Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Antzinako Errejimena

Karlomagnoren hilobiko zilarrezko panela. Aacheneko katedrala (1207).<br><br>

 

Sarrera

Feudalismoaren oinarria nekazaritzaren inguruko ekonomia eta toki mailako autonomia dira; botere gune nagusia nobleen aristokrazia da. Jauntxoek erregearekiko loturak dituzte, basailu gisa, eta duten botere nagusiaren iturria erregeari berari ematen dioten laguntza militarrean datza.

Labur esanda, gizarte feudala osatzen zuten estamentuak elkarren artean desberdinak ziren lege mailan. Estamentu hauetan nagusia noblezia zen, berak baitzituen botere ekonomikoa, militarra eta politikoa. Biztanle gehien-gehienak nekazaritzaren eta jaun feudalen boterearen mendean ziren, hirietakoak eta elizgizonak izan ezik. Botere politikoa, edonola ere, lausoa zen, poliarkikoa, eta gizarte estratifikazioa botere politikoaren egituraren ondorioa zen batez ere.

Hasiera batean, XV. mendearen amaieraz geroztik, Monarkia absolutua izango da gizarte feudal autarkiko, estamental, poliarkiko eta nekazaritzan oinarritu hartatik aurrerapausoa egiteko eragilea. Deszentralizazioaz, burokratizazioaz, eta lurralde, lege eta ekonomi mailako batasunaz, estatu modernoaren eta gizarte nazional, kapitalista eta klasistaren ezaugarri oinarrizkoak itxuratuko dira.

 

Monarkia eta feudalismoa Joputasuna Erdi Aroan

Feudalismoa izan zen Europa mendebaleko zati handi batean nagusi izandako errejimen politiko eta soziala, hainbat mendetan zehar, batez ere X.etik XIII.era bitartean; beste kultura batzuetan ere izan dira feudalismo aldiak, japoniarrean esate baterako.

Feudalismoan, gizon batek bere burua “beste baten eskutan” uzten zuen, eta haren babesa eskatzen zuen, esklabo bihurtzeke ordea; praktika honek, eta praktika honen arrakastak, bazituzten halako aurrekari batzuk erromatarren munduan eta germaniarrean.

Ahula indartsuaren zerbitzupean jartzen da; batzuetan bere ondasunen jabetza eskainiko dio, eta gero usufruktuan jasoko ditu atzera, eta horrela boteretsuarengandik lortzen du babes eta mantenurako konpromisoa.Garai batean bazen zeremonia-erritu bat, bi gizonen artean zertua; biak gizarte maila nagusikoak izanik, bata belauniko jartzen zen bestearen aurrean, eta une horretan jauntzat hartzen zuen. Bere borondatez jaunaren basailu izango zen aurrerantzean. Basailuak fideltasuna agintzen zion jaunari. Eta halaz gizonezko biak, bizi artean, elkarri loturik eta elkarrenganako hainbat betekizunez geratuko ziren: betekizun hauetako garrantzitsuena elkarri inolaz ere kalterik ez egitea zen, zeren eta basailutza loturaren helburu nagusietako bat elkarri ez erasotzeko kontratua finkatzea baitzen, eta bide batez elkarri laguntza eta aholkua eskaintzea; hau da, laguntza materiala emango zioten elkarri, armen bidez batez ere.

“Laguntasun” honetatik ondorioztatzen ziren betekizunak zeharo ohorezkoak ziren bientzat, baina basailua estuago lotzen zuten, betekizun horiek zerbitzu bihurtzen baitziren harentzat, eta zerbitzu horren ordez jasotzen zuen jaunak eskainitako feudo edo ondasuna. Alabaina, oso-oso gutxitan ematen zion jaunak ondasunen gaineko jabetza; ohikoena edukitze hutsa baitzen, zentsu edo zama orotatik libre inondik ere.

Jabetzak eskainitako fruitu guztiak basailuak biltzen zituen, horiexek baitziren fideltasunaren ordaina. Baina aldi baterako lagapena zen, sortutako eta omenaldi haren bidez berretsitako laguntasun lotura etetean amaitzen zena beraz; etete hori kontratugileetako bat hiltzean, edota bietako baten “traizioagatik”, hots, betekizunak ez betetzeagatik, gerta zitekeen.

