Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Europako Batasuna

Europako proiektuaren inguruko datu historikoak

 

Bateratzearen faseak

Europaren integrazio prozesua Bigarren Mundu gerraren amaieran hasi zen; politikari batzuen bake borondate irmoagatik, batik bat, baina, baita ere, zenbait arrazoi ekonomiko eta politikogatik.

Badira bi gai funtsezko, Europaren integrazio ekonomikoa ulertzeko:• Alemaniaren auzia: Alemania erdibituak zer eginkizun ekonomiko eta politiko izan behar zuen gerra ondorenean.• Mendebaleko Europaren posizioa, orduko bi superpotentzien (EEBB eta SESB) aurrean.Benelux jaiotzea eta Marshall Planaren ondorioak dira Europako Batasunaren aurrekari hurkoenak.

 

Benelux

1922tik aurrera, Belgikak eta Luxenburgok Ekonomi Batasun bat zeukaten. Hori baino lehenago, Luxenburgo banatu egin zen Alemaniar Aduana Batasunetik, Lehen Mundu gerragatik. Gero, 1943an eta 1945ean, Belgikak, Herbehereek eta Luxenburgek diru eta aduana hitzarmenak sinatu, eta Benelux eratu zuten. Elkarte hori 1948ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean, eta bera izan zen etorkizuneko Europako Ekonomia Elkartearen laborategia.

 

Marshall Plana

Denek aitortzen dute biziki garrantzitsua izan zela EEBBen eskua Europaren bateratzearen hastapenetan. Amerikarrek bazituzten gutxienez bi arrazoi sendo Europa hondatua berreraikitzeko: batetik, Europako herriak merkatu bikaina ziren, eta, bestetik, Europako gobernuek laguntza handia eman zezaketen SESBren hedatzea gelditzeko.

Beraz, EEBBetako gobernua laguntza ekonomikoa ematen hasi zen Mendebaldeko Europari.

Hala, Mendebal Europan lankidetza ekonomikoa sortzeko ekimena eta hori martxan jartzeko dirua EEBBetatik etorri ziren, Marshall Planaren bitartez. Laguntza horrek betebehar batzuk ezartzen zituen, ordea: Europako gobernuen arteko benetako lankidetza, eta Europa barruko merkataritzaren eta ordainketen liberalizazio mailakatua.

Bai Ekonomia Lankidetzarako Europako Erakundea (ELEE) –zeina 1948an sortu baitzen (1961ean, egungo izena hartu zuen: ELGE, Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundea)–, bai Ordainketen Europako Batasuna (OEB) (1950) amerikanoen bultzadagatik sortu ziren, eta tresna horiexek izan ziren Mendebaldeko Europako lankidetzaren hasiera.

 

Schumann Plana

Integraziorako hurrengo urratsa Schumann Plana izan zen (1950ko maiatza).

Horren bitartez, Parisko Ituna izenpetu zen urtebete geroago, eta Ikatz-Altzairuen Europako Elkartea (IAEE) eratu. Elkarte horrek banatuago utzi zuen Europa, frantsesen ekimen hori Beneluxek, Alemaniako Errepublika Federalak eta Italiak bakarrik onartu baitzuten, eta Erresuma Batua (Mendebaldeko Europako herri ahaltsuena, artean) kanpo gelditu zen. Schumann Planak jarri zituen Frantzia eta Alemania berriro adiskidetzeko oinarriak. Gogoan izan behar da beti Frantzia eta Alemania izan zirela Europako Batasunaren sorreraren ardatz.

Ikatz-Altzairuen Europako Elkartea (IAEE) 1952ko uztailaren 25ean jarri zen indarrean (50 urterako). Huraxe izan zen Mendebaldeko Europan merkatu komun bat sortzeko lehen urrats instituzionala. Ikatzaren eta altzairuaren arloan merkatu bateratu bat sortzea zen itun haren helburua.EEE eta EAEE itunak: Europako Ekonomia Elkartea eta Europako Atomo Energiaren Elkartea (Merkatu Komuna eta Euratom ere deituak) sortzeko itunak Erroman izenpetu ziren 1957ko martxoaren 25ean, eta 1958ko urtarrilaren 1ean jarri indarrean. Eta, hitz hartu bezala, urtebete geroago hasi ziren geroko aduana batasuna ekarri behar zuten muga-zergen gutxitzeak.

