Geografia unibertsala»Geografia
Tropiko arteko klimak
Tropiko arteko klimek Cancer tropikoaren eta Capricornus tropikoaren
arteko eremu zabala hartzen dute, tenperatura beroak eta
homogeneoak izaten dituzte urte osoan zehar, beheko latitudeetan
energia handia baitago. Mugak zeharo konbentziozkoak dira,
ezinezkoa baita zehatz markatzea, baina klimaren ezaugarriak erdiko
eta goiko latitudeetakoen aldean oso bestelakoak dira, nolanahi ere.
Lau klima mota bereizten dira: ekuatorialak, klima tropikal lehorrak
eta hezeak, montzoi klimak, eta subtropikal lehorrak.
Klima ekuatorialak
Presio apaleko zerrendan edo ekuatoreko
presio beheragunean barrena doan
eremuari dagozkio, eta ekuatoretik 10° iparraldera
eta 15° hegoaldera dauden latitudeen
artean daude kokatuta. Tenperaturak
oso uniformeak dira klima horietan, hilabeteko
eta urteko tenperaturen batez bestekoa
27° izaten da, urtaro batetik bestera
ez dute alde handirik izaten, ezta gorabehera
handirik ere egunean zehar, hainbat
arrazoi direla eta: egunak eta gauak berdintsu
irauten dute, ez dute Iparburuko
haize hotzen eraginik izaten, eta aireak
hezetasun handia izaten du, eta beraz ez
da tenperatura aldaketa handirik izaten;
Singapurren, adibidez, tenperaturak 2,1° C-
ko gorabehera izaten du, eta Manaosen,
Amazonasko arroan, 2,3° C-koa. Nolanahi
ere, askotan tenperaturak gorabehera gehiago
izaten ditu egunean zehar urtean
zehar baino; Parako meteorologia estazioan,
adibidez, tenperaturak hilabete hotzenaren
eta beroenaren artean urte osoan
zehar izaten duen gorabehera gradu batekoa
izaten da, baina eguerdi aldeko beroaren
eta egunsentiko freskuraren arteko
gorabehera, berriz, ia zazpi gradu zentigradukoa
izaten da.
Eremu hodeitsuak izateak eragin handia
du tenperaturak urte osoan zehar ia
gorabeherarik ez izate horretan, batez beste
bost eta sei okta zeru egoten baitira estalita
hilabetero. Eta arrazoi horregatik ez du
beroaldiak askorik irauten, ekuatorearen
eremu osoan teorian izan litekeen lau mila
orduko eguzkialdia baino askoz gutxiago;
adibidez, Ekuatoreko Guayaquil hirian
eguzkiak 1580 ordutan jotzen du; Macaon
?Txina? 1.850 ordutan; eta Donalan ?Kamerungo
kostaldean? 1270 orduko eguzkialdia
izaten dute.Euri asko egiten du haizeen konbergentziaren
eta konbekzio esaten zaion gertaeraren
eraginez: urtean bi mila milimetrotatik
gorako euri kopurua, gehienbat ekaitzen
bidez, batzuetan ekaitz horiek oso gogorrak
izaten direla (kumuloninbo motako
hodei handiek sortuak). Klima ekuatorialak
hartzen duen eremu osoan eguraldia
Tropiko arteko Konbergentzia Eremuaren
(TKE) eta urtaroka izaten duten mugimenduaren
mende egoten da; nolanahi ere,
eguratseko prozesuak berez dira
konplexuak. Izate konplexu hori argi eta
garbi adierazten du gertaera bera izendatzeko
izen asko erabiltzeak, adibidez, Tropiko
arteko Konbergentzia Eremua (TKE),
Tropiko arteko Elkargunea (TE), Ekuatoreko
Presio Beheragunea edo Tropiko arteko
Frontea (TF). Konplexutasunak konplexutasun,
argi ikusten da Tropiko arteko
Konbergentzia Eremua (TKE) itxura askotakoa
izaten dela hainbat eragile tarteko
?alisioen egonkortasuna, haien konbergentzia,
eta alisioek ekuatoreko aire masekin
duten harremana, batez ere kontinenteetako
eremuetan?, eta itxura askotasun horrek
elkarren oso bestelako eguraldiak sorrarazten
ditu. Kasu horietan guztietan hodei multzoak
ikusten dira, zelula konbektibo
mesoskalikoek edo banakoek eratuak,
ozeanoen gainean paraleloetan barrena luzatuak
egoten dira, edo bestela sistema
guztiz barreiatuak eta dilatatuak eratzen
dituzte kontinenteen gainean, eta oso ondo
identifikatzen dira sateliteetatik hartzen diren
irudietan.
