Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Modernizazioa eta globalizazioa

Globalizazioaren fenomeno nabarmenenetakoa hirien hazkundea da. Gaur egun, Lurreko biztanleen hiru laurden baino gehiago bizi da hirietan.<br><br>

 

Modernizaziotik globalizaziora

Modernizazioaren kontzeptua nahasienetako bat da gizarte zientzietan. Jatorrian, kontzeptu hau modernitate kontzeptuari estu loturik aurkezten zen, eta Europako eta Ipar Ameriketako gizarteek XIX. mende osoan zehar bizi izan zituzten aldaketa sakonen oinarrian dauden prozesu kulturalen, sozialen, politikoen, ekonomikoen eta teknologikoen multzo zabala adierazi nahi du modernizazio hitzak. Zehatz azaltzeko, gizarte batek tradizional izateari utzi eta moderno izateko abiarazten duen prozesuari esaten zaio modernizazio. Balio handiko kontzeptua da, positiboa, sarri askotan garapenarekin edo aurrerapenarekin identifikatzen dena.

Hasiera batean, modernizazio hitzak modernotzat ditugun gizarteetako prozesuen eta dimentsioen multzo heterogenoa biltzeko balio du: nazio-estatua, demokrazia politikoa, industrializazioa, kultura zientifikoa, gizartearen mugikortasuna, indibidualismoa, sekularizazioa eta abar. Hala eta guztiz ere, bigarren mundu-gerraren osteandimentsio ekonomiko eta teknologikoetara mugatzen da modernizazioa. Modernizazioa, gero eta gehiago, ekonomia teknologiaren bidez aldatzeko erakunde batzuk abiaraztean datzan prozesua da. Praktikan, aldaketa horiek ezinbestean ekarriko dituzte beste aldaketa batzuk kulturaren, gizartearen eta polikaren esparruetara; beste hitzetan, ustez ekonomiaren esparruan du sorburua indar modernizatzaileak, eta esparru horretatik politikara, kulturara eta besteetara hedatzen da. Gisa berean, ustez joera modernizatzaileen hedadura industrializazioaren bideari jarraitzen zaizkion gizarte guztientzako bateratasunaren printzipio bihurtuko da. Itxura batean, modernizazioaren dotrinak konfidantza osoa zuen munduko edozein herrialde edo eskualdetan mendebaldeko Europako eta Ipar Ameriketako gizarteetan bizitako aldaketa prozesu antzeko bat abiarazteko posibilitatean. Horrenbestez, unibertsalizazioaren ideiari lotuta agertzen da modernizazioa.

 

Modernizazioa eta kapitalismoa

Ikuspegi honetatik, modernizazioa hasiera-hasieratik da garapen molde jakin bat nazioarteko bihurtzeko fenomeno eta, hedaduraz, bizimodu jakin bat nazioarteko bihurtzeko fenomenoa: hau da, gizarte industrializatu aurreratuetako garapen moldea eta honi lotutako bizimodua nazioarteko bihurtzeko fenomenoa. «Nazioarteko bihurtzea», «munduko bihurtzea», «globalizazioa», ekonomiaren mugak gainditzen dituen prozesua izendatzeko erabili diren kontzeptuak dira: munduko lurraldeen arteko eta era askotako emaitzen arteko topagune historikoa.

Mendeetan zehar izaniko harreman liskartsuek egiazko munduko sistema kapitalista ekarri dute, galtzaileak eta irabazleak sortu dituzte: Ipar-Hegoaren irudiak laburbiltzen du egoera hau.

XIX. mendetik edo lehenagotik hasita gaur egun arte nazioarteko bihurtzeko prozesu hauetan halako jarraipena duten elementuakhauteman daitezkeen arren, eten historiko garbi baten lekuko gara gaur: 80ko hamarralditik aurrera baino ez daiteke benetan orokorra edo globala den ekonomia batez hitz egin, alegia, denbora errealean eta planeta mailan unitate gisa funtzionatzeko gai den ekonomiaz. Historian lehen aldiz, informazioaren teknologia berrien garapenak aukera ematen du aldez aurretik barreiaturik edo behar bezala komunikaturik ez zeuden hirietako, herrialdeetako, eskualdeetako eta nazioetako putzuak, urmaelak, lakuak eta itsasoak, itsaso ekonomiko global batean biltzeko. Informazioaren teknologiak tokian tokiko espazio ekonomiko horiek espazio global handi batera batzen dituzten ubideak dira. Nazioz gaindiko enpresak dira elkarrekiko lotura honen agente nagusiak. Oso enpresa mugikorrak dira, sare formako egitura dutenak, mundu osoko herrialde eta eskualdeetan barreiatutako lantokiez osatuak, elkarren artean artikulatzen direnak soilik errentagarritasun eta produktibitate mailako irizpideei jarraiki. Enpresa hauek fabrikaren markan baino ez dute jatorrizko nazioaren ezaugarria aurkezten, zeharo bereizten baitira lurralde lotura orotik.

