Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Ekoizpena

Ehungintzako lantegi moderno batean lanean. Ehungintzan eragile tekniko eta sozialen arabera banatzen da lana.<br><br>

Egunero kontsumitzen eta erabiltzen ditugu produktuak edo zerbitzuak, edo harremanetan egoten gara haiekin. Normalean enpresetan sorturikoak izaten dira eta, beraz, ekoizpen jardueraren fruitu, hau da, lehengaiak azken kontsumitzaileak erabili ahal izateraino eraldatzeko jardunbide baten ondorio izaten dira, ekoizteko jarduera gauzatzearen ondorio, beraz.

Ekonomia sistemen funtzionamendua aztertzen hasi zenetik, azterketa ardatzetariko bat izan da lehengaiak objektu edo zerbitzu izateko ekoiztea edo eraldatzea, hil edo biziko garrantzia dutelako gizaldeek bizirik edo ugaltzen iraun dezaten. Gaur egun, sistema kapitalista ia hegemonikoa da mundu osoan eta ekoizteko moduak ditu bereizgarri, horien bitartez aberastasuna sortzen baita eta aberastasun hori metatu, berrinbertitu eta aberastasun gehiagoren sortzaile bihurtzen. Prozesu hori, gainera, ez da ari gauzatzen oso modu bidezkoan, zeren eta kapitalismoaren fase honetan kapitalak erakutsitako metatze irrika biziak erabat galarazten baitu ekoizpen jarduerak sorturiko mozkina sortzaile guztien artean zuzentasunez banatzea. Jarraian deskribatuko ditugu ekonomia jardueraren osagai nagusiak, horrela zehatz-mehatz ulertu ahal izateko ekonomia sistemaren ardatza den (ikus Ekonomia jarduera) ekoizteko prozesua.

 

Lan prozesua

Objektu bat produktu jakin bat bihurtzeko jardunbideari, lan prozesua esaten zaio, objektu hori naturala zein lehendik aldaturikoa izan daitekeela. Eraldaketa gauzatzen da gizalanaren bitartez, halako lanabes batzuk erabilita. Eraldatze unea da garrantzizkoena lan prozesuan.

Lan prozesuaren osagaiak objektua, bitartekoak, ekintza eta produktua dira.

Objektua langaia da, materia gordina –naturatik zuzenean datorrena (zuhaitzak zura lortzeko, burdina altzairua eskuratzeko etab.)– edo lehengaia –lanaren bidez nola edo hala eraldaturiko gaia (etxeak edo altzariak egiteko erabiltzen diren oholak,etab.)–. Egun, materia ukiezina garrantzia hartuz doa lan prozesuaren objektu gisa, maizkoena informazioa dela. Adibidez, zapatagintzan lehengai nagusia larrua izango da, zapata mota guztietan erabiliko da-eta.

Hala ere, bidaia agentzia batean lehengai nagusia informazioa da eta bidaiak eta horien inguruko zerbitzu guztiak kudeatzeko erabiltzen da.

Lan bitartekoak langileak beraren eta objektuaren artean tartekatzen dituen tresna edo lanabesak dira; adibidez: zerra, tornua etab. Zabal hartuta, gainera, eraldatze jardunbidean zuzenean esku hartu ez arren, hori gauzatzeko ezinbesteko diren baldintza materialak ere sartzen dira, esaterako: lurzorua, lantegiak, enpresaren ibilgailuak etab. Lan bitartekoek kapitala deritzoguna eratzen dute (ikus Kapitala). Nolanahi ere den, kapitala lortzeko, lehendik, giza jardueraren bat, lanen bat egin behar izan da.

Ekoizpen prozesuaren baitako giza jarduerari lana ere esan ohi diogu (ikus Lan merkatua). Ekoizkin kopuru baten bitartez adierazten den lan horrek, giza energia kopuru bat erabiltzea eskatzen du. Lanaldiaren osteko nekea energi gastuaren ondorio fisikoa baino ez da.

Produktua edo ekoizkina, output ere deitua, lan prozeduraren amaieran lorturiko azken objektua da, ekonomia ondasuna, alegia (ikus Ondasun motak). Gizaki, enpresa, industria edo nazio baten ekonomia jardueratik ondorioztatutako ondasun eta zerbitzuak biltzen ditu. Produktutzat, normalean, produktu gordina jotzen da; hala ere ekoizterakoan, enpresak edo nazioak erabili beharko ditu beste enpresa edo nazio batzuek ekoizturiko produktuak ere.

