Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Soziologiaren alorra

Montaigne (1533?1592), Aro Modernoan gizarteari buruzko gogoeta lanak egin zituen mendebaldeko pentsalari handienetakoa.<br><br>

Soziologia ez ezik, oso berria da era berean gizarte moduko zerbait badelako nozioa. Arrazoi asko ditu aurreko baieztapen honek; hona hemen nagusia: mendebaleko gizarte modernoaren krisi bereziari emaniko erantzun intelektual bat da soziologia.

Eta soziologia zer den eta zertan ari den ulertu nahi bada, erantzun horren izaera ere behar da ezagutu.

Eskuarki, bere bizitzaren egunorokoa ustezko arazo batek hausten duenean baizik ez da jendea hau dela eta beste dela gogoetan hasten. Beraz, arazoak konponbidean jartzeko modu bat da gogoetan jardutea.

Hori esan ondoan ongi konprenituko dugu gogoetan jartzeak zauriak eragiten dituela, mingarria dela. Nolanahi ere, behar duenean baizik ez da jendea gogoetan hasten. Baina mingarria izateaz gainera, denbora eskatzen du gogoetak. Halatan, jardun bitxia da hausnarketa jende gehienarentzat, hausnarketa sistematikoa batez ere.

Gizartean bizi izan da betidanik jendea.

Baina, arrazoiak arrazoi, gizartea arazo bihurtu denean baizik ez da hasi haren gaineko gogoetan. Norberaren biografian gertaturiko ezbehar baten ondorioa edo norbera bizi den gizartean izaniko gertakari ugari bezain desberdinen ondorioa izan daiteke gogoeta.Gure egunorokotasunaren araberako esperientzia: egintzat harturiko mundu bat Gutxi dira oro har gogoetari eskaintzen zaizkion uneak, hala gizabanakoen bizitzan nola gizarteen historian. Egintzat harturiko mundu batean bizi dira gizartean bizi diren norbanakoak eta norbanakoen multzoak.

Halatan, gizarte esperientziak gertaleku dituen funtsezko egiturak ez dira zalantzan jartzen; aitzitik, bizitzaren berezko ezaugarritzat hartzen dira besterik gabe. Berezkotasun hori babestearren, azalpenak, justifikazioak, promesak eta are mehatxuak bideratu ohi ditu etengabe gizarteak zalantzan jartzeko ausardia izan duenaren aurka ihardukitzeko.

Zilegiztatze mekanismo deitzen zaie gizartearen berezkotasun horri eusten dioten mekanismoei. Baieztatze guztiz soilak dira zilegiztatze horiek, honakoa eta harakoa nola gertatzen den argitzen saiatzen diren azalpen sistema moral, filosofiko eta erlijiosoen arabera sortuak. Gizadiaren historiarenzati handi batean, erlijioak eskaini ditu gizarteari eutsi dioten funtsezko zilegiztatzeak.

Guztiz soila da zilegiztatze erlijioso horiek baliatzen duten mekanismoa. Haren arabera, gizartearen egiturak eta instituzioak unibertsoaren oinarrizko ordenaren ataltzat hartu izan dira. Halatan, gizarte esperientziaren araberako egunorokotasuna zuzenean lotzen da gauzen izaerarekin, eta gauzak jainkoen borondatearen adierazpenak baizik ez dira.

Horrenbestez, mendeko leiala, aita ona edo laborari emankorra izatea gizartearen bizietikak aintzat hartzen dituen bizimolde egokiak ez ezik, gauzen barneko ordenaren adierazpenak ere badira, eta gauza horien bidez lotzen da gizabanakoa unibertsoarekin.

 

Egintzat harturiko munduaren aurreko mehatxuak: soziologiaren sorburua

Erdi Aroko gizartearen banatzearekin batera, hau da, Kristautasuna zatitzearekin batera, hasi zen gizarte modernoaren krisi berezia. Gizartearen erlijio oinarrien ahuleria gero eta nabarmenagoa zenean hasi zen guk historia modernoa izenaz ezagutzen dugun aroa, zilegiztatzearen krisi sakon etengabea ekarri zuena. Gizarteak zilegiztatze erlijiosoan bideratu zuen aldaketa arlo politikora zabaldu zen eta, azkenean, instituzio sistemaren esparru guztiak hartu zituen.

