Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Eguratseko hezetasuna

Atmosferan prezipita daitekeen ur lurruna, latitude lerroka.<br><br>

Ura, bere tankera eta era guztietan, klimaren oinarri-oinarrizko elementuetako bat da, funtsezko zeregina baitu energiaren zikloan, eta hark eraginak baitira eremu bakoitzeko klimak izaten dituen eguraldi aldaketak. Materiaren oinarrizko hiru egoeretan egoten da izadian: egoera gotorrean izotzean, gas egoeran lurrunean, eta isurkari egoeran uretan. Ura kopuru txikian baldin badago ere airean multzotua, guztiz ere erabakigarria da haren zeregina Lurreko beroaren eta uraren balantzea mantentzeko. Ur lurruna kondentsatzen denean energia kopuru handiak askatzen ditu, hainbesteraino non eguratsaren zirkulazio orokorra baldintzatzen baitu energia horrek; gainera, lurruntze/prezipitazio zikloan hezetasuna toki batetik bestera joaten da, beroa ere leku batetik bestera mugitzen da, eta era horretara mantentzen ditu prozesu horiek gertatuko ez balira baino hotzago lurraren azala, eta beroago eguratsa.

Ur lurruna edo gas egoeran dagoen ura ikusezina da; ur beroa duen ontzi batetik ateratzen den «lurruna», adibidez, edo lainoak ez dira ur lurruna, ura baizik, isurkari egoeran edo egoera gotorrean. Airean dagoen ur lurrun kopurua oso handia izaten da batzuetan, zuzenean ikusten ez bada ere; hala, adibidez, zazpi metro luze, bost zabal eta 2,5 metro garai den gela batean (guztira 87,5 metro kubo ditu beraz) hamabost gradu zentigraduko tenperatura baldin badago, litro erdi bat ur baino gehiago egon daiteke lurrun egoeran, tenperatura horretan 12,7 gramo ur lurrunek metro kubo bat aire asetzen baitute, eta beraz, gela horretako airean 1 111,2 gramo ur egon daiteke (12,7 g/m3 x 87,5 m3 = 1 111, 2 gramo), litro bat ur baino gehiago, alegia. Eta gela horretako airean ustez ez balego gehieneko kopuruaren %50 baizik, litro erdi ur lurrun baino gehiago izango luke beraz.

Airearen hezetasuna aireak daukan ur lurrun kontzentrazioa da, aire bolumeneko banako bakoitzean dagoen ur lurrun molekulen kopurua, alegia. Kopuru hori asko aldatzen da leku batetik bestera eta garai batetik bestera; hala, aire lehorrenetan zero gramo izaten da, eta ohi ez bezalako egoeretan berrogei gramo ere iristen ditu batzuetan metro kubo bakoitzean. Nolanahi ere, metro kubo bakoitzeko hamarretik hamabira gramo izaten da batez beste kopuru arruntena.

Airearen hezetasuna neurtzeak garrantzi handia du, ur lurrunak eragina izaten baitu irradaren balantzean, «berotegi» efektua esaten zaion horren bidez. Airearen hezetasunak bero latentea bildu eta lekuz aldatzen du; hark sortuak dira kondentsazioari eta sublimazioari dagozkion gertaerak, hodeiak eta hidrometeoroak, adibidez; eta, azkenik, haren eraginak egiten du klima mota jakin bat gizakiaren bizitzarako egokiago ala desegokiago.

 

Urak eguratsean izaten dituen egoerak

Lurruntze prozesuaren bidez airera dihoan ura hiru egoeretan egon daiteke eguratsean.

Tenperatura jakin batean aireak ezin du ur lurrun gehiago eduki, asea baitago, eta horretarako behar diren kondentsazio guneak baldin badaude, orduan kondentsazioa hasten da. Tenperaturak apalegiak direnean, ura egoera gotorrean egoten da; ez da nahitaez kondentsazioaren beharrik izaten horretarako, ur lurrunak zuzenean izotza sor baitezake, baldin eta tenperatura ez bada zero azpiko hamar gradu zentigradutik gorakoa; sublimazioaren alderantzizko prozesu baten bidez gertatzen da hori, nahiz desegokiro horrela deitzen zaion; sublimazioa, berez, ura beroaren eraginez egoera gotorretik gas egoerara zuzenean igarotzea baita.

Garrantzi handia du ura egoera batean edo bestean eguratsean egoteak, ur lurrunak oso ahalmen handia baitu beroa xurgatzeko eta tenperatura erregulatzeko. Nolanahi ere, eguratseko uraren zeregina hori baino askoz garrantzitsuagoa da, hark sorrarazten baititu diren hidrometeoro mota guztiak (hodeiak, lainoak, euria, intzigarra, kazkabarra, elurra, etab.).

