Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Nazioarteko gizartearen aldaketak

Egungo aroko nazioarteko gizartearen aldi historikoak

 

Guda hotz eta bipolaritatetik nazioarteko ordena berri batera

 

Nazioarteko Gizartea aldatzen ari

XX. mendetik XXI.era garamatzaten mugako urteotan, aldaketa handiak ari da jasaten mundua. Horien artean, egungo Nazioarteko Gizarteko aldaketak nabarmentzen dira. Bai, laurogeigarren hamarraldi hondarrean eta laurogeita hamargarrenaren hastapenean hasita, gertakari eta prozesu ugari ari da gertatzen Nazioarteko Harremanen esparruan, eta horiek fenomeno bi uzten dituzte agerian: amaitu da guda hotza izenaz ezagutzen zen garaiko nazioarteko sistema bipolarra, eta nazioarteko ordena berri bat ari da jaiotzen.

 

Nazioarteko sistema bipolarra eta guda hotza gainditzea

Westfaliako 1648ko Itunaren ondoren, estatuarteko gisako nazioarteko sistema bat eratu zen, eta han Estatuek zuten protagonismoa, eta Europako Potentzia Handien itzala gailentzen zen gorabehera guztietan.

Sistema hura aldatuz joan zen, bata bestearen ondoren ezarri ziren nazioarteko ordenengatik: lehenengoa, Vienan (1815, Europako estatuen arteko hitzarmen sistema, nahiz eta ari ziren jadanik agertzen beste kontinente batzuetako potentzia batzuk, adibidez Amerikako Estatu Batuak eta Japonia); bigarrena, Versallesen (1919, Lehen Mundu Guda ondoren eta berritasun zenbaitekin, hala nola Nazioen Elkartea sortzea), eta, hirugarrena, Yaltako eta Postdameko konferentzietan (1945, Bigarren Mundu Gudaren ondotik, non aliatu garaile nagusiek guda ondoko ordenaren oinarriak jarri baitzituzten).Poliki-poliki, Nazioarteko Gizartearen mundializazioa nabaritu zen, bai Bigarren Mundu Gudan (1939-1945), bai hurrengo urteetan ere, non estatuak ugaldu baitziren (Afrikan eta Asian izandako deskolonizazioagatik), eta nazioarteko erakundeak ere bai (lankidetza eta integrazio printzipiotan oinarriturik).

Bestalde, sistema sozialista –ordu arte Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko izana bakarrik– hedatu egin zen, eta kontinente askotako herriek hartu zuten.

Berrogeigarren hamarraldiko bigarren erditik laurogeigarren hamarraldi bukaera arte, mundua Guda Hotza izeneko garai historikoan bizi izan zen; garai hura 1946ko eta 1947ko gertakariengatik hasi zen, eta hurrengo urteetako beste jazoera batzuek egiaztatu zuten. Haren ezaugarri garrantzitsuenak: nazioarteko sistema bipolar bihurtu zen, superpotentzia bi baitzeuden (EEBB eta SESB), eta bietako bakoitzak bere mundupuska atxiki edo handitu nahi zuen; bigarren mailan beste potzentzia batzuk kokatu ziren (Erresuma Batua, Frantzia eta Txina), arma nuklearren jabedunen klubekoak horiek ere; bloke politiko, ekonomiko eta militar elkarren aurkakoak agertzea, zein bere poloari loturik (Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea eta Varsoviako Ituna), nahiz eta zenbaitetan kontraesanak ere gertatu ziren bloke bereko aliatuen artean; armagintza norgehiagoka berriz hastea, bai arma konbentzionaletan, bai arma nuklearretan; NBE eta nazioarteko beste erakunde batzuk sortzea, bai eskualde mailakoak, bai mundu mailakoak; nazio askapenerako guduak ugaltzea (deskolonizazioaren barruan) eta herri askoren independentzia aldarrikapenak, eta, azkenik, anitz motatako –eskualde mailako nahiz anaiarteko– gudapiztea. Garai hark hainbat fase izan zituen: elkarren ondoan baina elkarren aurka izenekoa (berrogeita hamargarren hamarraldiaren parte bat eta hirurogeigarrenaren osoa), distentsioa (hirurogeita hamargarren hamarraldia), bigarren guda hotza (hirurogeita hamargarren hamarkada bukaera eta laurogeigarrenaren lehen erdia) eta gudaondo hotza (laurogeigarren hamarraldiaren bigarren erdia).