Halatan, gizarte esperientziaren berezkotasunaren aurreko mehatxua maizago eta bortizkiago hasi zen azaltzen.

Gizartearen berezkotasuna ahultzen denean, arazo bihurtzen da gizarte oso hori edo haren zati batzuk, eta orduan hasten da jendea gizarte arazoen gaineko gogoetan.

Gizarte maila guztietako pertsonak hasten dira oinarrizko presupostuak zalantzan jartzen eta horrenbestez agertzen dira pertsonek gizartean bizitzeko dituzten moduen inguruko ideia berriak. Egoera horretan, askoz errazagoa da gizartearen gaineko gogoeta bideratzea, esperientziak alderatzeko aukerak zabaltzea. Beste kasu interesgarri bat dugu taldeen marjinazioa, hauda, halako taldea gizarteko bizi-partaidetzatik at utzi dutenean gertatzen den egoera.

Klase zapalduek, atzerriko biztanle taldeek edo bestelako erlijio sinesteak eta praktikak dituzten pertsonen taldeek beti erakusten dute gizartearen gaineko gogoetarako bideak urratzen dituen kontestua.Gizarte asaldurak eta gizartearen gaineko gogoetaren historia Hemen ez da deus berririk. Historian zehar Antzin Arorantz abiatzen bagara, aldiro-aldiro gizartearen berezkotasuna ahuldu den egoeraren bat topatuko dugu.

Egoera horietako bat bizi izan izan zuen Tuzidide-k antzinateko aro klasikoan: Atenasek Peloponesoko gerran pairatu behar izan zuen galtzapen mingarriak eraman zuen Tuzidide historiaren eta gizarte ordenaren zentzuaz galdetzera eta hain izan zen sakona haren erantzunaren alkantzua non askok soziologiaren aitzindari nagusitzat hartu baitute. Islamdarren Erdi Aroak Ibn- Khaldun-en bidez erakusten digu gizartearen gaineko gogoetan marjinaltasuna zeinen oparoa izan daitekeen: erbesteratu politiko gisa, han-hemenka eman zituen Ibn-Khaldun-ek bere bizitzako urte gehienak eta, atzerritar gisa bizi izan zituen esperientzietan oinarrituta, aro modernoaren aurreko gizarte gogoeta-lan esanguratsuenak idatzi zituen. Mendebalean Erdi Aroko batasuna hautsi zelarik, eurrez ugaldu eta bizkortu ziren esperientzia haiek.

Lehen aro modernoan, pentsalari askori egoki geniezaieke soziologiaren aitzindari nagusiaren titulua. Aipa ditzagun, besteak beste: Francis Bacon, Erasmo, Maquiavelo eta Montaigne.

Historiako krisiek luze jo ohi dute denboran zehar. Aro modernoko gizartearen esperientziaren krisia Kristautasunaren zatitzearekin batera hasi zela esan genezakeen bezala, haren gorena Frantziako Iraultzak jo zuela esan beharra dago. Denbora-tarte labur samar batean, estatu absolutuak eta haren araberako instituzioek bete zuten ErdiAroko ordenaren deuseztatzeak ekarri zuen hutsunea. Monarkia absolutuaren hornidura ikusgarriak, Frantzian batez ere, estamentuen araberako hierarkia sistemak eta erregeen jainkozko eskubideari zerion legitimazioak egintzat harturiko ordena berri bat eskaini zuten eta zentzuz bete zen gizarte bizitza. Ilustrazioko pentsalari haiek jarri zituzten zalantzan ordena horren baliozkotasuna eta zuzentasuna, Frantzian eta Ingalaterran bereziki. Baina 1789ko Iraultzak apurtuko zuen ordena hura, eta izugarrizko kataklismoa eragingo zuen aldi berean.

