Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Ingurumenaren kontzeptua eta gizonaren eta inguruaren arteko harremanen bilakaera

Egiptoar nekazariak uzta biltzen. K.a. 1400 inguruko hileta margoa. Ingurumenak neolitiko inguruan jasan zituen lehenengo itxuraldaketa eta gorabehera aipagarriak, baina Antzin Arotik aurrera egin dira aldaketa handienak, izadiaren baliabideak ustiatu ahal izateko.<br><br>

Gaur egun ingurumen kontzeptua arrunt erabiltzen bada ere, ez dago beti argi zeri dagokion. Urte askotan zientzia fisikoek eta natur zientziek biltzen zuten aldagai multzoa izendatzen zuen soilik. Baina gizonak ingurua aldatzeko gaitasuna izan duenetik, gizakiak eta honek izan dituen gizarteantolaketa moduak ere inguru horren zati dira. Hala, bi elementuen arteko (gizonaren eta inguru fisikoaren arteko) harremana sortzen da, eta harreman hori aldatuz joango da historian zehar.

 

Ingurumenaren kontzeptua

Kontzeptu honen definizioa nahikoa berria da eta bada halako eztabaida bat horren inguruan, XX. mendearen erdialdea arte ez baitzen ia erabiltzen. Kontzeptu hau, gainera, nahiz gizarteari, nahiz izadi zientziei dagozkien era askotako aldagaiez osatutako multzo bat da. Hori dela eta, egiten dituenaren prestakuntza edo bideratze profesionalarenarabera izango dira definizioak era batekoak edo bestekoak. Hortaz, izadi zientzietako edo fisikako profesionalek egindakoek aldagai «biologikoei» funtsezko garrantzia ematen diete, gizarte edo giza-zientzien arlotik jaulkitakoek, berriz, gizonaren eta honen era bateko eta besteko antolabideen garrantzia azpimarratzen dute, izadiko baldintzen aldaketaren eragile bezala.

Lehen ikuspuntutik, organismo baten, populazio baten edo elkarte baten gain eragina duten kanpoko indar edo baldintza guztien multzoa da ingurumena. Horren barruan elementu atmosferikoak eta klimatikoak bereiz daitezke, adibidez, (haizea, presio atmosferikoa, tenperatura, hezetasuna eta eguzkiaren erradiazioak), edota elementu kimikoak, organismoak berez sortzen diren substratuaren, lurraren edo uraren ezaugarriak, esaterako, (elikagai mineralen edukia, disoluzioaren pHa, O2 eta CO2 gasen kontzentrazioa, eta abar). Era berean, elementu biotikoak ere bereizi egin behar dira, izaki bizien presentziak ingurumenaren ezaugarriak aldatu egin direla esan nahi baitu organismo jakin bati dagokionez.

Konpetentzia, predazioa, bizkarroitasuna eta mutualismoa bezalako fenomenoak elkarreragin biotiko arruntak dira. Elementu fisikokimikoak (klima eta substratua) dira izaki bizien portaera eta jardueraren oinarrizko determinatzaileak ohiko egoeretan.

Gizarte eta giza zientzien ikuspuntutik, une jakin batean, era zuzenean edo zeharbidez, bat-batean edo edo epe luzeagora izaki bizien eta giza-jardueren gain eragina izan dezaketen eragile fisiko, kimiko eta biologikoen eta faktore sozialen multzoa da ingurumena.

Ikusten denez, bi definizio hauen artean dagoen aldea da, bigarrenean espreski aipatzen direla giza eta gizarte faktoreak eta eragile hauek inguruaren aldaketan eta moldaketan duten egitekoa.

Kontzeptuaren definizioaren garrantzia, akademizismo hutsetik haruntzago doa.