Klima ekuatoriala da nagusi Amazonas
eta Kongo ibaien arroetan, Gineako Golkoko
eremu askotan eta Ozeano Bareko
erdiko eta mendebaleko uharteetan.
Ekuatoreko eskualdeak berezkoa du
aldi lehor bat edo bi izatea eta aldi euritsuez
bereiztea aldi lehor horiek; aldi euritsuhoriek aldakorrak izaten dira intentsitatez.
Erritmo hori eguzkia bere zenitetik igarotzeari
lotu izan zaio betidanik, baina arrazoibide
hori ez da guztiz zuzena, batzuetan
baizik ez baita lotura hori egiaztatu ahal
izan; erritmo hori, funtsean, ekuatoreko
presio beheraguneak urtaroka egiten dituen
mugimenduek sortua da, baina orobat, eta
batez ere, geografia sustratuak gune eragileetan
eta aire masetan duen eraginak sortua,
era horretara sortzen direlarik elkarren
oso bestelako egoerak. Dena den, ekuatoreko
presio beheragunetik zenbat eta gehiago
urrundu, orduan eta luzeagoa izaten
da urtaro lehorra, eta orduan eta hurbilago
egoten da klima tropikalen eremua.
Klima tropikal lehorrak eta hezeak
Klima ekuatorial oso euritsuen eta klima
subtropikal lehorren artean klima tropikal
asko daude. Guztiek izaten dituzte
urtaro euritsua eta urtaro lehorra txandaka,
baina laburragoak dira batzuetan eta luzeagoak
besteetan, eta beraz euri kopuruak
gorabehera handiak izaten ditu batetik bestera.
Euri kopuruaren gorabehera hori haize
alisioen jokoak sortua da, eta aise esplikatzen
da, eurialdia udan izaten baita,
hain zuzen ere ekuatoreko presio beheragunea
Iparbururantz mugitzen denean
eta alisioek itsasoko aire masa oso ezegonkorrak
mugiarazten dituztenean; urtaro
lehorra neguan izaten da, kontinenteko
alisioen eraginez, eta antizikloi subtropikalak
beheko latitudeetara mugitzen direnean,
eguratsari egonkortasuna ematen
diotela. Esplikazio horrek ez du eremu batzuetarako
baizik balio, eta zerikusia du
eguzkiak bere puntu gorenetik behereneraino
egiten duen itxurazko mugimenduarekin,
baina eskema orokor horrek aldaketak
izan ditzake meridianoetako zirkulazioen
eraginez, eta orduan arestian aipatu
den euri errejimenaren oso bestelako errejimena
izaten da nagusi. Adibidez, La Habanako
behatokiak (23°ra dago iparraldeko
latitudean) eta Honolulukoak (21°ra
dago Iparraldeko latitudean) euri errejimen
desberdinak dituzte; La Habanan euri gutxiago
egiten du urtarrilean eta otsailean,
eta hilabete horietan bertan egiten du euri
gehien Hawaii uharteetan.
