Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Aginpidea eta lurraldea: Estatuaren lurralde egitura

Iturria: Peter J. Tayen, “Geografia politikoa”, Trama, 1994.<br><br>

 

Jatorri eta bilakaera historikoa

Gizadia bere burua antolatzeko gizarteaz baliatzen da. Gizabanakoez osatutako multzo egituratua da gizartea. Kultura, hizkuntza, erlijio eta beste zenbait elementuren inguruko ezaugarriek kohesioa ematen diote gizatalde bati, eta horrek munduko gainerako talde guztietatik bereiztzen ditu.

Gizarte edo gizatalde guztiak lurralde batean kokatzen dira. Historian ikus daitekeenez, kokaleku horiek ez dira ez aldaezinak, ez behin betikoak; hainbat arrazoik bultzaturik, gizataldeak maiz migrazio fenomenoaren mende bizi izan dira eta oraindik ere halaxe bizi dira. Migrazio mugimenduen eraginez, talde batek bere lurraldea utzi egiten du eta beste leku batean kokatzen da.

Hortaz, gizartea antolatzen duten egiturak oinarrizko leku batean kokatu eta nabarmentzen dira: modu autonomoan antolatutako gizataldea bizi den lurraldean.

Gizarteen antolamendu autonomo horren adierazle nagusia aginpide politikoa da.

Gizataldea kokatua dagoen lurralde eremu osoa hartzen du bere baitan aginpideak.

Gaur egun aski hedatua dago Vergottini teorilariak adierazitako ustea: “Oraingo gizarteen aginpide politikoa ongien antolatzen duen modua da Estatua”. Estatuak hartu duen indarra ikusirik, aztertu behar dugu lurraldearen gaiak Estatuarentzat duen garrantzia, aginpidea nola banatzen den eta nola jarduten duen botereak.

Bat datoz ikertzaile gehienak Estatua osatzen duten elementuak zerrendatzean:• Giza elementua: Gizabanakoz osatutako erkidego askotarikoa, “herri” izena eman ohi zaiona.

Kontzeptu horrek ez du zerikusirik “nazio” eta “arraza” elementuekin. Estatuaren kontzeptutik kanpo dagoen nozio historiko, kultural, etniko eta politikoa da nazioa. Arraza, berriz, ezaugarri biologiko bereziak dituen erkidegoa da, nahiz eta nozio honen zientifikotasuna eztabaidagarria den.

• Lurralde elementua: Aginpidearen mende bizi den herria kokatzen den espazio eremu egonkorra.

Esparru fisiko horretan du indarra estatuaren ordenamendu juridikoak. Batasun elementua ere bada lurraldea, mugek gainerako estatuetatik banantzen baitute.

Estatu guztiek dituzte elementu bereizgarriak: ikurrak, egiturak, legedia, e.a.

• Subiranotasuna edo aginpidea: Gizataldeari erabakiak ezartzen dizkion tresna eta erakunde multzoa da; nahitaezkoa denean, aginpidea indarkeriaz balia daiteke erabakiak ezartzeko. Weberrek dioenez, “zilegi den indarkeria fisikoaren monopolioa” da Estatuaren ezaugarri nagusia. Politika orokorrean agintzeko eta jarduteko ahalmen gorena da aginpidea.Subiranotasunaren eta lurraldearen elementuen arteko harremanak aztertu nahi ditugu. Bestalde, kontuan hartu behar dugu aipatutako hiru elementuak biltzen ez dituzten egoera politikoak gertatzen direla historian.

Horixe da Estaturik gabeko herrien kasua. Palestinak, esate baterako, lurraldebat lortzeko eta bertan bere aginpide politikoaren erakundeak kokatzeko indar guztiak jarri ditu. Horrelako kasuetan nahi izaten da herria eta aginpide subiranoa lurralde berean batera gertatzea, Estatu kontzeptuaren hiru elementuak aldi berean eman daitezen: lurraldea, bertan kokatzen den herria eta aginte goreneko boterea.

