Geografia unibertsala»Geografia
Airearen egonkortasuna eta ezegonkortasuna
Airea oreka hidrostatikoan dago (jariakarien oreka aztertzen duen
mekanikaren partea da hidrostatika), bi indarren arteko orekan, alegia:
indar horietako bat grabitatearena da, airea lur azalera erakartzen duena;
beste indarra garaieraren ondorioz presioa galtzetik datorrena da,
airea gorantz daramana; azken hori presioaren gradientearen indarra da,
eguratsaren eta presioaren artean aldeak daudenean azaltzen dena.
Troposferak, edo hobeto esanda, troposferako geruza batek estratifikazio
egonkorra izaten du, eta orduan esaten da egurats egonkortasuna dagoela,
baldin eta maila jakin batean dagoen aire zatiki batek jatorrizko
kokalekura itzultzeko joera badu, gora edo behera mugitzen denean.
Kasu horretan nekez egingo du aireak mugimendu bertikalak.
Alderantziz gertatzen denean, hau da, goraka edo beheraka
bereizitako aire zatikiak hasierako noranzkoan mugitzeko joera baldin
badu, jatorrizko puntutik urruntzen dela, estratifikazioa ezegonkorra
izaten da (alegia, egurats ezegonkortasuna dago).
Kasu horretan aireak errazago egingo du mugimendu bertikalik.
Hirugarren kasu bat ere bada, estratifikazio neutroa deitzen zaiona.
Kasu horretan, abiapuntutik bertikalean bereiztu den aire zatikia iritsi
den tokian bertan geratzen da, abiapuntura itzuli gabe, eta mugitzen
jarraitu gabe; era horretan, airearen mugimendu bertikalak ez dira ez
eragozten ez errazten.
Edozein sistemaren oreka hiru motatakoa izan daiteke, egonkorra,
ezegonkorra eta neutroa, hartara zer joera duen kanpoko eragile batek
bere jatorrizko egongunetik aldentzen duenean: lehengora itzuli,
urrundu, edo egongune berrian orekan egon. Modu berean, eguratsean
ere hiru oreka mota horiek ikusten dira, aire zati bat gorantz edo
beherantz mugitzera behartzen denean.
Egonkortasuna aireak mugimenduaren aurkako joera izatea, eta,
mugimendu hori eragin duen indarra amaiturik, jatorrizko egongunera
itzultzea da; airea jatorrizko puntutik urruntzen baldin bada, berriz,
ezegonkortasuna esaten zaio; eta egurats neutroa dela esaten da
mugitu den aire horrek puntu berrian oreka lortzen baldin badu.Nolanahi dela ere, aire puska bat edo
masa bat mugiarazteko, kanpoko indar bat
behar izaten da, aire hori bere lekutik aldenaraziko
duena. Bultzada hori lau mekanismo
hauetako batek eragin dezake:
Orografiak, fronteek, konbergentzia horizontalek,
eta konbekzioek.? Igoera orografikoa haizearen bidean
mendilerro bat dagoenean gertatzen
da; haizeak gora egin behar du haizaldetik
(haizea datorren aldeko mendi magaletik),
eta behera egiten du haizebetik (haizea
datorren aldetik babesturiko magaletik).
Prozesu honek Föehn efektua sortzen du,eta horren ondorioz gertatzen dira euri
orografikoak.
? Fronte igoera bi aire masa desberdinek
elkar ukitzen dutenean gertatzen da;
bereizketa gertatzen den gainaldean (frontea
esaten zaio), aire hotza, dentsoagoa, aire
beroaren azpian sartzen da, eta gorantz bultzatzen
du.
? Presio gutxiko guneen aldera aireak
egiten duen konbergentzia horizontalak
ondorio bera izaten du, airea ezin baita toki
batean pilatu, eta, hortaz, gorantz mugitzen
baita. Alderantzizko prozesuaren eraginez,
presio handietan aireak behera egiten du,
eta dibergentzia gertatzen da.
? Konbekzioa aireak lur azal oso
beroa ukitzen duenean gertatzen da. Tenperaturak
gora egiten duenean airea hedatu
egiten da, ingurua baino arinagoa bihurtzen
da, eta gora egiten du.
