Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Urbanizazio prozesua

Herrialde garatuetako eta garapen bidean direnetako hirietako biztanleria. Iturria: Nazio Batuen Erakundea, 1986.<br><br>

 

Sarrera

Biztanleak arian-arian hiriguneetan eta hirietan bizitzen jartzeko prozesuari esaten zaio urbanizazioa. Gizakiaren historiak azken 200 urteetan ezagutu duen eta egun bizi duen prozesu garrantzitsuenetakoa da.

Prozesuak ez du geldialdirik bizi izan eta, gainera, are garrantzitsuagoa da egun, mundu mailara hedatu delako. Ondoren aztertuko dugunez, urbanizazioa dagoeneko ez da herrialde garatuenen kontua, zuzeneko eragina baitu mundu osoan.

Horrenbestez, gure bizitzaren esparru guztietan du eragina urbanizazioaren fenomenoak, eta esparru guztiak ukitzen ditu: ekonomia, kultura eta ingurugiroa, baliabide naturalak hirietan oker erabiltzen direnez, ingurugiroa hondatzeko arriskua gero eta handiagoa baita.

 

Urbanizazioa datuetan

2025. urtean munduko biztanleetatik %61 hiri esparruetan biziko da, hau da, gutxi gorabehera 5.065.332.000 lagun biziko dira hirietan. Kopuru horretan, ordea, alde handiak daude Lurreko herrialdeen artean.

Herrialde garatuenetan %84koa izango da urbanizazio tasa, eta hain garatuta ez dauden herrialdeetan, %57koa. Oso garapenmaila txikiko herrialdeetan 100 lagunetatik 43 biziko dira hiri esparruren batean, beti ere NBEk proiekzio hauei begira zehazten dituen mugen arabera.

Ondoko grafikoetan argi eta garbi islatzen dira joera hauek. Lehenengo grafikoak munduko lurraldeen artean dauden aldeak aurkezten dizkigu, hirietan bizi den biztanleriaren portzentajeei dagokienez. Bigarren grafikoan, 1950etik 2030era bitarteko biztanleriaren kopuru absolutuak aurkezten dituen grafikoan, eta ikusiko dugu garapenbidean dauden herrialdeetan era ikusgarri batean egiten duela gora, kopuru absolutuetan eta herri garatuekin alderaturik, esparru urbanoetan bizi den biztanleriaren kopuruak.

Anitzak dira munduko lurraldeetan hiriguneak handitzeko arrazoiak, baina urbanizazioaren fenomenoaren konplexutasuna hobeto ulertzeko modua eskaintzen diguten ideia orokor batzuk atera daitezke.

Herrialde aberatsek edo garatuek, nagusiki Japoniak eta Europan, Ipar Amerikan eta Ozeanian daudenek, XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, batez ere Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, bizi izan zituzten beren hazkunde tasarik handienak.

Industria Iraultzak, nola nekazaritzan hala fabriketako produkzioan aplikatu zen aurrerapen teknologikoarekin batera, landa eremutik hiriranzko emigrazio handia eragin zuen, hiriguneetako demografiaren hazkundea ekarriko zuena. Herrialde garatuetako biztanleen %53 hiriguneetan bizi zen 1950. urterako, eta ordutik aurrera portzentaje horrek gora egin du etenik gabe baina erritmo motelago batez. Kalkulu batzuen arabera, munduko biztanleen %80 hiriguneetan biziko da 2030. urterako.Herrialde hauetako urbanizazio prozesua azkenetan dagoela esan dezakegu, eta hirien hazkundea hiri horietan bizi den biztanleen hazkunde naturalaren ondorioa dela batez ere.