Palestinaren kasua, nahiz eta ezagunena izan nazioartean duen eraginagatik, ez da bakarra. Sobietar Batasuna desegin zenez geroztik, antzeko fenomenoak gertatu dira. Izan ere, Sobietar Estatuaren mende zeuden herrialdeek beren lurraldeak aldarrikatu dituzte ordu arte besteren lur eremuak zirenak.«Ikasleei munduko mapa politiko bat erakusten zaienean etengabe (…) ez da harritzekoa nazioen arteko mugak osatzen dituzten ibaiak eta mendikateak ikusten dituzten bezala ikustea estatuak berak ere (…) Estatuak ez dira berezko entitateak, aitzitik baizik; estatu burujabeak egitura erabat historikoak dira, eta horietako zaharrenak ere azken hiruzpalau mendeetan bakarrik existitu dira gaur egun duten forma eta tankerarekin.» Jacson, R. H. (1990) «Quasi-states: sovereignity, international relations and the third world».

Cambridge U.P. New York.

 

Aginpide eta lurraldearen bat egiteari gainbegiratu historikoa

Botere politikoaren eta lurraldearen arteko harremanei gainbegiratu bat egiteko zenbait erreferentzia hartuko dugu kontuan.

Mendebaldeko Europan, aginpide politikoa lurralde eredu ugariren arabera antolatu izan da Antzinarotik gaur arte.

Grezia klasikoan “polis” edo hiri estatuak sortu ziren. Horien lur eremua gertukoa eta murritza bazen ere, greziar hirien funtzioak eta egungo Estatuek dituztenak oso antzekoak dira. Antolamendu politiko horrek bereizten zituen greziar zibilizatuak eta tribuetan bizi ziren barbaroak (Touchard).

Ondoren, Erromak, hiri estatu greziarrean oinarriturik, metropoli zentralak gobernatzen zuen inperioa hedatu zuen. Probintzia bakoitzean agintari bana ezarri zuen, inperioaren ordezkari lanetan. Aginpidea zentralizatua zegoen arren, urruntasuna eta komunikaziorako zailtasunak zirela-etaprobintzietako agintariek nolabaiteko autonomia zuten, gai militarretan gehienbat.

Erromatar kultura zabaltzearekin batera, hizkuntza, latina, eta zuzenbide erromatarra ere hedatu ziren. Zuzenbide erromatarra lurraldea eta biztanleak kontrolatzeko tresna paregabea zenez, okupatutako herrialdeen egitura juridikoak goitik behera aldatu ziren haren arrimuan.

Kristautasuna zabaltzen zen bitartean, inperioaren gainbeheraren eraginez erromatar erakunde eta lurralde antolamendua desagertu ziren. Horren ondorioz sortutako botere politikoaren lurralde zatiketak Erdi Aroko poliarkia edo feudalismoa eragin zuen Europan.

Hurrengo aldian, XV. mendean, monarkiaren aginpidea indartu egin zen. Merkantilismoak konplexutasun ekonomiko eta soziala areagotu zituen heinean, gobernu orokorreko lehendabiziko egiturak agertu ziren Europako erresumetan.

Geroago, monarkia absolutuaren bitartez, lurralde zenbaitetan banatuta zegoen boterea Estatuaren antolamendu bakar eta zentralizatuaren eskuetan geratu zen. Hogeita Hamar Urteko gerrari amaiera eman zion Westfaliako Itunak (1648) ekarri zuen Estatuen “barne arazoetan esku ez hartzearen” printzipio nazioartekoa; aurrerantzean okupatutako lurralde baten eta Estatuaren arteko batasuna ez zen zalantzan jarri. Kontzeptu politiko horrek, garai hartan arrakasta izateaz gainera, Europa osoko etorkizuna ere baldintzatu egin zuen, ondorioz.

Erresuma guztietako legeak berdintasunaren bidean sartu zituen pixkana-pixkana aginpidearen batze prozesu horrek.

Subiranotasuna errege-erreginarekin identifikatzen zuen Estatu absolutuak.

