Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Mugimendu nazionalistak

Frantzia mundua argitzen, XIX. mende amaierako frantses nazionalismoaren irudi mitikoa.<br><br>

 

Nazionalismoak gizarte mugimendu gisa

Mugimendu nazionalistak erdigunea-periferia gatazkatik sortutakoak dira. Rokkanek dio, gatazka hori definitzerakoan, Modernitatea zeharkatzen duen Industria eta Nazio Iraultza bikoitzak sorrarazitako lau banaketa edo "cleavage" handietako bat dela gatazka hori (beste hirurak honako hauek dira: daukatenen eta langileen artekoa, nekazari gizartearen eta hiri gizartearen artekoa, eta Elizaren eta Estatuaren artekoa).

Nazio Iraultzak Eliza-Estatua gatazka agerrarazten du funtzioen ardatzean, gizarte katolikoetan aurrez aurre baitaude biak hezkuntza sistemaren kontrola dela eta, eta erdigunea-periferia gatazka sorrarazten du lurralde ardatzean, gizatalde jakin batzuk nazionalizazio prozesu orokorretik baztertuta daudenean.

Periferiak erdiguneari kontrajartzen dion erreakzioa mimetikoa da: azter ditzagun, bada, erdigunearen funtzio edo betekizunak.

Hasieran, Estatuaren erdiguneak, hainbat ekonomia, politika eta kultura betekizunen bidez, Gizarte eta Erkidego Nazionalak eraikitzen ditu. Gizarte Nazionala merkatu bateratua eta Administrazio eraginkorra sortzearen ondorio da, masak denentzako irakaskuntza derrigorrezkoaren bidez politikoki gizarteratzearen ondorio, eta sufragio unibertsala eta beste mekanismo politiko batzuen bidez integratzearen ondorio. Erkidego Nazionala, berriz, hiritarrak Estatuari leial izatea bultzatzen duen eta haiengan Nazioaren zati direlako sentipena sorrarazten duen kultura politikoaren emaitza da.

Baina Estatuaren naziogintzak hasieratik bertatik baztertzen ditu hainbat talde etniko, hizkuntzazko edo erlijioso, Estatua historikoki eraiki zuen talde nagusiarenbestelakoak izaki. Taldeoi galarazi egiten zaie ondasun kultural, politiko eta, inoiz, ekonomikoetara baldintza berdinetan iristea, Estatuak banatzen baititu. Batzuetan, taldeok pasibo irauten dute. Beste batzuetan, ordea, erreakzionatu egiten dute, beren hizkuntzaren, erlijioaren eta kulturaren alde hasieran, eta bizi diren lurraldearen nolabaiteko instituzionalizazio politikoa aldarrikatuz geroago. Hortik aurrerako prozesuan zehar, mugimendu etniko-nazionalek, erdigunearen mimesi antagonikoaren bitartez, kontrara imitatzen dute aurkako duten Estatu-Nazioaren zeregin bikoitza: Gizarte Nazionala eraikitzea –beren ekonomi barrutiaren koherentzia, hizkuntza eta kultura ondarea gorde eta babestuko duten instituzioak, lurraldearen gainean nolabaiteko kontrol politikoa izateko bidea ematen diotenak–; eta Erkidego Nazional bat sortzea bere nortasun kolektiboa sortzearen bidez. Horrek beste nazionalismoen ispilu bihurtzen ditu nazionalismo periferiko horiek.

Erkidegoaren mimesia diskurtsuaren bidez gauzatzen da batez ere; horregatik da beharrezko erkidego hori taxutuko duten elite ideologiko nazionalistak izatea. Diskurtso horrek akulturazio negatibo disoziatiboaren ildotik jotzen du, hots, estatu-nazioko kultura nagusiaren kontra berariaz doazen kultura konplexuak eratzetik (Devereux).

Nazionalismoak dira "mugimendua/erkidegoa" delakoaren formarik burutuena.