Guk ingurumentzat dugunaren araberakoak izango dira, haren egoera aztertzeari ekiten diogunean, ikerketarako aukeratuko ditugun alderdiak. Gainera, aztergai dugun elementu konplexu eta elkarrekiko lotura ugariz osatutako hau ulertzeko, eta ingura ditzakeen arazoak diagnostikatzeko, eta behar izanez gero, haiei aurre egin ahal izateko ekintzak proposatzeko, elementu osagarri guztiak izan behar ditugu kontuan.

Honetan datza ingurumenaren definizio zuzenaren garrantzia. Hartakotzat dugunaren arabera, elementu batzuk edo besteak izango dira kontuan haren azterketa eta interpretaziorako egingo diren ikerlanetan.

Ikuspuntu honetatik, gizonak inguru ezbiotikoarekiko eta inguru biotikoarekiko duen elkarreraginaren emaitza bezala definituko dugu ingurumena. Honi dagokionez ez da ahaztu behar eremu gizatartuak aztertzen direnean, planetaren zatirik handiena dagoela gizatarturik, eta hortaz, jarduera sozioekonomikoei eta giza-populazioaren dinamikari, ingurua osatzen duten gainerako aldagaiei –geologiari, klimari, landarediari, faunari, eta abarrei– adinako garrantzia emango zaie eta zorroztasun berberarekin aztertuko dira. Eta hori guztia, lehendabizikoek eragin erabakiorra dutelako bigarren zerrenda horretakoen gain, ingurumen izenez ezagutzen dugun hori eratzerakoan.

 

Gizonaren eta ingurumenaren arteko harremanen bilakaera historian zehar

Duela 3.000.000 urte baino gehiago lehen hominidoak sortu zirenetik gaur arte, gizonaren eta haren ingurunearen arteko harremanak erabat aldatu dira. Milaka urteetan zehar, etengabeko moldatzea eskatzen zioten ingurune-baldintzen mende egon zen erabat gizakiaren bizitza. Azken mila urte honetan eta zehazki, XVIII. mendetik aurrera gizarte eta ekonomia antolakuntza berriei esker teknika berriak garatu dira, planetaren alde batzuetan behintzat, eta, horri esker, gizakiak inguruneko baldintzekiko zuen mendekotasun-harremana hausteaz gain, dinamika eta baldintza natural horiek aldatzeko aukera izan du, helburuen arabera. Ikusiko dugun bezala, prozesu hau ez da hemen amaitzen, izan ere, gizona ingurunean neurriz gaineko eskuhartzea izaten hasi denean, ingurumenaren dinamika orokorraren oinarrizko elementuak aldatzen hasi dira. Gaur egun igerri daitezkeen aldaketen tamainak, eta batez ere, ondorioen larritasunak, teoriaren aldetik behintzat eredu sozio-ekonomikoaren eta garapen orokorraren oinarri batzuk berriro aztertu beharra ekarri dute.

 

Historiaurrea

Hominido taldeak (Homo habilis) bazirelako lehen datuak orain dela 3.000.000 urtekoak dira eta Afrikako ekialdean kokatzen dira. Hala ere, badirudi lehen hominido hauek ez zirela Europan orain 1.000.000 bat urte arte kokatu, migrazio luzeen ondoren.

