Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Ekonomia hazkundea eta krisia

Ekoizpena eta gizarteek beren beharrak asetzeko duten aberastasunak ugaritzea ekarriko duten faktore eta baldintzez arduratzen da ekonomia hazkundea.

Ekonomilari konbentzionalak ez dira ados jarri ekonomia hazkundea bultzatzen duten faktoreak erabakitzerakoan edo zergatik moteltzen den azaltzerakoan.

 

Ekonomia hazkundea

Ekonomia hazkundea esaten zaio ekonomia baten ekoizpen ahalmenak etengabe hazteari, horrelakoen bitartez ondasun eta zerbitzuak ugariago ekoiztu ez ezik, gizakien beharrizan berri eta handiagoak ase baititzakete.

Ekonomia hazkundea ekoizpenaren hedatze hutsa ez ezik, ekoizpen ahalmenen hazkunde erregularra da, eta agerikoa egiten da ondasun eta zerbitzu aukera handiago eta oparoagoa lortzeko ahalaren bidez.

Praktikan ekonomia hazkundearen erritmoa Barne Produktu Gordinaren (BPG) bidez neurtzen da (ikus Kontabilitate Nazionala). Horrela, halako aldi mugatu bateko BPGean azter daiteke ehuneko balioak nola aldatu diren.

Adibidez, ekonomia bateko 1998ko BPG 1.000 diru unitatekoa balitz eta 1999koa 1.075 diru unitatekoa, hazkunde tasa honako hau litzateke:Beraz, esatea daukagu 1999an BPGren hazkunde tasa %7,5 izan zela 1998koa. Horri buruz, ondasun eta zerbitzuen barne ekoizpenak gora egin du. Hau da, ekonomia ekoizteko ahalmena handiagoa izan da eta gehiago gastatu da.

Arestian aipatu bezala, ekonomilari konbentzionalek ez dute azalpenik aurkitu ekonomia modernoen hazkundea azkartzen edo moteltzen duten faktoreak azaltzeko, baina bada zenbait eragingarri agerian uzterik.

Hori dela eta, hazkundearen lagungarri nagusiak zerrenda daitezke: • Natura baliabideak: lurzoruaren, itsasoaren edo klimaren ezaugarriek

 

Ekonomia hazkundea metatze prozesu gisa

Epe motzean ekoizpen faktoreen dotazioa finkotzat jo daiteke, aldaezintzat, ez daeta behar beste astirik izango ez eskulan bolumen eskuragarriak, ez kapital stocka bera, ezta teknologia ahalmena ere aldatzeko.

Guztiarekin ere, epe luzean gertaera nagusia izango da ekoizteko ahalmena nahiz baliabide erabilgarrien stocka, praktikan, aldakorrak izatea. Epe luzean, ekonomia hazkundearen azalpenak erlazioa izango du inbertsioa gobernatzen duten aldagarriekin eta inbertsio aldaketek ekonomiaren bilakaeran eragina izatea lor dezaketen zergatikoekin (ikus Ekoizpena).

Bestalde, badakigu inbertsio erabakiak loturik daudela ekonomia agenteen aurrezki ahalmenari. Halaber, nolako errenta duten agenteek, horrelako aurrezkia sortzeko ahalmenaren jabe izango dira, eta esatea dago errentaren banaketak eragina izango duela inbertsioan bertan eta, ondorioz, hazkundean.

Ikuspegi horiek biok erabilita, alegia, aurrezki inbertsioa eta errentaren banaketa, uler daiteke ekonomia hazkundea kapitala metatzeko prozesu gisa. Ekonomia hazkundearen gaineko teoriek ezaugarritzat izango dute haietariko bakoitzean (aurrezkia, inbertsioa eta errentaren banaketa) jarritako enfasia.

 

Ekonomia hazkundearen gaineko teoriak

Ekonomilari klasikoen (Smith, Malthus,…) iritziz, soberakina lortzea, kapitalak metatzea, ezinbesteko baldintza da ekonomia haz dadin. Pentsatzekoa da horretarako baliabideak kapitalisten mozkinak ia guztiz berrinbertitzetik datozela, soldatapekoak ez baitaude inbertitzeko baldintzetan (lansaria biziraupena segurtatzeko kontsumoan baino ez darabilte).

