Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Zientzia, teknologia eta gizartea: informazioaren gizartea

 

Sarrera

Gaur egungo konplexutasun handiko gizarteetan geroz eta lotura estuagoa dago jakintzaren alor guztien artean. Zientzia eta teknologia, gizartearen baitako prozesu konplexuak dira biak, eragile ekonomiko, politiko eta kulturazko askoren eragina hartzen baitute. Zientziaren eta teknologiaren aurreramenduak, orobat, zuzen-zuzeneko eragina du gizarteak dituen balioetan eta gizartearen parte handi batean. ?Zientzia, Teknologia eta Gizarteari? buruzko ikerketa hauetan bi ikuspegi daude oinarri-oinarrian.

Alde batetik zientziaren eta teknologiaren azterketa sozio-historiko bat egiten da, zientziak eta teknologiak iraganean eta gaur egun ere duten bilakaera baldintzatzen duten arrazoi sozialak (ekonomikoak, politikoak eta kulturazkoak) ezagutu ahal izateko.

Horretan oinarrituta hipotesiak egin ahal izango dira nola izango zatekeen zientziaren eta teknologiaren bilakaera eta oraina, izan diren baldintza sozialak izan ordez beste batzuk izan balira. Beste ikuspegi batetik, berriz, zientziak eta teknologiak gizartean duten eragina da aztergai, eta bi aldetatik aztertzen da gai hori, aztertu ere: alde batetik zientzialariek, politikoek eta ingeniariek teknologian egiten diren aurkikuntzen eta aurreramenduen gestioaz eta erabileraz duten kezka eta arduraren aldetik, eta beste alde batetik gizarteak teknologiaren aurreramenduari mugimendu sozial, laboral edo kulturazko gisa antolaturik ematen dion erantzunari begiratuz ere bai.

Gai honetan, zientziak eta teknologiak gizartean dituen kausak eta ondorioak aztertzeko ikuspegi bikoitz hori osatu ahal izateko, honako puntuotara mugatuko dugu gure azterketa.? Lehenik eta behin, zientzian, zientziaren martxan eta zientziazko ezagutzaren sorkuntzan eragin berezia duten alderdi sozialak aztertuko ditugu.

? Bigarrenik, teknologiaren eta gizartearen arteko eraginez dauden eztabaiden laburpen bat egingo dugu, eta teknologiaren aurreramenduan haren kausen eta haren ondorioen artean elkarren eragina dagoela ikusiko dugu.

? Hirugarrenik, gaur egun berebiziko eragina duen adibide bat hartu (informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak, eta informazioaren gizartea) eta haren inguruan aztertuko ditugu aipatu diren ideia horiek guztiak.

? Eta, azkenik, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berri horiek erakundeetan eta enpresetan lan egiteko moduan zer eragin duten ahaleginduko gara aztertzen.

 

Zientzia: instituzio soziala

Gaur egun gure gizartean zientziaren definizioaz zabalduen dagoen ikuspegiaren arabera metodo zientifiko batez baliatuz errealitate naturala aztertu, ikertu eta esperimentatuz gizadiari izadia arautzen duten legeen ?egia? eskaintzen ahalegintzen den arrazonamenduzko ekimena da zientzia.

Alabaina, zientzi ezagueraren sorkuntzan parte hartzen duten alderdi sozialei erreparatzen bazaie, zinez esan daiteke zientzia ez dela lehen ikusian dirudien bezain neutrala eta objektiboa, eta badirela eragile sozial batzuk (politikoak, kulturazkoak eta ekonomiari dagozkionak) bai zientziazkoezagutzaren sorkuntzan bai zientzian oro har berebiziko eragina dutenak. Zientziari dagokionez garrantzi gehien duten bi alderdi edo prozesu sozialak aztertuko ditugu hemen: zientzia ezagutzaren sorkuntza eta zientziazko produkzioaren eta jarduera horren justifikazioa, alde batetik, eta zientziari dagozkion politikak eragiten dituzten kausak eta haien ondorioak bestetik.

Lehen-lehenik zientziazko jardueraren eta ezagutzaren produkzioan eragina duten eta hari bidezkotasuna eta zuzentasuna ematen dioten alderdi sozialak aztertuko ditugu. Bi gogoetabide nagusi daude gai honi dagokionez:zientziaren baitan izan diren eztabaidak eta aldakuntzak, alde batetik, eta zientzia, gaur egun zientziatzat hartzen dena alegia, sortzean eta garatzean izan zen prozesu historikoa, bestetik. Zientziaren baitako eztabaidei eta zientziaren aldakuntzari dagokionez, zientziaren aldakuntza batean, gaur egungo zientziaren mundu guztiz espezializatu eta profesionalizatuaren barrenean, eragina izan lezaketen alderdi sozialak (politikoak, kulturazkoak eta ekonomikoak) azter ditzagun.

Egin dezagun kontu zientzialari batek, edo zientzialari talde batek, azalpen teoriko berribat asmatu duela zientziaren alor jakin bateko alderdi baterako. Egin dezagun kontu, orobat, teoria berri hori oso hurbil dagoela zenbait gertaeraren azalpenaren egia zientifikotik, edo horren itxura duela behintzat.

Hala eta guztiz ere, ikuspegi honetatik egin diren ikerketa zientifikoen arabera, esan daiteke frogantza eta arrazoiketa prozesu luze bat beharko duela teroria berri horrek zientzialarien eta akademikoen komunitatean onartua izan dadin. Frogantza eta arrazoiketa prozesu horretan guztian zenbait alderditan arrakasta izan beharko du teoria horrek, onarpen zabal finkoa izan aurretik: azalpen ahalmena handitu egin beharko du (gertaera ezagun gehiago azaltzeko ez ezik, gertaera berriak azaltzeko eta iragarpenak egiteko ere oinarria emateko balio behar du), eta zientzialarien komunitateko gainerako kideak bere alde jarri beharko ditu, zientzialarien artean zabaldurik eta instituzionalizaturik zegoen ordu arteko teoriaren aldekoak batez ere.