Prozesu eta gradiente adiabatikoak eguratsean Föehn efektua
Oreka motak aztertzen hasi baino lehen,
gradiente adiabatikoa deritzana ulertzea komeni
da. Izan ere, aire masa bat igotzen edo
jaisten denean gertatzen diren prozesuak
aztertuz gero, ulertzen da zergatik den
egonkortasuna tenperaturaren gradientearen
mendeko. «Puska» izendatuko dugun aire
bolumen txiki bat hartzen baldin badugu,
gorantz doana, presio gutxiagoko gune batera
joango da igoera horretan. Prozesuan
zehar handitu egingo da puskaren bolumena,
barruan duen presioa inguruko airearen
presioaren maila berera heldu arte, zeren
igo ahala gero eta presio gutxiago izango
baitu, eta gero eta meheagoa izango dagainean duen eguratsa. Airea hedatzeak lana
eskatzen du, eta lan hori egiteko energia aire
puskatik ateratzen den beroak ematen du.
Bero energia bestelako energia bihurtzen da.
Puska horren tenperaturak behera egiten du,
bertatik berorik irteten ez bada ere. Hozte
prozesu horri adiabatiko esaten zaio. Alabaina,
behera egiten duen masa bat presio
handiagoen aldera mugitzen da, konpresioa
gertatzen da orduan, eta lana bero bilakatzen.
Beroak airearen tenperatura igoarazten
du, eta, horren ondorioz, berotze prozesu
horri ere adiabatiko esaten zaio.
Horren guztiaren ondorioz, prozesu fisiko
bat adiabatikoa dela esaten da, baldin eta
bero trukerik ez badago prozesua gertatzen
den sistemaren eta sistema horren kanpoaldearen
artean. Termodinamikaren lehenbiziko
legearen arabera, ikusi da konpresio
adiabatiko orok berotzea dakarrela, eta
hedapen adiabatiko orok, berriz, hoztea.Deskribatu berri diren hoztea eta berotzea
neurtzeko, bi igoera-jaitsiera adiabatiko
mota bereizi behar dira. Alde batetik, lehorrak
deritzatenak, gora edo behera doan aireak
daukan ur lurrunaren egoera aldatzen
ez denean. Beste alde batetik, hezeak edo
aseak izenekoak, ur lurrunaren egoera aldatzen
denean, zeren ur lurruna, aire puska
edo burbuila asetzean, kondentsatu edo
sublimatu egiten baita, eta bero latentea kanporatzen
du. Lehenbiziko kasuan, hoztea
edo berotzea gradu zentigradu bat izaten da,
igoerako edo jaitsierako ehun metroko.
Balio hori aire lehorraren gradiente adiabatiko
deitzen da, baina hobe da aire lehorraren
handitze edo gutxitze adiabatiko esapidea
erabiltzea. Bigarren kasuan, aire asearen
gradiente edo handitze edo gutxitze adiabatikoa
ehun metroko 0,5 gradu zentigradu
jaisten da gutxi gorabehera, hor sortzen den
kondentsazioak beroa ematen baitu.
Eguratseko oreka motak
Aipatu diren mekanismo baten edo zenbaiten
bultzadatik abiatuta, airearen mugimenduaren
lastertasuna eta zenbatekoa
eguratsean dagoen oreka motaren araberakoa
izaten dira. Oreka hori mugitzen ari
den aire masaren tenperaturaren eta masa
hori mugitzen den giroko aireak duen tenperaturaren
arteko aldeak erabakitzen du,
tenperaturaren araberakoa izaten baita airearen
dentsitatea eta, ondorioz, gora edo
behera egitea. Puntu honetan azpimarratu
beharra dago dentsitatea tenperaturaren
araberakoa dela, presio jakin batean.
Hortaz, eguratsaren oreka mekanikoaren
baldintzak, goranzko edo beheranzko
aire masaren inguruan tenperaturak
garaieraren arabera dituen aldaketen eta aire
masa horren beraren tenperatura aldaketaren
arteko erlazioak ematen ditu, hau da,
gradiente termikoaren eta aire masaren bilakaera
adabiatikoaren arteko erlazioak.
Erlazio horretatik hainbat oreka mota sortzen
da:
? Aire egonkorra. Eguratsaren gradiente
termikoa oso ahula denean, bi gradiente
adiabatikoak (lehorra eta hezea)
baino txikiagoa, lehen aipatutako mekanismoren
baten eraginpean aire zatiki batek
gora egin beharra duenean, edonon kokatzen
delarik ere, bere ingurua baino hotzagoa
eta trinkoagoa izango da, eta hasierako
mailara itzuliko da mugimendua eragin
duen indarra amaitzen denean. Egoera horretan,
etenda geratzen da airearen mugimendu
bertikal oro, eta, halakoetan, airea
egonkorra dela esaten da.
