Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Autodeterminazioa

Independentziaren aldeko manifestazioa, Donostian.<br><br>

 

Definizioa

Erkidego politiko batek berez xedatzeko duen ahalmena eta gobernu mota askatasunez aukeratzeko eskubidea da autodeterminazioa.

Kontzeptu horrek bi atal ditu: kanpokoa eta barnekoa. Kanpoko edo nazioarteko atalaren arabera, herri batek ez du bere borondatearen aurka Estatu baten Subiranotasunaren mende egon behar eta hala bada, hartatik banantzeko eskubidea du. Barne atalari begiraturik, herri orok du hautaturiko gobernu motaren arabera antolatzeko eskubidea.

Autodeterminazio eskubidea demokraziaren zuzeneko ondorio denez, helburuak erdiesteko erkidego politiko guztiek dute ahalmena kanpoko inolako esku hartzerikgabe beren burua gobernatzeko. Herritarrek adierazitakoan oinarriturik, erkidegoak erabakitzen du askatasun osoz gobernu mota.

Autodeterminazioak hurrengo irizpideak biltzen ditu:• demokrazia irizpidea, gobernua eta legeak legitimatzeko; • nazio irizpidea, gobernuaren esparru egokia zehazteko, eta, ondorioz, • berdintasun irizpidea nazioarteko harremanetan jarduteko. Azken irizpidearen arabera, herrialdeak berdinak dira eta ez dago onartzerik handi eta indartsuenek gainerako herrialdeak beren mende hartzea.

 

Doktrinaren bilakaera historikoa

Rousseauren Herri Subiranotasunean eta nazioan, borondatezko egintza den aldetik, du sorburua autodeterminazioaren doktrinak.

XVIII. mendearen bukaeran, Kanten “gizabanakoaren autodeterminazioaren” kontzeptua beste filosofo batzuen ekarpenekin osatu zen, Fichte eta Herderren ekarpenekin, alegia. Fichtek (1762-1814) zioenez, “herri baten burujabetza herri izateari eustean datza”; Herderrek (1744-1803)subjektu nazionala erkidego gisa hartzen zuen. Ekarpen horien eraginez, erkidego nazionalarekin lotuta geratu zen autodeterminazioaren eskubide demokratikoa.

Frantzia eta Estatu Batuetako iraultzek gobernu mota askatasunez antolatu eta aldatzeko eskubidea herri guztiek zutela aldarrikatu zutenean, behin betiko finkatu zen autodeterminazio eskubidea.

XIX. mendeak aurrera egin ahala, Mancini (1817-1888) saiatu zen lehendabizikoz nazioen printzipioa eskubideen multzoan txertatzen. Argi zerrendatu zituen eskubide horiek: “askatasunez eratzeko nazioek duten eskubidea, independentziari eusteko eskubidea eta indarkeriaz menderatuta eta zapalduta dauden herriek independentzia aldarrikatzeko eskubidea”. Nazio orok du eskubidea Estatu gisa eratzeko, beraz.

Renanek (1823-1892) nazioari plebiszito ikuspuntua gehitu zion, eta etengabeko autodeterminazio eskubidearen pareko egin zuen nazioa. Bizirik dauden guztien eskubidea da autodeterminazioa, naziokideen berariazko onespenean oinarritutako eskubidea.

Marxismoak errezeloz hartu izan du autodeterminazioaren gaia, nazio eraikuntza burgesaren adierazpen politikoa izan zitekeelakoan. Bakuninen testu anarkisten«Lurraldetasunari buruzko, eta orobat subiranotasunari buruzko auzien konponbidea auzi hori zuzenean dagokion herriak askatasunez onarturiko hitzarmenetatik etorriko da, eta inola ere ez dira beste herri edo nazio baten interesen arabera harturiko erabakietatik.» Woodrow Wilson Estatu Batuetako lehendakariaren bake proposamenaren hogeigarren puntua, 1918.arabera, autodeterminazio nazionalaren printzipioa eztabaidaezina da, baldin eta helburua ez den Estatua eraikitzea, nazioen arteko borondatezko federazioa, baizik.