Hiru itun paraleloetatik (IAEE, EEE eta EAEE), EAEE (Euratom) izan da, zalantzarik gabe, garrantzi gutxienekoa: itun hori amerikarren teknologia nuklearra eskuratzeko bidea izan zitekeen. Hiru arrazoi nagusi ikusten dira EAEE-EURATOMen porrota azaltzeko:• Programa nuklear zibilen eta militarren arteko lotura handia: Frantziak burujabe izan nahi zuen arma nuklearren programan.

• Itxuraz etorkizuneko teknologiak ziren horien gainean nazio bakoitzak eduki nahi zuen kontrola.

• Energia nuklearra merkea izango zelako ustea ustel gertatu izana.EEE Itunean oso ongi islatzen da orduko sinatzaileen helburu ekonomikoen eta politikoen konbinazioa.

Herritarren bizi-maila igotzea eta bere herrien arteko harremanak sendotzea ziren EEE-ren helburuak. Merkatu komun bat sortzeko integrazio ekonomikoaren bitartez iritsi nahi ziren bi helburu horiek. Merkatu komun horrek esan nahi zuen esparru ekonomiko bat izango zela, non salgaiak, zerbitzuak, pertsonak eta kapitalak erabat libreki mugituko ziren. Bi premia hauek nabarmentzen zituzten: muga zergen eta kopuru mugen kentze mailakatua, eta jatorri nazionalean oinarritutako diskriminazio oro ezabatzea.

 

Jaunde-ko Hitzarmenak

Kamerungo hiriburuan sinatu ziren, 1963ko uztailaren 20an. Horietan elkartasun lotura bat ezarri zen Elkartearen eta Afrikako 17 herriren (gero beste lau gehiago izango ziren) artean. Era horretan hasten zen mamitzen EEEren sorrerako testuetako helburuetako bat: lankidetza mekanismo postkolonial bat sortzea, Elkartearekin lotutako herriei garatzen laguntzeko.

1970eko hamarraldiaren hasieran, estatu kideek hartutako konpromisoak sendotuz nahi izan zen integrazio prozesua bultzatu.

Alabaina, nazioarteko ekonomiaren okertzeak galarazi zuen helburu bikain hori lortzea.

 

Lehenengo zabaltzea

Une larri hartantxe izan zen EEEren lehen zabaltzea: Erresuma Batua, Irlanda etaDanimarka sartu ziren; bazirudien Norvegia ere sartuko zela, baina sartzeko erreferendumean ezezkoa nagusitu zen. Beste hirugarren herri batzuekin ere egin ziren akordioak (adibidez, 1970ean Espainiarekin egin zen lehentasunezko akordioa). Hala ere, EEEri ezinezkoa gertatu zitzaion bere presentzia barruan eta atzerrian handitzea, une hartan krisi ekonomikoa hasi baitzen.

 

Europako Diru Sistema

Hamarraldiaren azkenean, eta 1979an petrolioaren bigarren krisia piztu zen arren, EEE urrats berriak emateko gai agertu zen berriro. Hala, 1979ko martxoaren 19an, diru batasunaren aitzineko bigarren hitzarmena egin zen; hitzarmen horri Europako Diru Sistema (EDS) deitu zitzaion.

 

II. eta III. zabaltzeak

1981eko urtarrilaren 1ean bilakatu zen Grezia EEEko kide. Portugal eta Espainia, berriz, 1986ko urtarrilaren 1ean.

 

Europako Akta Bakarra

1985eko urte hondarrean, Milanen bildutako Europar Kontseiluak Barruko Merkatua Lortzeko Liburu Zuria onartu zuen: Europaren bateratzean beste fase bat irekiko zuen agiria.Baina Liburu Zurian zioena egiteko, aldaketa batzuk egin behar ziren Elkartearen erabakiak hartzeko prozesuan. Haietan nagusia: erabaki batzuk gehiengo kualifikatuz hartu ahal izatea, ahobatez ordez, ahobatez hartu beharrak erabaki ugari baitzituen geldiaraziak, estaturen baten betoagatik.

Oztopo hori kentzeko, bada, agiri labur bat onartu zen: Europako Akta bakarra (EAB). Agiri horretan, beraz, erabakiak hartzeko era berria jarri zen, eta Elkarteari zegozkion beste hainbat aldaketa garrantzitsu.

EAB 1987ko uztailaren 1ean jarri zen indarrean, eta bera bilakatu zen Liburu Zurian aipatzen zen merkatu berria erdiesteko tresna onena.

 

Batasunaren Ituna

Itun hau Maastricht-en onartu zuten 1991ko abenduaren 10ean, eta 1992ko otsailaren 12an sinatu zen. Nazioarteko diru truke eta finantza merkatuetako nahasketek oso egoera txarra sortu zuten EDSn eta Europako Batasuna gauzatzeko esperantzetan.

