Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Prezipitazio motak: elurra, euria, kazkabarra eta bigarren mailako prezipitazioak

PH: Presio handia PT: Presio txikia; Fronte Polarrari loturiko depresioak Eguratsaren luzetarako epaia, udan eta neguan, egurats konbekzio eta subsidentziako eskualde nagusiak eta bi fenomeno horiek prezipitazioarekin duten loturak erakusten dituena.<br><br>

Hodeian ur isurkaria izateak ez du nahitaez esan nahi tenperaturak zero gradutik gorakoa izan behar duenik. Ur superhoztua delako fenomenoa dela-eta, zatikien txikitasunari esker, gutxienez minus hamabi gradu zentigradu iritsi arte (-12 °C), ura isurkari egoeran egoten da, eta ur eta izotz nahasketa bat izaten da minus hamabi eta minus hogeita hamar gradu artean (-12 °C eta -30 °C). Hortik aurrera, izotzezko kristalak nagusitzen dira, eta kristal horiek eratzen dute, minus berrogei gradu zentigradutik aurrera, oso-osorik hodeia.

Hodeiaren barnean dabiltzan haize lasterrek ura eta izotza nahasten dituzte. Nahasketa horren ondorioz, hodeiak egonkortasuna galtzen du, eta ondoren ur (ur eta izotz) lurrunezko molekulak sortzen dira.

Molekula horiek, kristalen gainean kondentsatu ondoren, oso laster hazten dira; aldi berean, airea “lehortzen” dute, eta ur tantak lurruntzera behartzen. Neurri aldaketak eraginda, prezipitazioa erortzen hasten da; horrekin batera, erortzen hasitako tantek beste ur tantak, superhoztuak, edota izotzezko kristalak jotzen dituzte, eta, bat eginda, are gehiago hazten dira. Airean eusten zituen indarra gaindituta, tantak orain lurreraino hel daitezke.

Hortaz, prezipitazioaren azken emaitzan zerikusia izango dute, hodei barneko eragileez gainera, hodeiaren azpialdearen eta lurraren artean dagoen aire geruzaren hezetasunak eta tenperaturak; alde batetik, egitura termikoak finkatuko du lurrera iritsiko den prezipitazioa gotorra edo isurkaria izango den; eta, bestalde, geruza horren hezetasunak baldintzatuko du prezipitazioaren zatikiak, behera egiterakoan, zenbatez lurrinduko diren, eta, hortaz, baita prezipitazioaren azken tamaina ere.

Itxura alde batera utzirik, hidrometeoro esaten zaie prezipitazio modu guztiei; hitz orokorra da, bere baitan kondentsazio modu asko hartzen dituena. Normalean bi eratako hidrometeoroak bereizten dira: sail nagusia euriak, elurrak, eta kazkabarrak osatzen dute, hodei sistemetan eratzen direnak, eta horiek izaten dira prezipitazio kopuru osoetan esanguratsuenak; bigarren sailean beste guztiak sartzen dira, jatorri eta ezaugarri desberdinak dituztenak, eta bigarren mailakoak direnak; horien artean daude ihintza, intzigarra, hodei tantaduna, etab., eta ezkutuko prezipitazio esaten zaie, ura erortzen ez ikusiagatik, lurra hala eta guztiz ere bustitzen dutelako; zenbaitetan prezipitazio “horizontal” esan izan zaie, “bertikalei” kontrajarrita.

 

Prezipitazio mota nagusiak

Prezipitazioa sortzen duen kondentsazioaren parterik handiena hoztearen emaitza izaten da; hozte adiabatikoa da, kondentsazioa sortzen dutenen artean, hozte prozesu nagusia; hozte adiabatiko gehienetan airearen goranzko mugimendua hartu behar izaten da kontuan; mugimendu hori erraztu egiten dute konbergentziak eta egonkortasun faltak, eta eragotzi, aldiz, dibergentziak eta egonkortasunak.