Berandu baino lehen sartu zuten elementu zuzentzaile bat: odol eta klan bidezko lotura, horrek bidea ematen baitzuen harreman pertsonal honetan semea izateko aitaren ordezkoa.

Halaber, jaun feudal batzuek hainbat feudo biltzen zutelarik, zenbait arazo izaten zuten betekizun guztiei behar bezala erantzuteko. Pitinka-pitinka, lotura ekonomikoa nagusitu zitzaion afektiboari, eta omenaldia formaltasun hutsa izan zen aurrerantzean, ekitaldia egiteagatik beste ezergatik burutzen ez zena, onura bat ziurtatzeko eta jaunaren eta basailuaren arteko harremanak finkatzeko asmo bakarraz hain zuzen.

Feudo-basailu mailako harreman hauen garapenak egitura ekonomiko, sozial eta politiko zehatz batzuetan zituen oinarria; landa zibilizazio batean hain zuzen, aberastasun behinena lurra zuena, honexetatik sortzen baitziren onura guztiak; izan ere, gizarte honetan diruak ez zuen mugimendu handirik. Testuinguru honetan, lurrak ematea zen fideltasuna ordaintzeko modurik egokiena. Gainera, feudo-basailu mailako instituzioak, eta hauek izan zuten bilakaera, oso ongi egokitzen zitzaizkion famili loturen indar handiaz egituratutako gizarteari.

Famili komunitatearen baitan berez finkatzen ziren harremanak eredua ziren, inondik ere, omenaldia eragiten zuten harremanentzat; azken batean, omenaldiak halako filiazio artifizial bat ezartzen zuen jaunaren eta basailuaren artean.

Ahaidetasun maila osagarri baten antzekoa zen basailutza. Gainera, monarkiaren boterea galtzen ari zen mundu batean agertu zen gizarte feudala, eta tokian tokiko dinastiak berez ari ziren estatu txiki pila bat sortzen, eta elkarren arteko borrokak maiz gertatzen ziren. Elizak berak ere ezagutu zuen feudalizazio prozesu hau.

Gerratik itzulitako jaunak apezpiku izenda zitzaketen, karguari zegozkion eskubide eta betekizunez, eta era berean, apezpikuek eta beste eliz agintari batzuek bazituzten jaunen eskubide tradizionalak, militarrak barne; honen erakusgarri, zenbaitetan bere armadaren aurrean armak hartu izana.IX-X. mendeetako landa munduan baziren lurralde handiak, esklaboak hartuz, nekazari libreen lanaz baliatuz eta bi gizarte maila hauetako produktoreei hainbat nekazaritza-zerbitzu galdatuz ustiatzen zituztenak, jabe gutxi batzuen probetxurako.

Edonola ere, jabetza indibiduala ere bazen.

Halaz, Goiz Erdi Aroko nekazaritza munduan, neurri batean elkarren aurkako ziren bi errealitate nabarmentzen ziren: jaunaren hiribildua batetik, eta herrixka bestetik.

Nekazarien gizarte osoan pertsona zein lurralde mendekotasuna oso hedatutako kontua zen, baina hala eta guztiz ere, lurrak erabiltzeko eginkizunean gizabanako berdinak elkartzen zituzten basailutza bezalako harremanak elite txiki baten pribilejioa izan ziren beti. Horrela gizarte talde berri bat eratuz joan zen, zalduneria hain zuzen. Gerra espezialista hauek ez zuten inolako betekizunik, aginpide politikoa zutenei arma-zerbitzua eta aholkularitza eskaintzea izan ezik. Obedientzia arauak betetzen zituzten, inondik ere ez ordea nagusi baten mendean baleude bezala, baizik eta “goi mailakotzat” hartutako kide bat balute bezala, hau da, basailutza kontratutik zeharo bestelako harremana zuten.

Eta 1000. urtearen inguruan, gizartea hiru ordenatan bereizten hasi zen: langileak ziren batetik, eliz gizonak bestetik, eta militarrak azkenik. Basailutza eta feudoa ziren militarrak herriko buruzagien inguruan biltzeko, militarren beren gehiegikeriak bridatzeko, eta bide batez leialtasun, ohore eta zin egindako fedeari begirunea izateko arau etikoak ezartzeko modu bakarra.