Alde horretatik, osozko gertaerak dira, heldutasunera iritsitakoan ekintza kolektiboaren era guztiak hartzen dituzte beren baitan, eta, asmoz nahiz egitez, eraketa-forma guztiak dauzkate: ez-instituzionala –gizarte mugimenduak–, instituzionala –alderdiak, sindikatuak, presio taldeak–, klandestinoa –talde armatuak–; baita talde adierazpide guztiak ere: konbentzionala, ez-konbentzionala, eta honen baitan gatazkarena –desobedientzia zibila, kale agerraldiak, bortizkeria politikoa...–.

 

Erdiguneko eta periferiako nazionalismoak

Estatu-Nazioak, irakaskuntza sistemaren bitartez bereziki, nazio kultura osatzen duten balio, arau eta sinboloak kohesionatzen ditu, zentzu zabalean; zentzu hertsian, berriz, beren zilegitasun politikoaren oinarriak sustraitzen dizkie hiritarrei. Naziogintza horrek, berez, ez du gizarte mugimenduaren itxurarik: gizarte mugimenduak kideen partaidetza aktiboa eskatzen du kideek berek osatu eta birnegoziatutako talde nortasun batean; Estatuak burututako hiritarren sozializazio nazionalak, aldiz, borondatezko partaidetza horretatik at jarduten du. Aitzitik, nazionalismo periferikoetan partaidetza indibiduala eragiten duten faktoreek mugimendu izaera nabarmena izan ohi dute ia beti.

Baina ez litzateke zuzena honako ondorio hau ateratzea, alegia, "kultura" nazionalismo periferikoak bakarrik direla gizarte mugimenduak, eta Estatu nazionalismo "politikoek" ez dutela horretatik ezer. Frantziako«Nazionalismoa izpirituaren egoera bat da ezer baino lehen, Frantziako iraultzaz gero gizadian gero eta gehiago zabaldu den jarrera kontziente bat.

Taldearen kontzientzia sekula ez da esklusiboa.

Gizonak talde desberdinetako kideak dira aldi berean. Zenbat eta konplexuagoa izan zibilizazioa, orduan eta talde gehiagotako partaide dira. Eta taldeak ez dira finkoak.

Mugak aldatu egiten dira eta garrantzia ere ez dute beti berdina izaten. Taldearen kontzientzia mota askotariko eta sarritan antagoniko horietan, beste guztien gainetiko taldetzat hartu ohi da bat, eta beraz goreneko horri eskaintzen dio gizonak leialtasun gehien, gatazka gertatuz gero.

Historian zehar eta zibilizazio desberdinetan badira erabateko leialtasuna eskaini zaien zenbait talde. Frantziako iraultzarekin hasten den gaur egungo historiako aldiaren ezaugarrietako bat da garai horretan, eta garai horretan bakarrik, erabateko leialtasuna eskatzen ziola nazioak gizonari, gizon guztiak, eta ez banako edo klase batzuk soilik, zirela leialtasun komun horretara erakarriak eta zibilizazio guztiak (ordu arte zein bere bidetik joan ziren arren, eta elkarren oso desberdin ziren arren) nazionalismoa osatzen duen taldearen goreneko kontzientzia osatzen duen nazionalismo horren menpe gelditzen direla gero eta gehiago.» Hans Kohn, «Nazionalismoaren historia». Fondo de Cultura Económica, 1949.Iraultza da esandakoaren adibide egokia. Berak sortu zuen Nazio Politikoaren eredua, Ilustrazioko joera arrazionalisten ideiak jasota: Locke-k egituratutako joera liberalak, indibidualista eta ordezkaritzazkoa, askatasunean eta jabetzan oinarritua; eta jatorrian Rousseau duen joera demokratikoak, zeinaren arabera soberanoa taldea baita, hots, "borondate orokorra". Hala eta guztiz ere, Erregimen Zaharraren kontrako borrokan gizarte mugimendu izaera nabarmena izan zuen. Nazioaren ideia izugarri indartu zen, eta horri esker sakrifiziorik handienak eskatu zizkien "citoyen"ei, beren bizia barne, nazio burujabetza "etsaiaren" kontra defendatu beharra izan zenean: Iraultzaren lehen faseetan barne etsaia zen, eta hein batean irudimenezkoa –"tirano" monarkikoa–; gerora, berriz, kanpoko etsaia eta bene-benetakoa, armadak kanpoan gerrari ekin zionean. Marseillesaren ahapaldiek zorrotz islatzen dute higikunde izaera duen nortasunaren ezinegon hori.

