Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Garapena eta azpigarapena

Europako estatuetan eta ondoren Estatu Batuetan gertatu zen industri iraultzaz eta hazkunde ekonomiko arinaz geroztik harik eta XX. mendeko 1960ko hamarraldia arte, iritzi hedatua zen munduak bere ekonomia eta ongizate soziala gara zezakeela aitzindari horien ereduaren ildotik. Garapen zalekeria ekonomikoaren aldi hartan, kapitalismoa bete-beteko hedaldian zegoen.

Egoera hartan, eta batez ere 1950az geroztik, ?azpigarapen? kontzeptua erabiltzen hasi zen, europar eta ipar amerikarren neurriko industria garapena eta hazkunde kapitalista artean ezagutzen ez zuten herrialdeen ?anomalia? adierazteko.

Alabaina, kapitalismoak garapen homogenizatzaile eta ekitatiboa bultzatzeko dituen zailtasunengatik eta garapena neurtzeko erabiltzen ziren aldagaiengatik, arazoa bestela ikusten dute azken hamarraldietan agertu diren pentsamendu joera berriek, eta ez dute bere egiten arestian aipatu dugun garapenaren determinismo historikoa, ez baitute uste herri orok ?garatuak? omen diren herrialdeen mailara heltzeko bide bera jorratu behar duenik. Are gehiago, ikuspegi berrien irudiko, ?azpigarapen? kontzeptua, produktu historikoa denez, ?garatua? omen den munduko aldearen garapen motaren ezaugarriek baldintzatzen dute.

Horiek horrela, ?garapen? kontzeptua bera bilakatu da eztabaidagai, ikusmolde berriak alderik alde balioetsi nahi duelako aipatu prozesuen historiaren garrantzia eta, era berean, baita aldaketetan partaide izan diren giza talde eta pertsonena ere. Aurrerapen eta ongizatearen bidean prozesu horiek ingurumenarekin izan duten erlazioa ere kontuan hartzen dutenez, alderdi horiek guztiok bateraturik, kontzeptu berrien eragile dira. Bat azpimarratuko dugu, gerora aztertuko dugun funtsezko bat hain zuzen: ?giza garapena eta garapen jasangarria?.

 

Garapenaren gaineko teoriak

Garapenaren gaineko teoria Bigarren Mundu gerraren ondoren sortu zen, Asia, Afrika eta Karibea deskolonizatu zirenean.

Teoria honen xedea azpigarapenaren kausak eta horrelako egoera bat gainditzeko estrategiak azaltzea da. Aurretik, ekonomilari klasikoak, Marx izan ezik, ezta neoklasikoak ere, ez ziren arazoa aztertzeaz arduratu. Baina, esan bezala, 1940ko hamarraldian ekin zitzaion horretaz gogoeta egiteari, orduan ?azpigaratutzat? jotzen hasi zen herrialdeetan oinarriturik.

Gaiari lotu zitzaizkion lehenengo autoreek oso uste onez begiratzen zieten Hirugarren Munduak omen zituen garatzeko aukerei; dena dela, laster erabaki zen haien analisia oso sinplea zela, sobera irreala, eta funtsezko aldagai batzuk zokoratzen zituela.

Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik, 1950eko hamarraldiaren amaieran alderdi bitan banandu ziren garapenaren gaineko teoriagileak, eta bi muturretara jo zuten.

Egoera horretatik bi ikuspegi nagusi sortu ziren, nor bere interpretazioekin.

Batzuen iritziz, oroz gain, halako herrialde behartsuen pobrezia erakusten duten faktoreak dira aintzat hartu beharrekoak edo analisiaren funtsezko irizpideak, besteak beste, elikadura txarra, umeen hilkortasun tasa etab. Hortaz, bide endogenoa edo barrukoa proposatzen dute Hirugarren Munduko egoera aztertzeko. Beste batzuen aburuz, ordea, irizpideetariko askok kanpo mendekotasunaren eta ekonomi desantolaketaren estimaziogile egokiak izan behar dute. Beraz, bide exogenoari heltzen diote, nazioarteko ingurumariari kontu eginik.

Horrenbestez, esan gabe doa batzuk eta besteak ez datozela bat epe laburrera, ertainera eta luzera nolako politikak hezurmamitu behar diren proposatzen dituztenean, zeren, batez ere pobrezia azpimarratzen

 

Ikuspegi konbentzionala

Ikuspegi konbentzionalari jarraiki, herrialde guztiek estatu industrializatuen garapen eredua imitatu eta maila berera heldu behar dute. Horretarako nork bere oztopoak gainditu behar ditu, barruan dituzten baldintzapen ekonomikoak landuz.

