Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Baserria eta nekazaritza mundua.

Hiria-baserria

Errumaniako nekazari bat belarra ebakitzen. Hiri inguruneetako lur landu gehienak abereentzako bazkaleku bihurtu dira, baserriko lana eta hiriko industria eta enpresetako lana biak batera egin baititzake nekazariak horrela.<br><br>

Baserria eta hiria, baserri ingurunea eta hiri ingurunea, aurkakotzat hartu ohi diren adierak dira, kontrakotasun horrek, askotan, konbentzitzen ez bagaitu ere. Kontzeptu hauen definizioa bera da eztabaidagarria eta hor bertan sortzen dira nahaste asko eta asko. Bien arteko harremanak asko aldatu dira historian zehar, giza dinamikaren arabera. Izan ere, nekazari gizartea eta baserri mundua nagusi ziren bizimolde batetik, baserri eremuak hiriaren dinamikarekiko mendekotasun garbia duen egoera batera igaro gara. Baina, beste askotan bezala, azalpen honek gure inguru hurbilenerako balio du, ez, ordea, hirugarren munduko deitu ohi diren herrientzat, non biztanleriaren gehiena nekazari gizarteetan bizi baita.

 

Baserri ingurua eta nekazari gizartea

Nekazaritza eta abeltzaintza asmatzeak eta pixkanaka jarduera nagusi bezala hartzeak, bizimodu sedentarioa ekarri zuen, eta, horren ondorioz, gizakia bihurtu zen ingurunea antzaldatzen zuen eragile nagusi.

Espazioa erabiltzeko moduen bilakaerak eta bilakaera honek gero eta konplexutasun handiagoa izateak produkzio bide bat ekarri zuen: nekazaritza. Lurraldeari dagokionez, oinarrizko ekoizpen unitateak diren (herrixkak eta antzekoak) neurri txiki edo ertaineko asentamenduen inguruan egituratuta egotea eta espazioaren erabilera oso trinkoa ez izatea dira produkzio bide horren ezaugarriak. Hiriak dira gune hauek elkarren artean artikulatzen dituztenak eta hirietan biltzen da aginpide politikoa, administratiboa eta erlijiosoa eta haietan egiten da salerosgaien (erreminta, tela, eta abarren) eta nekazaritza eta abeltzaintzako produktuen trukea. Hortaz, lurralde okupazioarendentsitate txikia da, nekazari gizarte tradizionalaren lurralde ereduaren ezaugarria, hiriak kokatzen diren eremuetan izan ezik.

Baserri gizartean, nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpena da egitura sozialaren eta ekonomikoaren esparrua. Nahiko gizarte hertsiak izan ohi dira eta autohornikuntza izan ohi da nagusi, nekazaritzarako tresnen eta erreminten erosketa kontuan hartu gabe.

 

Industria aroa

Izadiaren baldintzak aldatzeko gaitasun urria duten lanerako moduen arabera garatzen den nekazaritza jarduera honen nagusitasunak, egoera konkretu bat definitzen du inguruneari dagokionez. Baina egoera hau aldatuko da. Energia kontsumo handia behar duten teknika berriak garatuko dira eta horiek nekazaritza ekoizpena biziagotuko dute, baina batez ere, bultzada erabakiorra emango diote industria jarduerari, ordu arte artisautzaren mugetan mugitzen baitzen eta nekazaritza ustiaketen eskaria asetzea baitzuen helburu bakarra. Industria, ez beti, baina, hirietan kokatuko da batik bat (eta horrek garrantzi handia izango du).

Hortaz, indartu egingo da hiriak truke gune gisa duen funtzioa eta gero eta agintari eta funtzionario gehiago bilduko ditu bere baitan.

Hiriak jarduera ekonomikoaren eragile bihurtuko dira kapitalaren metaketarako gune pribilegiatuak diren aldetik. Bilakaera hori ez da beti lineala izango eta ez da, gainera, tokiz eta denboraz aldi berean gertatuko, eta hortaz, une berberean lurralde batzuek eta besteak bilakaera horren aldi desberdinetan aurki daitezke. Industria jarduerak kantitate handitan kontsumitzen ditu baliabideak, ura, egurra eta energia, eta batez ere, nekazaritza jardueraren lehiakide bihurtzen da langileak erakartzeari dagokionez.Industriak nekazaritza jarduerak baino soldata eta bizi-baldintza askoz hobeak eskaintzen ditu (azken hau emakumeei dagokienez, batez ere) eta lehia horren ondorioz baserri inguruneak kapitala galtzen du pixkanaka (giza-kapitalari dagokionez).