Iraultza liberalek (Estatu Batuetan 1776an eta Frantzian 1789an), aldiz, “nazioa” egin zuten subiranotasunaren jabe. Gobernu antolamendu berari atxikita egonik, nortasun, kultura, erlijio, hizkuntza eta gizarte ezaugarri berberak zituzten gizabanako guztiak hartzen zituen bere baitan nazio kontzeptuak.

Orduantxe hasi zen Nazio Estatua eraikitzen.

Zuzenbidea horretarako moldatuz eta biztanleen ezaugarriak berdinduz ekin zitzaion aginpidearen zentralizazio prozesuari.

Estatuak erkidegoaren ezaugarriak (hizkuntza, erlijioa, tradizioak) beretzen ditu, kontzientzia nazionala sortu eta indartzeko asmotan.

Nazio Estatuaren hiru elementuek (lurraldea, aginpidea eta herritarrak) bat egiten dute azkenean.

Aldi horretan sartu ziren indarrean legearen inperioaren printzipioa, botereen zatiketa eta hainbat giza eskubideren babesa.

Mendebaldeko kulturaren eta deskolonizazio prozesuen eraginez, kasik munduosora hedatu da pentsamolde hori. Aldi berean, arazoak ere zabaldu dira, kasu anitzetan sortutako Estatuen lurralde eremuak zerikusirik ez baitu errealitatean existitzen diren nazioen esparruarekin.

 

Lurraldeari lotutako auzi politikoak

Estatuak bere lurraldearekin dituen harremanak aldakorrak izan dira historian zehar, eta Estatuak sortu, zabaldu, batu, edota desagertu izana, harreman horien ondorio zuzena da, hortaz.

Europako dinastien ezkontza politika eta gerraren bidez lortutako konkista eta okupazioa dira, besteak beste, prozesu horien eragileak. Baina, aldi berean, auzi politikoen sorburu ere badira, bai Estatuen barnealdean, bai kanpoaldean. Historiak horrelako adibide ugari utzi ditu: XV. mendean, esaterako, Gaztela eta Aragoi bat eginda geratu ziren gaztelaniar erregina eta aragoitar erregea ezkondu zirenean; gerra anitzek aldatu edo mugiarazi dituzte mugak, batez ere Lehen eta Bigarren Mundu gerrek; Hirugarren Mundua deskolonizatzeko prozesuak hamaika herrialde berri zituen; Ekialdeko erregimenen eraldatzeak Europa barneko mugak mugitu ditu.

Historiaren etengabeko aldaketa horietan auzi politikoak ere gerta litezke. Nazio bat beretzat hartzen ez duen Estatu baten mende egotea, edo herri batek berezko lurralderik ez izatea, auzi latz eta bortitzen iturburu izan daitezke. Jugoslaviar Federazioko kideen artean gertatu diren liskarrak (serbiar, kroaziar, bosniar eta kosovotarren arteko istilu eta gerrak), edo palestinarren borroka gainerako herrialdeen, batez ere Israel inguruan Estatua eraikitzeko, indarkeriazko auzi horien bi adibide baino ez dira.

Aginpidearen eta lurraldearen arteko harremanak dinamikoak dira, beraz, eta auzi politikoen eragile ere izan daitezke.

Herrien historiak argi utzi du lurralde bat edukitzea premiazkoa dela gizatalde batek bere botere politikoa antola eta gauza dezan.

Historiako une bakoitzak auzi horri irtenbidea ematen saiatu da baldintza politiko, demografiko, militar edo dena delakoaren arabera.

Harreman horiek aldaezinak eta behin betikoak ez direnez, aldian behin aldaketak gertatzen dira, esaterako, Quebec Kanadatik banantzeko egin diren kontsultak edota hirurogeita hamabost urteko epean Txekoslovakiako errepublikaren sorrera eta desagertzea.Teorilariek etengabe aztertu eta ikertu dute Estatuaren aginpidearen lurralde banaketa, politikaren objektu oinarrizko eta iraunkorra baita. Ikerketa horiek finkatutako estatu antolamenduaren eredu nagusiak biltzen dira ondoren.