Alderantziz, gaur egungo estatu konplexuetan, boterearen lurralde banaketa denean, eta instituzio deszentralizatuak nazionalismo periferiko jakin batzuek gobernatzen dituztenean, lurraldeko gobernu horiek hasitako "tokiko" sozializazio prozesuei erantzuten diete, mugak muga, Estatu-Nazioak maila zabalagoan hasitakoei.

 

Nortasun alderdia: nortasuna eta ideologia

Analisirako, zein bere aldetik aztertuko ditugu nazionalismo periferikoen nortasun alderdia (edo nortasun eta ideologiarena) eta alderdi instrumentala (edo eraketari dagokiona), baliabideak erabiltzean oinarritua eta aukera politikoaren egiturak baldintzatua.

Dena den, bi alderdiok bereiztezinak dira errealitateko mugimendu nazionalistetan.

Mugimendu nazionalen nortasun alderdia aztertzeko, hiru erregistro bereizten dira: nortasunari berari dagokiona; ideologikoa; eta zilegitze politikoari dagokiona.• Nortasunari dagokion erregistroa honetan datza: taldekoa izateko sentimenduan eta nortasun ezaugarriak hautatzeko jardueran: nortasun ezaugarriok espazialak (taldea lurralde etniko batekin erlazionatzen dutenak), denborazkoak (taldeak denboran irauten duela adierazten dutenak, natibista edo utopikoak) eta kultura ezaugarriak (besteak beste, hizkuntza etnikoa eta taldearen erlijio historikoa ondaretzat hartzen dituztenak, bereziak badira).«Nazio burokraziak lurraldekako oposizioa eragin zuen hasieran. Lehengo kontramobilizazioek nazioaren, federazioaren eta inperioaren lurralde batasuna arriskuan jarri zuten. Norvegiako eta Suediako nekazarien mobilizazioak batasuna galarazi zuen; Habsburgoko herri zapalduen mobilizazioak inperioa desegin zuen; irlandar katolikoen mobilizazioak gerra zibila eta bereizketa ekarri zuen.

Mobilizazioaren lehenengo urratsek ez dute kasu guztietan etena eragin, baina beti utzi izan dute lurraldetasun-kultura alorreko gatazkaren aztarnarik: katalan-euskaldungaztelar oposizioa Espainian, flandriarren eta waloniarren arteko gatazka Belgikan, eta ingeles-frantses bereizketa Kanadan. Mobilizazioa zabaldu den estatu horietako bereizketa lerroak sendotzea edo ahultzea aztergai dago oraindik. Suitzako etnia-erlijioen arteko zatiketa, Finlandiako eta Norvegiako hizkuntzari buruzko garazkak askoz ere soilagoak izan dira azkenaldian Belgikan areagotu den flandriar-frankofono arteko gatazka baino, edo Quebec-en eta Kanadako gainerako probintzia ingeles hiztunen artekoa baino.

Talde horien aldaketak aztertzeko, egokia litzateke lau bereizketa lerro kritiko bereiztea.

Bi bereizketa iraultza nazional dei daitekeenaren zuzeneko ondorio dira: nazioak eraikitzen duen kultura zentralaren eta etnia, hizkuntza edo erlijio desberdineko probintzietako eta periferietako herri zapalduen erresistentzia gero eta nabarmenagoaren arteko gatazka, estatu-nazio zentralizatzaile, erregulatzaile, mobilizatzailearen eta elizaren pribilejio korporatibo historikoen arteko gatazka.» Stein Rokkan, «Zatiketa egiturak, alderdi sistemak eta hauteskunde lerrokadurak», zenbait egilek egindako «Zientzia politikoko hamar testu oinarrizko» obran, Ariel, 1992• Erregistro ideologikoa, identitarioarekin bat egina praktikan, honako honetan datza: filosofiak eta teoriak –sakonak edo azalekoak, berdin dio– taldearen helburuetarako erabiltzean.