Ikertzaile edo bestelako taldeen interes jakinetan (ezagutzazko interesetan zein erakundeei dagozkienetan) oinarritzen den argudio harresi bat gainditu beharko du gainera; zabaldurik dagoen teoriaren aldeko diren eta ?beren? egia zientifikoak zabaltzeko eta baliarazteko Gobernutik diru asko hartzen ari diren zientzialariek jarriko dituzten trabak eta oztopoak, adibidez. Thomas Huhn-ek frogatuta utzi zuen bezala, zientziaren barreneko aldaketa prozesuetan horiek izaten baitira ezaugarri nagusiak: ezagutzari berari buruzko eztabaida gogorrak, teoria berrien ahalmenari, azalmenari eta baliagarritasunari buruzko zalantza handiak, eta liskarrak eta komunikazio arazoak ezagutzazko interes desberdinak, erakundeei dagozkien interesak eta interes sozial desberdinak dituzten zientzialarien artean.

Zientziaren sorkuntzaren ingurune historiko-kulturazkoari dagokionez, esan beharra dago gizakiari buruzko balio eta ikuspegi berrietan oinarritzen zen gizarte modu berri bat eratu zela XVII-XVIII mendeetan zehar. Argien mendeko balio berri horiek arrazionaltasunean, enpirismoan eta indibidualismoan oinarritzen dira gehienbat, balio horiek garrantzizkoago bilakatu baitziren, eta gizakiaren eta gizartearen ikuspegiaren oinarri-oinarrizko giltzarri bihurtu baitziren garai horretan. Aldakuntza hori gertatzen ari zen garaian zientzia eta hari zegokion ekimena baitziren, hain zuzen, balio berri horiek modurik egokien eta agerikoenean betetzen ziren alorra, jakintzaren alor klasiko batzuetan, teologiarenean, artearenean, erlijioarenean eta gisakoetan ez bezala. Barry Barnesek arrazoitzen duen bezala, ?XVII. mendean zientzia azaldu izanak aldaketa handiak ekarri zituen gizonaren pentsamenduan eta sentsibilitatean, indarasko galdu zuten antropozentrismoak, antropomorfismoak eta teleologiak; gizonak unibertsoaren erdi-erdian zuen lekua galdu, eta lehentasunik eta probilejiorik ematen ez zion leku bat hartu behar izan zuen?.

Industria aroan gizarte mailetan goraka ari ziren erdi mailako klaseetan zientziaren eta kulturaren artean gertatzen ari zen bateratze horixe da, hain zuzen, zientziaren sorkuntza gertatu zen garaiko ingurune sozialaren ezaugarrietako bat. Zientziaren garapenean beti izan den haren ekarmenen baliagarritasun praktikoa izan da bestea, industriako sektore guztiekin eta historiako garai guztietan teknologiarekin lotura maila berbera izan ez duen arren.

Laburtuz, bada, metodo zientifikoa, zientziaren ekimen ororen eta zientziazko teoria ororen oinarria dena, zientziari eta zientziazko ekimenari zuzenean ez dagozkien bestelako alderdi historiko, sozial eta kulturazkok baldintzatzen dute, eta mugatzen, neurri batean edo bestean. Ezagutzaren, zientziazko ezagutzaren eta bestelakoaren) azterketa soziologikoak argudiatzen duenez, gizakiaren ezagutza prozesu oro, ustez zorrotza, arrazionala eta pertsona bakoitzaren gainetiko objektibotasun bat lortu nahiz iritsia izanagatik, arras mugatzen eta baldintzatzen dute zenbait gizarte eta kultura egiune eta instituziok, hala nola zientziako autoritateak, zienzia eta filosofiako tradizioak, sinesteek, norbanakoen edo taldeen interesek, etab. Alde horretatik, beraz, errealitate naturalaren beregaineko izatea ukatu gabe ere, soziologiaren eremutik biziki kritikatzen da gisa horretako izadiaren ezagutzaren unibertsaltasuna, eta gizakia bere zientziazko ekimenaren bidez errealitate hori objektibotasunez ezagutzera ezin iritsi daitekeela baieztatzen da, bestela baizik, esaten baita, alegia, gizakia iritsdaitekeela ?egiaren? halako hurbilpen serio eta asmo onezko bat egitera, ez ordea izadiaren legeak osoki eta guztiz formulatzera.

Zientziazko ezagutza hori, behin maila batera iritsirik, aski erlatiboa, eta testuinguruaren araberakoa baita, eta ezin esan daiteke, horrenbestez, ezagutza unibertsal, objektibo eta neutrala denik, arrazionalisten eta prositibisten tradizioak nahi izan duen, eta oraindik ere nahi duen, bezala.

Aipatu beharra da, hirugarrenik, gobernuek zientziarekin eta teknologiarekin zerikusia duten ekimenak bultzatzeko martxan jartzen dituzten politiken eragina ere. Hain zuzen ere, berebiziko eragina izaten baitute politika horiek zientziaren alorrean, zientziazko ikerketaren eta teknologiaren garapenaren (I+G, Ikerketa + Garapena) gastu gehienak ordaindu ez ezik, ikertzaileen munduaren lana, zientziazko produkzioa, eta horrek, beren ?aurkikuntzen?, asmazioen eta teknologiaren garapenaren bidez, gizartean izan lezakeen eragina antolatu eta ebaluatzen baitute. Gaur egun, izan ere, zientzia ekimenak eta jarduerak dituzten geroz eta gastu eta kostu handiegoekin, ikerketaren alor edo eremu batzuei lehentasuna ematea erabakitzearekin arras baldintzatzen da zientziaren garapena bera.