Biztanleriaren sektore gazteenek alde egiten dute eta horrek zahartze demografikoa eragiten du; administrazioak, berriz, gero eta inbertsio gutxiago egiten du eta ondorioz, baserri ingurunean beti eskasak izandako zerbitzu eta ekipamenduak degradatu egiten dira atzera bueltarik gabe.

Eskolak itxi egiten dira gutxieneko ikasle kopururik ez dagoelako, osasun ekipamenduetan ez da inbertsiorik egiten, eta abar… Espainian oso astiro gertatuko da prozesu hori, ekonomiaren dinamismo urria dela-eta, eta modernizatze saioek arrakastarik ez dutelako. XX. mendearen hasieran eta batez ere 50 eta 60etako hamarraldietan (Estabilizazio Plana) gertatuko da behin betiko baserrietatik hiriranzko exodoa.

Batzuetan, hala ere, biztanleriaren mugimenduak ez dira bide luzekoak. Baserri ingurune askotan ere industrializatze prozesu hori gertatzen da, hirietan bezalaxe.

Hala gertatzen da, adibidez, Gipuzkoako eta Bizkaiko baserri ingurune batzuetan, aurretik burdinolen inguruan eratutako halako artisautza eta industria tradizio bat zegoen tokietan. Kasu hauetan, nekazaritza hutsetik bizi diren beste eskualde batzuetako pertsonak erakartzen dituen gune egonkor biurtzen dira ibarrondoak, aldi berean, ibarreko bertako nekazaritza ustiategi batzuk ere utzi egiten dira produktiboak ez direlako eta beste baserritar batzuek, berriz, industriaren alogereko bihurtzen dira, familiaren laguntzari esker, nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiari eutsiz. Hala, egun-zatiko nekazari (edo abeltzain) deiturikoa sortzen da. Famili buruaren jarduera nagusia nekazaritza edo abeltzaintza ez bada ere, familikoek, emakumeek batik bat, baratzean lan egiten dute eta abereak zaintzen dituzte, gizonak ere, baserritik kanpo egiten duen lanetik itzultzen denean, lan horietan ordu batzuk ematen baditu ere.

Langileak erakartzeko lehia horrek aldaketak eragiten ditu nekazaritza ustiategien ekoizpenari dagokionez. Batzuetan ustiategia erabat abandonatzen da eta laborantza lurren eta larreen ordez baso ustiategiak ezartzen dira hazkunde azkarra duten landare motak landatuz. Beste batzuetan egunzatiko nekazariek ere beren laborantza lurren zati bat basotarako uzten dute, lan gutxiago eskatzen dielako. Industrializazioak, beraz, antzaldaketa sakonak eragiten ditu ingurumenari dagokionez, ez bakarrik fabrikak kokatzen diren lurretan, baizik eta baita inguruko baserri eremuan ere, azken honen mendekotasun egoera gero eta nabariagoa delarik.Mantentzen diren nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak trinkoagoak bihurtzen dira, hazi egiten baita elikagaien eskaria hirien hazkundearen eta biztanleriaren hazkundearen ondorioz. Baserriak elikagaiez, lehengaiez eta langilez hornitzen du hiria.

Hori dela eta baserri gunea, erreserba gune gisa finkatzen da, lehengaien erreserba eta industriak gero eta kantitate handiagoetan behar dituen langileen erreserba eta ugaltze-toki.

Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiek oraindik ekoizpen ona duten tokietan, trinkoagotu egiten da ekoizpen hori, gero eta nazioartekotzenago diren merkatuen eskariei erantzuteko. Horrek, bestalde, gogortu egingo du lehia ekoizle txikiei dagokienez.

Integrazio ekonomikorako prozesuek, Europako merkatu bakarraren sorrerak, adibidez, bidea irekitzen diete kanpoko nekazaritzako salgaiei, lehen bertako ekoizleen merkatu itxia zegoen tokietan. Horren ondorioz, eta adibide bat aipatzearren, Frantziako eta Holandako esneak, salerosgaien joan-etorri librea dela-eta, Kantauriko erlaitzeko ekoizle tradizionalen esneari tokia kentzen dio, prezio lehian irabazle delako.

Honi eman dakiokeen konponbide bakarra aduanen bidezko protekzionismoa litzateke edota ustiategiak lehenbailehen modernizatzea lehiakortasuna ahalbideratuko luketen emaitzak iristeko.

 

Industria ondoko gizartea

Hiriak galdu egingo du pixkanaka bere ezaugarri nagusia izandakoa, hau da, kapitalaren metaketarako gune pribilegiatu izatea.