 

Aginpide politikoaren lurralde banaketa: zergatiak eta sistemak

Nazio Estatuak aginpidearen kontzentrazio eta zentralizazioa azken muturreraino eraman zuen. Estatu modernoek hiru arrazoitan oinarriturik ekin diote deszentralizazio prozesuari: • Arrazoi tekniko-administratiboak: gizarte modernoen konplexutasuna dela eta, antolamendu zentralizatua motela, garestia eta eraginik gabea da.

Erabaki guneak arazoak gertatzen diren lekuetara hurbildu behar ditu administrazioak.

• Arrazoi demokratikoak: gizarte moderno guztiek sakondu nahi izan dute printzipio demokratikoan. Nahi horri jarraiki, erabaki guneak herritarrei hurbiltzeko ahaleginak egin dira. Deszentralizazioak aginpide organoak hobeki kontrolatzeko aukera ematen die herritarrei (kontrol bertikala, herritarrek estatuaren botereari egiten diotena; aldiz, kontrol horizontala kontrakoa da, estatu organoek elkarri egiten diotena, alegia).

Estatu zentralak aginpidea galdu du lurralde mailako botereen mesedetan.

• Arrazoi historiko-politikoak: Estatu batek menderatutako gizatalde eta nazioek beren egoera juridikoki onartzea eskatzen dute, biltzen dituen Estatutik kanpo, izan ere.

Prozesu honetan bultzatutako aginpidearen lurralde banaketak estatu eredu berriak sortarazi ditu:

 

Estatu unitarioa

Estatu absolutuarekin batera sortu zen eta iraultza ondoko Frantzian indartu zen.

Piramide moduan antolatutako gune politiko bakar batek estatuaren lurralde osoa hartzen du bere baitan. Aginpide zentralizatu horrek herrialdea kudeatu eta zuzentzen du. Edozein berezitasun geografiko edo kultural bazterturik, populazioa berdindu nahi du, ordenamendu beraguztientzat ezarriz eta herritarrei nortasun eta hizkuntza bakarra inposatuz. Estatu eredu honek aldaerak ditu: deskontzentrazioa eta deszentralizazioa. Deskontzentrazioan, organo gorenen funtzioen ordezkari gisa aritzen dira azpiko organoak, baina betiere haien mende eta esanetara.

Deszentralizazioan, administrazio zentralak lurralde administrazio bati ematen dio aginpidea. Dena dela, boterearen lurralde banaketa hau administratiboa da hutshutsik, inoiz ez politikoa, lurraldearen ezein zatiri ez baitzaio onartzen Estatuaren irizpide eta bideetatik kanpo antolatzeko aukera.

Laburbilduz, Estatu unitarioan, subiranotasunak eta gobernu organo zentralek lurralde osoaren gaineko aginpidea dute, eta deskontzentrazio eta deszentralizazioaren bidez soilik eskualda daiteke aginpide hori.

 

Autonomia politikoa; eskualde estatua edo autonomikoa

Eredu honek Estatu unitarioan du oinarria.

Subiranotasuna Estatuaren eskuetan soil-soilik dagoen arren, bestelako lurralde erakundeei onartzen zaie antolatzeko ahalmen mugatua.

Ez da administrazio deszentralizazio hutsa, Estatuko populazioaren zati bati gizarte eta politika mailako onarpena ematen baitzaio. Estatuaren subiranotasunean eta konstituzioan oinarrituta egon arren, berezko aginpide politikoak dituzte lurralde erakundeek.

Konstituzioak, Estatuaren oinarrizko arau gisa, autonomia eskubidea onartzen die zenbait lurralderi, eta, ondorioz, lurralde autonomo bakoitzak bere politika antola dezake sortarazi diren bitartekoak erabiliz, autonomia estatutuak, esaterako.

Eskualdekako antolamendua edo antolamendu autonomiko hau Espainiako II. Errepublikako konstituzioak sortu zuen 1931. urtean; Italiako 1947ko konstituzioak indartu zuen, Estatu unitarioaren eta Estatu federalaren arteko erdibidea izan zitekeelakoan.