Gizakiaren historiaurrea ez da homogeneoa eta garai horretan giza-taldeek izandako pixkanakako bilakaera aldi desberdinetanzatika daiteke. Gaingiroki, paleolitos aroa (bera ere, goiko, erdiko edo behekotan bereiz daitekeena), neolitos aroa eta metal aroa (brontze aroa eta burdin aroa) bereiz daitezke. Gizonaren eta haren ingurunearen arteko harremanek ere aldaketa handiak izan zituzten. Paleolitos garaian, glaziar-aroen alternantziaren ondorioz denbora luzez Europak jasan behar izan zituen klima baldintza gogorrek (tenperatura hotzak) batez ere haitzuloetan bizitzera behartu zituzten gizataldeak. Epe luze honetan ehiza edota sarraski-jana izango ziren elikabide nagusiak eta, gutxixeago, itsaski edo fruitu biltzea. Alde batetik, zenbait tresna prestatu izanak ahalbideratuko du harrapari jarduera hori; tresna horiek, hasieran, harrizkoak izango dira, eta gero baita hezurrez eta antzeko beste gai batzuez eginak ere; baina horrez gainera beharrezkoa izango da taldean ehizean egitea ahalbideratuko duen nolabaiteko antolakuntza bat ere. Ingurunea aldatzeko gaitasuna oso txikia izango da, ez ordea kontuan hartzea merezi ez izateko modukoa. Bi alde nagusi izango ditu honek, batetik ehiztari den aldetik, gizonak presio harrapari baten azpian jarriko ditu mota asko. Eragin hori era batekoa edo bestekoa izango da, espezie hauek piramide ekologikoan duten tokiaren arabera. Baina horrez gainera, biltzaile den aldetik, erreketen eta abarren bidez landare-espezie batzuk bultzatuko ditu gizonak beste batzuen kaltetan.

Orain dela 10.000-8.500 urte inguru, azkeneko izotz aroaren amaierarekin batera gertatutako klimaren hobekuntzak giza-antolakuntza berrien sorrera bultzatu zuen pixkanaka.

Hortaz, gutxi gora-behera orain dela 5.000 urte hasi eta orain 2.500 urte amaitzen den epearen barruan, nekazaritzaren etaabelzaintzaren aurkikuntzari esker, harraparitzan eta bilketan oinarritzen zen bizimodu batetik, baliabideak hobeto kontrolatuko ziren beste batera igaro zen, eta horrekin batera gizonaren eta inguruaren arteko harremanak ere aldatu egin ziren. Nekazaritzak, esaterako, lehen basoak altxatzen ziren lurrak egokitu eta prestatzea (luberritzea) eskatuko zuen. Aldi berean zenbait animalia mota bezatzearekin ehizak gero eta garrantzi txikiagoa izango zuen. Ekoizpen bide berri hauei eta beren garapenari esker, arras ugaldu ziren metal aroan zehar gizonak eskura zituen baliabideak eta, horren ondorioz, baita biztanleria ere. Beste ondorio bat izan zen giza-taldeak nomadismoa utzi eta sedentariotu egin zirela pixkanaka.

 

Antzin Aroa

Planetaren zenbait tokitan inguruneak eskaintzen zituen baldintza onei esker lehendabiziko zibilizazio handiak garatu ziren.

Nekazaritza izango zen gero eta forma konplexuagoak izango zituzten zibilizazio horien oinarri ekonomikoa. Mesopotamian, eta geroxeago Egipton, Txinan, Indoko ibarrean eta Ertamerikan ura bideratu eta lursailak ureztatzeko mekanismoak ikasi ziren.

Ondorioz, nekazaritza kopuru handitan hasi zen ekoizten, elikagaien soberakinak azaldu ziren eta horrek hazkunde demografikoa ekarri zuen. Hazkunde horrek eta ekonomiaren egoera bikainak ekoizpenaren espezializazioa, salerospenaren garapena eta gizartearen estratifikazioa bultzatu zituzten, alde batetik elite erlijioso eta politikoak eta elite militarrak sortuko zirelarik eta bestetik lurraldearen kontrola eta administrazioa bere gain hartuko zuen estatu-burokrazia.Zibilizazio greziarrak eta erromatarrak, azken honek bere inperio koloniala eraikiz, areagotu egingo dituzte baliabide naturalak kontrolatu eta ustiatzeko mekanismoak, teknika garatuz eta azpiegitura eta teknika jakin batzuk hedatuz: komunikaziosareak (galtzadak), presak, ubideak edota neurri ertaineko meatze-ustiategiak.