Frantziako Iraultzak eraginiko krisialdian jarri zen zalantzan gizakien gizarte esperientzia eta ikuspegi berri bezain harrigarri batzuetatik hartu zen gizartea gogoan eta ulertu ziren haren mekanismoak. Frantziako Iraultza ez zen inoiz amaitu. Filosofia, politika eta ekonomiaren aldetik, egun bizi dugun krisiaren hasiera zehaztu zuen. Haren ondorio intelektualek ia osorik itxuratzen dute ordutik aurrera gizarte-gogoetaren edo pentsamendu sozialaren historia deitu izan duguna. Ondorio intelektual horietako bat dugu soziologia.

 

Soziologiaren hasiera: Auguste Comte

Izen horretaz, XIX. mendean sortu zen soziologia, Frantzian lehenik, Alemanian eta Estatu Batuetan gero. Bizkor garatu zen hiru estatu horietan. Soziologiaren aro klasikoa dei genezake ondoren 1890-1930 bitarteko garaia, urte haietan landu baitziren arlo honen funtsezko kategoriak. Garai klasiko horretako idazle handien proposamenak gauzatzen eta biribiltzen saiatu dira ordutik aurrera jardun duten soziologo gehienak.

A. Comte-k (1798-1857) asmatu zuen soziologia izena. Filosofoa zen Comte funtsean, eta positibismo izeneko eskola filosofikoa sortu zuen. Helburu handiak zituen hala filosofiarako nola haren adartzat hartzen zuen soziologia berrirako. Hain zuzen ere, erlijio arrazional bat sortu nahi izan zuen Comte-k gizadi osoak erlijio tradizionalaeta Frantziako Iraultzaren ideologia aldi berean arbuia zitzan. Kontserbadorea zen inolaz ere Comte. Biziki aztoratu zuten Iraultzaren zurrunbiloak Frantzian eta beste lurralde batzuetan eraginiko ondorio kalapitatsuek. Egun «legea eta ordena» deitzen dugunaren defendatzaile sutsua zen.

Izan ere, haren iritziz gizarte ordenaren eta, horrenbestez, ordena horri eusten dion zentzuaren legeak zehaztea da soziologiaren oinarri nagusia. Honez gainera, Ilustrazioaren semetzat zuen Comte-k bere burua beste arlo askotan. Eliza kristauaren aurka jo zuen, inboluzioaren eragiletzat jotzen baitzuen gizakiaren historian. Aurrerakuntzaren eta, horrenbestez, zientziaren sinesle gartsua zen eta gauza handiak espero zituen hartatik.

Soziologia zientzien errege berria izango zen, hartara bilduko baitziren gizakiaren jakituria teorikoa eta mundua eraberritu eta berrantolatuko zuen jardunbide praktikoa, gidaliburu baten moduan.

Comte-ren arabera, honako hau da zientziaren helburua: «ezagutzea, gertaerei aurrea hartzeko eta kontrolatzeko».Comteren ekarria. Hiru estadioen legea: «estatika eta dinamika»Bi dira bereziki Comte-renean aipatzen diren ekarri nagusiak. Lehenaren arabera, hiru estadio bereizi behar dira giza historiaren garapenean: teologikoa, metafisikoa eta positiboa. Lehen estadioa gizakia halako ilusio erlijiosok gidatzen duten garaiari dagokio, bigarrenean ilusio horiek sekularizatu egiten dira eta hirugarrena zientzia positiboaren garaia da.

Gutxik hartu zuen aintzat Comte-ren hiru estadioen azalpen hau; halarik ere, bizirik dirau oraindik ere gizakia eta, horrenbestez, gizartea etapa-progresio bizkorrago edo motelago baten arabera garatu delako ideia. Bigarren ekarri nagusiaren arabera, bitan banatu zen soziologiaren helburua: estatika eta dinamika ditugu horiek. Estatikak garai beretsuan sendo ageri diren gizarte-egituren arteko harremanak aztertzen ditu eta dinamika gizartean aldaketak eta gatazkak sorrarazten dituzten indarren arteko harremanez arduratzen da.

 

Emile Durkheim: nola lor daiteke gizarte ordena?