Tenperaturak beroak izaten dira hil
guztietan, eta urteko zikloan bi izaten dira
tenperatura gorenak eta bi beherenak; tenperatura
beheren nagusia eguzki izpien intzidentzia-angelua txikiagoa denean izaten
da, eta beste tenperatura beherena, berriz,
eurien urtaroan, hodeien eta airearen hezetasun
handiaren eraginez. Nolanahi ere,
tenperaturak ez du gorabehera handirik
izaten urtean zehar, ez baita hamar gradu
zentigradutatik gorako aldaketarik izaten.
Kontinenteetako ekialdean eta alde
horretako uharteetan aldatu egiten dira
arestian aipatu diren ezaugarri horiek,
ekialdeko haize ozeaniko eta ezengokorren
eragin handia baitute, eta horrenbestez
euri asko egiten du urte osoan, klima
ekuatorialean gertatzen den bezala; baina
euri jasa horiek ez dute jatorri berbera, hil
batzuetan ekuatoreko presio beheragunearen
mende egoten dira eta gainontzeko hiletan,
berriz, alisio hezeen mende. Gertaera
horiek guztiak Karibeko kostaldean, Brasilgo
hego-ekialdean, Afrikako hegoaldeko
ekialdeko kostaldeetan, Indiako
ozeanoko uharteetan eta Australiako iparekialdean
gertatzen dira. Eskualde horietan
mila milimetrotatik gorakoak dira euri
kopuruak, alisioek etengabe jotzen dutelako,
ekialdeko uhinen perturbazioengatik
eta urakanek sorrarazten dituzten ekaitz
gogorren eraginez. Hala eta guztiz ere,
alisioak dakartzan euriak orografikoak dira
izatez eta haizaldeko isurialdeetara joaten
dira (haizeak jotzen duen aldera, alegia),
haizebeko isurialdeetara joan ordez (haizeak
jotzen ez duen aldera, alegia), haizebean
euri gutxiago egiten du izan ere,
haizeen gerizpean baitago eta aire berolehorrak
behera egiten baitu. Hawaii uhartea
da disimetria horren adibide garbia;
Hiloko behatokian 3.470 milimetro neurtu
izan dira, haizeek eragin handia baitute
alde horretan, baina Honolulun berriz,
kontrako kostaldean alegia, 556 milimetro
baizik ez dituzte neurtu.Ozeanoko alisioak eguratsera ekarri ohi
duen ezegonkortasunak gero eta indar gutxiago
izaten du, zenbat eta mendebaletik
ekialderantzago joan, alegia, ozeanoetako
ekialdeko erdialdean dauden presio subtropikal
handietara zenbat eta gehiago hurbildu,
klima orduan eta lehorragoa izaten
da, ozeanoaren beste aldeko itsas ertzean
ez bezala. Antizikloiaren eraginez airea beheratu
izanak tenperaturaren azpikozgoratzea
eragiten du ehundaka metroko lodieran;
alisioen azpikozgoratzea esaten zaio
horri; airearen mugimendu bertikalaren
eragozpide gisako bat da azpikozgoratze
hori, eta euria eragozten du orobat. Gogoratu
beharra dago alisioaren airea ez
dela bere masa guztian berdina, azalean
airea freskoa baita eta latitude epeletatik
etorria, gero eta gehiago berotzen da
zenbat eta latitude epelagoetara joan, eta
gero eta hezeagoa izaten da ozeanoan
barrena zenbat eta aurrerago egin; goiko
aldean aire tropikalez dago eratua masa
hori, eta presio handien beheratzearen eragina
duenez, beroa, lehorra eta egonkorra
izaten da; beraz, bi aire mota horien
artean geruza azpikozgoratu bat eratzen
da, lurrean baino bost eta hamar gradu
zentigradu gehiagoko tenperatura izaten
duena. Azpikozgoratze maila hori 500
metrotatik behera egoten da antizikloi subtropikalen
ekialdeko ertzetan, han airearen
beheratze mugimendua handiagoa
baita, eta ekuatorerantz joz gero igo egiten
da, zenbat eta antizikloiaren eraginpetik