Gizadiaren aro honetan hasi ziren nabarmentzen ingurumenari era zabalean egindako kalte larrien lehen aztarnak, zenbait kasutan komunitate handien gainbehera ekarriko zutenak. Mesopotamian (egungo Iran-Iraken) esaterako lur azpiko ur-baliabideak neurriz gain ustiatzeak lurreko gatzkopurua izugarri gehitu zuen eta honek produktibitatearen beherapena ekarri zuen pixkanaka. Hori izan zen, adibidez, estatuhiri sumeriarren gainbeheraren arrazoia, oso ahuldurik baitzeuden zereal-uzta gutxitzeak ekonomian izandako eraginaren ondorioz.

Indoko ibarrean ere ingurumenarekiko arazoak izan zituzten, soroak eta belardiak egiteko etengabeko basoaren soiltzeak eragindakoak batik bat.

Prozesu honek, alabaina, eragin bereziki nabarmena izan zuen Mediterraneoko arroan, greziarren eta erromatarren gorenaldietan.

Grezian basoaren soilketa K.a. 650.. rtetik aurrera hasten da, eta Erromari dagokionez berriz, K.a. 300. urtetik aurrera.

Horrek erosio mailaren hazkundea ekarri zuen eta itsasertzeko sedimentazio-dinamikaren aldaketa. Eta horren ondorioz bete egin ziren zenbait bokale eta portu-herri asko desagetu egin ziren itsasotik «urrundu» zirelako, Paestumen (Italiako hegoaldean) edo Efeson (Turkiako itxasertzeko kolonia greziarra) gertatu zen bezala.

Erromatarren garaian gertatutako ingurumenaren antzaldaketa ikaragarriak, haien gainbehera ingurumenari dagozkion kausekin lotzera eraman izan ditu arkeologo batzuk. Hala ere, hirstoriagile moderno gehienek beste kausa batzuek aipatzen dituzte gertakari hori azaltzerako, ingurumenari dagozkionez gain, hala nola, politikari, demografiari, ekonomiari eta abarrei dagozkienak.

 

Erdi Aroa

Gure aroko IV. mendean gertatu zen erromatar inperioaren erorialditik hasi eta XV. mendearen bukaerarainoko tartea hartzen du gutxi gora behera. Tradizioz aro ilun eta garapen urrikotzat jo izan da. Hala ere, bi zibilizazio handi loratzen dira gutxienez, Islama eta txinatar zibilizazioa. Bietan aurkikuntza zientifiko eta tekniko garrantzitsuak egingo dira (astronomia, matematikak, itsasketa) Europan zehar hedatuko direnak.

Kontinente zaharrean erdiaroko lehen mendeetan ez dago politika-antolakuntzarik,itxura batean behintzat, hala ere hegoaldean, Iberiar Penintsulan batez ere, Islamaren eskutik jarduera ekonomiko nabarmena loratuko da. Toki berean ureztatze-sistema aurreratua landuko da eta horrekin batera, uraren kudeaketarako beharrezkoak diren administrazio eta azpiegitura sistemak ere bai. Sistema horren arrakasta dago Al- Andalusek izandako garapen ekonomiko eta kulturalaren sustraian. Bitartean, Europako gainerako lurretan autokontsumorako bestetarako ematen ez duen nekazaritza sistema bat dago, egitura politikoak guztiz ahuldurik eta salerosketa txit murrizturik.

1000. urtetik aurrera, gutxi gora behera, hasten dira Europan abeltzaintza eta nekazaritza biziagotzen, eta hazkunde demografiko nabarmena gertatzen da aldi berean. Historialari batzuek berrikuntza tekniko batzuekin lotu izan dute produktibitatearen hazkunde hau, hala nola, lurra golde erromatarrak baino sakonago lantzen zuen belarridun goldea asmatzearekin (lehena izango da, hala ere, Iberiar Penintsulan gero ere gehien erabiliko dena). Gainera alternantziazko laborantza sistemak erabiltzen hasten dira, hau da, urte batez lantzen zen lurrari, atsedena ematen zitzaion hurrengoan, lugorri uzten zen. Hala luberrien azalera hazi egin zen eta basoak atzera egiten hasi ziren berriro, soroen eta belardien mesedetan. Garraioari dagokionez ere izan ziren aurrerapenak, alde batetik ferrak zaldien indarra hobeki aprobetxatzeko aukera eman zuen, eta bestetik hobekuntza nabariak egin ziren ontzigintzan.