Horrela pentsatzen dutenen iritziz, garapen bideko herrialdeak herri industrializatuen bidean ari direlarik, beheragoko maila batean daude oraindik, eta ahaleginetan dabiltza haien mailara igotzeko. Beraz, garapen bideko atzerapenaren ideia aldezten dute. Ikusmolde horrentzat garapena eta hazkunde ekonomikoa bat eta bera dira, behar den denbora hartuz eta politika egokiaren bidez lor daitekeena.

Haien ideien artean azpimarratu behar da hazkunde ekonomiaren etapei buruz egiten duten azterketa, atzerapenaren kontzepturik abiatuta. Bost etapa nagusi bereizten dituzte, hurrenkera bakar eta finkatuan jazotzen direnak:? Abiaburua gizarte tradizionala da.

Nekazaritza da jarduera ekonomiko nagusia eta familiak garrantzi handia du. Boterea lur jabe handien eskuetan dago. Tradizioa eta ohitura dira ezagupenen iturria.

Fatalismoak biltzen ditu kultura balioak.? Balio berriak eta jarduera aldaketak agertzen dira, hazkunde ekonomikoa bultza dezaketen baldintzak sortzen dituztenak: baikortasuna, nazio duintasuna bezalako sentipen dinamikoak, mozkin pribatua onartzea, aurrezkiaren eta inbertsioei bide ematen dieten finantza baliabideen gehikuntza. Ezagupen teknikoen gehikuntza eta aplikazioa ere aipatu behar dira eragileen artean. Faktore guztiok batera nekazaritzaren eta industriaren ekoizpen ahalmena sustatzen dute.

? Ondoren hazkundearen hasiera dator. Erakundeek eta gizarte balioek hazkundea eragin eta ekoizpenaren mugak zehazten dituzte. Inbertsioak gehitzen dira eta industria berriak agertu. Nekazaritza modernizatzen da, eta horren ondorioz badago eskulanak handik industriara bideratzeko.

Teknologia berriak zabaltzen dira. Izan ere, oro har, egitura politikoak, ekonomikoak eta sozialak aldatzen dira, itzulezinezko modu batean egin ere.

? Hurrengo urratsarekin gizartea heldutasunerantz aitzineratuko da. Aurrerapen teknologikoak zabaltzen dira, inbertsioen tasak ere gora egiten du. Hazkunde ekonomikoa gizartearen lehentasuna bihurtzen da.

? Masa kontsumoko gizartea finkatzen da. Orduan, herritar guztiek beren beharrak asetzen dituzte, elikadura, arropa, etxebizitza egokiak eskuratuz. Zerbitzuen sektorea garatzen da eta sektore publikoak ongizatezko gizartea bultzatzen du, pertsonen gizarte segurantzako eta osasuneko premiak neurri handi batean betez.Baina esan behar da ikuspegi honen barruko autore batzuek beste ezaugarri batzuk eransten dizkiotela garapen bideari, herrialde haietako egitura ekonomiko dualagatik. Garrantzi handia ematen diote merkatu ekonomiak dualismoa birsortzen izan dezakeen eraginari, nolabaiteko gurpil zoroa edo zirkulu hertsia eratzeraino.

Esan nahi baita, ekonomiaren arlo batzuk oso edo erabat motelduta daudelarik, beste batzuk, aldiz, guztiz garatu gabe egon daitezkeela edo, artean agertu ere ez direla egin. Gisa horretara, merkatu ekonomiak pobrezia eta marjinazioa luzarazi ditzake.

Iritzi honen aburuz, pobreziak badu zirkulu hertsirik, faktore askok horretara eroaten baitute. Horrela, azpigarapena egoera ekonomiko egonkorra da, nekez gainditzeko modukoa, herriak paralizaturik egoten direnez. Zirkulu hertsiari arnasa ematen dioten faktoreak dira, besteak beste, lehia sustatzen ez duen balio sistema, enpresario falta, erlijioen fatalismoa, gizartearen ikusmira mugatzen duten banaketa etnikoak, esku lanaren arbuioa, aisiaren lehentasuna... Zirkulu hertsitik ez da erraz irteten, gizarteak geldituta egoten direlako.Adibide bat ematearren. Gizarte nekazari batean, laborariak miseriaren ertzean bizi badira, inbertsioak hain dira arriskutsuak non nahiago baitute tradiziozko lan moduari atxiki era berriak sartzea baino.

Hortaz, argudio horren oinarrian, pobreziak herrialdeak pobre egiten dituelako ideia ageri zaigu, aintzat hartu gabe, soberakinak daudenean ere, oso desoreka handiz banatzen direla, eta pobrezia larria eragiten duten beste kausa batzuek ere badirela.