Beraz, feudalismoaren agerpenean oinarri izandako sistemak lurjabe gutxi batzuei eskaintzen zizkien produkzio jardueraren soberakin gehienak. Basailutza eta feudoa Goiz Erdi Aroan garatutako patronatu harremanetatik heldu ziren; ez baitzegoen halako maila bateko familiarik, bere babestuen fideltasuna jasotzen ez zuenik.

Bide batez, familiaren dohaintzez mantentzen ziren babestuak. Estatuak indarra hartu behar izan zuenean, beretzat moldatu eta instituzionalizatu zituen harreman hauek, eta VIII. mendean, subirano karolingiarrek basailutza erabili zuten, noble eta aristokratak are menderago eta estuago hartzeko.

Karlomagno-k gobernu forma bihurtu zuen basailutza, eta frankoen aristokrazia handiaz bere inguruan basailu-sare trinko bat eratzen ahalegindu zen. 802. urtean, erresumako fededun guztiek fideltasun zina egin zezaten saiatu zen; zuzen-zuzenean galdatu zien bere basailuei, eta zeharka basailuen basailuei. Erregearen zuzeneko basailuen eta haien basailuen arteko bereizketak harreman zuzena zuen bakoitzaren ondasun materialen neurriarekin.Gizabanako guztiak bere jaunaren manupeko izateko ahalegin horretan, aipatutako sarea piramide baten antzera antolatu behar zen, goian enperadorea bera zelarik; egitura horixe izango zen Estatuaren armazoia, eta basailuek, bakoitzak bere mailan inondik ere, oinarrizko eginkizun publikoak beteko zituzten, hala nola administraziokoak, judizialak eta militarrak. Begibistako utopia gertatu zen, inperioaren neurri geografikoa gehiegizkoa zelako hain justu.

Karlomagno bera artean bizirik zela hasi zen sistema hondatzen, gizarte egituraren ahulezia, ekonomi antolaketa, eta komunikazio, garraio eta garai hartako pentsamoldeagatik; eta hondatze honek Karlomagno-ren ondorengoekin jarraitu zuen, hauen elkarren arteko borrokak zirela-eta batetik, eta sarrazeno, hungariar eta normandoen erasoaldi eta inbasioengatik bestetik, abian zen prozesua zeharo larriagotubaitzuten, ordu arte sekula ezagutu gabeko segurtasun falta eraginez.

Batzuetan, basailuek lurraren jabetza ere eskuratzen zuten erregeengandik, ondasunez gozatzeko aukeratik urrunago helduz. Eta saritzat zituzten kargu publikoak eta zerga-lurrak ere bereganatzen hasi ziren. Ohiturak zioenez, semeak hartu behar zuen aitak utzitako tokia ondasunen gozamenean, eta baita kargu publikoetan beretan ere.

Karlomagno-ren inperioa ondorengoen artean banatu zutenean, praktika hori finkatzea lortu zuten basailu nagusiek, izen ofizialtzat Quiercyko Kapitularra (877) emanik. Gauzak horrela, azken errege karolinjiarrek oso zati txikia mantendu ahal izan zuten erregearekiko manupekotasun pertsonalez osatutako piramidean, lurralde aristokrazia militarraren mailarik gorena besterik ez, dagoeneko egituraren oinarria hautsirik zegoen eta.

Beraz, zutik iraun zuen bakarra patronatuaren egitura zaharra izan zen. Zerga salbuespena eta judiziala, inmunitatea alegia, erabakigarriak izan ziren gizarte aldaketa honetan. Berant Inperioan, bakar-bakarrik enperadorea eta senatuko aristokrazia sartzen ziren inmunitatean, baina merovinjiarren eta karolinjiarren garaian, inmunitatea zuzen-zuzenean heltzen zen jaunaren lurraldeetara. Eta inmunitate hauxe dugu errejimen feudalak oinarritzat hartu zuena.

Kondeak edo markesak ezin ziren apezpikuaren edo monasterio inmuneen lurretan sartu (erlijio erakundeak izan ziren inmunitate honetan onura handienak ateratakoen artean), eta era berean, ezta aberatsak izateaz gain ahaltsuak ere baziren nobleen manupeko inguruetan ere, hauek usadioaren eta nekazariak armen bidez babesteko ahalmenaren indarra baitzuten.