Definiziorik erabilgarriena, hortaz, ekoizkin netoarena da, ekoizkin gordinari ekoizten erabilitako ondasun eta zerbitzuak kentzearen ondoriozko kopurua. Horiek horrela, makinek eta ekipamenduek, esaterako, balioa galduko dute erabiliaren erabiliaz eta, beraz, normalean, produktu gordinari higaduraren kostua kendu behar zaio.

Lan prozeduran, harreman tekniko (fisiko) hutsak eratzen dira ekoizkina sortuko duten objektuaren, bitartekoen eta giza jardueraren artean.

 

Zer da lan prozesua?

Ekoizpena, ekonomia orokorraren ikuspegitik, ondasun eta zerbitzuen erabilgarritasuna edo ahalmena gehitzean datza, harik eta gizakiaren beharrizanak asetzen dituzten arte. Adibidez, irina ogiaren oinarria bada ere, legamiarekin nahastu, maneatu eta labera sartu behar da, ogi moduan banatu, erosi eta jan ahal izateko. Prozesu hori ekoizpena da eta, enpresaren ikusmoldetik, ekoizpen jarduera guztiak hartzen ditu barnean, baldin eta baliabidea (irina, legamia) bukaerako produktu (ogia) bilakatzearekin zerikusia badute. Produktuak biltegian gordetzea, garraiatzea eta saltzea ere prozesuaren barruan sartzen dira.

Modu zabalagoan hartuta, ekoizpenaren barruan sartzen dira bai manufakturak, eta bai lanbide jarduera eta zerbitzu guztietan egindako lanak. Manufakturetan, esate baterako, ekoizteko prozesua ez ezik (hau da, gaia naturatik lortu eta halako tresna eta teknika batzuk direla bitarte ekoizkin manufakturatu bihurtzea), ondasunak fabriketatik eta baserrietatik (non ez diren erabilgarri) kontsumitzaileen etxeetara (hemen erabilgarri dira) garraiatzea ere ekoizpen prozesuaren barruan sartzen da. Hau da, biltegiratze eta kontserbazio jarduerak, eta kontsumitzailearengana heltzeko bide diren handikako eta gutxikako salmentak ere barnean hartzen ditu. Ekoizpenak, beraz, hainbat itxura har ditzake: ehiza, arrantza, bilketa eta nekazaritzatik hasi, eta industriako objektu manufakturatu eta zerbitzuetaraino.

Har dezagun, adibidez, liburuaren salmenta, gai gordinetatik hasi (papera egiteko erabilitako zuhaitzetik) liburua dendan saltzen den arte, hala, ekoizpen prozesuaren fase guztien konplexutasuna zabal aztertzeko.

Liburua dendan erosi nahi izanez gero, saltzaile batek hartu beharko gaitu, eta, baliteke, kutxazain batek ere esku hartzea, baita, zeharbidez, dendako gerenteak eta administrariek ere. Gainera, liburua saldu ahal izateko, apalak eta bestelako altzariakbeharko dira, eta horrek ezinbesteko egiten du aurrez arotzek, igeltseroek, aparejadoreek, arkitektoek eta eraikuntzako beste langile batzuek esku hartzea, eta baita, zertan esanik ez dago, eraiki ahal izateko beharrezko beira, zementu, zur, paper, margo eta abarrak ekoiztu zituzten behargin mordo batek ere.

Liburura itzulirik, banaketa prozesu baten ondorioz heldu zen liburu dendara, garraio kamioia zela bitarte, eta ibilgailua, bestalde, automobilgintzako hainbat langilek altzairua, plastikoa, aluminioa, makinak eta beste hainbeste gai erabilita ekoiztu zuten, eta material horiek guztiak beste behargin batzuek ekoiztu zituzten. Kamioia txoferren batek gidatuko zuen eta urruneko petrolio putzuren batean sortutako erregaia erabiliko, horretarako behar-beharrezko izan zirela ateratze putzuak, findegia, hoditeria, eta banatzaileak. Honaino, milaka lagun dago nahasturik liburua ekoiztearekin eta oraindik ez gara inprimategira heldu. Prozesuan aurrera, jo dezagun inprimategira.