Autonomiek berezko aginpidea dute ahalmen legegilea –parlamentuaren bidez– eta ahalmen betearazlea –gobernuaren bidez– gauzatzeko.

Halaber, funtsezkoa den ahalmen ekonomikoa ere onartzen zaio autonomiari; ahalmen ekonomikorik ezean hutsaren hurrengoa baita autonomia hori.

Konstituzioak aldez aurretik finkatzen ditu erakunde autonomoen betebeharrak “eskumen” printzipioaren arabera. Printzipio horri jarraiki, zenbait eskumen estatuarenak soilik dira, zenbait autonomiarenaksoilik eta beste zenbait eskumen Estatuaren eta autonomiaren artean banatzen dira, hau da, ahalmen legegilea Estatuaren esku egon arren, autonomiari dagokio arauak garatu edo indarrean jartzea. “Erreserba klausulen” arabera, Estatuak beretzat gorde ohi ditu konstituzioak aipatzen ez dituen eskumenak. Erakunde autonomoak kontrola ditzakete estatu organoek (gobernua, parlamentua eta auzitegiak); aldi berean, autonomia auzitegi konstituzionalera joan daiteke, edo antzeko estamentura, Estatuarekin dituen auziak argitzeko. Estatu erregional edo autonomikoak antolatzeko modu ezberdinak daude (Italia, Espainia, Portugaleko uharteak, adibidez). Batzuetan autonomiarako aukera Estatuko lurralde batena edo batzuena da soilik, eta beste batzuetan Estatu batean onartutako autonomia estatutua ez da berdina erkidego guztientzat.Hortaz, Estatu erregional edo autonomikoan: • Subiranotasuna bakarra da eta Estatuari dagokio.

• Irizpide administratiboez gainera, politikoak ere hartzen dira kontuan aginpidearen lurralde banaketa egiteko.

• Aginpide politikoa eskumen printzipioaren arabera banatzen da: dagokion esparruan jardungo du administrazio bakoitzak, beste botereen inolako esku hartzerik gabe.

• Organo zentralek erakunde autonomikoen gainean egin ditzaketen kontrolak zorrotz arautzen ditu konstituzioak.

• Aginpideen artean sor daitezkeen auziak goreneko erakunde batek, auzitegiak, argitzen ditu.

• Erakunde autonomikoek finantziazio iturria behar dute beren zereginetan jarduteko.

 

Estatu federala

Estatu federalaren kontzeptuak ez du zerikusirik Estatu unitario eta eskualde Estatua edo autonomikoarekin, “aldez aurretiko borondate politiko subiranoen” bat egiteak sortzen baitu Estatu federala. Nazioarteko zuzenbidearen esparruan Estatu berri hori da subjektu bakarra, eta berari soilik dagokio multzoa atzerrian ordezkatzea.

Estatu mota honek Estatu Batuetako konstituzioan eta Helvetiar Konfederazioan du sorburua. Aipatutako borondate subiranoek beren burujabetzari eusteaz gainera, egitura komun bat ere osatzen dute, Estatu federala, alegia. Estatu unitarioan botere zentrala da subiranotasunaren jabe bakarra eta aginpide gune horretatik abiatzen dira erakunde autonomikoek jasotzen dituzten eskumenak. Aitzitik, federalismoan bestelako mugimendu bat gertatzen da: Estatu federatuek beren subiranotasuna Estatu federalaren esku uzten dute. Federalismoaren jatorria hurrengo prozesuetan koka liteke: – Konfederazioak federazio bihurtu zirenean (Estatu Batuak, Helvetiar Konfederazioa); – Lurralde askotariko baten deskolonizazioa (Afrikako estatu anitz); – Estatu unitario batetik abiaturik, aldeek elkarri subiranotasuna onartzen eta batasun itun berri bat egiten dutenean.Egitura federalak, oro har, lau elementuren beharra dauka: • Estatu federatuek adostutako konstituzio federala.

