Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Nazioarteko Erakundeen sortzea eta ugaltzea egungo munduan

Nazioarteko erakundeen informazioa eskuratzeko web orrien zerrenda

 

Nazioarteko Erakundeak Nazioarteko Gizarteko jokalari

Aro Modernotik Egungo Arorako bilakaeran, Estatuak izan ziren Nazioarteko Gizarteko jokalari nagusi. Gero, XIX. mendean hasita, lehenengo Nazioarteko edo nazioz gaindiko Erakundeak sortu ziren, eta funtsezko eginkizuna izaten hasi ziren munduan. Era berean, XX. mendean nazioz haraindiko beste indar edo jokalari batzuk azaldu ziren, zeregin diferenterekin, eta horiek ere badute –hein handiagoan edo txikiagoan– eraginik nazioarteko jokalekuan eta gainerako jokalarien jokabidean.

Hala, bada, kide ugari ikus daiteke oraingo Nazioarteko Gizartean: Estatuak; nazioarteko erakundeak; gobernuz kanpoko erakundeak; enpresa transnazionalak; estatuz azpiko jokalariak (eskualdeak, erkidegoak, udalak); estatu barruko eta gobernuz kanpokoak (erakunde politikoak eta sindikalak, korporazio industrialak...), eta abar.

Jokalari horiek mota askotakoak izateaz gainera, esan behar da izugarri ugaldu direla Bigarren Mundu gerraz gero, prozesu batzuk izan baitira tartean, ondorio hauekin: beste Estatu batzuk sortzea (deskolonizazioagatik eta zenbait herriren zatiketagatik), nazioarteko erakundeak gehitzea (lankidetza ekimenengatik, elkarri laguntzeko mekanismoengatik eta integrazio ekonomikoari eta/edo politikoari esker), enpresa multinazionalak ugaltzea (ekonomiaren mundializazioagatik) eta kanpo ekintza egiten duten erakunde azpiestatalak agertzea (Estatuen barruan izan diren deszentralizazioengatik).

 

Nazioarteko Erakundeen Sorrera

Lehenengo Nazioarteko Erakundeak XIX. mendean sortu ziren, haiek eratzeko behar ziren baldintza guztiak beteak baitziren: Estatu kopuru handi samarra izatea, harreman arautuak izatea haien artean (politiko-diplomatikoak, ekonomi eta merkataritza trukeak, gizarte eta kultur loturak...), problema berdinei iraunkortasunez erantzuteko premia izatea (kokapen geografikoagatik, mugakideen arteko auziengatik, aurrerapen zientifiko eta teknikoengatik...), eta lotura horiek –eta europar eta munduko sistemen internazionalizazio gero eta handiagotik zetozen auziak– arautzeko borondatea edukitzea.

Hala, potentzia handien arteko elkartzeak eta bilerak gauza arrunta bihurtu ziren.

Hor ditugu, esate baterako, VienakoKongresua (1815), non Europa berrantolatzeko ituna instituzionalizatu baitzuten, edo Berlingo Kongresua (1884-1885), non Afrikaren banatze kolonialista erabaki baitzen.

Nazioarteko batzordeak eta batasunak sortu ziren: Rhineko Nabigaziorako Nazioarteko Batzordea (1815), merkatzaritza ontziak libre ibil zitezen, edo Posta Batasun Unibertsala (1874), posta igorpenak arautzeko.

Ekimen pribatu gobernuz kanpokoak ere azaldu ziren, gai politiko, heziketazko, zientifiko, erlijiozko, humanitario eta abarrei erantzuteko, eta hala eratu zen, bat aipatzearren, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea. Geroago, XX. mendean zehar, Nazioarteko Gizartearen mundializazioarekin, izugarri ugaldu dira –bai motaz, bai kopuruz– nazioarteko erakundeak.

 

Nazioarteko Erakunde Motak Nazioarteko erakundeen tipologia

Nazioarteko Erakundeak era askotakoak izan daitezke eta, beraz, ez da erraza haiek definitzen eta moten arabera sailkatzen.

Badituzte, hala ere, zenbait ezaugarri berdin guztiek: gutxieneko antolaketa egitura egonkorra, hitzarmen edo itun bidez ezarria; nortasun juridiko jakin bat; gobernuetako edo gobernuz kanpoko kideez osaturik daude; eta partaideen interes berdinen inguruko helburuak dituzte.