Zientziaren oinarrizko ikerketak berrikuntzarako eta ekonomiaren aurreramendurako duen garrantzia ezagututa ere, garbi dago zientziaren oinarrizko ikerketan egiteko inbertsioei dagozkien erabakiak ezin utzi daitezkeela irabaziak epe laburrera edo ertainera lortu nahi dituzten eragile ekonomikoen esku. Eta ekonomiarekin lotura estuena duten alorretarako oinarrizko ikerketari dagokionez gauzak horrela badira, areago dira oraindik ingurugiroari edo gaixotasunei edo gisako gaiei dagozkien oinarrizko ikerketei dagokienez.

 

Teknologia eta gizartea: elkarren eragile eta elkarren eragin

 

Teknologia determinismoa eta berrikuntzaren soziologia

Teknologiaren eta gizartearen arteko harremanei dagokienez ?teknologiaren determinismoa? deitu izan den ikuspegia da zabalduen dagoena eta tradiziozkoa dena.

Teknologiak gizartearen eremu askotan dituen eragin eta ondorio guztiz garrantzizkoei begiratzen die batez ere ikuspegi horrek: teknologiak lanean, eguneroko bizitzan, hedabideetan, etab. dituen eraginetan alegia. Ikuspegi hori izan da ekonomialarien, historialarien edo gizarte zientzialarien artean zabalduena, eta nola begibistako arrazoietan, aise ikus eta froga daitezkeenetan, oinarritzen baita, ia guztiz zabaldurik dago, akademia eta eskolako munduan ez ezik, baita jendartean ere oro har. Soziologiaren ikuspegitik begiratuta, ezin da ukatu tektonologiak zuzen-zuzeneko eragina, eta eragin handia gainera, duenik gizarte bizitzan; baina teknologia sorrarazten duten kausak ere aztertzen ditu. Ikuspegi honetan oinarritutako azterketak teknologiazko aldakuntza sortu eta bultzatzeko eragin handia izan duten gizarte eragileei, ekonomiazko, kulturazko eta politikazko eragileei alegia, begiratzen die batez ere.

Alde honetatik hobe litzateke, agian, gizartearen eta teknologiaren arteko harremanei dagokienez, halako elkarreragin estuago bat, elkarrekiko mendekotasun estuago bat ez ote den begiratzea, ez ote den bi alde horien artean halako eragin dialektiko bat gertatzen, eta elkarrekiko eragin horren ondorioz eremu eta aukera berriak sortzen, batzuk onerako, beste batzuk ez horrenbeste, bestelako eragile eta baldintza sozial eta teknologiko askoren eraginaren arabera.

Begira dezagun orain ea nola azter daitezkeen teknologiazko aldakuntzan eragina izan duten eragile sozialak. Teknologiaren berrikuntzako prozesu guztiz korapilatsuak hartuko ditugu, lehendabizi, horretarako, eta prozesu horietan zer faktorek eragiten duten arteztu gero.

 

Berrikuntza prozesuan eragina duten eragile sozialak

Teknologiaren eta gizartearen arteko erlazioa aztertzeko teknikaren berrikuntza edo aldakuntza prozesuak aztertzea da modurik egokiena. Teknikaren aldakuntzaren eta gizarte aldakuntzaren arteko erlazioez zabalduen dagoen ikuspegiaren arabera,berrikuntza prozesuaren eredu lineala da errealitatera ongien egokitzen den eredua; eredu horren arabera eragile sozialek ez dute inolako eraginik teknologiaren sorkuntzan eta berrikuntzan. Eta era horretara, teknologiaren zabalkundeak gizarte barruko zenbait eremutan (lanean, erakundeetan, kulturan, etxean, etab.) duen eragina baizik ez du aztertzen iksupegi horrek. Teknologiaren erabiltzaileei eta gizarteko agenteei oro har teknikaren aginduetara ahalbait lasterren makurtzea baizik ez litzaieke geratuko, ikuspegi honen aldezleen arabera.

Eredu lineal hori oso zalantzatan jarria du azken aldi honetako teknologiaren soziologiak, honen ikuspegiaren arabera, izan ere, aldagai teknikoek eta aldagai sozialek (erakundeei, instituzioei, kulturari, dagozkienak) batzuek besteetan duten eragina baita aztergaia. Hain zuzen ere, gerta baitaiteke teknologia bat erabiliz gizartean lortu nahi den eraginak teknologia horren sorrera eta garapena baldintzatzea, eta era horretara geroagoko zabalkunde aldiek (teknologia martxan jartzea eta zabaltzea) aurrekoetan ondorioak izatea. Teknologia berrikuntzaren bi aldietan dute batez ere eragina gizarteari dagozkion faktoreek: a) teknologia jakin bat sortzeko bide eman duten gizarte faktoreak; eta b) teknologia hori ingurune jakin batean, dela produkzio munduan, dela hiri munduan, dela eguneroko gizarte harremanetan, martxan jartzeko edo abiarazteko prozesu luze eta korapilatsuan zerikusia duten eragile sozialak.

Lehenik eta behin, teknologia bat sortzerakoan eragina duten gizarte faktoreei dagokienez, badirudi teknologia berri hori abiarazteko behar ziren ezagutza teknikoak eta gaiak lehendik egon ohi direla, aplikazioa bera egin aurretik, eta askotan askoz lehenago gainera. Edisonen lanpararen kasua gogoratzea aski da, Iparrameriketako gizartean XX. mendearen hasieran zabaldu baino askoz lehenagotik asmatuta baitzegoen.

