Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Nazionalismoak: bilakaera historikoa

Diada eguneko ekitaldia, Bartzelonan.<br><br>

 

Erdiguneak eta periferiak Mendebaldeko Europan

Mugimendu nazionalistak deskribatzeko, estatuaren erdigune jakinen agerbide historikoa eta periferia nazionalen erreakzioak aztertu behar dira. Mendebaldeko Europatik hasiko gara, alde horretan agertu baitziren estatu-nazioen lehen eredu historikoak.

Rokkan-ek erlijio faktorea konbinatzen du erdigunearen eraketaren indar edo ahuleziarekin eta hiri sarearen dentsitate handi edo txikiarekin, 1500 eta 1800 artean indarrean egon zen Europaren «kontzeptu mapa» egiteko. Estatu unitarioa absolutismoa ezarri zenean sortu zen, Rokkanek «itsas nazio inperialak» esamoldeaz deskribatzen dituenen geografia eremuan: Frantzia, Ingalaterra, Portugal, Gaztela eta Danimarka.

Europa iparraldetik hegoaldera egituratzen zuen –eta egun ere egituratzen duen– erdiko ardatz «lotaringiarrean» kokaturiko hiri-estatuen sarearen alboan zegoen eskualde hori; Estatua eratzeak hiri indartsuenkontzentrazio trinkorik ez izatea eskatzen zuen, eta errazagoa gertatu zen hori zenbat eta urrunago egon Kontraerreforma katolikoaren eraginetik.

Hiri-estatuen aldean ez ziren sortu estatuaren erdigune indartsuak. Konfederazio modernoak alde horretan sortu ziren Behe Erdi Aroan: Lonbardiako Liga, Hansa, Probintzia Batuen Errepublika (Herbehereak), Belgikako Estatu Batuak, Rhin-eko Konfederazioa, Konfederazio Germaniarra, Konfederazio Helvetikoa... Estatu-nazioen garaian, estatu-nazio indartsuek bereganatu zituzten burujabetza anitzeko multzo horiek, edota lurralde galerak jasan zituzten etengabe.

Desberdintasun etniko, hizkuntzazko edo erlijiosoak zeuden aldeetan, mugimendu nazionalista periferikoak agertzea honako honen mende egon zen: erdiguneak Erkidego eta Gizarte Nazionalak (indartsuak Frantzian; ahulak, aldiz, Espainian) indar handiagoaz edo txikiagoz eraikitzearen mende. Mugimendu horiek, hasieran hizkuntza eta kultura izaerakoak, ez ziren heldu politikoki XIX. mendearen hondarra arte, sufragio unibertsala eta masa mobilizazio politikoa agertzearekin batera.

Historikoki, eta orokorrean, erdiguneaperiferia gatazkaren hiru agerraldi izan dira hurrenez hurren Mendebaldeko Europan mobilizazio etniko-nazional gisa (Seiler: 1996). Horien abiapuntua Industria eta Nazio Iraultzen hasiera historikoan kokatu behar da: • Lehena legitimista-erreakzionarioa da. XVII. mendearen azken aldera hasi zen Erresuma Batuan jakobinoen, Bretainiako chouan-ekin segitu zuen Frantziako Iraultzaren garaian, eta XIX. mendeko lehen erdian mugimendu karlista eman zuen, Espainiako estatu-nazioaren liberalismo ahularen kontra armak hartu zituena.

• Bigarren erreakzioak nazionalismo populistaren itxura hartu zuen, eta periferiak, erdigunerarekiko borrokan, nazionalismoaren baliabideak erabiltzean datza.

Fase honek alderdi autonomista-nazionalisten sorrera ekarri zuen XIX. mendearen azkenetan; prozesu horrek munta berezia du Mendebaldeko Europan, Katalunian eta Euskal Herrian.• Nortasunaren aldeko mobilizazioaren hirugarren era, nazionalitario-aurrerazalea, Mendebaldeko zenbait aldetan agertu zen XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarraldietan, eta elkarren kontrako faktoreen ondorio da: nazionalismo arrazistaren ospegaltzea faxismoaren eraginez, deskolonizatze prozesuak kontinente zaharrean izan zituen ondorioak –besteak beste, Hirugarren Munduko ereduei jarraitzea ekarri zutenak–, europar federalismoa... Mobilizazio hori 68ko maiatzeko belaunaldiaren balio industria ondokoak eta belaunaldi horren baitan sortutako mugimendu alternatiboen –ekologista, feminista, antimilitaristen– ekarpenak jaso zituen.