Eguratsean ura nola dagoen aztertzeko, oinarrizko kontzeptu batzuk sortu dira urak izan ditzakeen hiru egoerei buruz. Ura airera nola dihoan jakiteko, gero zehatz landuko diren kontzeptu hauek dira hain zuzen aipagarrienak: hezetasun absolutua, hezetasun erlatiboa, ihintz puntua, nahasketaren erlazioa edo proportzioa, lurrun tentsioa edo presioa, prezipitazio bihur daitekeen ur lurruna, etab.Airean zenbat ur lurrun dagoen kontzentraturik era askotara edo hainbat indizeren bidez adierazten da, eta horien artean hauek dira erabilienak:Hezetasun absolutua.

Airearen bolumen-banako bakoitzean guztira dagoen ur masa da, eta metro kubo bakoitzari dagozkion gramoetan adierazten da. Batez beste, metro kuboko hamarretik hamabira gramo lurrun kontzentrazioak dira sarrienak eguratsean, baina balio horiek oso aldakorrak dira espazioan eta denboran, zero ingurutik berrogei gramotaraino metro kuboko.

Aireak ahalmen mugatua du ur lurruna edukitzeko, eta ahalmen hori oso estu dago lotua tenperaturarekin; izan ere, tenperatura balio bakoitzak gehieneko ur lurrun kopuru bat du, eta proportzio hori iristen denean, orduan airea asea dagoela esaten da.Airea zenbat eta beroago egon, orduan eta ur lurrun gehiago hartzen du asetze mailara iritsi baino lehen, eta hori esponentzialki gertatzen da; horrek kliman garrantzi handia duen ondorio bat sorrarazten du: euri gehiago egin dezake Lurreko eskualde beroetan, hezetasun absolutu handia baitago horietan, eta euri gutxiago, berriz, eskualde hotzetan.

Hezetasun espezifikoa.

Kilogramo bat aire hezek daukan lurrun masa da. Kilogramo bakoitzak daukan gramotan neurtzen da.

Nahasketa proportzioa edo erlazioa.

Aurrekoaren antzeko neurri bat da, baina kilogramo bat aire lehorrari dagokio.

Lurrun presioa edo tentsioa.

Ur lurrunak atmosferaren presio osoan eragiten duen presio partziala da hori; alegia, ur lurrunak bakarrik, atmosferako masako gainerako osagaietatik bakarturik, egingo lukeen presioa. Presio-banakoetan neurtzen da, bai merkurio milimetroetan, bai milibaretan, eta bai hektopascaletan.

Ur lurrunaren asetze presioa edo gehieneko lurrun tentsioa.

Aire asean lurrunak eragiten duen presioa da. Asetze presioa airearen tenperaturaren araberakoa da, eta tenperatura bakoitzak badu lurrun presio muga bat gehienekoa, airea kondentsatu gabe ezin gainditu dena.

Tenperatura zero gradu zentigradu azpitik jaisten denean, lurrunak ez du hainbeste presio asetzailerik izotzaren gainean, uraren gainean gehiago izaten baitu. Gertaera horrek garrantzi handia du kondentsazio prozesuan, era horretara kondentsazioa izotzezko kristal baten gainean egin daitekeelako, ur isurkariak kondentsatzeko behar duena baino hezetasun gutxiago izanik airean.

Tenperaturak behera egiteak lurrun presioa jaistea dakar, batzutan gehiago etabestetan gutxiago, eta, beraz, hoztea berbera izanik ere, ur kopuru handiagoa kondensatzen da aire beroan aire hotzean baino, eta hori da tropikoko eurite nahiko ugarien arrazoia.

Asetze defizita.

Asetze presioaren eta presio partzialaren edo ur lurrunaren tentsioaren arteko aldea da hori. Defizit hori zenbat eta handiago, orduan eta lurruntzea bizkorrago.

Hezetasun erlatiboa (HE).