Frantziako aro klasikoari gagozkiolarik, Emile Durkheim (1858-1917) da inolaz ere soziologo aipagarriena. Frantziako soziologian berebiziko eragina izateaz gainera, oso leku garrantzitsua bete zuen bere garaiko intelektual eta politikari frantsesen artean. Honez gainera, zuzenean hartu zuen parte Hirugarren Errepublikako krisi intelektual eta politiko garrantzitsuenean, Dreyfus afera ospetsuan hain zuzen ere. Krisi haren poderioz, bitan banatu zen Frantzia, Ezkerra alde batean eta Eskuina bestean. Iraultzaren aldeko ideien iraupena zen lehenaren lehia nagusia eta iraultzaren aurkako erresistentzia kontserbadorearen tema setatsua bigarrenaren ikurra.

Ezkerraren aldekoa zen Durkheim argi eta garbi. Esan dezagun, halarik ere, garai hartan ezkerrak ez zuela horren agerikoa egun duen konnotazio sozialista.

Errepublikazalea, progresista eta antiklerikala zen ezkerra. Ezkerraren garaipenarekin amaitu zen gatazka hura: Eliza eta Estatua bereizi ziren 1905ean eta Durkheimen irudiak garrantzi handia izan zuen ordudanik gobernuaren eta akademien inguruko zirkuluetan. 1905etik aurrera erlijioaren irakaskuntza gobernuko eskoletatik kanpo geratu zelarik, batzorde bat era zezala eskatu zioten Durkheimi, honakoarazo honi heltzeko: Nola hezi haurrak moralitatean erlijio ikasbide tradizionalik gabe? Durkheimen arabera, soziologiak bazuen erantzun garrantzitsu bat galdera horrentzat; izan ere, arrakastaz jokatu zuen soziologia curriculum horretako gai bihurtu ondoan. Bestela esanik, halako dotrina laiko bihurtu zen orduan soziologia.Elkartasun mekanikotik elkartasun organikoraNola lor daiteke gizarte ordena? Galdera horri egoki erantzuteko saioa dugu Gizarte lanaren banaketa obra. Historiaren ikuspegi soziologikoa aurkeztu zuen Durkheim-ek liburu hartan. Berak dioskunez, gizarte orok behar du elkartasuna, hau da, jende guztia salbuespenik gabe bestearen mendean ezarriko duen sentimendu bat. Halaz ere, bestelakoak izan daitezke historian zehar ageri ohi diren elkartasun motak. Bi funtsezko elkartasun mota bereizi zituen Durkheim-ek: elkartasun mekanikoa eta elkartasun organikoa.

Antzinako lehen gizarteen ezaugarria zen lehena, elkarren premian bizi baitziren gizaki guztiak; elkartasun horren antzeko zerbait dago egun ere bizirik familia askotan. Gizarte modernoen ezaugarria da elkartasun organikoa; aurrekoa baino askoz konplexuagoa da, elkarren premia zehazten duen sentimendu hutsa baino, lanaren banaketaren ondorioz sorturiko kontratu-harremanez ehuniko sare konplexua da. Gizartea fedean eta elkarkidetzan oinarritzen denean, baturik eusten dio elkartasun mekanikoak gizarteari; bestalde, legeak eta arrazoiak eusten dio baturik elkartasun organikoan oinarrituriko gizarteari. Bi gizarte ordena hauek bereizteaz gainera, mundu modernoaren funtsezko ezaugarritzat aldarrikatu zuen Durkheim-ek elkartasun organikoa.«Gizarte gertakariak gauzak dira» eta «Kontzientzia kolektiboa»Metodo soziologikoaren arauak izan zen Durkheim-en lan eraginkorrena.

Obra honetan landu zituen soziologiaren arloaren bi ideia nagusiak, eta soziologiaren etorkizuneko programa bat ere aitzinatu zuen. Lanaren hasieran, Durheim-ek biziro borrokatu behar izan zuen beste arlo akademiko batzuen (filosofiaren eta psikologiaren) ordezkarien aurka, soziologiaren balioa eta autonomia etengabe ukatzen ari baitziren. Metodo soziologikoaren arauak obran, gizartea gertakari psikologikoetara muga ez daitekeen berezko errealitatea dela frogatzen saiatu zen Durkheim. «Berezko errealitatea» da gizartea.

Inork errealitate horretatik kanpo ezin jardun izanak argi erakusten du gizarteerrealitatea bestelakoa dela. Gizarteak naturaren pareko ?ez ordea berdina? objektibotasuna duelako iharduki egiten die gure gogoeta eta nahikundeei.