Kantauriko itsas bazterrean indar handia hartu zuen ontzigintzak (Bilbaoko eta Castro Urdialeseko ontziolak). Horretarako behar zen zura lortzeko inguruetako basoak soildu ziren. Arrantza ere asko garatu zen, kostalde inguruan batik bat, gero eta atun gehiago harrapatzen zelarik. Balea zuria edo euskal balea ere asko atzeman zen eta, Caro Barojaren esanetan, XIV eta XV mendeetan bereziki mota horrek izan zuen esetsaldiaren ondorioz erabat desagertu zen.

XIV. mendearen erdi aldera (1348. urtean) Europako historia osoan zehar izan den ingurumen-katastroferik handiena gertatu zen: izurri beltza. Arratoien bidez zorriek zabaldu zuten gaixotasun honek biztanleriaren 1/3 bat hil zuen. Ikerlari askok, izurriteak eragindako hildakoen kopuru handia erdiaroko hirietako pilaketarekin eta osasungarritasunik-ezarekin lotu izan dute, zona urbanoei zegokienez, batik bat. Gainera, Europako klima hoztuz joan zen pixkanaka, eta horrek areagotu egin zuen gaixotasunaren eragina. Izotz aldi txikia izenez ezagutzen den horrek XVI. mendearen bukaeratik XVIII.eraino iraun zuen kontinente zaharrean. Jatorri naturala zuen klima-aldaketa honek lur-ekoizpenaren beherakada ekarri zuen alde guztietan eta berazhankaz gora bota zuen Erdiaroko ekoizpenmodua.

Gainbehera ekonomiko eta demografikoak kontinenteko iparrean eta erdialdearen izan zuen batez ere eragina, eta neurri txikiagoan hegoaldean. Ez da, beraz, harritzekoa gune horretan kokatzea Europako bilakaeraren grabitate zentrua.

 

Aro Modernoa

Ameriketako deskubrimenduak zedarritzen du aro honen hasiera. Espainia eta Portugal izango dira hasieran lurralde berrien konkistaren buruzagi, eta baliabide naturalen penintsulako ustiapen-eredua eramango dute Ameriketako erdialdera eta hegoaldera. Baso hezeen bioaniztasuna murriztuko da tabako, azukre-kanabera eta abarrak landatzearen truke. Meatze-baliabideak (urrea, zilarra) zituzten zona haietan handiki ustiatzen hasten dira, askotan kolonaurreko kulturen (maien, azteken) usiategi berberetan jarraituz. Kolonizatze prozesua Afrikara eta Asiara zabalduko da, eta Europara erruz iritsiko dira metal preziatuak eta lehengaiak. Salerospenak kapital erraldoiak pilatzeko bidea ematen du. Eta honek asmakuntzak eta teknika berriak (meatzeekiko hobekuntzak, ikatzaren erabilera industriako prozesuetan) garatzeko aukera eskaintzen du. Nahiz eta kolonien bilakaeraren lehen momentuan parte hartu ez, Ingalaterra eta Herbehereak (egungo Benelux) izango dira kolonietatik ekarritako baliabide gehienen helmuga, herrialde hauek baitira ekonomia produktiborik garatuena dutenak, Espainiak eta Portugalek, aldiz, dirutza ikaragarriak erabiliko dituzte armada erraldoiak mantentzeko, industria militar garaturik izan gabe.