• Hirugarren erregistroak –zilegitasun politikoaren mailari dagokionak– Estatu-Nazioak martxan jarritako legitimazio mekanismoak mimetizatzen ditu (arrazionalak, identifikazioan edo sakralizazioan oinarrituak), eta harekiko leuntasunaren edo gogortasunaren zenbatekoa zehazten du.Fase politikora pasatutakoan, mugimendu etniko-nazionala erdiguneari –eta agian beste talde etniko batzuei– bere helburu politikoak inposatzeko borrokatzen da, eta,ondorioz, asaldura eta masa mobilizazio lanei ekiten die. Mugimendu nazionalistak ideologiak behar ditu orain, kultura politiko ororen elementu dinamikoa. Baina ideologiak gizarte zatiketarako faktore ere badirenez, maiz hasieran bateratua zen erreakzio periferikoa hautsi egiten da eta hainbat mugimendu nazional sortzen da, alderdi politikoetan antolatuta edo antolatu gabe.Nazionalismoen alderdi sinboliko-kulturalak –eta horrek balio du bai erdiguneko nazionalismoentzat eta bai periferiako nazionalismoentzat– oso ideologia desberdinen bilgune bihurtzen ditu. Bateratze lan horien bizkarrezurra diren Mendebaldeko hiru ideologia nazional handiak honako hauetan daude oinarrituta, hurrenez hurren: nazio politiko-juridikoan, kultura nazioan eta nazio politiko-hautazkoan (denak ere Frantziaren eta Alemaniaren artean Frantziako Iraultzatik II. Mundu Gerra bitartean izandako aurkakotasunetatik sortuak).• Subiranotasuna erregearen pertsonatik sinbolikoki hiritarren multzora aldatzen denean (halaxe gertatzen da XVIII. mende hondarreko Frantzia iraultzailean), "nazio politiko-juridikoa" hiritarrek Estatuarekin eta beronen lurraldearekin duten loturaren sinbolo da, eta "herriaren" ordezkariengan hezurmamituriko subiranotasun kolektiboaren adierazpide.

•"Kulturazko nazioa" ideia germaniar eremuan sortua da, horrek ez baitzeukan ez batasun politikorik ez lurraldezkorik.

Herder-ek Volkgeist ("herri izpiritua") delakoaz zuen ideian du jatorria: ahaidetasun etnikotik sortutako sentimendu eta ohiturazko erkidegoa, modu organikoan garatua eta biztanleria jakin baten hizkuntzan oinarritua, baita zenbait instituzio, sineste eta tradiziori zaien begirunean ere.

•"Nazio politiko-hautazko" kontzeptua Renan-ek eratu zuen Alemaniak Frantzia garaitu zuenean: alemaniarrek beretutako Alsazia eta Lorenako lurraldeek, jadanik Frantziaren parte ez izan arren, eta (Alsaziaren kasuan) hizkuntzaz germaniarrak izan arren, frantses diraute hala ere beren biztanleek hala hautatu dutelako. Ideia horrek bat egiten du orainaldiko eta iraganeko belaunaldien plebiszituaren ideiarekin.Baina hiru ikusmolde horiek eredu idealak dira, bakartuta edo huts-hutsik oso gutxitan agertzen direnak; nazionalismo errealek hiru makroideologia horiek konbinatzen dituzte, gehienetan hiruretako bat gailendu ohi bada ere.