Eguratsean dagoen ur lurrun kopuruaren eta eguratsak tenperatura berean eduki lezakeenaren arteko erlazioa adierazten du, ehunekotan adierazia. Hezetasun erlatiboa ehun izatea da aire asearen ezaugarria, eta zero baldin badu hezetasun erlatiboa, orduan airea erabat lehorra da, baina nekez aurki daiteke halakorik izadian, zeren eta, adibidez, basamortu beroetan hezetasun erlatiboa ehuneko hamarreraino jaisten baita gehienez. Jakina, airean dagoen ur lurrun kopurua edo tenperatura aldatzen baldin bada, orobat aldatzen da hezetasun erlatiboa ere; tenperaturak behera egiten duenean hezetasun erlatiboa ere handiagoa izaten da, eta, alderantziz, tenperaturak gora egiten duenean, hezetasun erlatiboa gutxitu egiten da, ur lurrun kopurua aldatu ez bada ere. Mekanismo horren arabera, hezetasun erlatiboa ehuneko ehunera iristen denean, lanbroa edo ihintza sor daitezke, eta baita intzigarra ere, baldin eta tenperaturak izozte puntutik behera egiten badu, eta horri intzigar puntua esaten zaio.Ihintz puntua.

Lurrunik ez erantsi ez kendu gabe, eta atmosferaren presio konstantean, aire puska batek hozteko behar duen tenperatura da, hala ase dadin bere baitan daukan ur lurruna. Asetze puntu hori iritsi denean, hezetasun erlatiboa ehuneko ehunekoa da orduan, eta airearen tenperatura eta ihintz puntuarena berdinak dira. Ihintz puntuaren tenperatura eguratsean dagoen ur lurrun kopuruaren araberakoa da, zeren eta zenbat eta ur lurrun gehiago, orduan eta tenperatura handiagoan egiten da kondentsazioa, eta ihintza izan dadin tenperaturak gutxiago dauka beraz jaitsi beharra.Prezipitazio bihur daitekeen ur lurruna.

Bada aireko hezetasuna neurtzeko beste modu bat, prezipitazio bihur daitekeen ur lurruna neurtzea, alegia; eguratseko zutabe jakin batean dagoen ur lurrun guztia kondentsatu eta prezipitazio gisa eroriko balitz, horrek emango lukeen ur kopuruari esaten zaio prezipitazio bihur daitekeen ur lurruna.

Lur osoko airean dagoen ur guztia prezipitazio gisa eroriko balitz, hogeita bost milimetroko garaiera iritsiko luke gainaldean; baina batez besteko neurri hori aldatu egiten da leku batetik bestera eta garai batetik bestera, lurruntze-izerditzearen eraginez (irudia).

Desberdintasun horien arabera eta hezetasun maila kontuan izanik, gutxienez hiru eremu handi bereizten dira: lehenengoa, tropikoen arteko eraztun beroa, 30° Ipar eta 30° Hego paraleloen artean dago, eta han dago bildua hezetasun guztiaren%62 inguru. Baina eremu horren baitan alde handiak daude eskualde batetik bestera; adibidez, Asiaren hegoaldean eta udako montzoien garaian, aire zutabeak prezipitazio bihur daitekeen berrogeita hamarretik hirurogei milimetrotara ur kopuru izaten du, eta tropikoko basamortuetan, berriz, hamar milimetrotatik beherako ur kopurua izaten da. Bigarren eremuak bi hemisferioen 30° eta 60° arteko zerrendak hartzen ditu, ur lurrunaren %29 metatzen da han, gehiena Hego Hemisferioan, ozeanoek hartzen baitute han eremu gehiena.

Azkenik, hirugarren eremua lurburuetako latitudeetakoa da, han dago euri lurrunaren kopuru txikiena, prezipitazio bihur daitekeen ur lurrunaren ehuneko bederatzia besterik ez, airearen tenperaturak mugatzen baitu aireak berak izan dezakeen ur lurrun kopurua.Lurruntze-izerditzea.

Bada kontzeptu bat hezetasunarekin eta tenperaturarekin lotura estua duena, eta oso baliagarria dena klimak nekazaritzan duen eragina jakiteko: lurruntze-izerditzea, alegia, lurruntze zuzenaren eta landareen izerditzearen konbinazioak landarez estalia dagoen eremu bati galarazten dion ur kopurua adierazten duena. Lurruntze-izerditze erreala (LIE) eta lurruntze-izerditze potentziala (LIP) bereizten dira; lehenengoa landaredun eremu batek eguratsera zenbat ur itzultzen duen da, benetan zenbat ur duen kontuan harturik; bigarrena landarezko eta ur hornidurazko baldintzarik hoberenetan izaten den ur lurrun jarioa da.Ehun pascaleko balioa du; pascal bat (Pa) newton bateko indarrak metro koadro bateko eremuan eragiten duen presioa da.

