Geografia unibertsala»Geografia
Klima sistema
Lurrean leku eta une jakin batean egiten duen eguraldia hura
zehazten duten faktoreen konbinazioaren ondorio da.
Faktore horietako askoren jarraitasuna,
iraunkortasuna edo periodikotasuna direla eta,
eskualde eta aldi jakin batean,
egoera meteorologiko berdinak gertatzen dira
?gorabeherak gorabehera? urtean zehar.
Aldakortasun hori saihesteko, batez bestekoak erabiltzen dira;
hau da, toki jakin bateko meteorologiaren gorabeheren balioa
kalkulatzen da.
Eta hala, balio horiek kalkulatzeak eta sailkatzeak delako inguru
horretako klima zehazteko adina informazio eskaintzen du.
Informazio hori aztertzea da, hain zuzen, klimatologiaren helburua.Lurreko klimak sistema fisiko bihurri baten adierazpena dira, eta energia trukeen mende daude. Klima, beraz, sistema kontzepzio baten arabera aztertuko da, ikuspegi metodologiko batetik begiratuta oso egokia eta adierazgarria baita hala egitea.
Aldagaien edo elementuen multzo egituratu bat da klima sistema; aldagai edo elementu horiek elkarri lotuak daude, barne antolamendua dute, eta muga jakin batzuen barruan dauden loturen konbinazio erregular baten arabera funtzionatzen dute.
Are gehiago, osagaien arteko erlazioak masa edo energia jarioak eta transferentzia edo trukeak eragiten dituen sistema ireki gisa aztertzen da sistema; oreka ere izan behar du, sartzen den kopuruak irteten dena adina izan behar baitu; oreka dinamikoan dagoen egoera egonkor bat sortzen da hala, eta haren bidez autoerregulatzen da sistema. Sistema horren egituran, eta klimari dagokionez, sistema kosmikoak, planetarioak eta geografikoak dira sarrerak; eta irteera, berriz, Lurreko klimak dira. Bere jardueran energia eta materia jarioak eta transferentziak eragiten ditu, eta, baita berrelikatze edo feedback mekanismoak ere, hura osatzen duten elementuen artean. Etengabe dihardu bere barne egitura autoerregulazio mekanismo baten bidez egokitzen, eta, hori dela eta, Lurreko klima oreka dinamikozko egoera jakin batean bilakaeran ari den sistema bat dela esan daiteke.
Dauden sistema ireki desberdinen artean jauzi sistema da ezagunenetako bat.
Jauzi sistema azpisistema katea batez osatua dago, azpisistema horiek guztiek denbora magnitude eta kokaleku geografiko jakin bat dutela, eta masa edo energia jauzi batez dinamikoki loturik daudela. Eta hala, azpisistema baten masa edo energia irteera hurrengo azpisistemaren masa edo energia sarrera da. Lurreko prozesuetako asko dira era honetako jauzi sistemak. Halakoa da, adibidez, uraren zikloa, non urak bere hiru egoera fisikoetako batean zirkulatzen baitu, ozeanoak, eguratsa, lurra, haitzak, hormategiak, aintzirak eta ibaiak eratzen dituzten azpisistemetan zehar. Ura ozeanoetatik ?Lurreko uraren %97 ozeanoetan da? lurrun gisa irten eta eguratsean sartzen da, eguratsetik prezipitazio gisa irteten da, eta lurrera sartzen; handik, lurruntze edo transpirazio bidez, airera igaro daiteke edo aintziretan, lurburuetan, lurreko goi edo barne geruzetan bilduta geratu, ibaien bidez edo hormategiak urtzean atzera ozeanora itzuli baino lehen.
Klima sistema orokor edo zabalago baten barruan, energia sistema da oinarrizko jauzi sistema. Eguzkitik Lurrera iristen diren irraden bidez sortzen da. Energia hori sistemako osagai desberdinen artetik ibiltzen da, eta kanpoko espaziora itzultzen da lehen sartutako adinako kopuruan, halako moduan ezen orekan baitago kanpoaldearekin. Horregatik irauten du Lurreko tenperaturak batez beste aldatu gabe. Eguratsean sartzen den uhin laburreko eguzki irradaren parte bat eguratsak berak xurgatzen du, beste parte bat espaziora itzultzen da aireko gasek eta hodeiek barreiatu eta islatzean, eta gainerakoak, osaberriz, lurreko gainazala jotzen du, zuzenean
edota hodeien eta eguratseko zatikien
difusioa dela eta, zeharbidez. Lur azala
jotzen duen energiaren zati bat lurrak
berak islatzen du, gainerakoa eguratsera
igarotzen da uhin luzeko irrada gisa, edo
bero hautemangarri gisa, edo bero latente
gisa (termometroak igartzen ez duen beroa).
