Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Gobernu motak: presidentzialismoa, parlamentarismoa

Iturria: Arend Lijphart, Las democracias contemporáneas, Ariel, 1987, 101. orr.<br><br>

 

Kontzeptua: estatu motak eta gobernu motak

Zertaz ari gara sistema politiko presidentzialistak, parlamentaristak edo, neurri batean mistoak direnak aipatzen ditugunean? “Gobernu motaz” ari gara, aipatutako guztiak demokrazia liberaletan baitaude.

Estatu motak eta gobernu motak ez dira, hala ere, kontu bera; demokrazia konstituzionaletan, gobernu mota osatzen duten elementuak hiru dira, hala nola Konstituzioan jasotako botereak banatzeko modua, botereon titularitatea, eta botereok erabiltzeko modua; gobernu mota hauek, ohiko botere banaketatik abiatzendira, Montesquieuk egin zuen hartatik alegia, botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereiziz.

Nolako harremana duten elkarrekin botere hauek, nolako eginkizunak, eta nola hautatzen diren, “sistema politiko” edo “gobernu forma” desberdinak sortuko dira: presidentzialismoa, parlamentarismoa, eta erdipresidentzialismoa.

“Estatu formaren” ideia, berriz, zabalagoa da; agintearen titularitatea noren eskutan dagoen adierazten du, eta bide batez nola egituratzen den estatua, eta nola banatzen den boterea; horiez gainera, herriaren, lurraldearen eta subiranotasunaren arteko harremana ere hartzen du baitan. Ideia honi jarraiki, estatu absolutistak edo liberalak izango ditugu, demokratikoak edo autokratikoak, zentralizatuak edo boterearen lurralde banaketa antolatu dutenak.

 

Sistema politikoak, gobernu motaren arabera

Estatuaren botereak hirutan banatu ohi dira: • Botere legegilea: herritarren sufragioz hautatutako biltzarra; bere eginkizun nagusia arau orokorrak (legeak) prestatzea da.

• Botere betearazlea: gobernua da, eta legegileak onartutako legeen edukia gauzatzeko eginkizuna du.

• Botere judiziala: herriaren ordezkariek onartutako legea betetzen dela zaindu behar du, eta hiritar guztiei modu berean aplikatu behar zaie.

Sistema demokratiko liberaletan, edonola ere, botere banaketa egiazko kontua delarik, Konstituzioek arautzen dute hiru botereen arteko eginkizunen banaketa; izan ere, Konstituzioak estatuaren funtsezko arauak dira, eta haiek zehazten dituzte botereen arteko harremanak, elkarren gainean izango diren kontrolak, eta botere horietara heltzeko moduak. Sistema politiko edo gobernu motei dagokienez, botere legegilearen eta betearazlearen arteko harremanak adierazten digu zein eredutan gauden; oro har, hiru gobernu mota nagusi ditugu: • Presidentzialismoa: botere betearazlea da nagusia, eta ez du legegilearekiko loturarik; hau da, ez dago legegilearen kontrolpean.

• Parlamentarismoa: parlamentua da elementu nagusia, berau baita herriaren subiranotasunaren ordezkari gorena; botere betearazlea legegilearen erabaki batez sortuko da, parlamentuan ordezkatutako gehiengoen arabera betiere; beraz, betearazleak ordezkaritza ganbera honi eman beharko dizkio kontuak, are gehiago, parlamentuak botere betearazlean diren pertsonak alda ditzake, haiengan jarritako konfiantza galduz gero.

• Erdipresidentzialismoa: funtsean sistema presidentzialista da, baina betearazlearen nagusitasuna apaldu egiten da neurri batean, parlamentarismoari dagozkion hainbat elementu erantsiz; hala, botere legegileak nolabaiteko kontrola izan dezake betearazlearen gainean; eta betearazle honek bi konfiantzari erantzun beharko die: estatuburuak eskainiari batetik, eta parlamentuak eskainiari bestetik.

Dena dela, ereduen arteko aldeak ondoen ikusteko modua adibide paradigmatikoetara jotzea da; izan ere, paradigma hauek eragin sakona izan dute beste herrialdeetan, sistema bat aukeratzeko unean. Eta gainera egiazko lekuko hauexetan antzemango ditugu azaltzen ari garen ezaugarriak.Frantziako Batzar Nazionalaren egoitza.<br><br>

 

Sistema presidentzialista: Ameriketako Estatu Batuak

Sistema honen oinarrian “botere bereizketaren printzipioa” dago, zorrotz-zorrotz aplikatuta egon ere; botere hauek, hiruki baten hiru aldeen antzera ikus ditzakegu:• Presidentea, botere betearazlearen buru.