Oso bestelakoa da garapen bidean dauden herrialdeen egoera. 1950. urtean biztanleen %17 baino ez zen hiriguneetan bizi; 2030. urtean %57 hiriguneetan biziko direla uste da. Lurraldea eta populazioa herrialde garatuek bizi izan dituzten urbanizazio aldi bizkorrenetan baino azkarrago urbanizatzen dira gaurko egunean garapen bidean dauden herrialdeetan. Hala eta guztiz ere, hazkundearen erritmoak, nola demografiari hala urbanizazioari dagozkienak, moteldu egingo direlako ustea dago. Herrialde hauetan, hirietan biziko direnen kopurua adierazten duten tasak baino kezkagarriagoa da hirigune horiek izango duten neurri absolutua. Garapen bidean dauden herrialdeetako urbanizazio-prozesua ez da, hasieran pentsa daitekeen bezala, batez ere landa eremutik hiriranzko emigraziotik elikatzen. Herrialdeen artean alde handiak badiren arren, migrazio mugimendu hauen batez besteko ekarpena %40koa dela esan genezake. Mota honetako herrialdeetako hirien hazkundeak ez du zuzeneko loturarik ekonomiaren hazkundearekin, hau da, hirietako bizi baldintzak ez dira migrazio handiak erakartzeko bezain onak. Baina hirietako biztanleen kopurua hain da handia ezen hazkunde-erritmo txikienak ere milioika pertsonen hazkundea eragiten baitu.

Demografiaren joera hauen ondorioz munduko herrialde txiroenetan egongo dira gure planetako hiri aglomerazio handienak.

Hurrengo koadroan garapen bidean dauden hiri handiek bizi izan duten aldaketa handia ikus dezakegu, eta aldatu egiten dela garatuta dauden herrialdeetako hirien pisua munduko hiri handienen ranking-ean.

 

Hirien zeregina gaurko egunean eta etorkizuneko joerak

Gure garaiko munduko gizarte prozesu garrantzitsuenak azaltzeko orduan gero eta protagonismo handiagoa dute hiriek.

Prozesu hauen gertalekua gero eta gehiago mugatzen da hirietarantz, eta gero eta gehiago urruntzen da herrialde edo nazioestatuen aurretiko sailkapen markotik.

Ekonomian, kulturan eta politikan estatuetako instantziek metropoli edo hirietako gobernuen esku uzten ari dira ahalmenak eta eskuduntzak. Aldaketa hauek era askotan isla daitezke, ondoren ikusiko dugun bezala.

 

Hiriak munduko ekonomian

Industria Iraultzaren ondorioz, hiriak betiko bihurtu ziren sistema kapitalistaren ekoizpen gune. Ekonomiaren etekinaren logikari jarraituz fabrika gehienak hiriguneetara bildu ziren, langileengandik eta banaketa guneetatik hurbil. Garraioei esker, industriek ez zuten zertan beharrezko lehengaiak sortzen ziren lekuetan eratu beharrik.

Zenbaitetan industria eremu handiak antolatu ziren, eta eremu horietan fabrikak elkarren artean lotzen ziren, konkurrentzian abantailak izatearren.

Hiri hauek izan ziren orain dela hiru hamarraldi arte munduko ekonomia menderatu zutenak. Baina nagusitasun hau eragin zuen egoera aldatu egin zen 70eko hamarraldiko energiaren krisialdiarekin eta ondorengo industriaren krisialdiarekin. Teknologia jada zaharkitua erabiltzen zuten kimika, siderurgia-metalurgia eta ontzigintza bezalako oinarrizko sektoreetan bermaturiko industria sareek, eta horrelakoak zeuzkatenhiriek krisialdi sakona bizi izan zuten, baita industriaren beherakada latza ere.

Munduko ekonomiaren bidean izaniko aldaketa hauek hiriek munduko ekonomiarekin izan beharreko harremanaren antolamendu berria ekarri dute berekin. Gero eta gehiago dira botereguneak gero eta hiri gutxiagoetan kokatzen dituzten enpresak.