Beraz, honako gizarte eredu hau ari zen itxuratzen: partikularrek edo taldeek erabilitako eskubide nahaspila bat, sarritan elkarren arteko borrokan, eta beti ohitura edo usadioan oinarriturik; baina ahozko usadioa izanik, zeharo labain, arbitrarioa gertatzen da, indar harreman hutsen mendean azkenean.Monarkiaren boterea ahultzean, nekazariak jaunen esplotazioaren pean geratu ziren erabat, eta langile hauei izugarrizko diziplina zorrotza ezarri zieten, jaurerriaren baitan.

Diziplina zorrotz hori ezartzen zuenak berak ateratzen zituen, gainera, onurarik handienak bertatik. Gudarien aristokraziak, berriz, ihes egin zion kontrol ahalegin orori, eta nolabait basailu-konpainiak elkartuz antolatu zen. Omenaldiak aukera eman zuen zaldunak tokian tokiko buruzagien agindupean jartzeko, eta zaldunen ekintza militarrak gotorleku bakoitzaren ingurura mugatzeko; eta halatan, oreka suerte bat finkatu zen, hauskorra izan arren, gazteluetako jaunen artean, elkarri eraso egingo ez zioten berme moduko bat. Horrela, monarkiak desegiten ari ziren bitartean, feudalismoak ordena bat mantentzen zuen gizartean, nahiz eta ordena akastuna izan zeharo: finkatzen ziren loturak ahulegiak ziren, unean uneko interesek eraginak, eta jarraitasunik gabeak, ezin bestela izan; honi guztiari omenaldiak asko eta asko zirela erantsiz gero, ongi ulertzen da zein zaila zen kohesioa lortzea.

XI. mendean, Eliza gogotik saiatu zen arazo horiek arintzen, eta errituak kristautzeari eta moral bat eratzeari ekin zion, gorabehera eta arazo horiei guztiei eustearren hain zuzen; eta Gurutzaden bidez, aristokrazia militarraren oldarkortasuna bideratu zuen kanpo etsaien kontra (geroago, XVIII.. endean, esan izan zuten Gurutzadak zirela eztabaida nagusia, argitzeko zegoen konturik harrigarriena, bai haien sorburua, bai arrazoia, baita ondorioak berak ere, baina gertatu ziren garaian, jende guztiari oso gauza zentzuzkoa iruditu zitzaion Europako feudalismoaren armek, estreinako aldiz, Asiara jotzea, Hilobi Santuaren aitzakian).

Ohitura feudalak lehen-lehenik Frantzian piztu ziren, eta berehala igaro gero Ingalaterrara, normandoen inbasioaz, 1066an (hauxe da Britainia Handiko lurretan armada atzerritarrik sartutako azken aldia); Alemanianmotelagoa izan zen prozesua, han Estatuaren eta monarkiaren oinarriak sendoagoak baitziren, eta denbora luzeagoz iraun zuten. Mediterraneo inguruan, ohitura feudal hauek modu degradatuagoan zabaldu ziren, esate baterako Iberiar penintsulan, Italian eta Galia hegoaldean.

Osterantzean, Estatuaren berreraiketak berehala baztertu zituen atzera ohitura feudalak, bigarren mailako eginkizuna besterik ez utziz. Izan ere, feudalismoan gertatu zen botere guneen areagotze hark ito egin zuen botere monarkikoa, baina inon ez zen honen erabateko desagerpena gertatu.

Monarkiak behar-beharrezko eginkizuna zuen: Erdi Aroko gizakiaren pentsamoldean, jainkoaren botereak Lurrean zuen ordezkaritza zen. Erregeak, kontsagrazioaren aureola zeramatela, eta sistema feudaletik kanpoko aginte bat zutela, sistema hau erabiltzen saiatu ziren XII. mendearen hasieratik geroztik, diruaren zirkulazioa berpiztu zelarik aukera izan bezain pronto alegia.