Sailkapena era askotara egin badaiteke ere, aipatu berri diren irizpide horien arabera egingo da hau:Izaera juridiko-politikoaren arabera Gobernu Arteko Erakundeak (GAE) Nazio Batuak Afrikar Batasunaren Erakundea Europa Mendebaldeko Batasuna Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) Nazioarteko Batzorde Olinpikoa Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea Elizen Munduko KontseiluaKide kopuruaren eta motaren arabera Unibertsalak (edo mundu mailakoak) Herri Petrolio-Esportatzaileen Erakundea Parlamentu arteko Batasuna Merkataritzaren Nazioarteko Erakundea Lurralde batera mugatuak Amerikar Estatuen Erakundea Arabiar Liga Karibear ElkarteaHelburuen eta jarduera eremuaren arabera Orokorrak Nazio Batuak) Europako Kontseilua Ekonomia Nazioarteko Diru Funtsa Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea Segurtasuna (eta militarrak) Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea Europako Segurtasunerako eta Lankidetzarako Erakundea Giza Eskubideak Nazioarteko Amnistia Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioa Kiroletakoak Asoziazio Futbolaren Nazioarteko Federazioa Kirolen Arabiar Konfederazioa Kultura Museoen Nazioarteko Kontseilua Musikarien Nazioarteko Federazioa Ideologia eta erlijioa Internacional Sozialista Konferentzia Islamiarraren Erakundea Osasuna Mugarik gabeko Medikuak Munduko Medikuntza Elkartea Ingurumena Greenpeace Internacional Naturaren Munduko Funtsa Komunikabideak Egunkari Argitaratzaileen Nazioarteko Federazioa Prentsaren Nazioarteko Institutua Generoa Emakumeen Nazioarteko Kontseilua Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoa

 

Kideen izaera juridiko-politikoaren arabera

Hiru erakunde mota bereizten dira: Gobernu Arteko Erakundeak (GAE) –kide publikoak soilik–, Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) –kide pribatuak bakarrik–, eta erakunde mistoak, hau da, ordezkari publikoak eta pribatuak onartzen dituztenak.

Gobernu Arteko Erakundeak dira, adibidez, Nazio Batuen Erakundea (NBE) eta Afrikar Batasunerako Erakundea/Organization of African Unity (ABE/OAU).

Gobernuz Kanpoko Erakundeak dira, adibidez, Nazioarteko Batzorde Olinpikoa/ International Olympic Committee (NBO/ IOC) eta Nazioarteko Amnistia/Amnesty International (NA/AI).

Lanaren Nazioarteko Erakundea/International Labor Organization (LNE/ILO), berriz, erakunde mistoa da.

 

Kide kopuruaren eta motaren arabera

Bi erakunde mota bereizten dira: Lurralde edo eskualde jakin bati edo batzuei mugatuak, batetik, eta mundu mailakoak edo unibertsalak, bestetik.

Lehen taldekoak dira, adibidez: Amerikar Estatuen Erakundea/Organization of American States (AEE/OAS) eta Arabiar Juristen Batasuna/Union of Arab Jurists (AJB/ UAJ).

Mundu mailakoak edo unibertsalak, berriz: Herri Petrolio-Esportatzaileen Erakundea/Organization of Petroleum Exporting Countries (HPEE/OPEC) eta Parlamentu arteko Batasuna/Interparliamentary Unity (PB/IU).

 

Helburuen eta diharduten eremuen arabera

Oso sailkapen zabala da hau, erakunde mota asko baitago. Badira izaera orokorreko erakundeak, eta badira jarduera jakinetan eta berezituetan aritzen direnak (politikan, ekonomian, defentsan, kulturan, gizartean...). Batzuetan bereizketa horiek ez dira hain garbiak, eta gerta daiteke erakunde batek bere helburu eta jarduerak aldatzea.

Nazioarteko Diru Funtsa/International Monetary Fund (NDF/IMF), adibidez, ekonomia arlokoa da; Mendebaldar Europaren Batasuna/Western European Union (MEB/ WEU), berriz, defentsa eta segurtasun arlokoa; Futbol Elkartearen Nazioarteko Federazioa/Fédération Internationale de Football Association (FENF/FIFA), kirol arlokoa; Museoen Nazioarteko Kontseilua/International Council of Museums (MNK/ICOM), kultur arlkoa; Mugarik Gabeko Medikuak/ Medecins Sans Frontiers (MGM/MSF), osasun arlokoa; Greenpeace International, ingurumenaren arlokoa; Egunkari Argitaratzaileen Nazioarteko Federazioa/International Federation of Newspaper Publishers (EANF/IFNP), hedabideen arlokoa; eta Emakumeen Nazioarteko Kontseilua/International Council of Women (ENK/ICW), generoaren arlokoa.