• Kongresua, Ordezkarien Ganberaz zein Senatuaz, botere legegilea osatzen duena.

• Auzitegi Gorena, Justizia administraziorako agintaritza nagusia bera.Esan dugun bezala, betearazlearen eta legegilearen arteko harremana erabakigarria da, sistema politiko bat presidentzialista, erdipresidentzialista edo parlamentarioa den esateko.

Estatu Batuetako kasuan, botere hauek erabat independente dira elkarrekiko; hau da, presidenteak ez du Kongresuarekiko loturarik, ezta alderantziz ere. Independentzia honen iturri nagusia herriaren legezkotasuna zuzena da, biak aukeratzen baititu herriak, kasu bakoitzari dagozkion hauteskundeetan, ezen presidentziarako izaten dira batzuk, eta Kongresuko ganberetarako beste batzuk.

“Bateraezintasun” printzipio zorrotza ere bada, eta honen indarrez, parlamentario bat ezin da botere betearazleko kide izan, ezta alderantziz ere.Adierazi dugun bezala, botereen arteko independentzia erabatekoa baldin bada, nola ordea lortu botereen arteko kooperazioa, gobernu sistemaren funtzionamendu egokirako? Erantzuna garbia da: botereen arteko independentzia ez da esan dugun bezain erabatekoa, are gehiago, hainbat kasutan badira harremanak botereen artean, eta egiaz esan dezakegu “botere koordinazioan” oinarritutako sistema bat dela (Stammen), ez botere bereizketan oinarritua; halaz, puntu batzuetan “gurutzatu” egiten dira botereak, puntu hauek aurrez zehaztuta daude, eta puntu hauetan, botereen jarduerak balio konstituzionala lortuko badu, ezinbestekoa da botereen arteko koordinazioa.

Aurreko guztia azaltzearren, hona hemen Estatu Batuetako sistema presidentzialistaren bi organo nagusien eskumenak, labur bada ere:• Presidentea Lau urtean behin hautatzen dute, zeharkako sistema batez; sistema honetan, hiritarrek konpromisario talde bat hautatzen dute, eta hauek izango dira, azken batean, presidentea hautatuko dutenak. Konpromisario edo “hautesle presidentzial nagusiek” ezin dute bere botoa aldatu, eta hala, hautaketa bi aldetan egite hori sinbolo hutsa da.

F.D. Roosevelt-en lau agintaldien ondoren, emendakin bat sartu zuten Konstituzioan, eta honen arabera, presidenteak segidako bi agintalditan izan dezake kargua, ez gehiagotan.

Ameriketako Estatu Batuetako Errepublikaren estatuburua presidentea da, eta beronen eskutan dira estatuburu ororen forma eta errepresentazio botereak; gainera, gobernu federalaren buruzagi gorena da, eta erabateko ahalmena du botere betearazlea erabiltzeko.Botere legegilearen eta betearazlearen independentzia hori dela eta, Kongresuak ezin du presidentea kargutik kendu, zentsura mozio batez; nolanahi ere badago kargugabetzeko prozedura bat, “impeachment” deitua hain zuzen, delitu edo traizio kasuren bat izan denean aplikatzeko.

Alabaina, botere bereizketa hori izan arren, Estatu Batuetako presidentearentzat oso garrantzitsua da Kongresua bere alde izatea. Sartorik dioenez, “zenbat eta bereziago egon botere egitura, hainbat eta beharrezkoagoa da gobernu ‘batu’ bat, hots, gehiengo bera izatea Betearazlean eta Kongresuan”.

1954 arte, printzipio orokorra izan zen botere bi horietan gehiengo bera izatea, baina harrezkero, kontrako joera nagusitu da, alderdi bateko presidenteak eta aurkako alderdiko kongresuak hautatzea alegia.