Garai hartan guztian, nazioarteko sistema egonkor bat atxiki zen dudarik gabe, eta zerak ziren sistema haren oinarriak, besteak beste: bi superpotentzien nagusitasuna; bloke politika; armen bidezko disuasioa eta parekotasun nuklearra, eta Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko aurkakotasun leizea. Sistema hark ikara handirik gabe onartzen zuen bere periferiako eskualde batzuen egonkortasun eza (zenbait liskar eta guda), eta aldaketa handirik gabe zirauen beti, agertuak baziren ere munduan hainbat problema eta prozesu (nazioarteko jokalarien heterogeneotasun gero eta handiagoa, armen ugaltzea, azpigarapena eta Ipar-Hegoa leizearen problematika, inguramenaren degradazio gero eta bizkorragoa...).

 

1990 inguruan hasi ziren aldaketak

Laurogeigarren hamarkada hondarrean eta laurogeita hamargarrenaren hasieran, gertakari berezi batzuk izan ziren: munduan aldaketa handiak zetozen seinale. Hona gertakari haietako garrantzitsuenetako batzuk: Berlingo Harresia eraistea (1989); Europa erdialdeko eta sortaldeko herriak sozialismo errealetik sistema politiko-ekonomiko mendebaldarrera (merkatu ekonomia eta demokrazia formala) igarotzea; Alemaniaren Batasuna (1990); Varsoviako Ituna desegitea (1991); zenbait europar herriren independentzia aldarrikapena; Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna hainbat errepublikatan banatzea (1991); Balkanetako krisiak eta guda (Jugoslaviaren zatiketa), etaPertsiar Golkoko Guda (1990-91). Analista askoren aburuz, funtsezkoak izan ziren aurreragoko urteetako zenbait erabaki: sobietar zuzendaritzak pentsamendu politiko berria (novy myshlenie), birmoldaketa (perestroika) eta gardentasuna (glasnost) doktrina sortzea –1986 eta 1987 artean zabaldua–, eta mundua desnuklearizatzeko eta nazioarteko harremanetatik ideologia oro baztertzeko proposatzea. Horien ondotik, gainera, beste urrats batzuk etorri ziren: sobietarrak Afganistandik erretiratzea (1989), esate baterako.

Badirudi, bada, SESB –eta bloke sozialista– desegitea eta Ekialde-Mendebalde aurkakotasuna amaitzea izan zirela guda hotza –eta bipolaritatea– bukatzeko eta sistema berri bat sortzen hasteko giltzak. Esan behar da, ordea, lehenagoko hamarkadetatik ziren problemak, bigarren edo hirugarren mailan egonak ordura arte, azaltzen hasi zirela berriro, eta errealitate aldakorrak erraztu egiten zuela beste problema eta konflikto batzuk agertzea.

Hala, XX. mende amaierako eta XXI.. ren hasierako mundua izugarri konplexua da, non, Nazioarteko Gizartearen aldaketa prozesua guztien buru dela, hainbat dinamika eta erronka ikus baitaiteke; hauek, nagusiki: unipolaritatearen eta multipolaritatearen arteko orekan dagoen munduaren ziurgabetasuna; estatuzentrismoaren eta multizentrismoaren arteko tirabirak; nazioarteko jokalarien –ez-estatuarrak barne– zereginen birzehaztea; konfliktoekin, haien konponketarekin eta segurtasunarekin loturiko gaien berrazterketa; nazioarteko zuzenbidea sistema sortu berrira egokitzea; transnazionalizazioaren, interdependentziaren eta globalizazioaren fenomenoei erantzutea, batik bat horien ondorio larrienei (jite politiko, ekonomiko eta kulturaleko dependentziak), eta, azkenik, ekintza eta alternatiba globalak eskatzen dituzten problemak (azpigarapena, pobrezia eta desberdintasunak, giza eskubideen eta nortasun kolektiboen auzia, armen ugaltzea, narkotrafikoa, inguramenaren hondatzea...).Dena delakoa krisi baten irtenbidea, zeina baitago munduko ekonomiaren egoeraren mende baino gehiago egitura aldaketa baten mende, badira oinarrizko ezaugarri ukaezin batzuk: gaur egun etengabe gurutzatzen dira barneko zein kanpoko tentsio asko, gero eta gehiago trinkotzeko bidean den unibertso batean; diplomazia, estrategia, ekonomia eta kultura, elkarri gero eta estuago loturiko jarduerak dira; justizia eta segurtasuna balio elkarren osagarriak dira eta ezin lor daiteke bata bestearen laguntzarik gabe.

