Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Neoliberalismoa

Ronald Reagan, neoliberalismoaren jarraitzailea, Estatu Batuetako alderdi errepublikazalearen mitin batean.<br><br>

Liberalismoa unibertso ideologiko plurala da. Horrekin esan nahi dugu singularrean aipatu ohi dugun ideologia horren barruan joera desberdinak daudela eta bakoitzak bere ikuspuntu bereziak dituela zenbait gairi buruz. Hala ere, liberal guztien ustez gizabanakoaren askatasuna da giza bizitzaren baliorik gorena, eta askatasun hori babestea eta sustatzea da agintari politikoen eginkizunik behinena. Liberalismoaren muin morala formula horretan laburbildurik dago. Joerak joera, beren burua liberaltzat daukaten guztiak bat datoz horretan, eta eragozpen handirik gabe aldezten dute denek printzipio hori. Horren ondorioz, edozein erakunde publikoren jarduera ebaluatzean, liberal guztiek kontuan hartzen dute erakunde horrek zenbateraino babestu, errespetatu eta sustatzen duen gizabanakoaren askatasuna; hori da liberal guztiek erabiltzen duten irizpide nagusia.

Hala ere, formula horretan sakondu eta askatasuna zertan datzan azaltzen saiatzen bagara, berehala geratzen dira agerian liberalen arteko desadostasunak. Izan ere, zer da zehatz-mehatz askatasuna? Zenbateraino dira bateraezinak askatasuna eta berdintasuna, ideologien arteko eztabaidaren ardatza diren bi balio horiek? Noiz esan daiteke gizarte bat zuzena dela? Laburbildurik, gaur egungo liberalismoan bi erantzun daude galdera horientzat. Batetik, liberalismoaren adar berdinzalea dugu (John Rawis da haren filosofo nagusia). Adar horren teoria moral eta politikoaren arabera, beharrezkoa da Estatuak gizartean esku hartzea, desberdintasun handiegiak eta bidegabekerialazgarriegiak eragozteko. Gaur egungo liberal horiek diotenez, berdintasunari inolako garrantzirik ematen ez dion askatasuna zentzurik gabeko ameskeria da, mamirik gabeko askatasuna, zeren eta, gutxieneko ongizate materiala bermatzen ez badiete, gizarteko talderik behartsuenek ezin baitute askatasuna benetan baliatu.

Baina liberalismoak badu beste adar bat ere: neoliberalak, eskuineko libertarioak* edo anarkokapitalistak (izen horiek guztiak ematen zaizkio orain aztertuko dugun joera ideologikoari). Haien ustez, Estatuak ahalik eta esku-hartzerik txikiena izan behar du bizitza sozial, ekonomiko eta kulturalean (herritarrei zergak ordainaraziz batez ere); bestela, gizabanakoari soilik dagozkion arloetan sartuko litzateke azkenean, eta definizioz arlo horiek ezin urratuzkoak dira, hau da, gizabanakoa dute jabe eta nagusi bakar. Ezin esan daiteke neoliberalismoa dotrina multzo homogeneoa denik (ideologiak inoiz ez baitira homogeneoak), bai, ordea, haren aldekoek gizabanakoaren jarduera ekonomikoa gobernuaren ekintzen gainetik jartzen dutela. Horregatik aldarrikatzen dute hain sutsuki gizabanakoak ekonomian jarduteko askatsuna izan behar duela, eta, batez ere, berebiziko garrantzia ematen diete produkzio bideen jabetza pribatuari eta irabaziei. Neoliberalek, bestetik, merkatu librea aldezten dute; haien ustez, merkatua da gizartean baliabideak banatzeko biderik egokiena eta, beraz, eraginkortasun ekonomikoaren bermerik sendoena.

Horregatik ez dute inola ere onartzen Estatuaren planifikazioa edo Estatuak merkatuan esku hartzeko erabiltzen dituen bestelako bideak.

