Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Mende liskartsua eta hurrengo milaldirako espero dena

UNPROFOR erakundearen ibilgailu blindatu bat Bosniako gerra zibilean.<br><br>

2000. urtean, hurrengo milaldiaren atarian, nazioarteko gizarteak gerrarekin bizitzen jarraitzen du planetako leku askotan.

Hogeigarren mendea izan da, ezbairik gabe, gizadiaren historiako garairik liskartsuena.

Hazkunde demografiko ikusgarriak, aurrerapen teknologiko-zientifikoak, garapen ekonomikoak, komunikabideen aurrerakuntzak, informazioaren indarrak, merkatuen hedatzeak... azken batean, mende honetan gertatu den bizimodu aldaketa sakonak ez du ezkutarazi gerra; aitzitik, hilgarriago eta itsuago bihurtu du. Mende honetako bi gerra handiak dira horren froga.

Gudukatzeko era berriak asmatu izana, eta armen eta bitartekoen industria eta teknologia garatu izana funtsezkoak izan ziren, bai Lehen Mundu gerraren bilakaera belikoa ulertzeko, bai, geroago, mendearen bilakaera ulertzeko. Eta bada gerraren beste ezaugarri bat, Bigarren Mundu gerraz gero, eta batez ere mende azkeneko gudetan: biktimak ez bereiztea –hau da, zibilei erasotzea–, zibilak helburu militartzat edukitzea eta haiengan izaten dituen ondorioak –biztanleria osoen lekualdatze bortxatuak, iheslariak...–.Mendetan zehar, zibilizazio, erlijio, kultur.... rteko talkari egotzi izan zaio gerra, baina hedatzeko joeran dago, inon egotekotan, fenomeno horren zergatia. Herrien, kulturen, ekonomien, erlijioen... hedatu nahiari, hots, inperioen sortzeari loturik ageri zaizkigu beti gerrak. Hogeigarren mendean, ordea, beste faktore batzuk azaltzen dira, eta konplexuago bihurtzen da gerraren arrazoiak garbi zehaztea. Gizarte ikuspegia, ideologia... alegia, gizarte ordena berri bat bilatzea izango da arrazoietako bat. Errusiako Iraultzak, esaterako, prozesu iraultzaile desberdin mordo bat abiarazi zuen, eta prozesu horien helburua oro har, Iraultza Frantsesaz gero nagusi zen ordena liberala eraistea zen, eta beste berri bat eraikitzea.

Estatu-nazio liberala sortu izanak –nazioarteko ordenaren bizkarrezurtzat– parte handia izan du mende honetako gerra gehienetan, eta, askotan, bera izan da horien pizgarri.

Bigarren Mundu gerraren ondoren, bazirudien ez zela gerra gehiagorik izango, eta gutxiago hura bezain hondagarririk. Baina gerra ugari izan dira ordudanik, eta askotan, gainera, suntsigarriagoak eta ankerragoak.

Jakina da nola, Lehen Mundu gerraren ondoren, Europako mapa asko aldatu zen, Austrohungariar eta Otomandar inperioen hondamenagatik, eta nola estatu-nazio berriak jaio ziren Europa Erdialdean eta Balkanetan; jakina da, halaber, Bigarren Mundu gerra amaitzeak deskolonizazioa bizkortu zuela Asian eta Afrikan, eta prozesu horretatik ere estatu-nazio multzo bat sortu zela. Bada, mundua bi bloketan banatu zuen Gerra Hotzak ekarri zuen berekin estatu berri horietako asko estatubatuarren eta sobietarren borroka leku izatea; hala gertatu zen Afrikako gerra askotan (Angolan, Mozambiken...), Asiakoetan (Vietnamen, Kanputxean, Korean...) edo Amerikakoetan (Nikaraguan, El Salvadorren, Kuban...). Gerra horiek, batez ere, ideologikoak ziren, hau da, iraultzaileak, baina bloke ideologiko bakoitzak bere alderdiari emandako laguntza erabakigarria suertatu zen kasu askotan.