 

Alderdi instrumentala: antolamendua eta nazioarteko testuingurua

Logika instrumental-arrazionala sendotu egin zen mugimendu periferikoetan: hizkuntzaren eta kulturaren aldeko lehen fasearen ondoren, desberdintasunak instituzionalizatzea aldarrikatu zutenean. Erdigunearekiko gatazka Estatuko instituzioetarako irispidean edota instituzioon ordez beste batzuk sortzean zentratu zen. Mugimenduak kontrolatu nahi dituzten instituzioek, batzuek taldearen ezaugarri etnikokulturalei buruzkoak izan behar dute –komukikabideak, hezkuntza...–; beste batzuek talde etnikoa botere ekonomikora eta politikora iristeko bidea eman behar dute, horiek gabe oso zaila bailitzateke lehenek irautea. Instituzio politikoak Estatuko Konstituzioaren eskumena izan ohi dira, eta Konstituzioa "botere etnikoaren mapa" bilakatzen da horrela, eztabaidagai eta, inoiz, hura aldatzeko joeren joko eremu (Roessing).

Instituzionalizatutakoan, mugimendu nazionalista presio talde gisa, alderdi politiko bakar gisa, alderdi sistema gisa antolatzen da; batzuetan, baita talde armatu gisa ere... Horrela antolatutako mugimenduak hasierako kultura faseko baliabide berberak jartzen ditu abian: finantzetakoak, militante kopurua, buruzagien gaitasuna, informazioa eta harreman sarea, borrokarako gogoa, irudia..., baina oraingo honetan bere helburu instituzionalen esanetara.

Abian jarritako baliabideen indarra eta norabidea, bai eta antolamendu egitura ere, mugimendu nazionaleko eliteen eginkizuna dira, baina aukera politikoaren egiturak baldintzatzen ditu, eta hau, berriz, erdiguneko eliteen mende dago hein handi batean.

Aukera politikoaren egitura, formalki, Estatuak desberdintasun etniko-nazionalari buruz duen politikan agertu ohi da: integratzeko, ezabatzeko edo egokitzeko asmoz joka dezake; informalki, berriz, Estatuko eliteek aldarrikapen nazionalistei buruz duten jarrera leunagotik edo gogorragotik sortzen da, bai eta alderdi sistemek Estatu mailan eta lurraldekoan ageri dituzten haustura lerroetatik ere.

Fase instrumental-arrazional horretantxe agertzen dute mugimendu nazionalista periferikoek muga etnikoak gainditzeko eta lurraldeko hiritar guztiak beren aldarrikapenetara erakartzeko interesa (nahiz eta ez eduki oinarrizko taldearen ezaugarri etnikoak); errazagoa da hori ideologia unibertsalistak edo klasekoak erabiltzen badituzte.

Nazionalismo periferikoak, beraz, ez dira kultural hutsak; hautazkoak ere izan daitezke, erdigunekoak bezala. Kulturazko nazionalismoen bezeria etniko-partikularra zen; hautazko nazionalismoena, berriz, lurraldeko-nazionala.

Alderdi antolamendua orokortu egin zen sufragio unibertsala indarrean sartu ondoren, masen partaidetza politikoaren fasean; eta bere goren gradura iristen da estatu konposatuetan, lurraldeko botere organoetara iristeko tresna gisa. Batzuetan, alderdi nazionalisten sistema bat agertu ohi da, non batzuk sistemaren aldeko eta beste batzuk kontrako baitira.

Nazioarteko testuinguruak, azkenik, garrantzi handia du erdigunea-periferia gatazken sorreran eta bilakaeran. Estatuen eraikuntzaren hasierako faseak erabaki zuen zein talde etniko izango ziren erdigune eta zein periferia, eta monarkien eta inperioen gerrek, akordioek, zabalkundeek eta uzkurtzeek eratutako gudu zelaian jokatu zen.

Faktore nazioarteko, ekonomiko, politiko eta militarrek erabaki dituzte, estatu-nazioen eraikuntzaren garaian, gatazka hauen hurrenez hurreneko faseak, bai eta eskualde geo-politikoetan nola banatu diren ere:Mendebaldea, Ekialdeko Europa, Hirugarren Mundua, herrialde islamdarrak, Latinamerika... Nazioarteko testuinguruak erabakitzen du ia beti, azken buruan, aldarrikapen periferikoen bideragarritasuna, aldarrikapenok autodeterminazioaren edo independentziaren alde agertzen direnean.