T. P. Hugues-ek dioen bezala: ?Edisonek elektrizitate indarrezko lanpara asmatu eta egiteko erabili zuen metodoa faktore ekonomiko, teknologiko (esperimentazioa batez ere) eta zientziazko askoren bateratze bat izan zen; faktore horiek guztiak oso garbi ageri dira Edisonek berak idatzitako ohar koadernoan?. Edisonen lanpara merkatura ateratzeko lagungarri izan ziren faktoreen artean aipatzekoak dira: a) ekonomiari dagozkionak; Edisonek lan handiak egin zituen ekonomiari zegozkionetan, lanpararen produkzio kostuak urritzeko eta irabaziak handitzeko, b) garai hartan zabalduta zeuden sistema teknologikoetan oraindik konpondu gabe zeuden alderdi teknikoei zegozkien arazo zientifiko-teknologikoak.

Bere garaiko egoera teknologikoaz eta ekonomikoaz zuen ikuspegiak eta ezaguerak gizarte arazoei ere begiratzera bultzatuzuen, eta horregatik, hain zuzen, parke teknologiko handi bat sortu zuen, garai hartako ekonomian arrakasta izan zuen elektrizitate lanpararen asmazioan eta komertzializazioan buru-belarri aritu zen talde baten buru izan zen. Faktore sozial horien eragina beste zenbait asmazio eta teknologiaren sorreran ere ikus daiteke, hala nola Zenbakizko Kontroleko programen asmazio eta zabalkundean, 50-60 bitarteko hamarraldian; gauza bera esan daiteke XIX.. ta XX. mendeetan zehar bizikletak izandako bilakaeraz, etab.

Bigarrenik, berrikuntza prozesuan agertu ohi diren faktoreei begiratuko diegu.

Berrikuntza prozesu hori osatzen duten aldiak aztertuko dira: diseinua, produktua sartzea eta erabilera. Era horretara argi ikusten da teknologia itxuraz ematen duen baino askoz ere moldagarriagoa izaten dela askotan. Teknologia bat burutu bitarteko aldietan zehar formaz eta edukiz nola aldatzen den ikusi ahal izateko. Horrelako erakusgarri eta adibide ona da Minitelen kasua, adibidez: 1980 ondoko hamarraldian Frantziako gobernuak bultzatu zuen Internet gisako bat izan zen hasieran; herritarrei informazio zerbitzu hobea eman nahi zitzaien, eta aldi berean erabiltzaileen eta herritarren artean harremanak eta komunikazioa errazteko bidea nahi zuen izan.

Denbora joan ahala, Minitelen erabilera aldatuz joan zen, eta herritarren arteko harremanek hartu zuten lehentasuna, eta Gobernuak herritarrei informazioa banatzeko helburua bigarren mailako helburu geratu zen. Adibide honetan oso garbi ikusten da tresna horrek hasieran zuen helburua herritarren beren erabileraren bitartez nola aldatzen duten ikusteko. Horrelakoxe beste adibide batzuk Estatu Batuetan telefonoak izan zuen garapena eta aldakuntzak izan ziren, eta roboten sorrera eta robotek gaur egungo produkzio sistemetan duten erabilerarena.

Laburtuz, bada, esan daiteke, gizartearen eta teknologiaren arteko harremanei buruzko eztabaida hau bukatzeko, kausa eta efektu arteko zuzeneko harremanak direla esatea baino hobe litzatekeela agian elkarreragin bidezko eraikuntza edo elkarreragin bidezko sorkuntza gertatzen dela gizartearen eta teknologiaren artean. Ikuspegi berri bateratzaile honetatik begiratuta, gizarteak eta teknologiak batak bestearen baitan eraginez burutzen dituzten etengabeko aldaketa segida gisa hartu beharko litzateke teknologiak gizartearen baitan duen bilakaera. Segida jarraitu horren baitan beti izan dira beste era bateko bilakaerak gertatzeko aukerak, ekonomia kapitalistako duen gizarte honen testuinguru sozioekonomiko orokorraren baitan betiere.

 

Aldakuntza soziala eta aldakuntza teknologikoa: informazioaren gizartea

Gaur egungo gizarte industrial aurreratuek produkzio egitura ahalik eta bizkorrena baitute oinarri gisa, zientziari eta teknologiari dagokienez, eta mundu osoa hartzen duen ekonomia eremua, konkurrentzian oinarritua, baitute, gainera, etengabe izaten dituzte teknika aldaketak eta gizarte aldaketak.

Teknologia berrien eragina ez da produkzio sistemara mugatzen soilik, alderantzizbaizik, gizartearen egitura eta erakunde guztietaraino, eta eguneroko bizitzaraino irits daiteke haien eragina. Informazioko eta komunikazioetako teknologiaren eta gizartearen aldakuntzen arteko loturak berebiziko garrantzia du. Hardware edo euskarri fisikoetan (ordenagailuen osagaiak, zirkuitu integratuak, memoria edukia eta prozesu bizkortasuna), software edo euskarri logikoan eta komunikazioetan (sateliteak, telekomunikazioak, sareak) izan diren teknologiazko aurreramenduek Informazioaren Teknologiaren berebiziko zabalkundea ekarri zuten 1980 ingurutik aurrera, eta zabalkunde horrek berebiziko eragina du orobat gizartearen instituzioetan eta erakundeetan. Ordenagailu pertsonala da, agian, guztizko zabalkunde horren sinbolo nagusia. Informazioaren eta KomunikazioarenTeknologiak gizartearen maila eta sektore guztietara zabalduz doazen heinean, ?informazioaren gizartea? esapidea ere guztiz arrunt eta ohiko ari da bihurtzen.

Alde guztietan entzuten dira etortzekoak diren aldakuntza tekniko eta sozialei buruzko komentarioak eta iruzkinak. Kontzeptu horren edukia zehatz eta doi aztertu eta definitu ez denez, ordea, gai honetan izan daitekeen etorkizunari dagokionez deskripzio eta azterketa kritiko sakon bat egin beharra dago inondik ere.