Alde horrek ohiko jarduera politikoan duen eraginaren inguruan, iritzi guztiak ez datoz inondik ere bat; batzuen ustez, azken urteotan ikusi ahal izan da legegintza ez dela batere gerarazi, Etxe Zurian eta Kongresuan joera desberdinak izan arren; beste batzuek diotenez, berriz, kontuan hartu behar da negoziazio prozesua desberdina dela egoitza bi horietako joerak bat ez datozenean, eta lege bolumenaz gainera, aztertu egin behar dela argitara atera gabe geratu den proiektu multzoa ere.Presidenteak, bere eginkizunetan, “Kabinete” bat izaten du laguntzeko; kabineteko kideak “idazkariak” dira. Dena dela, ezin zaie gobernu parlamentarioetako ministroen maila atxiki, zeren eta ez dute erantzukizun politikorik parlamentuaren aurrean, baizik eta bakar-bakarrik presidentearen aurrean; honek izendatzen eta kargugabetzen ditu, askatasun osoz. Presidenteordearen irudiak aipamen berezia behar du: presidentearekin batera hautatzen dute, epe bererako, eta politikoki bigarren mailako kargua du. Hala eta guztiz ere, presidenteari zerbait gertatuz gero, honen tokia hartuko du lehen unetik beretik. Kargu honen eginkizun nagusietako bat Senatuko saioak zuzentzea da; lehen aipatu dugun “bateraezintasun” printzipioa hausten ari dela dirudi, baina egiaz, “botere gurutzatze” bat besterik ez da, lehen aipatu dugun horietakoa hain zuzen.• Kongresua Estatu Batuetako parlamentuari ematen zaion izena. Ganbera biko parlamentua da, elementu hauez osatua: – Senatua edo Goi Ganbera: honetan ordezkatuta daude federazioko estatuak, berdintasunez, neurri edo biztanleria aldeak kontuan hartzeke; bakoitzak bi senadore ditu.

Estatu federatuek beren Biltzarretan hautatzen zituzten, lehen, senadore hauek; gaur egun ordea, kasuan kasuko estatuko hiritarrek hautatzen dituzte, sei urterako; herenka berritzen da ganbera, bi urtean behin; prozedura honen xedea zera da, Senatuaren lanetan etenik ez eragitea.

– Ordezkarien Ganbera, edo Behe Ganbera: laurehun eta berrogeita hamar ordezkari edo diputatu dira, hiritarrek zuzenean hautatuak, neurri berdin samarreko hauteskunde barrutietan. Bi urteko agintaldia dute, eta denbora gutxi izanik, Ganbera honen pisu politikoa Senatuarena baino txikiagoa da.

Kongresua nagusiki legegintzan aritzen da, eta eginkizun honetan, eskubide berberak dituzte Ganbera biek.

Dena den, azpimarratu behar da Estatu Batuetako Konstituzioak “legegintzarakoekimena” kongresu kideen eskutan jartzen duela, ez beste inorenetan; hau da, lege proposamenak Ganberetan egiten dituzte.

Eta botere betearazleak ez du horrelako ekimen ahalmenik.

Orduan, nola bideratzen ditu Administrazioak bere ekimen politikoak, lege izaera eman nahi dienean? Estatu Batuetako Konstituzioak ezartzen duenez, Ganbera da legeen iturria, eta halatan, gobernuak zeharka aurkeztu behar ditu bere proiektuak, parlamentario baten bidez hain justu.

Azaletik ikusiz, badirudi botere bereizketa zorrotz baten aurrean gaudela; oso bestela, botereen arteko ukipen gune bat ikusten ari gara, eta Kongresua zeharo independente ageri bada ere Administrazioaren eraginaren aurrean, bien arteko harremanak etengabea izan behar du, ezinbestez, ideologia berekoen artean nagusiki.

Ganberetako batzordeak eta azpibatzordeak ere elementu aipagarria dira; haiexek egiten dute parlamentuaren lan handiena, osoko bilkuretan onartuko diren legeak prestatuz; dena dela, hauen ahalmen nagusia “ikerkuntza batzordeak” eratzea da, zeren eta edozein pertsonari deitu eta itaunketa egin baitiezaiokete, baita funtzionarioei eta gobernuko kideei ere; ahalmen handiak dituzte, auzitegien ahalmenen pare samarrekoak hain zuzen. Ikertzeko gaitasun honen indarrez, oso garrantzi politiko handikoak dira.

