Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Eskualdekako klimak: klima epelak

Köppenen klimen sailkapenaren arabera hilabete beroeneko batez besteko tenperatura hamar gradu zentigraduz gorakoa eta hilabete hotzenekoa hemezortzi graduz beherakoa dute klima epelek.

Klima epelak lur zerrenda zabala hartzen du ekuatorearen alde banatan, 40° eta 70° paraleloen artean, gutxi gorabehera.

Tropikoko eta lurburuetako aire masen eta mendebal haizeen mende dago, eta, bitarteko latitudeetako zikloi eta antizikloi higikorren eraginez, eguraldi aldaketa asko izaten ditu.

Mendebal haizeak altueran egiten dituen uhin handiek gidatzen dituzte presio sistema horien mugimendua eta bilakaera; uhin horien bidez energia truke handiak gertatzen dira beheko eta goiko latitudeen artean.

Goi eta behe presioen zentroen ezaugarriak eta latitude kokalekua urtarotik urtarora aldatzen dira: udako depresioak motelagoak dira eta polorantz egiten dute; neguan, berriz, antizikloi subtropikalak ekuatorerantz mugitzen dira, eta borraska gehiago izaten dira latitude beherenetan.

Mendebalaren nagusitasunak interferentziak ?handiagoak edo txikiagoak? eragiten ditu lurraren gainazalean, hemisferio batean zein bestean.

Mendebaleko haizeen erregulartasuna eta lastertasuna askoz handiagoa da hego hemisferioan, ipar hemisferioan lurren eta itsasoen banaketak eragina baitu presio eremuen eraketan.

Hori askoz nabarmenagoa da neguan, ekialdeko, iparraldeko edo iparekialdeko zirkulazio sektorialen mende dauden eremu handiak antizikloi termikoen eraginpean daudela.

Eremu epelak oso klima mota desberdinak hartzen ditu bere baitan, beroak eta oso hotzak, euritsuak eta lehorrak.

Nolanahi ere, beste motetatik bereizten dituen ezaugarri bat dute denek: tenperatura gorabehera handiko errejimena izatea, zeinean urtaro beroak eta hotzak txandatzen baitira.

Urtaroen mekanismoak baldintzatzen du fronte polarraren kokalekua eta borrasken ibilbidea. Borraskek neguan hartzen dute latitude maila apalena. Neguan goi presio termikoek ez dute borraskarik sartzen uzten.

Udan, ordea, antizikloiak desagertzen direnean, eremu handiak hartzen dituzte. Udan ere, goi presio subtropikalek latitudean gora egiten dutenean, lehorteak eta zeru garbiak nagusitzen dira Mediterraneo aldean.

Klima aniztasun horrek argi eta garbi erakusten du zer eragin handia duten elkarrengan meteorologia eta geografia faktoreek.

Aniztasun horretan zeresan handia dute tropikoko eta lurburuetako eragin elkarren aurkakoak eta fronte polarraren perturbazioak.

Horrez gainera, zeresan handia du, baita ere, erliebearen eta masa ozeaniko eta kontinentalen ekintzak, zeinak aldaera asko eragiten baititu.

Beraz, hiru klima mota nagusi bereizten dira: Mediterraneokoa, ozeanikoa eta kontinentala.

 

Mediterraneoko klima

Klima Mediterraneoa duten kontinenteen mendebalean dago kokatua, 30° eta 45° paraleloen artean. Mediterraneoaren arroa inguratzen duten lurraldeek dituzte batez ere klima mota horren ezaugarri garbienak, baina ezaugarri horiek berak dituzte munduko beste itsasalde batzuek ere, kostaldeko lur zerrenda estuak hartzen dituztela: Kaliforniako estatua, Txileko erdialdea, Cape probintzia (Hegoafrikar errepublika), eta Australiako hego-mendebala.

Euri gutxi eta bero handi samarra egiten du halako tokietan; antizikloi hondoratze subtropikala, batetik, eta mendebalaren zirkulazio orokorra, bestetik, urtaroka txandatzeagatik ditu Mediterraneoko klimak ezaugarriok. Udan, goi presioak nagusitzean, zeru garbiak izaten dira, eta eguraldi bero lehorrak. Neguan, berriz, tropiko inguruko goi presioek latitudean behera egiten dute, eta eremu epelen dinamika nagusitzen da; fronte borraskek euria dakarte, tenperaturak behera egiten du pixkana, eta aldi hotzak sartzen dira aldian behin, zeinak izozte handiak eragiten baitituzte bazterretan.

Uda lehorra da klima mota horren beste ezaugarri nagusietako bat. Uztail-abuztuetan oso euri gutxi egiten du, 20 milimetro baino gutxiago askotan, are 10 milimetro baino gutxiago ere zenbait lekutan, Santiagon (Txilen), Los Angelesen edo Lisboan, esate baterako. Neguan, aitzitik, antizikloi subtropikala hegoaldeko latitudeetara atzeratzean, Mendebala nagusitzen da, eta fronte polarreko borraskak heltzen dira; borraska horiek direla eta, asko gehitzen da euri kopurua. Atenasen, adibidez, eurien ehuneko berrogei abenduotsaila bitartean izaten da, San Diegon (Estatu Batuetan) ehuneko hirurogeita hamar, eta Lurmutur hirian (Hegoafrikar errepublika) ehuneko berrogeita hamabost.