Autodeterminazioaren inguruko diskurtso erradikal eta aurrerakoia ere zabaldu zen.

Otto Bauer eta Karl Renner austriar marxistek eta Jean Jaurès eta Paul Lafargue frantziar sozialistek zioten ez zegoela inolako kontraesanik naziotasun printzipioaren eta langileen borrokaren artean. Ildo beretik, Leninek zapalkuntzaren aurkako borrokaren atal gisa aldarrikatu zuen autodeterminazioa, eta Sobietar Batasuna osatzen zuten nazioei onartu zien eskubidea.

Lehen Mundu Gerra bukatu bezain laster, Woodrow Wilson Estatu Batuetako presidentea hamalau puntuko bake programa batean oinarritu zen Nazioen Elkartearen eratzea bultzatzeko. Programa horrek zioen herrien autodeterminazioa zela gerra saihesteko bermerik indartsuena. Dena dela, aldarrikapena aski zehaztugabe eta anbiguoa zen, eragingarria izan zedin. Ez zen mugatu autodeterminazioaren kontzeptuaren edukia. Eskubide horren subjektu nor izan zitekeen eta eskubideaz baliatzeko modua ere ez ziren zehaztu. Mugak naziotasun printzipioaren arabera antolatu nahi zituen programak, hau da, nazio nortasunaren eta estatu subiranotasunaren arteko koherentziaz, baina interes geoestrategikoak, kolonia potentzia garaileekiko zaletasuna edota autonomia eta autodeterminazioaren arteko nahasketak nagusi izan ziren behin betiko testuaren zenbait zatitan.

Bigarren Mundu gerraren ondoko deskolonizazio prozesuetan ere modu mugatuan egin izan da eskubidearen alde, eta jadanik eratutako Estatuen lurralde batasunari eman izan zaio lehentasuna. Horrek guztiak biziki murriztu du autodeterminazio eskubidea gauzatzea.«Herri bat estatu baten parte izanak, herriak estatuarekin bere borondatez bat egin izan arren, ez du esan nahi herri hori beti egon behar denik estatuari loturik. Giza justiziak ezin onar lezake inolako behar betierekorik (…) eta sekula ez ditugu ezagutuko askatasunean oinarrituriko eskubide eta betebeharrak besterik.» Mijail Bakunin, «Federalismoa, sozialismoa eta antiteologismoa» liburuan.

 

Autodeterminazio eskubidearen nolakotasuna

Autodeterminazioaren nolakotasunari buruzko lehen eztabaidak bi joera biltzen ditu. Lehendabizikoak dio autodeterminazioa zuzenean ezin eska daitekeen printzipio generikoa dela. Aldiz, bigarrenaren arabera, eskubidea den aldetik autodeterminazioaren babesa eska daiteke, legitimatutako subjektu batek modu eragingarrian erabil baitezake.

Onespenik zabalena jaso duen doktrinak dioenez, norbanakoaren askatasuna baldin bada giza eskubide gorena, herrien autodeterminazio eskubidea ere giza eskubidea da eta eskatu daiteke, eskubide indibidualaren adierazpen kolektiboa baino ez baita.

Bigarren eztabaida eskubidearen beraren izaerari buruzkoa da, autodeterminazioa norbanakoaren eskubidea edo taldearen eskubidea den jakiteko.

Bi elementuren inguruan gertatzen da ustezko kontraesan hori, autodeterminatzeko herri batek duen talde eskubidea, batetik, eta autodeterminatu nahi duen herriaren lurraldean bizi diren herritarren eskubide indibiduala, bestetik.

Autodeterminazioa talde eskubidea den arren, argi dago gizabanakoak horretaz baliatzen direla, beraz, ez luke inongo kontraesanik egon behar bien artean. Are gehiago, autodeterminaziorik gabe demokraziarik ez da, herritarrek beren eskubide indibidualen esparrua finkatzeko erabakian ezin baitute parte hartu. Zenbait autorek, Kymlickak besteak beste, diotenez, gizabanakoen askatasun eta ongizatearen aldekoa da liberalismoa, ez Estatuen patuaren aldekoa, eta, ondorioz, autodeterminazioa abian jartzeak ez die zertan kalterik egin eskubide indibidualei, ezta gutxiagorik ere.