Piramide-sistema bat sortu zuten, koherentziaz eta hierarkiaz, eta guztien buru, gailurrean, erregea zen. Sistema honek aukera eman zien zalduneriaren beheko mailetara heltzeko, eta feudo-hartzaileei eginkizun militarrak eta ekonomikoak bete zitzaten galdatzeko. Halaz, erregeak eta printzeak berehala egon ziren soldatapeko, hots, dirutrukeko agenteak izateko moduan, eta hauen obedientzia basailuena baino iraunkorragoa zen, zalantzarik gabe.

XII. eta XIII. mendeetan zehar, Europa osoan abiatu ziren berrantolaketa prozesuak.

Lurralde guztiak gaztelu independentez betetze hartatik, hau da, botere publikoen haustura une larrienetik, eskualdea oinarritzat zuten printzerrietara igarotzen ari zen, eta berehala helduko ziren monarkia feudalak.

Gainera, zuzenbide arloko azterketek XIII. mendean ezagutu zuten berpiztea oso baliagarri gertatu zen subiranotasun nozioari kemena eta zilegizkotasuna emateko.

Banan bana, estatu guztiek gainetik kendu zuten bilduta egon ziren estalki feudal hura.

Egitura feudalak, alabaina, ez ziren hain bizkor desagertu. Aginte monarkikoaren aldian aldiko ahulaldiek indarra ematen zieten antolaketa sistema pribatu haiei, eta horrela iraun zuten XVIII. mendera arte.

Forma asko izanik, feudalismoak zutik iraun zuen europar zibilizazioa nagusiki nekazaritzari loturik egon zen bitartean, eta oinarri zituen instituzioak, jaurerriak eta noblezia alegia, bere horretan mantendu arte. Halaber, omenaldi eta inbestidura errituak bizirik mantendu ziren. Baina mendebaleko Europan XVIII. mendeko bigarren erdialdean gertatu ziren aldaketa ekonomiko eta sozial itzelek erabat kendu zieten ordura arte izandako esangura, eta forma politiko berrien garaia heldu zen.Erdi Aroan zehar, Europan, nekazariak noble lurjabeen mende bizi eta lan egitera behartuta zeuden. Nekazari hauek, jopu edo morroi deituak, lurjabearen lurrak lantzen zituzten, eta horren truke etxe xume bat, lur sail txiki bat, etxabere batzuk eta lapur eta gainerako jaunen aurrean babesa lortzen zuten beren jaunarengandik. Jopuek beren uztaren parte bat eman behar zioten jaunari, ordainetan, eta beste hainbat betebehar eta zerga bete behar izaten zituzten.

Iturria: Culver Pictures, Inc., «Servidumbre en la edad media», Enciclopedia Microsoft® Encarta®99.© 1993-1998 Microsoft Corporation.Monarkia Historian zehar errege askok izan du bere esku aginpide erabatekoa, beren ustezko jainkozkotasunari esker, batzuetan. Antzinako Egipton, esaterako, faraoia jainkotzat hartua zen, eta baita ekialdeko zenbait enperadore ere. Txinako sistema inperialak guztizko aginpidea ematen zion enperadoreari eta Antzinako Indiako estatu gehienak monarkiak ziren. Erdi Aroan Europa guztira zabaldu zen monarkia, lurraldeak babesteko behar ziren gudarosteak bildu eta gidatuko zituen agintari autoritario baten beharrari erantzuteko aukera ematen zuela-eta sistema horrek. Europako monarkiak dinastikoak ziren: erregearen seme zaharrrenak edo haren ondorengoetan hurbileneko gizonezkoak hartzen zuen aginpidea ondorengotzan.

Erdi Aroko hainbat agintarik jaun feudalen bidez lortzen zituzten soldaduak eta armak, eta horrenbestez, nobleen leialtasunaren mende zegoen haien aginpidea.

Feudalismoaren hondamenarekin eta estatu nazionalen agerpenarekin, aginpidea errege bakar baten esku gelditu zen. Errege horiek erdiko klasearen edo burgesiaren laguntza izan zuten, aginpide zentral bat edukitzea komenigarria baitzitzaien, merkataritzak aurrera egiteko behar zen ordena eta egoera egongokorra ziurtatzeko. XVI eta XVII. mendeetan, errege absolutuak, Ingalaterrako Henrike VIII.a eta Frantziako Luis XIV.a esaterako, izan ziren Europako agintari.