Ameriketatik berrikuntzak ere iritsiko dira, labore berriak batik bat, hala nola, artoa, patata eta babarruna. Landare hauei esker etekin hobeak emango ditu nekazaritzak zona askotan, Kantauriko Erlaitzean, esaterako. Inguru hauetan gero eta handiagoa da basoek ontziolen aldetik jasaten duten presioa, eta hortaz, 1656. urtean emango dira lehen ordenantzak basoak, ekonomiarentzat oinarrizko garrantzia duten baliabideak diren aldetik, babesteko. Europako nekazaritza-ekoizpena asko haziko da, Herbeheretakoa eta Ingalaterrakoa batik bat.

XVIII. mendearen hasieran hasiko dira lehen tailerrak sortzen, hasieran artisau taldeak baizik ez badira ere. Energia-iturri nagusiak indar hidraulikoa, eolikoa izango dira oraindik eta errekai nagusia, egurra. Hala ere, egurra gutxituz doalarik, ikatz mineralaren erabilera zabalduko da. Hau izango da gizonaren eta ingurunearen arteko harremanen bilakaeraren pausorik garrantzitsuenetako bat. Ordu arte erabilitako energia berritu zitezkeen iturrietatik bazetorren:giza-energia, eolikoa, hidraulikoa edo egurretikoa… ikatz mineralaren erabilera hedatzearekin berritu ezin diren energia-iturrien ustiaketa zabala hasiko da.

 

Industri iraultza eta Gaur Egungo Aroa

XVIII. mendearen bukaeran manufaktura-ekoizpenaren hazkunde handia gertatzen da Ingalaterran, eta hori, beste arrazoi batzuen artean, baporezko motoreari eta beste berrikuntza tekniko batzuei esker makinek izaten duten bilakaera dela-eta, fabrika eta tailerretan produktibitatea hazi egiten delako. Merkatuen hazkundeak baldintzatzen du garapen ekonomikoa, eta hori bi bidetatik gertatzen da: Europako biztanleriaren hazkundea eta «itsasoz bestaldeko» herrialdeen garapena, haietara esportatzen baitira bertatik ekarritako lehengaiekin egindako produktuak. Kolonien espoliazioa goren mailara iristen da. Komunikabideak ere nabarmen garatuko dira eta burdinbidea izango da horietan nagusienetakoa; burdinbidearen eraikuntzak kapital handiak mugiaraziko ditu Europa osoan. Horren garapenarekin batera burdingintza eta meatzaritza garatuko dira.

Industri iraultza Europako erdialdeko eta Iparrameriketako herrialdeetara zabalduko da. Planetako gainerako tokiak alde batera geratuko dira, baina horrek izango ditu bere ondorioak. Ekonomia gero eta globalagoa egingo da eta lehen aldiz, gizonak planetako eremu mugatu batean egindakoak, mundu osoko ingurumenaren sisteman izango du eragina, adibidez, herrialde industrializatuetan nasaiki erabiltzen hasten diren erregai fosilen eraginez CO2 kopuru handiak isuriko dira atmosferara.

XIX. mendean argi-indarra hasten da ekoizten ikatza errez eta haren erabilera berehala zabalduko da Europako erdialdeko hirietara, eta ondorioz, hazi egingo da gai kutsatzaileen isurketa.

Ekimen pribatuak pisu handia izango du ekonomiaren joera berrietan, eta sistema berriak jaioko dira, politikan erregeen absolutismoa eta ekonomian nobleen pribilegioak eta monopolioa borrokatuz. Burgesia aitzindari dela mugimendu bat zabalduko da Europan eta Iparrameriketan, arrakasta gehiagorekin edo gutxiagorekin, liberalismoa. Planetako gainerakoek, bitartean, aro modernoari dagozkion garapenereduak gordeko dituzte, industria iraultzaren berrikuntzaren bat edo beste edozein tokitan aurki badaiteke ere.

Industriazko jardueraren garapenak hondakinen hazkundea ekarriko du eta Europako ibai nagusiek jasango dute horren eragina. Antzinatik komunikazio-bidegisa erabiliak zirelarik, ordutik aurrera jaiotzen ari den industriak sortutako hondakinak bilduko dituen isurtegi izango dira.

