Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Tokian tokiko klimak: basoetako klima eta hirietako klima

Biztanleen eta bero uhartearen gehieneko intentsitatearen arteko harremana erakusten duten erregresio lerroak, hainbat hirietan eta latitudeetan. ?Th-l hiriaren eta landaren arteko tenperatura aldea da.<br><br>

Tokian tokiko klimek, oro har, eskualdeko klimek baino eremu txikiagoa dute; horrez gainera, tokian tokiko klimek zuzen-zuzenean eragiten diote gizakiari. Oro har, tokian tokiko klima eskualdeko klimaren mende dago, eta batean zein bestean eragiten duten faktoreak berdintsuak dira. Hortaz, klima mota baten eta bestearen arteko desberdintasunak ezaugarri hauen araberakoak dira: eskala aldeak batetik, eta bestetik, tokian tokiko baldintzek eta energia emaitzek meteorologian duten eragina. Energia emaitzak irrada eta bero balantzeak dira, eta egunaren eta urtaroaren ?eta jakina, gainazal motaren? arabera aldatzen dira kopuruz eta zeinuz. Lur azalean landare gutxi dagoenean, adibidez, tenperaturaren balioak bero hautemangarrizko jarioaren eta lurreko bero jarioaren araberakoak izaten dira, eta jario horiek tenperatura aldaketa oso handiak eragiten dituzte. Ur masetan, ordea, bero latenteak (bero ez hautemangarria, termometroak hartzen ez duena) eta adbekzio jarioak dute eragin handien, izan ere, irrada energia gehiena lurruntzerako erabiltzen da, eta gainerakoa uretan gordetzen; hala, bero hautemangarriaren jarioa oso txikia da eta eguneko tenperaturen arteko aldea oso gradu gutxikoa izaten da. Tokian tokiko klima nagusiak hauek dira: hirietako klima eta basoetako klima.

 

Basoetako klima

Basoetako klimak ezaugarri berezi bat du, eta da klima horri dagozkion gertaera termikoen (tenperatura) eta hidrografikoen eragina zorutik hurbil gauzatu ordez basoaren garaiera osoan zabaltzen dela. Tenperaturaren hartu-emana (edo gertaera termikoen arteko lotura) adaburuetan gertatzen da batez ere, alegia basoaren estalkian.

Transferentzia hori erabatekoa izaten da basoa trinkoa denean. Hortaz, hosto erorkorreko basoetan urtaro batetik bestera alde handia egoten da; garaiera uniformea duten zuhaitzez osatutako baso sarri baten (hosto erorkorreko baso epeletan ohikoak) eta baso soildu baten (Mediterraneoko klimetakoak) edo estalki gorabeheratsua duenbaso baten (tropikoetan ugariak) arteko aldeak ere handiak izaten dira orobat.

Basoak tenperaturari buruz dituen berezitasunak, eta zuhaitz mota jakin batetik bestera dauden desberdintasunak albedoetan islatzen dira. Horrela, pinudi zahar bateko estalkiaren albedoa ehuneko batekoa da, eta basamortuetako sastraketakoa, aldiz, ehuneko berrogeikoa. Bi maila horien artean daude klima epeletako hosto erorkorreko baso hostodunaren albedoa (%10- 20), eta harizti gazte hostodunarena (%18).

Basoaren estalkiak beste gainaldeek baino eguzki irrada gehiago hartzen duela adierazten du albedo txikiak (landarez estalitako gainaldea edo harkaitzez estalia izan).

Dena dela, kontuan hartu behar da irrada horietako gutxi iristen direla lur azalera, hostorik gabe gelditu den basoan izan ezik.Basoetan gertaera termikoak bereziak izaten dira, izan ere, muturreko tenperaturak apalak izaten baitira, batez ere gehieneko tenperaturak. Muturreko tenperaturak zuhaitz adaburuetan izaten dira; basoko lurraren tenperatura, gauez, adaburuetakoa baino gradu bat edo bi handiagoa izan daiteke eta egunez, aldiz, askoz ere hotzagoa da. Dena dela, Mediterraneoko zenbait zuhaitz motetan, izerdi gutxikoetan batez ere, alderantziz gerta daiteke.

Latitude ertainetako basoetan eguneko gehieneko tenperatura basotik kanpoko lur soilean baino hiru gradu zentigradu apalagoa izaten da, eta egun beroetan tarte hori bikoiztu egin daiteke.

Ur hartu-emanak, aldiz, lur azaletik hurbil gertatzen dira. Hori gertatzen da lurruntze maila (basoaren alderdi guztietan gertatzen dena) estalkiaren azpian txikiagoa izaten delako, toki horretan apalagoak izaten baitira tenperaturak; izerditze maila, berriz, handiagoa izaten da, eta lurretik hartzen da hezetasun gehien. Tenperaturarekin bezalaxe, gertaera hidrologikoetan ere, alde handiak izaten dira zuhaitz mota batetik bestera eta, batez ere, elkarren oso hurbil dauden zuhaitzen eta elkarren oso urrun dauden zuhaitzen artean. Hezetasun erlatiboa, aldiz, basoaren barrualdean %5-15 handiagoa da kanpoaldean baino. Hezetasun erlatiboa handia izaten da izerdi asko, giroaren tenperatura apala eta haize erlatiborik eza aldi berean gertatzen direnean. Lehenengo faktoreak, alegia izerdi maila garaiak, hezetasun absolutua ematen du, bigarrenak hezetasun erlatiboa igoarazten du eta hirugarrenak hezetasuna metarazten du.