Gaur egun kaosaren eragile eta mendekotasunaren iturri diren elkar eraginek ezaugarrituriko egoeratik gizadiaren osagai guztiak bere baitan hartuko dituen benetako elkartasunezko egoerarako aldaketa hasi besterik ez da egin.

Dena dela, antzinako gizartetik gizarte berrirako trantsizio horren arrakasta nazioarteko harremanen etorkizunaren araberakoa izango da.

 

Nazioarteko egoera berriko fenomenoak Gerra Hotzaren ondoko eta nazioarteko ordena berriaren sorrera aldiko gertaera aipagarrienak

Laurogeigarren hamarkada honetan, batera diraute lehengo nazioarteko sistemaren zenbait ezaugarrik eta fenomenok (horietako batzuk etorkizuneko sisteman egongo dira), eta orain sortzen ari den sistema berriarenek. Joango da denbora pixka bat oraindik, hurrengo mundu jokaleku berria gardenki ikusten dugun arte. Halere, Nazioarteko Harremanei buruzko lan berezitu batzuetan, hauek jotzen dira –zenbait eztabaida eta ñabardura gorabehera– sortzen ari den nazioarteko sistemaren ezaugarritzat: • Ugaldu egingo dira estatuak munduan.

Ikuspegi askotatik begiraturik, ia ezinezkotzat jotzen zen XX. mende hondarrean estatu gehiago sortzea. Ia denak iritzi horretakoak baziren ere, estatu dezente sortu da azken urte hauetan. Fenomeno hori berria ez den arren (deskolonizazioa izan da, aurreko hamarkadetan, independentziara iristeko bide nagusia, batez ere Afrikan eta Asian), orain Europan ere gertatzea da harrigarri, kontinente hori oso estatikoa izan baitzen garai bipolarrean. Baldintza berriek erraztu dute, noski, luzaroan isilarazitako nahiak agerian geratzea. Eta ugaritu egin dira estatuak, dela hitzartutako banaketaz (Txekiar errepublika eta Eslovakiako errepublika), dela zatiketengatik (SESB hamabost errepublikatan banatu, ondorengo zenbait konflikturekin), dela, azkenik, elkar eraman ezinez eta gudaz (Jugoslaviaren zatiketa, eta Eritrea eta Etiopia banatzea).

Aldi berean, kontrakorik ere gertatu da, hau da, batasunak (Alemanian eta Yemenen), nahiz eta horiek, proportzioan, oso gutxi izan. Kontua da Nazio Batuen Erakundearen sorreran, 1945ean, 51 estatu zirela; gaur, ostera, 185 dira.

• Estatuek pisua galduko dute Nazioarteko Harremanetan.

Nahiz eta lehengo nazioarteko sistemetan Estatuek posizio zentrala zuten (jokalari eta nazioarteko subjektu juridiko nagusi, sistemako botere handienak arlo politiko-militarrean, beren ezaugarri klasikoak ongi zehazturik beti ere), posizio hura ahultzen ari da orain, aldez bederen, hainbat fenomenogatik (transnazionalizazioa, globalizazioa eta beste jokalari batzuen agerpena). Baina Nazioarteko Jokalekuan zuten pisua –eta posizio zentral hori– galtzen ari diren arren, esan behar da argi eta garbi estatuak –eta nazioarteko erakundeak ere bai– pribilegiozko jokalariak direla oraindik Nazioarteko Harremanetan, eta funtsezko elementuak sistema berrian.• Jokalari ez-estatuarrek pisu handiagoa izango dute Nazioarteko Harremanetan.