 

Egitura eta antolaketaren arabera

Era askotako erakudeak daude, hasi egitura soila dutenetatik, organigrama zabala eta lan molde konplexua dutenetaraino.

Erakundeak beren egitura eta antolaketaren arabera banatzerakoan alderdi asko hartu behar dira kontuan: erakundearen sorrera; kideak; xedeak; jarduerak; diru eta bestelako baliabideak; irizpide teknikoak eta administraziokoak, eta baita arrazoi politikoak ere. Nolanahi ere, Gobernu Arteko Erakunde gehienetan (GAE) kontseilu bat, idazkaritza bat eta batzorde bat izaten dira, eta, batzuetan, batzar bat, auzitegi bat eta batzorde espezializatuak, gainera.

Nazioarteko Erakundeak, beraz, era askotakoak dira, eta bistakoa da, halaber, oso zeregin aldakorrak dituztela munduan. Garrantzi handiagoa edo txikiagoa izatea alderdi askoren mendean dago Bestalde, azken urteotan munduan gertatu diren aldaketek ondorio batzuk izan dituzte, eta garrantzi handiko erakundeak desegin dira: hala nola Elkarren Laguntza Ekonomikorako Kontseilua/Council for Mutual Economic Assistance (ELEK/COMECON) –1949an sortua bloke sozialistako ekonomiak elkarrekin lotzeko– eta Varsoviako Ituna –1955ean sortua Europako zortzi herrik elkarri babes militarra emateko–, 1991n deseginak. Eta beste erakunde batzuk jaio dira, garai berriari egokituak: hala nola Estatu Burujabeen Elkartea (EBE) eta Merkatzaritzaren Mundu Erakundea/World Trade Organization (MME/WTO).

 

Gobernu Arteko Erakunde unibertsalak

 

Nazio Batuen Erakundea (NBE)

1945ean sortu zuten, San Frantziskoko Konferentzian, 51 estatuk, Bigarren Mundu gerra bukatu zenean. Haren aurretik bazegoen Nazioen Elkartea (NE), Lehen Mundu gerraren ondoren eratua. Nazio Batuen Erakundeak helburu nagusi hauek ditu (Nazio Batuen Kartan jasoak): nazioen arteko bakeari eta segurtasunari eustea, eta politikan, ekonomian, gizartean eta kulturan lankidetza bultzatzea. Halere, orain arte oso mugatua egon da, nazioarteko sistema bitan bananduta egon delako, Ekialdea eta Mendebaldea aurrez aurre jarrita. Gaur egun, berriz, NBE berritzeko eta gaur egungo Nazioarteko Gizartera egokitzeko asmoa dago. Gaur egun 185 estatu daude NBEren barruan.

Hauek dira NBEren egituraren atal aipagarrienak: • Batzar Nagusia Munduko problemez jarduteko eta eztabaidatzeko gune gorena. Estatu partaide guztiek dituzte ordezkariak bertan. Urtean behin batzarra egiten du zenbait egunez.

Batzordetan banatzen du lana, eta zenbait gairi buruzko erabakiak hartzen ditu.

• Segurtasun Kontseilua Liskarren, nazioarteko segurtasunaren eta bakearen egoera kontrolatzen du. Egun hamabost kide daude bertan; bost kide iraunkor (EEBB, Erresuma Batua, Frantzia, Errusia eta Txina), eta hamar, txandakako (Batzar Nagusiak bi urterako aukeratuak).

Erabaki inportanteak hartzen ditu eta aholkuak ematen ditu.

• Idazkaritza Administrazio egituraz eta NBEren funtzionamendu orokorraz arduratzen da.

Idazkaritzaren buruan Idazkari Nagusi bat dago, zeina Segurtasun Kontseiluak proposatzen baitu eta Batzar Nagusiak hautatzen.

Idazkari Nagusiak garrantzi handiko eginkizuna du. Hura da erakundearen irudi publiko eta diplomatiko nagusia, eta bera arduratzen da NBEren urteroko txostena idazteaz.