 

Nazionalismo zentralistak

Estatu-nazioek lehen fasean eraikitzen dituzten nazionalismo berdintzaile "normalizatuekin" batera, erreakziozko beste nazionalismo batzuk sor daitezke erdigunean mobilizazio nazionalista periferikoen aurrean; nazionalismo zentralista horiek hiru fasetan osatu ohi dute beren erreakzio zikloa.

Erreakzio antiperiferikoa ez dute eragile bakarra; horrez gainera, erdigunearen defentsa funtzionala izan daiteke, edo ez.

Nazionalismo zentralista "funtzionalak" beren erdigunea eraikitzeari kontrajartzen zaizkion hainbat oztoporen aurrean jarrera gogorra hartzetik sortu ohi dira; sortu ohi dira, halaber, klase borroka edo estatuak nazioartean jasandako iraina eta gisahorretako aldagaien aurrean duten erreakziotik.

Estatu nazionalismo "disfuntzionalak", berriz, erdigunea eraikitzen laguntzen ez dutenak dira; mota horretakoak dira nazionalismo landazaleak eta arrazistak.

Azkenik, nazionalismo anti-periferikoak, periferiaren erreakzioa imitatzen baitute kontrara, Estatu mailakoak izan daitezke; edo Estatuko lurralde jakin batzuetara muga daitezke, zentralismo lokal gisa, edo periferiaren periferiek haren kontra egindako mobilizazio gisa, lehen periferia erdigune baita hauentzat.• Nazionalismo "landazaleak" baserri giroko bizimoduaren idealizatzaile dira, hori jotzen baitute nazioaren esentziatzat, eta XIX. mendearen bigarren erdian agertu ziren, Industria Iraultzak berekin zekarren mundu tradizionalaren (lege zaharraren) ezerezteari jauntxoek egindako errefusaren baitan.

Elite modernotzaile kapitalisten gorakadaren eta langile mugimenduko erakundeak sendotzearen kontra erreakzionatzen dute, haren nagusitasunaren azkena iragartzen baitute.

• Talde etnikoak bat-batean elkarrekin harremanetan jartzeak erreakzio etnozentrikoak sorrarazten ditu. Etnozentrismoa ideologizatzen denean, nazionalismo arrazista bihurtzen da, estatu bateko biztanleriaren borrokarako arma, kanpoko ekarpenen kontra.

"Arraza" kontzeptu estereotipikoa talde adierazpen hutsa da, eta bereizi egiten du gizatalde bat bere marka biologikoa emanez hari. Marka hori dutenek gutxiengoak osatu ohi dituzte beti, eta soziologikoki mendekotasun egoeran egoten dira; arrazistak bere mesedetan aldarrikatzen du izadia, honek talde bakoitzaren desberdintasunak erabatekoak direla bermatzen duelakoan, eta ez dagoela kultura batetik bestera pasatzerik, hots, bien artean halako hesi natural bat dagoela (Gillaumin).

• Estatu-Nazioak estigmaren eta estereotipoen bidez erreakzionatu ohi du ia beti periferiaren erreakzioaren kontra; hura mehatxugarri ageri bada, Estatu-Nazioak nazionalismo zentralistak agerraraz ditzake, Estatu osoan edo presio nazionalista periferikoaren mende dauden lurraldeetan. Azken kasu honetan, periferiaren periferietako nazionalismoek Estatuko erdigunearekin bat egiten dute beren arerio komunaren kontra borrokatzeko, dela instituzioetatik kanpo edukitzeko, dela haren hegemonia instituzionalari aurre egiteko.

 

Indarkeria periferiako eta erdiguneko nazionalismoetan

Nortasun nazionalista berriaren eraketan indarkeria agertzen denean, areagotu egiten da lagunen eta etsaien arteko banalerroa, eta bitariko egoera nabarmentzen da, denek beren aldea aukeratu beharra daukatelako.