Horixe adierazi zuen Durkheimek bere esaldi gogoangarrienetako batean: «Gauzak balira bezala aztertu behar dira gizarte gertakariak». Gauza baten ezaugarria da, hain zuzen ere, guregandik kanpo izatea. Metodo soziologikoaren arauak lanean betiere, Durkheim-ek bere obra osoko topagune nagusi bihurtuko zen gaia aurkeztu zuen: gizabanakoen kontzientzien konbinazioak eratzen du gizartea.

Kontzientzia kolektiboa deituko zion geroago konbinazio horri. Hau da, gogoetek, ideiek, gogoak itxuraturiko egiturek esku hartzen dute gizartearen sorkuntzan.

Hainbestetan azpimarratu zuen gizarte errealitatearen autonomiaren gaineko lan praktikoa aurkeztu zuen Durkheimek Suizidioa liburuan. Suizidioaren kausa sozialak hartu zituen bereziki aintzat lan honetan. Interesgarria izan zen lan hau, gizakiok egin dezakegun ekintza indibidualistenetako bat baita, itxuraz, suizidioa.

Hala eta guztiz ere, estatistika datu kopuru ikaragarri batez baliaturik, Durkheim-ek argiro erakutsi zuen pertsona baten gizarte eta kultura etorkia erabakiorra dela suizidioaren probabilidadeak neurtzerakoan. Halatan, suzidio maila hirietan landa-eremuetan baino goragokoa zela frogatu zuen, goragokoa protestanteen katolikoen artean baino, goragokoa emakume dibortziatu eta alargunen artean ezkonduetan baino. Kasu bakoitzean, gizarte elkartasun edo lotura ezak argitzen du aldearen arrazoia. Aurkikunde haietan oinarriturik, bere kontzeptu garrantzitsuenetako plazaratu zuen Durkheim-ek: anomia. Hitzez hitz, ordena eza edo arau eza adierazten du hizkuntza grekoari harturiko termino honek; Durkheim-ek haren bidez adierazi zuen gizarte elkartasun edo lotura eza bizi duten pertsonen edo pertsona taldeen egoera. Suizidioari buruzko azterketaren kontestuan, gizarte bizitzak elkartasun hori ezinbesteko duela frogatu zuen Durkheim-ek.

Bizitza erlijiosoaren oinarrizko formak izan zen, halarik ere, Durkheim-en obra nagusia. Erlijioaren soziologiak dituen obra klasikoetako bat da. Liburu hartan azaldu zuenaren arabera, erlijioa gizarte fenomeno bat da inolaz ere, halako eran non bizi den gizartea islatzen baitu. Sakonago jo zuen, ordea, eta argiro erakutsi zuen obra hartan gizartea bera erlijio fenomenoa dela funtsean, partaideak lotzen diren funtsezko balioetan oinarritzen baita azken batean gizartea. Beraz, Durkheimen ikuspegiaren arabera, sineste eta balio amankomun batzuetara bilduriko gizakien multzoa da gizarte jakin bat.

 

Alemaniarren erantzuna Frantziako Iraultzari

Soziologiak bestelako historia bizi izan zuen Alemanian, zuzenean ez bazen ere, Frantziako Iraultzaren ondorio intelektualen eragina jaso zuen arren. Historia izan zen XIX. mendeko pentsamendu alemaniarraren kezka nagusia; begibistakoa da kezka hori, bi filosofo handien lanetan, Hegel-enean eta Marx-enean hain zuzen ere. Hegel-en arabera, Frantziako Iraultzak modu saihestezin eta aldi berean dramatiko batez heldu zion historiaren gaiari.

Bizitza osoan zehar, azken urteetan erakutsi zuen joera kontserbadorearekin ere, Iraultza gertakari garrantzitsua eta giza izpirituaren aurrerakuntzaren aldekoa izan zela sentitu zuen Hegel-ek. Eta luzaroan azalduzuen juzku hori, modu ia erlijioso batez.