Globalizatutako ekonomiak ondorio politiko garrantzitsuak ditu. Ondorio nagusia nazioetako Estatuek eta Gobernuek beren nazioetako ekonomiak politika ekonomiko klasikoen araberako neurrien bidez (funtsean politika fiskalaren eta diru politikaren bidez) kontrolatzeko boterea galtzean datza. Gisa berean, presiopean daude Estatuek tradizioz bermatu dituzten gizarte babesak. Nazioz gaindiko enpresek baldintzak jartzen dizkiete Gobernuei; praktikan, beto eskubidea dute enpresaglobal horiek: legedi fiskala, lan-legedia edo ekologiaren legedia beren gustukoa ez bada (hau da, legediaren batek errentagarritasuna nolabait mugatu baldin badezake), besterik gabe munduko beste edozein tokitara eramango dituzte beren inbertsioak.

Ikuspegi honetatik, egia da globalizazioaren eragina planeta osoan hautematen dena, baina egia da orobat planeta osoa sistema global honetara biltzen ez dena.

Izan ere, munduaren parterik handiena eta biztanle gehienak ez dira sistema honetara biltzen: enpresa globalentzako soilik erakargarriak diren eskualdeak eta biztanleak lotzen dira era global batez. Ekonomia izaerako interesek gidaturik, kapitalentzako interesgarriak diren lekuak baino lotzen ezdituen abiadura handiko tren bihurtzen da globalizazioaren prozesua; bazterrera uzten ditu errentagarritasuna eskain ez ditzaketen beste leku guztiak.

 

Globalizazioaren dimentsioak

Puntu honetara iritsita garrantzitsua da ondo bereiztea globalitatea (munduko gizartean bizi gara, elkarri estu lotuta, dagoeneko ez dago espazio itxirik), globalizazioa (munduko eskualdeek elkarren artean lotura politiko, ekonomiko, kultural eta sozialak ezartzeko prozesuen multzoa) etaglobalismoa (globalizazio prozesuen kudeatze berezia, soilik ekonomiaren ikuspegitik bideratua). Horrenbestez, XX. mende amaierako kapitalismoaren zuzendaritzapean prozesu horrek bere egin duen forma zehatzaren egitura prozesu sendoa finka dezakegu.

Horren arabera, gure ustez globalizazioa ez da soilik alderdi ekonomikoetara mugatzen.

Gisa berean, globalizazioaren prozesua osatzen dute nazioarteko erakunde politikoek, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek, kontzientzia ekologiko eta solidario berri batek, Internet bezalako komunikazio sareek eta antzekoek. Honek guzti honek tokiaren fantasmagorizazioa eragiten du: erraz sartzen da tokian tokiko lekuetara, eta nola geografiatik hala kulturatik urrutira sortzen diren gizarte-eraginen arabera konfiguratzen dira leku horiek.

Beste hitzetan adierazirik, planeta osoa aurkezten zaigu gure tokian tokiko espazioan.

Inplosio antzeko bat da, urrutira sortzen diren eraginak tokian tokiko espaziora erakartzen duen zurrunbiloa.

Fenomeno hau zentzu negatibo batez interpretatzen da, kulturaren galeraren zentzuan, izan ere, espazio handiagoetatik datozen kultur sinboloek inbaditzen dituzte tokian tokiko espazioak. Ikuspegi honetatik, kezkagarri ikusten da kulturaren homogenizatzea dakarren geroa, tokiko nortasunezaugarriak irentsiko duena: «munduaren kokakolizazioa». Baina aukera hau arriskutsua izanik, egia ere bada gaurko egunean kulturaren aniztasun berriari sarrera egiteko aukerak sortzen ari direna. Izan ere, globalizazioaren prozesuak bide egiten dio gero eta estuagoa den elkarrekiko loturari: lehen ondo asko bizi ginen munduko kulturaren inbentarioaren multzoa ezagutu gabe; gaur, multzo horren aniztasun kultural handiak harrapatu egiten gaitu eta exijentzia batzuk planteatzen dizkigu, nola adimenaren hala zentzumenen mailan. Holograma efektu benetako bat da, guztiaren baitan baitago dena (edo agian zuzenagoa da esatea egoteko aukera baitu). Multikulturalismoa erronka praktiko eta eguneroko bihurtzen da gure tolerantziari, berdintasunarieta giza eskubideei buruzko dotrinei begira. Gizakiaren historian lehen aldia da «gizatiarra den ororekin dut zerikusia» esaldi ezaguna errealitate egiten dena.