Kapital metaketak irabazi etengabea sortzen du eta, ondorioz, behar besteko pizgarria dago kapitalistek mozkinak inbertitu eta kapitalak meta ditzaten. Teknika aurrerapenak berak, lana eta ekoizpena antolatzeko formula eraginkorragoak gehituta, mozkinak berreskuratzeko bidea emango du. Biztanleria hazteak gero eta lur elkorragoak erabiltzera behartuko du, eta horren mozkinak murriztuko dira ondorioz.

Ekonomia klasikoak epe luzeko ekonomia hazkundearen arazoa soberakinen sorreran kokatu zuen, hau da, errenta klase sozialen artean banatzearen auzian. Gero, joera postkeynesiarra ahalegindu zen ekonomia hazkundearen zergatikoak eta izaera azaltzen errentaren banaketari berriro abiapuntu eutsita.

Kaldor-ek (batez ere 1950. eta 1960. urteen inguruan plazaratu zituen lanetan) planteatu zuen osoko aurrezkia dela lansaridunen eta kapitalisten aurrezkia, eta zentzuz igarri azkenek aurrezteko joera marjinal (errenta erabilgarritik aurrezturiko dolar bat gehiago) handiagoa dutela lansaripekoek baino.

Agente bakoitzaren errentaren aldaketak eragina izango du aurrezteko joera marjinalean.

Eta hori aldatuta, hazkunde tasa ere mudatuko da. Beraz, hazkundea egonkorra izan dadin, kapitalistek aurrezteko joera marjinal egokia izan behar dute. Eta azkena mozkinen mendean dagoenez gero, esan beharrekoa da mozkin tasa egokiak egon behar duela hura lortzeko. Beraz, mozkin tasak, aldez, eta errenta banaketak, orokorrean, erabakiko dute ekonomia hazkunde egonkorra lortuko den ala ez.

Analisi teorikoek muga nabarmenak dituzte ekonomia hazkundearen teoria orokorra eraikitzen saiatzen direnean. Alde batetik, ekonomia hazkundea ez da prozesu egonkorra (ez dirau luzaro). Ekonomia kapitalisten bilakabidea agertzen da asaldura gogorrago edo bigunagoen serie gisa kapitalak metatzerakoan; emaitzarik ohikoenak langabezia, prezio sistemen eta ekoizpen mailen gorabeherak dira. Beraz, ekonomia kapitalistak urteen joanean izan duen bilakera jakitea ezinbestekoa da, eta horrek gorabeherak aztertzea eskatzen du.Bestalde, edozein ekonomiaren hazkundeak bestelako faktore eragileak ere baditu: instituzionalak, soziokulturalak, gizarte gatazkak eta abar. Faktore horiek ez dira hazkundearen teorian kontuan hartzen.

 

Hazkundearen gorabeherak eta krisia

Ekonomia magnitudeen eboluzioa fluktuazio handien mendean egoten da denboraren joanean. Horrela, hedatze eta hazkunde aldi arinen ostean, depresioak eta geraldiak etorri ohi dira. Beraz, esatea dugu dinamika kapitalistak gorabehera kontrajarri eta munta desberdinetako prozesu zikliko modura diharduela.Ekonomia garapen modernoa hasi zenetik, hau da, orain dela bi mendetik hona, ekonomiak hainbat motatako zikloren mendean egon dira.

Adibidez, Schumpeter (1883-1950) ekonomilari austriarrak sistema kapitalista bereziki aztertu zuen. Haren teoriaren arabera, enpresaburuek abiarazitako zaharberritzeak ekonomia hazkundearen estrategia faktorea dira eta ekonomia zikloaren prozesuaren erdi-erditsuan daude. Hiru ziklo mota omen direla zioen:Oro har, ziklo labur eta bitartekoen gainbeherakoak bat datoz beheraldi txikiekin, nahiz eta intentsitate desberdinekoak izan daitezkeen. Beheraldi handiak iraupen luzeko uhinaz batera datoz eta uhin luzeek 25 urtez hedatzen dira; depresioek edo errepresioek ere antzera diraute.

