Mugimendu Gnostikoak; beste batzuk, aldiz berriak dira -50eko urteetatik 70ekoetara bitartean sortuak-, hala nola Zientziologiaren Eliza, Akropolis Berria, alderdi edo komunitate humanista, Ikerkuntza Zentro Esoterikoa (CEIS), Edelweiss, Aro Berria izeneko sare konplexua, objektu hegalari ezezagunez eta estralurtarrez arduratzen diren taldeak, norberaren garapenerako metodoak (Silva Kontrol Mentala, esaterako), etab.• Jatorri paraerlijiosoa Izendapen honek bere baitan biltzen ditu, batetik, Eliza tradizionalek praktikatzen duten kristautasun exoteriko edo kanpokotik irten eta iniziazioaren bidez kristautasun esoteriko edo egiazkora igaroko direla aldarrikatzen duten taldeak, hala nola Arrosa-Gurutzearen Anaiartea eta Lectorium Rosicrucianum elkartea, eta, bestetik, denetariko talde espiritista eta okultistak, eta sekta satanikoak (esaterako, Adonaitarrak, Seth-en Gurtzaileak, Luziferren Adiskideak, Satanen Anaidia, Satanasen Eliza, etab.).

 

Arrisku maila

Sektak hondagarritasun mailaren arabera sailkatzea diskriminatzailea da, baina oso erakargarria eta erosoa jende askorentzat.

Izan ere, herritar gehienek ez dakite zein den sekta bakoitzaren doktrina eta, horrenbestez, ustezko lege hausteak direla eta prentsan eta gainerako hedabideetan leku handia hartzen duten taldeen sailkapen azkar eta erraz bat nahi izaten dute. Sekta hondagarriek honako ezaugarri hauek dituzte: nortasuna desegituratu edo galarazten duten gogatze teknika hertsagarriak erabiltzen dituzte jendea erakartzeko eta doktrinatzeko, erabat edo neurri handi batean eteten dituzte sektakideek beren gizarte ingurunearekin eta beren buruarekin dituzten komunikazio harremanak eta maitasunezko loturak eta, azkenik, zuzenbidezko estatu orotan legeak gizabanako guztiei ezagutzen dizkien eskubideak urratzen dituzte. Hona hemen sekten arriskugarritasuna neurtzeko erabil daitezkeen adierazleetako batzuk:• Buruzagi karismatiko batek eta apurka soilik jakinarazten den doktrina demagogiko batek trinkoturiko talde itxiak dira. Buruzagiak sektakide guztiei aldarrikatzen die jainkotasunaren haragitzea dela, Jainkoak zeregin horretarako hautatu duela edo haren ordezkari bakarra dela gizabanakoaren, mugimenduaren zein gizartearen bizitzako auzi guztietan.

• Goitik beherako egitura itxia eta totalitarioa dute, otzantasunean, mendekotasunean, esanekotasun itsuan, kritikarik ezean eta zigorrean oinarritua.

• Beste edozein taldetako kide izatea debekatzen diete jarraitzaileei, eta konbertitu aurretik familiarekin zein gizartearekin zituzten lotura guztiak etenarazten dizkiete.

• Gizabanakoari berez dagozkion askatasun guztiak kentzen dizkiete sektakideei, batez ere kontzientzia askatasuna.

• Erabat kontrolatu eta manipulatzen dute jarraitzaileei heltzen zaien informazio guztia.

• Teknika neurofisiologiko bihurriak erabiltzen dituzte gizabanakoaren nortasuna, borondatea eta arrazoimena menderatzeko.

Meditazioa eta kontrol mentala dira teknika horietako batzuk.

• Erabat arbuiatzen dituzte gizartea eta haren erakundeak, ongia/sekta eta gaizkia/gizartea bipolarizazioa eginez.

• Helburu politiko edota ekonomikoak ezkutatzen dituzte ideologia erlijioso, filosofiko edo espiritual baten azpian.

Helburu horiek lortzeko, ondasunak, dirutza handiak eta are soldata bera ere kentzen dizkiete sinestunei, askotariko hertsapen bideak erabiliz. Gainera, sektaren jomugak erdiesteko tresna gisa erabiltzen dituzte jarraitzaileak. Sekten aurka jarritako salaketa gehienak ustezko diru iruzurrek, dirua legez kanpoko bideetatik lortzeak eta zerga iruzurrek eragiten dituzte.

 

Gizartearen erantzuna

Sektak auzitara eramateaz gain, hainbat herrialdek ekonomiaren eta gizartearen arlora zabaldu dute haien aurkako borroka.

