Geografia unibertsala»Geografia
Egurats sistema mesoskalikoak: ekaitzak eta tornadoak
Sistema mesoskalikoak eskala sinoptikoko (alegia, zirkulazio orokorrari
dagokiona baino eskala xeheagokoa edo bigarren mailako zirkulaziokoa)
perturbazioak baino txikiagoak dira eta gutxiago irauten dute,
baina egurats denboran aldaketa handiak eragiten dituzte hauek ere.
Bitarteko latitudeetan eta tropikoetan agertzen dira, beste sistema
handiagoen osagai gisa batzuetan –tropikoetako zikloiekin batera,
tropiko arteko konbergentzia eremuan edo fronte hotz aktiboetan–,
eta intentsitate eta ahalmen handiko gertaerak eragiten dituzte,
ekaitzak eta tornadoak adibidez.
Ekaitzak
Ekaitzak eguratsean gertatzen diren indar
handiko konbekzioak dira, konbekziozko
borraskak dira, beraz; eguratsaren perturbazio
indar handikoak dira eta ez dute
askorik irauten, behetik gorako hodei handietan
eratzen dira, kumuluninboetan, alegia;
kumuluninboak hodei trinko ilunak
dira, eta ur eta kazkabar zaparrada handiak,
indar handiko haize boladak eta trumoia
eta tximista ekarri ohi dituzte.
Ekaitza nahiko gertaera sarria da eta
munduko lurralde gehienetan gertatu ohi
da; urtean zehar munduan 16 milioi ekaitz
gertatzen direla kalkulatu da, eta orduoro
bi mila inguru ekaitz eratzen dira, batez
beste. Hala ere, gertalekuari dagokionez,
gune batzuetan bereziki ugariak dira beste
gune batzuen aldean; ekaitz gutxi izaten da,
adibidez, 60 gradutik gorako latitudeetan,
eta, aldiz, maizago gertatzen dira Ekuatore
aldean. Era berean, gutxitan gertatzen da
ekaitza itsaso hotzen gainean edo egurats
egonkorreko guneetan, adibidez tropikoetatik
lurburuetarako antizikloi guneetan.
Ekaitzen sorrerari dagokionez, hainbat
eragile dira kontuan hartu beharrekoak. Batetik,
lurra berotzean eguratsean gertatzen
den ezegonkortasuna; egunen eta urte
sasoien arabera gehiago ala gutxiago berotzen
da lurra, eta horrenbestez udako arratsalde
beroetan gertatzen dira intentsitate
handieneko ekaitzak. Beste eragile aipagarri
bat aire masak mendikateen gainetik igarotzeansortzen den ezegonkortasuna da.
Hirugarrena, berriz, haizeak prozesu termiko
edo dinamikoen ondorioz izaten duen
konbergentzia da. Eta azkenik, orobat du
ekaitzen sorreran garrantzia aire masa batek
fronte hotz baten aurrean gorantz egiteak,
aire masa oso ezegonkorra denean
batez ere; bero bolada baten ondoren frontze
hotz bat eratzeak, adibidez.
Horiek dira, beraz, ekaitza sorrarazten
duten arrazoiak, baina arrazoi horiez gainera
beste baldintza batzuk ere behar dira ekaitza
dakarten hodei kumuluninboen dorreak
haz daitezen. Lehenik eta behin, eguratsaren
egoerak ezegonkorra izan behar du, aire
epel hezea behar da eguratsaren behealdeko
geruzetan eta aire hotz trinkoa goialdean.