 

Ikuspegi dialektiko-estrukturala

Ikuspegi dialektiko-estrukturalak ikuspegi konbentzionalarenaz besteko ikusmira eskaintzen du, azterketa globala egiten duenez. Herrialde azpigaratuetako zein tradizio marxistako ekonomilari batzuek hezurmamitu dute.

Mendekotasunaren teoria azpimarratu behar da. Periferiako ekonomiek mendekotasunezko kanpo-harremanekin egiten dute topo garatzeko ahaleginetan; hortxe aurkitzen dute, bada, haien eragozpen nagusia.

Ekonomilari hauen iritziz, herrialde batzuek beste batzuen garapen eredua ordaindu behar dute. Horrela, herrialde batzuetako ekonomiak beste batzuen politiken ondorioak pairatzen baditu, menderatua dela onartu beharko da.

Mendekotasunak era eta intentsitate desberdinak har ditzake mendekotasun ekonomikoa, merkataritzakoa, teknologikoa, finantzarioa, kulturazkoa, politikoa etab. Esate baterako, merkataritzakoa denean, herrialde menderatuen kanpo trukeak herrialde garautuekikoen mendean daude.

Gainera, herrialde askoren ekoizpen espezializazio handiak larriagotzen du mendekotasuna, sarritan, ia labore bakarra ekoizten baitute (kafea, bananak, artoa, tea...). Bestalde, mendekoak izaten dira kontsumo ereduaren, finantzen eta teknologiaren aldetik ere.

Mendekotasunaren teoriaren ildotik, zenbait autorek diotenez, azpigarapena ez da gertatzen biztanleko ekoizpena txikiagoa izateagatik, bestelako eta berezko ezaugarri estrukturalengatik baizik. Beraz, komeni da herrialde azpigaratuak eta garatuak ez nahastea. Hona hemen aipatu ezaugarriok: ? Periferiako herrialdeetan, muturreko desberdintasunak gertatzen dira ekoizpena banatzeko moduan, erdialdekoek ezarritako prezio sistemak hala eraginda. Jakina, periferiakoen egoeragatik jazotzen da hori, eta errenten banaketa baldintzatzen du.

? Ekoizpena erdialdearen beharren arabera bideratzen denez, halako desantolaketa gertatzen da non galarazirik geratzen baita mozkinak gune garatuetatik gainerako inguruetara transferitzea.? Erdialdeko herrialdeak periferiakoen ekonomia menderatzen dute, nazioarteko espezializazioaren bidez eta periferiak kreditua finantzatzeko duen egituragatik.

Lehenengo kausari buruz, esan behar da erdialdeak nazioarteko merkataritzaren egiturak erabiltzeko moduak eragiten duela periferia bere interesen esanetara egotea; bigarren kausari buruz, garrantzia duela atzerriko kapitala pilatzeko moduak.

Mendekotasunak, beraz, ekonomia zatitzen du, orduan, ahula da sektoreen arteko lotura. Ekonomia integraturik ez dagoenean, alegia, sektoreak elkarren osagarriak ez badira, ekonomia zatitua izango da. Ekonomia integratuan, sektore bakoitzak besteek ekoiztutakoaren parte handi bat kontsumitzen du, eta horrelako industria kontsumoak beharrezkoak dira zeinahi ekonomia garatutan.

Halaber, kanporakoitasuna omen da ekonomia horien gaitzetariko bat, esan nahi baita ekoizpenaren parte handi bat kanpo merkatura begira dagoela, herrialde garatuen ekonomia osatzera bideraturik. Hartara, batez ere nekazaritzako, abeltzaintzako eta esportatzeko meatzaritzako produktuak, petrolioa eta gasa ekoizten dituzte.

Horiek horrela, argi dago ikuspegi konbentzionalaren aurreikuspenek huts egin dutela, zeren azken hamarraldietan herrialde aberats eta txiroen arteko aldeak, txikitu beharrean, handitu egin baitira. Aldi berean, munduko biztanleriaren bizi baldintzek txarrera egin dute, pobreziaren hazkundeak, azpinutrizioa larriagotzeak, gaixotasunak gehitzeak, langabeziaren emendioak eta analfabetismoaren gorakadak erakusten dutenez. Honez gero, onartzen hasi da gauzatu diren garapen politikek porrot egin dutela, ez soilik arazoak konpondu ez dituztelako, baina gero eta larriagoak direlako.