Horrek Europako diru batzuen baliogutxitzea ekarri zuen (pezetarena, hiru aldiz), eta are libra esterlina eta lira EDStik irtetea. 1993ko azaroaren 1ean jarri zen indarrean Batasunaren Ituna. Europa eraikitzeko beste fase bat hasi zen, gehiago handitzea eta diru bakarra sortzea zituena helburuak.

 

IV. zabaltzea

1995eko urtarrilaren 1ean sartu ziren Batasunean beste hiru kide (Austria, Finlandia eta Suedia; Norvegiak ezetz esan zuen berriro ere). Egia esan, estatu horiek aski barneraturik zeuden jadanik merkatu komunean, EBk eta EFTAk sinatutako Europako Espazio Ekonomikorako Akordioak (EBren etorkizuneko kanpo harremanen eredu) zirela medio. Kide berriak Batasuneko kide oso bihurtzea azken pausoa baizik ez zen izan, herri horiek bi hamarraldi lehenago baitziren (EFTAren bidez) Batasunerantz hurreratzen hasiak.

 

Elkartearen aurrekontua

Elkartearen jarduera nagusiak aztertzeari ekin aurretik, jakin dezagun, batetik, jarduera horiek egiteko dirua nondik ateratzen den, eta, bestetik, jarduera horiek zein arlotan diren.

Diru sartzeei dagokienez, horien bilakaera aztertuz gero (EE diru sartze propioak izaten hasi zenetik, hots, bere burua ekarpen nazionalez finantzatzeari utzi zionetik), jabetzen gara ezen, hasieran asmatu zen sistema –aduanetatik ateratako diru sarrerak funtsean– urri gertatzen zela gastu gero eta handiagoei erantzuteko, eta bi finantzabide berri onartu ziren: lehenik, herri bakoitzaren BEZaren bilketa zuzenduaren zati bat, eta BPG erlatiboaren araberako ekarpen bat, gero.

Herri diru-jartzaile garbi gehienek Elkarteko herrien batez bestekoa baino errenta handiagoa dute. Eta Espainia da, aldiz, Elkarteko laguntzen jasotzaile garbi handiena.

Bestalde, politika komunaren helburuei erantzuteko izendatu diren Funtsen bidez xahutzen du dirua Elkarteak.Europako Ekonomia Bateratuaren Jatorria Europa batzeko lehen ahaleginak aspaldi egin ziren lehen aldiz, eta etengabe egin izan dira historian zehar, baina tartean gertatu diren gerra ugariek eten izan dituzte beti.

Hasi Erromako inperiotik edo 800. urtean Mendebaldeko enperadore izendaturiko Karlomagnoren garaitik, Napoleonen edo Hitlerren garaira, espekulazio politikoa nagusitu da Europako kontinente zatituaren gainean eta banaketa xehe asko eta asko egin dira mapa militarretan. Gaur egun ere, XX.. endearen amaieran estatuen sorrera prozesua osatu gabe dago zenbait eremu geografikotan, adibidez Balkanetan, historian zehar Kontinente Zaharraren eta are Munduaren egonkortasunean duten eragina erakutsi duten zenbait eremu geografikotan. Europa, gatazka eta liskar anker askoren gunea, bi Mundu gerraren gertaleku izan da. Gerra haien ondoren, bateratzearen aldeko esperientziak indar hartu du, iraganarekiko haustura eta bakezko elkarbizitzarako eta aurrerapenerako alternatiba gisa.Nieto J.A. “Europako Batasunaren oinarriak eta politikak” (1995).

 

FEDER edo EGEF (Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsa)

1975ean sortu zen, Elkarteko eskualdeen arteko diferentziak txikiagotzeko xedez. Bi eratan egiten du hori: eskualde pobreenen garapenean parte hartuz, eta krisiak jotako industria-eskualdeen birmoldaketan lagunduz.

 

Kohesio Funtsa

Maastricht-eko Itunean sortu zuten, eta ez zen indarrean jarri 1993 arte. Honen bidez, diru laguntzak banatzen dira, bai inguramen arloko proiektuak, bai garraio azpiegitura europarrak finantzatzeko. Hori, biztanleko NPG Elkarteko batez bestekoaren %90 baino gutxiago den herrietan egiten da. Esan daiteke, bada, funts hori ordain moduko bat dela, eta herri ahulenei ematen zaiela, gastu handien konpromisoak onartzeagatik, eta, bide batez, herri horien aurrekontu defizitak handi ez daitezen.