Gainera, nekazaritzaren garapenak eta horrek dakarren ongarri, pestizida eta abarren erabilerak ere areagotu egingo du ingurunera isuritako gai kutsatzaileen kopurua.

Horren ondorio zuzena izango da, bestalde, jatorrizko basoen azalera gutxitu egingo dela, batetik, paper gehiagoren eskaera asetzeko behar den orea egiteko pinu-sailak landatuko direlako haien ordez, eta bestetik soro landuak behar direlako.

Ingurumen-baldintzak bereziki gogorrak izango dira langileentzat egingo diren auzoetan.

Lan-baldintza gogorrei, langileek eta beren familiek erabiltzen duten uraren eta airearen kutsadura gaineratu behar zaie.

Horregatik guztiarengatik orduan jaiotzen dira, ingurumenari dagozkion historiako lehen aldarrikapenak.

XX. mendearekin batera petrolioaren erabilera hedatzen da, bai industriarako eta argi-indarra ekoizteko, eta baita, eztandamotorren bilakaerararen ondorioz, garraioetarako ere. Zientziaren eta teknikaren bilakaerak, lehen mundu gerraren ondoren, batik bat, beste energia-iturri batzuen garapena ahalbideratuko du, energia nuklearrarena.

Industriaren hedapenak energia kontsumo handia ekarriko du, eta horrek ingurumenari dagokionez, atmosferara isurtzen diren gai kutsatzaileen hazkundea eta arriskutsuak diren eta tratamendu zaila duten hondakin ugarien ekoitzaraziko ditu.

Hori da energia nuklearrarekin gertatzen dena, adibidez. XX. mendearen amaieran hasten dira nabarmentzen lehen aldiz energia-kontsumo handi horrek ingurumenean dituen ondorioak. CO2-en isurketa hazi egiten da pixkanaka, eta erantzule nagusiakherrialde garatuak badira ere, garatze bidean dauden herrialdeek ere gero eta gehiago sortzen dute, bizimodu hobe baterako bidean; horren ondorioz, berotegiefektu izenez ezagutzen dena gertatzen da.

Isurketak direla eta atmosferan kontzentrazio handitan aurkitzen den karbono-dioxidoak eguzki-erradiazioari lurreraino igarotzen uzten dio baina itxi egiten dio bidea lurretik sortzen den beroari. Horrek igo egiten du planetako tenperatura eta, horren ondorioz, aldatu egiten da munduko klima.

Arazoa zehazteko orduan bat etorriagatik, gobernuek eta nazioarteko erakundeek ez dute arazo honi konponbide bat emango dion konpromisorik lortzen, bide bakarra energia-kontsumoa gutxitzea izanik, hori baita, aldi berean, egungo eredu sozioekonomikoaren euskarri nagusia.

Industriaren garapenak, era berean, bioaniztasunaren murrizte handia ekarri du.

Planetaren pixkanakako gizatartzeak, giro naturalen aldaketak eta baliabide natural batzuen neurriz gaineko ustiaketak, egurrarenak adibidez, animalia eta landare mota askoren desagertzea ekarri dute, asko eta asko oraindik katalogatu gabekoak, gainera.

Tropikoetako oihanetako ekosistema aberatsak eta aniztasun biologiko handienetakoen jabe direnak, eraso gogorrak ari dira jasaten, ekologisten elkarteen eta nazioarteko erakunde batzuen salaketak gorabehera.

XX. mendearen amaiera aldera, eta nazioarteko farmazia industriak medikuntzari aplika dakizkiokeen printzipio aktibo berriak ikertzeko tropikoetako oihanek dituzten gaitasun ikaragarriak aurkitu zituztenetik aurrera hasi ziren Munduko Bankua eta gisako erakundeak eta mendebaldeko gobernu garrantzitsuenak elkarlanean zona hauek desager ez daitezen.