? Aire ezegonkorra. Eguratsaren gradiente
termikoa indartsua denean, bi gradiente
adiabatikoak baino handiagoa, ondorioak
kontrakoak izaten dira, gora egiten
duen aire zatikia bere ingurua baino
beroagoa eta arinagoa baita, batez ere kondentsazio
maila iristen baldin badu. Kasu
horretan airea ezegonkorra da, zeren, behin
mugitzen hasi denean, eta inguruko
airea baino arinagoa denez gero, gora egiteko
joera izango baitu, eta gero eta gehiago
urrunduko baita jatorrizko mailatik, eta
lainoak sortuko ditu. Baldin eta gora egiten
duen aire masaren osagai bertikala translazio
lastertasuna baino ahulagoa bada, estratu
moduko hodeiak sortuko dira; aitzitik,
osagai bertikala (hau da, mugimendu
bertikalaren lastertasuna) oso nabarmena
baldin bada, eratuko diren hodeiak oso
handiak izango dira bertikalean.
? Oreka neutroa. Aire zatiki ase baten
mugimenduari inguruko eguratsak ez
oztoporik ez laguntzarik jartzen ez dioneansortzen da egoera hau; gauza bera gertatzen
da airea aserik ez badago. Halakoetan
aire zatikia orekan dago edozein kokalekutan,
eta oreka hori neutroa dela esaten da.? Baldintzapeko ezegonkortasuna.
Ezegonkortasuna baldintzapekoa dela esaten
da, baldin eta aire zatiki bat, hasieran
ase gabe zegoena eta jatorrizko mailara
itzultzeko joera zuena, garaiera jakin batera
iritsi ondoren, hasierako maila horretatik
urruntzen hasten bada; izan ere, delako
garaiera horretan, kondentsazio maila gainditurik,
bilakaera adiabatiko hezearen eraginpean
gertatzen baita.
Horietako kasu bat ondorengo grafikoan
azaltzen da (ikus irudia). Aire lehorra,
egonkorra hasieran, gora egitera beharturik,
kondentsazio mailara heltzen da, eta
han hozten jarraitzen du, gradiente adiabatiko
asearen arabera; gorantz daraman bultzadak
bere horretan jarraitzen badu,
konbekzio libreko maila deritzanera iritsiko
da. Maila horretatik aurrera, ezegonkortu
egiten da, inguruko airea baino
beroagoa eta dentsitate gutxiagokoa delako,
eta gora jarraituko du kanpoko eragileen
beharrik gabe.? Konbekziozko ezegonkortasuna.
Osorik gora egitera behartua gertatzen den
aire geruza baten behealdearen eta goialdearen
arteko gradiente termikoaren
igoerak eragindakoa da. Aire geruza bat igotzera
beharturik gerta daiteke, esate baterako,
hesi orografiko zabal baten aurrean,
edo aire hotzezko masa bat aire berozko
geruza baten azpian sartzen denean. Gorako
bidean, aire bolumen horren behealdea
goialdea baino lehenago asetzen baldin
bada, bi parteak ez dira aldi berean
Gradiente adiabatikoaren eta pseudoadiabatikoaren arteko aldea
Prozesu adiabatikoa aipatzen denean, soilik presio aldaketaren ondorioz gertatzen den tenperatura aldaketa
adierazten da; ase gabeko aireak gora egiten duenean, altitude gehiago dagoenez presio atmosferikoa jaitsi
egiten da, eta horrela, presio gehiagoko gune batetik presio gutxiagoko beste gune batera igarotzen da airea;
horren ondorioz, hedatu eta hoztu egiten da. Alderantzizkoa gertatzen bada, hau da, ase gabeko aireak behera
egiten baldin badu, presio gutxiko gune batetik presio handiagoko beste gune batera igarotzen da, eta
konprimitu eta berotu egiten da. Bi kasuetan bete beharreko baldintza airea ase gabea izatea da. Bi kasuetan,
gora eta behera doan aireak modu adiabatikoan jokatzen du eta, beraz, gradiente adiabatiko lehorrarekin;
gradiente adiabatikoaren balioa 1°C jaisten da airea 100 metro igotzen dueneko eta 1°C igotzen da airea 100
metro jaisten deneko.
Dena den, eguratseko uraren egoera aldatzen baldin bada, prozesu adiabatiko purua aldatu egiten da;
hozte adiabatikoaren eraginez airea asetzen bada gora egitean eta kondentsazioa gertatzen bada, energia kanporatu
egiten da eta aire hori modu adiabatikoan eboluzionatu izan balu baino gutxiago hoztuko da. Era berean
subsidentziaz hondoratzen den airea konprimitu eta berotzen denean, lurruntze prozesua gerta daiteke,
beroa kanporatzen da eta airea jaistean modu adiabatikoan eboluzionatu izan balu baino gutxiago berotuko da.