Marx izan zen, halaz ere, Iraultza gizarte zientzien kezka nagusi bihurtu zuen autorea. Marx-en iritziz, gizadiaren aro berria zabalduko zuen iraultza proletarioaren aurreko lehen urratsa baizik ez zen izan Frantziako Iraultza. Honen argitan landu zituen Marx-ek bere oinarrizko kontzepzio asko, hala nola gizarte klasea, klase borroka, faktore ekonomikoen lehentasuna historian eta iraultzaren premia historikoa. Aro klasikoko pentsamendu soziologiko alemaniarrak bat egin zuen ia guztiz Marx-en ideien kontra. Izan ere, Marx-en jarraitzaileek proposatu zuten «sozialismoaren zientziaren» aurreko alternatiba baizik ez zen izan soziologiaren arloaren ideia. Frantzian bezala, Alemaniako soziologiaren lehen aupada iraultzaren aurkakoa eta kontserbadorea izan zen berez.

Hala eta guztiz ere, guztiz azpimarratu beharra dago soziologia mota horren azken ondorio eta inplikazioak ez zirela molde horretakoak izan.

 

Max Weber: modernitatea, kapitalismoa eta ideien papera historian

Frantzian bezala, irudi handi bat eduki zuen Alemaniako soziologiak aro klasikoan: Max Weber (1864-1920). Haren azken bi urteak alde batera utzirik, Weber-ek Durkheimek baino askoz ere inplikazio txikiagoa izan zuen bere garaiko gatazka politikoetan.

Zentzu horretan, hurbilago jokatu nahi izan zuen akademia alemaniarrak aldarrikatzen zuen objektibotasunetik. Bizitzan zehar Durkheim-ek adina arrakasta akademiko izan ez bazuen ere, berebiziko eragina eduki zuen bere garaiko askoren artean. Weber-en arazo intelektual nagusia kapitalismoaren jatorria zehaztea izan zen. Bi kontzeptu nagusi frogatuak zituen auzi horri ekin zionerako: mundu modernoaren izaera guztiz berezia, alde batetik, eta kapitalismoak mundu modernoaren sorreran jokatu duen funtsezko papera, bestetik. Halatan, kapitalismoaren jatorriaren auzia mundu modernoaren oinarrien auzi bihurtu zen Weber-enean. Gai garrantzitsu ez hain garrantzitsu honi loturik bada, ordea, Weber Marx-en aurka harturik baizik ulertuko ez den dimentsio bat. Kapitalismoaren jatorriaren gaia landu ondoren azaldu zuen Weberrek ideiek historian jokatzen duten paperaren aurreko kezka.Etika protestantea: barne munduko aszetismoa Weber-en lehen lana izan zen Etika protestantea eta Kapitalismoaren izpiritua obra. Haren bidez zehaztu nahi izan zuen kapitalismoaren jatorriaren eta erlijio protestantearen ezaugarri batzuen arteko lotura.

«Barne munduko aszetismoa» izan zen argudioan erabiliko zuen kontzeptu nagusia.

Weber-en arabera, protestantismoak mendebaleko gizarteen historian eduki zuen eragin handienetako bat izan zen «barne munduko aszetismo» hura, alderdi askotan eragin hori berariazkoa izan ez bazen ere.

Aszetismoa erlijio-diziplinaren aldaketaren emaitza izan zen, mundu transzendentalaz arduratzetik mundu honetaz arduratzera aldatu baitzen. Lutero-ren erreformak eman zion aldaketa honi lehen bultzada, erlijio bokazio hutsa nozio laiko bihurtu zuen aldetik.

Kalbinismoaren arabera, bizitza guztia, baita jarduera ekonomikoa ere, jarri behar zen erlijio-diziplina zurrun baten mendean. Azalpen burutsu baten bidez, harremanetan jarri zuen Weber-ek diziplina hura kalbinisten predestinazio doktrinaren ondorio psikologikoekin. Aldi berean, jarduera ekonomikoaren zilegiztatze garrantzitsuiraunkorrenetako bat eskaini zuen kalbinismoak, diziplina, lan gogorra eta aurrezkia eskatzen zituen aldetik bereziki.Aszetismorik ez Etika protestantea eta Kapitalismoaren izpiritua obraren ondoan, erlijioaren soziologia konparatiboari buruzko lan erraldoi bati ekin zion Weber-ek. India, Txina eta Ekialdeko Hurbileko erlijioei buruzko ikerketak aurkeztu zituen lan hartan. Erlijioaren soziologiari buruzko idatzi haietako batzuek eragin handia izan zuten arlo horretako ikerlarien artean, intelektualen eta Indiako salbazio erlijioen arteko erlazioari buruzko ikerketak, Txinako burokraziaren gaineko azterketak eta antzinako Israelgo profezien interpretazioari buruzko lanek esate baterako.