 

Gizarte Funts Europarra (GFE)

Erromako Itunaren (1957) ondorioz sortu zen. 1988tik aurrera, iraupen luzeko langabeziaren aurka borrokatzea eta gazteriaren enplegu aukera erraztea ditu xede, eta, 1993az gero, berriz, industria aldaketetara egokitzen laguntzea.

 

Nekazaritza Orientazio eta Bermerako Funts Europarra (NOBFE)

1962an sortu zen, Nekazaritza Politika Komunaren (NPK) barruan. Funts honek bi eginkizun ditu: lehenengoa, nekazarien bizi maila bermatzea –NOBFE (berme saila) da horretarako tresna–; bigarrena, berriz, nekazaritzako doitze estrukturala erraztea, produkzioa hobetzeko eta landa eremuak garatzeko neurrien bidez –NOBFE (orientazio saila) da honetarako tresna–.

 

Arrantza Orientatzeko Finantza Tresna (AOFT)

1994an sortu zen, 1976az geroztik ziren beste batzuk ordezteko. Elkarte mailan arrantza berregituratzeak eskualde batzuetan ekarriko zituen gizarte ondorio txarrei erantzutea zuen helburu nagusia.

 

Politika komunak

Ekonomia bateratzeak baditu dagoeneko politikak komun batzuk; hona nagusiak:– Merkataritza Politika Komuna – Garraio Politika Komuna – Energia Politika – Lehia Politika – Nekazaritza Politika Komuna (NPK) – Arrantza Politika Komuna – Eskualdeen Garapenerako Politika – Gizarte PolitikaElkartearen politika guztietarik, hurrengo orrialdeetan Nekazaritza Politika Komuna (NPK), Eskualdeen Garapenerako Politika eta Lehia Politika aztertuko ditugu, horiek jotzen dira garrantzitsuentzat eta.

 

Nekazaritza Politika Komuna (NPK)

NPKk jan izan du beti, eta jaten du oraindik, Elkartearen aurrekontuen zatirik handiena. 1970ean, esaterako, aurrekontuaren % 87 bereganatzen zuen; 1980eko hamarraldiaren hasieran % 65 inguruan jarri zen, eta 1997an ez zen % 50etik igaro.

Nahiz eta nekazaritza sektoreak gero eta gutxiago ekartzen dion BPGri, izan zuen Elkarteak arrazoi sendorik arlo horretantxe esku hartzeko indartsuenik. Eta hauxe izan zen arrazoi nagusia: nekazaritzaren arloa oso arauturik eta lagundurik zegoen herri garatu guztietan. Beraz, berdindu egin behar ziren arloko arau eta laguntza guztiak Elkarte mailan.

NPKren on-gaitzak: 1965 eta 1985 artean, NPKren erreforma hasi aurretik, Elkarteko nekazaritzak neurri esanguratsuan gehitu zuen produkzioa (urteko %2tik gora), batez ere ongarri kimiko eta pestizida gehiago erabiliz, eta mekanizazioa handituz.

Bigarren xedea (nekazariei bizi maila ekitatibo bat bermatzea), esan daiteke hein batean bakarrik lortu dela, eta alde handiak direla alor horretan estatu kideen artean.

Bestalde, denbora joan ahala, behera egin dute munduko nekazaritza merkatuek.

Elkartearen esportazio masibo diru publikoz lagunduek prezioen beheratze nabarmena ekarri dute munduko merkatuetan. Horrek era ezberdinean jo ditu beste herri garatu batzuk eta herri ez hain garatuak.

Elkartean, nekazaritza produktuen kontsumitzaileek prezio handiagoak ordaintzen dituzte, alor hori (prezioen bidez) babesturik ez dagoen tokietan baino. Ikerketa batzuen arabera, NPK izateak zera esan nahi du kontsumitzaileek %10etik gorako zehar zerga baten parekoa ordaintzen dutela janariengatik.

Horrek neurri handiagoan jotzen ditu gizarteko maila gutxiago behartsuak, zeinek beren errentaren parte handiago bat xahutzen baitute janariak erosten.NPKren azken erreforma: ideia nagusi bat dago NPKari egin zaion erreforma handienean (1992): babes erregimena (prezio bermatuetan eta produkzio osoa erosteko konpromisoan oinarritua) aldez kentzea, eta nekazariari zuzeneko laguntza bat ematea, ez oraingo produkzioarekin lotua, baizik eta lehengoarekin. Horren bidez, Elkarteko nekazaritza produktuen prezioak mundukoenen mailara jaitsi nahi dira.