• Kontseilu Ekonomiko eta Soziala NBEren jarduera ekonomiko eta sozialak koordinatzen ditu. Bere baitan hartzen ditu batzorde iraunkorrak, batzorde teknikoak eta eskualdekako batzorde ekonomikoak (Afrikarako; Asia eta Itsaso Barerako; Sartaldeko Asiarako; Europarako; eta Kariberako).• Nazioarteko Justizi Auzitegia NBEko epai erakunde nagusia da. Estatuek aurkezten dituzten auziak epaitzen ditu. Haren egoitza Hagan dago.NBEk, bestalde, zenbait agentzia espezializatu eta erakunde autonomo hartzen ditu bere baitan: • Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundea/Food and Agriculture Organization (ENE/FAO) Landa eta baserrietako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko eta munduan gosea desagerrarazteko egitasmoak sustatzen ditu.

Laguntza teknikoa ematen du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren emaitzak hobetzeko.

• Lanaren Nazioarteko Erakundea/ International Labour Organization (LNE/ILO) 1919an sortu zen, NBE bera baino lehenago.

Gobernuen, enpresarioen eta langileen ordezkariak biltzen ditu. Horiek aholkuak ematen dituzte, eta nazioarteko itunak egiten, lan alorreko eta enpresetako baldintzak hobetze aldera.

• Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea (HZKNBE)/ United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization (UNESCO) Elkarren osagarri diren hainbat arlotan egiten du lana, hezkuntza sustatu, garapen zientifiko-teknikoa bultzatu eta planetako kulturak babesteko. Gainera, alor horietan herriek elkarri lagun diezaioten saiatzen da.

• Osasunerako Mundu Erakundea/ World Health Organization (OME/WHO) Osasun arloko baldintzak oro har hobetzea eta herri guztietan osasun maila onaa izatea dira erakundearen helburu nagusiak: osasunari buruzko informazioa zabaltzea, prestakuntza teknikoa hobetzea, politika egokiak bideratzea, eritasunen aurkako kanpainak sustatzea, eritasunei aurre hartzeko neurriak ezaugtaraztea, eta abar.

• Mundu Bankua/World Bank (MB/WB) Zenbait erakundez osatua dago. Horietako batek, Berreraikuntza eta Garapenerako Nazioarteko Bankua/Banque Internationale pour la Reconstruction et le Développement (BGNB/BIRD), maileguak ematen ditu ekonomia eta instituzioak eraberritzen laguntzeko.

• Nazioarteko Diru Funtsa/ International Monetary Fund (NDF/IMF) Bi zeregin nagusi ditu: finantzetan gobernuei bidea erakustea, eta hala eskatzen duten herriei maileguak ematea. Herri horiek, ordea, NDFk ezarritako neurriak bete behar dituzte beren ekonomia eta finantza politiketan.• Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia/International Atomic Energy Agency (EANA/IAEA).

Estatutu bereziko erakundea da; energia atomikoaren erabilera zibila eta baketsua bultzatzen du. Besteak beste, arma nuklearrak ez ugaltzeaz eta gune desnuklearitzatuez hartu diren neurriak betearazteaz arduratzen da. Hala, ikuskari taldeak bidaltzen ditu legez kanpoko programa nuklearrak desegiten direla, gai nuklearrak helburu baketsuetarako erabiltzen direla, eta horiei buruzko itunak betetzen direla egiaztatzeko.NBEk zenbait programa bultzatzen du: • Nazio Batuen Haurren-Laguntzarako Funtsa/ United Nations International Children’s Emergency Fund (NBHLF/UNICEF) Diru laguntzak biltzen ditu, giza garapen orekatuari lotutako osasun, hezkuntza, elikadura eta abarretarako oinarrizko programetan erabiltzeko. Arreta berezia eskaintzen die garatze bidean diren herrietako haurrei.

• Nazio Batuen Garapen-Programa/ United Nations Development Programme (NBGP/UNDP) Herri atzeratuei maila teknikoan eta administratiboan laguntzeko egitasmo bat da.

Bitarteko hauek erabiltzen ditu horretarako: garapen programak, lankidetza programak, teknikarien prestakuntza, inguramena lehengoratzea, emakumearen aurrerakuntza, eta abar. Bestalde, NBGP arduratzen da, urtero, NBEk giza garapenari buruz argitaratzen duen txostena prestatzeaz. Txosten horretan herri bakoitza garapen indize nagusietan nola dabilen azaltzen da.

• Nazio Batuen Inguramen-Programa/ United Nations Environment Programme (NBIP/UNEP) Inguramenaren egoera eta inguramenaren arriskuak zaintzen ditu, eta mundu ekologikoago baten aldeko egitasmoak eta ekintzak bultzatzen. Besteak beste, ur bitartekoez, baso eta basamortuen egoeraz, ozono geruzaz, itsasbazterren egoeraz, bioaniztasunaz, eta abar, arduratzen da.