 

Autodeterminazioa nazioarteko doktrina juridikoan

“Herria” autodeterminazio eskubidearen subjektu gisa 1966ko irailaren 16ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak eta egun bereko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunak autodeterminazioa onartu izanak inoiz ez bezala gailendu zuen oinarrizko giza eskubide horren aldeko adierazpena.

Termino berak erabili ziren bi itun horietan: “Herri guztiek dute askatasunez determinatzeko eskubidea. Eskubide horren arabera askatasunez erabakitzen dute berenizaera politikoa, eta, aldi berean, garapen ekonomiko, sozial eta kulturalez hornitzen dira”.

Autodeterminazio eskubidea maila juridikoan onartu zenez geroztik, nazioarteko txosten eta epaietan behin eta berriz agertu da: NBEaren Batzar Nagusiaren 1970eko urriaren 24ko 2625(XXV) Erabakia, 1975.. rtean Helsinkin egin zen Europako Segurtasun eta Lankidetza Konferentziaren azken akta, 1975 Mendebaldeko Saharari buruzko Ebazpena, etab.

Dena dela, autodeterminazioaren zenbait osagai definitzeko teoria zein praktika mailako zailtasunak direla-eta, jarrera kontrajarriak aise hedatu dira nazioartean.

Autodeterminazio printzipioaren atalik korapilatsuena eskubide horren subjektua izendatzean datza, hots, autodeterminazioa abian jartzen denean zer edo nor hartu behar den “Herritzat”.

Nazioarteko testu juridikoek ez dute zehatz-mehatz argitzen herri kontzeptua.

Nazioarteko zuzenbidean ez dago araurik autodeterminazio eskubidea kolonia gisa menderatutako herrietara mugatu behar dela dioenik; hala ere,“Salt water theory” edo “ur gaziaren teoriaren” jarraitzaileen arabera, metropolien itsasoz bestaldeko koloniak soilik balia zitezkeen eskubide horretaz.

Gaur egun, doktrina gailenak gainditu egin du azkeneko planteamendu hori, baina autodeterminazio eskubidea dagokion subjektu politikoaren lurraldea zehazteko zailtasun praktikoak nagusi dira oraindik.

Bigarren Mundu Gerraren ondorengo deskolonizazio prozesua metropoliak ezarritako muga administratiboen gainean egin zen, elementu subjektiboak eta lurralde horietako herriak batere kontuan hartu gabe. Estatu berriek nazio aniztasunaren arazoa zuzen-zuzenean jarauntsi zuten, hortaz.

“Uti possedetis iuris” printzipioaren arabera, estatuen arteko mugak zehaztu ahal izateko autodeterminazioaz baliatu baino lehenagoko muga administratiboak hartukodira kontuan. Europako Batasunaren Jugoslaviarako Arbitraje Batzordeak printzipio hori bera erabili zuen: Eslovenia, Kroazia eta Bosnia-Herzegovinaren autodeterminazio eskubidea onartu zuen, baina errepublika horietan bizi ziren gutxiengo serbiar eta kroaziarrei ez zien horrelakorik onartu.

Autodeterminatzen den “Herriaren” hedadura (lurraldetasuna) eta zabaltasuna (herritarren multzoa) finkatzeko arazoek bere horretan segitzen dute, bada; herriaz gaindiko inork finkatuko balitu, autodeterminazio eskubidea urratuko litzateke; herriak berak egingo balu, kontraesana sortuko litzateke, nork bere burua definitzea autodeterminazio eskubidearen baldintza eta ondorio baita aldi berean.

Aurrez aurre diharduten aldeen arteko akordioa edota bitartekari neutrala izan litezke arazoa konpontzeko modua. Espainiaren kasuan eta antzekoetan, elementu objektiboagoak erabil litezke. Adibidez, Estatuak “herri” izendapena onar liezaioke bere baitan biltzen duen talde horri. Ez da logikoa, batetik, barne legediak herri hori onartzea, eta, bestetik, kanpo esparruan kolektibitate hori herritzat ez hartzea, nazioartean lekurik izan ez dezan.