Beste hainbat ukipen gune ere bada botere legegilearen eta betearazlearen artean: Senatuak nazioarteko hitzarmenak onartzeko duen eskumena (presidentearen boterea murrizten du nolabait, oso esparru aipagarrian gainera, Estatu Batuetan garrantzi itzela baitu kanpo politikak), edota Senatuaren esku hartzeko eskubidea enbaxadoreak, goi funtzionarioak eta Auzitegi Goreneko kideak izendatzeko, arlo honetan ere presidentearen boterea murriztuz.

Osterantzean, presidenteak parte izan dezake legegintza prozesuan, beto eskubideaz gainera Kongresuan onartutako legeen kontra; nolanahi ere, betoa gainditzeko modu bat bada, Ganberek atzera onartzea kasuan kasuko araua edo legea, bi hereneko gehiengoaz.Sistema presidentzialista nagusiari buruzko azalpen honen amaieran, Estatu Batuetako bi alderdi politikoez hitz egin behar da ezinbestez: Beste herrialde batzuetan bezala, Erresuma Batuan esaterako, alderdi biko sistema dago, alderdi errepublikarra baita bata (kontserbadorea) eta alderdi demokrata bestea (liberalagoa). Alderdi hauetan ideologiak ez du halako pisu handirik, eta dagoeneko zenbaitek hartu izan ditu “hauteskunde makinatzat”, zeren eta hautatzen diren karguetan alderdiko kideak sartzea baitute eginkizun nagusitzat.

Alderdi hauek ez dute europarren antolaketa batasun hori, eta ez dute europarretan arau den barne diziplina zorrotzik; halaz, teorian presidentea izan arren alderdiaren buru, errealitateak oso bestelako kasuak eskaintzen dizkigu; izan ere, presidenteak ez du bere alderdikideen erabateko kontrola lortzen ganberetan, eta zenbaitetan, alderdi berekoak izan arren, presidentearen proposamen edo interesen kontrako botoak izaten dira.

Alderdietako hautagaiak izendatzeko modua ere berezi samarra da: “primarioak” izaten dira, eta hauetan hautesleek ere parte hartzen dute. Hauteskundeak arautzea estatu federatuen kontua denez, batetik bestera aldeak izan daitezke: esate baterako, batean “primario” irekiak izan daitezke (hots, hautesle multzo osoak parte har dezake), eta beste batean “primario” murriztuak, bakar-bakarrik alderdi bakoitzeko kideentzat antolatuak alegia.

Azaldu dugun sistema honek, Estatu Batuetan beste inon ez du emaitza egokirik lortu; izan ere, Iberoamerikan eta Hirugarren Munduko herrialde batzuetan erabili nahi izan dute, baina emaitzak ez dira espero zituztenak izan, hau da, ez dute Estatu Batuetako ereduaren egonkortasuna lortu.

Zientzia politikoko adituen artean, eztabaida handia dago kontu honen inguruan, ezen batzuek esaten dute oso sistema baliozko eta eraginkorra dela, Estatu Batuetan lortu duen funtzionamendu luzea lekuko; eta beste batzuek, berriz, esaten dute Estatu Batuetako sistema presidentzialistak hiru ezaugarri nagusi izan dituela oinarri ongi funtzionatzeko, hala nola ideologiazko printzipiorik eza, alderdi ahul eta diziplinarik gabeak izatea, eta gai lokaletan bildutako politika. Hauen guztien bidez, oso egitura ahuleko estatua eratu da, zeharo kontrako itxura izan arren.

Esanak esan, gizarte egituraz desberdinak diren beste herrialde batzuetan sistema hau erabiltzen saiatu direnean, emaitza txarrak izan dira; batzuetan, presidenteak botere gehiegi biltzen zuelako, diktadura sortzeko bidea erraztuz; beste batzuetan, aldiz, bertako alderdiek ez dutelako lortu Estatu Batuetan direnek eskuratutako gizarte egituraketa edo estimurik.

 

Parlamentu sistema: Erresuma Batuko sistema eta beste mota batzuk

Gobernu sistema bat parlamentarioa dela esateko, hurrengo lau baldintza hauek bete behar dira: • Gobernua Parlamentuari lotuta dago, honetako gehiengoaren arabera hain zuzen.

• Ondorioz, Parlamentuko bozketa batean gobernuari konfiantza kenduz gero, gobernua desegiten da.

• Parlamentuaren ahalmen honen ordainez, gobernuak eskubidea du Parlamentua desegiteko, eta hauteskundeetarako deia egiteko.