Hortaz, nolakoa izan den kondentsazioa eragin duen hozte adibatikoaren goraldia, horren arabera sailkatzen dira prezipitazioak.

Lau dira goranzko mugimendu hori izaten duten egurats egoera nagusiak, prezipitazioak ekarriko dituztenak.

Aurrenekoa prezipitazio orografikoa da, presio nagusiaren eraginez aire masak gorantz egin behar duenean gertatzen dena.

Airea mendixketatik edo mendien maldetatik gora igo ohi da. Hiru dira prezipitazioen guztizko zenbatekoa baldintzatzen duten eragileak: airearen egonkortasuna, aire horrek duen hezetasuna, eta goranzko mugimenduan iristen den garaiera. Aireak mendi handiak gurutzatu behar dituenean, prezipitazio ugarienak, oro har, gailurrez behetik gertatzen dira, baina haizeak jotzen duen aldetik hala ere. Izan ere, tenperaturak gora egiten duenean oso bizkor gutxitzen da aireak hezetasuna edukitzeko duen ahalmena, eta motelago, aldiz, tenperaturak hotzagoak direnean.

Bigarren mota fronte erako prezipitazioa da, tenperatura desberdina eta, hortaz, dentsitatea ere desberdina duten aire masek topo egiten dutenean gertatzen dena. Kasu honetan, aire masek fronte zona batean zehar bat egitearen emaitza izaten da prezipitazioa.

Konbekziozko prezipitazioa da beste mota bat. Lur azala berotzeak tenperatura gradienteak sortzen ditu (gradientea: meteorologia elementu baten bariazioa norabide jakin batean, norabide horizontal edo bertikalean oro har; presioari eta urari buruz erabiltzen da batez ere), egonkortasun gabeak; aireak gora egiten du, eta hozte adiabatikoak egiten du gainerakoa. Alabaina, funtsezkoa da aireak eduki dezan, gutxienez, ur lurrunezko kopuru hainbesteko bat, bestela ez legoke prezipitaziorik. Konbergentziarekin ere badu loturarik prezipitazio mota honek.

Lur azalaren berotzeak presio gutxiko gune bat sortzen du, eta aire hori mugitu egiten da gorantz doan airearen lekua hartu arte.

Laugarren mota ekuatoreko konbergentziak eragindako prezipitazioa da.

Tropiko arteko Konbergentzia Eremua daukaten ekuatoreko eta tropikoko latitudeetan ez dira aire masen arteko aldeak handiak izaten, baina airea, askotan, hezetasunezbetea egoten da, eta ez du egonkortasun handirik izaten. Baldintza horietan euria egiteko ez da behar –eta euri asko egiten du arestian aipatu diren baldintza horietan–, prozesua abiaraziko duen mekanismoren bat baizik, eta horrek eragingo ditu konbergentzia bera eta ondorengo zaparradak. Mekanismo horiek –haize alisioen boladek, ekuatoreko presio apalak Polo aldera zabaltzeak, eta tropikoko zikloi ahulek, besteak beste– eragiten dituzte bai eurite gehienak, bai egun batetik besterako eguratsaren aldaketa gehienak, Tropiko arteko Konbergentzia Eremuan.

 

Euria

Euria da prezipitazio mota ohikoena, hainbeste non bi hitzak (euria eta prezipitazioa) askotan sinonimo gisa ere erabiltzen diren. 1-2 mm arteko diametroa duten tanta isurkariek osatzen dute; gehienera, 7 mm izaten dute; tanta handi horiek tanta txikien koaleszentziak sortuak izaten dira tropiko arteko eremuko hodeietan, eta elurra urtzeak eratzen ditu, berriz, latitude ertainetako eta garaietako hodeietan, elurra geruza epelenetatik igarotzen denean hain zuzen.

Euria 0,5 mm baino gutxiagoko tantek osatzen dutenean, (euri) lanbroa esaten zaio.