Zuhaitza botatzen denetik papertegian paper bihurtu arte, tintak eta inprimatzeko makinak ekoizten dituztenetara gero, eta, apika, halako batean, liburuaren egilearenganaino eta idazteko erabilitako paper eta lumaraino helduko gara. Laburbiltzeko, benetan identifikatu nahi bagenitu liburu jakin bat ekoizten eta banatzen lana eta nekea jarri dituzten lagun guztiak, seguru nazioko biztanleria aktiboaren zati handi bat eta atzerriko biztanleria aktiboaren ehunekoren bat ere sartu beharko genituzkeela.

 

Lanaren banaketa

Ikusi dugunez, lan prozesua ez da bakarkako ekintza. Robinson Crusoe, langile bakartu gisa, asmazio hutsa da. Ondasunak sortzen dituzten langileek ez dihardute bakarrik, horra hor lanaren eta ekoizpenaren izaera soziala. Hainbat gizakiren lana konbinatzen da: banakoek elkarlanean dihardute eta elkarrentzat egiten dute lan. Lan zatiketa horri lan banaketa esaten zaio eta zenbat eta konplexuago gizartea eta handiago ekonomia garapenaren maila, orduan eta gehiago banatzen dira zereginak.

Lanaren banaketa adigaiak hainbat egoera biltzen ditu barnean. Batzuetan, prestakuntza eta ikasketak eskatzen dituzten jardueretako lanbide espezializazioarekin lotzen da; beste batzuetan ekoizteko jarduera bat zeregin oinarrizkoagoetan zatitzearekin, lagun bakoitzak dagokion lana bete eta antzeko zailtasun mailako jarduerak betetzen dituzten beste langileekin koordinatzen dela; eta inoiz edo behin, sexuarenaraberako lan banaketarekin ere lotzen da, hau da, zereginak langilearen sexuaren arabera izendatzearekin. Lana banatzeko modu horiek berek sortzen dute lan banaketa teknikoaren eta sozialaren artean bereiztu beharra.

Lan banaketa teknikoa ekoizpen prozesu bereko lana banatzerakoan sortzen da eta asko garatu da industria modernoan.

Langile edo talde bakoitzak zeregin berezi bat betetzen du, ekoizpen prozesuaren zati bat. Automobilgintzan, adibidez, hainbat atal dago eta elkar osatzen dute, azkenean auto amaitua eman arte. Beraz, ez dago langilerik bakarka azken produktu osoa egingo duenik. Amaierako produktuan denak izan dira partaide. Ekoizteko jardunbideko zereginen banaketa teknikoak ondorioz dakar eraginkortasuna handitzea (ikus hurrengo orriak) eta, beraz, langileen lanaren errendimentua gehitzen da.

Lan banaketa soziala gizakiek gizartean betetzen dituzten zereginak (ekonomikoak, ideologikoak edo politikoak) banatzerakoan sortzen da eta oinarrian egongo da lagun bakoitzak gizarte egituran duen kokalekua. Lanaren banaketa soziala historian eskulana eta burulana bereizten ekin ziotenean hasi zen. Azkeneko horretara klase menperatzaileetako kideek baizik ezin ziten heldu.

Enpresa bateko partaide dira, esaterako, langile espezialistak, teknikariak eta zeregin teknikoak dituzten zuzendariak. Guztiarekin ere, gizakiei ez zaizkie zereginak izendatuko irizpide tekniko hutsak erabilita (gaitasun handiagoak, prestakuntza eta ikasketa hobeak), irizpide sozialak erabilirik baino. Talde batzuek badute alor batzuetara heltzea, beste batzuek ez.

 

Ekoizpen faktoreak

Input ere deituak, ekoizkin bat egiten esku hartu duten ekonomia baliabide guztiak dira. Ekonomia baliabideak aipatzen dira, atzenduta utzirik ekoizpenaren osagai muntadun batzuk –airea, esaterako– libretzat jotzen baitira naturan dohainik eskura daitezkeenez gero eta, hori dela eta, ezin dira ekonomia kalkuluetara bildu eta ekoizpen faktoretzat jo.

Adibidez, pastela prestatzeko azukre, irin, gurin eta arrautza kantitate batzuk behar dira. Lana ere behar da, osagaiak erosten dituenerana, arrautzak elur itxura hartu arte irabiatu eta beste osagaiekin nahasten dituenarena, eta abar..., beharrezkoak dira orobat manealekua, labea, platerak... Horiek denak dira pastela ekoizteko faktoreak.