Eguratsak ere lurrera irradatzen du
energiaren zati bat, eta espaziora bestea,
trukea osatuz. Horregatik, denbora epe
luze samar bati buruz, energia balantza
orekatua dagoela esan daiteke, sartzen den
bezainbat energia irteten baita.
Klimatologia deskriptiboa: klima eta eguraldi kontzeptuak
Meteorologoek eguraldi hitza erabiltzen
dutenean, eguratsean epe labur batean
gertatzen diren gorabeherez ari dira, hau
da, tenperaturan, hodeietan, prezipitazioetan
eta haizeetan minutu batetik bestera, hil
batetik bestera gertatzen diren aldaketez.
Eguraldiaren epe luzeko adierazpenari klima
esaten zaio. Beste era batera esanda:
eskualde jakin bateko klima, delako eskualde
horretan eguraldiak epe luze samar batean
?zenbait hamarraldi? dituen estatistika
ezaugarrien araberakoa da. Aditu batzuen
ustez, 10 eta 100 kilometro koadro bitarteko
eremua duten eskualdeen klima
mesoklima baten parte gisa har daiteke.
Hala, beraz, ibar baten edo hiri baten propietate
atmosferikoak kategoria horri dagozkio.
Hedadura handiko alde bateko (eskualde
bat, herrialde bat edo are kontinente bat)
ezaugarri meteorologikoak azaltzeko, berriz,
makroklima terminoa erabiltzen da.
Mikroklima hitza, aldiz, ekologian-eta oso
erabilia, organismo baten habitat naturalaren
klima ezaugarriei dagokio, ingurune
jakin eta ongi mugatu bat hartzen du, landarediak,
lur osagaiek eta eguzki argiari
buruzko orientazioak eta esposizioak zehaztua,
zeinean, oso tarte txikian, gorabeherak
izan baitaitezke alde batetik bestera.
Oro har, eguratsaren batez besteko
egoera bezala definitu da klima, eta zenbait
hamarralditan ?hogeita hamar urtetik
berrogeita hamar urtera? jasotako datuetan
oinarrituta egiten da batez besteko hori.
Baina eskualde klimatiko guztietan eguratseko
eguraldia etengabe aldatzen ari dela
kontuan izan gabe, definizioa ez dago behar
bezala osaturik.
Klimaren definizioan, beraz, kontuan
izan behar da eguraldiaren bilakaera normala
edo batez bestekoa, dituen gorabetuahera guztiekin. Hala, leku jakin bateko klimari
buruzko zenbakizko ezaugarriak jakin
nahi badira, tenperatura, prezipitazio eta
haizearen batez besteko balioak ez ezik
haiek noiz eta nola eskuratu ziren ere jakin
beharra dago, eta orobat batez besteko
balioari buruzko maiztasuna eta gorabeherak
ere, eta airearen hezetasuna, egurats
presioa, hodeiak, zeru garbiko eguzki orduak,
ikusgaitasuna, elur geruza, eta, oro
har, estatistika bidez bereiz daitekeen meteorologia
gertaera oro. Hala egin dira klima
mapak, alegia, datuen batez besteko
balioak erabiliz eta kalkulu estatistikoak
eginez.Denboran zehar aldagarriak baina ?batez
besteko? egoera baten inguruan aldagaitzak
diren parametroen multzoa da klima,
eta klimatologia, berriz, parametro horiez
diharduen jakintza.
Klima sistema 1975ean definitu zen lehenengo
aldiz, Munduko Meteorologia
Elkartearen Egurats Ikerketarako Programa
Orokorrak prestatu zuen dokumentu batean.