Aginpidearen erabilera okerrak eta burgesen ondoezak, ordea, monarkia absolutu askoren hondamena ekarri zuen: Ingalaterrako eta Frantziako iraultzak, XVII. mendean eta XVIII.ean, hurrenez hurren, aginpide absolutua mugatzeko garrantzizko gertaerak izan ziren.

Iturria: «Monarquía», Enciclopedia Microsoft® Encarta®99.© 1993-1998 Microsoft Corporation.Luis XIV.a (1638-1715), Eguzki Errege izenez ezaguna, Frantziako errege absolutua izan zen (1643-1715). Europa bere menpean hartzeko hainbat gerra antolatu zituen. Haren agintaldia izan zen Europako historiako luzeena, eta Frantziako kulturaren loraldia izan zuen ezaugarri nagusia. Luis XIV.a 1638ko irailak 5ean jaio zen, Saint-Germainen-Laye-n.

Luis XIII.a zen bere aita, eta Austriako Ana, ama.

Iturria: «Luis XIV», Enciclopedia Microsoft® Encarta®99.© 1993-1998 Microsoft Corporation.

Eskubide babestuak.

 

Monarkia.

Gizarte feudaletik modernorako iragatea

Errenazimendutik aurrera estatu modernoa agertu zen, kristautasunak ekarritako Erdi Aroko ordena nagusi horren etenari estu-estu loturik. Botere unitate itxiak eratuko dira, antzeko beste unitateetatik bereizteko mugak finkatuz; muga hauek lehengo marka edo zonen ordezko lerro zehatzak dira. Printzeak edo erregeak eskuratzen duen botereak zehazten ditu mugak, eta hark, mendean hartzen duen lurraldearen baitan, beregan bilduko ditu historian zehar hiri, gremio, unibertsitate eta era guztietako jaurerrietan sakabanatutako botereak, nahiz eta artean mantenduko zen Erdi Aroko zenbait elementu.

Hasiera batean, XV. mendearen amaieraz geroztik, Monarkia absolutua izango da gizarte feudal autarkiko, estamental, poliarkiko eta nekazaritzan oinarritu hartatik aurrerapausoa egiteko eragilea. Deszentralizazioaz, burokratizazioaz, eta lurralde, lege eta ekonomia mailako batasunaz, estatu modernoaren eta gizarte nazional, kapitalista eta klasistaren ezaugarri oinarrizkoak itxuratuko dira.

Estatu honek finkapenezko eta ekonomia eta gizarte garapen moteleko bi mende ekarri zituen, ordena kapitalista berriaren ildotik joz. Horretarako merkatu politikak landu zituen, eta diru bakarra sortzearen alde jokatu zuen, eta bide batez tokian tokiko usadioa ordezkatzeko zuzenbide ordena bat antolatu zuen, zergak, burokrazia, justizia eta arlo militarra batzeko sistemekin batera inondik ere.

 

Jatorri jainkotiarreko monarkia absolutua

Antzinako errejimeneko estatu handietan joera absolutistako erregea zen gobernaria.

Erregeak beretzat hartzen zituen hiru botereak, legegilea, exekutiboa eta judiziala alegia, eta botere hauen legitimazioa jatorri jainkotiarra aipatuz lortzen zen. Hau da, erregeak Jainkoarengandik jasotzen zituen zuzen-zuzenean, eta beraz ez zion inori horren konturik eman behar.

Europako monarkia nagusiek, Frantzia, Britainia Handiakoak eta Espainiakoak, antzeko ereduak jarraitu zituzten. Edonola ere Britainia Handikoak bazituen halako alde batzuk, 1688ko iraultzak aukera eman baitzuen estatu absolutista eraldatzeko, egiazko boterearen zati bat legebiltzarrak bere esku hartu zuenean, zerga kontuetan eta atzerri politikan batez ere.XVIII. mendean zehar estatu absolutistak hainbat aldaketa izan zituen bere funtzionamenduan, baina aldaketok ez zuten inolako eraginik izan botere absolutuaren oinarrizko egituran. Goitik eginiko erreformen sistemak ekarri zuenari despotismo ilustratu esan ohi zaio. Eraginkortasuna kezka nagusitzat zuten monarka hauek, eta zeharo ahalegintzen ziren estatua arrazionalizatzen, horrela, bere boterea are sendoagoa izatea lortzeko, bide batez; izan ere, nobleziaren pribilejioek eta estatu aparatuaren antolaketa txarrak zekartzaten mugak eta oztopoak gainditu nahi zituzten.