• Gobernu alderdi diziplinatua behar da (eskuarki gobernuburuaren kontrolpean, berau baita, aldi berean, alderdiburu), betearazlearen lanaren oinarria izateko Parlamentuan.

Presidentzialismoan ez bezala, sistema honetan botereen arteko bereizketa ez da zorrotza; are gehiago, botereen arteko elkarlana da sistemaren oinarria.

Sistemaren jatorria sistema politiko britainiarraren garapenean dago; honetan, Parlamentua gero eta ahalmen handiagoa eskuratuz joan zen, erregearen boterea kontrolatzeko, eta halaz, nabarmen geratu zen lotura bat behar zela, erregeak izendatutako gobernuaren eta hautesleen ordezkaria zen Ganberaren artean; ondorioz, ministroek Ganberaren konfiantza ere lortu nahi izan zuten, eta halatan prozesu bat abiatu zen, ministroen eta Parlamentuaren arteko lotura gero eta estuagoa izateko, eta ministroak erregearen esparrutik gero eta aldenduago egoteko; azkenean, Parlamentuaren konfiantza besterik ez zuten behar.Sistema honetan, boterea “zatikatuta” dago, batean Parlamentua baita eta bestean Gobernua. Honen baitan, gobernuburua edo lehen ministroa nabarmentzen da, eta herrialde bakoitzean duen mailaren arabera, hiru multzo bereiz daitezke:• Lehen ministroa besteen gainetik dago. Hauxe da “premier” britainiarraren kasua; bere alderdiaren burua da, gobernukideak izendatzen eta kargugabetzen ditu askatasun osoz, eta oso zaila da Parlamentuak emandako aurkako botoaz “premier” hau kargutik kentzea.

• Desberdinen arteko burua da. Alemaniako kantzelariaren kasua da; beharbada ez da gobernuko alderdiaren burua, baina ministroak izendatzeko eta kentzeko ahalmena du, eta gobernuko kide batzuen kontrako zentsurak ez dakar, ezinbestez, Parlamentuak kantzelaria kentzea.

• Berdinen arteko burua da. Lehen ministro hau gobernuarekin batera kentzen dute, oso kontrol txikia du aldeko duen alderdi edo koalizioaren gainean; horrenbestez, derrigor ezartzen dizkioten ministroak ere sartu behar ditu kabinetean.

Esan bezala, sistema parlamentarioen artean Erresuma Batukoa nabarmentzen da; alderdi biko sistema bat du oinarri (Kontserbadoreak eta Liberalak lehen, orain berriz Kontserbadoreak eta Laboristak), hauteskunde barruti txikiz eratuta dago, eta gehiengoaren hauteskunde sistema erabiltzen da, hots, bakar-bakarrik irabazleak lortzen du parlamentario izatea; alderdi diziplina oso zorrotza da, izan ere norberaren taldearen kontrako botoa ematea, aurkariaren aldeko botoa ematea da.

Hauteskunde borroka bi alderdiren arteangauzatzen da (alderdi nazionalista eskoziarrak eta galesak ere izan dira, presentzia txiki-txikiaz inondik ere, alderdi liberalaren hondarrekin batera, eta azken urteotan ez dute eragin handirik lortu politikan); eta hauteskundeen emaitzaren arabera izendatzen dute Lehen ministroa, ez baitu Parlamentuak izendatzen. Lehen ministroaz osatutako sistema parlamentario hauxe izan da historian zehar sendoen iraun duena.

Alemaniako kasuan, berriz, parlamentarismoa ‘ahula’ da; izan ere, Alemaniako Errepublika Federalean gehiengoaren hauteskunde sistema ez da erabiltzen, eta ondorioz, alderdi bikotasun hori ez da gauzatu; sarritan izan dira koalizio gobernuak, bi alderdiren artean (kristaudemokratak edo sozialdemokratak liberalekin; garai batean, “koalizio handi” bat izan zen, lehenbiziko biek eta Adenauer Kantzelariak osaturik, II. Mundu Gerraren ostean Errepublika Federalaren oinarriak finkatzearren); kantzelaria ez da, ezinbestez, alderdiburua, eta gainera, Parlamentuak izendatzen du. Alabaina, Alemaniako politikan Kantzelaria irudi nagusia da, eta beraz, “lehen ministroa” duten sistemen baitan sar dezakegu, betebetean.