Sony, Microsoft edo Bayer bezalako multinazional handiek, mundu osoan barrena eta lekurik merkeenetan eduki ditzakete produkzio fabrikak, baina Londresen, Tokion edo New Yorken izango dute egoitza nagusia, eta egoitza horietatik gobernatuko dituzte fabrikak, materialen garraioa eta ondorengo banaketa. Multinazional hauek zerbitzu osagarriak eskatzen dituzte hobeto funtzionatzeko eta, aldi berean, baldintza egokiak eskatzen dituzte kualifikazio handiko langileen eskaerak asetzeko (kultura hornigaiak, komunikazio egokia…).

Ezaugarri hauek «enpresa giro» egokia eragiten dute, guztiz ezinbestekoa dena beste enpresa handi batzuk inguruan kokatzeko.Gisa honetan gorpuzten dira telekomunikazioei esker elkarren artean loturik dauden boteregune handi hauek, munduko produkzio gehiena menderatzen dutenak.

«Hiri globalak» ez dira nahitaez munduko populatuenak, multinazionalen botereguneen egoitza gehienak biltzen diren hiriak baizik, eta hiri horiek herrialde garatuetan daude.

 

Hiriak eta kultura

Hiriak beti izan dira kultura sortzeko eta hedatzeko guneak. Artea, kulturaren agerkari adierazgarrienetakoa, hiriak hasierahasieratik bildu duen elementu bat da. Artea munduko hiri handienetan eta konplexuetan berritzen da, antzinako Erroman bezala, era berean egungo New Yorken edo Los Angelesen.Hiria, aldi berean, kultura hedatzeko ibilgailua izan daiteke. Sinboloek, kulturaren funtsezko osagai baitira, kaleak hartzen dituzte. Bide seinaleak mugimendu handia duen hiri bateko trafikoaren ordenamenduaren isla dira. Eraikinen altuerak kale jakin batean nagusi izan daitezkeen funtzioak adierazten dizkigu.

Hainbat azpikultura (talde etnikoak edo gizarte mailak) biltzen diren hirietan, paisaje urbanoa erabiltzen da hiriaren beraren norabideari begira eta besteen aurrean aurkezteko.

Londresko auzo txinatarrera joaten garenean ekialdeko apaingarriez apainduriko ate edo arku gorri baten petik igarotzen gara. Auzo bat langile auzoa dela ohartuko gara, adibidez, etxebizitzen dentsitate handia, fatxaden estetika funtzionala, ikustean. Hesiek, harresiek edo zubiek gazte talde baten lurraldearen muga zehaztadezakete Estatu Batuetako hiri batzuetako auzo zenbaitetan.

Paisaje urbanoaren kultura adierazpen diren sinboloak hiri asko eta asko erabiltzen ari dira azken honetan, kanpoko inbertsioak eta turistak erakartzeko eta beste hiriekin lehiatzeko. Hiri batzuetan eraikin ikusgarriak egiten dira museoak, musika auditorioak edo unibertsitateak jasotzeko.

Bilboko Guggenheim museoa eta Los Angelesko Paul Ghetty museoa dira fenomeno berri honen eredu paradigmatikoak.

 

Politika eta hiriak

Ezin ahantz dezakegu hiri bat zabalagoa den gorputz politiko baten baitako administrazio unitate bat edo batzuen markora biltzen dela, lurralde edo nazio-estatu batera alegia. Herrialde bakoitzean oreka jakin bat dago boterea bertako gobernuaren eta maila handiagoko instantzien artean banatzeko; udal edo korporazio lokal batzuek beren politikak kudeatzeko botere handia duten bitartean, beste batzuek jarduteko ahalmen txikia dute botere gorenen aurrean.

Gero eta sustrai sendoagoak dituen globalizazioak ere beste botere desoreka bat eragiten du hirietako gobernuei begira.

Enpresa multinazional handiek inbertsioen arloan hartzen dituzten erabakien aurrean oso eragin txikia izan dezake hiri bat gobernatzen duen udalak. Ikerketa batzuen arabera, hiriak beren mugetatik kanpora hartzen diren erabakien menpe daude gero eta gehiago.