Bilakaera horren ondorioz beste ikuspegi bat azaldu da, oinarrizko premiei kasu egiten diena hain justu, argi ikusi baita funtsezko beharrizanak asebete ezik, oztopo handiak jartzen zaiola garapena lortzeko ekinbideari.

Halatan, beharrezkotzat jotzen dute horrelako arazoei aurre egiteko moduko konponbideak eman ahal dituzten proposamenak hezurmamitzea. Horietarikoak ditugu, besteak beste, herritarren talde behartsuenetan esku hartzeko beharra, politika sektorialak, lur jabetza eraldatzea bezalako egitura erreformak, nazioarteko laguntza..., ezen, jarrera berri hau aldezten dutenen ustez, oinarrizko premiak asetzea ezinbesteko baldintza baita herrialde azpigaratuek gaitasunean aurrera egin dezaten.

Nolanahi ere, beste eztabaida gune batzuk agertu dira, gaur-gaurkoak, eta giza garapena eta garapen jasangarria dute hizpide (ikus Ekonomia eta Ekologia).

 

Giza garapena

Giza garapena neurtzeko metodo berri honek beste ardatz batzuk azpimarratzen ditu, garrantzia emanez garapen ekonomikoaren subjektuek dituzten gaitasunen garapenari eta, era berean, gaitasun horiek aplikatzeko aukerak garatzeari. Garapenaren kontzeptu berria Nazio Batuen Elkartearen 1990erako Programak mamitu zuen, esanez giza garapena dela: ?gizakion aukerak gehitzeko prozesua?. Hasieran aukera horiek infinituak eta denboran barna aldatzen joateko modukoak badira ere, hiru dira garapen maila guztietan funtsezkoenak: bizitza luze eta osasuntsua, ezagupenak lortzea eta bizimodu onargarria ahalbidetzen duten baliabideak eskueran izatea.

Funtsezko aukera horiek izan ezik, beste asko ez dira eskuragarriak izango.

Giza garapena ez da horietan agortzen.

Pertsona askok hagitz balioetsiriko beste aukera batzuk dira bai askatasun politiko, ekonomiko eta soziala, bai sromena eta emankortasuna, baita nork bere burua errespetatzea eta giza baliabideen bermea izatea ere.

Giza garapenak, beraz, bi alde ditu; bata giza gaitasunak eratzea da (adibidez, osasun hobea, ezagutza eta trebetasunetan aurreratzea), eta bestea, gaitasunen erabilera, atsedena hartzeko, ekoizteko, kultura jardueretarako edo jarduera sozial eta politikoetarako.

Giza garapenak ezin baditu alde biok orekatu, giza frustrazio handia ager daiteke.

Giza garapenaren kontzeptu honen ildotik, argi dago dirua jendeak eskueran izan nahi dituen aukeretariko bat dela soilik, oso garrantzitsua, hori ez dago ukatzerik. Alabaina, bizitza dirua baino gehiago denez, garapenak aberastasunaren eta diru sarreren gehikuntza baino gehiago hartu behar du bere baitan. Gizakia da garapenaren helbururik behinena.? Nabari denez, ikuspegi hau ez dator garapenarekin eta hazkunde ekonomikoarekin bat. Horregatik, ez ditu ohiko adierazleak erabiltzen, biztanleko errenta nazionala (ikus Kontabilitate Nazionala) bazter utziz, Giza Garapenaren Indizea (GGI) baizik.

Zaila da oso giza garapenaren osagai batzuk neurtzen, eta horregatik, giza garapenaren indizeak hiru osagai lantzen ditu: bizitza osasuntsuaren iraupena, hezkuntza eta diru sarrerek ematen dituzten aukerak.

Munduko egoerak erkatu beharrez, adierazle batzuk darabiltza, besteak beste, jaiotza uneko bizi itxaropena, osasun zerbitzuez baliatzeko aukera, pobrezia, langabezia eta analfabetismo tasak, ura eskuratzeko erraztasuna, eskubide zibilak eta emakume eta gizonen arteko berdintasun gradua.

Emaitzen arabera, emakumeak gizonen atzetik dabiltza datuak eskaintzen dituzten herrialde guztietan.

 

Kanpo zorraren arazo larria

Periferiako herrialdeetan gastuak eta inbertsioak ordaintzeko egin zituzten kanpo-zorroren ondorio larriak ari dira pairatzen gaur egun. Hala da; zorpetzeaz baliatu izan dira azken hamarkadetan, batik bat 70eko hamarraldiaz geroztik. Petrolioaren krisiak izugarri handitu zuen kanpo zorra, halako moduan non petrolio inportatzaileena bost bider handitu baitzen. Izan ere, hasiera batean oso merke eskuratu zuten dirua, nazioartean likidezia handia zegoenean.