Prezipitazio mota hau oso uniformea da, tantatxoak oso ugariak eta elkarren hurbil izaten dira, eta hezetasun erlatiboa behar dute hodeiaren azpian, zeren, bestela, tantak lurrera iritsi baino lehen lurruntzen baitira.

Uraren prezipitazioa elurrarekin batera gertatzen baldin bada, elur bustia deritzana sortzen da. Lur azalaren azpikoz goratze termikoa dagoenean izaten da, eta tenperatura zero gradu zentigradukoa edo hortik beherakoa denean; egoera horretan, goiko geruza epelagoetan eratu diren euri tanta batzuk erori, eta geruza hotzago batetik igarotzean, izoztu egiten dira, eta izotz bikorrak sortzen dituzte.

Euriarekin batera, zenbaitetan, fenomeno berezi bat gertatzen da, oso ondorio deigarriak izaten dituena, adibidez, haize laster gogorrek lehendik gorantz eramandako gauzakiak erortzea; lohizko euria da sarrien gertatzen dena, kolore marroixka edo gorrixka duena, hori da, alegia, tradizio zaharretan aipatzen den odolezko euria. Eguratsean suspentsioan dauden lurrezko edo hautsezko zatiki finak ekartzen dituen euriari esaten zaio lohizkoa. Hala, Afrikako iparraldetik datorrela, Mediterraneoa gurutzatzen duen aireak, itsaso horretako ura epela denez, ur lurrun asko hartzen du, eta joera handia izaten du konbekziozko egonkortasun ezaren aldera; horrez gainera, basamortuko hautsa ere eramaten du batzuetan, eta azkenean lohizko euri gisa erortzen da hauts hori.

Prezipitazioa elurrezkoa baldin bada, hautsarekin nahasturik lurreratzen da, eta elur koloreztatuak edo zikinak eratzen ditu, mendialdeetan gehiago ikusten direnak.

 

Zaparrada

Zaparrada prezipitazio mota gogor bat da, gutxi irauten du, eta konbekziozko hodeietatik oso zuzen erortzen da. Tantak izaten dira, eta kazkabarra edo harria baldin bada, orduan zatiki gotorrak, oso handiak, euriarenak baino aski handiagoak. Askotan hodeiaren goiko aldean eratzen da kazkabarra, baina ez da beti lurrera iristen, zeren, oro har, urtu egiten baita lurrera iritsi baino lehen. Zaparradaren ezaugarria bat-batean hastea eta bat-batean bukatzea da, eta gorabehera handiak izaten ditu intentsitateari dagokionez; horrekin loturik, zeruak ilunak ageri dira, kumuluninbo erako hodeiez estalirik, zeru garbiko tarte laburrekin. Ekaitz moduko euria izaten da beti, konbekziozko haize lasterrek eragina, leku jakin batzuk asko berotu direlako edo fronte sistema aktiboak igaro direlako (ekaitz fronteak).

 

Elurra

Elurra da prezipitazio gotorretan ohikoena.

Hexagono formako kristal mikroskopiko banakoek osatzen dute, bai banaka edota neurri eta egitura oso desberdineko malutak osatuz. Tenperatura hotzetan eratzen dira, eta lurrera baino lehen isurkari bihurtuko ez badira, zero gradutik beherakoa izan behar du lurraren eta hodeiaren arteko tenperaturak; horrek argitzen du zergatik askotan mendialdeetan elurra egiten duen gailurrean, eta euria ibarrean.

Elurra hodeian, garaiera oso hotzetan, sortutako izotzezko kristal txiki-txikien modura hasten da eskuarki. Erori ahala, beste kristalekin elkartu eta mataza handiak osatzen dituzte, baina betiere, bi baldintza hauek betetzen direnean: alde batetik, hezetasuna handia izatea, zeren, bestela, kristalak lurrundu egiten baitira; eta bestetik,tenperaturak izozte mailaren ingurukoa izatea (hau da, eguratseko ura gotortzea; hori gertatzen da 0 °C-ko tenperaturetan, edo hortik behera, eta hala eratzen dira prezipitazio gotorrak, elurra, kazkabarra, etab.).