Atal honetan, informazioaren gizarteari buruz dauden teoria optimistak, baikortasunez beteak, aurkeztu eta komentatuko dira lehenik; teoria hauen esanetan, hain zuzen, beste era bateko gizarte mota bat sortuko omen da, teknikak gaur egun dituen aldakuntzetan oinarrituta. Bigarrenik informazioarengizarteari dagokionez kritiko diren teoriak eta jarrerak aztertuko dira; teoria hauek, hain zuzen ere, gizarte industrial kapitalistaren eta gaur egungo gizartearen jarraitasuna azpimarratzen eta nabarmentzen baitute. Eta azkenik, iruzkin labur batzuk egingo dira informazioaren gizartea deitu ohi den honetan izan litezkeen kultura aldakuntzez.

 

Hasierako baikortasuna

Informazioaren gizarteari buruzko ideia hau industria aro ondoko gizartearen teorian behar da kokatu. Industria aro ondoko gizartearen tesiak puntu hauetan laburbil daitezke: ? Ezagutza da produktibitatearen oinarria.

? Zerbitzuen sektoreak berezibiko hazkundea eta guztizko garrantzia hartzen du. Zerbitzuen ekonomia dela esaten da.

? Ezagutza maila handia eskatzen duten produkzio jarduerek berebiziko garrantzia dute: profesionalek, teknologoek, kudeatzaileek eta zuzentzaileek.

? Informazio prozeduetan oinarritutako teknologia bat sortzen da.

Zerbitzuen ekonomiaren tesi horrek baditu bere kontraesanak ere. Hain zuzen ere, ?zerbitzuen? kategoria horretan oso era desberdinetako jarduerak sartzen baitira: banaketa zerbitzuak, produkzio zerbitzuak (finantzak ere barne harturik), gizarte zerbitzuak eta banakako zerbitzuak.

Bell-en iritzian, industria aro ondoko gizartean enpresentzako zerbitzuek eta gizarte zerbitzuek egingo omen dute batez ere gora. Gertatu ere, halaxe gertatu da,gutxiasko, baina lan baldintzarik okerrenak izan ohi dituzten zerbitzuek ez dute pisurik galdu, zerbitzu pertsonalek, denda txiki eta ertainek, etab. adibidez. Langile munduaren estratifikazioari dagokionez, gizarte mailarik zabalduenak erdi mailako klaseak izango ziren gizarte modu bat iragarri zuen industria ondoko gizartearen teoria honek; gertatu, ordea, ez da horrelakorik gertatu, eta gizartearen egitura polarizatzeko joerak sumatzen dira, aztertzaile batzuek Estatu Batuetako gizartean ikusi dutenez. Beste alde batetik, teoria honek beti ahazten ditu zerbitzuen sektorearen eta industriakoaren arteko harremanak, askoz ere bizkorragoak izaten baitira industriaren garapenari eta mantenimenduari dagozkion zerbitzuetako sektoreak gainerakoak baino.

Ikuspegi honetatik, hain zuzen, 1980 bezperatan ikertzaile batzuek (Mahlup, Porat) informazioarekin bateko edo besteko lotura zuten zerbitzuen, ?laugarren sektorea? deitu zenaren, pisua eta garrantzia neurtzen ahalegindu ziren, eta aldi berean informazioaren gizartea esapidea erabiltzen hasi ziren. Laugarren sektore horren barruan bi azpi-sektore zeudela sumatu zuten: informazioa, hitz honen zentzurik zabalenean, sortzen duten industriak eta zerbitzuak (produktuak, tresnak, ikerketa, analisia, publizitatea, hezkuntza, etab); eta informazioa sortzen duten gainerako jarduera eta zerbitzuak (ikerketa eta planifikazioa, marketin, kalitate kontrola, kudeaketa, administrazioa etab.). Sailkapen horretan oinarrituta, esan daiteke, zinez, oinarri-oinarrizkosektorea dela informazioa (Bell), baina ez da ahaztu behar informazioaren sorkuntzak eta gizartean banatzeko prozesuak duten konplesutasuna eta heterogeneotasuna, lehen adierazi dugun bezala.

Antzeko bidetik abiatuta, gizarte modu berri bat zetorrela aldarrikatzen hasi ziren beste aztertzaile batzuk. Arrazoi nagusi bat dute aldarrikapen hori egiteko: sistema teknologiko berri batek gizarte sistema berri bat ekarriko zuela nahitaez; eta ekonomia sinergikoa (Masuda), partaidetzan oinarritutako eskema politikoa, aniztasunean oinarritutako kultura berria (Toffler) eta gisako termino berriak hasi ziren erabiltzen.

Teoria berri horiek teknologia sortu eta zabaltzen hasi zireneko testuinguruan behar dira kokatu, ulertuko badira. Teknologiaren determinismoaren teoriak (teknikazko aldakuntzak gizartearen aldakuntza dakar) eta halako baikortasun xalo batek (teknologia berriak ekarri behar zituzten onuren uste onean) eragintzat behar dira hartu teoria horiek.

Laburtzeko esan daiteke ideiok eta tesiok teknologia berrien sorkuntza eta zabalkunde garaian sortu zirelako direla horren baikor eta xalo. Denbora igaro ahala asko apaldu dute baikortasun hori ikerketak eta analisiak: Gizarte mailen arteko diferentziak ez dira berdindu, eta desberdintasun eta diferentzia mota berriak azaldu dira gainera, teknologia berriak erabiltzeko ahalmen eta gaitasunari dagozkionak, adibidez.