Jokalari ez-estatuarrek gero eta zeregin garrantzitsuagoa bazuten ere nazioarteko esparruan azken urteetan, munduan izan berri diren aldaketa handien ondoren nabarmendu da garbien hori. Hala, hor ari dira Gobernuz Kanpoko Erakundeak –GKE– (lankidetza, ekologia, ekintza humanitarioak etab.etan ardurak hartzen, eta gizadi osoarenak diren problemetan lanean); eskualdeak eta erkidego autonomoak (atzerriko herriekin hitzarmen bilateralak nahiz multilateralak egiten, garapenerako lankidetzan, mugakideekin elkarlanean, nazioarteko erakundeetan parte hartzen, kanpo merkataritza sustatzen, lankidetza hitzarmenak egiten...); erakunde lokalak (atzerrian beren burua ezagutarazten, nazioarteko esparruan aritzeko duten bide propioaz baliatuz); erakunde politiko eta sindikalak (beste herri batzuetako antzeko erakundeekin hartuemanetan); nazionalismoak (nazioarteko gizarteak herri izaera aitor diezaien, besteak beste); mota askotako elkarteak (mugez harago doazen ekintzak eta loturak asmatzen eta gauzatzen), etab.• Faktore ekonomikoek, zientifikoek eta teknikoek sekulako garrantzia izango dute nazioarteko sisteman.

Oso mundu interdependientea da gurea, eta faktore ekonomiko, zientifiko eta teknikoak –inportanteak betidanik– funtsezko bilakatu dira azkenaldion; areago, erabakigarri, nazioarteko egoera askotan.

Faktore horiexen mendean daude, gero eta neurri handiagoan, arlo politikoa eta militarra.

Horrek aldaketak ekartzen ditu jokalarien jokabidean, botereguneen erabidean eta eskualde blokeen artikulazioan.• Boterearen forma aldatu egingo da nazioarteko esparruan, eta beste era batean banatuko da botere hori jokalarien artean.

Goian aipatu dugunak esan nahi du, besteak beste, aldatu egingo dela boterearen kontzeptua nazioarte mailan. Lehen, jokalariek, batez ere potentzia handiek, eragin handia zuten nazioarteko sisteman; kontrolatu egiten zuten sistema hori, parametro –funtsean– politiko-militarrekin, eta gainerako guztiak osagarriak baino ez ziren.

Orain, aldiz, denen dominatzaile izan gura duen, eta beste jokalarien jokabidean ere eragin nahi duenak, oso gogoan izan behar ditu beti faktore ekonomikoak eta zientifiko-teknikoak. Era horretan, boterea izateko beste era batzuk agertzen edo indartzen dira, eta botere hori gero eta banatuago dager nazioarteko gizarteko jokalarien artean. Era berean, birzehaztu egin beharko da potentzia handia kontzeptuaren esanahia, botere politiko-militarrari bai,baina ahalmen ekonomiko, zientifiko eta teknikoari ere begiratuz.

• Unipolaritate politiko-militarraren eta multipolaritate ekonomiko-komertzial baten arteko sistema baterantz.

SESB zatitzearekin, ezkutatu egin zen aurreko sistema bipolarreko superpotentzietako bat. Hori dela eta, EEBB bakarrik geratu da munduan nagusi, izugarrizko eragin politiko, diplomatiko eta militarra duela, eta esan dezakegu, horrenbestez, orain nazioarteko sistema unipolar edo monopolar batean gaudela. Halere, mugaturik eta ñabarturik geratzen da baieztapen hori, ikuspegi ekonomiko, komertzial eta finantzariotik begiratuz gero, alor horietan multipolarragoa baita mundua (hor daude, izan ere, Alemania, Japonia eta beste batzuk).