Basoetako klimaren beste ezaugarri bat airearen mugimenduan duen eragina da, izan ere, basoa zenbat eta trinkoagoa izan, orduan eta handiagoa izango da haizea geldiarazteko ahalmena. Basoa trinkoa denean, haizearen lastertasuna nabarmen gutxitzen da. Zazpi metro segundoko haizea pinudi bateko goiko aldean dabilenean, erdira jaisten da haizearen lastertasuna adaburuen igurtzi geruzara hurbildu ahala, eta basoaren barrualdera iristen denean segundoko metro bateko lastertasuna baizik ez du. Haize eraso batek tropikoko baso trinko bat igarotzen duenean, gerta daiteke zenbait kilometro egin ondoren haren eraginik sumatu ere ez egitea.

 

Hirietako klima

Zenbait azterketek egiaztatu dute hirietako eraikinek inguruko lurrak baino bero eroamen eta bero espezifiko handiagoa dutela. Hirietako gainaldeak, hortaz, kanpoko lurrak baino hiru aldiz bizkorrago hartzen du energia, nahiz eta harriaren, adreiluaren edo hormigoiaren tenperatura igotzeko energia gehiago behar den lurraren tenperatura igotzeko baino. Horrenbestez, gerta daiteke eguneko ordu beroenetan hiriko gainaldea landako lurra bezain bero ez egotea; hala ere, hiriko gainaldearen azpian bero gehiago pilatzen da, etapilatutako bero horrek, gainera, hiria gauez berotu egiten du. Beraz, tokian tokiko klimak gorabehera handiak izaten ditu hirietan, energiaren bide naturalak aldatu egiten baitira, eraikinen bidez batzuetan, giza jardueraren bidez besteetan. Kale, plaza, eraikin handiek eta industria guneek erabat aldatzen dute lekuan lekuko topografia, eta horrez gainera, gainazalaren zimurdura aerodinamikoa handitu egiten da. Bestalde, lur naturalaren ordez eraikuntzako gaiak erabiltzen dira zoruan, hala nola hormigoia, altzairua, adreilua, beira, asfaltoa, etab.; gai horiek inguruko lurrek ez bezalako ezaugarri fisikoak dituzte, eta beroaren eroamena eta berotzeko ahalmena askoz ere garaiagoa dute. Horregatik, hirietako lurraren azpian bero gehiago pilatzen da eta gauean poliki-poliki bero hori kanporantz igortzen da. Hiriaren bero iturri horri gehitu behar zaio bide artifizialen bitartez sortzen dena, alegia berogailu, automobil eta lantegien bidezko energia; horrez gainera, eguratsera aerosol asko igortzeak berarekin dakar eguzki irradak nekezago iristea lurrera eta horrek, azken finean, irradaren balantzea aldarazten du.

Hiriak eragin handia du beroaren balantzean.

Eguzkiaren irradak kutsaduraren eta hodeien eraginez asko ahultzen dira; hori bera gertatzen zaie izpi infragorriei (ikusten den argi espektroak baino uhin luzera handiagoko izpiak; bero energia eramaten dute); bestalde, hirian forma eta orientazio ugari daudenez gero, eraikinen aurrealdeek, teilatuek eta zoruek izpi sorta islatzaile ugari sortzen dituzte gainalde lau xurgatzaile askotarantz, eta horregatik pilatzen du hiriak landak baino energia gehiago; landan irradak eguratsera libre itzultzen dira. Hezetasun maila, berriz, oso apala da hirietan: zoruan ura oso bizkor jariatzen da, eta lurruntze-izerditze maila asko jaisten da, ureztatutako lorategi eta parkeetan izan ezik; hutsarte horrek bero hautemangarriarenjarioa gutxitzen du, eta energiaren balantzea, oro har, bero hautemangarriaren eta lurraren eta eraikinen bero jarioaren mende dago.

Hirietako tenperatura ingurukoa baino pare bat gradu handiagoa izaten da bi arrazoi nagusirengatik: batetik, hirietako egiturek beroa pilatzeko ahalmen handiagoa dute, eta bestetik, gizakiek erabiltzen duten errekuntzazko energiaren ondorioz bero artifiziala igotzen da. Hiriak kliman duen eragin nabarmenena efektu hori da, hain zuzen ere, bero uhartea edo uharte termikoa esaten zaiona. Oro har, bero handieneko gunea hiriaren erdigunea izaten da, alegia eraikinek multzo trinkoena osatzen duten gunea. Efektu horren adierazpen grafikoan ikus daiteke isotermek (tenperatura bereko puntuak lotzen dituzten lerroak) erdigune horretan antolamendu kontzentrikoa dutela, uharte bat balitz bezala, eta kanpoaldeko balioak txikitu egiten direla; horietan airearen tenperatura ere txikiagoa da.