gehiago urrundu, eta azkenik desagertu
egiten da. Era horretara konbekzioaren
eragina areagotu egiten da, hodei sistema
gero eta indartsuagoa izaten da, eta euri
jasa handiak botarazten ditu ozeanoetako
mendebalean.Geruza azpikozgoratu horrek beste ondorio
nabarmen bat ere sorrarazten du: tropikoko
mendi batzuetan ez du euri kopuru
bera egiten gailurrean eta hegalean. Izan
ere, mendia alisioaren eten eremua baino
garaiagoa denean, mendiaren gailurra lehorra
izaten da, eta mendiaren hegalean
berriz euri asko egiten du. Gertaera hori
aise sumatzen da Kanarietako uhartedian:
uharte garaienetan, haize alisioak gora
egiten du ipar eta ipar-ekialde isurialdeetan,
eta orduan hodeiak eratzen dira azpikozgoratzearen
oinarriraino, 900 eta 1.500
metro bitartean; «hodei itsasoa» esaten zaio
horri, eta hezetasun handia eta euri ugari
eragiten ditu. Maila horretatik gora, aitzitik,
eguratsa egonkorra izaten da eta airea
lehorra, eta giroa guztiz elkorra izaten da
orduan.Okta
Eguratseko hodei kopurua oktatan adierazten
da; zero oktak zerua oskarbi dagoela
esan nahi du, 8 oktak, berriz, zerua hodeiez
estalita dagoela.
TKE (Tropiko arteko Konbergentzia
Eremua)
Antizikloi subtropikalek sortzen dituzten
bi hemisferioetako alisioek bat egiten duten
lekua; ekuatoreko presio apalak izaten ditu,
aireak indar handiz egiten du gora eta horrenbestez,
euri jasa handiak izaten dira.
Tropiko arteko konbergentzia hemisferio batean
ala bestean kokatzen da, urtaroen arabera,
eta eguzkiak tropikoen artean itxuraz
egiten duen mugimenduaren arabera orobat.
Paraleloa
Latitude bera duten lur azaleko puntu
guztien leku geometrikoa.
Sistema mesoskalikoa
Sistema mesoskalikoak eskala sinoptikoko
perturbazioak baino txikiagoak eta laburragoak
dira (bigarren mailako zirkulazio
ere esaten zaie, lehen mailako edo zirkulazio
nagusitik bereizteko), xehetasun handikoa
dute geografiazko eskala, baina haiekin
batera eguraldi aldaketa handiak izaten
dira. Sistema mesoskalikoa ez ezik, badira
sistema meteorologiko mugikorrak, etengabe
bilakaeran daudenak, eta iragankorrak,
eta perturbazio handiak sortzen dituztenak
eguratsean; beraz, eguraldia egunero aldarazten
dute igarotzen diren eskualdeetan.Meridianoetako zirkulazioa
Haize lasterra meridianoen noranzkoan:
iparretik hegora edo hegotik iparrera.
Tenperaturaren azpikozgoratzea
Troposferaren egoera jakin bati esaten
zaio, non aire geruza jakin bat zenbat eta
gorago joan, tenperaturak orduan eta gorago
egiten baitu orobat, gradiente adiabatikoaren
eraginez behera egin ordez. Azpikozgoratzeak
egonkortasuna eragiten du eta
goratze oro oztopatzen du, aire geruza «ez
ohiko» horrek goranzko difusio oro mugatzen
duelarik (gai kutsagarriak, adibidez). Batzuetan,
gaueko irradatzeak sortzen du
egoera hori ?neguan, antizikloia dagoenean
eta zerua oskarbi dagoenean?, eta bestetan,
aire bero masa bat aire hotz masa baten gainean
zeharretara mugitzeak.
Gradiente adiabatikoa
Airea zenbat eta gorago igo, orduan eta
gehiago dilatatzen da, eta tenperaturak ere
gora egiten du dilatatze horren eraginez: aire
asegabean tenperaturak gradu bat egiten du
gora ehun metroko eta aire hezean edo asean
tenperaturak 0,5° C egiten du gora ehun
metroko; nolanahi ere, aireak gora egiten
duenekoa da batez besteko teoriko hori, ez
ordea behera egiten duenekoa.