Bestetik, ur lurrun ugari ere behar da, eta
baita haize bolada indartsuak ere, troposferaren
gune gorenetan. Baldintza horiez gainera,
badira beste bi ere: hodeiak altura
handia hartu behar du, hoztu dadin, horrela
(hau da -20° C eta -40° C arteko tenperaturan)
lortuko baita gune glaziogenoak edo
izotz guneak eratzea, eta, bestalde, haizeak
norabidea eta lastertasuna aldatu behar ditu
eguratsaren goiko geruzetan, behetik gorako
konbekzio korrontea heda dadin.Ekaitzaren egitura zelula izeneko gune
aktibo bat edo gehiagoz osatua da; gune
aktibo horiek oso gutxi irauten dute, ordu
erditik bi ordura bitarte, eta tarte horretan
hiru aldi bereizten dira: kumulu aldia,
heldutasuna, eta amaierako edo desagertze
aldia.Kumulu aldia hasierako aldia da, kumulu
dorrearen bilakaera gertatzen den aldia
hain zuzen. Aldi honetan goranzko haize
lasterrak gertatzen dira hodei guztian zehar,
hodeiaren azpitik goi limiteraino, hodei
barneko airea inguruneko airea baino
epelagoa baita; hodei barneko korronteek
segundoko hirutik bost metrotarako lastertasuna
dute azpialdean, baina hodeian
zenbat eta gorago igo, orduan eta lasterrago
dabiltza, segundoko hamar bat metroko
lastertasuna iritsi arte. Kondentsatzioa gertatu
ahala masa banako bakoitzak ematen
duen bero latenteak eguratseko ezegonkortasuna
areagotzen du, eta energia zinetiko
handiagoa ematen die goranzko korronteei;
horrenbestez, hodei barneko tenperatura
inguruko airearena baino beroagoa denez,
bere horretan irauten du eguratseko ezegonkortasun
egoerak. Baldin eta airea behar
bezain ezegonkorra bada, korronteak
energia bereganatuko du etengabe, eta ekaitzaren
zelula gero eta handiagoa eta aktiboagoa
izango da. Zenbat eta handiagoa egin
zelula, orduan eta ur gehiago edukiko du
bere baitan. Goranzko mugimenduak tantatxoen
tenperatura zero gradutik gora igotzen
du, eta izotz kristal eta ur tanta bihurtzen
da ur lurruna, nahiz eta ez den lurrera
prezipitatzen, goranzko haize bolada indar
handikoek beherantz erortzea eragozten
baitio. Izotz eta ur tantak handitzen direnean
radarrak detektatu egiten ditu; hori
gertatzen denerako kilometro bateko edo
biko diametroa izaten du hodeiak, eta izozte
puntutik 600-900 bat metrotara egoten da;une horretatik heldutasuna iristen duen arte
hamabost bat minutu igarotzen dira, eta tarte
horretan hodeiak 8.000-9.000 metrotaraino
egiten du gora.Heldutasun aldia ur eta izotz tantak
prezipitatzen hasten direnean hasten da, eta
orduantxe izaten dira ekaitzaren jarduera
bortitzenak eta turbulentzia handienak.
Aurreko aldian hasi bada ere handitzen,
hodeia gero eta gehiago handitzen da orain,
gero eta eremu handiagoa hartzen duela
behetik gora, eta segundoko hogeita hamar
metro baino korronte bizkorragoak eratzen
dira geruza garaienetan; hodeiaren goialdean
kolore zuriko kumuluninbo distiratsu ikusgarriak
eratzen dira, eta azpia, berriz, berun
kolorekoa izaten du hodeiak. Goranzko korronteek
daramaten ur lurruna bereganatu
ahala, handitu egiten dira izotz zatikiak eta
ur tantak, kumulu aldian suspentsioan eusten
zien indarrak baino pisu handiagoa hartzen
dute, eta horrenbestez euri edo kazkabar
gisa prezipitatzen dira. Prezipitazioarekin
batera trumoiak eta tximistak izaten dira,
eta, horrez gainera, izotz aleek eta ur tantek
beheranzko haize boladak sortzen dituzte,
erori ahala. Beheranzko korronte horiek
ur jasa handiak eta haize bolada indartsuak
ekartzen dituzte, tenperatura ere hozten dute
(bost gradu zentigradutik gora), eta presioa
handitzen dute, haize hotzak beroak baino
dentsitate handiagoa duenez.