Izan ere, giroa gehiago hozten denean kristalak lehorrak egoten dira, eta ezin dira elkartu. Tenperaturaren, airearen asetasun mailaren eta garaieraren arteko erlazioaren araberakoa izaten da azken emaitza, eta erlazio horren argitan ulertzen dira elurrak izan ditzakeen forma askotarikoak: hala, “dendrita” edo “izar” deritzatenek, adibidez, giro hezea behar dute hazteko, eta “zutabeek” berriz giro lehorragoa; “xaflak” tenperatura apaletan eratzen dira, eta “orratzak” tenperaturak garaiagoak direnean.

Elurra ez da euria bezain sarri ikusten; izan ere, ez dira erraz aurkitzen prezipitazioak beti gotorrak diren eskualdeak.

Elur formako prezipitazio gotorraren batez bestekoari, guztizko prezipitazioarekin alderatuta, elur koefiziente esaten zaio.

Mendi handietan eta latitude polarretan, non tenperaturak urte guztian diren hotzak, koefiziente horrek balio garaiak izaten ditu, baina eremu horietatik kanpora asko jaisten da. Munduan bildutako elur kopuruen datu zehatzik ez badago ere, badirudi kopuru horiek ez direla izaten guztizko prezipitazioaren ehuneko bat baino gehiago.

Euriarekin gertatzen den bezala, elurraren erortze lastertasuna ere neurriaren araberakoa izaten da, baina malutak oso arinak dira, dentsitate gutxikoak baitira, askotan metro kuboko 100 kilogramo baino gutxiagokoak (euri tantek mila kilogramo inguru izaten dute metro kuboko); horregatik, elurraren banaketa lur-arraseko haizearen araberakoa izaten da, eta, horrez gainera, elurra lurrera iristen denean, batzuetan barreiatu egiten da, eta leku asko hutsik utzi, eta besteetan pilatu.

Lurrean pilatu denean, hedaduraz eta lodieraz gorabehera handiak dituen geruza bat osatzen du elurrak, bertan geratuedo desagertuko dena, prezipitazioaren kopuruaren eta banaketaren arabera eta tenperaturaren arabera. Eremu polarretan, hotzak ez baitio askorik eusten hezetasunari, ez da inoiz elur erauntsi handirik izaten, baina tenperaturak apalak badira, luzaroan iraun dezake elur geruzak, ehundaka edo milaka urtetan batzuetan, eta oso mantso txertatzen da sistema hidrologikoan.

Mendialdeetan, elur gehiago egiten baitu normalean, zenbat eta gorago orduan eta gehiago irauten du elur geruzak, eta aldi berean tenperaturak jaitsi egiten dira. Hori dela eta, lerro ideal bat marraz daiteke, nahiz gorabehera handiak izaten dituen eskualdeen arabera. Lerro horren gainetik urtean zehar erori den elurra ez da erabat desagertzen sasoi epelean, eta aurreko urtekoaren gainean pilatzen da.

Urte osoko elurraren klima muga esaten zaio arestian aipatu den lerro horri.

Gaur egun bost mila metro inguruan dago ekuatoreko eremuan, eta askoz beherago latitude garaietan, Hego Hemisferioan batez ere; Hego Hemisferioan, Hegoburuko Zirkuluaren inguruan, hotzagoa eta hezeagoa izanik giroa, itsasoaren mailan dago muga hori.

Tenperaturaz eta prezipitazio kopuruaz gainera, elur geruzaren kokalekua bestezenbait eragileren mendeko ere bada, eta eragile horiek garrantzizkoak izaten dira batzuetan, leku jakin batzuetan batez ere.