Bi eragile nagusi izango ditu NPKk aurrerantzean: bat, Elkartean diru bakarra izatea, eta, bestea, munduko nekazaritza produktuen merkatuan jazoko dena, batik bat laboreenean, merkatu hori oso ukiturik gertatzen baita herri oso jendetsuetako (Txinako, batez ere) egoera ekonomikoa hobetzeaz.

 

Eskualdeen Garapenerako Politika

Bi arrazoirengatik sortu zen: garapen ekonomikoaren alorrean alde handiak zeudelako Europako Batasuneko eskualdeen artean, eta alde horiek ezin zirelako erraz berdindu.

Hona, segidan, eskualdeen politikako 1993-1999 aldirako xedeak, irizpideak eta egileak (funtsak).

 

Lehiaren politika

Izaera negatiboko politika bat da, esaten baitu zer egin behar ez den Europako Batasuneko lehia librea errespetatu nahi bada. Ez da, beste batzuk diren bezala, sektoreko politika bat, baizik eta merkatu komunaren funtzionamendu printzipio multzo osoari aplikatzen zaio. Ez da, halaber, politika funtzional bat, ez baita europar integrazio prozesuaren alderdi jakinei eragiteko xedez egina.

Lehiaren politikaren gai dira lehia mugatzen duten akordioez, itundutako praktikak, merkatuan nagusi direnen bidegabekeriak, estatu laguntzen kontrola, eta, aurrerantzean, fusio edo bategiteen kontrola ere hartu nahi dira. Lehia politikak babesneurri gehiago ez agertzea du helburu; hau da, merkatua zaintzen du. Izan ere, Europako integrazio prozesuan, izugarri inportantea da lehia librea babestea.

Laburtuz, nola hain eremu zabala hartzen baitu, lehiaren politika giltzarritzat jo daiteke Europaren eta merkatu batuaren integrazio prozesuan. Pentsatzen da, gainera, politika horren ahalmen legegilea eta hartatik datozkeen zigorrak gero eta garrantzitsuagoak izan direla. Horregatik komeni da lehiaren interpretazio auziak lehenbailehen argitzea, dagokie enpresen jarduera, tamaina edo nolakotasuna gorabehera.

Orain arte, badirudi interpretazio horri salbuespen ugari erantsi zaiola, dena eremu lainotsu batean mugitu dela eta erraza izan zaiela hala ibiltzea politika hori beren neurrira interpretatu nahi izan duten enpresei.

 

Diru batasunerantz

Gaur egun, eta herri bakan batzuek beren dirua erabil badezakete ere nazioarteko salerosketetan (EEBBek, adibidez), ia merkataritza osoa dibisetan egiten da; hau da, ezer inportatzeko, aurrez dibisa bihurtu behar da norberaren dirua, dibisa bakarrik onartzen baitu atzerriko saltzaileak.

Hirurogeita hamargarren hamarkada hondarrean hasirik, Ekonomia Elkarteak hainbat neurri onartu zituen bere kideen arteko diru trukeen aldakortasuna gutxitzeko; azkenean, neurri haietatik Diru Batasun bat sortzeko proposamena etorri da, eta Batasun hori 2002an gauzatuko da. Hurrengo orrialdeetan, aipatutako neurriak zein izan ziren azalduko dugu, eta EuropakoBatasunak diru ezegonkortasuna konpontzeko aukeratu zuen bidearen alde onak eta txarrak agertuko ditugu.

Europako Diru Sistema 1978an eratu zen, eta 1979ko martxoaren 13an indarrean jarri. Sistemak hiru ezaugarri hauek ditu: • Ecu-a (European Currency Unit) sortzea.

Horren balioa EDSko diru bakoitzetik halako kopuru jakin bat jarriz zehaztu zen; kopuru hori herri horren BPGren eta Elkarteko merkataritzan zeukan pisuaren araberakoa zen.

• Truke tasa finkoko sistema da (ikus Nazioarteko Merkataritza), bere balioa eta diru bakoitzak gainerakoen arabera ezarriko, baina balioa zerbait aldatzen ere uzten zaie, aldez aurretik ezarritako mugen barruan. EDSko herrietako Banku Zentralek gogor saiatu behar dute berendirua muga horien barruan egon dadin, eta are Elkartearen finantza-baliabideak ere balia ditzakete, ezinean badabiltza.

• EDSk, gainera, aurreikusten du diruen truke tasak aldatzea ere, nazioarteko merkataritzak beste aukerarik uzten ez badu.