Hala eta guztiz ere, aurreko mendeko absolutismo monarkikoaren ildo berean sartzen da despotismo ilustratua, hau da, estatua halako nazio lurralde batean sendotzea zen kontua, estatuaren babesaz bultzatutako ekonomia bat izatea, eta burgesiaren esku zegoen merkatu kapitalismoaren garapena erdiestea; burgesia honek hornitzen zuen, gainera, monarkia herri zein finantza kontuetarako administrariz. Laburbilduz, eraginkortasuna areagotu behar zen, estatua sendotu, gizarte oinarrietan inolako aldaketarik egiteke ordea.

 

Estatu absolutistaren administrazioa

Oro har, administrazioa ez zen oso egokia.

Absolutismoak zentralismoa ezarri nahi zuen, garai feudaleko zatiketa kentzeko, baina gremioek, elizak, udalek, jaurerriek, unibertsitateek eta hainbat funtzionariok, karguak erosi eta gero jaraunspenez eskualdatzen baitzituzten, sekulako autonomia korporatiboa zuten, eta autonomia hau ez zetorren bat zentralismoaren helburuekin.

Gainera, zergak oso gaizki zeuden banatuta, eta bilketa ere ez zen modu egokian egiten. Estatuaren gastuek gora eta gora egiten zuten, baina dagoeneko hirugarren estatuak ezin zuen gehiago ordaindu. Justizi administrazioa ere estatuaren mendean zen, eta aurrera aterako bazen, kontra egin behar Azken Erdi Arotik heldutako jaunen eskumenei. Egoera honetan, monarkek gobernua eta administrazioa zentralizatzeko eta eraginkorrago bihurtzeko egindako saioak aurrera egin zuen maila batean, baina ez zuen oro har nagusitzerik lortu.

 

Ekonomia arkaikoa

Iraupen hutseko ekonomia zen, batez ere nekazaritzako produktuen (batez ere zerealen) prezioaren mendean zegoena.

Uzta txarrak zirenean, gosete latzak izaten ziren, eta demografiak nabarmen pairatzen zituen horrelakoen ondorioak.

Ekonomiaren ikuspegitik, estatuaren interbentzionismoa uneorokoa zen, jarraitua alegia. Instituzio batzuek zuzen-zuzenean kontrolatzen zituzten produkzio alorgarrantzitsu batzuk, esate baterako gremioek eskulangintzari dagokionez, eta mestak Espainiako nekazaritza eta abelazkuntzari dagokionez. Oinarrizko jarduera ekonomikoa nekazaritza zen, eta industria batik bat eskulangintzara mugatuta zegoen; ostean merkataritza, oro har, merkatu txikietan mugitzen zen.

Ekonomiaren oinarria nekazaritza tradizionala zen (biztanleria aktiboaren %80 hartzen zuen Frantzian, eta %90 Errusian), eta lur gehien-gehienek jaun edo feudo errejimenean segitzen zuten.

Manufakturaren arloa eskulangintza hutsa zen oraindik ere, eta oso-oso gutxi aurreratu zen XVIII. mendearen bigarren erdialdea arte. Lehen Erdi Aroan ziren gremioen mendean zegoen, artean ere, produkzioa.

Merkataritzan, lurrekoan apenas izan zen aldaketarik lehendik zegoenarekiko (barne aduanak, merkatu txikiak, etab.); itsasokoak, aldiz, burgesia aberatsa sortarazi zuen.

 

Gizarte estamentala eta kultura homogeneotasuna

Honen ezaugarri nagusia gizarte barneko aldeak dira. Gizartea estamentutan banatuta dago, estatu edo ordena ere deitu horietan; estamendu horiek zein bere eginkizunaren arabera definitzen dira. Kleroa, noblezia eta hirugarren estatua dira. Kleroaren kasuan izan ezik, odolezko herentziaz hartzen zen estamentu bateko kide izatea, eta ez zegoen izate hori aldatzeko inolako aukerarik (egindako merituen ordainez erregeak eskaintzen zuenean baizik). Lurraren jabetzan ere eragin handia zuen banaketa horrek, zeren eta lurra ez baitzen gizabanakoena, leinuena baizik. Esku hilen ondasunak ziren, gozatu arren besterentzerik ez zegoenak, eta ondorengoek eskuratuko zituztenak tituluarekin batera.