Ondasun gehienak ekoizteko fase asko behar direnez gero (hasi nekazaritzan, arrantzan edo meatzaritzan eta eraldatzeraedo banatzeraino heldu arte) fase bateko produktua, askotan, geroko fase bateko ekoizpen faktorea izango da, esate baterako, garia produktua izango da nekazalearentzat, baina irin lantegian ekoizpen faktore.

Ekonomilari teoriko klasikoek (ikus Ekonomia pentsamendua) hiru multzo handitan sailkatu zituzten ekoizpen faktoreak: lurra, lana eta kapitala. Faktore horiek erabiltzeak, halaber, sarrerak, errentak eskuratzen dizkie lurjabeei, lansariak langileei eta kapital mozkinak kapitalistei. Lurraren osagai dira lurraren emari guztiak baldin eta horiek erabilita sariren bat sortzen bada: nekazaritzarako eta eraikuntzarako lurra, meatzeak, arrantza lekuak eta abar. Lanak (ikus Lan merkatua) zerikusia du lan indarra saltzeko gertu dauden lagun guztiekin, horien buru eta gorputz gaitasun eta ahalmen ororekin. Kapitalak bilduko ditu langileek eginiko baliabide guztiak eta hainbat esangura ditu, jarraian azalduko dugunez.

 

Kapitala

Kapital ondasunei inbertsio ondasun ere esaten zaie eta ez daude, sortzez, giza beharrizanak zuzenean asetzeko asmaturik, kontsumo ondasunak ez bezala, beste ondasun batzuk sortzen erabiltzeko baizik, ondorioz prozesuko ekoizpen faktore bihurtzen direla. Baliabide batzuk erabiltzen baditugu kapital ondasunak sortzen, etorkizuneko beharrak aseko dituzte, kontsumo ondasunak ekoizten erabiltzen dituztenean.

Kapital motak Ekoizten erabilitako kapitala finkoa ala zirkulaziokoa izan daiteke.Ekonomian, bestela adierazten ez den artean, kapital hitzak kapital fisiko erreala (finkoa edo zirkulaziokoa) esan nahi du, hau da makinak, eraikinak eta lehengaiak, eta ez finantza kapitala. Akzio pakete batek ez du eratzen ondasun eta zerbitzuak sortzeko baliabiderik eta, beraz, ekonomiaren ikuspuntutik, ez da kapitala. Modu berean, ekonomian inbertsioa aipatzen denean inbertsio errealaz dihardugu, alegia, makinak eta eraikinak metatzearen gainean, eta ez finantza ondasunak erosteari buruz.

Adibidez, jaulkitako akzioak erosterakoan ez da benetako inbertsiorik egiten, akzioen jabetza eskualdatu baino.

Ekonomian, kapital fisikoa ez ezik, beste bi kapital mota ere bereizten dira:Eskola neoklasikoak (ikus Ekonomia pentsamendua) bi ekoizpen faktore aztertu zituen: kapitala eta lana, lurra kapitalaren modu soil bat baino ez zela, eta aldezten zutenaren arabera, horiek biak elkartzea positiboa da. Esparru horretan faktore finko eta aldakorrak bereizten dira bateko, eta faktore banagarriak eta banaezinak besteko:Neoklasikoek landutako faktoreen ezaugarrietatik ondorengo hauek nabarmenduko ditugu:

 

Ekoizpen funtzioa

Kontzeptu hau esangura bat baino gehiago du. Batetik, enpresak betetzen duen zeregin edo eginkizunetarik bat da (ikus Enpresa), bestetik ekonomilari neoklasikoek garaturiko ekoizpen jardueraren eredu erraztua da. Funtzioak azaldu nahi du nolako harremanak diren lorturiko ekoizkinkantitatearen eta beharrezko faktoreen kantitateen artean.

Ekoizpen funtzioak azalduko du gehienez zenbateko ekoizpena lor dezakegun faktore kantitate desberdinak erabilita eta teknologia jakin batean oinarriturik. Hau da, adieraziko du nolako aukerak dauden ekoizpen faktore batzuk batuta halako ekoizkin kantitate jakin bat lortzeko. Alegia, ekoizpen prozesurik eraginkorrena definituko du teknikaren aldetik.