Gero eta arazo larriagoak izango ditu arlo guztietan: lurraren prezioaren igoera, trafiko arazoak (oro har kongestio desekonomia deitzen direnak), indarrean dagoen ekoizpen moduak eragindako kostu sozial geldiezinak, hala nola delinkuentziaren hazkundea, bazterketa soziala edota elkarbizitzaren degradazioa. Beste arazo batzuk baliabide naturalen neurriz gaineko ustiaketak eta xahuketak eragindakoak izango dira, bai lurrari dagokionez (gero eta urriagoa eta askotan kutsatua, hondakin toxiko arriskutsuak nonahi bota izanagatik), urari dagokionez (industria prozesu gehienetan nahitaezkoa den gaia) eta baita aireari dagokionez ere.

Baina agian, sistema ekonomiko orokorrean gertatutako aldaketak izan dira astindurik handiena eragin dutenak. Alde batetik, nazioartean eskeari dagokionez gertatutako aldaketak eta hirugarren munduan industria potentzia berriak sortu izanak (zeinen bizkortasun ekonomikoa langileenmendekotasunean eta ordaintzen diren soldata urrietan oinarritzen baita) ahuldu egin dute sistema hori, eta bestetik ez du aurrera egiteko ahalbiderik izan baliabide batzuk ahitu direnean edo xahutu dituenean, lurrarekin gertatu den bezala, adibidez, eskura izan ez duenean edo gehiegi garestitu denean. Hala, langabezia, ingurumenaren degradazioa eta errorik eza dira zenbaitek hiri patologiak deitu izan ditun drogamendekotasunaren, delinkuentziaren eta abarren haztegi. Beste maila batean hiriko bizimoduaren estresak, gero eta hedatuago dagoen derrigorrezko mugikortasunak (trafikoak) eragindako arazoek, ekipamenduen urritasunak eta, hitz batean, bizi kalitateren maila eskasak hiriaren krisi sakonaren koadroa osatzen dute.

Eta krisi hau hiria bere mugetatik haruntz zabalduz ari da konpontzen. Industria garapenaren garaietan baserri ingurunea langileen, lehengaien eta lurraren erreserba gisa finkatu bazen, ur eta aire garbiak dituzten «paisaje eztien» erreserba bihurtu da orain. Eta eszenario horretan hasiko da hiriaren hustuketa, autopista eta autobideen bitartez hiriarekin (lantokiak dauden lekuarekin) lotuko diren urbanizazio eta egoitza lur berriekin. Fenomeno honen adibideak Uribe-Kostako edo Cantabriako udal batzuetan aurki daitezke, Bilbaoko metropoli guneari dagokionez.

Baina hiriguneetako jendea ingurumenak dituen arazoez jabetzen doan eran, aldi berean ingurumenari dagokionez balio handiak dituen eta ekosistema ongi gordeak dituen baserri inguruneak aurkitzen ditu.Ingurune horietan, espazioaren erabilera eta bertan garatu diren jarduerak modu eramangarrian egin direlako mantendu dira, neurri batean, balio horiek. Abeltzaintza estentsiboa litzateke horren adibide bat. Bai balio horiengatik eta bai administrazioak baserri-turismoari ematen dion bultzadagatik ere, ia hutsik zeuden baserri zonak betetzen ari dira berriro askotariko erabileretarako: bizitzeko, aisialdi eta kirol ekintzekin zerikusia duten turismo eta aisialdirako (mendiko ibilaldiak, asteburuko ekintzak, eta abar…).

Baina baserri ingurunean, era berean, industria eraikitzeko egokia den lur erreserba handia dago. Industriaren lehiakortasunaren giltzetako bat da, produktibitate handiagoa lortzeko ekoizpen sistema tradizionalak aldatzera behartzen duten teknologia aldaketa prozesuei aurre egin ahal izatea. Honek, askotan, ekoizpen modua berrantolatu eta instalakuntzak handitzea esan nahi du. Baserri inguruetan lurra merkeagoa izan ohi da, oro har, hiriguneetan baino. Horren ondorioz industria aldatzen ari da tokiz, batzuetan, aministrazioak inbertsioen bidez emandako laguntzaz (lurrak erosteko, industria poligonoak urbanizatzeko, bide azpiegiturak egiteko eta abarretarako diru laguntzak). Beste batzuetan industriak berak dira gainbehera ekonomikoan dauden nekazaritza edo abeltzaintza zonetara aldatzen direnak, lurraren merketasunak erakarrita eta hirietako langileek baino diru eskakizun txikiagoak izango dituzten langileak kontratatzeko itxaropenez.