1 mb (milibar) = 100 pascal (Pa) = 1 Hpa (hektopascal) 1 Pa = 1 Newton/ m2 Hektopascalak (Hpa) milibar baten balio bera (mb) du; pascala (Pa) newton bateko indarrak (N) metro koadro batean, eta hari elkarzut eta beti berdin, eragiten duen presioa denez, hamar baria balio du. 760 mm Hg edo 1 013,6 mb-eko presio hori normaltzat jotzen da itsasoaren mailan; atmosferako presioaren gutxieneko balioa 885 mbekoa izaten da, eta tropikoko zikloi indar handikoak eragiten ditu, eta gehieneko balioa, berriz, 1070 mb-ekoa izaten da, eta Siberiako antizikloi eragin handikoei dagokie.

 

Hezetasuna neurtzea

Airearen hezetasuna (normalean, hezetasun erlatiboa) neurtzen duten tresna meteorologikoei higrometro esaten zaie; airearen hezetasuna errejistratzen dutenei, berriz, higografo. Higrometro arruntena xurgatzezkoa da, edo ilezkoa, eta gai jakin batzuek airetik ur lurruna xurgatzeko duten ahalmenean dago oinarritua. Higroskopia deitzen zaion tasun horren eraginez, adibidez, giza ilea puztu edo luzatu egiten da. Horrenbestez, giza ileak erabiltzen dituztelako esaten zaie «ilezkoak» higrometro mota horiei, ileak hezetasun erlatiboaren eraginez luzatzeko edo uzkurtzeko duen joeraz baliatzen baitira; eta eskala graduatu batek neurtzen ditu ileak luze-laburrean izaten dituen aldaketa horiek.

Beste higrometro mota bat kondentsaziozkoa da, eta ihintz puntua neurtzen du. Kapsula metaliko batez dago eratua, horren barnean eter lurruntze handi bat eragiten da, eta, beraz, airea hoztu egiten da.

Kapsula horretako horma batean dagoen termometro baten bidez jakiten da kondentsazioa noiz hasten den, eta horixe da hain zuzen ihintz puntua.

Neurketak egiteko tresna arruntenetako bat psikrometroa da; oinarri-oinarrizko tresna higronometriko horrek hezetasun erlatiboa, ur lurrunaren presio partziala eta ihintz puntua neurtzen ditu. Bi termometro izaten ditu, bata lehorra, eta bestea hezea.Termometro lehorra termometro arrunt bat da, eta airearen tenperatura neurtzen du; termometro hezeak, berriz, muselina batez (zetazko ehunez) dauka bildua biltegia, eta muselina hori ur destilatuz beteriko ontzi bati lotuta dago kotoizko metxa baten bidez.

Biltegiarekin lotutako muselinak hartzen duen urak, lurruntzean, beroa kentzen dio termometroari (bero latentea galtzen du) eta, beraz, termometroak adierazten duen tenperatura jaitsi egiten da. Era horretara, bi termometro horiek adierazten duten tenperaturaren arteko aldea hainbat eta handiagoa da, zenbat eta ur gehiago lurrundu, hau da, airea zenbat eta lehorrago izan.

Airea oso hezea bada, ez da lurruntze handirik izango, eta orduan termometro hezearen tenperatura eta termometro lehorrarena antzekoak izango dira. Hezetasun erlatiboa ehuneko ehunekoa balitz, bi termometro horiek tenperatura berbera adieraziko lukete, ez bailitzateke lurruntzerik izango.Bero latentea Klimatologiaren alorrean, hautematen ez den beroari esaten zaio bero latentea, alegia, termometroak neurtzen ez duenari, eta lurruntze prozesuan teorian kontsumitu den berotik ur lurrunak bere baitan atxikia duenari. Kondentsazioan bero hori aske geratzen da, eta orduan hautemangarria izaten da.

Kondentsazioa Eguratseko ur lurruna isurkari egoerara edo egoera gotorrera igarotzea. Airea asetzen denean gertatzen da, ihintz puntura iristen denean, alegia, aireak tenperatura jakin batean ur lurrun gehiago ezin eduki duenean, orduan lurrun sobera kondentsatu egiten baita. Prozesu horretan askatu egiten da lurruntzeaz geroztik lurrunak atxikia zuen bero latentea. Kondentsazioa lurra ukiturik gertatzen bada, orduan ihintza edo intzigarra sortzen da; aireko geruza beherenetan gertatzen bada, orduan lainoa eta lanbroa sortzen dira; eta airean gertatzen bada, berriz, hodeiak.

Sublimazioa Egoera gotorrean dagoen ura (izotza, elurra) zuzenean gas egoerara igarotzea, ur lurrun bihurtzea, alegia, eta, alderantziz, lurrunetik egoera gotorrera igarotzea.