Ikerketa norabide askotara zabaldu bazuen ere, bere kezka nagusira itzultzen zen beti: historian prozesu inteletualen eta ekonomikoen artean izan den erlazioa.

Mendebaleko historian, erlijioaren eta kapitalismoaren arteko erlazioa zehaztua zuelarik, gizakien erlijio guztien historia erabili nahi izan zuen bere tesi nagusia egiaztatuko zuen laboratorio erraldoi gisa. Antzinako erlijio ez mendebaldarren gaineko ikerketen ezaugarri esanguratsuena da aszetismoaren ausentzia.Ideien eta taldeen «hautazko kidetasuna» Guztiz azpimarratu beharra dago Weber-ek ez zuela marxisten determinismo ekonomikoaren ordez determinismo idealista edo erlijioso bat aldarrikatu. Aitzitik, faktore askoren arteko eragina azpimarratu zuen beti. Gai honen gainean erabili zuen kontzeptu nagusia da hautazko kidetasuna, hau da, ideia jakin batzuk eta gizarte talde batzuk historian «elkarren bila» abiatzen diren prozesua, Weber-ek berak adieraziko zuen bezala. Halatan, Weber-ek inoiz ez zuen esango konfuzionismoak Txinako sistema burokratikoa sortu zukeenik, baizik eta Konfuzio-ren eta beronen jarraitzaileen, hau da, konfuzionismo sistema etiko eta erlijioso bihurtu zutenen lehen burubideak guztiz egokitu zirela Txinako klase berezibaten (klase burokratiko deituaren) beharretara.

Halatan, talde honek eta ideia hauek elkar hautatuko zuten, berez antzekoak eta kideak zirelako.

Ikuspuntu askotan, Weber ez zen Durkheim bezain teorikoa eta metodologikoa izan, soziologiaren teorian eta metodologian egin zituen ekarriak oso garrantzitsuak izan ziren arren. Hala eta guztiz ere, ekarri horiek ez ziren haien lehen interesa, soziologiaren eta, batez ere, erlijioaren soziologiaren alorreko arazo nagusiei buruzko lanaren emaitzak izan baitziren gehienbat. Nolanahi ere, teoria soziologikoaren gainean, Ekonomia eta Gizartea izenburuaz idatzi zuen tratatu sistematikoa izan zen argitaratu zuen lan handiena. Obra hartan xehetasun handiz aztertu zituen egun ere erabiltzen ditugun kontzeptu soziologiko asko.

Bere azterlan garrantzitsuenetako batzuk aurkeztu zituen liburu hartan, burokraziaren izaeraz idatzi zuena esate baterako.

 

Ameriketako soziologia: arazo praktikoak bideratuz

Ameriketako soziologia Europakoa ez bezalako egoeran sortu eta garatu zen. Soziologia Estatu Batuetan gara arazi zuen gizarte esperientziak zer ikusi gutxi zuen Frantziako edo Alemaniako soziologiak bizi izan zituen eztabaida politiko-ideologikoekin.

Izan ere, industrializazio bizkorrarren eta hirien hazkunde azkarraren atzaparretan zegoen gizarte inmigrantearen arazoek sorrarazi zuten jakintza berria. Ameriketako soziologiak helburu praktikoei heldu zien hasieratik. Pragmatismo honek, soziologia amerikarraren joera erreformista honek, sustrai sendoak dituela erakutsi du.

Europan ez bezala berriz ere, ezin mintza gaitezke halako irudi gailenei buruz Estatu Batuetako soziologiaren aro klasikoan.

Hala eta guztiz ere, hasierako bi autore garrantzitsu aipatuko ditugu: William Graham Sumner (1840-1910) eta Thorstein Veblen (1857-1929).