Konstituzio horrek bideratzen ditu Estatu federalaren eta Estatu kideen arteko harremanak. Estatu guztien parte hartzea nahitaezkoa da konstituzioa aldatzeko.

Halaber, Estatu kide bakoitzak bere konstituzioari eusten dio; Estatu federatuarena da konstituzio hori aldatzeko ahalmena.• Estatu federal eta kideen eskumenen banaketa (eskualdekako ereduan bezala) – Batetik, alde bakoitzaren berezko eskumenak: a. eskumen legegile eta betearazlea federazioaren esku; b. eskumen legegile eta betearazlea Estatu federatuen esku; c. eskumen legegilea bi aldeetako baten esku eta betearazlea beste aldearenean.

– Bestetik, eskumen partekatu edo pilatuen arabera, alde batek eskumenaren esparruan jarduten ez badu, beste aldeari dagokio eskumen hori. Atal honetan koka daitezke federazioak egiten dituen arau orokorrak ere, nahiz eta eskumen esparru hori Estatu kideen esku egon.

• Bi ganberaz osatutako parlamentua Ganbera batek, normalean ganbera gorenak (Estatu Batuetako senatua edo Bundesrat alemaniarra), Estatu kideen ordezkari lanak egin eta “itun federala” bermatzen du.

• Auzitegi federala Aldeen arteko gatazkak konpontzeko.Estatu federalean: • Estatu federala osatu aurretik badira erakunde subiranoak: Estatu federatuak.

• Erakunde federatuen borondatearen ondorio da batasuna. Jatorrizko subiranotasunaren zati bat –besteari eutsi egiten baitiote– erakunde berri bati ematen diote, Estatu federalari. Horixe baino ez da itun federalaren edukia.

• Estatu federal berria da subjektua nazioarteko harremanetan.

• Eskumen printzipioaren arabera banatzen dira Estatu federal eta federatuen betebeharrak.

• Estatu federatuek ordezkaritza dute Estatu federal berriaren organo zentraletan, normalean parlamentuko ganbera gorenean. Ganbera horrek oso eskumen garrantzitsuak ditu: nazioartean, konstituzioaren aldaketetan, e.a.

• Auzitegi federalak argitzen ditu aldeen arteko gatazkak.Egungo joerak: federalismo “erreala” / federalismo “nominala” Orain arte aipatutako elementu guztiak oso bestelakoak gertatzen dira errealitatean.

Asko eta asko dira beren burua federaltzat hartzen duten Estatuak, baina federalismoa modu jakin batean garatzen du bakoitzak; are gehiago, zenbaitetan federalismoa hutsik dago, “nominala” baino ez da, Estatuaren funtzionamendua ez baita batere federalista (Nigeria, Argentina, Mexiko, adibidez).

Bestalde, egoera sozioekonomikoaren bilakaerak aginpidearen zentralizazioa bultzatu du Estatu federalaren mesedetan. Estatu federatuak hainbat modutan galtzen ari dira indarra: arau federalek gero eta gehiago murrizten dute Estatu kideen jardunbidea; botere federalak areagotu dira; aginpideen arteko koordinazio lanetan Estatu federala beti ateratzen da garaile; federazio mailako erabakietan Estatu kideen parte hartzea gero eta txikiagoa da, bai nazioarteko harremanek duten garrantziagatik, bai erabaki asko eperik laburrenean hartu behar direlako.

Sistema federalak edukirik gal ez dezan eta bere funtziomendua egokia izan dadin,ezinbestekoa da gizarteak “kultura federal” horri eustea. Herritarrek nahiz Estatuaren erakunde politikoek federazioaren kideen aniztasuna onartu eta errespetatu egin behar dute. Orobat, kideen borondatea elkarte berria sortzeko ere kontuan hartu beharrekoa da, horrek berdintasunean negoziatzeko ohitura ekarriko baitu. Hori guztia lortzeko sekulako garrantzia dute alderdi politikoek.