Lehen inoiz ez bezala, gaur egun ugari dira muga politikoak eta geografikoak gainditu ditzaketen gizarte-harremanak. Nazioz gaindiko komunitateak, bizimoduak eta ekintza-moduak antolatu daitezke, eta gehienetan nazioz gaindiko arazoei erantzuteko xedean, distantziak eta mugak gainditzen dituzten eta gizarte-bizitza duten munduen sorreratik eta mantenimendutik abiatuta azaltzen da haien barne-logika.

Gizarte-mugimenduak, gobernuz kanpoko erakundeak eta beste erakude hiritarrak dira bizimodu hauen eta nazioz gaindiko ekintzaren paradigma, mundu global batean tokiko dimentsioa berreskuratzeko joera duen prozesu berriaren agente nagusiak dira. Desiragarria ez ezik posible ere bada globalaren tokiko erabilera eta, aldi berean, tokikoaren erabilera globala.

Globalizazio esaten zaio horri, egun eskura dauzkagun giza eta gizatiar elkarrekintzarako aukera anitzak garatzeko eta sortzeko fenomenoa.

Bereziki, mundu bakar batean bizi garelako errealitatetik ondorio praktikoak ateratzeko aukera eskaintzen digu globalitatearen kontzientziak. Mundu globala, hein batean, barrutik irekita dagoen baina aldiberean bere baitan ixten den mundua da; mundu mugatua. Mundua hazteko mugak izateak ekartzen du herri eta kolektibo txiroenen ongizate-maila, gizarte garatuagoek eginiko urratsei jarraitzeko gonbitaren bidez, igo nahi duen edozein garapenerako proposamenari kontra egin behar izatea, ezinezkoa delako. Zergatik? Esate baterako, Brasil mendebaldeko ereduen arabera garatzen jarraitzeak esan nahi du onartu egin behar direla hango baso tropikalak suntsitzea zurgintzarako hazkunde azkarreko espezieak landatzeko, laborantza-lur bihurtzeko edo zoru urbanizagarri bihurtzeko.

India Estatu Batuen moduan garatzeak esan nahi du herrialde hartan automobilaren erabilera pribatua sustatu beharko dela automobilgintza sendoa sortzeko eta beren produktuei irteera emateko merkatu erraldoia sortzeko. Txina Europaren moduan garatzeak esan nahi du aldatu egingo direla herrialde hartako biztanleen elikatzeko ohiturak, eta laboreak kontsumitzeari utzi egingo diotela animalia jatorriko proteinen kontsumitzaile bihurtzeko. Kontua da gure planeta ezin bizi daitekeela Amazonian sortzen den oxigenorik gabe, ezin aurre egin diezaiekeela zazpi mila miloi auto-gidari eta okel-kontsumitzaileri. Kontua da ez dagoela gure bizimodua unibertsal egiterik.

Amets modernizatzailearen amaiera da, bertsio klasikoko ametsaren amaiera bederen.

 

Modernizazio isladatzailea

Esan nahi al du horrek guzti horrek modernizazioaren prozesua bere amaierara iritsi dela? Egile batzuk hausnartzen ari dira modernizazio-aldi berri baten aukera, modernizazio isladatzaile esaten diote, eta «isladatzaile» adjetiboa ez dute hausnarketaren adieran erabiltzen, auto-alderatze gisa baizik. Alderdi negatiboak kontuan edukitzen dituen modernizazioa da, modernizazioak berekin batera dakartzan arriskuei aurre egiten diena: Iparraren eta Hegoaren arteko alde sakonak, ekologiaren arazoa, suntsiketa masiborako armen mehatxua, globalizatutako merkatuen gaineko kontrol gabezia, kulturen arteko gatazkak. Modernizazio honek ez du prozesu modernizatzailea bazterrera uzteko helbururik, prozesu horretan sakondu egin nahi du arriskuak bere eginez eta arriskuei kolektibitate gisa erantzunez.

Azken urteetan, gizarte zientziek ikusi dute eszenategi honi arriskuaren kategoria erantsi zaiola, XX. mende amaierako industria-gizarte aurreratuak zehazteko ezaugarri bezala; modernitatearen alde iluna da. Modernizazioak berak eragindako eta sortutako mehatxuekin eta segurtasun gabeziekin beti harremanetan egoteko egoeratzat har dezakegu arriskua.