Arrazoia petrolio esportatzaileek eskuratzen zuten dolar kopuru eskergan datza («petrodolar» direlakoak). Dirutza baten jabe zirelarik, finantza merkatura atera zuten, handik mozkinak lortzeko amoreagatik.

Erdialdeko herrialdeetan kreditu eskaria egonkor zebilenez, bankuek periferiara bideratu behar izan zuten diru hori eta, horrela, interes tasak jaitsi eta bezero berriak antzemateko kanpaina gogor bati ekin zioten.

Egoera horrela zegoenean, beste bi faktorek erraztu zuten delako kanpo-zorpetze hura. Dolarraren kotizazioak ere beherantz egiteko joera zuen eta hobetu egin ziren periferiak ekoizten zituen lehengaien prezioak. Horrenbestez, herrialde haiek, garapen zalekeriaren euforian murgildurik, dolar merkeetan emandako kredituen bidez zorpetu ziren. Kredituek aukera eman zieten petrolioa erosteko eta industria garatzera bideratu beharreko kapital ondasunak eskuratzeko. Nolanahi ere, maiz maileguek ez zuten ekoizpen proiektu baliagarrik ekarri, zeren, batzuetan, periferiako gizarteen beharrak asetzenez zituzten makroproiektuak bultzatzeko erabili baitzituzten eta, areago, agintariek eskua luzatuz, ez baitzen falta izan kapital ihesik. Uste denez, 1980ko hamarraldian Latinamerikan bakarrik 200.000 milioi dolarrek egin zuten ihes.

Gainera, 80ko hamarraldian bertan hasi ziren ohartzen garapena ez zela uste zen bizkor gertatzen. Inbertsioetatik lortu nahi zuten errentagarritasuna lortzen ez zutenez, are zor gehiago egin behar izan zuten aurreko zorraren interesei aurre egin beharrez.

Beraz, zorpetzearen espirala piztu zen. Hori gutxi bazen, petrolioaren bigarren krisia hasi zen, eta erdialdeko sistema ere krisian jarri zuen. Une hartan, gobernu kontserbadorea izendatu zuten Estatu Batuetan, zeinek, inflazioa kontrolatu asmoz, interes tasak igotzea erabaki baitzuen. Neurriok berehala hedatu ziren gainerako estatu industrializatuetara.

Jakina, interesak dolarretan ordaintzen zirenez, gehikuntza eskerga izan zuten ordaindu behar zutenek, eta herrialde zorpetuek oztopo handiak aurkitu zituzten kanpo-zorrari aurre egiteko. Horren guztiaren ondorioz, sistemak kiebra egin zuen.

Gauzak are okerragotu ziren 60ko hamarraldiko krisiaz geroztik, erdialdeko estatuak periferiako inportazioak gutxitzen hasi zirenean, Hirugarren Munduko zailtasunak handitu ziren eta. Egoera hartan, 1982an Mexikok ordainketen atzeratzea erabaki zuen bere aldetik, ezin baitzien aurre egin batik bat erdialdeko bankarekin eta gobernuekin zituen finantza beharkizunei.

Izatez, Latinoamerika zen zorrek gogorren eragindako aldeetako bat. 1982an periferiako herrialdeen zor guztiaren %45,4 latinoamerikarra zen, guztizko banku zorraren %63,2 hain zuzen.

Mexikoren erabakiaren ondorioz, nazioarteko bankuak izutu ziren, eta kreditugehiago emateko atea itxi zuten. Egoera ikusirik, Nazioarteko Diru Fondoak doikuntza ekonomikorako plan zorrotzak egiteko eskatu zien zordunei, zorrak ordaintzeko mailegu berriak eskuratu ahal izateko. Doikuntza politika horiek ?baldintzapen klausulak? izena dute.

Doikuntza politikek ondorio txarrak izan dituzte politika sozialetan, zeren, doikuntzek eskatu duten gastu publikoaren gutxiagotzeak, zerbitzu sozialak murriztea ekarri baitu, sanitatea eta hezkuntza adibidez.

Ahulenek ordaindu dute, oroz gain emakumeek.

Soldatak ere izoztu direnez, txarrera egin du herritar askoren bizi egoerak.

XX. mendearen amaierara heldu garenean, artean ez da aurkitu periferiak nazioarteko bankarekin duen zor eskerga txikitzeko modurik. Oraindik ez da diseinatu estrategia komunik arazoari konponbide globala emateko eta Nazioarteko Moneta Fondoak eta banku pribatuek ezartzen duten alderdi biko negoziazioa gainditzeko.