 

Teknologiaren determinismotik eragile sozioekonomikoetara

1970 ondoko bi hamarraldietan, ekonomiaren eta gizartearen krisi eta berregituraketa egoeran, berehalaxe azaldu ziren jarrera kritikoak. Autore kritiko horiek klaseetan banatutako gizartea eta kapitalismoa berriro errepikatzen ari direla azpimarratu zuten. Haien iritzian, teknologia berri horiek agertu eta erabiltzen hasi izana botere egituren baitan eta boterezko harremanen baitan behar da aztertu eta ulertu. Eragile politiko ahaltsuek (estatu batzuek, eta erakunde militarrek batez ere) eta eragile ekonomiko orobat ahaltsuek (enpresa multinazionalek) bultzatua da teknologia berrien erabilera eta zabalkundea. Ordenagailuak eta telekomunikazio sistemak Gerra Hotzeko informazio, agindu eta kontrol sistemek definitzen duten testuinguru batean sortu ziren, eraso nuklearrei eta airetiko erasoei erantzun beharrak eraginda. Geroztik, gerra informatizatuzko egoera horretatik, ekonomia informatizatzea etorri zen, eta horrek eragin du merkatuak globalizatzea. Ikertzaile kritikoek puntuok hartu dituzte kontuan:? Enpresa multinazionalen eta nazioarteko mugez gaindi mugitzen den, eta horrenbestez estatuen kontrol politikotik kanpo geratzen den kapitalaren garrantzia.

? Kontrolatzeko eta zaintzeko aukera berriak, bai produkzio sektorean bai kontsumoarenean.

Ikuspegi hauek guztiak teknologiaren determinismoaren kontrako kritikatzat behar dira hartu, baina gerta daiteke, orobat, determinismo sozialera gehiegi jotzea ere.

Braverman-en iritzian, esate baterako, langileak eta lan prozesuak kontrolatzeko sartzen dira informazioaren teknologiak enpresetan, eta, bide batez, langileen kualifikazioa jaisteko, ezagutza maila apaltzeko, eta langileen sormena eta autonomia gutxitzeko.

Arazo honi buruz hurrengo atalean hitz egingo da.

 

Kultura

Atal honetan azterketa labur bat egiten da informazioaren gizartearekin zuzeneko zerikusia duten kulturaren alderdi batzuez.

Gizarte industrial aurreratuaren ezaugarrietako bat kontsumoaren alorrak duen berebiziko garrantzia da, kontsumo horretan sartzen direlarik, orobat, informazioaren kontsumoa eta kulturazko eta aisiarako produktuen kontsumoa. Bizimoduan, kulturazko kontsumo gaietako ohitura, zaletasun, joera edo bereizkuntzetan, norbere irudian, hizkuntzazko kodeetan eta gisakoetan oinarrituta egiten diren bereizkuntza sozialek indar handia hartu dute gaur egungo gizartean, orain arte lanean baizik oinarritzen ez zen gizarte estratifikazioaren aurrean. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei dagokienez, teknologia berri horiei esker sortu eta guztiz zabaldu den irudi, sinbolo, interpretazio eta estilo estetikoen aniztasuna, eta komunikazioaren, aisiaren eta informazioaren globaltasuna kultura aldaketa handi eta zabal bat ari dira ekartzen, postomodernotasunaren tesien aldeko zenbait autoreren iritzian. Era askotako deskribapen eta interpretaziozko testuinguru honetan, bada, ?modernotasunak? irudikatzeari, deskripzioa errealitatera egokitu beharrari ematen zion garrantziaren ordez, ezagutzaren eta kulturaren zatiketa eta erlatibotasunari ematen zaio gaur egun garrantzia, ustez zatiketa eta erlatibizatze horrek gizakia hertsadura orotatik askatzen eta aniztasun soziala bultzatzen duelakoan. Berezkoa ez dena, axalekoa, hutsala dena, esperimentuak, itxurak, ironia eta jolasa goraipatzen dira. Informazioa eta hizkuntza baizik ez da errealitatea: zeinuez harunztik ez dago ezer, itxurak hartzen du irudikapenaren eta modernitatearen balioen lekua. Ikuskariaz gozatzea da kontua, atzeragoko esanahi ezkuturen baten bila ibili gabe. Nortasunamila zati egiten da, eta alde batera uzten da koherentziaren, printzipioen eta erantzukizun moralaren ardura.

Labur bada ere, iruzkin kritiko batzuk bederen merezi du egitea aldakuntza teknikoaren (informazioaren teknologiak ekarri duen informazioaren eta komunikazioaren eztandaren) eta kulturazko aldakuntzaren arteko erlazioari buruzko ikuspegi honez.

? Lehenik eta behin, jarrera honek azaltzen duen erlatibismo guztiz muturrekoak arazo asko ditu: errealitatea zuzenean atxiki ezina dela, interpretazioaren bidez baizik ezin atxikia dela, esateak ez du esan nahi, horrenbestez, interpretazioen artean egokiagoak eta desegokiagoak bereiz ezin daitezkeenik.

? Bigarrenik, eta gizarte estratifikazioaren kulturazko alderdia ukatu gabe ere, aztertu beharra dago, oso garrantzitsua baita, egitura sozialaren eta kultura postmodernoaren arteko erlazioa. Autore batzuk hasiak dira bizimodu postmodernoaren eta gizarte klase erditik gorakoan diren zenbait sektoreren arteko kidetasuna aztertzen, gaur egungo teknikaren aldakuntzek eta kapitalismoaren berregituratzeak dakarten testuinguruan.

? Azkenik eta bukatzeko, Bell-ek postmodernismoaren hedonismoaren eta gizarte egituraren beste alor batzuen (ekonomia eta politika, adibidez) ardatz diren printzipioen arteko kontrakotasunaren ondorioak (desegokierak edo egokitasunak) aztertu beharra dago oraindik.

 

Informazioaren eta komunikazioaren teknologia, lana eta antolamendua

Informazioaren teknologien zabalkunde berri honek berebiziko eragina du, batez ere, erakundeetan; horregatik, hain zuzen, orain arte esandakoa osatzeko, teknologia berri hauek erakundeen antolamenduan duten eragina aztertu behar da orain.