Mediterraneo itsasoaren arroan meridianoan gora edo behera ibiltzen diren haizeekin batera sortzen dira perturbazio horiek, tokian tokian haize polar hotza eta Mediterraneoko ur epela elkarrekin nahasten direnean. Hori dela eta, Mediterraneoa hartzen duten depresioetatik ehuneko zazpi baizik ez da Atlantikoan eratzen, ehuneko hamalau Atlas mendikatearen haizebean eratzen da, eta gainerakoak Mediterraneoan bertan, mendebalean batez ere, handik ekialderantz mugitzeko, Balkanetarantz eta Itsaso Beltzerantz.

Ezaugarriok argi eta garbi azaltzen dira, adibidez, Malagako kliman: 508 milimetro prezipitazio, uda lehorra, eta oso tenperatura samurrak, hogeita lau gradu uztaileaneta hamar bat inguru urtarrilean. Beraz, esan daiteke ia negurik ez dela. Nolanahi ere, Mediterraneoan klima mota asko dago, eta adibide hau klimaren batez besteko bati baizik ez dagokio. Epeltasuna, adibidez, batez ere kostaldeko eskualdeen ezaugarria da; barrurago, ordea, klima kontinentalaren eraginez, hotz handiagoa egiten du neguan, eta izotz gehiago izaten da; udan, berriz, bero handia egin dezake. Latitudeak ere zeresan handia du horretan: zenbat eta tropikotik gertuago, beroago eta euri gutxiago, udaldia luzeagoa, eta euri maiztasuna irregularragoa izaten da.

 

Klima ozeanikoa

Kontinenteetako mendebal aldeko klima da, zeina, Mendebalaren nagusitasunaren eraginez, itsas haizearen eta fronte polarreko borrasken eraginpean baitago.

Ozeanoaren zeregin erregulatzailea dela eta, neguak epelak eta udak freskoak dira.

Tenperaturaren muturreko bi balioren arteko tartea hamar gradukoa baizik ez da, eskualde tropikaletan bezalatsu. Muturreko balioak ere moderatuagoak dira, eta gutxitan izaten dira oso egun beroak eta izozteak. Airearen hezetasuna handiada urtaro guztietan, eta euri asko egiten du, baina neguan batez ere, orduan baitira depresioak gogorragoak eta ugariagoak.

Haizeak ere gogor jotzen du sarritan, egun askotan jarraian. Klima gozo, heze eta haizetsu horrek, beraz, kostaldeko lur zerrenda estuak hartzen ditu, besteak beste Ipar Ameriketan, Txilen etaZeelanda Berrian, Ozeano Barearen aldeko mendiak bitartean. Europako mendebalean, berriz, askoz zabalera handiagoa hartzen du. Europa zabaldi laua da alde horretan, eta itsasoaren eragina oztoporik gabe iristen da kontinentean barrena, pixkana-pixkana klima kontinentaleko eremura igaro arte.

 

Klima kontinentala

Klima kontinentalaren ezaugarriak klima ozeanikoarenak ez bezalakoak dira: alde handiko errejimen termikoa du, hotz handi-handia egiten du neguan, eta ez du ozeanoko borrasken eragin handirik. Klima horrek oso eremu handiak hartzen ditu Ipar Ameriketan eta Eurasian, pixkana-pixkana poloetako klima hotz-hotzetara, tropikoetako bero-beroetara, eta Mendebaleko ozeanikoetara, igaroz. Euhartzeari).rasiako zabaldian, adibidez, itsas haizearen eragina gutxitu ahala, klima kontinentala nagusituz doa.

Neguan, Siberia eta Kanada barrualdean, presio termiko garaiak izaten dira, oso haize hotza, eta inbertsio termiko nabarmenak eguratsaren behe geruzetan. Hori dela eta, interferentziak sortzen dira zirkulazio nagusian, eta berehala okluitzen dituzte sortalderantz mugitzen diren fronteak (oklusioa esaten zaio fronte hotzak, beroa baino azkarrago doalako, beroa harrapatu eta azpianOso euri gutxi eta hotz handia egiten du beti. Moskun, adibidez, urtarrileko batez besteko tenperatura hamar gradu da zero azpitik, eta Siberian, Omsk hirian, are hotzagoa, 19 ° C zero azpitik. Udan, berriz, behe presioak eta mendebaletik ekialderako haizeak nagusitzean, borraskak sartzen dira mendebaletik. Hala ere, udaldian, fronteak ahulak dira eta prezipitazioak moderatuak: uztail-abuztuak dira hil beroenak, baina irailean udazkena hasi eta berehala heltzen da negua.