Baina modernitatearen oraingo aldian a- rriskuak zerikusi txikia du arriskuaren esanahi arruntarekin. Gaurko egunean ezin neurtuzkoak dira arrisku-egoerak. Nork neur ditzake berotegi-efektuaren, gatazka nuklear baten edo injinerutza genetikoaren ondorioak? Ez dago arriskuetan aditua denik. Horrexegatik, hain zuzen ere, industria-gizarte aurreratuak «arrisku-gizarte» gisa eratzetik etorririko ondorio aipagarrienetako bat, hautuak etorkizuneko aukera irekien, zehaztu gabeen aurrean hartzen duen garrantzia da.

Orain arte esandako ezerk ez du teknologiaren aurkako erreakzio bat justifikatzen.

Zientzia eta teknologia ez ditugu zorigaitzatzat hartu behar, gure garaiko gizon eta emakumeentzako aukeratzat baizik. Baina emaitza hau ez dago aldez aurretik idatzirik, ez da saihestezina, gure ekintzaren araberakoa baita hein handi batean. Ekintza hau arduraren eta partaidetzaren etika berriak gidatuta behar du. Paradoxikoki, egoera berri honetan teknika baliatuta parte hartzeko dugun ahalmenak gora egin duen arren, apaltasun sentimendu berri bat gorpuztu behar dugu. Azken batean, bere burua garapen mugagabeko dinamikaren osagaitzat ikusten zuen kulturatik irten eta, bere garapenaren mugak ondo gogoan izanik, bere buruan eta balizko aldaketan pentsatzeko gai den kultura sortu behar dugu.

 

Tobinen zerga

Finantzaren globalizazioa da ikerlariak eta arduradun politikoak gehien kezkatzen dituzten kontuetako bat. Hiritarrek berek sarri askotan egiten diete aurre arazo hauei, itxura batean beren eguneroko bizitzatik hain urrutira dauden arazoei: esate baterako, multinazional batek herrialde jakin bateko langileei mahatxu egiten dienean faktoria ixtearekin eta produkzioa beste leku batera eramatearekin zuzendaritzak exijituriko lan-baldintzak onartzen ez badira.

Kapitalak, errentagarritasunik handienarekin inbertitzeko lekurik egokienak aurkitzeko xedean, planeta osoan barrena eta denbora errealean mugi daitezkeen mundu honetan, negozioa hamarkoiztu egin da, 1985etik aurrera, dibisen eta balioen merkatuan. Ordainketak Konpentsatzeko Nazioarteko Bankuak eginiko kalkuluen arabera, nazioarteko merkatuan eta edozein lanegunetan batezbeste 1,5 biloi dolarreko balioa duten dibisak aldatzen dira eskuz. Funtsean merkatu espekulatzailea da, herrialdeetako ekonomia errealen bilakaera positiboarekin inolako zerikusia ez duena. Hala eta guztiz ere, ikaragarriak izan daitezke ekonomia horietan bertan merkatu espekulatzailearen ondorio negatiboak.

Kapital globaletako merkatu horren indar suntsitzailea kontrolatzeko xedean, James Tobin Nobel saridunak eta ekonomilariiparramerikarrak mekanismo teknikoki erraz bat diseinatu zuen hirurogeita hamargarren urteetan. Tobinen zerga izenaz ezagutzen da: Dibisetan egiten diren transakzio guztien gaineko %1eko zerga jasotzea. Baten batek, esaterako, pezetak inbertitzen baditu interes baxuan hobe ordaintzen diren markoak eskuratzeko, inbertituriko kapitalaren %2 eman beharko lioke lehenik fiskoari, dirua bi aldiz trukatu beharko lukeelako. Honenbestez, tasa baxua izanagatik ere, merkatu eta herrialdeen artean dagoen interes-aldeekin bideratutako operazioek kasu berezietan baino ez lukete mereziko. Jakina, finantza-plaza handietako bakar bat zerga hori ordaintzetik salbuetsita balego, bertara bilduko litzateke dibisen merkatua.

Zerga honek ez luke eraginik izango atzerrian antolatutako industria-instalazioetan eta ondasunen trukean, bai ordea guztiz marjina txikiekin lan egiten duten eta diruen kotizazioan gertatzen diren gorabehera ehundarretatik irabaziak ateratzen dituzten miloi askoko transkazio espekulatiboetan.

Kalkulu batzuen arabera, gisa honetako zerga batek 150 eta 720.000 milioi dolar arteko diru sarrera ekar diezaike Estatuei. Bada diru sarrera horiek, Tobinen zerga indarrean jarriz gero, Hiritarren Mundu-Fondo bat hornitzeko bideratu behar dela proposatu duenik; fondo hori herrialde txirotuenak garatzeko ekintza eraginkorrak finantzatzera bideratuko litzateke.