Badira, honi dagokionez, ikuspegi orokor batzuk, ikerketa enpirikorako eta hipotesiak eta teoriak formulatzeko oinarri bezala har daitezkeenak. Orain arte formulatu diren ikuspegiak hiru multzotan bil daitezke: ikuspegi arrazionalistak, sitazionalak eta instituzionalak.

Erakundeen esparruan teknologiaren aldakuntzak eta gizarte aldakuntzak elkarrekin dituzten harremanei dagokienez, ikuspegi arrazionalista eta Braverman-en ikuspegi instituzionalista esan daiteke direla muturreko jarrera optimista eta haren kontrako muturreko jarrera kritikoa.

Ikuspegi arrazionalistak etorkizunaren plangintza, helburuen erdiespena, produktibitatea, autoritatea eta prozedura formalak ditu oinarrizko ideiak; ikuspegi honetatik Informazioaren Teknologiaren abantaila teknikoak azpimarratzen dira, berrikuntza prozesuak dituen alderdi sozialak alde batera ahazturik. Teknologia berriek dituzten abantailei esker erakundea osatzen dutenenarteko adostasuna errazago izango dela gauza ziurtzat ematen da. Erakundeko aktoreak teknikaren baliabideetara moldatuko dira, eta teknologia da antolamendua aldarazten duen aldagai ?gogorra?.

Ikuspegirik kritikoena, aldiz, Braverman-en eta labour process (lan prozesua) eskolako literaturarena da. Autore honen tesia Marx-en obran oinarritzen da; tesi horren arabera teknologia ez da gauza neutroa, ezta gutxiagorik ere, hasiera-hasieratik kapitalaren eta lanaren arteko oinarrizko kontrajarreran oinarritzen den gizarte harremanen egitura indartzeko asmoz diseinatua, prestatua ea martxan jarria baizik.

Tesi honen arabera, beraz, teknologia berriak ez dira baliatzen lanean eraginkor direlako bakarrik, horrekin batera langileak hobeto kontrolatu ahal izateko eta haien kualifikazio, autonomia eta erantzukizun maila apalagoa izanda ere berdin aski izan dadin, eta era horretara lan faktorearen kostua txikiagoa izan dadin baizik. Teknologia berri horiek sartuta goitik beherako aginpide eta kontrol eredua indartzen da, eginkizunak definitzeko arau zorrotzekin eta hierarkia egitura zurrun batekin.

Ikuspegi arrazionalistak teknologiaren determinismora makurtzeko zuen arriskuaren alderantziz, Bravermanek determinismo sozialaren esanetara makurtzeko arriskua du: kontrola lehen baino ere zuzendaritzaren eskuago uztea izango litzateke beti Informazioaren Teknologiaren helburua, haren arabera, eskulana eta burulana gehiago bereiztea (eta burulana zuzendaritzari uztea) eta langileak kualifikazio gabe uztea, bide abtez. Berez aski heterogeneoakdiren eginkizun asko, denak batera ?lan? kategorian pilatzea da ikuspegi honek duen arazorik larrienetako bat.

Muturreko bi jarrera horien artean kokatzen dira teknologiaren aldakuntzaren eta gizarte aldakuntzaren arteko erlazioak aztertzen dituzten bestelako ikuspegiak. Ikuspegi horietatik bi aztertuko ditugu hemen: ikuspegi situazionala eta ikuspegi instituzionalista, elkarreraginen azterketan eta erakundeen soziologian oinarritua.

Antolamendua, bere helburu eta plangintzekin, eragile arrazional bezala hartzen duen arrazionalismoak ez bezala, erakundeak izaten duen moldagarritasuna, egoeretara egokitzeko gaitasuna, azpimarratzen du ikuspegi situazionalistak.

Egoeraren aldakortasunak (merkatuen globalizazioa, konkurrentzia, zatiketa, bizkortasuna, teknologiaren aldakuntza, gizarte aldakuntza), espezializazio malguaren teoriek dioten bezala, adi egoteko eta bizkor erantzuteko ahalmen handia eskatzen die gaur egungo enpresei. Ikuspegi situazional honetatik egin diren ikerketek geroz eta adostasun handiagoa dute esateko berrikuntza prozesuek (aldatuz doan ingurunera egokitzeko prozesuek) bi alderdi dituztela beti, alderdi tenikoa, eta antolamenduzko alderdia, eta bi horietan lehena izaten dela ?malgutsasun gutxien? duena.

Ikuspegi situazionaletik begiratuta oinarri-oinarrizko eginkizuna betetzen du Informazioaren Teknologiak teknikaren eta antolamenduaren berrikuntza prozesuetan.

Informazioaren Teknologia sartuz batera egiten diren berrikuntza prozesuek (sistemariketa aplikaziorik aurreratuenak erabiliz egiten direnek, batez ere) arrakastarik izan dezaten, berritik definitu beharko lirateke berriro antolamenduaren oinarrizko zenbait parametro, nola baitira, adibidez, eginkizunen banaketa eta definizioa, komunikazio arauak, hierarkiaren egitura eta antolamendu kultura. Askotan esan ohi da Informazioaren Teknologiak baduela ?antolamendu gaitasuna? adostasuna lortzeko: kideen arteko hitzamenean oinarritzen den antolamendua (aginpidea banaturik egitea, aukera eremua zabaltzea, nork bere burua kontrolatzea, ezagutza maila altuagoak eskatzea eta etengabe ikasten jarraitu beharra ditu ezaugarri nagusiak gisa honetako antolamenduak) Informazioaren Teknologia sartzeko eta hobeto erabili eta balia dadin bultzagarri eta eragile izan ohi da. Informazioaren Teknologien zenbait ondorio indartzea izango litzateke kontua: lan talde zabalagoak eta talde egitura malguagoak; lan banaketarako arau malguak; trebezia gehiago hartzeko bultzagarriak; erakundearen atalen arteko lotura estuagoa; aldakuntzetan eta ikuskaritzan parte handiagoa izatea; esperimentazioa bultzatzea; ikasketa bultzatzea; eta beste batzuk, berriz, saihestea: botere edo estatus kontuetan liskarrrak izatea; komunikazio arau zurrunak izatea; goitik beherako kontrol estua; jendeak kemena galtzea, etab. Behin eta berriro esaten da (eta kasu askoren azterketak aipatzen) teknologia aldakuntza egitea dagokien eragile eta erabiltzaileek parte hartu ezean, Informazioaren Teknologiaren sarrera hutsean gera daitekeela.