Periferiako mugimendu horiek izan duten berezitasuna hainbat faktoreri zor zaio, besteak beste, estatu horien aniztasun etniko handiago edo txikiagoari eta naziogintza bikoitzaren sendotasun edo ahuleziari.

Faktore horiei dagokienez, «protonazio» etnikoak izateari eta mugimendu horiek, estatu-nazio jakin batek alde horretatik zuen eskasiaren aurrean, modernotasun faktore bilakatzeari edo ez bilakatzeari. Kontuan hartu beharreko egungo faktoreak hauek dira: nazionalismo periferikoek zein neurritan egin duten bat posmodernitateari dagozkion gizarte mugimendu alternatiboekin; eta Ongizatearen Estatuaren logikarekin dituzten adostasun edo desadostasunekin.

• Ipar Irlandan izan ezik, hizkuntza desberdintasunak nagusitzen zaizkie erlijiozkoei Mendebaldeko Europako nazio gatazketan; Ekialdean, berriz, ez da halakorik gertatzen. Horrelakoa da Belgikan talde waloniera eta flandriera aurrez aurre dauzkan gatazka; horrelakoak dira, halaber, kataluniar, euskal eta galiziar nazionalismoak erdigune espainiarraren aurrez aurre jartzen dituena; okzitaniar, bretainiar, euskal eta korsikar nazionalismoak frantziar erdigunearen aurrez aurre jartzen dituena; eta nazionalismo eskoziarra eta galestarra (baldin eta Eskoziako presbiterianismoa eta Galesko metodismoa aintzakotzat hartzen ez badira) erdigune britainiarraren aurrez aurre jartzen dituena. Italian, hizkuntza alemana eta frantsesa dira, hurrenez hurren, Hegoaldeko Tirolgo eta Aostako haraneko kontzientzia etnikoaren funtsa, bai eta sardiniera Sardinian ere; Italiaren iparraldean, berriz, «Padanian», antzina hiri-estatuek eratzen zuten eskualdean jatorrizko hizkuntzak berrindartzeko saioetan ari dira.

• Elkarrekiko akulturazio prozesua blokeatuta daukaten talde nazional «berdinak» izatean –ohiz kanpokoa da hori Mendebaldeko Europan–, mugimendu nazionalista indartsuak sortzen dira talde haien baitan.

• Nazio periferikoaren eginkizun sortzailea errazagoa da baldin eta aurrez «protonazio» historiko bat izan bada, nabarmen ageri dena eta egungoarekin loturak dituena, iraganean bere estatua eraikitzekoborroka galdutakoa; kasu horretan daude, besteak beste, Eskozia eta Katalunia.

• Estatua periferian sartzen hasten denean, Estatua ez bada modernotasun faktore (edo ez bada nahiko modernotzaile), mugimendu etnikoek berek har dezakete beren gain modernitatea eraikitzea erdigune atzeratuaren kontra. Halakoetan, mugimendu horiek lehenago sortzen dira, eta estatu-nazio indartsuetan baino indartsuago garatzen; bestalde, modernitatea-tradizioa gatazka mugimenduen barrualdera aldatzen da, eta bereizi egiten ditu joera aurrerazalea eta kontserbadorea. Esanguratsuak dira, alde horretatik, erdigune espainiarraren eta frantsesaren kontrako erreakzio periferikoen erritmoen arteko aldeak XIX. mendean eta XX.aren hasieran: Espainian, erreakziokoak askotarikoak dira –liberalak, federalak, tradizionalistak–; Frantzian, aldiz, kontserbadoreak dira ia guzti-guztiak.