Ekoizpen funtzioak, hortaz, ekoizpen jardunbideko input edo osagai guztiak izango ditu kontuan, hau da, ekoizpen faktoreak (neoklasikoen iritziz: lana eta kapitala, ikerlan zehatzago batzuek hondar faktore bat ere gehitzen duten arren) eta ekoizpen jardueraren output edo irteerak, alegia, kapital eta lan faktoreak elkartzearen ondorioa, produktua.

Demagun sarrera biko eta irteera bakarreko ekoizpen funtzio bat. Enpresa batek bi ekoizpen faktore ditu: K (kapitala) eta L (lana), eta horiek elkartzea dauka halako ekoizpen maila bat lortzeko, erabilitako kapital eta lan kopuruen arabera: f(K;L), zeinaren gehienezkoa Q izango den (faktore konbinazio horrekin gehienez lor daitekeen ekoizpena).

Ekoizpen funtzioak edozein konbinaziori (K,L) esleituko dio gehienezkoa, Q = f(K,L) hau da, C(K,L) konbinaziorako gehienezko output edo ekoizpena, halako denbora unitate jakin baterako.

Funtzio hori kritikatzen dute, batez ere, aukera ematen duelako kapitala eta lana faktore berezitzat definitzeko, nahiz eta makina lehengo lanaren emaitza den eta gizalanik gabe funtzionatzerik ez duen.

 

Produktibitatea

Enpresaburuen etekina sistema kapitalistaren motor nagusitzat jota, ekoizkin kantitatearen eta hori lortzeko erabilitako langile kopuruaren arteko erlazioa bihurtu da lehiakortasun adierazle, enpresa batek sektore bereko enpresekin lehiatzeko duen gaitasunarena, hain zuzen ere, kostuek mozkin maila eta berrinbertitzeko ahalmena baldintzatzen dituztenez gero. Hau da, produktibitatea adierazle erabilienetako bat da ekoizpen eraginkortasuna neurtzerakoan (ikus hurrengo atala). Produktibitatea, beraz, tarte bateko ekoizpenaren eta hori lortzeko kontsumituriko baliabide kopuruaren arteko batez besteko moduan defini dezakegu, hau da, faktore unitateko lorturiko ekoizpen kantitatea. Normalean lan faktorearen produktibitatea neurtzen da, alegia, zenbat lanordu behar diren ondasun bat sortzeko.Horiek horrela, teknologia aurrerapenak direla-eta, geroz eta lanordu gutxiago behar dira ekoizkina lortzeko eta, ondorioz, eskulanaren produktibitatea gehitu egiten da, makina berriak eta ekoizpen denborak laburtzeko enpresako kudeaketa modu berriak ekartzen direlako, langileak prestatuago daudelako, etab. Kontzeptua finantzarioa ez baino, teknikoa denez gero, ekoizpena eta baliabideak unitate fisikotan neurtu beharko dira. Faktore baten ekoizpenaren bilakaera aztertzen denean, normalean pentsatu behar da beste faktoreek lehenean dirautela:

 

Eraginkortasuna

Kontzeptu hau estu loturik dago produktibitatearenarekin, eta bi-biak asko erabiltzen dira ekonomian, kontua delako jakitea zein ekoizpen faktoreren konbinazioa izango den merkeena enpresarentzat, eta hori oso interesgarria da, kostuak txikiagoak izanez gero, mozkinak handitukobaitira. Beraz, eraginkortasunaren kontzeptua ekonomian oso loturik dago halako ekoizkin kantitate bat lortzeko ahalik eta baliabide gutxien erabiltzearekin. Eraginkortasunak bi osagai ditu, teknikoa eta ekonomikoa, eta komenigarria da biak ez nahastea.

Eraginkortasun teknikoa: teknikaren aldetik ekoizpen metodo bat eraginkorra izango da lorturiko ekoizpena ahalik eta handiena denean halako faktore jakin batzuetarako.

Nahiz eta teknologiaren egoera datu gogoangarria den enpresariarentzat, hau, hala ere, zentzuz jokatzen ahaleginduko da berak nahi duen ekoizkin kantitatea lortzeko faktore konbinazioa aukeratzeko garaian.