• Merkataritzari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentzia/ United Nations Conference on Trade and Development (MGNBK/UNCTAD) Bi helburu nagusi ditu: garatze bidean diren herriak munduko merkataritzan ari daitezen bultzatzea, eta herri aurreratuen eta garatze bidean direnen arteko harremanak sustatzea.

• Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Ordezkaria/ United Nations High Commissioner for Refugees (INBGO/UNHCR) Laguntza materiala eta babes juridikoa ematen die gatazka edo gudetatik ihesi atzerrira edo beren herriko beste toki batzuetara joan behar izan duten herritarrei.

• Mundu Janari-Programa/ World Food Programme (MJP/WFP) Janariz urri dabiltzan herriei eta hondamendiren batengatik oinarrizko elikagairik gabe geratu direnei laguntzen die.NBEk, bestalde, begirale taldeak eta indar armatuak dituzte zenbait lekutan bakea atxikitzeko lanetan (Mendebal Sahara, Libanon Angola, Zipre, Irak, Somalia...).• Ekonomi Laguntza eta Garapenerako Erakundea/ Organization for Economic Cooperation and Development (ELGE/OECD) Lehenik, 1948an, Laguntza Ekonomikorako Europako Erakundea (LEEE) sortu zen, Marshall Planaren bitartez Europa eta Europako ekonomia berreraikitzeko. Gero, 1961ean, erakundea ELGE/OECD bihurtu zen, eta Europaz kanpoko beste estatu batzuk hartu zituen bere baitan (EEBB, Kanada eta, geroago, Japonia). Erakundearen egoitza Parisen dago. Bi zeregin nagusi ditu: herri partaideen ekonomia eta merkataritza politikak koordinatzea, batetik, eta garatze bidean diren herriei laguntza ematea, bestetik.

Gaur egun, 29 herri daude ELGEren barruan; munduko garatuenak, tartean.•Merkataritzarako Mundu Erakundea/ World Trade Organization (MME/WTO)1995ean eratu zen, Arantzel eta Merkataritzari buruzko Akordio Orokorra (GATT) –1948az geroko nazioarteko merkataritza sistema– ordezkatzeko.

Zeregin hauek ditu: nazioarteko merkataritzari buruzko hitzarmen multilateralak kontrolatzea; herrien merkataritza jokabidea zaintzea; horiei buruzko komunikazio eta negoziazio marko bat eskaintzea, eta sortzen diren auziak ebaztea.

Egun, ekonomia eta merkataritza arloko erakunde garrantzitsuenetako bat da.

132 estatuk osatzen dute. Genevan du egoitza.Nazio Batuak milurteko berriaren aurrean «Hamarraldi bat igaro da Gerra Hotza amaitu zenetik, eta oraindik ez da argitu garai berriko antolaketa. Nazio txiki zein handiak betebehar berriei eta arazo berriei aurre egiteko ahaleginak egiten ari dira (…). Zalantza dago eta kasu batzuetan ezinegona ere bai, erakunde multilateralei eska dakiekeen zereginak direla-eta, eta oro har, nazioarteko komunitatean hartuko duten tokia dela-eta.

Izan ere, Nazio Batuetako herriak, zeinaren izenean idatzi baitzen Gutuna, ohitura, sinesmen, aginpide eta interes desberdinak izan arren komunitate batean elkarri loturik nola dauden definitzeko modu berriak bilatzen ari dira.

Multilateraltasunak garaipen handiak lortu ditu azken mende erdian, baina ahots asko dago oraindik isilik, samin handia dago oraindik eta gizadiak aurrera egin dezan aukera berri gehiegi ari dira alferrik galtzen, eta horrenbestez, ezin esan daiteke gauzak ongi daudenik gaur egun. Konpondu gabeko arazo hauek izan behar dira Nazio Batuen lehentasuna. Milurteko Batzarrak, 2000.. rteko irailean, aukera ezinhobea eskainiko du mundu guztiko buruzagiek eguneroko beren kezka larriez haraindi begiratzeko eta mende berrirako zein eratako Nazio Batuak antolatu eta sustatu ditzaketen erabakitzeko.

Lan programa oinarrizko lau gairen inguruan antolatu da: bakea eta segurtasuna; garapenerako elkarlana; nazioarteko ekonomia eta gizarte gaiak; eta gai humanitarioak.

Bostgarrena, giza eskubideena, alor guztiei eragiten dien zeharkako arazo gisa hartu da.