 

Mende azkeneko gerrak

Gerra Hotza amaiturik, mundua ez zen espero zen bake eta adiskidetasun bidetik joan. Batetik, nazioarteko ordena ardatzbakar berria zegoen, EEBB zela ordena horren buru, eta, bestetik, guden multilateralitate berritu bat. SESB eta Jugoslavia zatitzeak estatu-nazio berriak jaiotzea ekarri zuen, eta kutsu politiko garbiko zenbait gerra hastea:• Kaukasoko gerrak: Karabakh Garaia (Azerbaijan); Georgiako gerra zibila, eta Georgiak bere lurralde autonomo Osetia eta Abkhazia aurka egindakoak; Errusiar Federazioko Txetxeniako gerra...

• Asia Erdialdeko gerrak: Tadjikistango gerra zibila, Afganistango gerra...

• Balkanetako gerrak: Kroaziako gerra; Bosnia-Herzegovinako gerra; Serbiako Kosovo gerra, non nazioarteko agente ugari aritu zen (NATOa, Errusia, Jugoslavia, hango independentziazaleak...); albaniar estatuaren erdi desegitea eta gerra zibil arriskua...Gerra horiek guztiek osagai geoestrategiko bat dute; hau da, etniko edo nazional izenondoaren azpian, hirugarren estatuen interesak ezkutatzen dira; estatuok kontrolatu egin nahi baitituzte inguru horiek, ondasunengatik edo kokapen estrategikoagatik.

Afrikan, berriz, porrot egin zuen estatu-nazio liberala ezartzeko saioak, hango aurreko errealitate nazionalak aintzat hartu gabe egin baitzen, eta estatu horietako batzuetako barruko tirabirak gerra bilakatu ziren. Estatu horietako batzuek ez daukate deus ere, ederki hustu baitzituzten kolonia garaian, ez eta edukitzeko esperantzarik ere; etorkizun ilun horrek ere lagundurik, Afrikako gerra asko luzatuz joan dira. Zergatiak azaltzeko arrazoi ideologiko edo politiko nahikorik ez den arren, Afrika hondatzen ari diren gerra askok salatzen dute desegokia dela estatu-nazio liberala erabiltzea kontinentea antolatzeko. Alde batetik, gerra etnikoak ditugu, non ikusten baita estatu batzuk ezinezko direla, estatu horiek ez datozela bat barruan dituzten errealitate nazionalekin, eta potentzia handi anglofonoak eta frankofonoak ari dira gerra horietaz baliatzen, beren interes estrategikoen alde; adibideak: Ruanda, Burundi, Kongo (Zaire ohia) edo Kongo Brazzaville. Bestetik, hor daude gerra zahar batzuk (Angola, Sudan, Txad...), edo zenbait erregimen despotiko (Nigeria, Ekuatore Ginea...). Eta, azkenik, lehen aipatu den estatu-nazioaren desegitea (Somalia, Liberia, Sierra Leona...).

Gerra horiei guztiei eredu politiko mendebaldarraren porrota erantsi behar zaie, zeinak islamismo politikoaren indartzea –batez ere Magrebekoa– baitu kontrako aurpegia.

Eskualde mailako potentzia nuklear berriak (Txina, India, Pakistan...) agertzea ere gogoan hartu behar da. Bestalde, nola orain baden merkatu beltz ongi hornitu bat –Ekialdeko Blokea desegin zenetik, batez ere–, eta nola herriek material eta teknologia militar aurreratuak eskura ditzaketen, errazago da gerrak piztea, hobeki prestaturik baitaude estatu asko.