Teknologiaren berri izatea aukeratzearen lehenengo urratsa baino ez da, enpresak eraginkortasun teknikoa bilatuko du eta, ondorioz, halako faktore konbinazio batzuk alde batera utziko ditu. produktu kantitate jakin bat lortzeko faktore kopuru handiagoa erabiltzea eskatzen dutelako.

Eraginkortasun ekonomikoa: ekoizkin banakoaren kostua erlazionatzen du erabilitako faktoreekin. Beraz, ekonomiaren ikuspegitik ekoizpen teknika edo metodo bat eraginkorra izango da faktoreen prezio multzo baterako merkeena denean.

 

Inbertsioa

Ondasunak ekoizteak helburu izango du mozkina edo irabazia sortzea, ekoizpen faktore guztiak, eskulana eta kapitala, batez ere, ordaindu eta gero. Mozkinik izatekotan, enpresaren jabeen artean bana daiteke edo aktibo elementu berriak erosten erabili (eraikinak, makinak eta abar). Bigarren erabaki hori hartuz gero, enpresak inbertsioa egin duela esaten da.

Laburbiltzeko, inbertsio eskaritzat jotzen da osoko produktutik kapitalaren ondasun hornidurak edo ekonomia aktibo errealak gehitzen erabilitako zatia. Inbertsioa, hortaz, sortutako kapital ondasunen fluxua da.

Inbertsioak enpresan izango duen zereginaren arabera, mota batzuk bereiz daitezke:• Zaharberritzeko edo ordezteko inbertsioak.

Aktiboaren osagaiak ordezkatzea dute xede, hainbat zio dela-eta, ekoizmena galduz joaen baitira, hainbat urtetan erabili direlako, adibidez. Horrelako inbertsioek ekoizmenari eustea dute helburu.

• Hedatzeko inbertsioak, enpresaren ekoizmena gehitzen laguntzeko aktiboak erosteko erabiliak.

• Eguneratzeko inbertsioak, enpresako ekoizkinak edo ekoizpen prozesuak zaharberritzekoak.

Enpresariek beren herrian inbertitzeko faktore erabakigarri eta baldintzagarri nagusiak ondorengo hauek dira: herri horretan lortu nahi dituzten mozkin tasak, mundu zabaleko beste tokietan eskuratu nahi dituztenak, eta herri horretan zein mundu zabalean indarrean dauden interes tasak.

Ikusi dugunez, sistema kapitalistaren motore eta jomuga nagusia enpresak mozkinak lortzea da. Beraz, kapitalistek espero dituzten mozkin tasen arabera inbertituko dituzte baliabide gehiago edo gutxiago kapital ondasunetan.

Ekonomiak irekiak direnez gero eta mundu zabaleko herrien artean harreman ekonomiko zein finantzarioak daudenez, enpresek, batez ere enpresa handiek, zenbateko inbertsio bolumena egin erabakitzerakoan, oso kontuan izango dituzte mundu zabalean lortu nahi dituzten mozkin tasak, eta jatorrizko herrian espero dituztenak baino handiagoak badira, mozkin handiagoak lortzea espero duten tokian inbertituko dute.

Inbertsioaren hirugarren baldintzagarria interes tasa da, hau da, dirua alokatzearen prezioa, eta erlazioa alderantzizkoa da: interes tasak handiak direnean enpresak ez inbertitzera joko baitu, dela inbertsioa finantzatzeko maileguaren kostua garestitu delako, dela inbertsioan erabili nahi zituzten mozkinen diruak etekin handiagoak emango dizkiolako beste enpresa bati edo Estatuari mailegaturik. Inbertsioa egiteko ez diote soilik enpresaren herriko interes tasari begiratuko, baizik eta mundu zabalekoei, enpresek bata zein besteak erabiltzea izango baitute.

 

Ekoizpenaren eta lanaren antolamendua

Urteak joan, urteak etorri, batez ere XIX.. endetik aurrera, enpresen ekoizpen prozesuetako partaide diren lagunen ekoizpena eta lana hainbat modutan antolatu da.Helburu nagusia izango da industri lanaren produktibitate handiagoa lortzea gehiago arrazionalizatuz, ahalik eta denbora zein lan gutxiago galduta, lan indarraren errendimendua gehitzearren. Lana eta ekoizpena antolatu nahi dituzten eskolen artean, ondoko hirurak nabarmendu behar ditugu ekoizteko prozesuetan izan dituzten ondorioak direla-eta: taylorismoa, fordismoa eta toyotismoa.