Egungo erregimen demokratikoetan, alderdi politikoen barne egiturak zeresan handia du Estatuaren antolamendua erabakitzeko orduan, zeren eta egitura hori zentralista bada, Estatua bera halakoxea izango baita; aldiz, alderdien egitura federalek Estatua kutsatu egiten dute.

Arestian esan bezala, federalismoa aldatzen ari da, eta federazioaren eta Estatu federatuen arteko liskarrak ez dira isildu.

Eboluzio horrek federalismoa bideratzeko modu ezberdinak ekarri ditu. Alemaniak, adibidez, eskumen printzipio hutsa baztertu du eta federazioaren eta kideen arteko harremanetan ardura partekatua edo “federalismo kooperatiboa” ezarri du. Horrek mendekotasun molde berriak ekarri dituenez, zenbaitetan “itun federala” zokoratuta geratzen da.

Joera berri horien artean, “federalismo asimetrikoa” aipatu daiteke. Horren arabera, Estatu federalak bere alde guztiak –nazioak, besteak beste– onartu egiten ditu, eta sistema ez-homogeneoaz baliatuz banatzen ditu eskumenak. Hain zuzen ere, kide guztiek ez dituzte eskumen berak jasotzen, horiek talde federatu bakoitzaren helburuen arabera banatzen baitira. Aldarrikapen bakoitzari erantzunik egokiena ematen ahalegintzen da federalismo asimetrikoa, hortaz.

Dela Estatu unitarioa (kasik desagertu dena), dela eskualde Estatua edo Estatu autonomikoa, dela Estatu federala, aginpidearen lurralde banaketa gauzatzeko molde guztiak etengabe ari dira aldatzen, eguneroko behar politikoek bultzaturik. Sistema erregional edo autonomikoen eta sistema federalen arteko bat egitea gertatzen ari da nolabait. Izan ere, erakunde autonomiadunek lehen baino eskumen gehiago dute, batetik, eta bestetik, Estatu kideen eskuetan ziren zenbait eskumen bereganatu dituzte federazioek. Sistema bakoitzaren mugak lausotzen ari dira, ondorioz. Erakunde autonomiko batek Estatu federatu batek baino eskumen gehiago izatea, litekeena da gaur egun.

Aginpidearen lurralde banaketa eragingarria izan dadin, argi dago federalismo “errealak” finantziazio ahalmena onartu behar diela azpiko erakundeei. Finantziazioari dagokionez: • erakundeek beren eskumenen esparruan jarduteko adinakoa behar du izan finantziazioak;• libre xedatzeko finantziazioa behar du erakundeak, bere eskumenen baitan berezko politika egin ahal izan dezan; • zergen ardurak partekatu behar dira; erakunde autonomiadunek eta federatuek, bai bakarrik, bai Estatuarekin batera, zenbait zerga bildu eta kudeatzeko aukera behar dute, beren eskumenak garatu ahal izateko.

 

Konfederazioa eta estatu anitzeko erakundeak

Aginpide politikoaren lokalizazio eta globalizazioa Urte askotan zehar konfederazioa hartu izan da estatu aginpidearen lurralde banaketaren adierazpide nagusitzat. Aldiz, gaur egungo teoriagileek diotenez, subiranotasuna inola ere galdu ez duten estatuen arteko bat egitea da konfederazioa, Estatu federala ez bezala.

Konfederazioan, Estatu subirano izaten segitu nahi duten zenbait erkidego politiko batzen dira helburu jakin batzuk lortzearren.

Jarduera politiko hori burutu ahal izateko konfederazioak berezko organoak sortzen ditu. Ezaugarri nagusiak hauek dira:• Nazioarteko zuzenbideak arautzen du kideen arteko batasuna, Estatu guztiz subiranoek osatzen baitute elkartea.

• Kide batek hala erabakitzen badu, gainerakoen baimenik gabe utz dezake konfederazioa.

• Konfederazioko organoek ez dute ahalmenik herritarrengan, estatuetako organoen bidez ez bada, behintzat.