Enpresen kudeaketaz diharduen literaturan maiz gertatu ohi den bezala, ikuspegi situazional honetan ez dira behar bezala bereizten irizpide enpirikoak (nola funtzionatzen duten enpresek) eta irizpide normatiboak (nola behar luketen funtzionatu (horixe bera ageri da, hain zuzen, antolamendu eredu honen izendapenean bertan: ?adostasunean oinarritua?). Ikuspegi instituzionalistak, elkarreraginaren teorian eta erakundeen soziologian oinarritzen baita, zuzentzen du zerbtxobait ikuspegi hori.

Ikuspegi honek sistema sozial bezala aztertzen ditu erakundeak, bakoitzak bere aktoreak, egiturak, ohiturak eta liskarrak dituela. Kanpotik zein barrutik beharkizun asko dituzten erakundeetan erabakiak hartzeko prozesuen oinean izan ohi den elkarrekiko eragin, negoziaketa eta denen artean zentzu bateratu bat aurkitzeko ahalegina azpimarratzen da. Gerta daiteke erakundea osatzen duten kideen artean (zeinek bere helburu eta ikuspegi desberdinak dituzten aktoreak) elkarlanean jarduteko edo urri diren baliabideez jabetzeko (baliabide ekonomikoak, aginpidea edo estatusa) lehia handiagoa ala txikiagoa izatea.Aktore horien (zuzendaritza, Informazioaren Teknologietako espezialistak, erabiltzaileak) arteko eragin eta negoziaketa testuinguru horretan gertatzen da Informazioaren Teknologia sartzea. Honen guztiaren neurria erakundearen kontrolari eta zentralizaziori dagozkion gaietan ikusten da ongien. Informazioaren Teknologiari esker erakunde bat osatzen duten eta hartan erabakiak hartzen dituzten atalak bana daitezke espazioan, baina aldi berean atal eta prozesu horiek ageriago geratzen dira jerentzia zentralizatuarentzat, eta jerentzia hori indartu egiten da, horrenbestez. Edozeinetara ere, horrekin batera has daitezke kontrol eta ikuskaritza modu berriak sortzen (zeharbidezko kontrola, alde askotatikoa). Informazioa zentzu askotan has daiteke mugitzen, eta gerta daiteke euskarri tekniko berri hori ?leiho? bat bilakatzea, edozein erabiltzaileren hutsegiteak beste erabiltzaile guztien agerian geratzen direla (eginbeharrak edo erabakiak ez betetzea, adibidez). Gerta daiteke informazio eta kontrol bide horiek hierarkiaren, funtzionamenduaren eta antolamenduaren mugak gainditzea, eta hala gertatzen bada, erakundean diren aktore guztiei handitzen zaizkie beharkizunak eta premiamenduak (eta horrekin batera norbere buruaren kontrola eta auto diziplina ere), eta ez bakarrik hierarkian behereneko mailatan dauden aktoreei.

 

Ondorioa

Atal honetan zientziak, teknikak eta gizarteak batak bestean duten eragina aztertu da, eta erlazio hori agerian jartzeko gizarte aldaketa eta teknologiaren aldaketa aztertu eta zenbait adibide jarri dira. Zientziak eta teknologiak, sortu ahal izateko, aktore sozial batzuk behar dituztela frogatu da, eta aldi berean horiek berek ere gizartean garrantzi handiko ondorioz izaten dituztela erakutsi da. Gizarte aldakuntzak eta teknologiaren aldakuntzak, batak bestea eragiten du bat. Elkarrekiko eragin dinamiko horietan beti sortzen dira joera positiboak eta joera negatiboak, horrexegatik begiratzen dugu, hain zuzen, zer duten onik eta zer txarrik aldakuntza sozioteknikoek.

Gizarteari dagokionez, bi jarrera daude.

Jarrera baikorrenentzat, gaur egungo aldakuntza teknikoek gizarte berri bat ekarriko dute, gizarte maila guztientzat aukera berriak eskainiko dituena. Horien beste muturrean, jarrera ezkorrenak daude: horien iritzian botere ekonomiko, politiko eta militarrak gizartea oso-osorik zaindu eta kontrolatzeko erabiliko dira teknologia berriak. Bi mutur horien artean aldagai teknikoen eta aldagai sozialen artekoerlazioak aztertzen dituzten bi ikuspegi mota daude. Batzuek antolamenduzko eta teknikazko paradigmaren aldakuntzari begiratzen dioten batez ere (espezializazio malgua, berregituratzea), besteek, aldiz, gizarte mailen desberdintasunari eta liskarrari, eta estatuaren eta erakunde publikoen desegiteko prozesuari begiratzen diote gehienbat.

Lanaren antolamenduari dagokionez ere, beste horrenbesteko analisi bat egin daiteke, eta alde batetik baikorrak (ikuspegiarrazionalista), muturreko ikuspegi kritikoa (langileen kualifikazio galeraren hipotesia) eta bitarteko jarrerak (teknikari ala gizarte mailari gehiago begiratzen dioten: ikuspegi situazionala eta elkarreraginaren ikuspegia) bereiz daitezke. Guztiaren buru, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek dakarten komuninazio ahalmenaren eta teknikaren oinarritik abiatuta kultura postmoderno bat (kultura aldakuntza) sortzen ari dela aldarrikatzen duen tesiaren kritika labur bat egin da.