Multipolaritate hori garbiago ageri da egungo hiru bloke ekonomiko-komertzial nagusietan: Europako Batasuna, Japonia eta EEBB. Gainera, oso aintzat hartzekoak dira beste potentzia batzuk ere: Txina (sendotua dagoeneko ekonomikoki eta militarki, nahiz eta politikoki kili-kolo oraindik, haren barruko erreformak direla eta), Errusiako Federazioa (beste errepublika sobietar ohi batzuei lotua, Estatu Burujabeen Elkartearen bitartez, zeinak ez baitu etorkizun garbia) eta beste eskualde-potentzia batzuk (India, Pakistan, Brasil, Hego-Afrika, Turkia, Iran etab.).

• Mundu sistemaren heterogeneotasuna eta horren baloreei buruzko eztabaida.

Lehenago ere –joandako hamarraldietan– bistakoa zen sistemaren heterogeneotasuna(SESBren jaiotza, eta sozialismoa beste herri batzuetara hedatzea; blokeen sortzea; deskolonizazio prozesua, mota eta ezaugarri desberdinetako herriak askatzen zirela; eskualde eta toki errealitate desberdinak, etnia, erlijioa, kultura etab. zirela medio...) Egun ere, hor dago heterogeneotasun hori, beharbada lehen baino indartsuago gainera, lehengo haustura edo leizeetako batzuk ezkutatu diren arren, eta, aspaldi honetan, gizarte, ekonomi, kultur edo erlijio diferentzietan oinarritutako berezitasunak sendotuz doaz. Bestalde, bloke sozialista hondatu zenetik, Mendebaldeko balore nagusiak (demokrazia formala eta ekonomia kapitalista –edo merkatu librekoa–, funtsean) hedatu egin dira. Hala eta guztiz ere, zenbait eskualde edo herritan kritikatu egiten dira balore horiek, edo ñabartu, bederen, horien osagai asko; batik bat, balore horiek politika ekonomikoak (formula neoliberalak, esate baterako) edo eredu politikoak ezartzeko erabiltzen direnean, edota beste kultura edo sinesmen batzuk ez errespetatzeko, edo, inoiz, eskuhartze militarrak berak zuritzeko. Eta hortik, beste eztabaidabide bat irekitzen zaigu, nazioarteko esku-hartze moduez, bitarteko hori noiz eta nola erabili gai konplexua eta eztabaidatzekoa baita; izan ere, alde handia dago esku-hartze humanitarioen (ezbehar handitan laguntza emateko, adibidez) eta esku-hartze neoinperialista gutxi edo asko arrazoituen artean, zeinek agerian uzten baitituzte, maiz, esku-hartze horietan ari diren estatuen benetako interesak. Gainera, badira beste balore batzuk ere (giza eskubideak, beren zentzu zabalenean; gizarte• Aldaketak izango dira konfliktoen ezaugarrietan, eta segurtasunaren eta bakearen auziekin lotutako alderdi batzuetan.

Esan ditugun alderdi batzuek (jokalari ez-estatuarrak ugaltzea, boterearen formak aldatzea...) eta elementu –kasu eta toki bakoitzean– partikularragoek (aurrekari historikoak; problemen bilakaera; gai sozial, ekonomiko eta etnikoak...) aldatu egin dituzte, bada, konflikto klasikoak. Lehenagoko nazioarteko sistemetan, ez beti, baina gehienetan Estatuen arteko konfliktoa izan ohi zen, jite politiko eta estrategikokoa, ageriko guda deklarazio eta guzti, alderdi militarrak funtsezko protagonismoa izaten zuela. Aldiz, azken gudetako askok, eta orain ditugunek, beste ezaugarri batzuk erakusten dituzte. Gudaok zeragatik izaten dira: kausa sozio-ekonomiko, etniko, kultural etab.engatik; borrokalari ez-estatuarren artean; estatu barruko nahiz transnazional; bitarteko militarrak eta beste zenbait erabiliz, eta, normalean, armen indarrez bakarrik konpontzen ez direla, baizik eta –kasik beti– negoziazio eta bake hitzarmenen bidez, non, gehienetan, nazioarteko bitartekariak eta egiaztatzaileak izaten diren.