Madrilen, esate baterako, neguko antizikloi egunetan, erdiguneko tenperatura aldirietakoa baino zortzi gradu garaiagoa izaten da askotan.

Bero uhartea handiagoa izaten da egun argietan eta haizea bare dela; hala ere, uhartearen intentsitatea aldatu egiten da egunean zehar, eta gainera, hiriaren ezaugarri berezien araberakoa izaten da. Horregatik, eguzkialdi apala eta haizea bare denean hazten da batez ere bero uhartea, alegia, neguko gauetan batez ere; beraz, bero uharteak garrantzi gutxiago izaten du udako egun beroetan. Baldintza horiekin batera kontuan hartu behar da gertaeraren beraren hedaduraren eta hiriko biztanle kopuruaren arteko harreman estua.

Hiria eta landa elkarretatik desberdintzen dituen beste ezaugarri bat hirietako antolamendu hidrologiko berezia da, eta batez ere, euria zein urtarotan egiten duen eta horrek beroaren balantzean dituen ondorioak.

Udan euri asko egiten duen inguruetan, landan ur gehiago lurruntzen da udan neguan baino, eta horregatik energia gehiago kontsumitzen da bero latente moduan, eta gutxiago berotzen da airea. Neguan lurruntze maila apalagoa da, eta horregatik, neguan euri asko egiten duen lekuetan, lurruntze aldeak txikiagoak dira.

Hiria, bestalde, lehorragoa da; lurra lauzatuta eta isurbide ugariz hornitua dago, hortaz, ur gutxiago dago lurruntzeko eta energia gehiago dago bero uhartean pilatuta.

Haize bolada handiekin bero uhartea txikitu egiten da, eta zenbaitetan, gehiegizko beroa inguruko haize hotzarekin nahasten denean desagertu ere egiten da. Dena dela, eraikinek haizeari oztopo egiten dietenez gero, haizeak indar gutxiago du beti hiri barruan landan baino, eta tenperaturaren ereduzko banaketa bere horretan mantentzen da, baldin eta haizearen abaila handitzen ez bada. Hiria haizearen bidean jartzen den oztopo moduko bat da, eta haizearen lastertasuna gutxitzeaz gainera, barealdien maiztasuna ere handitu egiten da: inguruko eremukoa baino % 5-20 aldiz handiagoa izateraino. Nolanahi ere, hiriaren egiturak ?etxe-orratzak, kale estuak, etab.? haize jario bereziak sortzen ditu, lastertasun eta norabide desberdinetakoak, eta baita haize boladak eta lekuan lekuko haize zakarrak ere.

Hiriko eguratsaren garrantzizko beste ezaugarri bat kutsadura zatikien eragina da; hiriak munduko kutsadura gune nagusiak dira. Hiri handietan, aireko zikinkeria hiriaren gainean jartzen den hauts kupula antzeko batean ikusten da. Kupula hori aerosolez eta gasez osatua egoten da, eta klimandituen ondorioak hauek dira: ikusgaitasuna gutxitzea, lainoa gehitzea eta irrada goitik eta behetik xurgatzea, aire geruza bero bat osatzea eta tenperaturaren azpikozgoratzea.

Azpikozgoratze horren ondorioz zatiki kutsatzaileak kupularen barruan biltzen dira, eta goranzko mugimenduak geldiarazten dituzte.

Horregatik, kutsadura maila garaienak eguratsa egonkorra denean eta tenperaturaren azpikozgoratzea handia denean izaten dira, halakoetan zatikien dispertsio bertikala eragozten delako. Baina kontuan hartu behar da hirietako kutsadura maila kutsatzaile motaren araberakoa ere badela, baita eguratsera igortzen den kutsatzaile kopuruaren eta hiria dagoen lekuaren araberakoa ere, leku batzuetan besteetan baino errazago mugitzen baita airea horizontalean.Hauts kupula batek garrantzi handiko eraginak ditu gizakiaren osasunean, eta batez ere, begietan, eztarrian eta sudurrean egiten dute kalte. Dena dela, hauts kupularen eragin horien artetik nagusia ikusgaitasuna gutxitzea da. Hala, Bigarren Mundu gerraz geroztik Tokion hirukoiztu egin zen bi mila metrotatik beherako ikusgaitasuna zuten egunen kopurua.

Estatu Batuetan eta Britainia Handian egin diren zenbait ikerketaren arabera, hiri industrializatuetan euri gehiago egiten du aste bukaeretan astean zehar baino. Hori bera esan daiteke tenperaturei buruz: hiriko igande bat mendian pasatako egun baten antzekoa izan daiteke, industrietako eta hiriko jarduera maila oso garaia izaten baita astegunetan.