Maastrichten Ekonomia eta Diru Batasuna onartu zen. Batasun horrek diru bakar bat (euroa) sortzea aurreikusten du Europako Batasunerako. Diru horretan egoteko, baldintza hauek bete behar dituzte herriek: • Inflazioa ez dadila 1,5 puntu baino gehiago pasa hura txikiena duten hiru herrien batez bestekotik.

• Interes tipoa ez dadila 2 puntu baino gehiago pasa inflazio txikiena duten hiru herrien batez besteko interes tipotik.

• Aurrekontuaren defizita (ikus Estatua) ez dadila % 3 baino gehiago pasa BPG naHorrek gastu sozialak gutxitzera behartuko ditu Europako Batasuneko herri guztiak, hezkuntzan, osasunean, langabe saritan eta erretiro saritan.

• Zor publikoa ez dadila % 60 baino gehiago pasa BPG nazionaletik.

• Truke tasa EDSk ezarritako tarte horretan egon dadila normalean, gutxienez euroan sartu aurreko bi urteetan, eta bitartean dirua balio gabetua ez izana Elkarteko beste inongo diruren aldean.

Hala, egutegi hau ezarri zen diru bakarrerako prozesuan: • 1998ko apirilean (itxirik jadanik 1997ri buruzko kontabilitate nazionalak), Diru Batasuneko lehen fasean egongo ziren herriak zehazteko azterketa egin zen.

• Urte horretan bertan, Europako Banku Zentrala eratu zen. Euroaren eremuan zein diru politika egin erabakitzea da banku horren ardura.

• 1999ko urtarriletik 2002ko urtarrila bitartean, Diru Batasuneko lehen faseko herriek beren diruak euroarekin zer truke tasa izan behar duen zehaztu behar dute.

• 2002ko lehen erdian hasiko dira agertzen euroak, eta desagertzen diru nazionalak.

Diru nazionalok urte horretako bereko uztailaren 1etik aurrera utziko diote legezko izateari.Euro-a da diru bakarra, igaroaldi baten ondoren euroaren eremuko herri guztien (Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Holanda, Irlanda, Italia, Luxenburgo eta Portugal) diruak ordezturik, 1999ko urtarrilaren 1az gero. Gainera, data horretan bertan, euroak ecua ere (Europako Batasuneko hamabi herritako diruez osatutako dirua) ordeztu zuen, batez bateko (ecu bat = euro bat) proportzioan; beraz, une hartatik ez da ecurik.

Euroa (167 pezeta inguru, eta 100 zentimoz osatua) 1999ko urtarrilaren 1etik existitzen da formalki, nahiz eta diru nazionalekin batera erabiliko den igaroaldi osoan (1999ko urtarrilaren 1etik 2001eko abenduaren 31 arte), ez baitugu txanponik eta billeterik edukiko eurotan 2002ko urtarrilaren 1a arte. Igaroaldian zehar, euroaren eta horren eremuko diruen arteko truke tasa beti bera (finkoa) izango da. Gehienez ere, 2002ko ekainaren 30 arte ordeztuko dira diru horien txanponak eta billeteak euroz.

Urte bereko uztailaren 1etik aurrera, diru nazionalak ez dira jadanik legezko izango, eta euroa izango da ordainbide bakarra.

Beraz, 2002ko urtarrilaren 1etik 2002ko ekainaren 30a bitartean, finantza erakundeetako leihatiletan aldatu beharko dira billete eta txanpon nazional guztiak eurotara, 1999ko urtarrilaren 1ean ezarritako truke tasaren arabera.1999ko urtarrilaren 1az gero eduki daitezke banku kontuak eurotan , eta ordainketak edo finantza eragiketak ere egin daitezke eurotan , nahiz eta ez den izango ez txanponik ez billeterik eurotan 2002ko urtarrilaren 1a arte. Ordutik aurrera , diru horretako billeteak berdinak izango dira herri guztietan ; txanponek , aldiz , alderdi bat berdina izango dute , eta bestea nazionala , baina EDBko eremu osoan erabili ahal izango dira..

Espainiako Burtsek 1999ko urtarrilaren 4tik kotizatzen dute eurotan. 1999ko urtarrilaren 1etik , nahiz izanez gero , berrizenda daitezke eurotan akzioen eta partizipazioen kapital soziala eta balio nominala..

Berrizendatzea : pezetatatik eurotara aldatzea ( modu atzera ezinean ) finantza aktiboak ( ikus Baloreen Merkatua ), banku kontuak... bihurtze tasaren arabera , eta biribiltzea egin ondoren. 2002ko urtarrilaren 1ean egingo da , automatikoki , berrizendatze hori..