Liberalismo berdinzalearen eta neoliberalismoaren oinarriak aipaturik, orain sakonago aztertuko dugu neoliberalismoa. Robert Nozick filosofo iparramerikarra da pentsabide horren burua. 1974an Anarkia, Estatua eta Utopia liburua argitaratu zuenetik, askatasunari balio erabatekoa eta ezin urratuzkoa ematen dioten guztien gidaria da. Haren formulazioetan oinarrituko gara neoliberalismoa sakon aztertzeko.«Estatuari buruzko nire ondorio nagusiak dira estatu minimo bat, indarkeriaren, lapurretaren eta iruzurraren kontrako babes funtzioetara, kontratuak betearaztera etab. mugaturiko estatu bat zilegia dela; edozein estatu zabalagok urratu egingo lukeela pertsonek zenbait gauza ez egiteko duten eskubidea, eta beraz, ez dela zilegia; estatu minimoa bizkorgarria dela, eta zuzena. Bi inplikazio nabarmen dira aipatzekoak, batetik estatuak ezin duela bortxa darabilen aparaturik baliatu hiritar batzuek beste batzuei lagun diezaieten lortzeko edo jendeari norberaren onurarako edo babeserako ekintzak egitea galarazteko».

Robert Nozick, “Anarkia, estatua eta utopia”, 7. orr.«Neoliberalismoak dio gaur egun dugun merkatu libreak, are merkatu erreal eta konkretuak, gutxi asko askeak, gizabanakoaren ekintza ekonomikoak behar bezala koordinatzen dituela, ekonomia antolatzeko beste modu batzuekin (planifikazioa, estatuaren esku hartzea, eta are ekonomia mistoa) lor litezkeen baino ondasun gehiago lortzeko xedean».

Luis de Sebastián, “Neoliberalismo orokorra”, 12. orr.

 

Neoliberalismoaren filosofia morala

Neoliberalismoaren eta, bereziki, Robert Nozick-en aburuz (neoliberalismoaren adierazgarritzat hartu baititugu filosofo horren proposamenak), gizabanakoaren eskubideak ezin urratuzkoak dira: “Gizabanakoak eskubideak ditu, eta badira zenbait gauza ezein pertsonak edo taldek bere eskubideak urratu gabe ezin egin diezazkiokeenak”.

Esaldi horren mamia modu egokian atzematea da neoliberalen filosofia politiko eta moralaren proposamen praktikoetako asko ulertzeko giltza. Izan ere, hau da neoliberalismoaren funtsa edo oinarrizko axioma: gizabanakoa da bere buruaren eta bere gaitasunen jabea, jabe bakar eta guztizkoa. Gizabanakoa bera da bere eskubideak erabiltzeko ahalmen zilegia duen bakarra, ez beste inor eta ez beste ezer. Horren ondorioz, drogen kontsumoa dela, prostituzioa dela zein eutanasia dela, neoliberalek diote beti errespetatu egin behar dela gizabanakoaren erabakia.

Neoliberalek, beraz, sutsuki aldarrikatzen dute gizabanakoa dela bere buruaren jabe bakarra eta, horrenbestez, berak nahi ez badu, ez dio zertan Estatuari inolako zerbitzurik egin edo diru laguntzarik eman behar. Esaterako, Estatuak ezin dio inori zergarik ordainarazi hezkuntzaren, osasunaren, kulturaren edo ingurumenaren arloko politika publikoak finantzatzeko. Halatan, haien ustez, “lanaren emaitzei zergak ezartzea bortxapeko lana sustatzea da... n lanorduren irabaziez jabetzea gizabanakoaren n orduz jabetzea da, pertsona bat beste baten helburuen mesedetan n ordu lan egitera behartzearen parekoa”.

Jarrera horren iturburua Immanuel Kant XVIII. mendeko filosofo alemaniarra da; haren ustez, gizabanakoa berezko jomugatzat hartu behar da, eta inoiz ere ez bestek ezarritako helburuak lortzeko bidetzat.