Munduan ez dago erakunderik helburu horiek lortzeko Nazio Batuek baino egokiera hobea duenik, inork ez baitu hark bezain jarduera alor zabalik eta legitimotasun handirik (…) Garrantzi handiko urratsak eman ditugu aldaketaren bidean, baina oraindik bide luzea dugu XXI. mendeko erakunde eraginkorra izateko.»Kofi Anan (Nazio Batuen Idazkari Orokorra).

«NBen zereginari buruzko memoria» lanaren pasartea, Batzar Orokorrari 1998an aurkeztua.

 

Lurralde edo eskualde jakin batera mugatutako Gobernu Arteko Erakundeak

• Europako Batasuna (EB) Ez da nazioarteko erakunde klasiko bat; beste maila batekoa da, integrazio prozesu baten emaitza. Integrazio prozesu hori estatuz gaindiko lankidetzan oinarritzen da, non estatu guztiek beren subiranotasunaren parte batzuk uzten dituzten goragoko erakunde komun baten eskuetan. Hori astiro eta mailaka egiten da, bai gaiari bai kronologiari dagokionez. Aldi batzuk bereiz ditzakegu Europako Batasunaren historian: lehenengoa, hastapena (Parisko Ituna, 1951), ekonomia sektore mugatu baten inguruan, zeinak Ikatzaren eta Altzairuaren Europar Elkartea (IAEE) ekarri baitzuen; bigarrena, bultzada berria (Erromako Itunak, 1957), non Europako Ekonomi Elkartea (EEE) eta Energia Atomikoaren Europar Elkartea (EAEE edo EURATOM) sortu baitziren, merkatu batu batetik etorkizuneko batasun ekonomiko eta politikorantz joateko; hirugarrena, aldaketak, Europako Akta Bakarra (1987ko urtarriletik indarrean) sinatu zelako eta barne merkatu bakarra (1993ko urtarrilaren 1erako) lortu zelako, eta, laugarrena, aldaketa garrantzitsua, Europako Batasunaren Ituna edo Maastrichteko Ituna (1993ko azarotik indarrean) sinatzetik etorri zena, bai egitura instituzionalean, bai elkartearen politiketan.

Europar integrazio prozesuan izan diren azken-azkeneko aldaketak, berriz, Amsterdameko Itunean (1999ko maiatzetik indarrean) daude jasorik. Orobat, nabarmendu behar da 1999ko urtarrilaren 1etik Europako Batasuna Ekonomia eta Diru Batasunaren (EDB) hirugarren fasean dagoela, euroa izango duela diru bakarra, eta Europako Banku Zentrala abiarazi duela.

Egun, 15 estatu daude Europako Batasunean, baina Europa Erdialdeko eta Sortaldeko herrietara ere zabalduko da berandu baino lehen.

Hauek dira Europako Batasunaren erakunde nagusiak: Europako Batzordea, Europar Kontseilua, Ministroen Kontseilua, Europako Parlamentua, Europako Justizi Auzitegia eta Europako Kontu Auzitegia.

Zeregin inportantea dute, baita ere, nahiz eta kontsultarako soilik izan, Batzorde Ekonomiko eta Sozialak eta Eskualdeen Batzordeak.

Europako Batasunaren instituzioen egoitzak hiri askotan daude: Brusela, Estrasburgo, Luxenburgo...).• Europako Kontseilua/ Council of Europe Hamar estatuen artan sortu zen, 1949an, Europako herrien arteko loturak eta lankidetza estutzeko, eta politikaz, gizarteaz, kulturaz eta abarrez akordioak egiteko. Giza eta gizarte eskubideak eskubideak bermatzeko, tortura eragozteko eta hizkuntza gutxituak babesteko hitzarmenak egin ditu, besteak beste. Berarekin batera aritzen dira Europako Eskualde eta Lurralde Botereen Kongresu Iraunkorra, eta Giza Eskubideen aldeko Europako Auzitegia.

Une honetan, Europako Erdialdeko eta Sortaldeko zenbait herri sartu ondoren, 40 estatu daude barruan.

Egoitza Estrasburgon du.• Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea/ North Atlantic Treaty Organization (IAIE/NATO) 1949an sortu zen. Hau izan zen Mendebaldearen bloke militar nagusia, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko gatazka urteetan. Atlantiar Aliantzan 12 herri ziren hasieran (bi amerikar, EEBB eta Kanada, eta gainerakoak europarrak); gero, 16ra handitu zen. Oraintsu, 1999an, beste hiru herrialde sartu dira –Txekiar Errepublika, Hungaria eta Polonia– (Varsoviako Itunean egonak hirurak, hura desegin zen arte).