Ez da harritzekoa alderdi politiko periferikoak, nazionalismo horien indarraren adierazle, Pirinioen hegoaldean sortu izana lehenengo aldiz (Lliga Catalana eta EAJ XIX. mendearen hondarrean sortu ziren); ez da harritzekoa, halaber, Eskoziako SNPk eta Galesko Plaid Cymru-k Britainiar Inperioak I. Mundu Gerraren ondoren bere nagusitasuna galdu arte itxaron behar izana; edo Frantzian, salbuespenak salbuespen, 60ko hamarraldian agertu izana, bi gertaeraren arrastoan: frantses inperioaren azkena eta gizarte mugimenduen goraldia; eta azkenik, Italian –Sardinian izan ezik– mugimenduok uharteetan eta Alpeetan sortzeko faxismoaren porrota gertatu behar izana, eta iparraldean hedatzeko Ongizatearen Estatuaren bezeria oraintsu deskonposatu behar izana.

• Posmodernitatean, nazionalismo mota batzuk gizarte gatazken erantzun gisa sortzen dira, eta gizarte mugimendu alternatiboetatik elikatzen; beste batzuek, berriz, gatazka politiko baten aurrean erreakzionatzen dute, bereziki Estatuaren errepresioaren kontra. Faktore horrek argitzen ditu, beste faktore historiko batzuekin batera, Espainiaren eta Frantziaren arteko desberdintasunak.

Francoren diktadura bortitzak diskurtso marxista-leninistak erabiltzen zituzten mugimendu nazionalistak sorrarazi zituen periferietan, asmoz antiinperialista zen indarkeria politikoa erabiltzen zutenak.

Frantzian, aitzitik, nazionalismoek 60ko hamarraldiko gizarte mugimenduen iturri berberetatik edan zuten; hori dela eta, eta Korsikan izan ezik, nazionalismo berriok ahuldu egin ziren gizarte mugimendu berriak ahuldu zirenean.

• Ongizatearen kontrako eraso deszentralizatzaile-neoliberalak aldatu egin ditu erdigunea-periferia gatazkak. Eskuin Berriak Ongizatearen Estatuaren kontra egindako kritikek murrizpenak eragin dituzte gizarte prestazioetan, eta horrek areagotu egin dituzenbait periferiatako protestak, mozketa horiek beren garapenaren kontrako erasotzat hartu baitituzte. Eskoziak Tatcher gobernuaren politika neoliberal eta autoritarioaren kontra azaldutako kontrakar orokorrak aldarrikapen periferikoen sailera eraman zituen hainbat indar politiko ez-nazionalista, hala nola eskoziar laboristak. Harrigarria badirudi ere, zenbait erreakzio periferikok bere egin dute logika neoliberala; horixe gertatu da Iparraldeko Italian, non Ongizatearen Estatuaren ustelkeriak modu horretan plantearazi baitizkio autogobernu fiskalaren aldarrikapenak Lliga Norte-ri.

• Estatu-nazio zaharren eta zurrunenetan –Espainia, Frantzia, Erresuma Batua– agertu dira indarkeriazko nazionalismo periferikoak: Euskal Herrikoa, Korsikakoa eta Ipar Irlandakoa.

 

Beste mugimendu nazionalista batzuk

Baina erreakzio periferikoek era askotako jatorriak dituzte. Deskriba ditzagun inperioen zatiketaren ondorio diren nazionalismoak, Hirugarren Munduan sortutakoak eta lurraldezko ez direnak.

Erdialdeko eta Ekialdeko Europa inperio historikoen aldea izan zen: Austriakoa, Errusiakoa, Otomandarra. Inperio historikoek honako ezaugarri hauek dituzte: herri asko hartzen dituzte beren baitan, lurralde eremu zabala antolatzen dute, eta gehiago hedatzeko joera dute. Kulturaantziak dira, baina estatu unitario etniaanitzak ez bezala: osagai dituzten herrien askotarikoa bere egiten dute bertako erdiguneek, eta mugatu egiten dute haietan duten sarbidea (Badie). Beraz, inperioak zatikatzera jotzen duten indarrak asko dira modernitatea iristean: erlijioaren egitekoa aldatu egiten da botere urrun baten zilegitasun mekanismo izatetik erkidegoen identitate emaile eta, beraz, erkidegoen arteko balizko gatazka baten faktore izatera; eta integrazio, sozializazio eta merkatua sortzeko prozesuak ezinezkoak dira barruti inperial heterogeneoan.