Beheratzea
Aireak behera egiten du, dena bat eta
geldiro, goiko geruzetatik lurraren azaleraino.
Konbekzioa
Aireak gora egiten du zehar haizeak
lurraren arrasean elkartzen direnean; tropiko
arteko konbergentzian gertatzen da gehienbat.
Montzoi klimak
Montzoi klimetan euri asko egiten du
urtean, baina euri horiek udako hiruzpalau
hilabeteetan egiten ditu.
Montzoien eraginpean dauden eremuek
izaten dute klima mota hori, eta
badute ezaugarri berezi bat: haize alisioen
eraginak urtaroak sasoiz aldatzen dituzte,
eta euritea eta lehortea txandakatzen
dira.
Montzoien nondik norakoa ez da argitzen
erraza, aldi berean izaten baitu tenperaturen
eragina eta haize dinamikarena,
eta orobat elkarren arteko eragina izaten
dute itsasoko eta lehorreko gainazalen proportzioak,
orografiak, eta latitude tropikaletako
eta latitude epeletako egurats zirkulazioak.
Hasteko, lurrak eta itsasoak berotzeko edo hozteko duten ahalmenak
ozeanoaren eta kontinentearen arteko tenperatura
eta presio gradientea sortzen du.
Horrez gainera, alde batetik, udan Tibeteko
goi ordokia asko berotzen da, eta eragin
handia izaten du bero iturri gisa, eta,
bestetik, Tropiko arteko Konbergentzia
Eremua (TKE) India gainean 25° Iparreraino
mugitzen da ohi ez bezala; aldi berean,
ekialdeko haizeek gogor jotzen dute
goialdeko troposferan, haize laster oso indartsu
eta norabide jakineko batez, eta haize
laster hori Txinako hegoaldeko itsasotik
Arabiako hegoalderaino hedatzen da.
Haren eragin dinamikoa erabakigarria izaten
da eremu horretako eguraldirako eta
klimarako.
Udazkena hasten denean eguraldia aldatu
egiten da. Lehenik, ozeanoaren tenperaturaren
eta lurraren tenperaturaren arteko
aldea gero eta txikiagoa izaten da, eta
hegoaldeko haize lasterrak ahuldu egiten
dira; bigarrenik, erdiko latitudeetako mendebaleko
haizeek hegoalderantz jotzen
dute, eta batzuetan Himalaiaren hegoaldeko
isurialdean jotzen dute, eta tropikoko
zirkulazioa desegiten dute horrela. Goialdean
ekialdeko aire-zurrustaren ordez
mendebaleko haizeek gogor jotzen dute,
eta bi haize lasterretan daude banatuak
haize horiek, bata Tibet-Himalaiaren iparraldekoa
eta bestea Tibet-Himalaiaren
hegoaldekoa; lur azalean, berriz, Siberiako
aire hotzeko antizikloiak kontinentearen
barrualdea hartzen du. Aldaketa horrekin
udako zirkulazio sistema hausten da, eta
haizeek iparraldetik edo ipar-ekialdetik jotzen
dute. Egoera horrek udaberria arte
irauten du. Udan, mendebaleko haizeak
iparralderago mugitu eta Himalaiaren hegoaldean
jotzen duen haize lasterra gelditzen den bezain laster, berriz hasten da
abian ekialdeko ekuatoreko haize-zurrusta,
eta orduan hasten da udako montzoia.
Montzoia hastearekin batera, giro freskoaren
eta lehortasunaren ordez berotasuna
eta hezetasuna nagusitzen dira, eta
etengabe egiten du euria.
Montzoien zirkulazioak eragin handiagoa
izaten du Indiako ozeanoaren inguruko
lurraldeetan, eta gutxiago Asia ekialdean
(Txina erdialdean eta Japoniako iparraldean).