Horien artean, aipagarriak dira norabidea, haize hezearen eragina, topografia, sustratuaren nolakotasuna, etab. Horrela ulertzen da zergatik izaten dituzten urte osoko elurrek, prezipitazioaren erabateko balioek ez bezala, gorabehera handiak garaieraren arabera; hala, adibidez, Alpeetako laiotz aldeetan, 2.800-3.000 metrotan dago muga; Norvegian 1.000 metrotaraino jaisten da Atlantiko aldean, alde hori mendebaleko perturbazioen mende baitago, eta 2.000 metrotaraino igotzen da aldiz, ekialdetik; Kilimanjaron 5.400 metrotan dago hegoaldean, eta 5.800 metrotan iparraldekoan.

Azkenik, azpimarratu behar da urte osoko elurraren muga ez dela beti bera izaten, eta aldatu egiten dela klimaren arabera.

Mende honetan, hormategiaren eta urte osoko elurraren muga atzerarazi egin du Lurrean tenperaturak gora egin izanak; muga hori gaurkoa baino askoz ere beherago zegoen lehen, eta, adibidez, 800 bat metrotan zegoen Vosgesetan, 1.200-1.300 metrotan Alpeetan, eta 1.800 metrotan Pirinioetan.

 

Kazkabarra eta bigarren mailako prezipitazioak

Hodeietan gertatzen diren ur lurrunaren kondentsazioak eta tanten koaleszentziak (koaleszentziaren bidez, elkartu egiten dira ur lurrunaren kondentsazioan osatutako ttanttak edo kristal txikiak, eta euri tanta bat osatzen dute) efektu aski bereziak eragiten dituzte batzuetan, baldintza jakin batzuk betetzen direnean; prezipitazio ez ohikoak sortzen dituzte, alegia. Prezipitazio horietan kazkabarra da ezagunenetako bat, eta ekaitz gune batek baino gehiagok eratzen dituzten ekaitzek sortua izaten da.

Gune horietako hodei superhoztuen goialdean izotz zatikiak osatzen dira eta erori egiten dira gero.

Prezipitazio mota nagusiez gainera (euria, elurra eta kazkabarra), badira beste batzuk ere, jatorria eta ezaugarriak desberdinak dituztenak. Azken horiei ezkutuko prezipitazio esaten zaie, ura ez baita erortzen ikusten, baina lurrari, iritsi, iristen zaio, ez gutxi gainera, eta horrexegatik dira oso garrantzitsuak, eremu elkorretan batez ere.

Ihintza, intzigarra, elur gazura, intzigar zuria, eta laino tantadunak dira horietan aipagarrienak.

 

Kazkabarra

Kazkabar aleak izotzezko bola edo esferak dira, diametro desberdinetakoak: bostetik berrogeita hamar milimetrotarainokoak, eta zenbaitetan baita handiagoak ere. Kumuluninbo erako ekaitz hodeien barruan eratzen diren goranzko eta beheranzko konbekziozko mugimendu bortitzetan dute jatorria (kumuluninboak gorantz hazten diren hodei handiak dira: izan, hamaika mila metro garai ere izan daitezke, oinarria laua eta iluna dute eta eguratsean ezegonkortasun handia dagoela adierazten dute). Kazkabarra, beraz, hodei horietatik erortzen da, zaparrada gogor eta laburretan, tximista eta trumoi handiekin batera.

Kazkabar aleak euri tanta izoztuak dira hasieran, eta iritsi, segundoko hogeita hamar metrotara edo gehiagora ere iristen diren haize laster indartsuek ekaitzaren barruan gora eta behera bultzatzen dituzte; izotz gardena eta opakoa elkarren gainean geruza zentrokideak metatuz hazten dira, harik eta lurreraino iristeko adinako pisua hartzen duten arte. Egitura geruzadun hori(zortzitik hamarrera), tipularena gogorarazten duena, eta kazkabar aleetan luzetarako epaia eginez gero argi ikusten dena, aleen garapenean izandako aldien eta prozesuen argigarri da; hala, geruza opakoak ttantta superhoztuak kazkabarraren gainean oso laster izoztu izanaren ondorio dira, ur isurkari oso gutxi eta tenperatura oso hotza duten hodeien partean hain zuzen ere; era horretan, izozte lastertasuna dela eta, kazkabar aleak aire burbuila txiki-txikiak harrapatzen ditu, izotzari kolore zuria ematen diotenak. Izotz gardena edo beira antzekoa, berriz, ur kontzentrazio handia duten hodeiaren parteetan alea biltzen duen ttantta superhoztuzko azala izoztetik dator.