Estamentu bakoitzak bere legeak, bere auzitegiak, bere eskubide eta betekizunak zituen.

Kleroa eta noblezia pribilejioz beteriko estamentuak ziren, eta ez zioten erregeari zergarik ordaintzen, bai ordea herriak ordainduak jaso, jaun eskubideak izaten baitziren batetik, eta hamarrenak bestetik (hauek Elizak biltzen zituen). Horrela lortzen zuten mantenua. Nobleziaren eginkizuna estatuaren defentsa eta administrazioa zen, eta kleroak sakramentuak banatzeaz, predikatzeaz eta emateaz arduratu behar zuen.

Pribilejioek, berez, ez zuten aberastasunarekin zerikusirik. Izan ere pribilejiozko estamentuen baitan alde handiak ziren jabetzen artean. Guztiek ez zuten botere ekonomikorik.

Aristokrata nagusiek eta goi mailako kleroak zituzten jabetza gehienak, baina behe mailako kleroa ere bazen,“eliztarrak bezain gose” zena, eta probintzietako noble txikiak, aitonen semeak eta bigarren semeak, baliabiderik gabe. Hirugarren estatuan, aberastasunak pilatutako merkatariak agertzen hasi ziren hirietan, baina gehienetan ez zuten baliabiderik.

Gizarte estratifikazioa pribilejioen araberakoa zen batez ere, baina ikusten denez, estamentu bakoitzaren baitako egoera ere ez zen homogeneoa.

Hirugarren estatua herri xehea zen, lege eta auzitegi komunen pean bizi zena. Honen gainean zen zerga guztien karga, eta erresumak behin eta berriz sartutako gerren zama. Estatuari, nobleziari eta elizari ordaintzen zizkion zergak, eta %90 lurra lantzetik eskuratzen zuen, nekazari gizartea baitzen batez ere.

Kulturaren ikuspegitik, ideien homogeneotasuna eta tradizioaren indarra dira ezaugarri nagusiak. Irakaskuntza eta kultura kleroaren kontua ziren, ez beste inorena, tartean herrialdearen zuzendaritzan parte hartu beharko zuen nobleren bat edo beste baldin bazen ere. Beste guztiak, sortzen ari zen burgesiaren alor batzuk izan ezik, analfabetoak, eskolagabeak ziren.

1790eko hamarraldira arte, nekazariak kontserbadore agertu ziren, baina urte horretatik aurrera jaunen kontrako erreboltak hasi ziren, eta goseak eragindako matxinadak.

Hirietako burgesia aberatsak bi jarrera desberdin zituen: Erdi Arotik heldutako gremioen pribilejioak sendotu eta areagotu nahi zituen, batetik, edo bera noble bihurtu (tituluak erosiz edo nobleziara ezkonduz), eta bestetik bere gizarte eta politika botereak zabaldu nahi ditu, ahotsa izan alegia, nobleziaren pribilejioak kentzeko.

 

Antzinako Errejimenaren krisia

Antzinako Errejimenaren krisia XVIII.. endeko azken hamarraldietan eta XIX.eko lehenbizikoetan izan zen; iraultza sorta bat gertatu zen, 1820an, 1830ean eta 1848an, eta azkenean garaile atera ziren. Edonola ere, Errusian XX. mendera arte iraun zuen errejimen horrekk, iraultza boltxebikea heldu arte hain justu.

Ekonomiaren arazoek eta gizarte gatazkek ezinegona zabaldu zuten gizartean, eta gizarteak Ilustrazioko intelektual arrazionalisten ideiekin bat egin zuenean, estatu absolutistaren egiturak desegiten hasi ziren.

Frantziako iraultzak, gero Europan zabaldu baitzen, eta Amerikakoak, behin betiko ezabatu zuten sistema hura, eta iraultza horien bidez etorri zen estatu demokratiko burges berrien, estatu liberalen hasiera.