Espainiako Erresuman, esaterako, Madrilgo eta Gasteizko legebiltzarrek azterketa eta ikerketa batzordeak eratu dituzte, 1988an eta 1996an hurrenez hurren. Gainera, sekten aurkako elkarte ugari sortu dira, hala nola Pro-juventud (1997) –zeinak 1988an Sektei buruzko Aholkularitza eta Informazio Zentroa izena hartu baitzuen (AIS)–, Ijzis (1983) eta Libertad (1984). Euskal Herrian elkarte bat sortu da orain dela gutxi: AFAS, Sekten Eragina Jasan duenen Aldeko Elkartea.

 

Aro Berria

 

Erlijiotasun barreiatu baten sintesia

60ko urteetan sortu zen, Kalifornian (EEBB), kontrakultura puri-purian zegoenean.

“Barruan denetarik daukan saski-naski” moduko bat da, elkarren artean zeharkako harremanak dituzten taldetxo ugariz osaturiko sare zehaztugabe bat. Ez dute buruzagi ezaguturik ez erakunderik, bai ordea beren profetak: teosofoak, espiritistak, okultistak, ikuskizunen munduko jende ospetsua, etab. Osagai teoriko eta praktikoen nahaste-borraste bat da, erlijioak, zientziak, jakintza tradizionalak eta praktika psikoterapeutikoak bateratzeko saio sinkretista bat. Erlijioa barik, bizimodu berri bat da, giro bat, ahalbide ugariko alternatiba espiritual bat.

Aro Berria osatzen dutenek igaroaldi batean gaudela uste dute, luze gabe zodiakoko Piscis Arotik aro berri batera igaroko garela, Aquarius Arora hain zuzen ere. Hori dela eta, “Aquariusko Konspirazioa” ere deitzen zaio mugimendu horri. Aldaketa hori gertatzen denean, kristautasunaren, gerraren eta gorrotoaren nagusitasuna amaitu eta maitasunez beteriko garai berri bat hasiko da, non dogmarik eta eskakizunik gabeko erlijio unibertsal, baketzaile eta gizaki berrien sortzaile bat izango baita nagusi.

Mundu berrirako prestatu beharra daukagu, eta etortzen lagundu behar diogu, haren “kontzientzia” zabalduz. Izan ere, “kontzientzia” da Aro Berriaren giltza; kontzientzia horrek intuizioa, emoziotasuna eta sormena lehenesten ditu, gizarte modernoak balio horiek baztertu egin baititu arrazoiaren mesedetan.Gizabanakoa, Jainkoa eta kosmosa hirurak bat direla dioen printzipio panteista abiaburutzat harturik, jainkotasuna da energia funtsezkoa eta Gaian (Jainkosa-Ama-Lurra) du Jainko Aitaren erreplika; sakratua-jainkozkoa naturan dago, nonahikoa baita. Horregatik ematen dio Aro Berriak hain garrantzi handia ekologiari.

Aro Berriak sustatzen dituen praktika guztiak kontzientzia hedatzeko bideak baino ez dira, “ni indibiduala” gainditzeko tresnak, eta, azkenean, tresna horiei esker, guztiok biltzen gaituen errealitate kosmikoan den espiritu sakratu bakarrean elkartuko gara denok. Honakoak dira praktika nagusiak: ekologiaren alderako interesa; sendabide tradizionalen ordezko sendatze teknikak bilatzea (meditazioa, erlaxazioa, musika, dieta berriak, kultura desberdinetako petrikiloen sendabide tradizionalak, etab.); giza ahalmeneko eta kontrol mentaleko mekanismoak erabiltzea; objektu hegalari ezezagunen alderako interesa, gorputzaz haraindiko bidaiak, istripuak izan dituztenen edo gaixo larrien “heriotzaren atariko esperientziak” eta mediumen bidez beste munduko izaki eta gauzekin harremanetan jartzea; antzinako erlijioen, sartaldeko kulturen eta haien tekniken alderako interesa (yoga, zen, gudu antzeak); mistikoen zein terminologia kristauko testuak erabiltzea; esoterismoari, astrologiari, zodiakoari, parapsikologiari eta okultismoari garrantzi handia ematea; eta, azkenik, gizartea zalantzan jartzen duten taldeekin elkartzea (talde horietako askok balio berriak sustatzen dituzte gaur egungo gizartean nagusi direnen ordez, eta Gizarte Mugimendu Berriak deitzen zaie).