Badira, bestalde, kazkabarraren antzekoak diren beste bi prezipitazio mota, gotorrak biak: elur gazura eta izotz pikorduna.

Elur gazura elur mota bat da berez, izotz zuri eta opakozko pikorrez osatua, barruan aire asko itxia duena; aleak gehienetan luzaranak izaten ditu, eta haien diametroa ez da milimetro batera iristen.

Izotz pikorduna izotz gardenezko elur gazura moduko zerbait da, formaz irregularra, eta diametroa bost milimetro baino gutxiagokoa duena; bi mota bereizten dira: lehenengo mota euri tanta izoztuak dira, edo elur maluta urtuak eta berriz izoztuak; bigarrena berriz, elur pikorrak dira izotzezko geruza mehe batez estaliak, ttanttak tenperatura zero gradu zentigradutatik gorakoa duen ur isurkari askoko hodei eremu batetik igaro eta izozten direlako osatzen dena.

 

Ur superhoztua

Hodei batean ur isurkaria izateak ez du nahitaez adierazten tenperaturak zero gradutik gorakoa izan behar duenik. Ur superhoztua deritzan fenomenoa dela eta, zatikiak txiki-txikiak baitira, –12 °C arte urak isurkari egoeran irauten du, eta –12 °C eta –30 °C bitartean, berriz, ur eta izotz nahasketa bat izaten da. Hortik aurrera, izotzezko kristalak izaten dira batez ere, eta, –40 °Ctik aurrera, kristal horiek osatzen dute osorik hodeia.

Eremu polarretan ez da eskuarki kazkabarrik izaten. Ur hotzak hezetasun gutxi izaten du, eta bero latentearen kopuru handiak askatzen direlarik (bero hautemangarria, termometroetan adierazten ez dena), goranzko mugimendu bortitzak gertatzen dira, eta kazkabar aleak ezin dira eratu.

Tropikoetan ere gutxitan ikusten da kazkabarrik.

Aleak hazteko baldintzetako bat haizeak hodeiaren barnean duen norabidea garaierarekin aldatzea da, haize horrek goraka egin dezan, eta kumulu tropikalek gutxitan izaten dute haize egitura hori. Bestalde, kazkabar aleak badirudi urtu egiten direla aire beroa lurrera iritsi baino lehen.

Aitzitik, latitude ertainetan, eta kontinenteen barrualdeetan batez ere, maiz izatenda kazkabarra, eta aleak handiak izaten dira gainera. Harri erauntsi gogorrenak udaberri bukaeran eta udan izaten dira, garai horretan ekaitz asko izaten denez, kumuluninboek hezetasun handia edukitzen baitute; arratsalde hasieran gertatzen dira, lurra beroen dagoenean eta eguratsaren egonkortasun falta handiena denean.

Kazkabarrak alde txar bat izaten du, kalte handiak eragiten dituela lur landuetan, ondasunetan, eta baita pertsonen bizitzan ere, aleak oso indartsu eta laster erortzen baitira, orduko ehun kilometrotatik gora batzuetan, eta aleak oso handiak izan daitezke gainera. Neurri handiko harriak erori izanaren kasu bitxi gisa, 1970eko irailean Cofeyvillen izandako kazkabar alea aipatzen da (Estatu Batuetako Kansas estatuan),19 zentimetroko diametroa baitzuen, eta 750 gramotik gorako pisua, edota Potterren jaso zena, Nebraskako estatuan, 1928ko uztailean, 15 cm-ko diametroa baitzuen, eta 700 gramotik gorako pisua.