 

Munduko ekonomiaren krisialdia

XVIII. mendearen hondarretatik eta ia XIX. mende osoan Kondratieff-en aurreneko bi zikloak gertatu ziren. Aldi horretan jazoera nagusia lurrun makina oihalgintzan (batez ere kotoi langintzan) erabiltzen hastea izan zen, horrelako makinen bitartez oihalgintzarako makinak ez ezik, armak eta gerra ontziak ere ekoizten ziren eta.

Gero, eta bigarren zikloarekin batera, XIX.. endearen bigarren erdialdean, lurrun makina garraiobide modura erabili zen: trena eta itsasontziak.

Kondratieff-en lehenengo zikloa 1796tik 1848. urtea arte luzatu omen zen.

Nahiz eta zenbaitzuren iritziz ezin esan daitekeen, ziurtasunez, 1826. urtea baino lehen industria ziklorik izan zen, Britainia handitik kanpora industria ia hasi-masietan egon ez ezik, industri esportazioek muga handiak ere baitzituzten; egiaztatu ahal izan denaren arabera, 1790etik 1820. urtea arte industri garapenaren erritmoa argiro azkartu zen eta gero, hurrengo urteotan, erritmo hori nabarmen moteldu zen 1820tik 1848.. rtea arte. Lehenengo ziklo horren oinarrian neurri txikiko eta eraikin bakarreko enpresak izan ziren. Jabeak banako hutsak edo halako elkarte mota batzuk dira. Makinak oso oinarrizkoak ziren. Lan banaketa (ikus Ekoizpena) langile proletarizatuari esker hedatuz doa.

Bigarren zikloak 1848tik 1895. urtea arte iraun zuen, uhin hedakorra 1848tik 1873.. rtea arte eta depresiboak 1873tik 1895.. rtea arte. Ziklo horretan ekoizpenaren eskala handitu zen, eta produktu bakarra ekoizteko eraikin bat baino gehiago erabiltzen zuten. Jabea batez ere familia da. Makinak hobetuta, kostuak murriztuaz lortuko da bai barne zein kanpo merkatuetara hedatzea.

Zeregin homogeneoagoen bitartez antolatu zen lana.

Kondratieff-en hirugarren zikloa 1895 eta 1940 artean izan zen, uhin hedakorra 1895etik 1913 arte hedatu zen, eta depresiboa 1919tik 1940. urtea arte. Fase horretan hasi zen kapitala metatzen eta zentralizatzen.

Enpresak handiago bihurtu ziren tamainaz, eta enpresa handiak jaio eta sendotuz joan zirela, produktu bat baino gehiago ekoizteari ekinda. Lanaren antolamenduak taylorismoaren hastapenetan bermatzen zen (ikus Ekoizpena). Hirugarren faseak amaiera ezinago txarra izan zuen: bi mundu gerra eta, tartean, 1929.eko depresio handia.

Egile batzuek erakutsi dute krisi globala (1929ko krisialdia) 1925eko ondasun primarioenmundu merkatuaren jaitsieran bilatu behar direla. Ekoizkin primarioen prezioak nonahi jaitsi zirenez gero, stockak igo ziren, baita krisialdia barreiatu ere munduko ekonomiaren sektore guztietara nazioarteko merkataritzaren mekanismoak zirela bide.

1929ko mundu depresioak langabezia tasa handiak ekarri zituen, baita NPGak eta ekonomia politika nazionalistak zein merkataritza protekzionismoa ere errotik murriztea (ikus nazioarteko merkataritza). Industri sektore zaharkituetan hasita, berehala hedatu ziren krisiak, eta baita finantza erakundeen porrota ere. Bestalde, nazioarteko merkataritzaren arazoak eta herri lehengai-esportatzaileek metaturiko nazioarteko zorra handiak izan ziren 1929ko krisialdiaren ezaugarri nabarmenak.

Kondratieff-en laugarren zikloak (1941 - gaur arte) ezaugarri izan du industri ekoizpenean eta munduko merkataritzan izandako aurrerapena. Areago sendotu da mundu zabalera hedatzen den enpresa. Enpresa multinazionalaren eta kapitalaren nazioartekotasunaren unea da.

Mila bederatziehun hirurogeigarren urtetik aurrera Sartaldeko herri industrializatu guztiek, batez beste, hazkunde tasa txikiagoak lortu dituzte, langabezia zein inflazio tasa handiagoak dira eta ordainketa balantza desorekaturik dago.