Orobat, segurtasunaren kontzeptua ere ez da bakarrik Estatuen eta/edo blokeen arteko segurtasun nazional militar klasiko hura, baizik eta dimentsio gehiagokoa (politikoa, ekonomikoa, soziala, humanitarioa...) eta jokalari guztien ikuspegitik eta elkarlanaz eraikitakoa. Eta, ildo horretatik, hasi dira dagoeneko esaten zein garrantzitsua litzatekeen diplomazia prebentiboa erabiltzea gudu arriskua den kasuetan, liskarrak saihesteko neurriak bultzatzen direla, lankidetza bideak bilatzen direla eta, horiekin batera, aldeen arteko elkarrizketak eta hitzarmenak erraztuz. Gaurko interdependentziak berak dakar segurtasun kolektibo –aurreko estrategien gainditzailea– kontzeptua erabiltzea. Halaber, bakea ez da soilik liskar edo gudarik eza, baizik eta gauza zabalagoa (gizarte justizia, herriekiko eta beren nortasuna zaintzen duten taldeekiko errespetua, giza eskubideak aintzat hartzea, pobrezia gorria eta azpigarapena gainditzea...).• Nazio Batuen Erakundeak eta beste erakunde batzuek berriz egokitu beharko dute.

Orain arte aipatutako aldaketa guztiengatik, behar-beharrezkoa da nazioartekoerakundeak –NBE tartean– egoera berrira egokitzea. Erakunde horiek Bigarren Mundu Guda ondoren sortu ziren, orduko nazioarteko ordena eratzen ari zen bitartean, eta horien helburuak, egiturak eta ibilmoldea orduko errealitateari erantzuteko ziren hein handi batean. Errealitate hura aldatu egin da, ordea, eta, orain, garbi ikusten da NBE egokitzearen premia, sortzen ari den nazioarteko sistemari eta gizadiaren erronka nagusiei erantzun diezaien. Egokitze hori ez da erraza izango; ikusi besterik ez dago zelako polemika piztu den, batetik, Nazio Batuen Kartaren aldaketaren inguruan (gaietako batzuk: Segurtasun Kontseilua –ordezkaritza murritza eta beto eskubidea duena– nola osatu eta Batzar Nagusiaren zeregin lausoa) eta, bestetik, egungo problema globalei erantzuteko behar diren aldaketez.Nazio Batuek segurtasunik ezaren irudia, irudi negatiboa ematen dute, identitate krisi baten ondorioz. Onenean ere, iritzi publikoak ez du aintzakotzat hartzen erakunde hori. EKGek, higikundeek eta iritzi taldeek hura ordezkatu edo harengan eragin nahi dute garrantzi handiko zenbait alorretan, adibidez giza eskubideen defentsan, armak murrizteko kanpainetan, mediku asistentzian, garapenerako laguntzan.

Profesionalak oso zorrotzak dira Nazio Batuetako organismoekin. Estatu kideek ez diote agertzen atxikimendu handirik. Batzuek nahiago izaten dituzte metodo klasikoak eta zuzeneko elkarrizketak. Beste batzuek, berriz, fede gehiago dute lurralde jakinetako erakundeetan, elkartasun sendoagoetan oinarriturik daudelakoan erakunde horiek. Nazio Batuen norabidea kontrolpean duten lerrokatu gabeko herrialdeak berak ere, atsekabeturik daude beren eraginkortasun eta hartatik ateratzen duten etekin urria dela eta. Laburbilduz, munduko erakundea gaur egungo nazioarteko gizartearen tentsioen, zatiketen eta frustrazioen isla gisa agertzen da, arazo horiek konpontzeko tresna gisa baino gehiago.

Egoera hori, ordea, ez dator bat hasierako itxaropenarekin, II. Mundu gerra ondoko izpiritu berritzaile eta antolaketarako grinarekin.

NBEren gutuna, 1945eko ekainaren 26an San Frantziskon 51 estatuk sinatua, mundu berri baten irudi indartsua, borondate oneko, baikor eta handinahiaren sorrera izan zen, eta segurtasun kolektiboan oinarriturik bakea iraunarazteko sistema bat ezarri zuen.

Kontraste horretatik bi proposizio ateratzen dira: NBE ez da munduko gobernua, eta ez du, horrenbestez, nazioarteko gizartearen arazoak konpontzeko ahalmenik; baina bera da elkarrizketarako foro unibertsal bakarra, eta arazoak planteatzeko laguntza handikoa izan daiteke.Kronologia Gertaeren laburpena 1985 Gorbachov Sobiet Batasuneko Alderdi Komunistako idazkari nagusi izendatzen dute. Perestroika eta glasnot politikak hasten dira (dotrina politiko berria eta ekonomia eta gizartea eraberritzeko neurriak).