Orain, beraz, 19 herri dira guztira.

NATOk Bruselan du egoitza.

Munduan aldaketa handiak izan direnez, erakunde militarrak bere helburuak, zereginak eta estrategiak egokitu ditu, eta bere indar eta bitarteko militarrak doitu bidenabar.• Europako Segurtasunerako eta Lankidetzarako Erakundea/ Organization for Security and Cooperation in Europe (ESLE/OSCE) Aurretik Europako Segurtasun eta Lankidetza Konferentzia (ESLK) izan zen, eta 1972an sortu zen. Hurrengo urteetan, txandaka gertatu ziren mendebaldea eta ekialdea elkarretara gerturatzeko pausoak (prozesu luzea, Helsinkiko 1975eko Azken Aktatikhasi, eta Parisko 1990eko Europa Berri baterako Gutuneraino), eta krisiak (euromisilen hedatzea, hirurogeita hamargarreneko hamarraldiaren bukaeran). Budapesteko 1994ko ESLKren batzarrean erabaki zen erakundea aldatzea, eta hala, ESLE eratu zen 1995ean, Europarako segurtasun sistema berri batekin. Sistema horrek zeregin hauek ditu, besteak beste: segurtasun alorrean laguntza ematea; konfliktoak saihestea; gutxiengo nazionalen eta giza eskubideen auziak gainbegiratzea.

Gaur egun, 54 estatu daude ESLEren barruan, europarrak guztiak, EEBB eta Kanada izan ezik.

Vienan dago erakundearen idazkaritza.• Mendebaldeko Europaren Batasuna/ Western European Union (MEB/WEU) 1948an, Bruselako Ituna sinatu zuten bost herri europarrek, gai militarretan lankide izateko eta elkarri laguntzeko. Defentsarako Europako Elkartea (DEE) sortzeko asmoak porrot egin ondoren, aipatu Ituna aldatu egin zuten 1954an (Parisko Protokoloak), eta halaxe sortu zen MEB, lehen baino kide gehiagorekin. Ia beti ezkutuan bezala egon da, NATOren itzalean.

Azken urteotan gertatu diren aldaketa geopolitikoen ondoren, ordea, balio handiagoa hartzen ari da, Europako Batasunaren garapenaren osagarritzat eta Atlantiar Aliantzaren europar adartzat ikusia baita, nahiz eta horko kideak –10– ez diren ez Europako Batasuneko berak ez eta NATOko europar adarreko berak.

Londresen du egoitza.• Estatu Burujabeen Elkartea/ Community of Independent States (EBE/CIS) 1991n, krisi handi baten ondoren Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean, sobietar errepublika ohi batzuek Estatu Burujabeen Elkartea sortu zuten. Erakundearen oinarriak Minskeko Hitzarmenean eta Alma-Ata-ko Deklarazioan ezarri ziren. Segurtasunean elkarri laguntzea da erakundearen zereginetako bat.

Europako eta Asiako 12 estatu daude Estatu Burujabeen Elkartearen barruan; Errusiako Federazioa eta Ukraina, tartean.• Amerikar Estatuen Erakundea/ Organization of American States (AEE/OAS) 1948an eratu zen (Bogotan egin zen IX.

Konferentzia Panamerikarrean), XIX. mendean sortu ziren harremanetan errotua.

Erakundea Estatu Batuen mende izan da, batez ere Gerra Hotzaren garaian (Bigarren Mundu gerraren bukaeratik hasi eta laurogeigarreneko hamarraldia arte).

Egun, berregokitu egin nahi dute, amerikar estatuen arteko harreman sistemarenardatz nagusia izan dadin. Erakunde horren egitasmoetako bat Ameriketako Merkataritza Libreko Eremua (AMLE) ezartzea da.

Ameriketako 34 estatuk osatzen dute erakundea. Washingtonen du egoitza.

• Ipar Amerikako Merkataritza Librerako Hitzarmena/ North American Free Trade Agreement (IAMLH/NAFTA) 1992 izenpetu zen hitzarmena, eta 1994an jarri zen indarrean, merkataritza libreko eremu bat sortzeko Ipar Amerikan, Estatu Batuen, Kanada eta Mexikoren artean.

Erakundearen jokabideak eragin handia du kontinente osoko ekonomian.