Honela zioen definizioak: elkarrekin
loturik dauden bost osagaiez eraturiko sistema
bat da klima sistema: eguratsa, hidrosfera,
kriosfera, litosfera eta biosfera. Osagai
horietako bakoitzak azpisistema heterogeneo
termohidrodinamikoak eratzen ditu,
besteek ez bezalako tasun fisikoak ditu, estu
loturik dago gainerako osagaiekin energia
eta materia jarioak eragiten dituzten prozesu
konplexuen bidez, eta eguzki irradek
?kontuan hartzeko moduko energia iturri
bakarra baita hori? gobernatzen dute.
Eguratsa.
Eguratsean gauzatzen dira eguraldi eta klima adierazpen guztiak, eta horregatik da eguratsa klima sistemaren osagai nagusia, duen dentsitate apal eta higikortasun handiagatik aldakorrena izateaz gainera. Funtsfuntsezko zeregina betetzen du eguratsak Lurraren energia orekan, lurrera iristen den irrada kopurua eta lurretik espaziora askatzen dena kontrolatzen baitu. Eguratsa da, gainera, Lurreko beroa lekuz aldatzeko bitartekorik egokiena; horrexegatik konparatu izan da makina termiko handi batekin; makina horrek, ekuatorearen eta lurburuen artean dagoen tenperatura gorabehera iraunkorrak bultzatua, beroa erabiltzen du energia gisa, energia horren zati bat energia zinetiko (dabilen gorputz baten energia mekanikoa, masa baten higidurak eta higidura horren lastertasunak eragina) bihurtzen da eta lan bat egiten du.
Eguratsa gasez eta suspentsioan dauden zatiki gotor eta isurkarizko nahasketa batez osatua dago, eta grabitate indarrak atxikitzen du lur azalaren inguruan. Hertsatze indar horrek eraginik, lur azaletik hurbileneko kilometroetan pilatua dago ia osoa, baina, gutxi gorabehera, hamar mila kilometroko altueraraino iristen da; egin diren kalkuluen arabera, lehenengo bost kilometroetan eguratsaren masa osoaren erdia dago, hamar kilometrotik behera masaren bi herenak, eta hirurogei kilometrotik gora masa osoaren milaren bat baizik ez.
Hidrosfera.
Hidrosfera Lurreko ingurune isurkariz osatua dago, eta kliman duen eraginagatik bigarren azpisistema nagusia da eguratsaren ondoren: ozeanoak, lur barneko itsasoak, aintzirak, ibaiak eta lur azpiko urak hartzen ditu. Nolanahi ere, hidrosfera batez ere ozeanoek ?ur masa osoaren %97?osatzen dute. Klimaren tenperatura erregulatzen du, uretan tenperatura geldiago aldatzen baita, uraren urteko eta eguneko anplitude termiko (tenperatura balio handienaren eta txikienaren arteko aldea) laburrek frogatzen duten bezala. Baina Lurraren ?termostato? eta bero energiaren gordailu izateaz gainera, beroa garraiatzen du ekuatoreko eskualde beroetatik lurburuetako eskualde hotzenetaraino, itsaslasterren bidez.
Kriosfera.
Kriosfera munduko izotz eta elur masen multzoa da (lur azalaren %6). Eragin handia du kliman, ezaugarri eta nolakotasun bereziak baititu: eroamen termiko apala, eta albedo (gorputzen gaitasuna eguzki irrada islatzeko; edo, beste era batera esanda, lur azalera iristen den eguzki irrada osotik islatzen den zatia) handia. Hala beraz, kriosferak errotik gutxitzen du sisteman sartzen den bero energia. Beroaren eroale kaxkarra denez, azpian dauden lurren eta uren bakartzaile bikaina da, eta beroak eguratsera ihes egin dezan eragozten du. Horrek guztiak baditu bi ondorio nabarmen: batetik, tenperaturari behean eusten dio eragina duen aldeetan, eta, bestetik, aurrekoaren ondorioz, eguratsari egonkortasuna ematen dio lurretik gertuen dagoen aldean, konbekzio mugimendua (airearen goranzko mugimendua) eragozten baitu. Badu kriosferak garrantzi handiko beste ezaugarri bat, konplexuagoa egiten baitu klima sistema, eta da, aldian aldian aldatuz doala, alegia, izotz masaren hedadura urtetik urtera aldatuz joaten dela, eta aldaketa horrek, noski, eragin handia duela kliman. Elur geruza da kriosferaren osagaietan gehien aldatzen dena: urteko balio gorenaren eta beherenaren artean %80ko gorabehera izan daiteke; Antartidaeta Groenlandiako hormaguneen aldaketen denbora eskalak, berriz, milaka urtekoak dira.