Nozick bat dator horrekin; beraren iritziz, eskubide berezko, absolutu eta ezin urratuzko batzuk izateak hau adierazten du: “Kanten printzipioa, hau da, gizabanakoa helburu dela, ez baliabide huts; gizabanakoak nahi ez badu, inork ezin du sakrifikatu edo erabili beste helburu batzuk lortzeko. Gizabanakoa ezin bortxatuzkoa da”.

Azaldu berri dugunez, Nozick-ek eta gainerako neoliberal guztiek kartsuki aldezten dituzte gizabanakoaren eskubideak, baina zein dira eskubide horiek? Labur esanda, Nozick-entzat hiru hauek dira eskubide nagusiak: askatasuna, jabetza eta bizitza. Eskubide horiek hiru ezaugarri dituzte:• Eskubide “negatiboak” dira, hau da, gizabanakoak eskubidea du botere politikoa haren eremuan sar ez dadin. Beste era batera esanda, agintariek norberari dagokion eremuan esku ez hartzeko eskubideak dira. Eskubide “positiboak”, hau da, gizartean berdintasuna sustatzeko botere publikoek aktiboki aldezten dituztenak kaltegarriak dira, eskubide horiek gauzatzeko ezinbestekoa baita gizabanako batzuei ondasun batzuk kentzea (zergen bidez) beste gizabanako batzuei emateko. Inoiz ez da zilegi gizabanakoa beste gizabanako batzuk finantzatzera behartzea.

• Gizabanakoaren eskubide horiek “zeharkako mugak” ezartzen dizkiete gainerako gizabanakoen ekintzei. Esaterako, ez da zilegi gizabanako baten askatasuna mugatzea gehiengoaren edo are gizarte osoaren ongizatea handitzeko.

Nozicken kritiko batek esan zuenez, haren ideiak hitzez hitz hartzeak honelako ondorioak ekarriko lituzke, besteak beste: “Gure gizarteko haurren elikadura urriegia bada ere, ez dugu zilegi aberats okituei zergak kobratzea familia pobreei esnearen prezioa beheratzeko, hori eginez gero aberats okituen eskubideak eta “duintasuna” urratuko genituzke-eta.

Ezin dugu gogora ekarri egun haur diren eta bihar heldu izango diren horien benetako askatasuna izugarri handituko litzatekeela aberats okituen askatasuna apur bat murriztuko bagenu, Nozickek askatasuna murriztenduten ekintza guztiak debekatzen ditu eta” (Cohen, 1995: 31-2).

• Botere politikoak eskubideen defentsa izan behar du kezka eta ardura bakar.

Horri dagokionez, Nozick-ek dio eskubideak “zehatzak” direla.Beraz, Nozick-en ustez, gizabanakoaren eskubideak “negatiboak” eta “zehatzak” dira, eta zeharkako mugak ezartzen dizkiete gainerako gizabanakoen ekintzei, eta horretan oinarriturik dio eskubideak absolutuak eta ezin urratuzkoak direla; ezin dira jarri ez herriaren ongizatearen ez gainerako gizabanakoen eskubideen mende.

Eskubideak berezkoak dira, gizabanakoak bereak ditu jaiotzen den egunetik bertatik, eta horregatik ezin dira inola ere urratu.

Horrenbestez, agintarien zeregin eta helburu nagusia eskubide horiek babestea da, ez gehiago eta ez gutxiago.

 

Gutxieneko Estatuaren defentsa

Zalantzarik gabe, gutxieneko Estatuaren proposamena neoliberalen filosofia moral eta politikoak dakarren ondorio politikorik garrantzitsuena da. Ez da harrigarria, beraz, proposamen horrek hain interes handia piztu izana (kritikatzeko) bai bere gain birbanatze eginkizunak hartuko lituzkeen Estatu eredu baten aldekoengan, eta bai egungo gizarteetan Estatuaren aginpidea gizabanakoaren askatasunarentzako arriskurik larriena dela uste duten guztiengan.