Ekaitzaren zelulak aldi honetan iristen
ditu gehieneko zabalera –zortzi kilometro
inguruko diametroa– eta altura gorena, hamar-hamabi
kilometro (tarteka 18-20 kilometro
ere izaten ditu tropiko aldeko tropopausan);
garaiera horretan sortzen den indar
handiko haizeak hodeiaren goialdea
itxuraldatzen du, itxura zapala ematen dio,
ingude itxura alegia, kumuluninboaren
ezaugarri berezia dena; ingude horrek izotz
eta elurrez osaturiko zirroak ditu, eta zenbait
kilometroko tartea hartzen du haize
laster nagusiaren norabide berean.Desagertze aldia beheranzko korronteek
goranzkoek baino indar handiagoa
dutenean gertatzen da. Ekaitza eragiten
duen haize laster epel hezea eten egiten
da aldi honetan. Zelulak hezetasuna galdu
ahala, gutxitu egiten da bero latentea askatzean
eratzen den energia, eta horrela hasten
da ekaitza desagertzen; goranzko mugimenduak
desagertu egiten dira, eta goitik
beherako korronte ahulagoak agertzen
dira haien ordez; hodei kumuluninboa desagertu
egiten da horrenbestez eta goiko geruzetan
ez dira gelditzen altokumuluak eta
ingudea osatzen zuten zirroak baizik.
Ekaitza hasi bezain bizkor desagertzen
da beraz; ordubete edo bi orduren buruan
desagertzen da, bitarte horretan hamabosthogei
kilometroko bidea egin ondoren.Denbora tarte eta ibilbide horretan iristen
du heldutasuna ekaitzak –ur edo kazkabar
uholdeak botatzen ditu– eta desagertu egiten
da ondoren; zerua oskarbi gelditzen da, eta
trumoia eta tximista ere pixkana-pixkana
amaitzen dira. Orain arte egindako kalkuluen
arabera, goranzko korronteen ondorioz
kondentsatzen den ur lurrunaren %20 baizik
ez da iristen berriro prezipitazio moduan
lurreraino; gainerako ur guztia berriz lurruntzen
da beherantz jaistean, edo hodei eran
gelditzen da eguratsean; nolanahi ere, zelula
arrunt batek hodei sisteman laurehun mila
tona ur jartzen ditu gutxi gorabehera zirkulazioan
64 kilometro koadroko eremu batean
6 milimetro euri botatzeko.Ekaitzak dakarren prezipitazioa kazkabar
moduan jausten da askotan, baina isurkari
bihurtzen da oro har lurrera erori aurretik,
eta ez da beraz kazkabarrak ekar
ditzakeen ondorio kaltegarririk izaten. Kazkabarra
ura izozte puntuan gora eta behera
ibiltzearen ondorioz eratzen da; horrenbestez,
zenbat eta indar handiagoa izan
behetik gorako haize korronteek, orduan
eta gorago igoko da hodeia, eta orduan
eta handiagoak kazkabar aleak, eta orduan
eta aukera gehiago izango dituzte orobat
lurreraino erortzeko. Horixe gertatzen da
hain zuzen ekaitzak oso gogorrak direnean.Trumoiak eta tximistak dira ekaitzen
ezaugarri aipagarrienak, hasieran esan den
bezala. Bi gertaera horiek hodeiaren barneko
turbulentzia indartsuen ondorioz sortzen
dira. Aire korronteak bizkor gorarazten dituzten
eragileak alde batera utzirik, tenperatura
beroak eta uraren kondentsazioak
areagotu egiten du goratze hori, eta behetik
gorako indar handiko mugimenduak izaten
dira aire masaren baitan. Hodeiaren barnean
izaten diren prozesuek ioi trukea gerarazten
dute, izotz kristalak agertzeak batez ere.