Ekonomia eta kulturaren globalizazioa ere –Ipar-Hegoa leizearen handigarri beti– faktore inportantea izango da mende azkeneko guden definizioan. Aurreko hamarraldietan Ertameriketan eta Hego Ameriketan arrazoi sozialengatik ireki ziren prozesu iraultzaileak gaizki itxi dira. Hurrengo gerra fenomenoen ezaugarria ez da ideologikoa izango, ez dira gerrilla marxistak edo gebaristak borrokatuko, baizik eta egitura paraleloek (adb.: narkotrafiko kartel etab.) egingo diote aurre estatuari. Hala, gerra tradizionaltzat ez bada ere, gerra antzeko edo inguruko jo ditzakegu Brasilgo, Kolonbiako, Mexikoko... hiri handietako fenomeno ugari, hiri horietan eremu zabalak baitaude estatuaren kontrol juridiko eta polizialetik kanpo, eta ugariak baitira “guduak” eta hilak. Eta hori ez da Ameriketan soilik gertatzen; Europa sortaldean ugaltzen ari diren talde mafiosoak ere horrela ikusten dira. Garbi dago nazioarteko terrorismo ez politikoa askotan agertuko dela etorkizuneko bizitasun gutxiko gudetan.Ikusi dugunez, gerra osagai politiko, kultural, erlijiozko, postkolonial edo soziala ez ezik, guden osagai geoestrategikoen garrantzia ere nabarmendu dugu. Golkoko gerrarekin sendotzen da nazioarteko –eta mende azken honetako– ordena berria.

Iraken kontrako oraingo aire erasoak ez dira bakarrik arrazoi estrategikoengatik egiten, hau da, petrolioaren kontrola segurtatzeko, baizik eta fenomeno zikliko kalkulatuak dira, biziki inportanteak teknologia eta industria militarra garatzeko. Horregatik jarraituko gerrak fenomeno sozial eta asaldagarri izaten urrengo milaldian ere.

Ez gaitezen, hargatik, ezkor izan. Mende azken honek gatazken konponbide kate luzea ekarri digu. Bizitasun txikiko gerrak gelditzeko formuletan egin da aurrera, batik bat (Irlanda, Kolonbia, Guatemala...), baina lortu da akordiorik beste toki batzuetan ere (Bosnia, Palestina, Sahara, Txetxenia...).

Esperientzia horiek oro erakutsi duteoso kontuan izan behar dela gerraren zergatia, haren lehen kausa, hura konpontzeko bide bat bilatzeko orduan. Hau da, gerra hori konpontzean ez badira garbi aitortzen haren kausak, berriz piztuko da hura barealdi baten ondoren.

Hurrengo mendearen atari honetan, badirudi ez dela aldatzeko joerarik gerraren osagai sortzaileetan, baina jokalari transnazional estatuez apartekoen sortzeak markatuko ditu –hein batean, bederen– XXI.. errak, eta zailago izango da konponbideak bilatzea.

Tamalez, ezin dugu aipatu gabe utzi milaldi honetako azken mendeko gerra askotan ikusi dugun ezaugarri garbi bezain izugarri bat: biztanle zibil multzo handien aurka egin diren ekintza politiko eta militar planifikatu, itsu, giza eskubideen kontrako eta genozidak. Izan ere, XX. mendea arte, gerraren estrategia, taktika, eraginak, kalteak... arlo militarrera bakarrik mugatzen ziren, baina mende honetan biztanleria zibila bitarteko estrategiko eta taktiko gisa erabili izan da, helburu politikoak eta militarrak iristeko. Hala, XX. mende honetan, berrogeita hamar gerrak baino gehiagok jo dute –zeharka ez ezik, zuzenean ere bai– biztanleria zibila.

 

Giza eskubideen internazionalizazioa, politika genozidak eta gizadiaren kontrako krimenak

Hogeigarren mendea hazkundeagatik, garapenagatik, teknologiagatik bereizi da.... aina, oroz gain, indarkeriagatik. Mende honetan, ideologia handiak aurrez aurre aritu dira, eta estatuaren eta merkatuaren inguruan egituratutako nazioarteko gizarte bat sortu da. Hogeigarren mendeko gerra handiak ez dira bereizi bakarrik beren tamaina ikaragarriagatik eta nazioarteko gizartea eraikitzean izan duten eraginagatik; baita ere, praktika genozidei eman dieten zilegitasun beldurgarriagatik, giza eskubideak bereizketarik gabe hautsi dituztelako eta zigorgabetasuna izan delako ondoko gudetan.