Eurotako biribiltzea : eurotako zenbatekoak unitate eta zentimotan ezarri dira ( parte osoa eta bi hamarren ), eta horrek biribildu beharra dakar , zenbatekoak diru nazionaletatik eurotara pasatzean.

Europako Batzordeak biribiltze arau hau erabaki du : hirugarren hamarrena 5 edo gehiago bada , biribiltzea gorantz egingo da ( adb.: 4 , 387 euro = 4 , 39 euro ); hirugarren hamarrena 5etik behera bada , ostera , beherantz ( 4 , 382 euro = 4 , 38 euro ).

Diru integrazio osoak hiru abantaila mota ditu :.

• Europako Batasuneko herrietan diru bakarra izateak esan nahi du Elkarte barruko operazio bat egitean ez dela dirua aldatu beharrik izango , ez eta aldaketa horren kostua ordaindu beharrik ere.

Batasunaren eremu osoan diru bakarra izateak eta eremu horren barruan dirua aldatu beharrik ez izateak kostuen gutxitze handia ekarriko dute ; ikerketa batzuen arabera , Batasunaren BPGren % 0 , 3 edo 0 , 4koa ( urteko 3 eta 4 bilioi pezeta artean ). Horrek erakusten du ongien diru aldatze horien kostua zein garrantzitsua den : Kontsumitzaileen Elkarteen Europako Bulegoak egindako ikerketa batek.

Hor hauxe dio : abiatuko balitz Batasuneko herritar bat Bruselatik , Batasuneko herri guztiak ( 12 ) igarotzeko asmoz , poltsikoan 40. 000 franko belgikar dituela , eta muga guztietan lekuan lekuko diru nazionalera aldatuko balu bere dirua , nahiz eta beste gasturik egin ez , herritar hori 21. 300 franko hutsekin itzuliko litzateke Bruselara ; alegia , hasieran zeukana baino % 47 gutxiagorekin..

• Diru bakarra izateak , bestalde , truke tasen aldakortasunak eragiten duen ziurzionaletik.gabetasuna kenduko du, eta Batasuneko herriak babestuko ditu eraso espekulatiboetatik.

Horri esker, uste da merkataritza gehitu egingo dela, eta –teoria ekonomiko konbentzionalaren arabera– hobetu egingo dela baliabideen banaketa ere Elkartearen barruan. Gainera, EBk munduko merkataritzan duen pisuagatik, baliteke euroa dibisa nagusi izatea (dolarrarekin batera) nazioarteko salerosketetan, eta horrek onura handiak ekarriko ditu (adibidez, diru aldatze kostuak desagertzea Elkarteaz kanpoko merkataritza eragiketetan).

• Agian eragin positiboa izango luke interesetan (beheranzkoa), eta horrek, agian, inbertsioak bizkor ditzake, eta, harekin batera, produkzioa eta enplegua. Eragin positibo hori gerta daiteke: diru bakarra eta diru agintaritza bakarra izateak herri guztien artean interes tasen berdintzea eragin lezakeelako.

Diru integrazio osoak baditu desabantailak ere: • Truke tasaren politikari uko egin beharra herri guztiek.

• Diru politika neurririk ezin erabili izatea herri bakoitzeko politika ekonomikoaren barruan.

• Banku zentral (diru politikaren zuzentzaile) bakarra sortzea eta, beraz, diru politika uniformea ezartzea Batasuneko herri guztietan ez litzateke problema iturri, baldin eta herri horiek errenta, langabezia eta inflazio maila berekoak balira. Alabaina, ez da hala EBn (15), non bai baitira garapen aski apaleko herri batzuk, eta horiek prest daude inflazio maila handixeagoak jasateko, horrekin hazkunde maila handiago bat lortuko dutelakoan.

Laburtuz, abantailak hauek dira: diru trukeen kostuak murriztea, ziurgabetasuna gutxitzea eta interes tasak jaistea; desabantailak: diru eta truke politika autonomoa izateko ahalmena galtzea, eta Elkarte barruko herrien arteko diferentziak handitzeko arriskua.

 

Europako Diru Institutua eta Europako Banku Zentrala

Maastrichteko Itunaren berritasun instituzionalen artean, Diru Batasunaren ardura organoa sortzea da garrantzitsuenetako bat. Ardura organo hori estatu kideetako gobernuetatik guztiz independentea zen,gainera. Hala, 1994ko urtarrilaren 1etik aurrera, Europako Diru Institutuak (EDI) hartu zuen Diru Batasunaren gai zentralak kudeatzeko ardura.