Eremu horretatik kanpo, beste
eremu batzuetan ere haizeak urtaroka aldaketa
handiak izaten ditu, eta horiei ere
montzoi klimak esaten zaie. Eskualde bakoitzean
klima horiek zeinek bere baldintza
eta tankera bereziak dituen arren, oro
har, udan ozeanoetako haize-zurrusten
eragina izaten dute, eta horiek Saharako
eta Arabiako, Indiako ipar-mendebaleko
eta Asia erdialdeko presio apalak hartzen
dituzte; eta neguan kontinenteetako alisioen
aire tropikalezko masen eragina izaten
dute, batzuetan alisio horiek tenperatura
freskoak izaten dituzte, antizikloiaren erdigunean
aire bero masa bat aire hotz masa
baten gainean zeharretara mugitzen denean.
Mumbay da klima mota horren adibide
adierazgarri bat; ia euri guztia lau hilabetetan
egiten du, ekainetik irailera, eta
gainontzean oso euri gutxi egiten du; euri
jasekin batera izaten diren hodiek tenperatura
epeltzen dute, eta, beraz, urteko
hilik beroenak maiatzean eta ekainean izaten
dira, eta tenperatura gorenak berrogei
gradu zentigradutara iristen dira. Neguan,
hezetasun gutxi izaten delarik eta haizeek
kontinenteen barrualdetik jotzen dutelarik,
tenperaturak jaitsi egiten dira eta izotza ere
egin dezake.
Klima lehorrak
Klima lehorrak ekuatoreetako klima
hezeen oso bestelakoak izaten dira, eta
kontinenteetako eremuaren ia heren batean
dute eragina, oso latitude desberdinetan.Elkortasun handia dute klima lehorrek
ezaugarri nagusia, oso euri gutxi egiteaz
gainera, lurruntze handia izaten baita, eta
beraz, ura oso urri izaten da urte osoan.
Euri urritasun horrek baditu hainbat arrazoi:
lehenik, antizikloi indartsuen eraginez
airearen beheratze handia izaten delako;
bigarren, airea egonkor egoten delako
itsasoko ur laster hotzekin bat egiten duenean;
hirugarren, kontinentalitatearen eraginez;
eta azkenik, mendietan aireak izaten
duen beheratzeagatik, mendiek euria
dakarten haize laster eragin handikoetatik
gerizatzen baitute eremu elkorra. Klima lehorrak
bai latitude tropikaletan ?klima lehor
negurik gabeak diren lekuetan? eta bai
latitude epeletan ?sasoi hotz oso nabarmen
bat izaten dutenetan? izaten dira. Bi azpimota
bereizten dira beraz.
Klima tropikal lehorrak
Cancer eta Capricornus tropikoen inguruko
antizikloi gune zabalekin dute zerikusia,
eta gune horien iraunkortasunak
eta jarraitasunak munduko basamorturik
handienak sortzen ditu: Sahara, Arabia,
Iran, Kalahari eta Australiako eremu handi
bat. Presio handien baitan izaten den
egonkortasunak eta beheratzeak beroaldi
handiak, airearen lehortasun ikaragarria,
tenperatura beroak eta euri urritasuna eragiten
ditu.