Praktika genozidak ez dira mende honetan sortu; historia osoan erabili izan dira, konkistetan eta gudetan. Historian zehar, herri eta kultura ugari ezabatu dituzte lurretik.

Azken mende honetan, ordea, praktika horiek kontzientzia osoz eta berariaz hasi dira planifikatzen eta erabiltzen, eta ikusi besterik ez dago zein urrun iritsi zen, esate baterako, III. Reich nazionalsozialista.

Azken ehun urte honetan gizarte jakintzetan, gizarte etikan, ideien bilakaeran, jakintzetan edo giza pentsamenduan izan diren aurrerakada eta bilakaera ez dira gauza izan, zoritxarrez, indarkeria edo gerra desagertarazteko, eta, okerrago dena, sarraskiak eta praktika genozida orokorrak agertu dira, gainera.

“Genozidio” hitza 1945ean agertu zen lehen aldiz agiri ofizial batean; Nurembergeko Nazioarteko Auzitegi Militarraren salaketa-aktan, hain zuzen ere. Akta horrek honela dio: “...salatuak genozidioari lotu zitzaien berariaz eta era sistematikoan, hau da, lurralde okupatu batzuetako biztanleria zibileko nazio, arraza edo erlijio jakin batzuetako jende oro suntsitzeari, juduak, ijitoak eta poloniarrak bereziki...”. Baina genozidioak ez zituen juduak eta ijitoak bakarrik jo; baita ere, era ezberdinetan, Alsazia eta Lorrenako, Herbehereetako, Norvegiako, Frantziako, Jugoslaviako, Greziako, Errusiako... germaniar hiztun ez ziren beste guztiak; beste ideologia politiko batzuetako militanteak eta sinpatizanteak (batez ere komunistak, baina baita libertarioak, sozialistak, ezkertiarrak... ere), eta are mugimendu naziko disidenteak (adibidez, ezpaten gaua, SA-ko ehundaka kideren hilketa...).

Genozidioa giza multzo osoen izateko eskubidea ezestea da, homizidioa gizabanako baten izateko eskubidea ezestea den bezala. Eskubide hori arbuiatzeak giza kontzientzia astintzen du, galera handi eta ezin osatuak ekartzen dizkio gizadiari, zeina talde horien ekarpen kultural eta bestelakoak gabe gertatzen baita. Horregatik idatzi zen, eta, gero –1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusian– onartu, Genozidio Krimena Saihesteko eta Zigortzeko Hitzarmena. Horren II. artikuluak ondokoak dauzka genozidiotzat:• Talde jakin bateko kideak hiltzea.

• Talde horretako kideen osotasun fisiko edo mentalaren kontrako eraso larria.

• Talde hori hondamen fisiko osoa edo partziala ekar diezaiokeen bizierara makurraraztea.

• Talde horren barruko jaiotzak eragozteko neurriak hartzea.

• Talde horretako haurrak indarrez beste batera aldatzea.Ikusten dugunez, lehen erabaki horretan azpimarratzen diren alderdiak gainditurik daude hein handi batean, II. Mundu gerraz gero teknika genozidek izan duten bilakaeragatik.

 

Homogeneizatze politiko edo etnikoak.

Zigorraren auzia

Gai honetan azaltzen den koadroan ikusten denez, planetako toki askotan erabili dira praktika genozidak. Plangintza zorrotzen bidez eta zigorraren beldurrik gabe egiten dira.