I. Mundu Gerraren ondorengo prozesua errepikatu egin da azken hamarraldian.

Multzoa batzen zuen makroideologia (marxista-leninista) deskonposatzearen ondorioz zatitutako estatu federal «inperialetan», elite politikoak dira buru estatu eraikuntzan. Hasieran bederen, prozesu horiek goitiko banaketa politikoaren itxura ageri zuten, geroago batzuetan masa mobilizazio indarzale etnozentrikoak eman bazituzten ere. «Sozialismo errealeko» estatuek aurre egin zieten erdigunearen hausketaren kariaz indartu ziren nazionalismo periferikoei (Sobietar Batasuna, Jugoslavia),edo historikoki jazarri izan zaizkienei (Txinako Herri Errepublika); nazionalismo horiek oso desberdinak dira beren artean, erdigune inperialik izan ala ez, eta erdigune horren sendotasun mailaren arabera.

Aldi kolonialak erabat baldintzatu du Estatuaren eraikuntza Afrika eta Asiako gizarteetan –funtsean 1945 eta 1975 urteen artean gertatu zen–. Estatu berrien lurralde mugaketak oso gutxitan izan du zerikusirik kolonizazio aurreko esparruekin: kasu batzuetan zibilizazio osoak hartu ditu barne, Indian kasu; beste batzuetan, Afrikan bereziki, muga arbitrarioen barruan batu ditu gizarte desberdinak; alegia, aurreko aldian –Berlingo Konferentziatik, 1885ean, I. Mundu gerra arte– Mendebaldeko potentzien artean izandako aurkaritzen gorabeheren arabera marraztutako mugen barruan.

Horren guztiaren ondorioz, erdiguneaperiferia harremanen halako eraketa berezi bat ageri da Hirugarren Munduan; «Kultur aniztasunak» ezaugarrituko lituzke harremanok.

Badie-ren arabera, kultur aniztasuna kultur talde desberdin eta bateraezinak, barne integrazio indartsua dutenak, elkarren ondoan jarritakoan sortzen den antolaera da; horrek egitura bertikala ezartzen dio gizarteari.

Sistemaren erdigunea talde batek monopolizatzen du, eta talde horrek bere gisa antolatzen du bere gizarte nagusitasuna.

Talde hori tribu edo klanetan banaturiko gizartearen zati bat izan daiteke, hori ohikoena ez bada ere. Talde nagusi hori elite ez-tribala izan ohi da; izan ere, deskolonizazioak eragindako mobilizazio politikoa tribu identitateen ezabatzaile gertatu da, eta beste identitate ideologiko batzuk sortu ditu. Besterik uste bazen ere, talde zaharren arteko aurkaritza areagotu du horrek, elkarrekin harremanetan jarri dituelako eta hartara enfrentamendurako arrazoiak ugaritu dizkiolako. Ondorioz, ezin konta ahala gatazka nazional gertatu dira erdigunearen eta periferiaren artean.

Beste mugimendu nazionalista batzuk lurraldetasunik ez dutenak edo oso eskas definituta dutenak dira. Oso mugimendu desberdinak sartzen dira mota horretan.

Batzuk pan-nazionalismoak dira: pan-eslavismoa, pan-germanismoa, pan-amerikanismoa, pan-turkismoa, Hispanidad delakoa, pan-afrikanismoa, pan-arabismoa, pan-islamismoa...

Beste batzuk, mugimendu etniko (edo etniko-nazional) lurraldetasunik gabeak: erlijio erkidegoenak –judutarrena, kasu–, edo talde nomadenak –ijitoak, esate baterako–. Azkenik, izan daitezke mugimendu a-nazionalak ere, Estatu-Nazioaren eraikuntzatik bazter geratu diren talde etnikoen baitan (amerindiarrak, laponiarrak, australiar aborigeneak). Gehienetan –baina ez beti, laponiarren kasuak frogatzen duenez–, halakoak egoera kolonialean bizi dira, eta dekulturazio sakon bati jazartzen zaizkion mugimenduak izaten dira.