Baina, bestalde, zeintzuk dira hiri baten mugak? Badira, arestian adierazi bezala, muga administratibo batzuk, baina muga horiek batzuetan ez datoz bat lurraldeko hirien errealitateekin. Gero eta nabariagoa da sare urbanoez eraturiko eskualde urbano handien presentzia, eta horien barnean era askotako espazioak eta erabilerak nahasten dira (industria jarduerak, aisialdia, kontsumoa, nekazaritza jarduerak eta abar).

Errepideen eta zubien eraikuntzak edo ur hornidurak hainbat hirigune edo nekazaritza-gune hartzen ditu, eta ezinbesteko bihurtzen dira tokian tokiko gobernuen arteko topaguneak.

Hirien plangintzan eta ordenamenduan erabakiak hartzeko nahiko ahalmen dute tokian tokiko gobernuek. Herrialde askotan gauza arrunta da, batetik, dauden defizitak gainditzea eta, bestetik, hiria etengabeko aldaketen aurrean prestatzea helburu duten hirigintza planak egitea. Plan horien diseinuan eta kudeaketan hiri bakoitzeko agintari publikoek dute eskuduntza, baita botere instantzia gorenek ere, baina azken urteotan, eta batez ere hiri anglosaxoietan, enpresa pribatuek eta gobernuz kanpoko erakundeek gero eta garrantzi handiagoa dute hiriaren eraikuntzan.

 

Gizakiaren neurriko hiriak

Arriskuan daude ingurugiroko baliabide naturalak, produkzioari eta kontsumoari begira ustiatu diren lehengaiak esaterako.

Ura eta airea, itxura batean agorrezinak diren baliabideak, ezin kontsumi daitezke munduko leku askotan. Orain arte, ingurugiroarekiko begirunearen aldera lehenetsi egin da masa produkzioaren bidezko kapital metaketa. Beti ere haziz doan prozesutzat hartu den aurrerapena hasia da alde negatiboa erakusten.

Ingurugiroaren kutsadura bereziki larria da hirietan, hiriak baitira, Industria Iraultzatik aurrera, ekoizpen eta kutsadura iturri nagusiak: fabriken eta garraioen gas igorpenak, etxe eta industria hondakinen parte handi bat jasotzen duten ibai eta itsasoetako kutsadurak, eta trafikoak edota hegazkinek eragindako zaratak. Urbanizazioak, gehienetan, kutsadura eta ingurugiroaren hondamena ekartzen ditu berekin batera.

Egoera hau are larriagoa da garapen bidean dauden herrialdeetako hiri guztiz handietan, baliabide ekonomikoen eskasiak leku txikia uzten baitie alternatiba ekologikoei.

Gaurko egunean gero eta kontzientzia handiagoa dago baliabide naturalen erabilera bidegabeak eta gehiegizkoak dauzkan arriskuen aurrean. ‘Gizakiaren neurria’ kontzeptuak bere baitan biltzen ditu ekonomiaren garapena eta inguruarekiko errespetoa, hain zuzen ere datozen belaunaldien etorkizuna hipoteka ez dezagun. Konpromezu honen arabera gizakiaren neurriko politikak bideratu behar dira hirietan. Gure etxeetan sortzen ditugun hondakin solido askoren birziklatzea bat baino ez da aukera askoren artean. Industrien ekoizpena arriskuan jartzen ez duten teknologioa «berdeen» erabilera edo ibilgailu pribatua erabiltzeko orduan murrizketak ezartzea garraio publikoarenerabilera sustatzeko xedean, hiri askok jada bere egin dituzten neurriak dira, ingurugiroaren hondamena geldiarazteko.