Krisiaren zergatikoak sakonak dira eta kapital metaketaren eredua agortu izanean izan dezakete oinarria. Krisia luzatzearen ondorioz, gero eta sinesgaitzagoak gertatzen dira epe laburreko ondorioak baino izango ez zituelako azalpenak, 1973. urtean petrolioaren prezioak izandako gorakada izan omen zelako 1974ko leherketaren jatorria.

1973. urtearen ondorengo krisi hamarraldiak ez ziren hogeita hamargarreneko hamarraldikoak bezain handiak izan, hazkundea, urte batzuetan izan ezik, inoiz ere hautsi ez zelako, moteldu zen arren.

BPGren hazkunde txikiagoa atzeraldiek (1973-1975, 1981-1983 eta 1990-1993) eten zuten.Nabarmendu beharrekoak ditugu azken krisialdian esku harturiko faktore batzuk, metaketaren dinamikaren distortsio sortzaileak izan direnak.

Ezer baino lehen, ekonomia zentralak aztertuta, ondokoak gailentzen dira: energia eskemaren haustura, fordismoaren kiebra (ikus Ekoizpena) eta industriaren desegituraketa. Horrela, badago esatea krisia, erroetan, ekonomia kapitalista garatuetako ekoizpen jardueraren krisia dela, batez ere industria aparatuarena.

• Teknologi bultzada: sorrera ikusgarriaren ostean ekoizpenaren alor guztietara hedatuta, mila bederatziehun eta hirurogeigarren urtetik aurrera berdintze aldiaren ezaugarriak erakusten hasi zen (lehiaren ondorioak, kostuen murrizketa handiak, ekoizpenaren eskala gehitzea eta merkatuen berregituraketa teknologia hobekuntzen atzeragarriak izango dira). Teknologia guragarriak, eskuragarriak eta erabilerapekoak berriro definituko dira, zaharkinak bazter utzita, eta kostu txikiagoaz (batez ere lanekoak) etekinak berreskuratzeko moduko teknologia birmoldaketak bultzatzen dira.

• Energia dilema: 1973ko eta 1979ko petrolioaren krisiek kanpo sektorean eta inflazioan izan zituzten eraginak ez ezik, zalantzan jartzen du Bigarren Mundu gerra amaitutakoan abiarazitako energia horniduraren eta kontsumoaren eskema. Nazioarteko harreman mota batzuen antzutasunaren erakusgarri (periferian petrolio merkea lortzea, Erdigune ezamerikarraren energia mendekotasun handia, periferiaren jokabide pasiboa baliabideak ustiatzerakoan eta abar) bihurtu zen “petrolioaren krisialdia” deritzona, eta orobat krisia orokortzeko mekanismo. Gehienek petrolioaren prezioa igo izana jo zuten krisiaren hasieratzat, enpresa asko itxi behar izan baitzen, energia kostuak eta inflazioa handitu zirenetik.

• Antolakunde fordistaren porrota (ikus Ekoizpena): eragin bikoitza izan du lanaren banaketa teknikoan (teknologia, produktibitatea eta ekoizmenarekin erlazionaturiko beste elementu batzuk barne) eta gerra osteko gizarteetan ezarritako gizarte harremanen esparruan. Mundu osotik zabalduz kapitalak ustia ditzake lansari desberdinak jasoko dituzten soldatapeko lan indarrak (hainbat herritan edo ekonomia nazionaletan), eta horrek eratzen duela lan merkatuaren nazioarteko banaketa aldakorra.

Periferiak ekoizpen prezio merkeagoak eskainita beti bete izan du zeregin hori inongo arazorik gabe. Herri petrolio-sortzaileak eta lehengai-esportatzaileak alde batera utzita, periferiako alde batzuk prest daude Munduko Sistemaren Erdiguneko herrietako manufaktura industriei beren merkatuetarako eskaturiko produktibitate eta lehiakortasun baldintza berberetan merkantziaksortzeko eta egitate horretantxe kokatu behar da “herrialde industrializatu berriak” edo “industria herri berriak” direlakoen gorabidea.