Nola lehen, Wanseeko Konferentzian (Berlin, 1942), estatu nazioko ministerio eta sailek zorrozki antolatu zuten hainbat “azpiarraza” suntsitzea, bide batez biktimak eta haien ondasunak era industrialean baliatuz, halaxe egin dute ere, milaldi honetako azken mendeko bigarren erdian, homogeneizatze etnikoa edo politikoa estatu askok, ez beharbada alemanek bezain maltzurki eta zorrotz, baina bai berdin ankerki, pentsaturik eta planifikaturik. Ildo horretan, aipatzekoak dira, besteak beste: Indonesian 1960ko hamarraldiaren erdialdera egindako homogeneizatze politiko basatia, zeinak milioi erdi bat komunista utzi baitzuen hilik; Kanputxean 1970eko hamarraldian egindakoa, non bi milioi lagun hil baitzen; Argentinakoa, non 30.000 inguru aurkari hil edo desagertarazi baitzuten; Txile... Nabarmentzeko modukoak dira, halaber, Ertamerikan 1980ko eta 1990eko hamarraldietan egindako homogeneizatze etnikoak, non milaka indio galdu baitzen; Ekialdeko Timorren egina, zeinak ia 250.000 hil utzi baitzuen (750.000 biztanletatik!) indonesiarren kolonizazioko 25 urtean; Balkanetakoa, non garbiketa etnikoak milaka hil eta lekualdatu ekarri zuen; Ertafrikakoa, Ruandan milioi erdi bat tutsi hil zenekoa... Ezin dugu ahantzi nazioarteko erabaki politiko genozida zenbait ere; adibidez, Iraken aurkako bahitura, 1991n Golkoko gerra galdu zuenean ezarri zena; harrezkero, milioi bat inguru lagun hil da Iraken, sendagai eta oinarrizko produktu gabeko hamarraldi honetan.

Beren eragin hilgarri ezagunak ez ezik, politika genozidek badituzte beste ondorio larri batzuk ere: demografikoak, psikologikoak eta –jakina– humanitarioak. Nazioarteko gudek, eta politika genozidek –hil ez ezik, jende multzo handiak egozten baitituzte etxetik– ikaragarrizko iheslari eta erbesteratu kopurua sortu dute mundu osoan. Nazioarteko gizartea ez da gauza problema ikaragarri hori konpontzeko, eta orain jurisprudentziaren eta nazioarteko zuzenbidearen bidez osatu nahi da –pittin bat, behintzat– hori.

Era horretan, politika genozida itsu –eta hondamen eragingarri– horien arduradunenzigorgabetasuna hautsi nahi da. Beraz, nazioarteko komunitateak ordenamendu juridiko bat sortu du, nazioarteko auzitegien legezko jazarpenaz eta horiek ezarritako zigorren bidez, homogeneizatze etnikoa edo politikoa geldiarazteko. Horren adibidetzat, hor ditugu, esaterako, Nazioarteko Zigor Auzitegiak, zeinak mende honen azkeneko gudetako (Kroazia, Bosnia, Kosovo...) ustezko gaizkileak zigortzeko ari baitira lanean, edo zenbait herritako epaileak egiten ari direna, ildo horretan beti ere (Pinochet, Argentinako Junta...).

Hala, agian baikorxeago sartuko gara milaldi berrian, sinetsirik eragoz daitezkeela naziorteko gerrak eta horien praktika basatienak, legezkotasunean oinarritutako eta herri guztientzat komunak diren parametro berri batzuetatik abiaturik.«Ez dugu galarazi nahi garapen urrieneko inguruen aldaketa, baina ezin onartu dugu, halaber, Asia edo Afrika, besteak beste, grina iraultzaileei eta nazionalei ateak zabalduko dizkien bide batean abiatzea. Gobernu berriei neurriko helburuak lortzen lagundu nahi diegu».

Estatu Batuetako Estatu Departamenduak 1958an egindako isilpeko txosten batetik ateratako pasartea (Moderating the Afrikan-Asian Revolution).«NATOren gudarosteak Kosovon esku hartuz aurrekari bat ezarri nahi izan zen, munduari erakutsi nahi izan zitzaion NBE erakundea ez dela eraginkorra eta mendebaldeko herrien batasunaren bidez bakarrik konpondu ahal izango direla arazoak eta erakutsiko dela jarraibidea. 50. urteurrenean, NATOko herrialdeek munduko edozein gatazketan esku har dezaketela aldarrikatu zuten».

Mihail Gorvachov, SESBeko presidente ohia, 1999- 11-9