Azken bi kasu horietan aireak, azkenean, gradiente pseudoadiabatikoa (adiabatiko hezearen gradientea)
hartu du, prozesu adiabatikoan eragina izan baitute uraren egoera aldaketaren ondoriozko tenperatura aldaketek.
Hori dela-eta, ezin esan daiteke tenperatura aldaketak presio aldaketaren ondoriozkoak direla soilik,
prozesu adiabatikoan gertatzen den bezala; izan ere, energia latentearen kanporaketak edo energia latente
gisa gordeko den bero ebasketak. Beraz, prozesu pseudoadiabatikoak dira, gezurrezko prozesu adiabatikoak.
Gradiente adiabatikoan 1°C/100 metroko balioa iraunkorra den bezala, gradiente pseudoadiabatikoa (edo
adiabatiko hezearen gradientea) aldakorra da; uraren egoera aldaketak prozesuan eragina duenez, zenbat energia
kanporatzen edo galtzen den, horren araberakoa izango da.
Inbertsio termikoak eta egonkortasuna
Inbertsio termiko bat dagoela esaten da
garaierarekin batera eguratseko geruza jakin
batean tenperaturak gora egiten duenean.
Horrela, inbertsio termikoak adierazten
du ezen, maila jakin batean, uste ez
bezala, behealdeko airea goragokoa baino
hotzago dagoela. Inbertsio termikoa askotan
gertatzen da antizikloi egoeretan,
eguratsa lasai dagoenean, zerua garbi eta,gauez, bero irradatzea handia denean; kasu
horietan, lur azaletik gertu dagoen airearen
tenperatura goragokoa baino apalagoa
izan ohi da. Inbertsioa oso eraginkorra izan
daiteke, eta, zenbaitetan, 6.000 edo 7.000
metroko goratasunera ere igo behar izaten
da lur azaleko tenperatura beretsuak
aurkitzeko; halaxe gertatzen da muturreko
klima kontinentaletan, tenperaturak oso
hotzak direnean.
Horrez gainera, askotan, lainoek indartu
egiten dute inbertsio termikoaren efektua.
Lainoak, gehienetan, hozte gogor baten
ondorio izaten dira; laino horiek, gainera,
eguzkia estaltzen dutenez gero, indartu
eta iraunarazi egiten dute inbertsio
termikoaren efektua.
Oso kontuan hartzekoa da, bestalde,
topografiak zerikusi handia izaten duela
inbertsio termikoetan, zeren, aire hotzak,
dentsoago izanik, beherantz egiteko joera
baitu, eta behereneko lekuetan biltzen baita;
hori dela-eta, laborantzako zenbait produktu,zitrikoak, esaterako, mendi magaletan
egiten dira, inbertsio termikotik babesteko.
Inbertsio termikoek egonkortasuna areagotzen
dute, eta mugimendu bertikalak
eragozten dituzte. Bizpahiru inbertsio mota
bereizten dira.? Gune garaietako subsidentziaren
ondoriozko inbertsioa. Antizikloietako
airea beherantz mugitzen denean berotze
adiabatikoa eragiten du eguratseko
erdialdeko geruzetan, eta berotze adiabatiko
horrek inbertsio mota hau sortzen du.
Grafikoan dago adierazita gertaera honen
kasu bat: lur azaleko aire ezegonkorrak
gora egiten du inbertsioaren mailara heldu
arte; maila horretan, inguruko airearen
tenperaturaren maila berera heltzen da aire
zutabe horren tenperatura, eta zutabea
gelditu egiten da. Goranzko airea kondentsazio
mailara iritsi izan balitz, orduan ere
eten egingo zen hodeien osaketa, hodeien
gainaldea bat baitator inbertsioko geruzarekin.
Egoera mota hauek, eguratsaren geruza
handi bati eragiten diotenean, airea kutsatzeko
arrisku handiak sortzen dituzte,
ez baitute hautsak eta industriako keak
gora egiten, eta lurraren azaletik gertu pilatzen
baitira.? Airearen estratifikazioa lur azaletik
gertu. Lur azaletik gertu dagoen airearen
tenperaturan eragin handia dute
erradiazio balantzaren eguneroko aldaketek,
eta, hori dela-eta, gorabehera handiak
izaten ditu gradiente termiko bertikalak.
Gauez, lurraren erradiazioa dela-eta, lurraren
bero galerak hoztu egiten du ukitzen
duen airea, eta inbertsio termikoa eragiten
du. Inbertsio termiko horren goiko
muga igo egiten da gaueko orduetan. Eguratsak
egonkor jarraitzen du, eta tenperatura
hoztearekin, askotan, airea ase egiten
da, eta lanbroak eta behelainoak sortzen
dira, neguan batez ere.