Litosfera.
Litosfera edo lur azalaren kanpoaldeko geruza gotorrak badu eragina kliman: suspentsioan dituen zatikiez hornitzen du airea, eta, dituen albedo gorabeherak direla eta, beroaren eta hezetasunaren orekan eragina du. Litosferak, gainera, oso harreman estua du eguratsarekin; are gehiago, elkarri eragiten diote, masa eta bero hautemangarria (termometroan antzematen dena) pasatzen baitiote elkarri. Ur lurrun, euri eta elur gisa ?eta zatiki gotor gisa, neurri txikiagoan? trukatzen da masa. Beste azpisistema batzuen aldean, ozeanoaren aldean, adibidez, ez du oso sakon barneratzen energia ?bi metro, doi-doi?, eta bero ahalmena ere ez da handia; bero gutxi metatzen du, beraz, eta oso azkar aldatzen du azaleko airearen tenperatura.
Biosfera.
Landareek eta animaliek (gizakia barne) kliman duten eraginagatik sistemaren osagaitzat hartzea gauza berria da. Eragile horietan nagusia gizakia da dudarik gabe, nekazaritza, abere hazkuntza, industria edo hirigintzaren bidez eraldatzen baitu ingurunea.
Gizakia, bere ekonomiako jardunean, etengabe ari da gasak eta zatiki gotorrak eguratsera igortzen, eta horrek eguratsaren osaera alda dezake. Eguratsaren osaeraren aldaketetan Industria Iraultza mugarri izan da. Harrezkero gizakiak bere jardunean eguratsera igortzen duena sistemak eraman dezakeena baino gehiago da.
Hori dela eta, zenbait gairen kontzentrazioak ?eta are Industria Iraultza baino lehen ezagutzen ez ziren gai berriak ere? eratu dira eguratsean.
Klima sistemaren izaera: egitura, aldaberatasuna, berrelikadura
Lurreko klima sistema energia trukeen
mende eta orekan dagoen sistema bat da.
Sistema horren barruan hiru zati bereizten
dira: sarrerak (sistemaren funtzionamendua
baldintzatzen duten mekanismoak), erdigunea
(eguratsa, sarreren kontrolpean) eta irteerak
(Lurreko klimak, multzo oso horren
ondorioa).
Sistemaren funtzionamendua, beraz,
mekanismo edo eragile askoren mende
dago (sarrerak): eguzki irraden energia,
Lurraren errotazioa, orbita mugimendua,
itsaso eta lurren banaketa, lurraren eta
ozeanoen topografia, eta eguratsaren eta
ozeanoen osaera. Eragile horietan eguzki
irraden energia da, dudarik gabe, nagusia,
sistemaren barruan sortzen diren prozesu
gehienen oinarrizko energia iturria baita
bera. Klima sistemaren erdigunea, berriz,
eguratsa da: izan ere, lur azaleko eguraldia
eta klima eratzen duten energia trukatze eta
eraldatze gehienak airearen mugimenduaren
bidez egiten dira, aireak berehala erantzuten
baitie bero banaketaren gorabeherei.
Irteerak, berriz, Lurreko klimak dira,
bakoitzak bere ezaugarriak dituela eta sarrerako
mekanismo bat edo besteren eragina
erakusten duela.
Klima sistemaren oreka horren ondorioetako
bat Lurreko irradaren oreka da: Lurrak
Eguzkitik hartzen duena adina energia
islatzen du kanpoaldera, eta, beraz, lurraren
batez besteko tenperatura ez da aldatzen.
Beste ondorio bat Lurreko uraren oreka
da: ozeanoaren, eguratsaren eta konti-nenteen artean ura lekuz aldatzeak horien
artean sortzen den ur gehiegitasuna eta
gutxiegitasuna orekatzen ditu.