Argi bizia, ia itsutzeko modukoa, du
ezaugarri nagusia basamortu tropikaleko
paisajeak. Alde batetik eguzkiak ordu askoz
jotzearen ondorioa izaten da, teorian
gehienez irits daitekeen eguzkialdiaren
ehuneko laurogeita hamarrekoa izaten baita
maiz, 3.500etik 4.000 bat ordutan jotzen du
eguzkiak urtean, alegia; horrez gainera, airea
oso-oso lehorra egoten da, haren hezetasun
erlatiboa ehuneko berrogeita hamar
baino txikiagoa izaten da, kostaldeetan
izan ezik, eta batzuetan ehuneko hamarrekoa
ere bai. Giro lehor horretan lurruntzea
oso handia da ?Assuango urtegian
lau mila milimetrokoa urtean?, eta lurruntze
hori areagotu egiten du halako egonkortasun
bat izaten duten haizeen eragin lehorgarriak,
nola diren, adibidez, Sahara
hegoaldeko harmattana, Magrebeko sirokoa
eta Arabiako simuna. Tenperatura
gorabeherak arinduko dituen lurrunik, ez
hodeirik ez dagoenez, tenperaturek batbateko
aldaketak izaten dituzte egunean
zehar, eta hogeita hamar gradu zentigradutarainoko
aldea ere egon daiteke egunetik
gauera; urtaroen arteko aldea ere oso
handia izaten da, tenperatura gorenak berrogeita
hamar gradu zentigradukoak dira
udan, eta beherenak, berriz, zero gradukoak
neguan. Bestalde, oso euri gutxi
egiten du, 250 milimetro baino gutxiago,eta basamortu latzenetan ez da ehun milimetrotara
iristen, eta euriak oso irregularrak
izaten dira gainera, bai denboraz eta
bai lekuz. Bestalde, euria egiten duenean,
zaparrada gogor samarrak eta laburrak izaten
dira, ekuatoreko norabidean mota tropikalekoak,
eremu epeleko mugetan, berriz,
fronteren batek sortuak. Baldintza horiek
guztiak biltzen dira Assuanen, Egiptoko
Saharan, euri kopurua batez beste ezin
sumatuzkoa izaten baita, milimetro batekoa,
eta maiz gertatzen da urte askotan euririk
ez egitea; horren ordez, eguzkialdia oso
luzea da, 3.600 ordutik gora jotzen du eguzkiak
urtean, eta hilabete beroenetan tenperatura
gorenak berrogeita bost gradutatik
gorakoak izaten dira.
Itsasbazterreko basamortuak
Basamortu beroen artean itsasbazterretako
basamortuak oso kasu berezia dira,
kontinenteetako mendebaleko kostaldeetan
daude kokatuak basamortu horiek, eta hango
lehortasuna ozeanoetako antizikloietako
ekialdeko ertzetan izaten den beheratzeak
sortua izaten da, besteak beste, bai eta
ozeanoetako ur laster hotzek ere, uraren
azala ukitzean egonkortasuna ematen baitiote
aireari. Hori gertatzen da, adibidez,
Txileko Atacama basamortuan, Humboldt
ur lasterraren eraginez; Namibiako basamortuan
Benguelako ur lasterraren eraginez, eta
Kaliforniako eta Marokoko kostaldeko basamortuetan,
Kaliforniako ur lasterraren
eragina baitu lehenak eta Kanarietakoak
besteak; basamortu horiek guztiak eremu
tropikalaren baitan daude oro har, baina
latitude oso desberdinetan, eta elkortasun
maila ere oso desberdina dute. Ekialdean
ez da basamorturik eratzen ozeanoetako
alisioen eraginez.
Ozeanoa gertu egoteak airearen hezetasuna
gehitzen du klima horietan, baina
ez du euri askorik egiten, laino ugari
izaten da ordea; tenperaturak gorabehera
handiak izaten ditu, baina ez da izozterik
eta tenperatura oso berorik izaten.
Ezaugarri horiek argi eta garbi sumatzen
dira Txile eta Peruko kostaldean, 6°
paralelotik 30° paralelorako bitartea oso
lehorra izaten baita. Hala, Liman urte
osoko hezetasun erlatiboa %86koa da,
baina euri kopurua aldiz 36 milimetrokoa
baizik ez da.
Basamortu hotzak
Basamortu hotzak latitude ertainetan
egoten dira, kontinenteen barrualdeetan,
mendebaleko haizeen eraginetik urrun.