• Hego Amerikako Merkatu Komuna (HAMK/MERCOSUR) Beste lankidetza esperientzia batzuen ondotik, Hego Amerikan merkatu komun bat sortzeko hitzarmena izenpetu zen 1991n, lau herrialderen artean (Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai). Idazkaritza Montevideon (Uruguai) dago.• Karibeko Estatuen Elkartea (KEE) 1994an sortu zen. Karibeko herrien lankidetza eta integrazio ekonomikoa erraztea da haren helburua. Gaur egun 24 herri daude elkartean.• Karibear Elkartea/ Caribbean Community (KE/CARICOM) 1973an eratu zen, Karibe aldeko herrien garapena eta haien arteko lankidetza ekonomiko-komertziala bultzatzeko. Hamabost herri daude bertan, gehienak anglofonoak.

Egoitzaren lekua: Georgetown (Guyana).• Afrikar Batasunerako Erakundea/ Organization of African Unity (ABEOAU) 1963an sortu zen, Afrikako 30 herriren artean, eta laster herri gehiago sartu zen bertan, deskolonizazioak aurrera egin ahala (ABEk lagundurik beti). Gaur egun 53 herri daude erakundean. Egoitzaren lekua: Addis Abeba (Etiopia). Bi helburu nagusi ditu: Afrikako estatuak lankide izatea hainbat arlotan, eta kontinenteko problema larrienei batasunez aurre egitea.• Hego Afrikako Garapenerako Elkartea/ Southern African Development Community (HAGE/SADC) 1979an eratu zen, Hego Afrikako Garapenerako Koordinazio-Konferentzia (SA- DCC) gisa, garai hartan Namibiako eta Hego Afrikako gobernuekin kritiko ziren herrien artean. Gero, ordea, aldaketa politikoen ondoren, bi herri horiek ere sartu ziren elkartean, 1990ean eta 1994an, hurrenez hurren. 1992an SADC izena hartu zuen. Bi helburu nagusi ditu: lankidetza sustatzeaNazio Batuen Segurtasun kontseiluaren bilera.<br><br>• Asia-Pacific Ekonomia Lankidetza Foruma/ Asia Pacific Economic Cooperation Forum (APELF/APECF) 1989an sortu zen, munduko eskualde zabal horri dinamismo ekonomiko eta komertzial handiagoa emateko, eta eskualde hori bera etorkizunean merkataritza libreko barruti izendatzeko. Singapurren du egoitza. Asiako, Amerikako eta Ozeaniako 21 herri daude erakundean, batzuk pisu ekonomiko eta politiko handikoak (Estatu Batuak, Txina, Japonia, Kanada...).• Asia Hegoekialdeko Nazioen Elkartea/ Association of South East Asian Nations (AHNE/ASEAN) Aurrena Asia Hegoekialdeko Elkartea sortu zen 1961ean, eta gero, 1967an (Bangkokeko Deklarazioa), elkarte hori AHNE/ ASEAN bihurtu zen. Helburu bi ditu: Asia hegoekialdeko herrien arteko lankidetza handitzea, eta merkataritza libreko eremu bat sortzea eskualde horretan. Erakundeak une larri asko izan ditu urteotan. Gaur egun 10 herri daude barruan. Egoitza Jakartan dago (Indonesia).• Golkoko Lankidetza Kontseilua/ Gulf Cooperation Council (GLK/GCC) 1981ean Pertsiar Golkoko arabiar herri batzuek beren arteko laguntza handitzea erabaki zuten, ekonomiaren alorrean, merkataritzarenean, teknikarenean, eta abar.

Erakundeak merkatu komun bat sortu nahi du eremu horretan. Sei estatu dira gaur egun erakundeko partaide. Egoitza Riad-en dago (Saudi Arabia).• Arabiar Liga/Arab League (AL) 1945ean eratu zen, arabiar estatuen arteko harremanak eta loturak estutzeko. Krisi ugari izan ditu historian zehar, Israelen jokabidearen aurrean zer jarrera izan, guztiak bat ez zetozelako. 22 kide ditu (Palestinar Agintaritza Nazionala, tartean). Erakundearen egoitza Kairo-n dago (Egipto). Arabiar Ligak arreta handiz jarraitzen du Israel, Palestinar Agintaritza Nazionala, Libano, Siria eta tarteko guztien artean bake iraunkorra ezartzeko bake prozesua.• Konferentzia Islamiarraren Erakundea/ Organization of the Islamic Conference (KIE/OIC) 1971n sortu zen herri musulmanen arteko loturak estutzeko. Afrikako, Asiako eta Europako 55 estatu daude bertan. Egoitza Jedda-n dago (Saudi Arabia).