 

Taylorismoa

“Lanaren antolamendu zientifikoa” ere esaten zaio eta F. W. Taylor (1856-1915) jaunari zor dio izena. Ingeniari eta ekonomilari iparramerikar hori Erakundeen Zuzendaritza Zientifikoaren eta, zehazkiago, Lanaren Antolaketa Zientifikoaren aitatzat jotzen dute. XIX. mendearen amaieratik aurrera izan zuten harrera onena haren teoriek, Estatu Batuetako metal eraldatze industrian.

Lanik ezagunenak Shop Management (1910) eta Scientific Management (1915), non industri lantegietako eskulana ikertzen baitu eskulangileen produktibitatea hobetzeko asmoz, bi helburu lortzearren. Bateko, eskulan fisikoa duinago bihurtzea eta lansarien burdinazko legea haustea, alegia, lansariei ere hazten uztea, produktibitatearen hobekuntzak langileen lansarietan ere eragina izan dezan. Besteko, enpresaren mozkinak handiagotzea, atzera enpresan bertan inbertitu ahal izateko.

Taylor-en teoriek lau hastapen dituzte oinarri, eta horrela eman genitzake laburtzearren: 1. Lan bat egiteko bada modu hoberen bat, zientziaren metodoez baliaturik lan jakin hori aztertu eta zeregin errazagoetan banatzearen bitartez, eginbeharren prestatze eta gauzatze faseak banatu, denborak kalkulatu, tarte hilak eta alferreko mugimenduak ezabatu etab. egin ondoren.

2. Langileei irakatsi behar zaizkie diseinatutako metodo berriok. Hastapen horren ondorioz jaioko zen gero Lanbide Heziketa.

3. Zuzendaritzak ohoreak, sariak eta promozioak eman behar dizkie langilerik onenei eta hori erdiesteko, produktibitatea hobetzeko hobari sistemak diseinatu zituen.

4. Langile batzuek planifikatzen, irakasten eta kontrolatzen ari beharko dute. Beraz, eginkizunen ikertze, egite eta kontrol faseak banatu beharko dira eta espezialista berriak prestatu zeregin horietako.Teoria hori erabiltzearen eraginez langileen autonomia desagertu egin zen, zereginak errepikakor eta ohituraren menpeko bilakatu ziren eta, bide batez, eskulan kualifikatu gabe ugari kontratatu zenez, langileak etengabe zaindu behar izaten zituzten errendimendua moteldu ez zedin. Bestalde, lantegietako langileen mugimenduak neurtzeko kronometroa erabiltzea bultzatu zuen.

Taylorismoak talde lana indartu zuen eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren erabat orokortu zen Estatu Batuetan eta Europan.

 

Fordismoa

Ekoizpenaren antolamendu hori H.

Ford I.ari zor diogu. Enpresari iparramerikarra Ford Motor Co enpresaren jabea zen eta 1912. urtean serieko ekoizpenari ekin zion, Eskola klasikoaren teoriak, batez ere Taylor-enak, enpresa handietara eroanda eta, beraz, taylorismoa gainditu zuela esaten da. Egungo konpainia handien paradigma bihurtu zuen enpresa, mozkin handiengatik ez ezik, baita muntaia kateetan abiarazitako ekoizpen metodoengatik ere.

Lan banaketaren eta lan espezializazioaren kontzeptuak azken ondorioetaraino garatu zituen. Taylor-en Lanaren Zuzendaritza Zientifikoak, Scientific Management delakoak, prestatze eta gauzatze lanak bereiztu beharra aldezten bazuen ere, Fordek gauzatze lana bera banatu, ataldu zuen.

Lan antolamendu horri esker, besteak beste, langile maila desberdinen prestakuntza denborak nabarmen murriztu zituen, makinismoa ordu arte ikusi gabeko moduan garatuta.

Muntaia lerroa antolatuta, kateko lan erdiautomatikoa gailendu zen eta lantegian zatiak, tresnak eta bestelako lan materialak mugituko dira, langilea lanpostutik mugitzeke, lan erritmoa zatien mugimendu abiadurak inposatuko duela. Makinismoa orokortuko da lantegian eta ondorioz, lan harremanak ez ezik, aldatuko ere dira ekoizpen eskala, ekoizkinen izaera bera eta ekoizpen kostuak eratzeko baldintzak. Jazoera horiek guztiak “ekoizpen arauak” izenaren pean bilduko dira.