Kasurik gehienetan lehen mailako definizio hori ere ez da, ordea.

 

Autodeterminazio eskubidearen edukia

Kanpo eta barne autodeterminazioa Autodeterminazio eskubidearen kontzeptu abstraktuak bere baitan biltzen dituen eskubide eta eskumenak argi uzten dituzte aipatutako giza eskubideen itunek.

Subiranotasunaren kontzeptuak eskubide eta eskumen berak jasotzen ditu nolabait, Subiranotasuna Estatuen aginpidearen ezaugarri argia baita. Kontuan hartu behar da herriak autodeterminatzen direnean subjektu subirano gisa egiten dutela. Estatu berria sortzea autodeterminazio eskubidearen ondorioetako bat izan liteke, baina, jakina, ez bakarra.Autodeterminazio eskubidearen kontzeptuaren eduki klasikoak hauek dira: • autoadierazpen eskubidea, • autodefinizio eskubidea, • automugatze eskubidea eta • barne eta kanpo autoxedapen eskubidea.

Autoadierazpen eskubidea autodeterminaziotik kanpo erabil daiteke, nazioarteko ordenamendu juridikoak kolektiboen eta taldeen eskubide gisa jasotzen baitu. Ondorengo eskubide hauek onartzen dira, horren arabera: existitzeko eta kultura garatzeko gutxiengoen eskubidea eta, ondorioz, genozidioak zigortzeko bermea; herrien eskubidea beren ondare eta natur baliabideak erabiltzeko, eta ingurumena garatu eta babesteko eskubidea. Begi bistakoa da, izan ere, autodeterminazioaren ekonomia eta ingurumen alorrak behar-beharrezkoak direla herriek bizirik jarrai dezaten.

Ikusi dugunez, pertsona zein lurralde mailako autodefinizio eskubidea gauzatzea zaila da oraindik ere. Are zailagoa da, baina, barne eta kanpo automugatze eskubideaz baliatzea, autodeterminazioa murriztu nahian dabiltzan zenbait teorilarik eskubide horren aurka baitihardute.

Usadiozko ikuspuntuak dio herriaren erabakiak gauzatzen duela autodeterminazioa eta nazioartean duela eragina; alabaina, beste ikuspuntu baten arabera, sistema politikoa erabakitzeko eskubide demokratiko da autodeterminazioa, herri Subiranotasunaren adierazle da, beraz.

Autodeterminazio eskubidearen barne ikuspuntu hori sarritan hartu izan dute Estatuek, hori bailitzan autodeterminazioa gauzatzeko modu bakarra. Horretarako, autodeterminazioa sistema demokratikoarekin nahastu egiten dute eta Estatuen baitako herrien lurralde aldarrikapenei zilegitasuna deuseztatzen saiatzen dira. Iritzi hori dutenek autodeterminazioa hauteskundeekin identifikatzen dute eta herriak bere lurralde eta zuzenbide esparrua plebiszitoz inoiz erabaki ez duen arren, esaten duteherri hori autodeterminatzen dela bozkatzen duen aldi oro.

Argi dago autodeterminazio eskubideak bi alor horiek bildu behar dituela: autogobernu demokratikoa eta herri bakoitzaren estatusa erabakitzeko eskubidea, nazioarteko gainerako herri eta Estatuen artean.

 

Autodeterminazio eskubidearen erabilera

Orain arte esan bezala, autodeterminazio eskubidea herriari badagokio, herri horri eskatu behar zaio bere estatus juridikopolitikoaren edozein aldaketari buruzko iritzia.

Autodeterminazio eskubidea erabiltzeko modua plebiszitoa izan ohi da, hau da, eskubidearen subjektuari egiten zaion kontsulta demokratikoa.