Izotzak karga negatiboak hartzen ditu, eta
ura, berriz, karga positiboz kargatuta gelditzen
da. Goranzko korronteen ondorioz ura
hodeiaren goialdera iristen da, karga negatiboa
hodeiaren behealdean gelditzen da
beraz, eta karga positiboak goian pilatzen
dira. Potentzialak zentimetroko hiru mila volterainoko
aldea ere izan dezake hodeiaren
behealdearen eta goialdearen eta lurraren
artean –goialdeak eta lurrak karga positiboa
baitute–, eta potentzialaren arteko alde horri
esker karga trukea izaten da. Era berean,
truke horiek hodei beraren bi guneren artekoak,
hodei baten eta lurraren artekoak, eta
are bi hodeiren artekoak ere izan daitezke,
baldin eta bataren eta bestearen potentzialaren
artean txinparta eragiteko adinako aldea
badago. Kondentsadore erraldoi horren
deskarga euriaren bidez –zatiki kargadunak
garraiatzen baititu urak– edo deskarga elektrikobaten bidez izan daiteke, goranzko korronteen
indarraren eraginez euririk ezin
duenean egin. Deskarga hodeiaren azpiaren
eta lurraren (oro har karga positiboa izaten
du) artean gertatzen bada, tximista esaten
zaio, eta bi aldi ditu, gutxienez: hodeiaren
karga negatiboak lurrera eramatea, batetik,
ibilbide gorabeheratsu batetik eta bide nagusi
batetik ateratzen diren adarretan zehar;
eta itzulerako deskarga, bestetik, lurreko
karga positiboak hodeira berehala eramaten
dituena. Tximista ikusi ondoren entzuten
den hotsari trumoi esaten zaio; hots hori
segundoko 340 metroko lastertasunean mugitzen
da, eta gutxitan entzuten da 22 kilometrotik
gorako distantzian.
Tornadoak
Bitarteko latitudeetan oso kontuan hartzekoak
dira tornadoak, gertaera indar handikoak
eta aski arriskutsuak baitira; meteorologiako
gertaera guztietatik tornadoak dira
hondamen handienak eragiten dituztenak.
Tornadoak depresio txikiak dira, zikloien
norabidean (erloju orratzen kontrako norabidean
ipar hemisferioan, eta orratzen norabide
berean hego hemisferioan) lastertasun
handiz biratzen diren haize lasterrez
osatuak. Inbutu erraldoi baten forma duen
hodei bat izaten da, kumuluninbo baten
azpian eratua eta lurreraino iristen dena
beso luze eta estu baten bidez; kolore iluna
edo beltza du, hezetasunaren, hautsaren
eta goranzko aire korronteek lurretik
altxatzen dituzten zatikien ondorioz. Tornadoek
indar handiko euri jasak eta kazkabarra
botatzen dituzte, gune jakin batetik
igaro baino lehen. 100 metrotatik beherako
diametroa izaten dute, eta haizearen lastertasuna
orduko laurehun bat kilometrokoaizaten da; horrek erakusten du zenbateraino
izan daitezkeen larriak tornadoak ekartzen
dituen hondamenak. Bestalde, erdigunean
presioa inguruko eguratsarenarena
baino askoz ere apalagoa da, eta, horrenbestez,
eraikin itxiak lehertu egiten dira
tornadoen eraginez, etxearen barnealdearen
eta kanpoaldearen artean dagoen alde
barikoa (presioaren aldea alegia) dela eta.
Tornadoak hara-hona mugitzen dira sigisagan.Baina ez dago zehatz jakiterik tornadoa
nola eratzen den. Gehienak ekaitzekin batera
eratzen dira; teorian, badago esatea
kumuluninbo baten bilakaeran –haize
hezea hodeiaren azpialdera jaisten denean–
energia zinetikoa kontzentratu izanaren
azken aldia dela, eta zikloi baten bira
edo mugimendua dela orobat; goranzko
aire hezea hodeiaren azpialderantz mugitzen
denean, eta gorantz bizkor berriz igotzen
delarik eta kondentsazio handia duelarik,
orduan bero latentea askatzen du aire
heze horrek, eta horrekin batera energia
zinetiko handia sortzen du. Udaberrian eta
uda hasieran izaten dira tornadoak eratzeko
egurats baldintza egokienak. Munduko
eremu gehienetan izaten da tornadorik,
baina gehienak Estatu Batuetako hegoaldeko
zabaldietan izaten dira, latitude horietan
jartzen baitira elkarren alboan
Mexikoko golkotik iritsitako tropiko aldeko
haize korronte hezeak eta hego-mendebaldeko
basamortuko aire lehorreko korronteak,
eta gorabehera handiak sortzen
baitira korronte baten eta bestearen tenperaturaren,
hezetasunaren eta haizeen
artean. 1915 eta 1950 bitartean bi mila lagunetik
gora hil ziren tornadoen eraginez,
eta ekonomian ere kalte eta galera handiak
ekartzen dituzte.