Ford-ek lansaria igo zien langileei eurek ekoizturiko autoak eros zitzaten eta, ondoren, lansariak gehitzearen eraginez, ekoizpen prozesua eta kontsumo prozesua elkarrekin artikulatu zituen. Halaber, berak bultzaturiko ekoizpen metodoak izendatu zituen eta gainontzeko enpresa handiek, automobilgintzakoetatik hasita, metodoak kopiatu zizkioten berarekin eta bere prezioekin lehiatuko baziren. Langileak, hasieran onura arinak jaso bazituzten ere lansariak igo zizkietelako, berehala hasi ziren ekoizpen molde horren ondorio negatiboak jasaten, makinaren menpean guztiz egoteak osasun psikosomatikoa desorekatzen zieneta.

Guztiarekin ere, lana geroz eta automatizatuago dago eta lehiakortasunaren eskabideak zein fordismoaren krisialdiak ekoizpenaren antolamendu berriak sortu dituzte, toyotismoa, esate baterako.

 

Toyotismoa eta Eskola Japoniarra

Mila bederatziehun eta laurogeiko hamarralditik aurrera, fordismoak erreka jo eta enpresa japoniarrek zein Hego-sortaldeko Asiako herriek Mendebaldeko merkatuetako ekoizpen sektore batzuetan ekoizkin merkeago eta kalitatezkoekin arrakasta lortzearen ondorioz, jazoera hori sakon aztertzen hasi ziren, jokabidearen nondik norakoak ulertzeko asmoz.

Hasieran, arrakasta funtsatzeko argudiorik ohikoenek ondorengo hauek aipatzen zituzten, berrikuntzarik gabeko imitazioa, kostu txikiagoak eta estatuaren laguntza; baina gero ohartu ziren zuzendaritza sistemen ezaugarriek berek azal zezaketela, beharbada, enpresa bilakaera hori.

Laburtzearren, japoniar enpresa zuzendaritzaren eta antolamenduaren estiloa, oinarrian, Eskola klasikoak aldezturikoaren parekotzat jotzen da –honen ezaugarriak laburtuta ditugu– baina kultura japoniarrean oinarriturik. Horrela, japoniar enpresa zuzendari handiek, Toyotako Ohno barne dela, ez dute ezkutatzen enpresaburu iparramerikar handiei eta horien ekoizteko metodoei dieten miresmena, batez ere H. Ford I.arekikoa. Bestalde, japoniar gizartearen kultura bera, oso gizarte homogeneo, hierarkizatu, disziplinatu eta zuhurrean dituelako erroak, bai kultur ekanduengatik, baigerran izandako esperientziagatik, kapitalismo japoniarraren osagai oinarrizkoa da.

Toyota metodoak –«Ohnismoa» ere esaten diote, batez ere Ohno-k bultzatu zuelako– bi oinarri edo zutabe ditu: lehenengoa, une egokian ekoiztea, Just in Time deritzona (JIT), horren bitartez lantegi «gutxienekoa» eraiki baitaiteke (eguneko edo asteko eskaria asetzeko behar diren funtzio, ekipo eta langile hornidura gutxienezkoak baino ez dituena), eta bigarrena, Erabateko Kalitatearen bidezko Kudeaketa, kalitate zirkuluak, nork bere burua kontrolatzea eta antzeko bitartekoak erabilita.

Eskola japoniarrak kontuan izaten du, halaber, lan harremanen sistema; enpresa interes komunitate gisa eta langileen bizitza-zentro bezala ulertzen baita. Horregatik, bizitza osorako kontratatzen dira langileak, soldatak batez ere antzinatasunean oinarritzen dira, enpresako sindikatuak eratzen, etab. Gainera, erabakiak adostasunez hartzen dira.

Badute, bestalde, merkataritza estrategia guztiz berezia eta horren ezaugarriak dira ekoizkinak etengabe zaharberritzea –»neurrira» ekoiztea, bezeroak aukera ditzakeen hautabide mugatu eta estandarizatuetan oinarriturik, horrela bukaerako produktua pertsonalizatu ahal izateko–, eta merkatuak osotasunean hartzea, une jakin batean munduko txoko bateko eskariak beste txoko bateko galerekin oreka daitezen.