Dena den, Alemaniako kasuak berezitasun batzuk ditu, eta beste herrialde batzuek kopiatu egin dituzte. Hona hemen zein diren: • Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zituen sistemaren aurkako alderdiak; halaz, 1953an mugimendu neonazia galarazi zuen, eta 1956an, berriz, Alderdi Komunista; honen eraginez, urte askoan hiru alderdi nagusi izan dira, laurogeiko hamarraldian “berdeak” agertu ziren arte. Debeku honek mugatu egin zuen hauteskunde ordezkaritzaren aniztasuna, eta halaz, sistemaren egonkortasunari lagundu zion, hiru alderdiren arteko funtzionamendua bermatuz.

• %5eko muga igaro beharra; honen arabera, alderdi batek ez badu ehuneko hori eskuratzen, ez du inolako ordezkaritzarik lortzen parlamentuan.

Honela moldatu egiten da hauteskunde sistemaren proportzionaltasuna, egonkortasun politikoaren bidean betiere.

• Zentsura mozio konstruktiboa. Alemaniako Konstituzioak (Bonngo Oinarrizko Legeak) jasotako berrikuntza garrantzitsu bat da; izan ere, Kantzelari federalaren karguari sendotasun handia ematen dio, zeren eta Parlamentuak zentsura boto batez kantzelaria kendu nahi izanez gero, ordezkoaren izena ere onartu behar du. Begi bistakoa da errazagoa dela zerbaiten aurkako gehiengoa lortzea, karguan den Kantzelaria kentzeko alegia, gehiengo berria lortzea baino, bai beste kantzelari bat izendatzeko baita gobernu programa bat proposatzeko ere. Eta alemaniar konstituziogileen ideia honek lortu du, ederki asko lortu ere, egonkortasuna ematea alemaniar politikari. Mozioa behinbakarrik gauzatu ahal izan da, 1982an hain zuzen, SPDrekin koalizioan zen alderdi liberalak bat egin zuenean CDUrekin, Schmidt kantzelaria kenduz eta Khol jarriz.

 

Parlamentarismo asanblearioa.

Parlamentarismoaren azken bidea “parlamentarismo asanblearioa” da; honetan, Parlamentuaren subiranotasuna beste inon baino sendoagoa da, hau da, sistema parlamentariorik garbiena da. Arazo latz bat badu, ordea, zeren eta ezegonkortasuna kronikoa baita; izan ere, Parlamentuak kontrolatzen du guztia, eta ez dago Lehen Ministroaren posizioa sendotzeko inolako mekanismorik; horrenbestez, boterea oso sakabanatuta ageri da, botere betearazleak arazo handiak ditu politika zehatz bat aurrera ateratzeko, koalizioak oso aldakorrak eta ezegonkorrak dira, eta alderdi diziplina ere eskasa izan ohi da.

Ezegonkortasun honen eraginez, zaila da gaur egun horrelako sistemarik aurkitzea; historiara jo behar ezinbestez, azaldu dugunaren ale bat aurkitzearren Frantziako Hirugarren Errepublikan.

Gaur egun, Italia izan daiteke sistema honen antzekoena; alabaina, “partitokraziaren” (alderdien boterearen) bidez, funtzionamenduaren alderdirik okerrekoenak bideratu dituzte nolabait. II. Mundu Gerra amaitu zenetik, gobernuen ezegonkortasuna betiko kontua da Italian. Hala eta guztiz ere, 1948az geroztik eta duela oso urte gutxi arte, demokrazia kristaua elementu finkoa izan da gobernuetan; beraz, ‘itxurazko’ ezegonkortasunak ez du politika desberdinen arteko jauzirik ekarri.

 

Erdipresidentzialismoa: Frantziako V. Errepublika

1958ko Konstituzio frantziarrak sistema politiko bat diseinatu zuen, eta honi erdipresidentzialismo deitu izan zaio; bide batez, botere banaketaren mota hau imitatu duten erregimen politikoei ere izen bera eman zaie.

Sistema hau, Frantziaren historiaren oso une berezian eratu zuten (Aljeriako gerra, ia-ia parlamentarismo hutsa zen erregimenak eragindako ezegonkortasun politikoa, militarrek politikan parte hartzea, etab.); De Gaulle jeneralaren neurrira egin zuten, harexen esku utzi baitzuten herrialdearen egoera bideratzeko lana. Zenbaiten iritziz, sistema honek sistema presidentzialistaren eta parlamentarismoaren alderik egokienak hartu nahi ditu, bakoitzaren alderik kaltegarrienak, berriz, baztertuz.