1986 Estatu Batuek Libia bonbardatzen dute.

1987 Estatu Batuek eta Sobiet Batasunak beren arma nuklearren parte bat deuseztea hitzartzen dute.

1988 Gorbachoven eta Reaganen arteko bilera Moskun.

George Bush Estatu Batuetako presidente izendatua.

1989 Erreforma politikoak eta ekonomikoak bideratzen dira Europa erdialdeko eta ekialdeko zenbait herrialdetan (Polonia, Hungaria, Txekoslovakia, Errumania…).

Sobietarrak Afganistandik erretiratzen dira.

Berlingo harresia eraistea.

Gorbachoven eta Bushen arteko goi bilera Maltan. Estatu Batuek eta Sobiet Batasunak amaitutzat ematen dute Gerra Hotza.

Estatu Batuek Panaman esku hartzen dute.

1990 Apartheid erregimena ezartzen da Hegoafrikan.

Irakek Kuwait erasotzen du. Pertsiako golkoko krisia eta haren ondoren gerra hasten da.

Alemaniako Errepublika Federalaren eta Errepublika Demokratikoaren arteko bereizketa desagertzen da. Alemaniaren batasunerako prozesua hasten da.

NATOko kideek eta Vartsoviako Itunekoek Aitorpen bat sinatzen dute, gatazka egoera amaitu dela berretsiz.

Europako Segurtasun eta Elkarlanerako Hitzarmenak Europa Berrirako Parisko Gutuna finkatzen du 1991 Esloveniak eta Kroaziak Jugoslaviarekiko independentzia lortzen dute. Balkanetako gatazkak hasten dira.

Vartsoviako Hitzarmena desegiten da.

Estatu kolpea jotzeko saiakera Sobiet Batasunean.

Zenbait errepublika sobietarrek independentzia aldarrikatzen dute (Letonia, Estonia, Ukraina, Bielorrusia, Azerbaijan, Uzbekistan…).

Ekialde Hurbilerako Bake Hitzarmena ospatzen da Madrilen.

Kanbodiarako bakea hitzartzen da.

Aljeriako krisia hasten da, islamismoaren garaipenaren ondoren.

Sobiet Batasunaren desagerpena iragartzen da formalki.

Errusia, Bielorrusia eta Ukainak Estatu Burujabeen Erkidegoa sortzen dute, eta sobietar batasunaren barruan egondako beste estatu batzuk sartzen dira geroago batasun horretan.

Errusian bere kargua uzten du Gorbachovek eta Boris Yeltsinek hartzen du aginpidea.

1992 Bake hitzarmena El Salvadorren.

Europako Batasunaren Hitzarmena sinatzen da Maastrichten.

Bosnia-Herzegovinaren independentzia aldarrikatzen da 1993 Txekoslovakia bi estatutan banatzen da: Txekiar Errepublika eta Eslovakia.

Estatu Batuek eta Errusiak armak murrizteko beste hitzarmen bat sinatzen dute (Start II).

Bake hitzarmena Israelen eta palestinarren artean, Rabinen eta Arafaten eskutik.

Merkataritza Libreko Hitzarmena Kanada, Estatu Batuak eta Mexikoren artean 1994 Matxinada indigena zapatista hasten da Chiapasen (Mexiko).

Ruandako hutu eta tutsien arteko gerra zibila.

Hauteskunde libreak Hegoafrikan, Afrikako Kongresu Nazionalaren garaipena (CNA). Nelson Mandela presidente izendatua.

Palestinako Autoritate Nazionala finkatzen da, Arafat buru dela.

IRAren su-etena Ipar Irlandan. Bake prozesuaren hasiera.

Txetxeniak bere independentzia aldarrikatzen du. Errusiaren esku hartzea 1995 Elkarrizketak Chiapasko gatazkan.

Bake hitzarmena Bosnia, Serbia eta Kroazia artean