Eguna argitzen duenean egoera aldatu
egiten da. Eguzkiaren irradek lur azala berotzen
dute; beroa lur azaletik gertuen dauden
aire geruzetara joaten da, eta inbertsioa
desagertzen hasten da; eguerdi artean
eta arratsaldeko lehen orduetan, gradiente
termikoa superadiabatiko bihurtzen ere
da, hau da, tenperaturak berehala egiten
du behera aireak gorantz egiten duenean,
eta hori dela-eta, aireak ezegonkortasun
handia izaten du, eta oso-oso gora igotzen
da. Prozesu horri konbekzio termiko esaten
zaio, eta, horren ondorioz, Ekuatore
inguruko lurralde hezeetan eta lurralde
epeletan konbekziozko hodeiak sortzen
dira udan. Hodei horiek tropopausaraino
ere iristen dira batzuetan, eta prezipitazio
indartsuak eragiten dituzte maiz arratsaldeko
azken orduetan.
Tenperatura gradienteek kliman duten garrantzia
Tenperatura gradienteek kliman duten
ondorio nagusia prezipitazioetan duten eragina
da. Hozte mekanismoen artean, hozte
adiabatikoa da prezipitazio handiak dakartzan
bakarra. Baina airearen hozte adiabatikoa
presioaren eta goranzko aire masen
barruan gertatzen diren tenperatura beheraldien
araberakoa izaten da. Airearen
egonkortasunak eragotzi egiten ditu igoera
horiek, eta, hortaz, oso zaila izaten da prezipitazioak
sortzea. Bestalde, airearen ezegonkortasunak
erraztu egiten du goranzko
mugimendua, eta, horren ondorioz, prezipitazioak
aski ohikoak izaten dira, eta areago
airean nahiko ur lurrun badago. Tenperaturaren
gradiente normala ez da ez
egonkorra ez ezegonkorra; airearen hezetasunaren
araberakoa baizik. Egoera horretan
aire aseko masak ezegonkorrak izaten
dira; egonkorrak dira, berriz, aire masa asegabeak.
Lehenbiziko kasuan erraz izaten
dira prezipitazioak, eta bigarrenean, aldiz,
nekez.
Prezipitazio bat gerta dadin bi baldintza
bete behar izaten dira: aireko ur lurruna
eta ezegonkortasuna, aireak goraegin dezan eta modu adiabatikoan hoz
dadin. Hezetasunik eza oso faktore garrantzitsua
da kontinenteen barrualdeetan;
baina kasurik eta tokirik gehienetan,
egonkortasuna izaten da faktore garrantzitsuena.
Dena den, tenperatura gradienteek
prezipitazioetan duten eragina izan
arren garrantzizkoena, badira kontuan
hartu beharreko beste eragile batzuk ere.
Egonkortasunak, ur lurrunaren gorako
bidea eragotzi ez ezik, beste edozeren
gorako bidea ere eragozten du, alegia,
eragozten du turbulentziazko konbekzio
baten ondorioz goranzko geruzetara doan
gauza ororen goraldia. Baldintza normaletan,
edo tenperatura gradiente ezegonkorretan,
hautsa eta beste gai kutsakorrak
gora joaten dira, eta haien kontzentrazioa
desegin egiten da; beraz, ez dira
arriskutsuak osasunerako, eta ez diete kalterik
egiten ez begiei, ez arnas organoei
ere. Alderantziz ordea, egoera egonkorra
baldin bada, aireak ezin du gora egin, eta
gai kutsagarriak ere ezin dira gora igo; lur
azaletik gertu biltzen dira «smog» moduan,
eta oso kaltegarriak izaten dira giza osasunarentzat.
Tenperatura gradienteak badu beste
ondorio bat ere: baldintzatzen du zer lastertasun
izan behar duen aire masa jakin
batek haren azpiko gainazalaren ezaugarri
berberak izateko. Ozeanoaren azal bero
samar baten gainean dagoen aire masa lehoreta hotz bat, adibidez, oso laster asetzen
da, eta nahikoa berotzen da tenperatura
gradiente nagusia ezegonkorra baldin
bada. Beste alde batetik, tenperatura gradientea
egonkorra denean, ozeanoko hezetasuna
eta beroa ia ez zaizkio eransten
aireari. Berotzeak ezegonkortasuna sorrarazten
laguntzen duenez gero, lur azala berotzearen
eragina, goialdeko geruzetan, lur
azala hoztearen eragina baino askoz gehiago
nabaritzen da, azken hori egonkortasunarekin
baitago loturik.