Europako Diru Institutuak, gero, Europako Banku Zentralen Sistemari (EBZS) utzi zion lekua. Sistema hori Europako Banku Zentralak eta Estatu kideetako banku zentralek osatzen dute.

EBZSren oinarrizko eginkizunak hauek dira:• Batasuneko diru politika zehaztea eta gauzatzea.

• Ekonomia eta Diru Batasunaren garapenerako ezarri ziren xedapenekin bat datozen dibisa operazioak bakarrik egitea.

• Estatu kideen dibisa gordekin ofizialak (herri batek metatzen dituen baliabide likidoak, normalean bere banku zentralean, nazioarteko ordainketen joan-etorri normala ziurtatzeko) edukitzea eta kudeatzea; alabaina, Estatu kideek ere funts txikiagoak eduki ditzakete.

 

Kohesioa

Denek aitortzen dute, oro har, onurak modu zabalean eta berdinkiro banatzeko mekanismoak badaude bakarrik ziur daitekeela Europaren integrazio ekonomikoa.

Batasuneko Itunean, esplizitua da kohesiorako deia:“Elkarte osoaren garapen harmonikoa bultzatzearren, Elkarteak kohesio ekonomikoa eta soziala erdiesteko urratsak asmatuko eta jarraituko ditu. Elkarteak asmo hauek ditu, zehazki: eskualdeen arteko diferentziak murriztea, eta eskualde gutxiago garatuen –landa zonak barne– atzerapena gutxitzea”.Kohesio Funtsak Europako Batasuneko batezbesteko errentaren % 90a baino gutxiago duten herriei bakarrik egiten die onura; hots, Portugali, Irlandari, Espainiari eta Greziari. Kasu honetan, herriak dira laguntzen jasotzaileak, ez eskualdeak, nahiz eta helburua bera izan. Izan ere, diferentziak herrien barruan eta herrien artean gertatuagatik, diferentzia horien ia erdia herrien arteko errentagatik izaten da. Beraz, herriei –eta ez eskualde jakinei– ematen zaizkien laguntzak ere onak dira Elkarte barruko diferentziak gutxitzeko.

Kohesio Funtsaren oinarrian Europako Batasunaren asmo bat dago, alegia, beren ahalmen ekonomiko txikiagoagatik Ekonomi eta Diru Batasunaren abantailak eskuratzekoegoera okerragoan dauden herriei ordain bat ematea.

Funts horrek inguramen eta Sare Transeuroparren arloetako proiektuei ematen dizkie finantza laguntzak. 1993-1999 aldian, 15.500 milioi inguru ecu erabiltzea aurreikusten da xede horietarako. Kopuru horretatik, %52-58 Espainiari eman zaio; %16- 20, Portugali; beste horrenbeste, Greziari, eta % 7 eta 10 bitartean, Irlandari.

Kohesio Funtsetik jasotakoak eta Funts Estrukturaletatik jasotakoak batuz gero, Espainiak ia 6 bilioi pezeta bereganatu ditu kontzeptu horiengatik 1993-1999 aldian zehar.

Ildo horretan, 2000 Agendan (2000-2006 aldirako aurrekontu paketea) Europako Batasunaren finantziazioa jorratzen ari dira. Finantziazio horrek eragin handia izango, noski, bai Europaren politika komunetan, bai erdialdeko eta sortaldeko herrietarantz egin nahi den hedatze prozesuan.2000 Agendaren negoziazioek koloka jarri dituzte Europako Batasunaren zutabetzat jotako batzuk:• Nekazaritza Politika Komuna aldatu egingo da: Batzordeak proposatzen du nekazaritza laguntzak ez ditzala Batasunak ordaindu %100ean, baizik eta estatu kideek ere har dezatela parte finantzatze horretan. Hala, estatu bakoitzak, jasotako laguntzen %20 inguru ordainduko luke.

• Ez da handitu behar Elkartearen aurrekontua.

1993-1999 aldiko batez bestekoaren mailan ezarri nahi dira gastuak, nahiz eta hori, egia esan, gastua –eta laguntza estrukturalak– gutxitzea litzatekeen.

• Aldaketak izango dira eskualdeen politikan; politika hori selektiboagoa izango da, eta problemak dituzten zonetan kontzentratuagoa.

• Kohesio funtsak koloka daude, horiek jasotzen dituzten herri batzuek (Irlandak, eta are Espainiak) hazkunde ekonomiko handia izan dutelako, eta EB laster hedatzera doan sortaldeko herriek errenta eta hazkunde maila txikiagoak eta problema sozio-ekonomiko latzak dituztelako.