Bestalde, diru nahasmenduek ageriageriko egiten zuten Bretton Woods-en ezarritako ordenamenduaren zurruntasuna (ikus Nazioarteko Ekonomia), gerra ondoko egoera berezirako jaio zelarik mende honetako seigarren hamarralditik aurrera bizi izandako ekonomia hedapenaren guztiz bestelakoa zela. Defizit publikoak erdiguneko herri guztietan agertuz joan ziren, Estatuaren eskuhartze arautzaileak eragindako interbentzionismoa zela bitarte. Halaber, diru gorabeherek eta defizit publikoek inflazio tentsioak bultzatzen dituzte.

Krisiak eredu berri baten beharra dakar, atzera ere hedatze prozesuari helduko bazaio.

Hala ere, azken urteotako dinamikak ez du iragartzen berreraiketa hori halako tarte laburrean gerta daitekeenik.Krisi fasearen dinamika deskriba daiteke ondoko gogoetak erdigune hartuta: • Krisialdian ekoizpena oso modu nabarmenean berregituratu da. Krisian aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren ekonomia garatuetako jarduera zientifiko-teknologikoan, lana antolatzeko moduetan eta energiaren sorrera zein kontsumo eskeman.

Ondorioz, ekoizpen berriak agertu eta sendotu dira eraikuntza mekanikoan eta kimikoan.

Mikroelektronika bihurtuko da industria ehuna aldatzeko gunerik oinarrizkoena.

Ekoizpen automatizatua sakondu eta orokortzen da. Aldi berean, ohiko ekoizpen adarrak sakon berregituratuko dira, ekoizpena murrizten den arren, merkantzia sorta hobetu eta handitzeko asmoz. Horrekin batera, ekoizte horietako batzuk alde azpigaratu batzuetan kokatuko dira.

Ekoizpenaren berregituratze hori mugen aldetik ere aztertu beharko da: — Teknologia aurrerapena ez dago behar bezain helduta oinarrizko lerro batzuetan (material berriak, energia berriak...) eta ez du teknika aurrerapenaren beste lerro batzuetara erakartzeko gaitasunik izango.

— Energia aldaketek (gutxiago kontsumitzea eta petrolioaren hain mendean ez egotea) energia intentsitate txikiagoko teknologia gehiago garatzeko eskatuko du, baita emaitza hobeak lortzeko egungo energia iturrien alternatiboak sortzeko ahaleginetan ere.— Egungo industria ehuna aurreko faseko ekoizpen egituraren eta gerokoan izandako aldaketen hibridoa da.

— Industria enpresen produktibitate eta errentagarritasun mailen berreskuratzea ez da gai bitarteko epean hazkunde sekuentzia bat kateatzeko.

• Sindikatuak nahiko ahuldurik geratu dira krisialdian. Sindikatuek negoziatzeko eta aldarrikatzeko ahalmena galdu dute, ekoizpenaren aldaketak, langabezia gero eta handiagoa, lan baldintza askotarikoak, ekonomia ezkutua eta bestelako osagai soziopolitikoak direla eta.

• Nazioarteko egoera gero eta dinamikoago eta erabakigarriagoa da ekonomia garatuen jokabidean. Nazioz gaindiko etxe handiek ekoizteko inbertsio berriak egiten dituzte periferiako herrietan, zerbitzuen nazioartekotasun gero eta handiago bultzatzeaz batera, ekonomia jarduera kontrolatzeko alde handiagoak dituzten bitartean.

Abagune hori mesedegarria da oraindik ere herri azpigaratuen ekonomietatik nazioz gaindiko enpresa nagusietara eta horrelakoen egoitza diren erdiguneko ekonomietara joan daitezen soberakinak.Sistemaren periferia bigarrenik aztertuta esan daiteke krisialdian antzemandako gertaera nagusiak ondokoak izan zirela: herriak gero eta elkarren desberdinagoak izatea eta herri azpigaratu gehienen ekonomia etenaldia (ikus Garapena eta Azpigarapena).

Laburbiltzeko esan behar da ekoizkinak eta lana hobeto banatzea dela egungo erronka. Arazo horiek ebazteko biderik aurkitu ezik, mende honetako seigarren hamarraldian hasitako krisiak luzaro iraungo du gure artean.