 

Hirietako arazoak

Zineak edo literaturak, zenbaitetan, hiriaren irudi txarra eman dute. Delinkuentzia, drogazaletasuna, txirotasuna edo krimena sarritan ageri dira hiriari lotuta. Egia da hiriak arazoak «metatzen» dituena, baina arazo horiek ez dira hiriaren eta inguruaren izaeraren ondorioa, hiria osatzen duten gizarte ezaugarri batzuen ondorioa baizik.

Era askotako kultura, gizarte maila edo talde etniko elkartzen dira hiri batean. Gainera, aldaketak beti gertatu dira azkarrago hirian nekazaritza eremuan baino, azken honetan motelagoa baita bizimodua. Txirotasuna eta arrazakeria ez dira soilik hirietan gertatzen diren arazoak, berdin-berdin aurkitzen baititugu nekazaritza eremuetan.

Hala eta guztiz ere, hirien dinamikak berak ageriago utzi ditu arazo batzuk, esate baterako, hiriko baliabide batzuetan –etxebizitza, hornigaiak, zerbitzuak eta abar– sarrera izateko orduan gizartean dauden alde handiak.

Alde hauek handiak dira gaurko egunean, batez ere hain garatuak ez dauden herrialdeetako hiri handietan, pertsona multzo handiak iristen baitira hiriotara beren bizimodua hobetuko dutelako itxaropenarekin.

Baina hiri hauek, zenbaitetan, ezin aterpea ere eskain diezaiekete. Etorkinek hiria gainditu eta beren biziguneak eraikitzen dituzte, eskuarki hiriaren kanpoaldean (favela-k Brasilen, katchi abadis-ak Pakistanen, ranchito-ak Venezuelan etab.).

Populazioa finkamendu hauetan ugaltzen da eta hiriak eskaintzen dituen zerbitzuetan sarrera izateko aukera, etxebizitza batizateko edo heziketa jasotzekoa, oso urria da, oinarri ekonomikorik izan ezean. Nekazaritza eremutik etorritako pertsona hauek prestakuntza eta espezializazio eskasa dute eta, horren ondorioz, salmenta ibilkorraren, drogen trafikoaren, zaborraren salmentaren eta gisako sektoreen parte bihurtzen dira. Haurrek ez dute sarrerarik hezkuntza sisteman eta, nagusiek bezala, legez kanpoko edo legeztatu gabeko jarduerei emanak bizi dira. Horrenbestez, berritu egiten da gurasoen egoera, beti ere bizitzak «benetako» hirian eskaintzen dituen aukeretatik at.

Herrialde garatuetan ere alde handiak daude hiriak eskaintzen dituen zerbitzuetan sarrera izateko orduan. Etxebizitza da eskuragarri dauden baliabideen artean eskuragaitzenetako bat. Langabezia-tasa handiak eta Afrikatik eta Asiatik Europako Iparraldera eta Amerikara joaten den biztanlemigrazio gero eta handiagoak, igo egiten dute bizitzen jartzeko eta bizimodu duina izateko etxebizitza aurkitzen ez duten pertsonen kopurua. Ezegonkortasunak eta lan merkatuan dagoen bikoiztasunak, batetik, etxe berriak osatzea atzeratzen dute eta, bestetik, «aterperik gabekoen» edo homelessen arazoa areagotzen. Burdinbideak edo metro geltokiak, atariak, elizak eta zubiak, Europako eta Ipar Amerikako hirietan gero eta gehiago diren biztanleen bat-bateko aterpe bihurtzen ari dira.

Arrazoi etnikoen ondorioz bizi den bereizketa espaziala egungo arazoa ere bada, batez ere Estatu Batuetan, baina baita Berlin, Londres eta Paris bezalako hiri europarretan ere; izan ere, enperio kolonizatzaileen metropoli zaharren eta migrazioaren jomuga dira hiri horiek. Bereizketa espaziala hiriaren espazioaren baitan gutxiengo etnikoetakoak diren biztanleekin bideratzen den diskriminazioan datza.