Hainbat gertaerek batera izaten duten eraginezsortuak dira: eguratsaren egonkortasuna
presio subtropikal handien eragina
duten eremuetan; mendikateek haize hezeen
aurrean ematen duten babesa, eta,
batez ere, kontinentalitate efektua, gero eta
gehiago ahultzen baititu perturbazioak eta
hezetasuna galarazten baitie. Asian eremu
zabala hartzen dute basamortu hotzek, Iranetik
Mantxuriaraino, eta Ameriketan meridianoen
noranzkoan luzatzen dira, Mendi
Harritsuen eta Andeen haizebean, Arro
Handiko edo Patagoniako basamortuak
esate baterako. Euri gutxi egiten du beti
eta oso era irregularrean gainera, eta tenperaturak
eremu kontinentalak ohi dituen
berak dira; eguratsaren lehortasun iraunkorraren
eraginez, neguak oso hotzak izaten
dira, eta udak oso beroak, eta guztizko aldea
izaten da tenperatura gorenetik beherenetara,
baita laurogeita hamar gradu zentigradotatik
gorakoa ere batzuetan.Eremu elkorren artean itsas ertzeko basamortuak
dira inondik ere berezienak. Prozesu
multzo batek sortzen du eremu horiek
berezkoa duten elkortasun handia: besteak
beste, presio subtropikal handien hurbiltasunak
eta babes efektuak. Hala ere, lehorte
handi hori ez da gehienbat gertaera horiek
sortua, itsasoko ur laster hotzek baizik.
Basamortu horien artean bereziena Guayaquileko
badiaren hegoaldean hasi eta, Peru
eta Txileko kostaldean barrena, 2.800 kilometro
luze dena da, horregatik frantses geografoek
Peruko klima esaten diote. Batik bat
Humboldt ur lasterraren eraginez da lur zerrenda
hori hain elkorra.
Espainiar kolonizatzaileak ohartuta zeuden
basamortu horren berezitasunaz. Euri
gutxi egiteak ez du esan nahi basamortu horretan
zerua oskarbi dagoenik eta eguzkialdi
luzeak izaten direnik. Tropikoko itsas aireak
bat egiten duenean Humboldt ur lasterreko
urekin ihintz puntua iristen du eta lurralde
hartan ohikoak diren Garúa, Coquimbo eta
Camanchaca derizten behe lainoak sortzen
dira; hezetasun erlatiboa handia denez, ihintz
forman kondentsatzen dira laino horiek eta
euritan baino ur gehiago lurreratzen da horrela.
Txileko eta Peruko basamortuaren hegoaldean
euriak neguan izaten dira, eta basamortu
horren iparraldean, berriz, udan;
iparraldean hain zuzen euritarako baldintza
egokiak izaten dira batzuetan, Niño-ren kontrako
ur lasterra beroko urak nagusitzen direnean
Humboldt ur lasterraren ordez.Patagonian, mendebaleko haize lasterra «zonda»
izeneko haize katabatiko bihurtzen da Ande mendiak
zeharkatu ondoren, eta Föehn efektuaren eragina
izaten du.
Andeetako oztopo horren eraginez, alde handia
egoten da euri kopuruan Txileko lurren eta Patagoniako
estepen artean.Haize katabatikoa
Haize leun baten modukoa da, beheralderantz
egiten du isurialde jakin batean, oso
lasterra da eta gutxi irauten du; grabitateak
aire masa oso trinko baten maldan eragiten
duen efektuak sortua da, zeharo hozten baita,
antizikloiak sortutako barealdietan.Föehn efektua
Mendi baten haizebean sortzen den efektua.
Haize laster heze batek mendi horren
haizaldean gora egin eta hozte adiabatikoaren
eraginez kondentsatzen denean gelditasunezko
hodeiak eta euriak sortzen ditu:
adiabatiko hezearen gradientearen arabera
hozten da (0,5 gradu zentigradu ehun metroko).
Hezetasun guztia galdu duenean, airea
haizebera jaisten da, eta adiabatiko lehorraren
arabera berotzen da (gradu zentigradu
bat ehun metroko, alegia), haize katabatiko
bero eta lehorgarri baten gisara.