 

Ezkutuko prezipitazioak

 

Ihintza eta intzigarra

Irradaz edo beste arrazoiren bategatik hoztutako lekuen gainean zero gradu zentigradutik gorako tenperaturetan kondentsatu den hezetasuna da ihintza. Zeru garbiko gauetan eta haizerik ez dagoenean lurrak berehala galtzen du berotasuna, eta, lurra ez ezik, lurrak ukitzen duen aire geruza ere hozten du; eguratsaren tenperatura ihintza puntutik behera jaisten bada (ihintz puntua eguratseko ur lurruna kondentsatzen hasten dena da), airearen ur lurruna ttantta txiki-txikietan kondentsatzen da, eta horixe da ihintza.

Prozesu hau aire zerrenda mehe lur azaletik gertuko batean gertatzen da, eta bi eratara izaten da: arruntena ur lurrunaren barreiatzea izaten da, lurretik bertatik hasi, eta goraka, hoztea eragiten dion gainalderaino, belarreraino adibidez, eta hantxe kondentsatzen da. Mekanismo hau oso haize gutxi denean gertatzen da, 0,5-1 metro segundoko. Hori baino haize gehixeago dabilenean, segundoko hiru metro inguru, ur lurruna eguratsetik behera jaisten da, transferentzia bertikalez, ur tanta kondentsatuak pilatuko diren gainalde hotzeraino.

Haize handiagoekin, gutxitan ukitzen du aireak lurra edo gauzaki hotzak, eta, hortaz, ez da ihintza eratzeko adina hozten. Goizeko eguzkiaren argiarekinlurra berotu egiten da, eta ttanttak berehala lurruntzen dira.

Modu berean sortzen da intzigarra, baina tenperatura zero gradutik beherakoa duten tokietan. Izotza da, kristal formakoa, eta oso itxura bereziak hartzen ditu: ezkatak, orratzak, lumak eta abar. Intzigarra, kasu askotan, ihintz ttantta izoztuak dira, eta orobat ur lurrunaren sublimaziotik beretik zuzenean sortu den izotza (ur lurruna zuzenean egoera gotorrera igarotzea da sublimazioa).

 

Intzigar zuria

Zero gradu zentigradutik behera dauden gauzaki gotorren gainean izoztutako behe lainoa da intzigar zuria. Gauzaki horiek behe lainoaren barruan daudenean, ur ttantta superhoztuak jartzen zaizkie gainean, forma irregularreko kristalen moduan; forma horiek aire kopuru handiak edukitzen dituzte barnean, eta horrek ematen die kolore zuria. Intzigar zuria pilatu egiten da, eta handitu, haizebean (haizeak jotzen ez duen aldean), forma deigarriak hartuta; batzuetan, izan, oso lodiak ere izaten dira, eta halakoetan kalte handiak egin ditzakete agerieneko lekuetan, hala nola argindar kableetan edota zuhaitz adarretan.

Bai intzigar zuriak, bai ezkutuko prezipitazio deritzatenek ura sortzen dute, oro har, baina ur horren zenbatekoa oso txikia izaten da prezipitazioen guztizkoan.

Alabaina, lekuan lekukoa hartuta, eta klima eskualde jakin batzuetan, ohiko prezipitazioen adinakoa eta gehiago ere izaten da batzuetan ezkutuko horien ekarria. Ihintzaren kasuan, adibidez, oso eskasa izaten da ur ekarria, hain zuzen ere, kasurik onenean, hogeita hamar-berrogei milimetro bitartekoa; alabaina, eta oso gutxi izan arren, leku elkorretan, aldi lehorretan bereziki, ur iturburu garrantzizkoa izaten da.