Nozick-ek argi eta garbi dio zein diren, bere ustez, Estatuak bete ditzakeen eginkizun bakarrak: “Hauek dira Estatuari buruzko nire ondorio nagusiak: herritarrak indarkeriatik, lapurretatik eta iruzurretik babesten dituen, hitzarmenak betearazten dituen eta horrelako eginkizun xumeak soilik betetzen dituen Estatua zilegi da; hori baino zabalagoa den edozein Estatuk gizabanakoak zenbait gauza ez egiteko duen eskubidea urratzen du eta, beraz, ez da zilegi; gutxieneko Estatua inspiratzailea da, eta egokia. Horrek bi ondorio nabari dakartza: Estatuak ezin ditu bere tresna bortxazkoak erabili gizabanako batzuk beste batzuei laguntzera behartzeko eta, orobat, ezin dizkie herritarrei debekatu beren onerako edo babeserako ekintzak” (Ibid.: 7).

Pasarte horrek erakusten duenez, Estatuak bere gain har ditzakeen eginkizun bakarrak judizialak eta defentsakoak dira (polizia barruko babeserako eta armada kanpotik etor litezkeen mehatxuei aurre egiteko), hau da, bizitza, jabetza eta askatasuna babesten dituzten erakundeak soilik ditu zilegi; horiez gainera beste eginkizun batzuk erebete nahi dituen Estatuak arriskuan jartzen ditu gizabanakoaren burujabetza (ikusi dugunez, neoliberalen printzipio horrek dio gizabanakoa dela bere buruaren jabe bakarra).

Horren ondorioz, neoliberalek ongizatearen Estatua kritikatzen dute, gizabanakoaren askatasuna arriskuan jartzen duela eta banakoen ekimena eragozten duela uste baitute. Haien iritziz, mendebaldeko gizarteek gaur egun dituzten arazoak Estatuak ekonomian eta gizartean izandako eskuhartzearen ondorio dira, esku-hartze horrek ekonomiaren hazkundea oztopatzen baitu.

Bada lelo bat neoliberalen pentsaera hori oso ondo laburbildu eta erakusten duena: “Estatua ez da irtenbidea, arazoa baizik”.

Esaterako, neoliberalen ustez, Estatuaren legeek lan merkatuan ezarritako zurruntasuna da langabeziaren jatorria.

 

Ondorioak

Neoliberalismoak aldezten duen filosofia moral eta politikoa, haren ordezkaririk ospetsuenaren bidez aztertu dugunez, balio bakarreko filosofia da: gizabanakoaren askatasuna subiranoa da. Horrek esan nahi du oso esparru estua uzten diela beste balio batzuei, hala nola botere publikoak sustaturiko elkartasunari. Horrek ez du esan nahi neoliberalismoak elkartasuna erabat arbuiatzen duenik; aitzitik, joera ideologiko horretakoen ustez, elkartasuna balio laudagarria eta guztiz txalogarria da, baina banakoen ekimenak bultzatu behar du, ez Estatuaren jarduera estugarriak, borondatezko elkartasuna eta elkartasun behartua ez baitira inondik ere gauza bera.

Izan ere, Estatuak gizabanakoa elkartasunera behartzen duenean, neurri batean birbanatze eginkizunetarako erabiliko diren zergak ezarriz egiten du hori (hau da, baliabide ekonomikoak gehien daukatenei kendu eta gutxien daukatenei ematen dizkie, osasunaren, hezkuntzaren, gizarte segurantzaren, ingurumenaren eta horrelakoen bidez). Horregatik, azken bi hamarraldiotan (batez ere EEBBetan eta Britainia Handian, proposamen neoliberalek herrialde horietan izan baitute indarrik handiena, Reagan-en eta Thatcher-en angintaldietan bereziki) neoliberalek behin eta berriro aldarrikatu dute gizarteko erakundeek (batez ere elkarteak eta taldeak) bideratu behar dutela banakoen elkartasuna.

Labur esanda, programa neoliberalak ahal beste murriztu nahi du Estatuaren jardun eremua, eta ahal beste zabaldu banakoen jardueren esparrua, zeinak bi printzipio gidari baititu: noberaren irabaziak eta, azken batean, banako burujabeek gaur egungo Estatu esku hartuzalearen inolako estutzerik jabe jarduteko duten eskubidea.