Errepublikako Presidentea eta Gobernuko Presidentea daude sistema honetan; lehenak egiazko eginkizun betearazleak ditu, hau da, parlamentarismoko estatuburuaren iruditik nahiko urrun dago; bigarrenak, berriz, Parlamentuaren zentsura politikoa izan dezake.

Errepublikako Presidentea sufragio unibertsalaz hautatzen dute, bi itzulitan, eta zazpi urteko eperako; epe luzea inondik ere, ongi adierazten duena Presidentziak nolako garrantzia duen frantziar politikan. Bi itzuliko sisteman, lehenbizikoan inork ez badu gehiengo absoluturik lortzen bigarren buelta egin behar da, lehenean boto kopuru handiena jasotako bi hautagaien artean.

Hautatze prozesu honetan, sistema presidentzialisten ezaugarrietako bat ikusten dugu, hau da, estatuburua egiazko botere politiko baten jabe da, herriaren sufragioak eman baitio legezkotasuna zuzen-zuzenean, ez beste organoren batek, parlamentuak esaterako.

Presidenteak hautatzen du Lehen Ministroa, baina honek Errepublikaren Biltzarraren (Behe Ganberaren) konfiantza behar du; beraz, Ganberan nagusi den gehiengoarekin bat egin behar du Presidenteak hautaketa.

Hauxe dugu, hain zuzen ere, Presidentearen boterearen muga bat, parlamentarismorako hurbiltze bat alegia.

Presidenteak ez dio Parlamentuari kontu politikorik azaldu behar; erreferenduma erabil dezake, zenbait gauza onartzeko, eta hala, lotura zuzen moduko bat ezartzen da estatuburuaren eta hiritarren artean; ostean, Asanblada Nazionala desegin dezake, eta kanpo eta defentsa politika zuzendu.

Esandakoaz gainera, Konstituzioan “lege erreserba” sartu zuten; honek mugatu egiten du botere legegileak har dezakeen esparrua, hots, ganberek beren legegintzan uki ditzaketen gaiak. Beste gai guztiak betearazlearen eskumenekoak dira, eta honen posizioa zeharo indartsua da, Legegilearena askoz ahulagoa den bitartean.Antolaketa modu honetan, historian zehar Errepublikako Presidentea izan da elementu nagusia (kargu honetan aritu dira frantziar buruzagi politiko gorenak); estatuburuaren karguak, berriz, bat egin izan du Behe Ganberan ordezkatutako gehiengoarekin.

Eta urteetan zehar ikusi den bezala, Presidentea da botere betearazlearen egiazko jabea, frantziar gobernuaren bultzatzaile nagusia, eta Errepublikaren instituzio gorena.

Kontuak kontu, 1986an gertaera berezi bat izan zen; François Mitterrand sozialista zen Presidentea, eta hauteskundeak eginik eskuindarrak nagusitu ziren, Chirac buru zutela; esperimentu berri baten hasiera zen, “kohabitazio” deitu den horrena hain justu.

Une horretatik aurrera, eta hasieran aipatu dugun kargu bikoiztasun hori agerian utziz, Presidenteak eta gobernuak elkarri moldatu egin behar izan zuten: lehenak baztertu egin zuen gobernuaren politikan buruzagi nagusia izateko aukera, eta bigarrenak, berriz, politika hori bideratu behar izan zuen, parlamentuan zen gehiengoaren arabera.

Egoera zaila zen, baina hala eta guztiz ere, frantziar administrazioa ez zen etenda geratu; Errepublikako Presidentearen agintaldia amaitu zenean, atzera hautatu zuten, eta, orduan, Ganbera desegiteko eskubideaz baliatu, hauteskundeak deitu zituen, eta bere aldeko gehiengoa lortu zuen; 1993 arte mantendu zen egoera hori, eta urte horretan, eskuindarrek berriro irabazi zituztelarik hauteskundeak, beste “kohabitazio” aldi bat hasi zen.

Edonola ere, badirudi frantsesen gustuko esperientzia dela, zeren eta oraintxe bertan eskuineko indarren laguntzaz hautatutako Errepublikako Presidentea baitute, Chirac hain zuzen, Jospinen gobernua aurkaria duen bitartean, sozialista baita; berriro ere, nabarmen geratu da botere betearazlearen bikoiztasuna.