Hori dela eta, ezaguna da Kanariar Uharteetako hareatako nekazaritza, sumendi errautsen ahalmen higroskopikoaz (hau da, hezetasuna beretzeko ahalmenaz), eta lurruntzea murrizteko eta landareen ur baliabideak gehitzeko erraztasunaz baliatzen dena.

Dudarik gabe, askoz ere garrantzitsuagoa da hodeietatik eta lainoetatik, eta aire asetik zuhaitzek eta haize hezeen mende dauden gainaldeek Lurreko eskualde batzuetan beretzen duten hezetasuna, eremu hezeko kontinenteen mendebaleko ertzetan batez ere: Europako ipar-mendebalean, Kanadan, Zeelanda Berrian, eta tropikoetako ekialdeko kostaldeetan, eta baita Australiaren ipar-ekialdean, Kanariar Uharteetan eta Hawaiin ere; hain zuzen, haize alisioek sortzen dituzten “hodei itsaso”deritzatenek estaltzen batituzte azken horiek.

Leku askotan egin diren era askotako ikerketa ugariek argi erakusten dute ohiko plubiometroetan neurtzen diren ur kopuruek ez dutela zehatz adierazten lurrera iristen den hezetasuna zenbatekoa den, eta, prezipitazioen guztizkoan, aski handia izaten dela orobat hodeietatik eta lainoetatik landareek zuzenean jasotzen duten ur kopurua.

Horren froga gisa, Hawaii Uharteetako oihanetan, 800 bat metroko goratasunean, egin diren behaketek frogatzen dutenez, lau milimetro ur beretzen dute egunean zuhaitzek hodeietatik; hortaz, ur hori gabe nekez biziko lirateke baso haiek. Antzera gertatzen da Kanariar Uharteetan ere, eta horren froga da zuhaitz eremuetan daudela Kanarietako ur iturburu natural guztiguztiak; areago, azken behaketek frogatu dutenez, ohiko plubiometrietan ageri dena baino hiru edo lau bider handiagoa da Kanariar uharteetan laurazeoen basoetako zuhaitzen azpiko ur bolumena. Hori dela eta, badira deskribapen historikoak, batzuk XVI.. endekoak, kontatzen dutenak nola hostoetatik tantaka erortzen zen ura urasketan biltzen zuten, biztanleriari eta aziendei emateko.

Prezipitazio mota hauek bereziki interesgarriak dira kontinenteen mendebaleko zenbait kostaldetan: ur laster oso hotzak heltzen zaizkien eskualde tropikaletan, zehatzago esanda. Eremu horietan klima oso lehorra izaten denez, lurreratzen den ur gehiena adbekziozko laino trinko eta iraunkorretatik dator (aire masa heze bero bat lur zati hoztu batera iristen denean osatzen dira halakoak; mugimendu horizontalak dira); laino horiek kostaldekoak izatendira, eta parte bat barrualdera bultzatzen du itsasoko brisak, lurra asko berotzen baitu hain zuzen. Prozesu horrek eragiten du, adibidez, San Franciscoko klima fresko eta lainotsua, Kalifornian. Txilen bada beste adibide interesgarri bat, ozeanoko laino trinko batek estaltzen baitu han (“camanchaca” esaten diote, hau da, kostaldeko lainoa) Atacamako basamortu gogorreko kostaldea, urte osoan ia, eta ia osorik, eta laino horrek, basamortura sartzean, landaredia sorrarazten du, eta gune urtsu txikiak ere bai, landareek ura beretu izanaren ondorio direnak ziur asko. Antzeko baldintzak gertatzen dira beste eskualde batzuetan ere, hala adibidez Hegoafrikan, Lurmutur Hirian, non urteko 3.300 milimetro ur ematen baitu mendia estaltzen duen hodei geruza iraunkorrak, eta, aldiz, bi mila milimetro baino gutxiago izaten baita urteko plubiometriaren guztizko balioa.