Hainbat ideologia mota bereiz daitezke indarkeriazko nazionalismoek dakartzatenen artean, leninismo abangoardistaren eta Hirugarren Munduko askapen borroken ideologien arteko konbinazioen ondorio: maoismoa, gebarismoa, Fanon-en pentsabidea Aljeriako iraultzaz, eta latinamerikar gerrilen teoriko diren Guillén eta Marighela-renak, adibidez.

Mendebaldean gizarte mugimendu berriak agertzeak, industria gizartetik industriondoko gizarterako iragaitzan, eragina du nazionalismo horietan. Hala aipatu gizarte mugimenduak nola indarkeriazko nazionalismoak nortasun ezinegon indartsuan ageri ohi dira: batzuetako eta besteetako gizarte subjektua ez da klasekoa edo estatala, baizik eta baztertua, batzuetan bazterketa guneetara jaurtia, eta tokian tokikoa.

Baina mugimendu horiek ez dira indarzaleak; batzuk, hala nola bakezaleak eta antimilitaristak, argi eta garbi daude indarra erabiltzearen kontra. Nazionalismo indarzaleek erabiltzen dituztenean, hortaz, bigarren graduko diskurtsuaren bitartez erabiltzen dituzte, esanahi nazional erradikaldu bat erantsiz: aberri lurraren defentsa, ekologismoaren kasuan; Estatuaren aparatu zapaltzailearen kontrako borroka, bakezaleen eta antimilitaristen kasuan; Estatu patriarkal autoritarioaren kondena, feminismoaren kasuan. Mugimendu horien balioak, beraz, globalizatu egiten dira, eta Estatua-abangoardia armatua gatazka nagusiaren mende jartzen.

Nazionalismo periferiko indarzaleek badute ispilu izaera bat ere. Baina hauek Estatu-Nazioarekiko duten mimesia eta ezindarzaleena desberdinak dira beren erradikaltasunaren eta norainokoaren aldetik: ez-indarzaleek Erkidego Nazionala besterik ez dute mimetizatzen –eta batzuetan Gizarte Nazionala–; nazionalismo indarzaleek, aldiz, Estatuak indarra erabiltzeko zilegitzeari kontra egiten diotenez, indarkeriaren erdigune monopolizatzaile den aldetik mimetizatzen dute Estatua. Bere fase helduan, Estatuaren eta Nazioaren mimesi bikoitzak egitura bikoitza eraikitzera eramaten ditu, batetik kontra-estatu gisa antolatutako taldearmatua eta bestetik talde hori zilegitzeko erkidego zibila, kontra-nazio gisa.

Mugimenduak zilegitasun erkidegoa antolatzen du, eta bera ere bere osoan antolatzen da, hierarkikoki eratutako hiru mailatan: talde armatua (edo talde-estatua) abangoardia eztabaidaezin gisa; horrek kontrolatutako gizarte mugimendu erradikalduak; eta alderdi politikoa(k).

Ildo horretatik beste zentralismo mota bat sortzen da, Estatuko nazionalismo antiterroristena.

Hauek pluralismoa, bakezaletasuna eta humanismoa azpimarratzen dituzte balio gisa, eta nazionalismo periferiko indarzaleen balioei kontrajartzen dizkiete.

Orobat, arrazionaltzat hartzen dituzte Gobernuak gizarte, informazio, polizia eta nazioarteko mailan eta maila judizialean ematen dituen erantzun antiterroristak.

Baina Estatuaren diskurtso arautzaileak eraginkortasuna eta legezkotasuna konbinatzea azpimarratu arren, hainbat faktorek bultzatzen dute bata eta bestea bereiztera.

Erantzun korporatiboek eta epe laburrean eraginkortasuna atera nahiak legezkotasunaren mugei muzin egitera bultzatzen du borroka antiterrorista. Estatu-Nazioko gizartearen bitasun etsaituak, terrorismoaren astindua jasaten baitu, bigarren graduko zilegitasun batez estaltzen du haustura hori, eta esplizituki berorren alde azaldu gabe ere, bistakoa dena ukatuz eta esan gabeko onespenez blaitutako isiltasun gisa agertu ohi da.