Sistemaren oreka orokorrak Lurreko klimen
egonkortasuna dakar. Horrek ez du,
inondik ere, klimak aldatzen ez direnik esan
nahi. Aitzitik, gertaera larri batek, izan
kanpoko perturbazio bat ?klima sistemaren
kanpoko eragileren batean aldaketaren bat
gertatu izanak eragina: gorabeherak eguzki
irradetan, aldaketak Lurrak Eguzkiaren
inguruan egiten duen orbitan?, izan barneko
bat ?sumendietako erupzioak, aldaketak
hormaguneen zabaleran edo lur azalaren
gora-beheretan, karbono dioxidoaren
gehitzea, baso galtzea, etab.?, aldaketak
eragiten ditu klimetan eta klimen banaketan.
Beraz, gaur egungo klimen mosaiko
hau klimen historia jarraituaren une jakin
bat besterik ez da, aldaberatasun naturala
baita, hain zuzen, klimen berezitasun nagusietako
bat.
Sistemako atalen arteko doitze eta kontrol
prozesuetan zeresan berezia dute berrelikatze
edo feedback mekanismoek: aldagai
batek beste bati eragiten dionean, bigarrenaren
eraginak lehenengoa eraldatzen
du atzera; zirkuitu itxi bat eratzen da orduan,
eta hasitako prozesua, edo areagotu
egiten da (berrelikatze positiboa) edo moteldu
(berrelikatze negatiboa). Eta hala,
kanpoko edo barneko perturbazio bateneraginpean dagoenean klima sistema, berrelikatze
mekanismoak sortzen dira aldagaien
artean, denbora eskala ez beti berdinetan
(hilabeteak edo milaka urteak). Lurraren
gainazala jotzen duten eguzki energiaren
aldaketek tenperaturan izan dezaketen
eragina aztertzea izango litzateke berrelikatze
positiboaren adibide bat: baldin
lur azalera eguzki energia gutxiago iristen
bada, tenperaturak behera egingo du, elur
gehiago egingo du, hormaguneak ere hedatuz
joango dira, eta horren ondorioz, albedoa
handitu egingo da; eguzki irrada
gehiago igorriko litzateke kanpora eta tenperatura
are gehiago apalduko litzateke.
Klimaren hau bezain sistema konplexu
batean anomalia batek aldaketak eragin ohi
ditu beste aldagai batzuetan, hasierako perturbazioazer motatakoa den, non gertatu
den, eta zer magnitude duen betiere. Baina,
klimak kontrolik izango badu, barneko
doitze mekanismoek neutralizatu egin behar
dituzte berrelikatze positiboko mekanismoak
prozesuaren uneren batean.
Are gehiago, berrelikatze mekanismoen
eragin erregulatzailea konplexua da, askotarikoa
baita elkarri eraginez dauden azpisistema
guztien jokabidearen denbora eskala.
Perturbazio batek asaldatu ondoren azpisistema
batek atzera orekan jartzeko behar
duen denbora da denbora eskala. Denbora
eskaletan alde handia dago batetik bestera:
eguratsa, bere osoan, eta behe troposfera,
bereziki, ozeanoaren gainaldea bezala,
duten mugitzeko eta beroa trukatzeko
ahalmena dela eta, berehala erreakzionatzendute tenperatura aldaketa baten aurrean,
eta egun gutxi edo aste gutxitan iristen
dute oreka. Aitzitik, biosferaren oinarrizko
zikloa urtekoa da, eta uda-neguko
aldaketa termikoei erantzuten die. Sistemako
beste atal batzuek askoz ere denbora
eskala handiagoak dituzte. Ozeanoan, ur
sakonetan, doitze denborak hamarraldiak
edo mendeak izan daitezke. Kriosferaren
erantzuna ere aldakorra da oso: elur geruzak
urtetik urtera gorabehera handiak dituen
bezala, hormategiak eta hormaguneak
askoz polikiago aldatzen dira, bolumenean
edota hedaduran kontuan hartzeko aldaketak
gertatzerako ehundaka milioi urte igarotzen
dira. Litosfera da, berriz, sistemako
osagai motelena; ehundaka milioi urtetan
gertatzen baitira aldaketak berorretan.