• Konfederazioko organo komuna estatuen ordezkariez dago osatuta; ordezkariak estatuetako organoen esanetara daude eta ahalmen txikia dute erabakiak hartzeko.

• Organo komunaren eskumenak koordinaziora baino ez dira mugatzen; eskumen horietako bat aldatu ahal izateko nazioarteko hitzarmena beharrezkoa da.Ezaugarrien malgutasun eta bizkortasun eza dela eta, zaila suertatzen da sistema irautea; praktika mailan federazioa baino lehenagoko urratsa izan ohi da. Egun oso zaila da horrelako sistemarik atzematea, izan ere.

Konfederazio eskema horretan, edo antzekoetan, oinarriturik sortu diren estatu anitzeko erakundeen artean koka dezakegu nazioartean gailendu den Europar Batasuna.

Izatez, lankidetza ekonomikoa sustatzeko erakundearen eta batasun politikoaren arteko erdibidean dago. Kide kopurua eta politika prozesua ez ditu mugatu Batasunak. Hainbat ikertzaileren arabera,Europar Batasunaren baitan elementu “federalismozaleak” atzeman daitezke; ikus ditzagun, bada: Batasuneko organokoek egiten duten eskumen zerrendatze hertsia; herrialde kideak ordezkatzen dituen organoa; justizia gortea; herrialdeetako ordezkariak biltzen dituen “ministroen kontseilua”, eta herrialdeek izendatutako kideez osatuta dagoen “Batzordea”. Hala ere, subiranotasuna Estatu bakoitzaren baitan jarraitzeak izugarrizko garrantzia ematen die oraindik ere Estatuei eta eragotzi egiten du benetako federalismoa. Subiranotasuna nolabait mugatu badute ere, batasuneko Estatuek ez diote inola ere uko egin subiranotasun hori beren eskuetan mantentzeari.

Bestela ematen duen arren, egun kontrajarriak ez diren bi joera daude, hortaz.

Orain arte Estatuen esku zeuden funtzioak bildu dituzten estatuez gaindiko egiturena, batetik, eta bestetik, erabaki gunea lurralde esparru txikiagoetara hurbildu duen estatu aginpideen deszentraliaziorena. Ekonomiak eta teknologiak eragindako globalizazioan nahiz erabaki guneen herritarrengandiko urruntasunean dute jatorria prozesu horiek. Atal honetan ezin dira ahantzi izaera politikoa duten taldeen autogobernu asmoak.

Horren guztiaren ondorioz, Estatu tradizionalak ahultzen ari dira, ohikoak zituzten hainbat funtzio oinarrizko galtzen ari diren heinean (“segurtasunaren internazionalizazioa” gertatu da taldeen babesaren esparruan; euroak argi uzten du gai ekonomikoetan erabaki guneak besterendu direla; “esku hartzeko eskubidea” zabaldu da, Jugoslavian gertatutakoan ikusi ahal izan denez). Bestalde, Nazio Estatuaren zentralismoak menderatutako talde politikoek erakunde berriak sortu dituzte Estatuen barnean.

Esanak esan, Estatuak ez dira desagertu.

Egia da Estatu zenbait biltzen dituzten erakundeak sortu direla, konfederazio moduan lanean hasi eta kideen arteko loturak areagotzen dituzten erakundeak, izan ere.

Halaber, Estatu tradizionalen baitan ere lurralde erakunde berriak eratu dira, eta hizpide bihurtu da erakunde horiek estatuez gaindiko egituretan nola har dezaketen parte (Europako batzordeetan ordezkariak dituzte eskualde batzuek).

Azken batean, aginpidea lurraldean barrena banatzeko Nazio Estatu tradizionalak ezarri zuen moldea eraldatu da. Globalizazioak bultzaturik, administrazio erakunde berriak sortu dira. Herritarrengandik urruti egon arren, erakunde horien erabakiek gizabanako asko eta askorengan dute eragina. Aldi berean, lokalizazio prozesuak erakunde berrien hurbiltasuna eskaini die herritarrei, zuzenean balia daitezen berezkoa duten subiranotasunaz.