Plebiszitoaren giza eta lurralde esparrua aldez aurretik finkatu behar da, eta lan hori burutzeko sarritan arazo latzei egin behar zaie aurre. Zenbaitetan lurralde jakin batzuk kanpoan edo barnean uzteak sorrarazten ditu oztopoak, alde bakoitza bere interesen araberako eskaria egingo baitu. Beste zenbaitetan plebiszitoan erabili beharreko biztanle errolda da arazoa, Maroko eta Mendebaldeko Sahararen arteko auzian gertatu den bezala.

Halaber, herritarrei galdetu behar zaiena zehaztea da autodeterminazio prozesu guztietako atalik korapilatsuena. Teoria mailan edozein hautabide zilegi bada, kontsultak aukera guztiak bildu beharko lituzke, bereizketa edota Estatuari lotuta segitzea, besteak beste. Historian ikus dezakegu, ordea, hautabidea bi terminoren artean egitera bultzatu dela, hala nola, bereizketa bai ala ez, eransketa bai ala ez, etab.

Bestalde, estatu subiranotasuna ahultzen joan den heinean, autodeterminazioa batbatean egin beharreko prozesu gisa lausotu da. Autodeterminazioaren inguruko egungo kontzeptuek diote herria gutxinaka eta etengabe ari dela Subiranotasunaz baliatzen, zatika eta aldika ari dela autodeterminatzen, alegia.Historia politikoaren azken aldia kontuan hartzen badugu, ikusiko dugu izatezko bidetik gauzatu direla autodeterminazio prozesu gehienak, nazioarteko araudi juridiko guztietatik kanpo. Are gehiago, gaur egun ez da nazioarteko berme juridikorik herrien autodeterminazio eskubidea babesten duenik.

Hala ere, Sobietar Batasuna eta Jugoslavia desegitea, Txekoslovakiaren zatiketa eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa Bonneko konstituzioari atxikitzea lagungarri suertatu dira hainbat puntu argi uzteko:• Autodeterminazio eskubidea ez dago lotuta deskolonizazio prozesuarekin soilik.

• Estatuen osotasunaren printzipioa nabaria bada ere, nazioartean ez da hartzen printzipio absolututzat.

• Autodeterminazio eskubidea barnetik arautzeak eskubideaz baliatzea errazten du, nahiz eta azken batean bideratze konstituzionala ez errespetatu eta izatezko bideak hartu.

• Ez dago bitarteko edo tresna bakarra; kasu bakoitzak berea behar du: herri kontsulta, hauteskunde arruntak, erakunde interesdunen erabakia, etab.Autodeterminazio prozesuetan gauza bitxiak ere gertatzen dira. Esate baterako, baldintzapeko autodeterminazio prozesua da Quebeceko kasua, Kanadako Epaitegi Gorenak baldintza ezarri baitu: herritarren itzal handiko gehiengoak Kanadatik bereiztea onartuko balu, Kanadarekin negoziatu beharko luke Quebecek banantzea. Horrelako mugak barne zuzenbidearen arautzean dute sorburua.

Quebecen behin baino gehiagotan egindako plebiszitoek uko egin diote Kanadatik bereizteari. Datu horrek argi uzten du autodeterminazioa behin erabilitakoan ez dela agortzen, borondate demokratikoaren adierazle den neurrian. Herriaren erabakiak ez dira aldaezinak eta zatigarriak, eta, ondorioz, plebiszitoak errepika daitezke, herritar guztiek beren borondatea ez baitute zertan adierazi aldi bakar batean.

Bukatzeko, esan beharra dago autodeterminazio eskubidearen etorkizunari dagokionez bi joera ikus daitezkeela. Lehendabizikoak eskubidearen barne esparrua indartu egiten du, hots, autogobernua, batez ere eskubidea existitzen ez den lekuetan.

Bigarren joeraren eraginez, autodeterminazioaren mekanismoa indarberritu egiten da estatuz gaindiko erakundeetan parte hartzen ari diren Nazio Estatuetan.

Estatuz gaindiko erakunde horiek, Estatuek ez bezala, herritarren onarpenaz eraikitako erkidego politiko jakinetan oinarritzen dira, azken batean.